Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

16. zk., 2020ko urtarrilaren 24a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
328

2/2020 DEKRETUA, urtarrilaren 14koa, zeinaren bidez urgentziako deklaratzen baita Gipuzkoako Foru Aldundiak, nahitaez desjabetzeko, honako eskubide eta ondasun hauek okupatzea: Getarian, Meagako gainean (Getaria) biribilgunea egiteko proiektua (1-I-17/2017) burutzeko beharrezko ondasunak eta eskubideak.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, «Meagako gainean (Getaria) biribilgunea egiteko proiektua (1-I-17/2017)» delakoaren espedientea formalki onartu eta gero, proiektua gauzatzeko lur guztiak erabiltzeko beharra adierazi zuen.

2019ko otsailaren 26an, Gipuzkoako Foru Aldundiak nahitaezko desjabetze-espedientea hastea eta ondasunen eta eskubideen zerrenda jendaurrean jartzea erabaki zuen, hilabeteko epean, prentsan eta 2019ko martxoaren 11ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (48. zk.). Geroago, 2019ko uztailaren 16an egindako bilkuran, Gipuzkoako Foru Aldundiak Eusko Jaurlaritzari proiektuak eragiten dituen eskubideak eta ondasunak okupatzeko urgentziaren adierazpena eskatzea erabaki zuen, Nahitaezko Desjabetzearen Legearen 52. artikuluan ezarritakoa betetzeko.

Urgentziaz okupatu beharreko ondasunak eta eskubideak zehaztuta eta banakatuta agertzen dira dosierrean jasotako zerrendan, identifikazioak egiteko datu askirekin agertu ere. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen egoki zenean, eta bi alegazio aurkeztu ziren, administrazio-espedientean adierazten denez.

Zerbitzu teknikoek ikusi dutenez, ez dago espedientea izapidetzeko inolako hirigintza-oztoporik.

Ondasun eta eskubide horiek okupatzea luzaezintzat jotzen da, honako arrazoi hauengatik:

N-634 errepidean, Zumaia eta Zarautz arteko kostaldeko zatian, ekaitzengatik, itsaslabarreko luiziengatik edo plataformari eusteko horma konpontzeko lanengatik trafikoa mozten den egunetan, hiriarteko autobusek bi herrien arteko ibilbidea aldatu behar izaten dute; GI-2633 errepidetik egin behar dute bidea, Meaga gainetik. Getariako erabiltzaileei zerbitzua emateko, bestalde, Euskotrenek ibilgailu txikiago bat antolatzen du lotura-ibilgailu gisa, Garate gainetik igarotzen den GI-3391 errepidetik ibiltzeko egokia.

Bidegurutze horren espazio mugak direla eta, ibilgailu batetik bestera aldatzeko une hauek segurtasun eza sortzen zuten, bai ibilgailuen zirkulaziorako, baita bidaiarientzat ere. Hori dela eta, konpainiak sistema hura bertan behera uztea eta ibilgailu-aldaketak Zarautzen egitea erabaki zuen. Honen ondorioz bidaiak luzatu egin dira, eta baliagarritasun eskaseko zerbitzu batera eraman gaitu: bidaiariek luzeegi itxaron behar izaten dute.

Egungo bidegurutzeak ez du gaitasun-arazo berezirik, baina segurtasun-arazoak ditu inguruko bizilagunentzat, autobus-geltokietara iristeko bidean. Egoera erabat aldatzen da aurreko paragrafoan deskribatutako egoera gertatzen den egunetan, gero eta maizago gertatzen dena. Bidegurutze hau gune arriskutsu bihurtzen da, bai bertako errepideen erabiltzaileentzat, bai garraio publikoa erabiltzen duten bi udalerrietako biztanleentzat.

Hori guztia larriagotu egiten da industria- eta merkataritza-jardueraren hazkundea dela eta. Hazkunde honek trafiko-kopurua handiagotzen du, garraio publikoa gehiago erabiltzen delako eta kostaldeko trafikoan gorabeherak gero eta maizago izaten direlako.

Proiektuak jasotzen dituen lanak azkar eginda, arazoa saihestu daiteke.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f) artikuluan xedatzen denez, Eusko Jaurlaritzari dagokio: nahitaez desjabetu beharreko ondasunak eta eskubideak urgentziaz okupatu behar direla deklaratzea, nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: burutze-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurzoruan egin beharreko banakako jarduketak. Goian aipatutako lege horrek 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, lurralde-antolamenduaren eskumenak dituen sailburuari zegokion horretarako proposamena aurkeztea Gobernu Kontseiluari.

Hori dela eta, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak proposaturik, Gobernu Kontseiluak 2020ko urtarrilaren 14ko bilkuran gaia aztertu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26. artikuluan xedatutakoari jarraituz, nahitaez desjabetzeko, «Meagako gainean (Getaria) biribilgunea egiteko proiektua (1-I-17/2017)» burutzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak Gipuzkoako Foru Aldundiak urgentziaz okupatu beharrekoak direla deklaratzea. Berariaz hasarazitako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztu eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aurretiaz berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Epeok dekretu hau azkenekoz argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.

Vitoria-Gasteizen, 2020ko urtarrilaren 14an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.


Azterketa dokumentala