Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

10. zk., 2020ko urtarrilaren 16a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
172

EBAZPENA, 2019ko abenduaren 2koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita AU.05 Ategorrieta, Mendiola bidea 23, hirigintza-eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2019ko ekainaren 27an, Donostiako Udalak ingurumen-organoari eskaera egin zion Donostiako AU.05 Ategorrieta, Mendiola bidea 23, hirigintza-eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren (aurrerantzean, Planaren) ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura izapidetzen hasteko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskaerarekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betetzeko, 2019ko ekainaren 30ean, eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko izapidea hasi zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, eta egoki ikusten zituzten oharrak egiteko eskatu zien, ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan ohar horiek oinarri hartuta. Zehazki, hauei egin zitzaien kontsulta: Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritza eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza; Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusia; Ekologistak Martxan elkartea, Eguzki, Eguzkizaleak aisialdi-elkartea eta Haritzalde, Parkeen Lagunak elkarte naturalista.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek egoki ikusten zituzten ingurumen-arloko oharrak egiteko aukera izan zezaten.

Amaitu da abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea, zenbait txosten jaso dira, eta espedientean jasota dago horien emaitza.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeko 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

AU.05 Ategorrieta, Mendiola bidea 23, hirigintza-eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aipatutako kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Dokumentazio teknikoa eta Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –eskumena duen organoa baita otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera–. Txostenak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten du, eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien gaineko iritzia ematen, baita ingurumen-ondorioetarako soilik sartu behar diren azken zehaztapenen inguruan ere.

Hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– AU.05 Ategorrieta, Mendiola bidea 23, hirigintza-eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari dagokion ingurumen-txosten estrategikoa egitea, Donostiako Udalak sustatua, jarraian zehazten den moduan:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Planaren xedea da Donostiako HAPOaren AU.05 Ategorrieta, Mendiola bidea 23, lurzatiaren antolamendu xehatuaren ezaugarri espezifikoak zehaztea.

Lurzatiak 3.268 bat metro koadro ditu. Hiri-lurzoru finkatua da, garapen txikiko bizitegi-eremua. Gaur egun, familia bakarreko etxe abandonatu bat dago, eta lorategia. Oinarrizko azpiegitura guztiak ditu.

Proposatzen den antolamenduarekin, jarduketa hauek egin nahi dira:

– Eraikina eraistea.

– Lurzati-banaketa aldatzea, eremua hiru bizitegi-lurzatitan zatituta (P01 eta P02, 1.000 m2-koak, eta P03, 1.071 m2-koa). Halaber, laugarren lurzati bat sortuko da bide-erabilerarako.

– Hamar etxebizitza ezartzea, eraikin atxiki motakoak. P03 lurzatian 4 etxebizitza egongo dira, eta P01en eta P02n hiruna.

– Eraikinen profila S+ES+BS+1S izango da. Goiko solairuen atzeraemanguneek terrazak eta espazio libreak sor ditzakete. Eraikinak gehienez ere 11 metroko altuera izango du.

– P01 eta P02 lurzatietako etxebizitzetarako sarbideak Mendiola bidean egongo dira. P03 lurzatiarena, Jose Elosegi alkatearen etorbidean.

– Bi lurzoru-lagapen egingo dira: bata, eremuaren barnean, Mendiola bidearen ondoan, bidea berregiteko (espaloia eta argiak jarriko dira); bigarrena, eremutik kanpo baina lurzati pribatuaren barnean, Jose Elosegi alkatearen etorbidea eta Mendiola bidea lotzeko oinezko bidea egiteko.

Proposatzen den antolamenduak inguruneko eraikinen profilari eusten dio eta berdegune asko aurreikusten ditu lurzatian zehar modu homogeneoan banatuta. Halaber, bertako topografiara egokituko da, espaloi berriak sortuko dira eta kale mugakideen arteko oinezkoen lotura ahalbidetuko du.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, zehazteko Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.

1) Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak eremuaren hirigintza-antolamendu xehearen zehaztapenak ezartzen ditu, eta eraikuntza-proiektu baten bidez garatuko da. Aurkeztutako agiriak ikusita, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak ez du eragin nabarmenik izango beste plan edo programa batzuekiko, ingurumenari dagokionez.

c) Planaren garapenak aukera ematen du lurzoru jada antropizatuak berrerabiltzeko, lurzoru naturalik artifizialdu beharrik gabe; bertako topografiara egokitzen da; inguruko eraikuntza-ezaugarriak mantentzen ditu; berdegune asko egongo dira lurzatian modu homogeneoan banatuta; eta espezie exotiko inbaditzaileak kenduko dira. Planak, halaber, oinezkoen irisgarritasun-baldintzak hobetzen ditu.

Azken batean, Plana egokitzat hartu da garapen jasangarria sustatzera bideratutako ingurumen-irizpideak txertatzeko, batik bat urbanizazioan, eraikingintzan eta eraikuntzan, baliabideen erabilera-efizientzian eta baliabideen kontsumoa murriztean eta aprobetxamendua areagotzean, eraikinen energia-aurrezkian eta -efizientzian, energia berriztagarrien bultzadan, ingurunearen eta biodibertsitate autoktonoaren kalitatearen bultzadan eta espezie inbaditzaileak sartzeko arriskuaren murrizketan.

Ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, urei eta uholde-arriskuen prebentzioari, hondakinen kudeaketari, natura-ondareari, paisaiari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartze eta jarduerak.

d) Plana egokia da Europako edo Espainiako ingurumen-legedia ezartzeko; hain zuzen ere, hondakinen, klima-aldaketaren, airearen kalitatearen (emisio atmosferikoak, zarata, argia) eta biodibertsitatearen arlokoa.

2) Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak.

Planaren xede den eremuak 3.268 bat m2-ko azalera du, hiri-egituraren barnean dago eta hiri-lurzoru finkatua da. Gaur egun, familia bakarreko etxe abandonatu bat dago, lorategiz inguratua.

Ez dago naturagune babesturik Planaren eremuan, ezta eralda daitekeen ingurumen-balio handiko eremurik ere; hortaz, ez dago Plana garatzearen ondorioz larriagotu daitekeen ingurumen-arriskurik.

Hauek dira planaren eragina nozituko duen ingurunearen ezaugarri esanguratsuenak:

a) Aipatu eremuan ez da aurkitu interes geologikoko punturik, ezta ur-punturik zein sare hidrografikoko beste elementurik ere. Lur-eremuak akuiferoaren kutsadurarekiko kalteberatasun-maila oso txikia du. Ez dago kutsatuta egon daitekeen lurzorurik. Eremuak, halaber, ez du bat egiten inongo naturagune babesturekin, ezta intereseko natura elementuekin zein korridore ekologikoekin ere.

b) Lurzatian landaredia apaingarria besterik ez dago, eta zuhaixkak eta zuhaitzak perimetroan. Espezie exotiko inbaditzaileak ere inbentariatu dira (Buddleja davidii eta Cortaderia selloana).

c) Lurzatia Donostialdea eremu funtzionaleko Paisaiaren Katalogoko eta Paisaiaren Zehaztapenetako Kontxa Badiaren paisaia-interes bereziko eremuaren barnean dago.

d) Inguruko zarata-iturri nagusia Mendiola bidea kalea da, lurzatiaren ekialdean. Inpaktu akustikoaren ikerlan bat atxiki da, eta horren arabera, bete egingo dira kalitate akustikoaren helburuak antolamenduaren xede den eremuan, bai gaur egun, bai etorkizunean.

Plana garatzetik eratorriko diren efektu nagusiak eraispen-, urbanizazio- eta eraikuntza-obrak izango dira (hondakinak sortzea, lur-mugimenduak, makinen joan-etorria, isurketak, landaredia kentzea, etab.). Horrek, jakina, eragozpenak eragingo dizkie biztanleei, igorpen atmosferikoak eta zaratak areagotuko direlako.

Ondoren, funtzionamendu-fasean, etxebizitza berriekin, kontuan hartu behar da mugikortasuna, baliabideen kontsumoa, hondakinen sorrera eta emisioak handitu egingo direla. Kutsadura akustikoari dagokionez, eragin akustikoaren azterlanaren arabera, ez da aurreikusten etorkizuneko hirigintza-garapenek gaindituko dituztenik Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan kanpoalderako ezarritako kalitate akustikoko helburuak.

3) Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko arauen arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan adierazitakoaren arabera. Edonola ere, honako neurri hauek hartuko dira:

Ingurumeneko jardunbide egokien eskuliburua.

Jardunbide egokien sistema bat hartu beharko dute, eta obrako langileek erabiliko dute helburu hauek ahalik eta gehien bermatzeko:

– Lanek okupatzen dituzten mugak kontrolatzea.

–Hondakinen isurketa eta olioen isurketen eta lurren arrastatzearen ondoriozko lurzoruaren eta uren kutsadura ekiditea.

– Planaren eraginpeko urbanizazio mugakideetako biztanleei enbarazurik ez eragitea zarata eta hautsarekin.

Hondakinak kudeatzeko neurriak

Obrek eta garbiketa-kanpainak dirauten bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikatu beharreko arau espezifikoetan xedatutakoa beteko da.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.

Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun arauak bete behar dituzte (dekretu horren bidez, Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzen da), eta itxita egon behar dira baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

Lurren eta soberakinen kudeaketa: obretan indusketa-soberakinak sortzen badira, baimendutako soberakin-biltegira eraman eta indarreko legediaren arabera kudeatuko dira.

Induskatutako lurzoruen kontrola: Donostiako Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

Airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteko neurriak

Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta isurpen akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-isuriei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-igorpenak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

Planean aurreikusitako etorkizuneko hirigintza-garapenari dagokionez, bermatuko da eremu akustiko honetan betetzen direla aplikatzekoak diren kalitate akustikoko helburuak, 213/2012 Dekretuaren, urriaren 16koaren, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzkoaren, 31.2 artikuluan xedatuarekin bat, eta ezingo da etxebizitzak eta ospitale, hezkuntza edo kultura erabilerako eraikinak eraikitzeko baimenik eman baldin eta, baimena emateko unean, kanpoan ez badira betetzen kalitate akustikoko helburu horiek (lurzorutik bi metrora inguru eraiki gabeetan, eta altuera orotara leihodun fatxadetan, inguru eraikietan), non eta ez dagoen Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 43. artikuluan salbuetsitako kasuren batean.

Ondorioz, kasua zein den, eraikuntza-lizentzia eman aurretik, kanpo-ingurunea babestera bideratutako neurri tekniko eta ekonomikoki egokiak hartu behar dira (lurzorutik bi metrora inguru eraiki gabeetan, eta altuera orotara leihodun fatxadetan, inguru eraikietan), baita, edonola ere, eraikinaren barnealdeko kalitate akustikoko helburuak betetzera zuzendutakoak ere, gelaren arabera (egongelak edo logelak) eta eguneko orduaren arabera (goizez, arratsaldez eta gauez). Fatxadaren isolamendu horiek behar bezala justifikatuta egon beharko dira eraikuntza-proiektuan.

Era berean, Donostiako Udalak lehenengo okupaziorako edo bizigarritasunerako lizentzia jaso aurretik, barnealdeko espazioetako kalitate-helburuen betetze-mailari buruzko txostena aurkeztu beharko du. Horretarako, kanpoko fatxadaren isolamendu akustikoa neurtzeko kanpaina bat eskatu dezake. Neurketa horiek UNE-EN ISO 140-5:1999: arauak ezarritakoari jarraikiz egin beharko dira. Eraikinen eta eraikuntza-elementuen isolamendu akustikoa neurtzea. 5. zatia: Fatxadako elementuen eta fatxaden airetiko zarataren aurkako isolamendu akustikoa in situ neurtzea.

Espazio libreak landareztatzeko neurriak

Lorategietako jardueretan, bertako biodibertsitatea sustatzeko jarduerak bultzatuko dira, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiz jarduera horietan. Hala, natura-baliabideen erabilera zentzuzko eta efizientea bultzatuko da, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteaz bat. Horretarako, Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak erabiliko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak sortu zuen.

Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana. Espezie horiek kentzeko eta lur-mugimenduen bidez hedatzea ekiditeko behar diren neurriak hartuko dira; betelanetan, landareztatze-lanetan eta urbanizazioko lorategi-lanetan erabiliko diren mailegu-lurren eta landare-lurren jatorria eta osaera kontrolatu beharko da.

Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriaren aldeko neurriak

Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoak izan daitezen beharrezko diren ezaugarriei dagokienez, etxebizitzen eraikuntza iraunkorrerako gidan jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

– Materialak. Lehengai berriztaezinen kopurua murriztea.

– Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortzen den energiaren sorkuntza edo kontsumoa murriztea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago igortzea.

– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Zehaztea, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoari jarraikiz, ez dela aurreikusten Donostiako AU.05 Ategorrieta, Mendiola bidea 23, hirigintza-eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziak eragin nabarmenik izatea ingurumenaren gainean, eta, ondorioz, ez dela beharrezkoa ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Donostiako Udalari jakinaraziko zaio.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezkoak dituen efektuak sortzeari utziko dio, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denean, Donostiako AU.05 Ategorrieta, Mendiola bidea 23, hirigintza-eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartuko ez balitz gehienez ere lau urteko epean. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko abenduaren 2a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala