Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

18. zk., 2020ko urtarrilaren 28a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
395

8/2019 FORU ARAUA, abenduaren 9koa, 2019. urterako zerga neurriak onartzen dituen otsailaren 11ko 3/2019 Foru Araua aldatzekoa.

GIPUZKOAKO DIPUTATU NAGUSIA

Jakinarazten dut Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartu dutela «8/2019 Foru Araua, abenduaren 9koa, 2019. urterako zerga neurriak onartzen dituen otsailaren 11ko 3/2019 Foru Araua aldatzekoa»; eta nik aldarrikatu eta argitara dadin agintzen dut, aplikagarria zaien herritar guztiek, partikularrek nahiz agintariek bete eta betearazi dezaten.

Donostia, 2019ko abenduaren 9a.

Diputatu nagusia,

MARKEL OLANO ARRESE.

HITZAURREA

2019ko otsailaren 20an, argitara eman zen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean 2019. urterako zerga neurriak onartzen dituen otsailaren 11ko 3/2019 Foru Araua. Arau horren 1. artikuluko bigarren ordinalaren bat apartatuan aldatu egiten da Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren 9.12 artikuluan familia prestazio batzuei dagokienez ezarritako salbuespena.

Aldaketa hori egin zen aipatutako testu arauemailea Auzitegi Gorenaren 2018ko urriaren 3ko 1462/2018 Epaian xedatutakora egokitzeko. Izan ere, epaiak legezko doktrina hau ezarri zuen: «Gizarte Segurantzatik jasotzen diren amatasun prestazio publikoak salbuetsita daude pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan». Hala, ekitatearen, berdintasunaren eta justizia fiskalaren printzipioak betetze aldera, foru arau honen bitartez beste zehaztapen bat sartzen da 2019. urterako zerga neurriak onartzen dituen otsailaren 11ko 3/2019 Foru Arauaren 1. artikuluko bigarren ordinalaren bat apartatuan. Helburua da ezartzea aipatutako epaian xedatutakoa berdin aplikatuko zaiela Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauan sartutako aldaketa indarrean jarri zenean preskribatu gabe zeuden zergaldietan amatasun eta aitatasun prestazioak jaso eta haiengatik tributatu dituzten zergadunei.

Artikulu bakarra.– 2019. urterako zerga neurriak onartzen dituen otsailaren 11ko 3/2019 Foru Arauaren 1. artikuluko bigarren ordinalaren bat apartatuan xedatutakoaren ondorioak aldatzea.

2019. urterako zerga neurriak onartzen dituen otsailaren 11ko 3/2019 Foru Arauak 1. artikuluaren bigarren ordinaleko bat apartatuaren bidez Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren 9.12 artikuluan sartu zuen aldaketa –2019ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin onartua– data horretan preskribatu gabe zeuden zergaldiei ere aplikatuko zaie.

Ukitutako zergadunek eskatuta, Zerga Administrazioak dagozkion administrazio egintzak emango ditu foru arau honetan xedatutakoa aplikatzeko. Horretarako, sei hileko epea izango du, foru araua indarrean jartzen denetik, edo, bestela, eskabidea aurkezten denetik, geroago aurkezten bada.

AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.

Foru arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean jarriko da indarrean, haren xedapenetan berariaz jasotzen diren ondorioak eragotzi gabe.


Azterketa dokumentala