Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

4. zk., 2020ko urtarrilaren 8a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
35

AGINDUA, 2019ko azaroaren 21ekoa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena; honen bidez kirol lehiaketetan eta heziketa fisikoari loturiko jardueretan dopinaren aurkako kontrolen inguruko zerbitzuak egiteagatik ordaindu beharreko prezio publikoak finkatzen dira.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoen Legearen Testu Bateratuak (irailaren 11ko 1/2007 Legegintzako Dekretuaren bidez onartuak) prezio publikotzat jotzen ditu, zuzenbide publikopeko jardueren edo zerbitzuen trukean ematen diren diru-sariak, baldin eta legearen arabera tasa ez badira.

Testu Bateratuaren 31. artikuluak dio, Dekretu bidez zehaztuko direla zein zerbitzu eta jarduera ordaindu ahal izango diren prezio publikoen bidez, ogasunaren arloan eskumena duen sailak eta zerbitzuok eta jarduerok eman edo egiten dituen sailak edo dagokion organoa edo erakundea atxikita duenak elkarrekin proposatuta.

Aipatutakoa betetzeko asmoz, 32/2018 Dekretua, martxoaren 6koa, 397/2013 Dekretua, uztailaren 30ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen prezio publikoen arabera ordain daitezkeen zerbitzu eta jarduerak zehazten dituena, bigarrengoz aldatzen duena, onartu da.

Arau-aldaketa horren bidez, prezio publikoen arabera ordain daitezkeen zerbitzu eta jardueren katalogoari ondorengoa gehitu zaio: «kirol-lehiaketetan eta jarduera fisikoari lotutako ekitaldietan egiten diren dopinaren aurkako kontrolen zerbitzua». Dopinaren aurkako borrokan eskuduntza duen Sailari dagokio zerbitzu horren kudeaketa.

Azkenik, Testu Bateratuko 33. artikuluan jasotakoa jarraikiz, prezioa kobratu behar duen organo edo erakundearen proposamenez eta haren gaineko sailburuaren aginduz finkatuko da prezio publikoa. Agindua eman aurretik, ogasunaren arloan eskumena duen sailaren txosten loteslea beharko da.

Aurreko guztia kontuan izanda, adierazitako Testu Bateratuak emandako eskumenak egikarituz, 24/2016 Dekretua, azaroaren 26koa, Lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena aintzat hartuz, eta, 82/2017 Dekretuan, apirilaren 11koa, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenean jasotakoa jarraikiz, eta Ogasun eta Ekonomia Saileko Zerga Administrazioko Zuzendaritzaren aurretiazko oniritzi-txostenarekin,

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da Dopinaren aurkako borrokan eskuduntza duen Sailak, kirol-lehiaketetan eta jarduera fisikoari lotutako ekitaldietan egiten dituen dopinaren aurkako kontrolen zerbitzuen prezio publikoak finkatzea. Kontrol hauek hirugarrenek eskatutakoak izango dira eta Dopinaren Aurkako Euskal Agentziak (DAEA) urterako aurreikusita duen kontrol-programatik kanpo egongo dira.

2. artikulua.– Dopin-kontrol zerbitzuen deskribapena.

Dopinaren aurkako kontrolek bi motako zerbitzu barnebiltzen dituzte:

a) Gernu- edo odol-laginak jaso eta horiek laborategira bidaltzeko zerbitzua.

b) Jasotako laginen analisi-zerbitzua.

3. artikulua.– Arrakastarik gabeko kontrolak eta dopinaren aurkako misioak.

1.– Arrakastarik gabeko kontrola deritzo planifikatu edo aurreikusitako lehiaketaz kanpoko dopin-kontrol saioak ez burutzeari. Saioak ez dira burutuko, kirolaria edo kirolariak, haiek aurretik adierazitako kokalekuan ez daudelako.

2.– Dopinaren aurkako misioa esaten zaio dopinaren aurkako autoritateak programatu eta dopin-kontrolak burutzeko helburua duen ekintzari, bai kirol-lehiaketen esparruan baita lehiaketaz kanpoko kontroletan ere.

4. artikulua.– Dopinaren aurkako kontrol motak eta prezioak.

Dopinaren aurkako kontrolen zerbitzuak burutzeagatik ordaindu beharreko prezio publikoak eurotan (BEZa barne) ondorengoak izango dira:

1.– Laginak jaso eta laborategira bidaltzea.

Jarraian adierazten diren prezioak alekakoak dira; hau dela eta, misio bakoitzean egiten den kontrol kopurua dagokion prezioaz biderkatuko da.

1.1.– Gernuaren dopin-kontrola.

1.1.1.– Lagin bakarreko kontrola: 338,80 euro.

1.1.2.– Bi eta lau lagin arteko kontrola: 242,00 euro.

1.1.3.– Bost lagin edo gehiagoko kontrola: 211,75 euro.

1.1.4.– Arrakastarik gabeko kontrola: 290,40 euro.

1.2.– Odolaren dopin-kontrola.

1.2.1.– Burututako misio bakoitzeko: 363,00 euro.

1.2.2.– Misioari metatu beharrekoa jasotako laginen arabera:

1.2.2.1.– Bat eta bost lagin arteko kontrola: 60,50 euro.

1.2.2.2.– Sei eta hamaika lagin arteko kontrola: 54,45 euro.

1.2.2.3.– Hamabi lagin edo gehiagoko kontrola: 48,40 euro.

2.– Jasotako laginen analisia.

2.1.– «A» laginaren analisia.

2.1.1.– Menu osoa (lehiaketetan), emaitzak 10 egunen buruan: 193,60 euro.

2.1.2.– Zatikako menua (lehiaketaz kanpo), emaitzak 10 egunen buruan: 169,40 euro.

2.1.3.– Eritropoyesi ESA estimulazio-agenteak (EPO eta antzekoak): 232,32 euro.

2.1.4.– Hazkundearen hormona askatzeko eragileak: 121,00 euro.

2.1.5.– GC/IRMS: 278,30 euro.

2.2.– Odol-gazura.

2.2.1.– ESA – gazura: 232,32 euro.

2.2.2.– Hazkundearen hormona (HH) – isoforma metodoa: 248,05 euro.

2.2.3.– Hazkundearen hormona (HH) – biomarkatzaile metodoa: 248,05 euro.

2.3.– Odol – odol orokorra.

2.3.1.– ESA plasma: 232,32 euro.

2.3.2.– Hemoglobina sintetikoa (HBOC) (screening): 48,40 euro.

2.3.3.– Antzeko odol-transfusioak (HBT): 269,83 euro.

2.3.4.– Pasaporte biologikoa, hematologia-parametroak: 55,66 euro.

2.4.– B laginen analisiak.

2.4.1.– B analisiak sustantzia guztientzat ESA, IRMS, HH eta HBT izan ezik: 376,31 euro.

2.4.2.– B analisia, ESA, IRMS, HH eta HBT sustantzientzat: 732,05 euro.

2.5.– Analisi-txostenak.

2.5.1.– Analisi-txosten orokorra (A edo B laginak): 278,30 euro.

2.5.2.– Analisi-txosten laburtua odol-pasaporterako: 60,50 euro.

2.6.– Animalien analisiak.

2.6.1.– Animalia-laginen analisiak: 251,68 euro.

5. artikulua.– Obligazioduna eta ordainketa modua.

1.– Dopinaren aurkako zerbitzuak eskatzen dituztenak behartuak egongo dira Aginduan ezarritako prezio publikoen ordainketa burutzera.

2.– Zerbitzuaren ordainketa burutuko da eskaera egin aurretik.

3.– Administrazioaren ordainketa eta kobrantza sistema orokorraren bitartez burutuko dira ordainketak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen erregistro eta ordainketa automatizatuentzat indarrean dagoen araudiaren arabera.

4.– Dopinaren Aurkako Euskal Agentziari zuzendutako eskaerarekin batera, ordainketa egin izanaren ziurtagiria aurkeztuko dute eskatzaileek.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko azaroaren 21a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala