
22. zk., 2020ko otsailaren 3a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (817 KB - 46 orri.)
- EPUB (1294 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
506
9/2019 FORU ARAUA, abenduaren 23koa, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren 2020. urterako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituena.
GIPUZKOAKO DIPUTATU NAGUSIAK
Jakinarazten dut Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartu dutela «9/2019 Foru Araua, abenduaren 23koa, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren 2020. urterako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituena»; eta nik aldarrikatu eta argitara dadin agintzen dut, aplikagarria zaien herritar guztiek, partikularrek nahiz agintariek, bete eta betearazi dezaten.
Donostia, 2019ko abenduaren 23a.
Diputatu nagusia,
MARKEL OLANO ARRESE.
HITZAURREA
Egungo mundua sekulako abiadura daraman etengabeko aurrerapen zientifiko eta teknologikopean bizi da: ekonomia aurreratua, berdintasuna eta lankidetza oinarri dituen Gipuzkoaren eredu ekonomiko eta sozialari zuzenean eraginez.
Hori dela eta, gure lurraldeak sekulako erronkari egin behar dio aurre: etengabe aldatzen ari den eta ziurgabetasunez beteta dagoen agertoki berri honetara egokitzea; bere nortasunari eutsi, eta sakontzea garapen ekonomiko jasangarrian eta gizarte kohesioan. Horretarako, Gipuzkoak bere idiosinkrasiaren parte den lankidetza kulturan barrenduz.
Testuinguru honetan, Foru Aldundiak, Gipuzkoako gizartearekin batera, lidergo partekatua hartu behar du, lurraldea garai berrietara egokitzeko. Horretarako, lau lan ildo proposatzen ditu foru erakundeak: lankidetzan, etorkizuna eraikitzeko lan egitea; lehiakortasuna eta kalitatezko enplegua bultzatzea; kohesio soziala indartu eta desoreka sozialak murrizteko lan egitea; eta lankidetzazko gobernantzaren aldeko apustuarekin jarraitzea.
Honenbestez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrekontuak helburu hauek lortzera bideratutako neurriak gauzatzeko erreminta funtzioa bete behar du. Beraz, foru Gobernuaren kudeaketaren isla izan behar du, eta lurraldea indartu eta egungo mundura egokitzeko estrategiaren adierazle nagusietako bat.
2020ko aurrekontua Diputatuen Kontseiluari 2019ko irailaren 17an aurkeztutako aurrekontu esparruaren baitan prestatua da, eta, iaz bezala, emaitzetara bideratutako aurrekontu baten beharkizunei jarraituz osatu da.
Emaitzetara bideratzean, aurrekontu programek adierazleak helburuekin lotzen dituzte, eta azken horiek ekintzekin eta baliabideekin. Horrenbestez, politika publikoen multzo osoa gauzatzeko oinarrizko tresna izateaz gain, aurrekontuak plangintza eta ebaluazio sistema ere badira, aurrekontuko baliabideak lortzea espero diren emaitzekin lotzen baititu, betiere efikazia, efizientzia eta gardentasuna hobetze aldera.
Ikuspuntu horrek aukera ematen du zeharkako politikak elkarrekin uztartzeko (genero berdintasuna, hizkuntza berdintasuna eta partaidetza), eta programek politika horien garapenean duten eragina adierazten du.
Indartu egiten da herritarren partaidetza, Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatu duen «2020ko Aurrekontu Irekiak» izeneko prozesu berria sartuta.
Gipuzkoako Lurralde Historikoaren aurrekontu orokor hauen helburua baliabide publikoen kudeaketa finantzario egokia lortzea da, gastu publikoaren banaketan ahalik eta efizientziarik handiena ziurtatze aldera.
Aurreko ekitaldiari dagokionez, aurrekontu osoa % 3,89 hazi da, aurrekontu propioa % 4,53 eta Udalak Finantzatzeko Foru Funtsa, aldiz, % 3,55 termino homogeneoetan.
Gastu politiken lehentasuna izango da lurraldeko ekonomia eta gizartea dinamizatzea. Alde batetik, apustua egingo da ekonomia berpizteko plana bultzatu eta etorkizuneko proiektu estrategikoen alde. Bestetik, areagotu egingo dira gizarte politiketara zuzendutako baliabideak.
Horrez gain, gizarte gastuetarako bideratutako kredituak zabalgarritzat hartu dira, kontuan izanik gerta daitekeela haien zuzkidura nahikoa ez izatea ekitaldian zehar agertzen diren beharrei aurre egiteko, betiere azpimarratuz borondate politikoa dela kreditu horiek zuzkitzea aurrekontu beharrak estali arte.
Lurraldearen ongizatea garatzeko udalen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren artean beharrezkoa den lankidetza kontuan hartuta, aurrekontu hauek 42,79 milioi euroko dirulaguntzak aurreikusten dituzte lurraldeko toki entitateen alde.
Aurrekontuen foru arauaren funtsezko edukia I. tituluan jasotzen da, bertan onartzen baitira foru sektore publikoaren sarrera eta gastuen egoera guztiak, eta bertan finkatzen baita, orobat, Gipuzkoako Lurralde Historikoko tributuei dagozkien gastu fiskalen zenbatekoa.
Titulu horren barruan Gipuzkoako Batzar Nagusien aurrekontuko sarrera eta gastuen egoera orrien zenbatekoa sartzen da, bai eta Gipuzkoako Foru Aldundiari atxikitako partzuergoena ere.
II. tituluak ezartzen du zein den Foru Aldundiaren zorpetze muga eta zenbaterainoko bermeak eman ditzakeen, eta Bidegi, SA merkataritzako foru sozietatearen zorpetze muga ere jasotzen da bertan.
III. tituluan jasota daude 2020ko ekitaldian zehar aurrekontu kredituen araubide orokorrak eta haien aldaketenak izango dituzten berezitasunak. Zehazki, hauek: araubide orokorraren salbuespenak kredituen izaera mugatzaileari dagokionez; kreditu zabalkorren kontsiderazioa; konpromiso kredituak sortu eta banatzeko gehieneko muga; eta kreditu gaikuntzen eta txertaketen berezitasunak.
IV. tituluan aurrekontu kudeaketaren inguruko hainbat arau jasotzen dira (dirulaguntzenak, proiektu kofinantzatuenak, gastuaren exekuzioa mugatzekoak, eta egindako gastuaren udalerrikako banaketari buruzkoak), bai eta Batzar Nagusiei eta foru sektore publikoko gainerako entitateei transferentziak egiteko araubidea ere.
V. tituluak bi kapitulu ditu. Lehenengoan jorratzen da Gipuzkoako Foru Aldundiko eta foru organismo autonomoetako langileen eta pasiboen kredituei aplikatzen zaien araubidea, aurrekontu plantillaren osaera zehazten da, eta zehaztasun handiagoz arautzen dira aurrekontuetako lehen kapituluari ezartzen zaizkion mugak.
Bigarren kapituluan, berriz, foru sektore publikoko gainerako entitateen plantillaren osaera eta langileria gastuak gehitzeko muga arautzen dira.
VI. tituluan, lurralde historikoko udalen finantzaketa ezartzen da.
VII. tituluan arautzen da Foru Aldundiak aldian-aldian Batzar Nagusietara bidali behar duen informazioa.
Foru arauaren edukia osatzeko, hainbat xedapen ematen dira: gehigarriak, iragankorrak, indargabetzaile bat eta amaierakoak. Horietan askotariko aginduak jasotzen dira.
Hainbat xedapen gehigarri sartzen dira, aurrekontuen foru arauen ohiko edukiak jasotzen dituztenak, hala nola: berandutze interesaren ezarpena, eta hainbat departamentuk kudeatutako tasak eta AP-8 eta AP-1 autobideen erabilpen kanona eguneratzea.
Era berean, xedapen gehigarrietan jasotzen dira udal korporazioetako kideen ordainsarien goi mugen ezarpena eta Diputatuen Kontseiluari ematen zaion baimena kreditu gehigarri batzuk onartu ditzan.
Xedapen iragankorretan, berriz, arau osagarri batzuk arautzen dira aurrekontuen kudeaketari buruz. Izan ere, aurreko ekitaldietako aurreikuspenari eusten zaio, alegia, egoera jakin batzuetan aurrekontuaren egokitzapen teknikoak egiteko aukerari eta Ogasun eta Finantza Departamentuak kontabilitate saldoak arazteko aukerari.
Azkenik, foru arauaren azken xedapenak jasotzen dira, erregelamenduzko garapenari, aplikazio eremuari eta foru araua bera indarrean jartzeari buruz.
I. TITULUA
AURREKONTUEN ONARPENA, HEDADURA SUBJEKTIBOA ETA EDUKIA
1. artikulua.– Aurrekontuak onartzea.
Gipuzkoako Lurralde Historikoko 2020. urterako aurrekontu orokorrak onartzen dira, foru arau honetan ezarritako eran.
2. artikulua.– Gipuzkoako Lurralde Historikoko aurrekontu orokorren eremua.
Gipuzkoako Lurralde Historikoko 2020. urterako aurrekontu orokorrak honela daude osatuta:
a) Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrekontua.
b) Uliazpi Fundazioa eta Kabia foru organismo autonomoen aurrekontuak.
c) Bidegi Gipuzkoako Azpiegituren Agentzia SA, Etorlur Gipuzkoako Lurra SA eta Informatika Zerbitzuen Foru Elkartea SA (Izfe) merkataritzako foru sozietateen aurrekontuak.
d) Foru fundazioen aurrekontuak.
– Kirolgi Fundazioa.
– Sueskola Gipuzkoa Fundazioa.
– Gipuzkoako Aldaketa Klimatikoaren Fundazioa.
– Ziur Fundazioa.
– Fundación Adinberri Fundazioa.
– Mubil Fundazioa.
3. artikulua.– Aurrekontu orokorren edukia.
1.– Ordainketa kredituak eta sarrera bateratuen egoera 5.513.820.321,04 euro izango dira 2020ko ekitaldian, I. eranskinean laburtutakoaren arabera.
2.– Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrekontuko gastuen egoera 5.326.708.249,00 euro da ordainketa kredituei dagokienez, eta 207.037.422,00 euro, berriz, konpromiso kredituei dagokienez; II-I. eranskinean jasotzen da nola banatzen diren 2020tik aurrerako aurrekontu ekitaldietan.
Aurrekontu propioaren kasuan, gastuen egoera 915.185.595,00 euro da. Aurrekontu propioa lortzeko, aurrekontu osoari kendu egiten zaizkio Estatuarentzako kupoa, Finantzen Euskal Kontseilutik ondorioztatutako ekarpenak eta Udalak Finantzatzeko Foru Funtsa ordaintzeko kredituak.
Foru Aldundiaren aurrekontuko sarreren egoera 5.326.708.249,00 euro da, haren barruan sartuta diruzaintzako gerakina (35.753.800,00) euro.
3.– Uliazpi Fundazioa foru organismo autonomoaren aurrekontuko gastuen egoera 20.367.000,00 euro da eta 117.500,00 euro, berriz, konpromiso kredituei dagokienez; II-II eranskinean jasotzen da nola banatzen diren 2020tik aurrerako aurrekontu ekitaldietan.
Uliazpi Fundazioa foru organismo autonomoaren aurrekontuko sarreren egoera 20.367.000,00 euro da.
4.– Kabia foru organismo autonomoaren aurrekontuko gastuen egoera 53.778.358,00 euro da.
Kabia foru organismo autonomoaren aurrekontuko sarreren egoera 53.778.358,00 euro da.
5.– Merkataritzako foru sozietateen gastu aurrekontuen zenbatekoa 194.720.099,04 euro da, eta banaketa hau du:
– Informatika Zerbitzuen Foru Elkartea SA (Izfe): 32.100.642,00 euro.
– Bidegi Gipuzkoako Azpiegituren Agentzia SA: 161.728.108,00 euro.
– Etorlur Gipuzkoako Lurra SA: 891.349,04 euro.
Sozietate horien baliabide zenbatetsiak eta haietako bakoitzarentzat onartutako zuzkidurak berdinak dira.
6.– Foru fundazioen gastu aurrekontuen zenbatekoa 9.508.595,00 euro da, eta banaketa hau du:
– Kirolgi Fundazioa: 3.378.981,00 euro.
– Sueskola Gipuzkoa Fundazioa: 1.297.106,00 euro.
– Gipuzkoako Aldaketa Klimatikoaren Fundazioa: 1.150.623,00 euro.
– Ziur Fundazioa: 1.230.767,00 euro.
– Fundación Adinberri Fundazioa 1.298.724,00 euro.
– Mubil Fundazioa: 1.152.394,00 euro.
Fundazio horien baliabide zenbatetsiak eta haietako bakoitzarentzat onartutako zuzkidurak berdinak dira.
4. artikulua.– Gipuzkoako Lurralde Historikoko aurrekontu orokorrak hartzen dituen aurrekontuak.
1.– Gipuzkoako Batzar Nagusien aurrekontuaren sarreren eta gastuen egoera orria jasotzen da, 7.500.100,00 eurokoa.
2.– Partzuergo hauen aurrrekontuak jasotzen dira:
– Gipuzkoako Ur Partzuergoaren aurrekontu kontsolidatuaren egoera orrian 52.823.000,00 euro jasotzen dira, bai diru sarrerei bai gastuei dagokienez.
– Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoaren aurrekontu kontsolidatuaren egoera orrian 47.485.393,00 euro jasotzen dira, bai diru sarrerei bai gastuei dagokienez.
– Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren aurrekontu kontsolidatuaren egoera orrian 3.687.165,00 euro jasotzen dira, bai diru sarrerei bai gastuei dagokienez.
5. artikulua.– Tributuei dagozkien gastu fiskalak.
Gipuzkoako Lurralde Historikoko tributuei dagozkien gastu fiskalak 2.166.736.709,26 eurotan zenbatetsi dira.
II. TITULUA
GEHIENEKO ZORPETZE MAILA ETA BERMEAK EMATEKO MUGA
6. artikulua.– Abalen muga.
Finantza eta Aurrekontu Araubidearen Foru Arauak 109.1 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, Foru Aldundiak Bidegi SAri emandako abalak ezin izango dira izan, 2020ko abenduaren 31n, 322.360.133,31 eurotik gorakoak.
7. artikulua.– Foru Aldundiaren zorpetze muga.
1.– Gipuzkoako Foru Aldundiaren epe luzerako zorpetze eragiketen saldo bizia, eragiketak dokumentatzeko era zeinahi dela ere, ezin izango da izan, 2020ko abenduaren 31n, 443.345.000,00 eurotik gorakoa.
Abenduaren 31n, maileguak amortizatzeko aurrekontu hornidura 44.000.000,00 euro izango da guztira.
2.– 2020. urtean zehar, Ogasuneko eta Finantzetako foru diputatuak egoki deritzen zorpetze eragiketak egin ahal izango ditu diruzaintzaren unean uneko beharrei erantzuteko, edozein eratan dokumentatuta eta urtebeterako gehienez.
8. artikulua.– Bidegi SA merkataritza foru sozietatearen zorpetze muga.
Bidegi, SA sozietatearen epe luzerako zorpetze eragiketen saldo bizia, eragiketak dokumentatzeko era zeinahi dela ere, ezin izango da izan, 2020ko abenduaren 31n, 633.131.255,22 eurotik gorakoa.
III. TITULUA
AURREKONTU KREDITUAK ETA HORIEN ALDAKETAK
9. artikulua.– Foru Aldundiaren eta foru organismo autonomoen aurrekontu kredituak.
Gastuen egoera orriko kredituak erabiliko dira aurrekontuetan eta Finantza eta Aurrekontu Araubidearen Foru Arauaren III. tituluaren III. kapituluari eta foru arau honi jarraituz onartutako aldaketetan baimendutako helburuak betetzeko.
10. artikulua.– Kredituen lotura.
1.– 2020ko ekitaldian, ordainketa kredituak mugatzaileak izango dira, Finantza eta Aurrekontu Araubidearen Foru Arauak 51.2 artikuluan jasotakoaren arabera. Salbuespen bakarrak ondorengo apartatuetan ezarritakoak dira.
2.– Mugatzaileak izango dira gastu egoeran duten desagregazio mailarekin honako hauek:
a) Foru arau honen 11. artikuluan ezarritakoaren arabera zabalgarritzat hartutako kredituak, salbu honako hauek: 1. apartatuko a) letran jasotakoak, mugatzaileak izango baitira kapitulu mailan; eta b) eta c) letretan jasotakoak, kapitulu eta programa mailan izango baitira mugatzaileak.
b) Konpromiso kredituei dagozkien ordainketa kredituak, artikulu honetako 3. apartatuaren a) eta c) letretan jasotakoa eragotzi gabe.
c) Ekitaldiaren barruan onartzen diren kreditu gehigarriak.
d) Aurreko ekitaldietatik txertatutako kredituak.
e) Foru organismo autonomoak, merkataritzako foru sozietateak eta foru fundazioak finantzatzearren Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrekontuan izendatzen diren kredituak, eta haien zerbitzuak ordaintzeko erabiltzen diren kredituak.
f) Dirulaguntzen Foru Arauak 20.3.c) artikuluan jasotakoaren arabera zuzenean eman daitezkeen dirulaguntzei dagozkien kredituak.
g) Finantzaketa lotuko gastuei dagozkien kredituak, artikulu honen 3.a) apartatuan jasotakoa eragotzi gabe.
h) Beren izaera, garrantzi edo xede bereziagatik, berariazko zehaztapen maila behar duten kredituak, Ogasun eta Finantza Departamentuak hala erabakitzen duenean.
3.– Mugatzaileak izango dira kapitulu eta programa mailan:
a) Proiektu kofinantzatu bereko ordainketa kredituak.
b) II. kapituluan (ondasun eta zerbitzuen gastu arruntak) sartutako kredituak.
c) Dirulaguntza lerro bereko laguntzak finantzatzera bideratutako kredituak.
d) Bere izaera bereziagatik edo xedeagatik Ogasun eta Finantza Departamentuak erabakitzen dituen kredituak.
4.– Konpromiso kredituak erregulatuko dira lotuak dituzten ordainketa kredituei titulu honetan aplikagarri zaizkien arauen arabera.
11. artikulua.– Kreditu zabalgarriak.
1.– Finantza eta Aurrekontu Araubidearen Foru Arauak 53. artikuluan xedatzen duenez, zabalgarritzat hartzen dira Foru Aldundiaren eta foru organismo autonomoen aurrekontuetan jasotzen diren kreditu hauek:
a) I. kapituluko gastuak (langileria gastuak), xedapen aplikagarrietan jasotakoaren arabera, eta foru arau honen V. tituluan ezarritako mugekin.
b) Interesak, zenbateko nagusiaren amortizazioa, eta zorpetze gastuak ordaintzeko bideratutakoak.
c) Estatuari kupoa ordaintzeko, Euskal Autonomia Erkidegoari diru ekarpena egiteko, edo tributu itunduen bilketan parte hartzeagatik lurralde historikoko udalerriek jaso beharrekoa ordaintzeko izendatutako zenbatekoak.
d) Gipuzkoako Foru Aldundiak abalatutako kreditu eragiketetan izan diren galerek eragindako diru betebeharrak ordaintzeko diren kredituak.
e) Batzar Nagusien eta foru organismo autonomoen aurrekontuak finantzatzeko bideratutako kredituak.
f) Europar Batasunarekin batera finantzatutako jarduketetarako izendatutako kredituak.
g) Langileei ordainsarien aurrerakinak emateko bideratutako kredituak.
h) Beste eskumen batzuk bereganatzearen ondorio diren kredituak.
i) Lurralde historikoko aurrekontu orokorren eranskin numerikoetan berariaz adierazten diren kredituak.
2.– Gizarte Politiketako Departamentuak aldizkako prestazio ekonomikoen programaren barruan familiei egiten dizkien transferentziak zabalgarriak dira, prestazio mota bakoitzaren berariazko araudiaren aplikaziotik eratorritako diru beharren arabera.
3.– Finantza eta Aurrekontuetako zuzendariak aurrekontuko kreditu bati izaera zabalgarria kendu diezaioke, betiere aurrekontua gauzatzeko hala komeni bada.
12. artikulua.– Konpromiso kredituak sortu eta birbanatzeko gehieneko muga.
1.– Diputatuen Kontseiluak, Ogasuneko eta Finantzetako foru diputatuak proposaturik, eta ukitutako departamentuaren edo foru organismo autonomoen ekimenez, konpromiso kreditu berriak onar ditzake, betiere haiek ez badira aplikatzen 4 ekitalditan baino gehiagotan, eta haien zenbateko osoak ez badu gainditzen foru arau honetan onartutako konpromiso kredituen % 10.
2.– Diputatuen Kontseiluak erabaki dezake, Ogasuneko eta Finantzetako foru diputatuak proposaturik eta eragindako departamentuaren edo foru organismo autonomoaren ekimenez, konpromiso kredituen artean transferentziak egitea edo horien urteko zenbatekoak birbanatzea 4 urteko epe mugarekin, betiere haien zenbateko osoa ez bada handiagoa foru arau honetan onartutako konpromiso kredituen % 10 baino.
3.– Pertsona fisikoek edo juridikoek urte anitzeko gastuak finantzatzeko egiten dituzten ekarpenak ez dira konputatuko aurreko apartatuetan jarritako mugen ondorioetarako.
13. artikulua.– Kreditu gaikuntzak.
1.– Finantza eta Aurrekontu Araubidearen Foru Arauak 58.8 artikuluan jasotakoaren arabera, gastu aurrekontuan gaikuntzak egin ahal izango dira beste sarrera batzuen kargura, zerga itunduak barne, betiere sarrera aurrekontuaren exekuzioaren arabera aurreikusi badaiteke ekitaldiaren amaieran hasierako aurreikuspenak gaindituko direla. Gaikuntza horien helburua izango da:
a) Estatuari kupoa ordaintzea, Euskal Autonomia Erkidegoari diru ekarpena egitea edo tributu itunduen bilketan parte hartzeagatik Gipuzkoako udalerriek jaso beharreko ekarpena ematea.
b) Interesak, zenbateko nagusiaren amortizazioa edo zorpetzeak eragindako bestelako gastuak ordaintzea.
c) Ohiz kanpoko izaerako giza gastua.
2.– Gaikuntza horiek ez dira konputatuko Finantza eta Aurrekontu Araubideari buruzko Foru Arauaren 58. artikuluko 11. apartatuan jasotako mugaren ondorioetarako.
14. artikulua.– Kreditu txertaketak.
Finantza eta Aurrekontu Araubidearen Foru Arauak 59. artikuluaren 2. apartatuan jasotako salbuespenaren arabera, 2020ko ekitaldian txertatu ahal izango dira 2019an txertatutako kreditu gerakinak, baldin eta haien obligazioa ekitaldi horren barruan onartu ez bada, betiere konprometituta dauden kapital eragiketak direnean.
IV. TITULUA
AURREKONTUAREN KUDEAKETA
15. artikulua.– Dirulaguntzak.
Diputatu nagusiak eta foru diputatuek Dirulaguntzen Foru Arauaren 20.3.c) artikuluan aipatzen diren laguntzak eman ditzakete, nork bere departamentuko aurrekontuaren kargura, betiere 15.000,00 euroko zenbatekoa gainditu gabe.
16. artikulua.– Proiektu kofinantziatuak.
Beste pertsona fisiko edo juridiko batzuek osorik edo zati batean finantzatutako gastu proiektuak behar bezala identifikatuta egongo dira hasierako aurrekontuan edo kreditu aldaketarako espedienteetan. Era berean, finantzaketa bideak zeintzuk diren adierazi beharko da berariaz.
Kredituen finantzaketari lotutako baliabideen aurreikuspena hasieran aurreikusitakoa baino txikiagoa denean, aurrekontuko gastu egoeretan kreditu atxikipenak egitea erabaki dezake Finantza eta Aurrekontuetako zuzendari nagusiak.
17. artikulua.– Gastua gauzatzeko muga.
1.– Ogasun eta Finantza Departamentuak agindu ahal izango du kredituak atxikitzea edo bestelako prebentzio neurriak hartzea, gastuaren kontrola bermatzearren.
Aipatutako kredituak liberatzeko tramitazioa haien atxikipenerako berbera izango da.
2.– Ogasun eta Finantza Departamentuak soberazko kredituak bideratu ditzake nahitaezkoak diren gastuen aurrekontu beharrak betetzeko, gastu horien benetako exekuzioa hasierako aurreikuspenarekiko defizitarioa denean. Ondorio horietarako, ez dira aplikagarriak izango martxoaren 27ko 4/2007 Foru Arauak, Gipuzkoako Finantza eta Aurrekontu Araubidearenak, 56.1 artikuluko c) eta d) letretan jasotzen dituen mugak.
3.– Proiektuen finantzaketa exekuzio erritmora egokitu beharragatik konpromiso kredituak onartzen badira, hasieran aurreikusitako ordainketa kredituak atxikitzeko agindu dezake Finantza eta Aurrekontuetako zuzendari nagusiak.
18. artikulua.– Egindako gastua udalerrika banatzea.
1.– Gastu partiden aurreikuspenak udalerrika banatu badira 2020ko aurrekontuan, haien exekuzioa ere udalerrika banatuta agertuko da.
2.– Finantza eta Aurrekontuetako zuzendari nagusiak udalerrika banatzeko modukotzat har ditzake 2020ko aurrekontuan udalerrika banatutakoen pareko bestelako gastu partidak.
19. artikulua.– Batzar Nagusien eta foru sektore publikoko gainerako entitateen aldeko transferentziak.
1.– Foru Aldundiaren aurrekontuan Batzar Nagusien aurrekontua finantzatzeko izendatzen diren kredituak Batzar Nagusietako Mahaiak eskatu ahala transferituko dira.
2.– Foru sektore publikoko entitateei zuzendutako transferentziak haien behar finantzarioen arabera egingo dira.
V. TITULUA
LANGILERIAREN ETA PASIBOEN KREDITUAK
I. KAPITULUA
GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA ETA FORU ORGANISMO AUTONOMOAK
20. artikulua.– Gipuzkoako Foru Aldundiko kideen eta goi kargudunen ordainsariak.
2020ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, Gipuzkoako Foru Aldundiko kideen eta goi kargudunen ordainsari osoek urteko zenbateko hauek izango dituzte:
– Diputatu nagusia: 86.078,72 euro.
– Foru diputatua: 82.490,52 euro.
– Zuzendari nagusia: 76.484,52 euro.
Ordainsari horiek Foru Administrazioko langileen ordainsarietarako erabakitzen den moduan eguneratuko dira.
21. artikulua.– Langileen ordainsariak.
Gipuzkoako Foru Aldundian eta foru organismo autonomoetan jarduten duten langileen 2020ko ordainsari osoak 2019ko abenduaren 31n indarrean daudenak izango dira, betiere kasu bakoitzean aplikagarria den araudiari jarraituz eguneratuta.
22. artikulua.– Aurrekontu plantillaren osaera.
1.– Gipuzkoako Lurralde Historikoko aurrekontu orokorretako langileei buruzko eranskinean funtzionario edo laboralen arabera sailkatuta ageri diren plazek osatzen dituzte Foru Administrazioko eta foru organismo autonomoetako 2020ko aurrekontu plantillak.
2.– Gipuzkoako Lurralde Historikoko 2020. urterako aurrekontu orokorretan onartzen dira aipatutako eranskinean ageri diren plaza guztiei dagozkien kredituak, lanpostuei atxikiak, urtea amaitu arte beharrezko irizten den diru kopuruarekin.
Era berean, onartuta geratu dira lanpostuei lotu gabeko plazei dagozkien kredituak, urtea amaitu arte beharrezko deritzon zenbatekoa atxikita.
23. artikulua.– I. kapitulua gehitzeko mugak.
1.– 2020ko ekitaldian, plantilla handitu edo aldatzeko espedienteak soil-soilik onartuko dira baldin eta haietatik ondorioztatzen den gastu gehikuntza beste lanpostu batzuen kredituak murriztuz konpentsatzen bada.
2.– Aurretik jasotakoa jasota ere, plantilla handitzeko espedienteak aldi baterako programetako postuei dagozkien kredituak murriztuz onartu ahal izango dira, plantillan postu berdinak sortzearren, baldin eta gainditua badute urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bateginak 10.1.c) artikuluan jasotako iraunaldia.
1. apartatuan jarritako muga ez da aplikatuko honako hauek direla-eta plazak edota lanpostuak sortu edo aldatzen direnean, betiere aldaketa horiek behar den finantzaketa badute: eskumen berriak hartzea, organo edo zerbitzu berriak sortzea, edo kanpora eraman edo kontratatzen diren zerbitzuak zuzenean ematea, arrazionalizazio programak aplikatzea edo lanpostuak baloratzea.
3.– Aurrekontu plantilla handitzeko edo aldatzeko proposamenek Gobernantza Departamentuaren aurretiazko txostena beharko dute.
24. artikulua.– Kreditu soberakinak.
Gobernantza Departamentuak honako honetarako erabili ahal izango ditu I. kapituluan aurreikus daitezkeen kreditu soberakinak: soberakinaren sorburu ez diren beste plaza batzuk finantzatzeko, eta aldi baterako kontratuak indarrean dagoen araudiaren arabera formalizatzeko.
25. artikulua.– Enplegu publikoko eskaintza eta pertsonal beharrak aldi baterako betetzea.
1.– Gobernantza Departamentuko foru diputatuak proposatuta, Foru Aldundiak bere erakundeko enplegu eskaintza publikoa edo publikoak onartu ahal izango ditu, baita foru organismo autonomoetakoak ere, indarrean dagoen araudiari jarraituz.
2.– Araudiak ezartzen dituen kasuetan baino ezingo dira aldi baterako langileak kontratatu edo bitarteko funtzionarioak izendatu.
26. artikulua.– Pasiboen kredituei aplikagarri zaien araubidea.
Honako xedapen hauek kontuan hartuta eman eta eguneratuko dira pentsioak eta izaera pasiboko bestelako asignazio eta hartzekoak: ekainaren 10eko 6/1986 Foru Araua, Gipuzkoako Foru eta Tokiko Administrazioko Eskubide Pasibo Osagarrietarako Zerbitzua Kudeatzeko Organoa desegiteari eta Elkarkidetzan sartzeari buruzkoa; graziazko pentsioen araudia; Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta bertako langileen arteko lan harremanen arau erregulatzaileak, eta Estatuko Aurrekontu Orokorren Legea.
II. KAPITULUA
FORU SEKTORE PUBLIKOKO GAINERAKO ENTITATEAK
27. artikulua.– Ordainsariak.
1.– Foru sektore publikoko entitateetako zuzendari nagusien, gerenteen eta haiekin parekatutakoen ordainsariak 2019ko abenduaren 31n indarrean daudenak izango dira, betiere Foru Administrazioko langileen ordainsarietarako erabakitzen den eran eguneratuta.
2.– Foru sektore publikoko entitateetako langileen 2020ko ordainsariak 2019ko abenduaren 31n indarrean daudenak izango dira, betiere Foru Administrazioko langileen ordainsarietarako erabakitzen den eran eguneratuta.
28. artikulua.– Langileria gastuak gehitzeko mugak.
1.– 2020ko ekitaldian, plantilla gehikuntzak edo aldaketak onartu ahal izango dira, soil-soilik, baldin eta haiek dakarten gastu gehikuntza beste plaza batzuetarako aurreikusitako gastua murriztuz konpentsatzen bada. Beraz, edozein plaza sortzeko, ezinbestekoa izango da zuzkidura ekonomiko berdineko edo handiagoko beste plaza batzuk amortizatzea aldi berean.
2.– Dena den, 2020an sortzen diren foru sektore publikoko entitateek beren hasierako aurrekontuan ageri diren aurreikuspenen arabera onartu ahal izango dute langileen plantilla.
29. artikulua.– Langileak kontratatzea.
2020ko ekitaldian, aurreko artikuluan aipatutako entitateek langile berriak kontratatu ahal izango dituzte, indarrean dagoen araudian ezarritako muga eta baldintzekin, aurretik Foru Aldundiak baimenduta.
VI. TITULUA
GIPUZKOAKO UDALERRIEN
FINANTZAKETA
30. artikulua.– Udalak Finantzatzeko Foru Funtsaren 2020rako zuzkidura.
1.– Udalak Finantzatzeko Foru Funtsaren zuzkidura 536.287.822,00 eurotan finkatzen da 2020. urterako, Ekonomia Itunaren baliabideetan parte hartzearen kontzeptupean, Udalak Finantzatzeko Foru Funtsari buruzko azaroaren 23ko 15/1994 Foru Arauak 2. artikuluan jasotakoaren arabera.
2.– Aurreko apartatuan adierazitako zenbatekoaren % 99,85 Gipuzkoako udalerrien artean banatuko da, III. eranskinean zehaztutakoaren arabera, azaroaren 23ko 15/1994 Foru Arauak xedatutakoarekin bat etorriz.
3.– Gainerako % 0,15a Euskal Udalen Elkartea (Eudel) finantzatzeko erabiliko da.
31. artikulua.– Gizarte zerbitzu eta prestazioen karteraren garapenerako funtsa.
1.– Gipuzkoako udalek, 2020. urtean, 3.334.000,00 euroko kopuru globala jasoko dute Gizarte zerbitzu eta prestazioen karteraren garapenerako funtsaren kargura.
2.– Udalek egin beharreko ekarpena funts hori finantzatzeko 803.089,00 eurotan finkatzen da 2020. urterako. Ekarpen hori udal bakoitzari eta Eudeli Udalak Finantzatzeko Foru Funtsean duten partaidetzaren proportzioan egotziko zaie.
32. artikulua.– Partaidetza itundu gabeko tributuetan.
Foru Aldundiak Ekonomia Itunaren 51. artikuluan jasotakoaren arabera banatuko die Gipuzkoako udalerriei itundu gabeko zergetan duten partaidetza.
33. artikulua.– Udal zergen bilketa.
1.– Udalerri bakoitzean likidatu beharreko udal zerga propioetatik bildutako kopuru likidoa dena delako udalerriari esleituko zaio zuzenean.
2.– Udalerri bakoitzari borondatezko epean nahiz bide exekutiboan esleitutako zerga-bilketa garbitik, kendu egingo da ondoko zergak biltzean Foru Aldundiak emandako zerbitzuaren kostua: ondasun higiezinen gaineko zerga, jarduera ekonomikoen gaineko zergaren udal, lurralde eta estatu mailako kuotak, eta udalen kontura bildu litzakeen zuzenbide publikoko beste sarrera batzuk.
3.– Zerga propioak borondatezko bidean biltzea Foru Aldundiari hitzarmen bidez eskuordetu dioten udalerriek eskubide izango dute, 2020ko ekitaldian, konturako aurrerakinak jasotzeko, baina aurrerakin horiek ez dute interesik sortuko, Foru Aldundiari ordaindu beharreko zerbitzuaren kostuan sartutakotzat joko baitira.
Konturako ordainketak gauzatzeko, aldizkako entregak egingo dira maiztasun honekin:
a) Hilero, 2.000 biztanle edo gehiago dituzten udalerriei.
b) Bi hilean behin, 2.000 biztanle baino gutxiago dituzten udalerriei.
Ondasun higiezinen gaineko zergaren kasuan, ordainketa horiek urteko lehen 6 hilabeteetan bakarrik egingo dira; eta jarduera ekonomikoen gaineko zergaren udal kuoten kasuan, berriz, urte osoan zehar.
Aurrerakin horien zenbatekoa zehaztuko da, gehienbat, 2019ko ekitaldian ondasun higiezinen gaineko zergagatik eta jarduera eko-nomikoaren gaineko zergaren udal kuotagatik borondatezko bidean bildutako kopuruen arabera. Hala behar denean, zerga oinarriak, karga tasak edo tarifak aldatzean sortutako bariazioak eginez zuzenduko dira kopuru horiek. Zerga-bilketaren behin betiko kopuruak ezagututa, bidezko likidazioa egingo da.
VII. TITULUA
BATZAR NAGUSIEI INFORMAZIOA EMATEA
34. artikulua.– Foru Aldundiak aldizka eman beharreko informazioa.
1.– Gipuzkoako Foru Aldundiak, hiru hilean behin, informazioa eman behar die Batzar Nagusiei aurrekontuaren exekuzioari buruz eta Foru Administrazioaren finantza egoerari buruz, txosten hauek direla medio:
a) Kreditu aldaketen laburpena.
b) Aurrekontuen exekuzio mailaren laburpena, sarrera eta gastuen egoerei dagokienez.
c) Urte anitzeko gastu konpromisoen exekuzioaren laburpena.
d) Sarreren eta gastuen balantzea partidaka, exekuzio faseen arabera.
e) Foru zorpetzearen egoera.
f) Emandako abalak eta abalatutako zenbateko osoa.
g) Egoera balantzea eta galera-irabazien kontua.
h) Ordaintzeke dauden fakturen laburpena, berankortasunari buruzko araudian ezarritako epe haietan betetzen ez denean.
i) Departamentuz departamentu emandako dirulaguntzen zerrenda.
Informazioa formatu digitalean bidaliko da, kalkulu orrietan edo datu baseetan lan egin, aldatu eta aztertu ahal izateko. Txosten bakoitzean aztertzen den hilabetea amaitu eta hurrengoan bidali behar da informazio hori. Epea igarotzen bada Foru Aldundiak komunikazioa bidali gabe, edozein talde batzarkidek gaia Ogasun eta Finantza Batzordearen aztergaien zerrendan zuzenean sartzeko eskatu ahal izango du.
2.– Hilabete bakoitzaren lehen hamabost egunen barruan, Foru Aldundiak informazio hau emango du: kontzeptu guztiengatik izandako zerga-bilketa; sarreren itzulketak; eskatutako eta emandako gerorapen eta zatikapenak; eta aurreko hilabetean zehapenekin lotuta eskatutako eta ebatzitako barkamen espedienteak.
Horrez gain, informazioa emango da Euskal Autonomia Erkidegoko foru aldundiek zerga itunduengatik osotara izandako bilketa bateratuari buruz, aurreko lehen epeari dagokionez.
3.– Foru Aldundiak zerga iruzurraren aurka egindako ekintzen berri emango die, hiru hilean behin, Batzar Nagusiei. Informazioak arlo horretan egindako kudeaketaren emaitzak jasoko ditu, hala nola ikuskatutako zergadun portzentajeak eta segmentuak, kudeaketaren ondorioz erregularizatutako ondarea eta baliabideak, eta bestelako datu interesgarriak.
4.– Foru Aldundiak Enplegu Publikoko Eskaintzaren Planari buruz hartutako erabakien berri emango die Batzar Nagusiei, erabaki horiek hartu eta ondorengo hilabetearen barruan.
35. artikulua.– Foru organismo autonomoek aldizka eman beharreko informazioa.
1.– Foru organismo autonomoek, hiru hilean behin, informazioa eman behar diete Batzar Nagusiei aurrekontuaren exekuzioari buruz eta beren finantza egoerari buruz, txosten hauek direla medio:
a) Kreditu aldaketen laburpena.
b) Aurrekontuen exekuzio mailaren laburpena, sarrera eta gastuen egoerei dagokienez.
c) Urte anitzeko gastu konpromisoen exekuzioaren laburpena.
d) Sarreren eta gastuen balantzea partidaka, exekuzio faseen arabera.
e) Egoera balantzea eta galera-irabazien kontua.
f) Ordaintzeke dauden fakturen laburpena, berankortasunari buruzko araudian ezarritako epe haietan betetzen ez denean.
2.– Informazioa formatu digitalean bidaliko da, kalkulu orrietan edo datu baseetan lan egin, aldatu eta aztertu ahal izateko. Txosten bakoitzean aztertzen den hilabetea amaitu eta hurrengoan bidali behar da informazio hori. Epea igarotzen bada foru organismo autonomoak komunikazioa bidali gabe, edozein talde batzarkidek gaia Ogasun eta Finantza Batzordearen aztergaien zerrendan zuzenean sartzeko eskatu ahal izango du.
36. artikulua.– Merkataritzako foru sozietateek eta foru fundazioek aldizka eman beharreko informazioa.
1.– Merkataritzako foru sozietateek eta foru fundazioek, hiru hilean behin, informazioa bidaliko diete Batzar Nagusiei aurrekontuaren exekuzioari buruz eta beren finantza egoerari buruz, txosten hauek direla medio:
a) Zorpetzearen egoera.
b) Egoera balantzea eta galera-irabazien kontua.
c) Ordaintzeke dauden fakturen laburpena, berankortasunari buruzko araudian ezarritako epe haietan betetzen ez denean.
Informazioa formatu digitalean bidaliko da, kalkulu orrietan edo datu baseetan lan egin, aldatu eta aztertu ahal izateko. Txosten bakoitzean aztertzen den hilabetea amaitu eta hurrengoan bidali behar da informazio hori. Epea igarotzen bada merkataritzako foru sozietateak edo foru fundazioak komunikazioa bidali gabe, edozein talde batzarkidek gaia Ogasun eta Finantza Batzordearen aztergaien zerrendan zuzenean sartzeko eskatu ahal izango du.
2.– Bidegi SA merkataritza sozietatearen kasuan, hilean behin txosten hauek bidali beharko ditu Batzar Nagusietara:
a) Hilero, kanon kontzeptuagatik lortzen dituen diru-sarrerak.
b) AP-8 eta AP-1 autobideetako deskontu planaren erabiltzaileengandik hilero lortzen dituen diru-sarrerak.
c) Merkataritzako foru sozietateak gehieneko tarifagatik egiten duen itzulketaren hileko bilakaera.
d) Hilero, deskontuen kontzeptuagatik itzultzen dituen kopuruak.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Berandutze interesa.
2020ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarteko ondorioekin, % 3,75 izango da martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Zergen Foru Arau Orokorrak, 26.6 artikuluan aipatzen duen berandutze interesa.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Tasak eguneratzea.
Departamentuek kudeatzen dituzten Gipuzkoako Foru Ogasunaren tasak finkoak badira oinarriaren portzentaje bati lotuta ez daudelako edo oinarri hori moneta unitatetan baloratuta ez dagoelako, 2019an exijigarri den kopuruari 1,01 koefizientea aplikatuz gehituko dira, betiere uztailaren 12ko 5/2005 Foru Arauak, garraio alorrean zerbitzuak eman eta jarduerak egiteagatik exijitu beharreko tasak arautzen dituenak, 5.4 artikuluan ezarritakoa eragotzi gabe.
Gehikuntza horretatik kanpo gelditzen da Gipuzkoako Foru Aldundiko eta haren organismo autonomoetako langile izateko hautapen probetan parte hartu nahi dutenei eman beharreko zerbitzuengatik tasa bat ezartzen duen martxoaren 11ko 5/2019 Foru Arauak, foru arau horretan jasotako zenbateko bera izango baitu.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Balio katastralak eguneratzea.
Uztailaren 5eko 12/1989 Foru Arauak, Ondasun Higiezinen gaineko Zergarenak, 13. artikuluan jasotakoaren ondorioetarako, 2019. urtean indarrean dauden balioei 1,01eko eguneratze koefizientea aplikatuko zaie 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera.
LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Ekainaren 15eko 4/2010 Foru Dekretu Arauaren 3. artikulua aldatzea.
AP-1 eta AP-8 autobideak Gipuzkoako zatian 2010eko uztailaren 1etik aurrera erabiltzeko kanonak ezartzeko ekainaren 15eko 4/2010 Foru Dekretu Arauaren 3. artikulua horrela idatzita gelditzen da:
«3. artikulua.– Murrizketa gehigarriak AP-8 eta AP-1 autobideetako deskontuen planari atxikitako erabiltzaileentzat.
AP-8 eta AP-1 autobideetako deskontu planari atxikitako erabiltzaileei hilaren bukaeran 0,50 euroko murrizketa aplikatuko zaie 24 orduko epean sistema irekiko ordainleku beretik segidan egindako bidaia bakoitzarengatik.
Murrizketa 24 orduko tartean egindako joan-etorriko bidaia bakoitzari aplikatuko zaio eta deskontuak kalkulatu baino lehen egingo da, betiere honako baldintzak betetzen badira:
1.– AP-8 eta AP-1 autobideetako deskontu planari atxikitako ohiko erabiltzailea izatea, hau da, Foru Dekretu Arauko 2. artikuluan xedatutako baldintzak betetzea.
2.– Jarraian aipatzen diren ordainlekuen artean, 24 orduko epean, joaneko bidaia bat eta itzulerako beste bat egitea ordainleku beretik, tarteko beste batetik igaro gabe.
3.– Murrizketa aplikatzeko balio duten ordainlekuak honako hauek dira: Irungo langa, Irungo mendebaldea, Oiartzun, Orio, Zarautz eta tratamendu berezia duten Zarauzko langa eta Irun Katea.
4.– Murrizketa gehigarria aplikatuko zaie Zarauzko langatik mendebalderantz edo sistema itxirantz joaneko bidaia bat eta itzulerako beste bat egiten badute, eta gutxienez kobratzen den bidaia bat eta beste sarrera bat sistema itxiko tarteko ordainleku batetik edo gehiagotatik.
5.– Irun Kateako ordainlekuko murrizketa gehigarria Behobiatik abiatzen edo bertara heltzen diren mugimenduei aplikatuko zaie.»
Bosgarrena.– AP-8 eta AP-1 autobideak Gipuzkoako Lurralde Historikoan erabiltzeko kanonaren zenbatekoak.
1.– 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera, AP-8 eta AP-1 autobideak Gipuzkoako Lurralde Historikoan erabiltzeagatik ordaindu beharreko kanonaren zenbatekoa, handitu egiten da 2019. urtean exijitutako zenbatekoari 1,0225eko koefizientea aplikatuta ateratzen den kopururaino. Zenbatekoak hauek dira (BEZa barne):
(Ikus .PDF)
Via-T edo Abiatu gailuen erabiltzaileei bakarrik aplikatu beharreko tarifa
(*) Tarifa aplicable únicamente con dispositivo Via-T o Abiatu
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
2.– Kanbioa errazteko eta irteera/sarrera operazioetan trafiko-arintasuna hobetzeko, ordainketa asko eskudirutan egiten direla kontuan izanda, Irun langa ordainlekuan, ibilgailu arinen tarifa 2,65 € izango da, uztailaren 17tik irailaren 1era arte, biak barne.
3.– 2019. urtean zehar AP-8 eta AP-1 autobideetako deskontuen planari atxikitako erabiltzaileei aplikatutako deskontuak berdin mantentzen dira.
4.– % 2,25 igotzen da 2019an AP-1 eta AP-8 autobideetako Gipuzkoako zatietan egiten diren joan-etorriengatik aplikatu beharreko deskontuetara atxikitako pertsonek hilero ordaindu beharreko zenbatekoa, dagozkion deskontuak eta kenkari gehigarriak aplikatu eta gero 2020rako, 32,24 euro izango da.
5.– % 2,25 igotzen da AP-8 eta AP-1 autobideen deskontu planari atxikitako erabiltzaileentzat, Gipuzkoatik kanpoko ibilbideetan AP-1 autobidea (Araban) eta AP-8 autobidea (Bizkaian) erabiltzeagatik, gastu gehigarriaren mugari, hileko gehiengoari, 2019an aplikatu dakiokeen gehieneko zenbatekoa. Hala, 2020rako, gehieneko zenbateko hori 47,63 euro izango da.
Seigarrena.– Gipuzkoako Lurralde Historikoko toki korporazioetako kideen ordainsarien gehieneko mugak zehaztea.
1.– Asistentziengatik eta ordainsari kontzeptu guztiengatik toki korporazioetako kideek jaso dezaketen zenbatekoaren gehieneko mugak ondorengo taularen araberakoak izango dira, kanpoan utzita, hala balegokio, zerbitzu berezien egoeran dauden karrerako funtzionarioek jaso ditzaketen hirurtekoak, eta kontuan izanda, besteak beste, toki entitatearen izaera eta biztanleria:
(Ikus .PDF)
2.– Lurralde historikoko hiriburuari aplikatu beharreko gehieneko muga 90.000,00 euro izango da; betiere Eusko Jaurlaritzako sailburuari dagokion ordainsaria eguneratzen den moduan eguneratuta.
3.– «1.000tik 5.000ra» arteko tarterako muga Eusko Jaurlaritzako zuzendari baten ordainsaria – % 15 izango da, bi baldintza hauek betetzen direnean: toki entitateak 2.000 biztanle baino gehiago izatea, batetik; eta, bestetik, likidatutako azken ekitaldiko datuen arabera, zor publikoaren helburu nagusia betetzea edo, hori beteko ez balu, indarrean dagoen plan ekonomiko-finantzarioan ezarritako helburua betetzea.
4.– 1.000 biztanletik beherako udalerrietan toki korporazioko kideek, salbuespen gisa, dedikazio partzialez gauzatzen dituztenean beren karguak, horien ordainsarien gehieneko muga honela kalkulatuko da: «1.000tik 5.000ra» arteko tartearen mugari dagokion dedikazio ehunekoa aplikatuta.
5.– Dedikazio partzialen gehieneko mugak honela kalkulatuko dira: xedapen gehigarri honen 1. zenbakian aurreikusitako taularen arabera dagozkienei toki entitateak erabakitako dedikazio ehunekoa aplikatuta.
6.– Xedapen gehigarri honen 1. zenbakian ezarri diren mugak Eusko Jaurlaritzako aipatu karguen ordainsariak eguneratzen direnaren arabera eguneratuko dira.
Zazpigarrena.– Kreditu gehigarriak.
1.– Diputatuen Kontseiluak, Ogasuneko eta Finantzetako foru diputatuaren proposamenez, kreditu gehigarriak onartu ahal izango ditu diruzaintzako gerakinaren kargura, aurrekontuari aplikatu gabe dauden eta 2019ko abenduaren 31n «Aurrekontuari aplikatu gabeko eragiketen hartzekodunak» kontuan kontabilizatu diren betebeharrei edo horien baliokideei erantzuteko, aplikagarria den araudian xedatutako eran.
2.– Diputatuen Kontseiluak, Ogasuneko eta Finantzetako foru diputatuaren proposamenez, kreditu gehigarriak onartu ahal izango ditu diruzaintzako gerakinaren kargura, gehienez 15.000.000,00 euroraino, aplikagarria den araudian xedatutako eran.
3.– Diputatuen Kontseiluak kreditu gehigarriak onartu ahal izango ditu, Ogasuneko eta Finantzetako foru diputatuaren proposamenez, diruzaintzako gerakinaren kargura, zorraren aparteko amortizazioari begira, eta ez du konputatuko aurreko 2. apartatuan jarritako mugaren ondorioetarako.
Zortzigarrena.– 2020an Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa SAUri maileguak emateko baimena.
1.– 2020ko ekitaldian Ogasun eta Finantza Departamentuak epe luzerako maileguak eman ahal izango dizkio Foru Aldundira atxikitako Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa SAU entitateari, sozietate horrek 2011n hitzartutako finantzaketa eragiketen ordez, betiere hiri hondakin solidoen azpiegiturak finantzatze aldera.
Interes tasa aplikagarriaren, marjinaren eta beste finantzaketa baldintza batzuen mugak sozietate horrek 2011n hasieran hitzartutakoak izango dira.
2.– Finantzaketa eragiketen ordezkapena finantza entitateek egitekotan, Gipuzkoako Foru Aldundiak abal bat edo honen ordezko beste berme mota batzuk eman ahal izango ditu, betiere legez jarritako mugen barruan.
3.– Diruzaintzako gerakina maileguak finantzatzeko erabiliz gero, ez du konputatuko zazpigarren xedapen gehigarriaren 2. apartatuan jarritako mugaren ondorioetarako.
LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA.– Aurrekontuaren egokitzapen teknikoak.
Finantza eta Aurrekontuetako zuzendari nagusiari baimena ematen zaio aurrekontuan bidezko egokitzapen teknikoak egiteko, horiek beharrezkoak direnean berrantolaketa administratiboak egin direlako edo aurreko ekitaldian konprometitu bai baina gauzatu ez diren gastuak –gastu txertatu gabeak– aurrekontuari egotzi behar zaizkiolako, edo, duten helburua sarrerak eta gastuak kontabilitatean egoki egoztea denean. Behar diren aurrekontu partidak sortuko ditu horretarako.
Gizarte Politiketako foru diputatuari baimena ematen zaio Uliazpi Fundazioa eta Kabia foru organismo autonomoen aurrekontuan bidezko egokitzapen teknikoak egin ditzan, baldin eta haien helburua gastuak kontabilitatean egoki egoztea bada. Horretarako, behar diren aurrekontu partidak sortuko dira, kredituen lotura mailaren barruan.
BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA. Saldoen arazketa.
Ogasun eta Finantza Departamentuari dagokio kontuetan sortutako saldoak zuzentzea eta araztea, benetan exijigarri edo egingarriak diren kredituak eta zorrak kontabilitatean jasota gera daitezen.
HIRUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA. Aurrekontua luzatzea.
2020. urteko aurrekontuaren luzapenaldian zehar, halakorik balego, aurrekontu kredituen eta haien aldaketen araubide orokorra Finantza eta Aurrekontu Araubideari buruzko Foru Arauaren 78. artikuluan eta foru arau honen III. tituluan ezarritakoa izango da.
Era berean, aurrekontuaren luzapenaldian zehar, aplikagarriak izango dira II., IV., V. eta VII. tituluetan jasotako artikuluak, eta foru arau honetako xedapen gehigarriak, xedapen iragankorrak eta azken xedapenak.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indargabeturik geratzen dira foru arau honen aurka doazen edo bertan jasotakoarekin bat ez datozen maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Foru arauaren erregelamenduzko garapena.
Diputatuen Kontseiluari baimena ematen zaio foru arau honetan xedatutakoa garatu eta gauzatzeko beharrezko diren xedapen guztiak eman ditzan, Ogasun eta Finantza Departamentuak proposatuta.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Aplikazio eremua.
Foru arau hau indarrean jarri ondorengo egunetik aurrera foru sektore publikoan sor daitezkeen entitateei bertan ezarritakoa aplikatuko zaie.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Indarrean jartzea.
Foru arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean jarriko da indarrean, 2020ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin.
RSS