Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

15. zk., 2020ko urtarrilaren 23a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
301

32/2020 EBAZPENA, urtarrilaren 15ekoa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena, ikerketa judizialean dauden 2016-2017ko EPEko deialdiaren prozesuak kautelaz eteten dituena.

Lehenengoa.– 2016ko apirilaren 25eko Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren (EHAA, 92. zk., 2016ko maiatzaren 17koaren) bidez, hots, ondoren 2016ko irailaren 12ko Erabakiak (EHAA, 190. zk., 2016ko urriaren 5ekoak) aldatu zuenaren bidez, 2016. urterako Enplegu Publikoaren Eskaintza onartu zen.

2017ko uztailaren 3ko Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren (EHAA, 145. zk., 2017ko abuztuaren 1ekoaren) bidez, hots, ondoren 2017ko azaroaren 9ko Erabakiak (EHAA, 232. zk., 2017ko abenduaren 5ekoak) aldatu zuenaren bidez, 2017. urterako Enplegu Publikoaren Eskaintza onartu zen.

Halaber, aipatutako erabakietan jasotzen zen hautaketa-prozesuen kudeaketan ekonomia, eraginkortasun eta efizientziako arrazoiak zirela medio, 2016ko eta 2017ko EPEak prozesu global batean egin behar zirela; hau da, bi eskaintzak aldi berean egin behar zirela.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiaren Administrazio Kontseiluaren Erabaki horiek betetzeko, otsailaren 5eko 103/2018 Ebazpenaren bitartez onetsi ziren Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan estatutupeko lotura finkoa eskuratzeko 2016. eta 2017. urteetan deitutako hautaketa-prozesuak arautuko dituzten oinarri orokorrak.

Era berean, aipatutako Erabakiak betetze aldera, Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiak Ebazpen hauek eman zituen deialdien Oinarri Espezifikoak onartzeko:

– 111/2018 Ebazpena, otsailaren 7koa, Neurofisiologia Klinikoko mediku fakultatibo espezialistak.

– 171/2018 Ebazpena, otsailaren 14koa, Neurokirurgiako mediku fakultatibo espezialistak.

Bigarrena.– Vitoria-Gasteizko Instrukzioko 2. Epaitegiak, 2019ko martxoaren 6ko Autoaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Fiskaltzak dagoeneko aipatutako 2016-2017ko EPEko 11 deialdiekin lotuta (Anestesiologia eta Bizkorketa, Digestio-aparatua, Kardiologia, Kirurgia Ortopedikoa eta Traumatologia, Kirurgia Plastiko Estetikoa eta Konpontzailea, Urologia, Medikuntza Intentsiboa, Ospitaleko Larrialdiak, Mikrobiologia eta Parasitologia eta Kirurgia Kardiobaskularra), 301/2019 Aurretiazko Eginbideak hasi zituen.

Hirugarrena.– ESK sindikatuak idazki bat aurkeztu zuen, non salaketa Neurofisiologiako eta Neurokirurgiako espezialitateetara zabaltzen zuen, eta epaitegiak probidentzia eman zuen 2019ko azaroaren 25ean, salaketa zabaltzeko.

Abenduaren 16ko idazki baten bidez, Osakidetzako Aholkularitza Juridikoak Epaitegiari eskatu zion salaketa aipatutako espezialitateetara zabaltzea erabakitzen zuen ebazpenaren jakinarazpena, hautaketa-prozesuak kautelaz etetea erabaki ahal izateko. Hori 2020ko urtarrilaren 8an egiaztatu zen.

Laugarrena.– Administrazioak ez du administrazio-prozedurarekin jarraitu behar. Izan ere, prozedura hori etenda geratuko da agintaritza judizialak iritzia eman arte, Botere Judizialaren Lege Organikoaren 10.2 artikuluan ezarritakoa betetzeko. Lege horrek prozedura zibila edo administraziokoa etetera behartzen du, zigor-arloko gairen bat sortzen denean, oro har, zigor-arloko prozeduraren prebalentzia dela eta.

Herri Administrazioa guztion ongia eta interes orokorra defendatzeaz arduratzen da. EKren 103. artikuluak honakoa xedatzen du: «Herri Administrazioak objektibotasunez betetzen ditu interes orokorrak, eta eragingarritasun-, hierarkia-, deszentralizazio- eta koordinazio-printzipioen arabera dihardu, legeari eta zuzenbideari bete-betean men eginez.» Horren ondorioz, prozesuen garrantzi berezia eta inplikaturiko pertsona-kopurua kontuan izanik, eta zigor-arloko prozeduraren prebalentzia, interes orokorraren defentsa eta segurtasun juridikoaren printzipioak betetzeko, Osakidetzako Administrazio Kontseiluak Erabaki hau hartu du 2019ko urriaren 23an:

«Lehenengoa.– Zuzendaritza Nagusiari agintzea 2016-2017ko EPEan dauden hautaketa-prozesu batzuk –zehazki, zigor-arloko jurisdikzioaren aurretiazko eginbideak hasita dituztenak– kautelaz eteteko ebazpenak eman ditzala, zigor-arloko prozedura ebazten den bitartean etenda egon daitezen.

Bigarrena.– Zuzendaritza Nagusiari agintzea kautelazko etete hori bertan behera utziko duten ebazpenak eman ditzala, horiekin lotuta zigor-arloko jurisdikzioak hartutako erabakiek hala justifikatzen dutenean, horien artean largespena edo jarduketak artxibatzea.

Hirugarrena.– Zuzendaritza Nagusiak erabaki hau betetzeko emango dituen ebazpenak EHAAn argitaratuko dira, eta dagozkion eginbideak izapidetzen ari den zigor-arloko jurisdikzioari jakinaraziko zaizkio.

Laugarrena.– Zuzendaritza Nagusiari agintzea, ahalik eta modurik zabalenean eta orokorrenean, behar diren ebazpen guztiak eman ditzala, ebazpen horien adierazpen-zerrenda egin beharrik gabe, eta ebazpen bakar bat ere berariaz baztertu gabe, 2016-2017ko enplegu publikoko eskaintzari dagozkion hautaketa-prozesuen kudeaketa integrala eta osoa benetan eta osorik bete dadin.»

Hori guztia dela eta, Zuzendaritza Nagusi honek hau

EBAZTEN DU:

Lehenenengoa.– Kautelaz etetea 2016-2017ko enplegu publikoaren eskaintzan sartutako hautaketa-prozesuak, Neurofisiologia Klinikoko mediku fakultatibo espezialisten eta Neurokirurgiako mediku fakultatibo espezialistei dagozkienak, zeinak ikerketa judizialean sartuta baitaude.

Etete horren eraginpeko hautaketa-prozesuak Fakultatibo Mediko eta Teknikoen lanbide-taldeko Mediku kategorian estatutupeko lotura finkoa eskuratzeko deitutakoak dira. Horien oinarri espezifikoak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen hauen bidez onartu ziren:

– 111/2018 Ebazpena, otsailaren 7koa, Neurofisiologia Klinikoko mediku fakultatibo espezialistak.

– 171/2018 Ebazpena, otsailaren 14koa, Neurokirurgiako mediku fakultatibo espezialistak.

Bigarrena.– Kautelazko etete hori indarrean egongo da zigor-arloko prozedura ebazten den bitartean. Hala ere, epaitegiak deialdi horiekin lotuta hartu ahal dituen erabakiek –horien artean largespena edo jarduketak artxibatzea– etetea bertan behera uztea eragin dezakete.

Hirugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Vitoria-Gasteizko Instrukzioko 2. Epaitegiari jakinaraztea –301/2019 Aurretiazko Eginbideak–.

Bosgarrena.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legeak eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Estatutu Sozialak ezartzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuak ezartzen dutenaren arabera, ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluari hilabeteko epearen barruan, ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko urtarrilaren 15a.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,

JUAN LUIS DIEGO CASALS.


Azterketa dokumentala