
3. zk., 2020ko urtarrilaren 7a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (1892 KB - 159 orri.)
- EPUB (2647 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA SAILA
30
203/2019 DEKRETUA, abenduaren 17koa, zeinaren bidez maisu-maistrentzat gordetako lanpostuen zerrendak onartzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailaren mendeko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan, Helduen Hezkuntzako ikastetxeetan, Urrutiko Hezkuntzako Euskal Institutuan eta Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetan.
EAEko unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako irakasleen kidegoei buruzko otsailaren 19ko 2/1993 Legeak lanpostuen zerrendak arautzen ditu II. tituluaren I. kapituluan, irakaskuntzako funtzio publikoaren egitura eta antolaketari buruzkoan; zerrenda horien oinarrizko printzipioak adierazten ditu, baita zerrendak egiteko jarraitu beharreko prozedurak ere.
Parametro hauek identifikatzen dituzte dekretu honi erantsitako zerrendetan azaltzen diren lanpostuak: espezialitatea, hizkuntza-eskakizuna eta derrigortasuna. Hizkuntza-eskakizunak hizkuntza-ereduen arabera zehazten dira, martxoaren 9ko 47/1993 Dekretuan (apirilaren 2ko EHAA) ezarritako proportzioak beteta; dekretu hori urtarrilaren 18ko 6/2000 Dekretuak aldatu zuen (urtarrilaren 20ko EHAA), eta arautu egin zuen dekretu hori irakasleen lanpostuei nola aplikatu behar zaien. Helduen ikastetxeetako lanpostuei hizkuntza-eskakizunak jartzeko, uztailaren 23ko 182/2002 Dekretuan ezarritako irizpideei jarraitu zaie.
Hezkuntzako sailburuaren proposamenez eta Gobernu Kontseiluak 2019ko abenduaren 17ko bileran eztabaidatu eta onartu ostean, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Maisu-maistren kidegoko funtzionarioei eta lan-kontratudun irakasleei 2019-2020 ikasturtean Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan, Helduen Hezkuntzako ikastetxeetan, Urrutiko Hezkuntzako Euskal Institutuan eta Hezkuntza Ordezkaritzetan gordetako lanpostuen zerrendak onartzen dira. Zerrenda horiek dekretu honi erantsitako I., II., III., IV., V., eta VI. eranskinetan azaltzen dira.
2. artikulua.– Irakasle-jarduna ikastetxe bitan edo gehiagotan egin behar duten lanpostuak ibiltaritzat jotzen dira. Ikastetxe bakarrean diharduten irakasle-lanpostuak ere ibiltaritzat jotzen dira, ikastetxe horrek herri bitan edo gehiagotan egoitzak dituenean.
Lanpostu horiek betez gero, irakasleak kalte-ordainak jasotzeko eskubidea izango du joan-etorrietan ibiltzearren. Horretarako ezartzen den arautegiak finkatuko ditu zenbatekoak.
3. artikulua.– Lekualdatze-lehiaketaren bidez beteko dira lanpostuak, lanpostu bereziak izan ezik, horiek berariazko lehiaketaren bitartez beteko baitira.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Erantsitako zerrendetan, maisu-maistren kidegoko lanpostuek berariazko osagarri bat dute esleituta: 12.158,16 euro urteko. Kopuru hori honela xehatzen da:
– Berariazko osagarri orokorra: 8.386,56 euro urteko.
– Dedikazio bereziko osagaia, bigarren eta hirugarren graduen kapitalizazioetatik eratorria: 3.771,60 euro urteko.
Dedikazio bereziko osagaiaren lehen maila egiaztatu duten langileek urtean 1.152,59 euro gehiago jasoko dituzte, goian aipatutako kopuruez gain.
Dedikazio bereziko osagaiaren laugarren maila egiaztatzen duten karrerako irakasleek urteko 687,51 euro jasoko dute, eta dedikazio bereziko osagaiaren bosgarren maila egiaztatzen dutenek, berriz, 569,84 euro; diru-kopuru horiek aurreko paragrafoetan adierazitako kopuruei gehituko zaizkie.
Hilero banatuko dira urteko zenbateko oso horiek, betiere Euskal Autonomia Erkidegoaren 2018. ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 5/2017 Legearen 19. artikuluan arautzen den bezala, –lege hori automatikoki luzatu zen Euskadiko aurrekontu-araubidearen arloan indarrean diren lege-xedapenen testu bategina onartzen duen maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuak IX. tituluan aurrekontuen luzapen-araubidearen gainean ezarritakoaren arabera–, eta Gobernu Kontseiluaren 2019ko otsailaren 26ko Erabakiak xedatzen duen arabera, zeinaren bidez onesten baitira Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioaren zerbitzura diharduten langileen lansarien 2019. urterako lansari-igoerak. Erabaki horrek xedatzen du 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera % 2,25eko igoera orokorra 2019. urteko guztirako lansariei, 2018ko abenduaren 31n indarrean zeuden lansarien aldean.
Gobernu Kontseiluaren 2019ko otsailaren 26ko Erabakia otsailaren 14ko 2/2019 Legearen 2. artikuluan xedatutakoarekin bat eman zen. Lege horrek, 2019ko ekitaldirako presako aurrekontu-neurriei buruzkoak, xedatzen du 2018ko abenduaren 31n indarrean zeuden ordainsarien aldean % 2,25 gehituko direla Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioaren zerbitzura diharduten langileen urteko ordainsari osoak.
Gainera, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariaren irailaren 10eko 74/2019 Ebazpenaren bidez argitara ematen da Gobernu Kontseiluak hartutako erabaki hau: 2019ko irailaren 10eko Erabakia, uztailaren 1etik aurrera Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko langileen ordainsarien % 0,25eko igoera osagarria onartzen duena.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Irakasleen lanbide-karreraren negoziazioa egiten ez den bitartean, indarrean jarraituko du pizgarri ekonomiko honek: Haur eta Lehen Hezkuntzan tutore-lanak betez gero, urtean 849,52 euro gehiago jasotzekoa, hilero banatuta, lehenengo xedapen gehigarrian adierazitako modu berean.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Era berean, eta irakasleen lanbide-karreraren negoziazioa egiten ez den bitartean, indarrean jarraituko du pizgarri ekonomiko honek: zikloko koordinatzaile-lanak betez gero, urtean 771,96 euro gehiago jasotzekoa, hilero banatuta, lehenengo xedapen gehigarrian adierazitako modu berean.
LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Eskolak Helduen Hezkuntzako ikastetxeetan ematen dituzten maisu-maistrek 954,52 gehiago jasoko dute urtean, hilero banatuta, lehenengo xedapen gehigarrian adierazitako modu berean.
BOSGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Zuzendaritza-karguak betetzen dituzten maisu-maistrek, berriz, berariazko osagarri bat izango dute; urte osokoa izango da eta hilero banatuko da, lehenengo xedapen gehigarrian adierazitako modu berean. Hona osagarriak:
(Ikus .PDF)
SEIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Aurreko xedapen gehigarrian xedatutako aplikatzeko, Helduen Hezkuntzako ikastetxeetan gelen kopurua honako hau izango da: prestakuntza arautuen ikasturte hasierako matrikula-datuetan agertzen diren taldeak bider 1,6 indize zuzentzailea.
ZAZPIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Pertsona batek bi kargu baditu, osagarri altuena duen karguagatik soilik ordainduko zaio.
Era berean, zerbitzuaren beharrak direla eta, irakasle bati zuzendaritzako kargua edo kargu akademikoa eta aldi berean talde bateko tutoretza edo zikloko koordinatzailearen funtzioak esleituz gero, osagarri altuena duenagatik ordainduko zaio soilik: izan karguari dagokion osagarria, izan tutore- edo ziklo-koordinatzailearen funtzioak benetan betetzeagatik dagokion pizgarri ekonomiko gehigarria.
ZORTZIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Lehen Hezkuntzako aholkulari lanpostuak.
Lanpostu horiek hartu ahal izango dituzte jarraian adierazten diren betekizunetako bat betetzen duten maisu-maistrek:
a) Urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretua indarrean jarri aurretik zegoen araudiaren arabera aholkulari lanpostua betetzeko gaitasuna aitortua izatea.
b) Hezkuntza Bereziko Arloa, Pedagogia Terapeutikoan gaikuntza dakarten titulazioetako baten jabe izatea edo, era berean, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 1993ko urriaren 14ko Aginduaren arabera, aipatutako arloan gaikuntza dakarten egoeretako batean egotea (1993-11-23ko EHAA).
c) Honako lizentziatura, gradu edo titulu baliokide hauetako baten jabe izatea: Psikologia; Pedagogia; Psikopedagogia; Filosofia eta Hezkuntza Zientziak, psikologiaren alorreko edozein espezialitatetan; Filosofia eta Hezkuntza Zientziak, pedagogiaren alorreko edozein espezialitatetan; Filosofia eta Hezkuntza Zientziak, hezkuntza-zientzien alorreko edozein espezialitatetan; Filosofia eta Letrak, Filosofia eta Hezkuntza Zientzien alorrean, psikologiako espezialitatean; Filosofia eta Letrak, Filosofia eta Hezkuntza Zientzien alorrean, hezkuntza-zientzien espezialitatean; Filosofia eta Letrak, psikologiaren alorrean; Filosofia eta Letrak, pedagogiaren alorrean; Filosofia eta Letrak, hezkuntza-zientzien alorrean.
d) Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak antolatu edo homologatutako aholkulari ikastaroren bat gainditu izana. Ikastaro horiek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 1993ko urriaren 14ko Aginduaren IV. eranskinean zerrendatutakoak dira (1993-11-23ko EHAA).
BEDERATZIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Dekretu honetan xedatutako lanpostu guztietara sartzeko eta euretan jarduteko, beharrezkoa da Adingabeen babes juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 13.5 artikuluan ezarritakoaren araberako ezezko ziurtagiria.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Dekretu honek administrazio-bidea agortzen du, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, dekretua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, dekretu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENATAKO BIGARRENA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2019ko abenduaren 17an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Hezkuntzako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.
RSS