Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

15. zk., 2020ko urtarrilaren 23a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA JUSTIZIA SAILA
307

EBAZPENA, 2019ko abenduaren 19koa, Justiziako zuzendariarena, zeinaren bidez ebazten baita Euskal Autonomia Erkidegoan zigortuak eta presoak gizarteratzeko eta lan-munduan txertatzeko proiektuetarako dirulaguntzen deialdia.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– Lan eta Justiziako sailburuaren 2019ko maiatzaren 3ko Aginduaren bidez (2019ko maiatzaren 24ko EHAA, 97. zk.), Euskal Autonomia Erkidegoan zigortuak eta presoak gizarteratzeko eta lan-munduan txertatzeko 2019an egin diren proiektuetarako dirulaguntzen deialdiaren oinarri arautzaileak ezarri ziren.

Bigarrena.– Eskabideak aztertu ondoren, eta deialdiaren Aginduaren 10. artikuluan aurreikusitakoari jarraituz, Balorazio Batzordeak, 2019ko urriaren 22an egindako bileran, aurkeztu ziren laguntza-eskabideak baloratzeko txosten-proposamena onartu zuen.

Hirugarrena.– Gutxieneko 30 puntutik gorako puntuazioa lortu duten eskabideei dagozkien dirulaguntzen zenbateko teoriko guztien batuketak aurrekontuen diru-hornidura gainditu duenez gero, birdoitu behar izan da baietsitako dirulaguntza-eskabide bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Justiziako zuzendaria da ebazpen hau emateko eskuduna, horrela ezarrita baitago Euskal Autonomia Erkidegoan zigortuak eta presoak gizarteratzeko eta lan-munduan txertatzeko proiektuetarako dirulaguntzen deialdia egiten duen Lan eta Justiziako sailburuaren 2019ko maiatzaren 13ko Aginduaren 13. artikuluan.

Bigarrena.– Aipatu deialdi-aginduaren 6. artikuluan adierazten denez, Justizia Zuzendaritzari dagokio deialdiaren kudeaketa, Helduentzako Justizia Zerbitzuaren bidez.

Hirugarrena.– Deialdi-aginduaren 11. artikuluak eskabideak balioesteko irizpideak finkatu ditu eta ezarri du ezen, dirulaguntza emateko, 30 puntutik gora lortu beharko dituela eskabideak, irizpide horien arabera.

Laugarrena.– Balorazio-irizpideen arabera 30 puntu baino gehiago lortu dituzten eskabideen proiektuei zenbateko dirulaguntza dagokien zehazteko metodoa honela finkatu da deialdiaren Aginduaren 12.2 artikuluan hitzez hitz:

1.– Eskabideak puntuaziorik altuenetik txikienera antolatuko dira. Eskabideren batek 60 puntu (gehieneko puntuazioa) lortzen baditu, eskatutako dirulaguntza-zenbatekoaren erabateko dirulaguntza-portzentaje teorikoa (% 100ekoa) aplikatuko zaio. Artikulu honen lehen apartatuan adierazitakoaren arabera, kontuan hartu behar da aldez aurretik birdoitu egin behar direla erakundeek eskatutako kopuruak, dirulaguntzarik jaso ezin duten gastuei edo proiektuarekin lotuta ez dauden gastuei dagokienez. Gainontzeko eskaerei balorazio-irizpideetan lortutako puntuen araberako portzentaje proportzionala aplikatuko zaie, hurrenez hurren.

2.– Kasu bereziak:

a) Dirulaguntzen zenbateko teoriko guztiak batu eta aurrekontuen diru-zuzkidura gainditzen bada, dirulaguntzen zenbateko guztiak proportzionalki egokituko dira, eta dirulaguntza teoriko guztiei portzentaje berbera jaitsiko zaie. Portzentaje hori honela kalkulatuko da: diru-zuzkidura zati zenbateko teoriko guztia.

b) Baina dirulaguntzen zenbateko teoriko guztiak batu eta aurrekontuen diru-zuzkidura ez bada gainditzen, soberakoa eskabide guztien artean banatuko da proportzionalki, aurreko paragrafoan ezartzen den prozedura berari jarraituta. Horrela kalkulatutako zenbatekoak ezingo du inondik inora gainditu diruz lagundu daitekeen gastuaren ehuneko ehuna (% 100).

Edozein modutan, proiektu bakoitzari eman ahal zaion gehienezko dirulaguntza 50.000 eurokoa izango da, 12. artikuluaren 3. paragrafoan ezarrita dagoenez.

Horregatik guztiagatik eta Aginduaren 10. artikuluaren arabera izendatutako Balorazio Batzordeak egin duen ebazpen-proposamena ikusita, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– I. eranskinean zerrendatzen diren erakundeei eta proiektuei bertan agertzen diren dirulaguntzak ematea.

Bigarrena.– II. eranskinean zerrendatutako dirulaguntza-eskabideak ezestea, bertan adierazitako arrazoiengatik.

Hirugarrena.– Ebazpen hau interesdunei jakinarazi eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea, Euskal Autonomia Erkidegoan zigortuak eta presoak gizarteratzeko eta lan-munduan txertatzeko proiektuetarako dirulaguntzen deialdia egiten duen Lan eta Justiziako sailburuaren 2019ko maiatzaren 3ko Aginduak bere 13. artikuluan xedatzen duenari jarraituz.

Laugarrena.– Laguntza onartu egin dela ulertuko da, bost eguneko epean onuradunak besterik adierazten ez badu, laguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Bosgarrena.– Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Justiziako sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko abenduaren 19a.

Justizia zuzendaria,

INÉS IBÁÑEZ DE MAEZTU IZAGUIRRE.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala