Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

11. zk., 2020ko urtarrilaren 17a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
199

119/2019 EBAZPENA, abenduaren 3koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearekin sinatutako lankidetza-hitzarmen bat, zientzia eta teknologia fakultateko graduko ikasleek kanpoko praktika akademikoak egin ditzaten.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmena sinatu duenez gero, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Euskal Herriko Unibertsitatearekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, zientzia eta teknologia fakultateko graduko ikasleek kanpoko praktika akademikoak egin ditzaten. Honen eranskinean dago jasota testu hori.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko abenduaren 3a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN ABENDUAREN 3KO 119/2019 EBAZPENARENA
EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEAREN ETA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAREN ARTEKO HEZKUNTZA-LANKIDETZARAKO HITZARMENA (SEGURTASUN SAILAREN BITARTEZ), ZIENTZIA ETA TEKNOLOGIA FAKULTATEKO GRADUKO IKASLEEK KANPOKO PRAKTIKA AKADEMIKOAK EGIN DITZATEN

Leioan, 2019ko azaroaren 21ean.

BILDURIK:

Alde batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra, Segurtasun Sailaren bitartez (aurrerantzean, erakunde laguntzailea), IFK S4833001C duela eta helbidea Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz (Araba), Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Heredia Arróniz andreak ordezkatuta, egintza honetarako legitimazioa baitu Segurtasuneko sailburua izendatzeko Lehendakariaren azaroaren 26ko 35/2016 Dekretuaren arabera (EHAA, 226. Zk., 2016-11-28).

Eta, Bestetik, Fernando Plazaola Muguruza jauna, Euskal Herriko Unibertsitatearen (aurrerantzean, EHU) ordezkari gisa, Zientzia eta Teknologia Fakultateko dekanoa den aldetik, eta Ikasleen Kanpoko Praktikak Arautzen dituen indarreko Araudian ezarritakoaren arabera.

Elkarri aitortzen diote behar den legezko ahalmena badutela hezkuntza-lankidetzarako hitzarmen hau sinatzeko, eta honako hau

ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengoa.– EHUren helburu da, besteak beste, «Goi-mailako kalitatezko hezkuntzaren bidez ikasleak modu integralean heztea eta lan-munduan sartzeko prestakuntza profesionala bermatzea».

Bigarrena.– Erakunde laguntzailea da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Segurtasun Saila, alegia, Autonomia Erkidegoan herritarren.Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren segurtasun-politikaz arduratzen den organoa, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia (Ertzaintza) du bere eginkizunen eta jardun-arloen artean.

Segurtasun Sailaren egitura organikoari eta funtzionalari buruzko apirilaren 11ko 83/2017 Dekretuaren 18. artikuluan xedatutakoaren arabera, Ertzaintzaren Zuzendaritza da Ertzaintzaren polizia judizialeko eta ikerketa kriminaleko egitekoei dagozkien lanak zuzentzeko ardura duen organoa. Era berean, polizia-antolamenduari, haren modernizazio profesionalari, jarduera-plan orokorrei eta kudeaketa- eta kontrol-sistemei buruzko azterlanak eta proiektuak sustatzeaz arduratzen da. Bere jarduerek ezagutza zientifikoko hainbat arlo hartzen dituzte.

Hirugarrena.– Kanpoko praktika akademikoek prestakuntzako jarduera osatzen dute, ikasleek egin eta unibertsitateak gainbegiratzen duena, eta horren helburua da ikasleek aukera izatea prestakuntza akademikoan jasotakoa aplikatu eta osatzeko; horrela, jarduera profesionalean lagunduko dieten gaitasunak lortzeko aukera izaten dute, bai eta lana lortzeko eta ekiteko gaitasuna lortzekoa ere.

Laugarrena.– Zehazki, curriculum-praktikak Zientzia eta Teknologia Fakultateko graduen ikasketa-planen barruko jarduera akademikoak dira.

Bosgarrena.– EHUk Zientzia eta Teknologia Fakultatean bederatzi gradu eta gradu bikoitz bat eskaintzen ditu, eta, Ingeniaritza Kimikoko graduari dagokionez, hezkuntza-lankidetzako hitzarmen bat dago Segurtasun Sailean kanpo-praktikak egiteko. Hitzarmen hori 2017ko azaroaren 2an sinatu zen (2017-12-22ko EHAA, 243. zk.). Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziak (Ertzaintza), bere eginkizunen parte den ikerketa-jarduerari dagokionez, Zientzia eta Teknologia Fakultateko gainerako graduekin lankidetzan aritzeko interesa du, ikerketa judizialaren eta kriminalistikaren arloko etorkizuneko profesionalak prestatzeko.

Seigarrena.– Ikasleen Kanpoko Praktika akademikoak arautzen dituen EHUren Araudiaren arabera, Unibertsitateak edo hari atxikitako ikastetxeek emandako edozein irakaskuntzatan matrikulatutako ikasleek kanpoko praktika akademikoak egin ahal izango dituzte. Halaber, kanpoko praktikak egiteko, Unibertsitateak erakunde laguntzaileekin Hezkuntza Lankidetzarako Hitzarmenak sinatzea aurreikusten du.

Zazpigarrena.– Segurtasun Saila da, Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan, herritarren segurtasunaren politikaz arduratzen den organoa. Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoen misioa da babestea herritarrek beren eskubideak eta askatasunak aske baliatzen dituztela, eta herritarren segurtasuna bermatzea, eta, horretarako, elkarbizitza baketsua zaindu behar du eta pertsonak eta haien ondasunak babestu, legeak ezarritakoari jarraituz.

Zortzigarrena.– Kontraprestazio ekonomikorik ez duen lankidetza horren bidez, aipatutako titulazio horietako ikasleen prestakuntza praktikoa hobetu nahi da; lantokietako egoera errealetara egokitu behar da prestakuntza, eta kolektibo horrek harreman zuzena izan behar du lan-errealitatearekin eta egungo arazoekin. Titulazioa lortuko duten pertsonek lanbide-kualifikazio hobea izatea ekarriko du horrek.

Adierazitakoagatik, bi aldeek honako hau

ADOSTEN DUTE:

Hezkuntzarako lankidetza-hitzarmen hau izenpetzea, klausula hauek aintzat hartuta.

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Xedea.

Hezkuntza Lankidetzarako Hitzarmen honen xedea da arautzea nola garatuko diren EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko ikasleen curriculum-praktika akademikoak Ertzaintzan (Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saila), azaroaren 18ko 1707/2011 Errege Dekretuan eta praktika akademikoak arautzen dituen EHUren araudian ezarritakoarekin bat etorriz.

Gradu guztiei aplikatuko zaie, Ingeniaritza Kimikoko gradua barne. Nolanahi ere, 2019-2020 ikasturtean indarrean jarraituko du goian aipatutako hitzarmenak –2017ko azaroaren 2an sinatua–, eta 2020-2021 ikasturtetik aurrera ordeztuko du hitzarmen honek.

Bigarrena.– Praktikak: lekua, gauzatzea eta programa.

Praktikak egiteko lekua hitzarmen honi erantsitako I. eranskinean adieraziko da.

Iraupena eta ordutegia praktiken ezaugarrien eta Ertzaintzaren Zuzendaritzaren baliabideen arabera ezarriko dira, praktikak jardun orokorrean ahalik eta eragin txikiena izan dezan.

Dagokion ikasketa-planean ezarritakotik abiatuz, tutorearen ardura izango da prestakuntza-proiektua praktikak hasi baino lehen prestatu dadila bermatzea. Honako datu hauek jasoko ditu, gutxienez, programa horrek:

– Praktika zer ikasketari dagokion.

– Praktikak zer erakunde eta tokitan egingo diren.

– Tutore akademikoa.

– Erakundeko instruktorea.

– Praktiken Programaren arduraduna.

– Ikasleen zerrenda, hala badagokio.

– Hezkuntza-helburuak eta jarduerak.

Hirugarrena.– Segurtasun Sailaren eta ikaslearen arteko harremana.

1.– Kanpoko praktika akademikoek duten prestakuntza-izaera dela-eta, ez da hortik eratorriko, inondik ere ez, lanerako harreman baterako obligaziorik; eta bere edukiak ezingo du bide eman lanpostuen lan-prestazioak ordezkatzera.

2.– Era berean, eta ikasketak bukatutakoan ikaslea erakunde laguntzailean lanean hasiko balitz, praktiketan emandako denbora ez da antzinatasun gisa zenbatuko, eta ez du proba-aldia izatetik salbuetsiko, salbu eta dagokion aplikatzeko hitzarmen kolektiboan zerbait desberdina erabakita badago.

Laugarrena.– Praktiketako instruktorea.

1.– Segurtasun Sailak instruktore bat izendatuko du ikasle bakoitzeko, eta hura arduratuko da prestakuntza-jarduerak antolatzeaz, Praktika Programaren arduradunarekin eta ikaslearen tutorearekin bat etorriz.

2.– Erakunde laguntzaileak izendatutako instruktoreak erakunde horri lotutakoak izango dira, eta lanbide-esperientzia eta tutoretza eraginkorra egiteko ezagutza nahikoa izan beharko dute. Pertsona horiek ezingo dira aldi berean izan erakunde laguntzaileko tutore eta Unibertsitateko tutore.

3.– Instruktoreak Praktiken Programaren arduradunaren adostasuna izan beharko du, eta «venia docendi» aitortu beharko zaio, zeina Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoak arautzeko EHUko Araudian adierazitako prozedurari jarraikiz gauzatuko baita.

Bosgarrena.– Instruktorearen eskubideak eta betebeharrak.

1.– Segurtasun Saileko instruktoreak eskubide hauek izango ditu:

a) Kolaboratzaile ibili dela aitortuko zaio, aurreko klausulako 3. zenbakian adierazitako baldintzen arabera.

b) Kanpoko praktikak erregulatzen dituen araudiaren inguruko informazioaren berri izateko eskubidea, eta prestakuntza-proiektuaren eta hura garatzeko baldintzen inguruko informazioa jasotzeko eskubidea.

c) Unibertsitaterako sarbidea izatekoa, bere eginkizunak betetzeko behar dituen informazioa eta laguntza eskuratzeko.

d) Etengabeko prestakuntzari lagun diezaioketen unibertsitateko instalazioak eta zerbitzuak (liburutegiak, mintegiak eta abar) erabiltzeko eskubidea. Praktiketako Programaren arduradunak «venia docendi»ren emakidarekin batera eskatu beharko du sarbide hori, zer instalazio eta zerbitzuetara sartu nahi duen eta zergatik zehaztuta.

2.– Halaber, betebehar hauek izango ditu:

a) Ikasleari harrera egitea eta garatu beharreko jarduera prestakuntza-proiektuan zehaztutakoaren arabera antolatzea.

b) Ikasleen jarduerak gainbegiratzea, eta praktikaren garapena bideratu eta kontrolatzea, betiere, elkarrekiko errespetua eta ikasketarekiko konpromisoa oinarri izanda.

c) Ikasleari erakundearen antolakuntzaren eta funtzionamenduaren berri ematea eta intereseko araudia ezagutaraztea, segurtasunaren eta lan-arriskuen arlokoa batez ere.

d) Unibertsitateko tutorearekin koordinatzea hezkuntza-lankidetzarako hitzarmen honetan adierazitako jarduerak, baita praktika normaltasunez garatzeko egin behar diren prestakuntza-proiektuaren aldaketak ere; praktika hori garatzean sor litezkeen aparteko gorabeherak jakinarazi eta konpontzea, eta azterketak egiteko baimenak kontrolatzea.

e) Amaierako txostena egitea, Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoen EHUko Araudiaren IV. eranskinean adierazten den ereduaren arabera.

f) Ikasleei praktikak egin ahal izateko behar duten prestakuntza osagarria ematea.

g) Ikasleei praktikak egin ahal izateko behar dituzten bitarteko materialak ematea.

h) Erraztasunak eta bultzada ematea ikasleek berrikuntzako, hobekuntzako eta ekintzarako proposamenak egin ditzaten.

i) EHUko tutoreari erakunderako sarbidea erraztea, haren funtzioari dagozkion helburuak bete ahal izan ditzan.

j) Instruktore lanetan arituta ikasleari buruzko informazioa eskuratzen badu, informazio hori isilpean gordetzea.

k) Ikasleari laguntza eta babesa ematea erakundean dagoen bitartean, ikasleak hor egiten dituen jardueretan izango dituen beharrizan profesionalei erantzuna emateko.

Seigarrena.– Ikasleen eskubideak eta betebeharrak.

1.– Kanpoko praktika akademikoak egiten diharduten bitartean, eskubide hauek izango dituzte ikasleek:

a) Dagokion praktikak dirauen bitartean, Unibertsitateko irakasle baten eta praktika egingo duen erakunde laguntzailean lan egiten duen profesional baten babesa izango du.

b) Ebaluaziorako eskubidea, Unibertsitateak zehazturiko irizpideen arabera.

c) Segurtasun Sailaren txosten bat jasoko dute –praktikak han egin dituztenez–, zeinetan jasoko baita zer jarduera egin duten, horren iraupena eta, ikasleari dagokionez, izan duen errendimendua; hori Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoen EHUko Araudiaren IV. eranskinean adierazten den ereduaren arabera zehaztuko da.

d) Jabetza intelektual eta industrialerako eskubidea izango dute, arloan arloko legediak arautzen dituen baldintzetan, ikasleek eskubide horren lagapen edo transmisiorako dokumentua sinatu duten kasuetan izan ezik.

e) Segurtasun Sailaren aldetik segurtasunaren eta laneko arriskuen araudiari buruzko informazioa jasotzeko eskubidea.

f) Beren jarduera akademikoa, prestakuntzakoa, ordezkaritzakoa eta parte hartzekoa bete ahal izateko eskubidea, Segurtasun Sailari garaiz jakinaraziz gero.

g) Desgaitasuna duten ikasleek baliabide nahikoak izateko, informazioa eta ebaluazioa jasotzeko eta praktikak aukera berdintasunean egiteko eskubidea.

h) Desgaitasuna duten ikasleen kasuetan, praktiken garapena desgaitasunaren ondorioz eratorririko edo harekin loturiko jarduera eta egoera pertsonaletara egokitzeko eskubidea.

2.– Halaber, kanpoko praktika akademikoak egiten ari direnean, ikasleek honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Unibertsitateak kanpoko praktiketarako indarrean duen araudia betetzea.

b) Praktiken prestakuntza-proiektua ezagutzea eta betetzea, erakunde laguntzaileak esleitutako instruktorearen jarraibideei jarraituz, Unibertsitateko tutorearen gainbegiradapean.

c) Praktika egiten duten bitartean unibertsitateko tutorearekin harremanetan egotea, gerta daitekeen edozein gorabehera hari jakinaraztea, eta bitarteko segimendua egiteko eskatzen zaizkion dokumentuak eta txostenak entregatzea, bai eta amaierako memoria ere.

d) Adostutako datan hastea Segurtasun Sailean lanean, prestakuntza-proiektuan aurreikusitako ordutegia betetzea eta erakundearen funtzionamendurako, segurtasunerako eta laneko arriskuen prebentziorako arauak errespetatzea.

e) Prestakuntza-proiektua garatzea eta Segurtasun Sailarekin adostutako jarduerak arretaz betetzea, proiektuaren inguruan adostutakoaren arabera.

f) Praktiken amaierako memoria egitea, eta, hala dagokionean, bitarteko segimendurako txostena ere bai, Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoen EHUko Araudiaren V. eranskinean adierazten den ereduaren arabera.

g) Segurtasun Sailaren barneko informazioa isilpean gordetzea, eta bere jarduerei buruzko sekretu profesionala gordetzea, praktikek dirauten bitartean eta ondoren.

h) Segurtasun Sailaren politikarekiko errespetua erakustea uneoro, eta EHUen izen ona zaintzea.

i) Indarrean dagoen arautegian aurreikusitako beste edozein betebehar.

3.– Aurreko atalean aurreikusitako betebeharrak bete ezean, praktikak aldez aurretik bertan behera utzi ahal izango dira. Horretarako, EHUk edo Segurtasun Sailak egoeraren berri eman beharko dio hitzarmen honetarako ezarritako Jarraipen Batzordeari, zeinak gehienez 10 eguneko epean ebatzi beharko baitu ea bidezkoa den praktikak aldez aurretik deuseztatzea.

4.– Ikasleak praktiketara ez joateko aukera izango du azterketak egiteko, eta hiru egun lehenago emango dio horren berri instruktoreari. Ikasleak arrazoi akademikoen edota bestelako arrazoien ondorioz praktiketara joan ezin izana instruktoreari edo tutoreari azaldu beharko dio ahal bezain laster, eta, kasu horretan, tutoreak horretarako baimena eman beharko du.

Zazpigarrena.– Instalazioak eta baliabideak.

Segurtasun Sailak bere instalazio eta baliabideen erabilera bermatuko du praktikak egiteko, eta hartu ahal izango dituen ikasleen kopurua zehaztuko du.

Zortzigarrena.– Erantzukizunak eta aseguruak.

1.– EHUk badu erantzukizun zibileko aseguru-kontratu bat, ikasleek praktikak egitean kalterik egiten badute edo.

2.– Ez unibertsitateak ez praktiketako ikasleek ez dute erantzukizunik izango kalterik sortzen bada instruktoreak praktiketako jarduera-programatik kanpo emandako agindu edo jarraibideen ondorioz.

3.– 28 urtez beherako ikasleak, espainiarrak zein atzerritarrak, eskola-aseguruak estaltzen ditu. Era berean, EHUk istripuetarako eta osasun-laguntzarako «EHU Ikasle Asegurua» asegurua dauka kontratatuta, eta EHUn matrikulatutako ikasle guztiak estaltzen ditu. Nolanahi ere, aseguru osagarri bat nahi badute, unibertsitateak itunduta duen «Cum Laude» istripu-poliza kolektiboa izenpetu ahal izango dute ikasleek.

4.– Atzerriko unibertsitateetako ikasleek EHUrekiko hitzarmen bat baldin badute, eta praktikak erakundean egiten badituzte, istripu-aseguru bat izan beharko dute, eta estaldurak gutxienez Cum LAUDE polizarena izan beharko du.

Bederatzigarrena.– Poltsa edo laguntza.

Ikasleek ez dute inolako diru-kopururik jasoko praktikak egiteagatik, eta ez dute ikasleentzako edo doktoregaiarentzako laguntza-poltsarik jasoko; beraz, jarduera horrengatik ez da ordainsaririk jasoko.

Hamargarrena.– Ikaslearen datuak babestea.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailean praktikak egiten dituzten ikasleen datuak hitzarmen honetan ezarritako xedeetarako baino ezin izango dira erabili.

Hamaikagarrena.– EHUren beste konpromiso batzuk.

1.– Arestian aipatutakoei kalterik egin gabe, EHUk konpromiso hauek hartzen ditu parte hartzen duten ikasleekiko:

a) Hitzarmen honen baldintzak ikasleei jakinaraztea, eragiten dieten arlo guztietan.

b) Ikasleek beren gain har ditzatela hitzarmen honen ondoriozko betebeharrak eta araudi aplikagarrien ondoriozkoak.

c) Ikasleek berariaz onar dezatela beren datuak ematea, aurreko klausulan aurreikusitako ondorioetarako.

2.– Aurrekoaren ondorioz, EHUk ikasle bakoitzak sinatutako dokumentuaren kopia bat emango dio Segurtasun Sailari.

Hamabigarrena.– Kriminalistikaren arloko Hezkuntza Lankidetzarako Hitzarmenaren Jarraipen Batzorde Mistoa.

Hitzarmen hau sinatzen denetik hilabeteko epean, Jarraipen Batzorde bat eratuko da, hitzarmenean xedatutakoa behar bezala gauzatzen eta koordinatzen dela ziurtatzeko, eta sinatzen duten alderdien arteko etengabeko harremanari eusteko. Jarraipen Batzordea, gutxienez, ikasturte bakoitzaren hasieran eta amaieran bilduko da.

Ertzaintzaren Zuzendaritzak izendatutako bi pertsonak eta EHUko Banakako Garapen Programako bi pertsonak osatuko dute Jarraipen Batzordea; Zientzia eta Teknologia Fakultateko dekanoak izendatuko ditu azken bi horiek. Jarraipen-batzordea eratu ondoren, hitzarmenaren alderdi sinatzaileek txandaka izango dute haren burutza, eta EHUk izango du hasierako txanda.

Aztertu beharreko gai espezifikoengatik beharrezkotzat jotzen bada, bi alderdietako edozeinek proposatuta, Jarraipen Batzordearen bileretara bi erakundeetako pertsonak joan ahal izango dira, bai eta hitzarmen honen erreferentzia-eremuan ezagutza espezializatuak dituzten pertsonak ere.

Jarraipen Batzordeak eginkizun hauek izango ditu:

a) Ikerketa judizialaren eta kriminalistikaren esparruan Zientzia eta Teknologia Fakultateko ikasleei eskainiko zaizkien kanpoko praktiken eta gradu amaierako lanen aurretiazko proposamen bat diseinatzea ikasturte bakoitzerako.

b) Aurretiazko proposamen hori Zientzia eta Teknologia Fakultateko Praktika Programaren arduradunari aurkeztea, eta kasuan kasuko graduen koordinatzaileekin sinergiak bilatzea, dagokion aldirako eskainitako praktiken eta titulazio-amaierako lanen behin betiko proposamena ezartzeko.

c) Zientzia eta Teknologia Fakultateko ikasleekin parte hartzeko gune gisa balioko duen jardunaldi bat antolatzea, tutoretzapeko praktiken eskaintza urtero ezagutarazteko.

d) Banakako prestakuntza-proiektuak egiten laguntzea.

e) Ikasleen eta Segurtasun Sailaren arteko harremanak bultzatzea.

f) Praktikak egitean edo hitzarmen hau betetzean sor litezkeen gorabeherak konpontzea.

Hamahirugarrena.– Hitzarmenaren indarraldia.

1.– Hitzarmen honek lau urteko indarraldia izango du, sinatzen den egunetik zenbatzen hasita, eta, alderdiek berariaz hala adostuz gero, beste lau urtez luzatu ahal izango da, salbu eta alderdi sinatzaileetako edozeinek hitzarmena salatzen badu, itundutakoak ondoriorik ez izatea nahi den ikasturtearen aurreko ikasturteko ekainaren 30a baino lehen. Hitzarmena salatuz gero, beste aldeari idatziz jakinarazi beharko zaio.

2.– Hitzarmenaren salaketa idatziz egin beharko da, eta horrek ez du eraginik izango salaketa egiten den unean egiten ari diren praktiketan, hargatik eragotzi gabe seigarren klausulan ezarritakoa praktikak aldez aurretik bertan behera uzteari buruz.

Hamalaugarrena.– Azkentzeko arrazoiak.

Hauek dira dokumentu hau suntsiarazteko arrazoiak:

a) Alderdi sinatzaileak ados egotea, adostasun hori idatziz adierazita, edo alderdietako batek salaketa aurkeztea, hamahirugarren klausulan aurreikusitako moduan.

b) Indarrean dagoen legeriak azkentzeko ezartzen dituen arrazoi orokorrak.

Eta aurreko guztiarekin bat datozela adierazteko, alderdiek hezkuntza-lankidetzako hitzarmen hau sinatzen dute, bi aletan eta goian adierazitako egunean eta lekuan.

Segurtasuneko sailburua,

ESTEFANÍA BELTRÁN DE HEREDIA ARRONIZ.

Zientzia eta Teknologia Fakultateko Dekanoa (UPV/EHU),

FERNANDO PLAZAOLA MUGURUZA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala