Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

21. zk., 2020ko urtarrilaren 31, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
492

AGINDUA, 2020ko urtarrilaren 7koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuarena. Horren bitartez, baimendu egiten da Eduardo Dato kaleko 11. zenbakian dagoen eraikineko zuzkidurazko bizitokietarako estandarrak betetzea Vitoria-Gasteiz udalerriko Hiri-Antolamenduko Plan Orokorrean lehendik dauden lurzoru-erreserbetan.

GERTAKARIAK

Ezarritako prozedurarekin bat etorriz, Vitoria-Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Aldaketaren espedienteak, Eduardo Dato 11 eta Monseñor Cadena eta Eleta 2 kaleei buruzkoak, Arabako Hirigintza Plangintzarako Atalaren txostena jaso du 2019ko abenduaren 18an eginiko 7/2019ko bilkuran, behin betiko onartua izan aurretik.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1.– Sail hau eskuduna da aztertzen den espedientea ebazteko, hirigintzako estandarrei buruzko uztailaren 3ko 123/2012 Dekretuak 18.3 artikuluan xedatutakoari jarraituz.

2.– Aurkeztutako dokumentuak Eduardo Dato kaleko 11. zenbakian dagoen eraikinak bete beharreko zuzkidurazko bizitokietarako estandarren konpentsazioa proposatzen du plangintzan lehendik ere dauden lurzoru-erreserbetan. Zuzkidurazko bizitokien estandarra betetzearren, 38,92 m2 dituen lurzoru-azalera bat kalifikatu beharko da, 2/2006 Legearen 81. artikuluaren arabera. Kasu honetan, Salburuko lehengo 10. sektorearen ekipamendu publikorako orubean. Beraz, 188,86 m2-ko gehiegizko lurzati-azalera geratzen da etorkizuneko konpentsazioetarako.

XEDATZEN DUT:

Lehenengoa.– Euskadiko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearekin eta hirigintzako estandarrei buruzko uztailaren 3ko 123/2012 Dekretuarekin bat etorrita, Vitoria-Gasteizko Eduardo Dato kaleko 11. zenbakian dagoen eraikinak bete beharreko zuzkidurazko bizitokietarako estandarra udalerriko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean lehendik ere dauden lurzoru-erreserbetan betetzea baimentzea; zehazki, Salburuko lehengo 10. sektorearen ekipamendu publikorako orubean.

Bigarrena.– Baimen hori emateko baldintza izango da Vitoria-Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren testuari eranstea espedientea bete izanaren justifikazioa, 2/2006 Legearen 105. artikuluaren eta 123/2012 Dekretuaren 18. artikuluaren arabera.

Hirugarrena.– Baimen hori aurreko ataletan ezarritako baldintzetan ematen da, eta ez du baliorik izango baldin eta behin betiko onarpena, zuzkidurazko bizitokietarako estandarrak betetzeari dagokionez, tartean diren esparruetakoren bat (hartzailea edo igorlea) aldatzea eragiten duten beste baldintza batzuen pean ematen bada.

Laugarrena.– Vitoria-Gasteizko Udalari agindu honen berri ematea.

Agindu hau behin betikoa da, eta administrazio-bidea amaitzen du. Interesdunek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, agindu hau argitaratu edo, hala badagokio, jakinarazten den egunaren biharamunetik hasi eta bi hilabeteko epean.

Halaber, nahi izanez gero eta administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri baino lehen, berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari, agindu hau argitaratu edo, hala badagokio, jakinarazten den egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean. Kasu horretan, ezin izango da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri berraztertzeko errekurtsoa espresuki ebatzi edo haren ustezko ezespena gertatu arte.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko urtarrilaren 7a.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.


Azterketa dokumentala