Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

21. zk., 2020ko urtarrilaren 31, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
495

EBAZPENA, 2020ko urtarrilaren 7koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Donostiako «AY.18 Errondo Gaina-Aiete» hirigintza-eremuko xehetasun-azterketaren ingurumen-txosten estrategikoa (Aizkolene kalea, Donostia).

AURREKARIAK

Donostiako Udalak, 2019ko uztailaren 18an, «A.Y.12 Errondo Gaina-Aiete» eremuaren xehetasun-azterketari (aurrerantzean, plana) buruzko ingumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura (Donostiako Udalak berak sustatua) izapidetzen hasteko eskaera egin zion ingurumen-organoari. Eskaerarekin batera, Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa aurkeztu ziren, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, 2019ko urriaren 14an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta pertsona interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak eta edukia espedientean sartu dira. Era berean, Donostiako Udalari ere izapidea hasi izanaren berri eman zitzaion.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Donostiako Aizkolene kaleko «A.Y.12 Errondo Gaina-Aiete» eremuaren xehetasun-azterketa (aurrerantzean, xehetasun-azterketa) abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan zehazten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Dokumentazio teknikoa eta xehetasun-azterketaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –eskumena duen organoa baita otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera–. Ingurumen-arloko alderdiak Planaren proposamenean sartzearen alde egiten du txostenak, eta Plana aplikatzearen inpaktu nabarmenen gaineko iritzia ematen, baita ingurumen-ondorioetarako soilik sartu behar diren azken zehaztapenen inguruan ere.

Hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Donostiako Aizkolene kaleko «A.Y.12 Errondo Gaina-Aiete» eremuaren xehetasun-azterketaren (aurrerantzean, xehetasun-azterketa) ingurumen-txosten estrategikoa egitea, Donostiako Udalak sustatuta, jarraian zehazten den moduan:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Donostian indarren den Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren arabera (aurrerantzean, HAPO), azterketaren xede den lurzatia, «A.Y.12 Errondo Gaina», hiri-lurzoru finkatua da, bizitegi ireki motakoa, berariaz bideratua bizitegi-erabilerak edo etxebizitzak garatu eta kokatzera.

Lurzatiak 2.199 m2 ditu, eta sestra gaineko eraikigarritasun baimendua 209 m2(t) da.

Lurzatirako sarbidea Aizkolene kaleko errepidean dago, lurzatiaren ekialdean. Ibilgailuentzako sarbidea, hala lurzatirako, nola Berakoetxea urbanizaziorako, xehetasun-azterketako eremuarekin mugakidea dena.

Xehetasun-azterketaren helburua da HAPOak aipatu eremurako proposatzen dituen zehaztapenak garatzea, eta, batik bat, hirigintza-parametroak zehaztea: lerrokadura, profila, altuerak, etab. Familia bakarreko etxe bi atxiki eraikiko dira, sestra gaineko solairu banarekin sestra gainean eta sestrapean (etxebizitzaren erabilera osagarrietarako: gimnasioa, ikasgela, etab.). Aparkalekua sestra gainean egongo da, aire zabalean, lurzatiaren ekialdean; hiru autorentzako lekua egongo da etxebizitzako, alegia, guztira, sei leku.

Sestra gainean baimendutako eraikigarritasuna 209 m2(t)-koa da lurzati horretan. Azalera, topometriaren arabera, 2.199 m2-koa da.

Lurzatirako sarbidea Aizkolene kaleko errepidean dago, lurzatiaren ekialdean. Ibilgailuentzako sarbidea, hala lurzatirako, nola Berakoetxea urbanizaziorako, xehetasun-azterketako eremuarekin mugakidea dena.

Ingurumen-dokumentu estrategikoaren arabera, lurzatian bi eraikin daude egun, 152 m2(t) eta 57 m2(t)-koak, hurrenez hurren, biak ere forma laukizuzenekoak, eta abandonu-egoeran. Gutxienez 1968. urtekoak dira; jatorrian, eta, urte luzez, eskola publikoak izan ziren. Eraikinok eraistea aurreikusi da.

Proposatzen diren bi etxebizitzak bloke bakarrean bateratu nahi dira; hala, eremu handi samar bat bideratuko da lorategira lurzatiaren hegoaldean. Hori guztiori egungo eraikin-sarea errespetatua egingo da, eta Donostiako HAPOan ezarritako gehieneko eraikigarritasuna gainditu gabe.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, zehazteko Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.

1) Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Xehetasun-azterketak proiektuetarako ezartzen duen esparrua: xehetasun-azterketak zehazki antolatzen du eremua, eta partzelako eraikigarritasun-baldintzak sendotzen ditu. Hori onartu ondoren, Eraispen Proiektu bat eta Eraikuntzako eta Urbanizazioko Obra Osagarrien Proiektua garatu beharko dira. Aurkeztutako dokumentazioa ikusita, xehetasun-azterketak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Zer neurritan eragiten duen xehetasun-azterketak beste plan edo programa batzuetan, baita hierarkizatuta daudenetan ere: ingurumenaren ikuspegitik, plan honek ez du aipatzeko moduko ondoriorik izango beste plan edo programa batzuetan.

c) Plana egokia den edo ez ingurumen-kontsiderazioak integratzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin bat eginik. Xehetasun-azterketak lurzatiaren antolamendu xehatua garatzen du, indarrean den Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko oinarrizko eraikingintza-parametroak beteta. Xehetasun-azterketak jasangarritasun-memoria bat hartzen du barnean. Besteak beste, hauek ezartzen ditu: etxebizitzak eraikitzeko irizpideak, eraikinek kalifikazio energetiko gorena lortzeko estrategiak eta irizpideak; biztanleen osasun- eta ongizate-baldintzak hobetzeko irizpideak; energia- eta ur-kontsumoa optimizatzeko irizpideak, materialak eta hondakinak kudeatzeko irizpideak; lurzoru-erabileraren kalteak gutxitzeko irizpideak; eta argi-kutsadura murrizteko irizpideak. Alde horretatik, egokia da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-irizpideak txertatzeko, bereziki, hauei dagokienez: eraikingintza eta eraikuntza efizienteena baliabideen erabileran. Horri dagokionez, xehetasun-azterketak kontuan hartu beharko ditu, Planaren ondoriozko eraikuntza-proiektuetan aintzat hartze aldera, eta aipatu jasangarritasun-memorian barne hartutako proposamen kalterik gabe, dagokion Eraikuntza Jasangarrirako Gidan bildutako gomendioak, proposatutako eraikuntzen energia-aurreztea eta -efizientzia indartzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko, ebazpen honen aurreragoko apartatuetan xehatuko den bezala.

d) Planarekin lotutako ingurumen-arazo esanguratsuak. Esan bezala, ez da hauteman xehetasun-azterketa gauzatzearen ondoriozko ingurumen-eragin adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, urei, hondakinen kudeaketari, natura-ondareari, paisaiari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak.

e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da ingurumen arloko Europar Batasuneko edo Espainiako legedia txertatzeko.

2) Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak.

Ez dago naturagune babesturik xehetasun-azterketaren eremuan, ezta eralda daitekeen ingurumen-balio handiko eremurik ere; hortaz, ez dago aurreikusitako jarduketak garatzearen ondorioz larriagotu daitekeen ingurumen-arriskurik. Hizpide dugun esparrua lurzoru eraldatua da, jada egindako urbanizazio-obren ondorioz; obra horiek nabarmen eraldatu zituzten lurzoruaren eta bertako landarediaren ezaugarriak.

Testuinguru honetan, xehetasun-azterketan jasotako jardueren garapenetik etorriko diren ondorioak eremuko eraikinen eraispen-obrei eta urbanizazioaren eraikitze-obrei lotuta egongo dira; izan ere, lurzoruak artifizialduko dira, lur-mugimenduak izango dira, eta eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak sortu dira, urak kutsa daitezke lurrak herrestan joateagatik eta giza habitataren kalitatea murriztuko da ibilgailuen eta makinerien joan-etorriek, eta urbanizatzeko eta eraikinak eraikitzeko behar diren lur-mugimenduek sortuko dituzten eragozpenengatik: zarata, hautsa, bibrazioak, etab.

Behin, hirigintza-garapena osatuta, inguruan mugimendu zertxobait gehiago egotea espero da, eta, ondorioz, zarata-mailak eta, sortutako hondakin eta etxeko efluente kopuruek gora egingo dute. Eremua erabat urbanizatuta dago, eta zerbitzu-sare funtzionalak ditu. Egin den azterlan akustikoaren arabera, eta xehetasun-azterketan jaso diren neurri zuzentzaileak aplikatuta, eraikinen kanpoaldean gainditu egingo dira kalitate akustikoaren helburuak. Horrenbestez, horiek eraikinen barnealdean betetzeko behar diren neurriak hartuko dira. Bestalde, xehetasun-azterketaren xedeko lurzatia Donostiako Udalak 2013. urtean Babes Akustiko Bereziko Eremu izendatu zuen eremu batean dago, eta dagokion zonako plana du (2017an onartua).

Ingurumen-ondorioak baloratuko dira indarrean dagoen Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean xedatutako egoerarekin alderatuta. Hori guztia, eremuaren gaur egungo egoera eta xehetasun-azterketatik eratortzen diren jarduketen ezaugarriak kontuan hartuta, eta ingurumen-dokumentu estrategikoan proposatutako neurri prebentibo, babesle eta zuzentzaileak aplikatuta, bai eta aurrerago zehazten direnak ere, ez da espero jarduketa horiek inpaktu nabarmenik sortuko dutenik ingurumenean.

3) Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, Ebazpen honetan adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, Ingurumen Agiri Estrategikoan eta xehetasun-azterketan bertan jasotakoarekin bat. Hauek dira neurri horiek, besteak beste:

Natura-ondarea eta lurrazaleko urak babestera bideratutako neurriak:

Gipuzkoako lurralde historikoko flora-espezie batzuk babesteko urtarrilaren 16ko 4/1990 Foru Dekretuak xedatutakoa betetzeaz gain, neurri babesle eta zuzentzaile hauek ere aplikatuko dira:

– Ezinbesteko eremu gutxienekoan egingo dira xehetasun-azterketatik eratorritako jarduketak eta lurzorua okupatzea dakarten gainerako jarduketa osagarriak; betiere, proiektuko planoek ezartzen dituzten mugen barruan.

– Leku horietan, lanen eraginpeko eremua in situ mugatuta geratu beharko da, eta obra-ingurunetik hurbil dauden balio handiko elementu naturalak behar bezala babestuta egongo dira, nahi gabeko eraginik jaso ez dezaten.

– Eremuren bat egokitu behar bada bertan makina uzteko, materialak bolada batean biltzeko, edo zerikusia duen beste edozein jarduera gauzatzeko, ingurumen-inpaktu txikieneko irizpideei jarraikiz hautatuko dira eremu horiek.

– Proiektua gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak lehengoratuko dira. Landaketa ahalik eta lasterren egingo da, higadura-prozesuak eta ibilguetarako solido-arrasteak ekiditeko; horrela, habitat naturalak sortzen lagunduko da, eta, ahal dela, horiek inguruan dagoen landaredia naturalarekin lotzen.

– Landare-estaldura lehengoratzeko jardueretan, biodibertsitate autoktonoa sustatzeko jarduerak bultzatuko dira, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiz jarduera horietan, horrela, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko. Horretarako, Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak erabiliko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak sortu zuen.

– Eraikuntza- eta eraispen-proiektuak eta urbanizazio-obrek lurrazaleko uretara solidoak ahalik eta gutxien iristeko neurriak aurreikusi beharko dituzte; adibidez, dekantazio-tangak, sedimentuentzako tranpak edo iragazkiak.

Hondakinak kudeatzeko neurriak

– Obrek eta garbiketa-kanpainak dirauten bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikatu beharreko arau espezifikoetan xedatutakoa beteko da.

– Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.

– Hondakin arriskutsuentzako ontzietarako, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako arauak bete beharko dituzte (hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia onartzen du dekretu horrek); itxita egongo dira baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

– Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

– Lurren eta soberakinen kudeaketa: obretan indusketa-soberakinak sortzen badira, baimendutako soberakin-biltegira eraman eta indarreko legediaren arabera kudeatuko dira.

– Induskatutako lurzoruen kontrola: Donostiako Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

Airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestea

– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

– Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

– Planean aurreikusi den hirigintza-garapenari dagokionez, eta kalitate akustikoaren helburuei dagokienez, kontuan izan beharko da Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 31.2 eta 36. artikuluetan xedatutakoa.

Jardunbide egokien eskuliburua. Jardunbide egokien sistema bat hartu beharko dute, eta lanetako langileek erabiliko dute helburu hauek ahalik eta gehien bermatzeko:

– Lanek okupatzen dituzten mugak kontrolatzea.

– Natura-intereseko landaretza-eremuen gaineko eragina kontrolatzea.

– Hondakinen eta olioen isurketen eta lurren arrastatzearen ondoriozko lurzoruaren eta uren kutsadura ekiditea.

– Xehetasun-azterketaren eraginpeko urbanizazio mugakideko biztanleei enbarazurik ez eragitea zarata eta hautsarekin.

Eraikingintza eta eraikuntza jasangarria

IV. Ingurumen Esparru Programa 2020 egitasmoak eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoa sustatzea ezarri zuen lehentasun gisa, baliabideak euren bizi-ziklo osoan erabiltzea eta ostean ere sortutako hondakinak aprobetxatzea lehenetsiz [2017rako lehentasuna]. Horrenbestez, kontuan izan beharko dira etxebizitzen eraikuntza jasangarriaren EAEko gidan jasotako gomendioak, eraikinetan energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko, bai eta energia berriztagarriak sustatzeko ere. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

– Materialak. Lehengai berriztaezinen kopurua murriztea.

– Energia. – Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortutako energia kopurua edo/eta kontsumoa murriztea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago igortzea.

– Barne-kalitatea. Barneko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Zehaztea, ebazpen honetan ezarritakoari jarraikiz, ez dela aurreikusten Donostiako Aizkolene kaleko «AY.18 Errondo Gaina-Aiete» hirigintza-eremuari buruzko xehetasun-azterketak kontrako eragin nabarmenik izatea ingurumenaren gainean, eta, ondorioz, ez dela beharrezkoa ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Donostiako Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta Donostiako Aizkolene kaleko «A.Y.12 Errondo Gaina-Aiete» eremuaren xehetasun-azterketa gehienez ere lau urteko epean onartzen ez bada, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik hasita. Halako kasuetan, berriro hasi beharko da xehetasun-azterketaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko urtarrilaren 7a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala