Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

11. zk., 2020ko urtarrilaren 17a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
201

EBAZPENA, 2019ko abenduaren 4koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Ortuellako 1-2 AU unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2019ko ekainaren 27an, Ortuellako Udalak ingurumen-organoari eskaera egin zion 1-2 AU unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura izapidetzen hasteko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskaerarekin batera, zenbait agiri aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

Aldi berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan xedatutakoa aplikatzeko, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, 2019ko irailaren 24an, eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta-izapidea egin zien. Emaitza espedientean jasota dago. Era berean, Ortuellako Udalari jakinarazi zitzaion izapidea hasita zegoela.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, ingurumenaren gaineko eraginen analisia plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Ortuellako 1-2 AU unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Berezia (aurrerantzean, Plana) abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan xedatzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planaren edo programaren gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, ingurumenerako eragin nabarmenak ekar ditzakeelako. Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Dokumentazio teknikoa eta Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –eskumena duen organoa baita otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera–. Txostenak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten du, eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien gaineko iritzia ematen, baita ingurumen-ondorioetarako soilik sartu behar diren azken zehaztapenen inguruan ere.

Hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ortuellako 1-2 AU unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-ebaluazio estrategikoa formulatzea, Ortuellako Udalak sustatuta, jarraian jasotzen diren baldintzetan:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Planaren esparrua bizitegietarako hiri-lurzoru motakoa da, 5.305 bat m2 ditu; indarreko antolamenduaren arabera, «1-2 AU antolamendu-unitatea» da.

Planak indarreko antolamenduan jasotako antolamendu xehatua aldatzea du asmo; horren arabera, beheko solairua eta zazpi solairu dituen eraikina eraiki nahi da Lasagabaster kalearen ondoan, unitatearen iparraldean, erdi-lurperatutako beheko solairua duen beste eraikin bat, Estación etorbidean.

Planak antolamendu hori aldatuko du; hala, unitatearen iparraldean U formako eraikin bat aurreikusi da, beheko solairuaz gain, solairu kopuru desberdina izango duena U horren besoetako bakoitzean (bost eta zazpi artean). Gainera, hego-mendebaldean, etxebizitza-eraikinen zerrenda bat kokatuko da, Estación etorbidearekin lerrokatua. Beheko solairua eta hiru solairu izango dituzte eraikinok, eta Ortuellako eraikin zaharren ezaugarri formalen antzekoak.

Planaren arabera, guztira, 100 etxebizitza eraikiko dira, indarrean dagoen antolamenduan aurreikusitakoak beste. Etxebizitza-eraikigarritasunari eutsi zaio, baina eraikinaren okupazioa handiagoa izango da; 1.558 m2-tik 2.000 m2-ra aldatuko da.

Espazio libre publikoei esleitutako azalera ez da aldatu, baina kokapena aldatu da antolamendu xehatu berrian.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, zehazteko Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokionez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legerian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Plana zer neurritan den bateragarria beste plan eta programa batzuekin, hierarkizatuta daudenak barne: ez da hauteman bateraezintasunik hierarkiako goragoko plangintzarekin.

c) Planak ingurumen-kontsiderazioak integratzeko duen egokitasuna, batez ere garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin: planarekin, ez da artifizialdu gabeko lurzorurik okupatuko, eta hiri-lurzoru finkatuan jardungo da, oraingo hiri-garapenei erasanda. Horrenbestez, esan liteke planak ingurumen-irizpideak txertatu dituela, lurzoru-okupazioa optimizatu nahi duelako, era efizientean erabilita.

d) Planari loturiko ingurumen-arazo esanguratsuak: Planaren xede den eremua hiri-lurzorua da erabat. Planak barnean hartzen dituen jarduketek ez dakarte berekin garapen berrietara bideratutako azalera handitzea, ez eta haren ondorio posibleak handitzea ere, besteak beste, segurtasunaren eta osasunaren, ingurumenaren, natura-ondarearen, kultura-ondarearen eta paisaiaren arloetan indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira planaren esku-hartze eta jarduerak.

Zaratari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, ezin izango dira gauzatu garapen berriak kanpoko ingurunean kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez badira, hargatik eragotzi gabe dekretu horren 43. eta 45. artikuluetan xedatutakoa.

e) Plana egokitzat hartzen da ingurumenaren arloko legeria –Europakoa nahiz Espainiakoa– txertatzeko.

2.– Sor daitezkeen ingurumen-efektuak eta seguruenik eraginpean izango den eremuaren ezaugarriak:

Planaren xede den eremua hiri-lurzorua da erabat; zati batean narritatuta dago, kontserbazio-egoera txarrean dauden eraikinengatik, eta okupatu gabeko orubeak daude.

Eremuan ez dago bestelako ingurumen-balio nabarmenik. Ez da hauteman interes geologikoko punturik, ez ibilgurik, ezta ur-punturik ere. Oso txikia da lursailaren kalteberatasuna akuiferoaren kutsadurekiko. Ez dago, ezta ere, katalogatutako flora- eta fauna-espezierik, naturagune babesturik eta EAEko korridore ekologikoaren sareko elementurik. Uholde-arriskurik ere ez da hauteman, ezta kutsatuta egon daitekeen lurzorurik ere.

Kultura-ikuspegitik, udalerriko ondasun eta espazio babestuen katalogoan sartuta dagoen eraikin bat dago planaren xede den esparruan: II. mailako babesa duen etxebizitza-eraikin bat da. Babes-maila hori aplikatzen zaie, ondasun kalifikatu edo inbentariatu izateko beste baliorik izan gabe, egituragatik, eraikuntzagatik, konposizio-formagatik, historiagatik edo garrantziagatik toki-administrazioaren babesa merezi duten ondasunei. Gainera, N-634 errepidea, Ortuella parean (udalerriko hiri-gunean, Lasagabaster kalean), Donejakue bidearen parte da.

Katalogoak katalogoko eraikinari ezartzen dion babes-maila eraikin hori bera kokatuta dagoen indarreko hirigintza-kudeaketaren mende dago. Indarrean dagoen antolamenduan jada aurreikusita zegoen hura eraistea. Ortuellako ohiko bizitegien antzeko eraikin bat eraikitzea aurreikusten du planak. Donejakue bideak ez du eraginik izango; izan ere, seinaleak eta ibilbidea, eraikin berrien pareko espaloira alda daitezke plana gauzatu bitartean.

Planaren xedeko esparruan, zarata-iturri nagusiak N-634 errepidea eta Estación etorbidea dira; alegia, eremuaren iparraldeko eta hegoaldeko mugak. Eremua N-634 errepidearen zortasun akustikoaren eraginpean dago. Aurkeztu den inpaktu akustikoari buruzko azterketaren arabera, egungo egoerarekin, gainditu egingo dira eremuan ezarrita dauden kalitate akustikoaren helburuak. Etorkizunean, fatxaden gehienean gainditu egingo dira kalitate akustikoko helburu aplikagarriak, baita lurretik 2 metrora ere. Beraz, ez dira beteko EAEko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluan zehazten diren kalitate akustikoko helburuak.

Trenbideak (planaren xedeko esparrutik 50 metrora dago) sortutako bibrazio-maila ez da eragozpen etorkizuneko garapena gauzatzeko.

Horiek horrela, planaren xedeko esparruan, inpaktu nagusiak kalitate akustikoaren helburuak ez gainditzeari lotuta egongo dira, baita obra-faseari ere (garajeak eta sotoak eraikitzeko egin behar diren lur-mugimenduak, giza habitataren kalitatea okertzea obra-fasean, eraikinak eraitsi eta eraikitzeko lanetan sortutako hondakinak, makinen joan-etorriak, igorpen atmosferikoak, zaratak, etab.). Eremu zeharo hiritartua denez, ondorio horiek jada aurreikusita zeuden indarrean dagoen antolamenduan, eta ez da espero eragin nabarmen berririk sortzea.

Hala bada, indarrean dagoen HAPOan aurreikusitako egoeraren eta planeko proposamenak gauzatzeko egin beharreko aldaketen arabera egin behar da ingurumen-eraginen balorazioa. Hori guztia, eremuaren gaur egungo egoera eta Planetik eratortzen diren jarduketen ezaugarriak kontuan hartuta, eta ingurumen-dokumentu estrategikoan proposatutako neurri prebentibo, babesle eta zuzentzaileak aplikatuta, bai eta aurrerago zehazten direnak ere, ez da espero jarduketa horiek inpaktu nabarmenik sortuko dutenik ingurumenean.

3.– Nolanahi ere, neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurka ez doan guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta eremua antolatzen duten planetan jasotakoaren arabera.

Zaratari dagokionez planean hartuko beharreko erabakien artean eta Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, ezingo dira exekutatu etorkizuneko garapen urbanistikoak honako eremuetan: kanpoko ingurumarian kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez direnetan, hargatik eragotzi gabe 43. eta 45. artikuluetan ezarritakoa. Era berean, kontuan hartuta planaren esparrua foru-errepideen zortasun akustikoko eremu baten barruan dagoela, eremu horietan edozein jarduketa egin ahal izateko, azpiegitura horiek kudeatzen dituen organoaren nahitaezko txostena beharko da.

Hartu beharreko neurrien artean daude, halaber, plana gauzatzeko proiektuen ondorio direnak; alegia, jardunbide egokien eskuliburuan jasotako neurriak hartu beharko dira obretan, lurren eta soberakinen kudeaketan, hondakinen sorkuntzan eta kudeaketan, induskatutako lurzoruen kontrolean, eta airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesean. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira:

a) Obrako langileek erabili behar duten jardunbide egokien gidaliburuak gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, hondakinak kudeatzea eta herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea.

b) Hondakin eta zoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorriak eta ebaketak prestatzeko eragiketen ondoriozkoak barne.

c) Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.

d) Ortuellako Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaio lurzoru-kutsaduraren zantzu oro, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

e) Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

f) Eguneko lan-ordutegian egingo dira obrak.

g) Ibilgailuak eta makinak garbitzeko gailuak egongo dira, baita gurpilak garbitzeko plataformak ere, lokatzik edo hautsik ez hedatzeko, eta kamioiek obretan sartzeko eta obretatik ateratzeko erabiliko dituzten bideak garbi eduki beharko dira, presiozko ura edo erratz-makinak erabilita.

h) Lorategiak jartzen badira, inola ere ez dira landatuko espezie aloktono inbaditzaileak, eta, lorategiok diseinatzeko, Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak erabiliko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak sortu zuen.

i) Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriago baterako behar diren ezaugarriei dagokienez, EAEko etxebizitzen eraikuntza jasangarriaren gida dokumentuan jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek alderdi hauetan behintzat eragin beharko dute:

– Materialak. Lehengai berriztaezinen kopurua murriztea.

– Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortzen den energiaren sorkuntza edo kontsumoa murriztea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago igortzea.

– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Zehaztea, bildutako zehaztapenei jarraikiz eta ebazpen honetan ezarritako baldintzak betez, ez dela aurreikusten Ortuellako 1-2 AU unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Bereziak eragin kaltegarri nabarmenik izatea ingurumenaren gainean, eta, ondorioz, ez dela beharrezkoa ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Ortuellako Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-ebaluazio estrategikoak indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Ortuellako 1-2 AU unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko abenduaren 4a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala