Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

3. zk., 2020ko urtarrilaren 7a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI-KONTUEN EUSKAL EPAITEGIA
26

ERABAKIA, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2019ko irailaren 26ko bilkuran hartua, Valle de Trápaga-Trapagarango Udalaren 2017ko fiskalizazio-txostena behin betiko onesten duena.

Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2019ko irailaren 26a egindako bilkuran honako hau

ERABAKI DU:

Valle de Trápaga-Trapagarango Udalaren fiskalizazio-txostena behin betiko onestea, erabaki honen eranskin modura ageri dena.

HKEEren 1/1988 Legearen 13.2 artikuluak aurreikusten duena betez, txostenaren ondorioak dagozkion aldizkari ofizialetan argitaratzeko xedatzea.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko irailaren 26a.

HKEEren lehendakaria,

JOSÉ LUIS BILBAO EGUREN.

HKEEren idazkari nagusia,

JULIO ARTETXE BARKIN.

ERANSKINA
VALLE DE TRÁPAGA-TRAPAGARANGO UDALAREN FISKALIZAKO-TXOSTENA 2017KOA.

Laburdurak:

10/2003 FA: 10/2003 Foru Araua, Bizkaiko Lurralde Historikoaren Toki Erakundeen Aurrekontuei buruzkoa.

139/2015 FD: 139/2015 Foru Dekretua, Bizkaiko Lurralde Historikoko toki erakundeen kontularitzako esparru arautzailea onartzen duena.

2/2016 Legea: 2/2016 Legea, Euskadiko Toki Erakundeei buruzkoa.

27/2013 Legea: 27/2013 Legea, Toki Administrazioaren Arrazionalizazio eta Iraunkortasun neurriei buruzkoa.

57/2003 Legea: 57/2003 Legea, Toki Administrazioa Eraberritzeko Neurriei buruzkoa.

BAO: Bizkaiko Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofiziala.

BEZ: Balio Erantsiaren gaineko Zerga.

BFA: Bizkaiko Foru Aldundia.

EAE: Euskal Autonomia Erkidegoa.

EIOZ: Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zerga.

GLL: Gizarte Larrialdietarako Laguntzak.

HILBIZ: Hiri Izaerako Lursailen Balio Igoeraren gaineko Zerga.

HKEE: Herri Kontuen Euskal Epaitegia.

JEZ: Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga.

LH: Lanbide heziketa.

LUO: Lurraren Udal Ondarea.

LZ: Lanpostuen zerrenda.

OHZ: Ondasun Higiezinen gaineko Zerga.

TAOAL: 7/1985 Legea, Toki Araubidearen Oinarriak Arautzen dituena.

I.– Sarrera.

Herri Kontuen Euskal Epaitegiak otsailaren 5eko 1/1988 Legeak eta Epaitegiaren Osoko bilkurak onetsitako Lan Programak agindutakoari jarraikiz, Trapagarango Udalaren 2017ko Kontu Orokorraren fiskalizazio lana mamitu du.

HKEEk gauzatutako aurreko fiskalizazio lana 2003ko ekitaldiaren gainekoa izan zen.

Fiskalizazio-lan honek honako alderdi hauek besarkatzen ditu:

– Legezkotasuna: honako aurrekontuaren atal hauetan ezargarria den arautegia bete izana: aurrekontua, zuzenbide publikoko sarrerak, zorpetzea eta finantza eragiketak, langileria, obren kontratazioa, zerbitzuak eta hornidurak eta dirulaguntzen emakida. Azterketa lan hau fiskalizazioaren ekitaldiari dagokio, beharrezko irizten diren beste ekitaldi batzuei buruzko egiaztaketak egitea kaltetu gabe, fiskalizazio-gai den ekitaldian eragina dutelako.

– Kontabilitatea: Kontu Orokorra ezargarri zaizkion kontularitzako printzipioekin bat datorrela egiaztatzea. Kontu Orokorrak honako hauek besarkatzen ditu: Balantzea, Ekonomia eta ondarearen emaitzaren kontua, Oroitidazkia eta Aurrekontuaren likidazio-egoera.

– Lanaren zabalak ez du gastuaren efikazia eta efizientziari buruzko azterlan berariazkorik besarkatu; ezta, kudeaketa-prozedurei buruzkorik ere. Nolanahi den ere, fiskalizazioan zehar sortu diren alderdi partzialak txosten honen III. idazpuruan aztertu ditugu.

– Udalaren egoera ekonomikoaren finantza-analisia.

Trapagarango udalerriak 11.953 biztanle zituen 2017ko urtarrilaren 1ean. Udalak honako hauetan parte hartzen du: Meatzaldeko Behargintza SL udalen arteko sozietatean (% 20) -eskualdeko 5 udalen enplegu-eskumenak eta garapen ekonomikoa kudeatzen ditu- eta Talleres Gallarreta Lantegia SLn (% 25) –enpleguko zentro berezi bat eta okupazioko zentro bat kudeatzen ditu-. Halaber, Ezkerraldeko eta Meatzaldeko Mankomunitatean eta Bilbao Bizkaia Uren Partzuergoan ere esku hartzen du; lehenak hondakinen tratamenduan laguntzen du eta bigarrenak, uraren hornidura kudeatu eta goi mailako sareko saneamendu zerbitzua ematen du.

II.– Iritzia.

II.1.– Legea betetzeari buruzko iritzia.

1.– Hornidura kontratu bat eta zerbitzuetako beste bost, guztira 2017an 2 milioi euroren kostukoak, Udalak prozedura oro saihestuta kontratatu zituen.

2.– Futbol zelai batean belar artifiziala hornitu eta instalatzeko kontratua publikotasunik gabeko prozedura negoziatu bidez esleitu zen 220.161 euroan eta obra kontratu izaera eman zitzaion; ordea, aintzat hartuta kontratuko prestazioen izaera eta aldez aurretik egintzarik ez gauzatu izana, prozedura ireki bidez izapidetu behar zatekeen; honenbestez, publikotasun eta lehia printzipioak urratu dira.

3.– 2017an zerbitzu-kontratu baten xedea, guztira 247.492 euroren kostua izan zuena, 4 espedientetan zatikatu zen eta prozedura negoziatu bidez esleitu, publikotasun eta lehia printzipioak urratuta.

4.– 2005ean Udalak bost urterako kontratatu zuen kiroldegiaren eta udal igerilekuen kudeaketa, 1,6 milioi euroan. 2010ean ez zen pleguetan aurreikusitako luzapena gauzatu eta 2012an Osoko Bilkurak erabaki zuen kontratua ez luzatzea eta kontratistari eskatzea zerbitzua ematen jarrai zezan harik eta kontratua berriz esleitu arte, zeina txosten hau idatzi dugun datan egiteke baitago. 2017an zerbitzuaren kostua 366.950 euro izan zen. Udalak publikotasun eta lehia printzipioak urratu ditu, nahitaezkoa baita 2010az geroztik berriz lizitatzea. Gainera, Udalak kontratistari 2017an 272.619 euro ordaindu zizkion kontratuaren xede ziren instalazioetan garatutako ikastaro eta jarduera kontzeptuan, nahiz kontratuaren pleguak ez duen halakorik aurreikusten.

5.– 2017an aurrekontuko krediturik izan gabe 793.744 euroren ondasun arrunt eta zerbitzuak kontratatu ziren.

Epaitegi honen ustetan, Trapagarango Udalak, 1etik 5era bitarteko aurreko idatz-zatietan adierazitako ez-betetzeak alde batera, zuzentasunez bete du 2017ko ekitaldian ekonomia eta finantzaren jarduera arautzen duen lege arautegia.

II.2.– Urteko kontuei buruzko iritzia.

1.– Hona hemen Udalaren 2017ko abenduaren 31ko Diruzaintza Geldikinean eta Ondare Garbian eragina duten doiketak:

(Ikus .PDF)

2.– Udalak ez du ibilgetua eragiten duten egintza ekonomiko guztien kontularitzako erregistroa bermatuko duen jarraipenik egiten eta zehazki, ez du ibilgetuaren elementu bakoitzeko xehakapenik, ez amortizaziorako zuzkidurarik egiten. Hori dela eta, ezin jakin dezakegu Aktibo ez arrunteko saldoek, 60 milioi euro, aktiboaren 2017ko abenduaren 31ko egoera erreala islatzen duten.

3.– Atxikitako Kontuek 541.008 euroren diru-sarrera barne hartzen dute, 2013tik 2016ra bitarteko urteetako JEZaren ikuskaritza akta baten ondorioz; akta horren aurka errekurtsoa jarri da eta txosten hau idatzi dugun datan epaia jaso zain dago. Udalak ez ditu enpresa laguntzaile baten ez berandutza interesak ez zerbitzuen kostua (likidatutakoaren gainean % 27) erregistratu, azkenean kobratzen den zenbatekoaren arabera aldatuko dena. Gainera, bazeuden HILBIZaren kontzeptuan 2017ko abenduaren 31n zorpetutako sarrerak, kuantifika ezineko zenbatekodunak harik eta likidatu arte, eta kontratistek erreklamatutako 2017 baino lehenagoko 56.933 euroren gastuak, txosten hau idatzi dugun datan Udalak onartu gabeak.

4.– Atxikitako Kontuek ez dute honako honen berri ematen: 519.796 euroren inbertsio-konpromisoak eta Meatzaldeko Behargintza SLri ekarpenak egiteko hitzartu eta baimendutako kredituak eta enpresentzako dirulaguntzak, guztira 288.635 euroren zenbatekoan.

Epaitegi honen iritzira, 1etik 4.era bitarteko paragrafoetan adierazitako salbuespenak alde batera, Trapagarango Udalaren Kontu Orokorra osatzen duten erakundeen Urteko Kontuek alderdi esanguratsu guztietan 2017ko ekitaldiaren jarduera ekonomikoa eta abenduaren 31ko ondarearen eta finantza egoeraren isla zuzena erakusten dute; baita, data horretan amaitutako urteko ekitaldiari dagozkion bere eragiketen eta eskudiruzko fluxuen emaitzena ere, ezargarria den finantza informazioaren arau-esparruaren arabera eta, zehazki, hor jasotako kontularitzako printzipio eta irizpideen arabera.

III.– Barne kontroleko sistemei eta kudeaketa-prozedurei buruzko gogoetak.

Atal honetan ekonomia-finantzaren jarduera arautzen duten printzipioak gehiegi eragiten ez dituzten akatsak ez ezik, kudeaketa hobetzeko azpimarratu nahi diren prozedurazko alderdiak ere azaleratu dira.

III.1.– Aurrekontua, kontabilitatea eta diru-sarrerak.

– 2017ko ekitaldirako aurrekontua Udalbatzak urte bereko uztailaren 21ean onetsi zuen; ordea, arautegiak urtea hasi aurretik onestea behin betiko aurreikusten du. 2017ko Kontu Orokorra hurrengo urteko irailean onartu zen hilabeteko atzerapenarekin.

– Aurrekontuaren exekuzioko oinarri-arauek uzten dute faseak metatzen (ADO) kontratu txikietan, baina gastuen 2. kapituluko erosketa guztietarako baliatu zen. Prozedura negoziatu edo ireki bidez izapidetutako kontratuekin hartutako konpromisoak erregistratu egin beharko lirateke.

– Bermeen eta beste hartzekodun ez-aurrekontuko batzuen aurrekontuz kanpoko kontuak egiaz eskagarri diren zehazteko (2017ko abenduaren 31n guztira 251.840 euroren saldoa zuten) azterketa xehatua egin behar da.

– Memoriak jaso egin behar lituzke erretiro aurreraturako gizarte laguntza kontzeptuko inguruabarrak, 2017an 30.408 euro egin baitzituzten. Orobat, udal kiroldegiko instalazioak erabiltzeko abonuek eragindako sarreren berri ere eman behar luke, 2017an 52.772 euro egin ditu-eta; ez dira, baina, Udalaren Kontuetan zehazten, zerbitzua kudeatzen duen enpresaren ordainketari aplikatzen zaizkiolako.

– Finantzaketa atxikia duten gastuetarako geldikinaren osagai nagusia Lurraren Udal Ondaretik eskuratutako baliabideek osatzen dute, –795.883 euro 2017ko abenduaren 31n–, ez baitute aurrez finkatutako epeetan inbertsio jakin batzuk egiteko eskatzen eta horrexegatik, komeni da saldo hau finantzaketako gainerako desbideratzeetatik bereiztea.

– Udalak ordenantza fiskalen urteko aldaketak ematen ditu argitara, baina tasa eta prezio publikoen testu osoa azken aldiz 1999an argitaratu zen aldizkari ofizialean; komeni da gaurkotu eta aldian behin argitara ematea.

– Udalak ez ditu zabor-bilketako tasaren hiruhileko erroldak onartzen. Diru-bilketa Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak egiten du eta ez da zerbitzu hau arautu hitzarmen edo mandatu bidez; 2017an 20.348 euro bildu zituen.

– Osoko bilkurak erabaki zuen bigarren mailako sarean ur-horniduraren kudeaketa Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren esku lagatzea, 10 urteko aldirako, zeina 2014an amaitu baitzen. 2017an egoera berean jarraitzen zuen, Udalbatzak dagokion luzapena onartu gabe.

– 74.124 euroren aldeak azaleratu dira ekitaldi itxietako kobratzeko dauden sarreren kontularitzako saldoen eta premiamendu-bideko ordainagirien kontu xehatuen artean. Nahiz zuzkituak dauden, aztertu egin behar lirateke alde horiek eta urteko kontuak ixtean alderatu kontularitzako saldoak xehakapen eta kanpoko diru-biltzaileen informazioarekin.

– Udalak 2014an ikuskaritzako lanetan laguntza kontratatu zuen eta 2017an 61.984 euroren kostua izan zuen. Udalak kontratu horretan jasotako prestazioen eta egikaritzaren jarraipena egin behar du, prestazio horietako batek agintea baliatzea eskatzen duen egiaztatzeko.

III.2.– Langileria.

– Udalaren aurrekontuko plantillak existitzen diren lanpostuak zerrendatzen ditu, baina ez ditu lanpostu bakoitzaren kreditu-zuzkidurak xehakatzen; ez eta ezohiko ordainsarietarako eta lanpostu jakinei ez dagozkien bestelako hartzekoetarako egindako osotasunezko balioespenak ere.

– Udalbatzak 2017an produktibitate-osagarri bat onartu zuen eta langile guztiei 53.582 euroren zenbatekoan kitatu zitzaien, ordansari-maila eta 2017ko laneratze-hutsak aintzat hartuta. Araudiak, baina, langile bakoitzaren etekina, interesa edo ekimena eta eskuratutako emaitzak balioztatuko direla aurreikusten du.

– Dedikazio esklusiboa zuten 2 zinegotziren ordainsariak eta bileretara joateagatik zinegotziei ordaindu beharreko zenbatekoak finkatzen zituzten Udalbatzen erabakiei ez zitzaien nahitaezkoa den publikotasuna eman.

– 2010ean langile baten lan-harremana mugagabe ez finko izendatzen zuen epaia ebatzi zen, LZan jasotzen ez diren egiturazko egitekoak betetzeko aldi baterako kontratatu ohi zena. Egoera irregular honek jarraitzen du 2017an.

– 2017an Udalak aldi baterako langileen 4 kontratazio egin zituen 2006an eta 2009an eratutako lan-poltsak baliatuta (administraria eta mantentze lanetako ofiziala); komeni da horiek berritzea.

– Udalak ez dizkio Foru Ogasunari aitortzen langileei ordaintzen dizkien gauzazko ordainsariak, batik bat bizitza aseguruak, 2017an 79.148 euro egin dutenak.

III.3.– Kontratazioa.

Fiskalizazio-gai izan den urtean indarrean zeuden 5 kontratu nagusiak aztertu ondoren, honako alderdi hauek azaleratu zaizkigu:

– Pleguek 3 kontratutan esleipen irizpide modura balioztatzen dituzte kalitate, ingurumen eta laneko segurantzako ziurtagiriak (1, 2 eta 5 zk. espedienteak), 5,7 milioi euroan esleitutakoak. Lehiatzaileei eskatzea badago, baina ez daitezke hautaketa-irizpidetzat har, kontratuaren xedearekin zerikusirik ez dutelako (A1 akatsa).

– Guztira 3,2 milioi euroan esleitutako 2 kontratutan eskatutako bermea (1 eta 2 zenbakiak), urteko kostua oinarri hartuta kalkulatu zen, kontratatutako guztizko kostua hartu beharrean (A2 akatsa).

– Guztira 4,7 milioi euroan esleitutako 3 kontraturen tramitazioan (2, 3 eta 5 zk.) aholku ematen duten kontratazio-mahaiko zenbait bileratan Kontu-hartzailea ez dela egon ikusi da (A3 akatsa).

– 2,2 milioi euroan egindako 2 esleipenen jakinarazpenek (2 eta 5 zk. kontratuak) ez zituzten hautaketa arrazoitzen zuten argudioak barne hartzen.

– Kiroldegia eta udal igerilekuak kudeatzeko kontratuak aurreikusten zuen Udalak parte izango zuela instalazioak sortzen zituen diru-sarreretan. Sarrera hauek hilero kitatzen ziren harik eta 2012an kopuru jakin bat finkatu zen arte; aldaketa onartu eta formalizatu egin behar izan zen. Berebat, onartu eta formalizatu behar izan zituzten urteko luzapenetan aplikatzen ziren prezio-berrikusketak (B akatsa).

– Udal aretoen garbiketa zerbitzuaren urteko prezioa 2017rako % 7,8 igo zen 2012an esleitutako urteko 413.996 euroren aldean; ordea, aldaketak, pleguetan aurreikusitako prezioen berrikuspenak eta beste bariazio batzuk ez zituen kontratazio-organoak onartu (B akatsa).

Alderdi orokorrak eta erosketa txikiak.

– 4 kontratutan prezioa balioztatzeko aurreikusitako proportzionaltasun soileko formulak murriztu egiten zuen faktore honen egiazko balioa, lizitazio prezioa berdintzen zuten eskaintzei puntuak emanez (2tik 5erako espedienteak).

– Udalak ez ditu udal kudeatzaileen eta zerbitzu-kontratuen esleipendun diren enpresen arteko harremana argitzeko eskatutako jarraibideak ebatzi, lan harreman baten aitortza eragin zezaketen ekintzak saihestearren.

– Aztertu diren espedienteetan ez da ageri espedientea baimendu aurretiko Kontu-hartzailearen nahitaezko txostena, plegua, irizpideak eta prozedura arautegiari egokitzen zaiola egiaztatzen duena.

– Erosketa txiki modura izapidetutako erosketak aztertzean ikusi da zazpi zerbitzu eta hornidura zuzenean esleitu direla, guztira 360.465 euroan; horiek publikotasunik gabeko prozedura negoziatu modura izapidetu behar ziratekeen. Gainera, erosketa homogeneoak egin direla ikusi da, 368.719 euroan, zeinek kontratazio ugari eragiten baitituzte; prestazio nagusietan aleko prezioak finkatuta meta litezke horiek guztiak.

III.4.– Transferentziak eta dirulaguntzak.

– 20 kirol elkarteri emandako 54.750 euroren dirulaguntzak banatu ziren deialdiaren irizpideak aintzat hartuta, baina finkatutako banaketarako formula aplikatu gabe.

– 20.000 euroren zenbatekoan 2 dirulaguntza izendunen emakida-ebazpenak ez zituen zehazten ez garatu beharreko jarduerak, ez justifikatzeko epea eta moldea. Halaber, egindako funtsen aurrerakina ere baimendu behar zukeen.

– Udalak ez zion publikotasunik eman dirulaguntzen emakida ebazpenei, indarreko legediak agintzen duen moduan. Aurkeztutako justifikazioari dagokionez, ez ziren jasota utzi organo diru-emaileak egindako egiaztaketak.

– Udalbatzak dirulaguntzen aldez aurreko fiskalizazioa mugatu zuen krediturik bazegoela egiaztatzera eta horiek zuzen justifikatzera, dirulaguntzen aldez aurreko ordainketak batere arautu gabe. Udal erregelamenduak aurreikusten duen geroko fiskalizazio erabatekoa ez zen gauzatu 2017an.

Meatzaldeko Behargintza, S.L.

– Sozietate honi 2017an egindako 35.626 euroren ekarpen orokorra arrazoitzen da 2012an Udalbatzak hartutako erabaki bidez, sozietatearen helburua osatzen duten udal zerbitzuak mankomunatzekoa, alegia. Sozietatearen estatutuek ez dituzte ekarpenak kalkulatzeko irizpideak arautzen.

– Aurreko ekarpen orokorraz gain, Udalak ordainketak egin zituen kontzeptu hauetarako:

* 58.400 euro Udalari eragiteagatik Udalaren garapen agentzia indartzen duten 2 langileren kostu osoa, zeina mandatu edo enkargu modura bideratzea komeniko bailitzateke.

* 69.415 euro EAEk ikastetxe kontzertatuari emandako dirulaguntza osatzeko, zeinaren titular baita Meatzaldeko Behargintza SL. Dirulaguntza hau berariaz onartu eta arautu behar litzateke.

– Gaztedi Meatzalde programa eta eskualdeko enplegu programa garatzeko hitzarmenek, hurrenez hurren, 44.530 eta 200.000 euroren urteanitzeko kredituak behar zituzten, Udalbatzak formalizatu aurretik onartu behar zituzkeenak. Berebat, ez ziren urteanitzeko kredituak onartu 44.105 euroren dirulaguntza deialdi baterako, 2017an deitu zena hurrengo urtean esleitzeko.

III.5.– Berandutza eta beste alderdi batzuk.

Ordainketa-epeei buruzko hiruhileko txostenek erakusten dute 2017an ordainketarako batez besteko epea 33,5 egunekoa izan zela, araudiak agintzen duen 30 eguneko epeaz gainetik.

Toki erakundeak gardentasun eta informazio publikorako irispidea izateari buruzko araudira egokitzeko prozesua 2015eko abenduan amaitu behar zatekeen. Informazio ekonomikoari dagokionez, ez dira udalaren webgunean barne hartzen ez aurrekontuak ez urteko kontuak. Honako hauei buruzko estatistikak ere barne hartu behar lirateke: kontratazioa eta dirulaguntzak; ondasunen aitorpena; eta zinegotzien jarduerak. Berebat, ez da hirigintzako hitzarmenen nahitaezko erregistroa eta artxiboa egiten.

IV.– Finantzaren Analisia.

Udalak azken ekitaldietan eta fiskalizazio-gai izan den urtean kitatutako magnitude nagusien bilakaera segidako taulan dago zehaztua:

(Ikus .PDF)

Sarrera arruntak: % 3,9 egin dute behera 2017 eta 2015 bitartean eta bariazio negatiboak izan dituzte bai sarrera propioetan bai transferentzia eta dirulaguntzetan:

– Zerga zuzenak, zeharkakoak, tasak eta bestelako sarrerak: % 1,8 egin dute behera hainbat kontzeptutan diru-bilketak behera egin izanaren ondorioz, nahiz azpimarratzekoak diren OHZa eta EIOZa, bariazioak izan direlako BFAk kitatutako kobrantzetan eta hirurtekoaren lehenengo urtearen aldean jarduera txikiagoa izan delako. Bestetik, JEZaren diru-bilketak hobera egin du Udalak hirurteko azken 2 urteetan garatutako ikuskatze-jardueraren ondorioz.

– Transferentzia eta dirulaguntza arruntak: % 5,1 egin dute behera osagai nagusi duen Udalkutxak behera egin izanaren ondorioz. Funts honetan kitatutako kopuruak % 10 egin zuen gora hirurtekoan, baina funtseko likidazioak onartzen diren urtean erregistratzeko kontularitzako irizpidearen ondorioz, kontzeptu honen izenean erregistraturiko diru-sarrerak % 7 egin zuen behera.

Funtzionamendu-gastuak: % 2,7 egin dute gora 2015 eta 2017 bitartean, xehakapen honekin:

– Langile-gastuak: % 3,5 egin dute behera aztertutako aldian, 2016an eta 2017an soldatak % 1 igo baziren ere eta bere horretan eutsi diote ordainsarien ordainketek eta behera egin dute gastu sozialek, 2015ean kalte-ordainak puntualki kitatu zirelako.

– Ondasun arrunten eta zerbitzuen kontratazioa: % 10,6 egin zuten gora, nabarmen behera egin zutelarik enpresek egindako lanek eta aldiz, gora konponketa eta zaintza gastuek eta askotariko gastuek. Gastuen kapitulu honetan eragina izan du ekitaldi bateko gastuek hurrengo ekitaldiko kontularitzan eragiteak, zeinak aldeak hein batean azal baititzake.

– Transferentzia eta dirulaguntza arruntak: % 15,6 egin dute behera, murriztu egin baitira Behargintza, SLri eta Mankomunitateari egindako ekarpenak eta Enplegu-planerako diru-izendapena.

Aurrezki gordina eta garbia: eragiketa arruntek sortutako aurrezki gordina % 5,5era mugatu zen hirurtekoaren lehengo urtean eta negatiboa izatera aldatu zen 2017an, aurrez adierazitako bariazioen ondorioz.

Kapital eragiketen emaitza: hirurtekoan inbertsioek 4 milioi euro egin dituzte eta horietatik % 52,2 dirulaguntza eta aktiboen salmenta bidez finantzatu da.

Gastu Orokorretarako Diruzaintza geldikina: aldagai honek gora egin du 2015 eta 2017 artean eta 3,8 milioi euro egin ditu 2017ko abenduaren 31n, sarrera arrunten % 29,3ren pareko.

Zorpetzea: Udalak ez du kanpoko finantzaketarik behar izan.

Ondorioa: Eragiketa arruntek aurrezkia sortzeari utzi diote 2017an eta Geldikina da inbertsioak finantzatzeko iturri nagusia, kapitaleko dirulaguntza eta aktiboen salmentarekin batera. HKEEren doiketek kopurua zuzendu zuten, zeina 2017ko abenduaren 31n 3,1 milioi euro izan baitzen.

Aurrekontuaren egonkortasuna: 38/2013 Foru Arauan ezarritakoari jarraikiz, Udalaren Kontu-hartzailetzak aurrekontuaren egonkortasun printzipioa, zor publikoa eta gastuaren araua betetzen dela egiaztatu du. 2017ko Likidazioa dela-eta, ondorio hauek eskuratu ditugu:

– Aurrekontuaren egonkortasun helburua bete du eragiketa ez finantzarioen 222.861 euroren superabita eskuratu duelako, aintzat hartuta ekitaldiko 2,6 milioi euroren inbertsioak Geldikinarekin finantzatu direla.

– Gastuaren araua bete da, ekitaldiko gastu zenbagarriak behera egin baitu.

Zorpetzeari dagokionez, Udalak ez du kanpoko finantzaketarik behar izan.

V.– Urteko Kontuak.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
VALLE DE TRÁPAGA-TRAPAGARANGO UDALAK BIDALITAKO ALEGAZIOAK

1 zenbakiko alegazioa:

II.1.– Legezkotasuna betetzeari buruzko iritzia. 1 Puntua. Txosten horren epigrafean aipatzen denari dagokionean:

Txostenean esaten da «hornidurako kontratu bat eta zerbitzuetako beste bost... ezelako prozedurarik gabe... kontratatu zirela».

Alegazioa:

Valle de Trápaga-Trapagarango Udala ez dator bat erredakzio horrekin, badirudielako 2017 urtean gaizki izapidetu zirela zerbitzu/hornidura horien kontratazio-espedienteak. Udalak uste du egoera hobeki deskribatzen dela esaten bada zerbitzu horiek eta hornidura hori 2017 urtean egin zirela, nahiz eta zegozkien kontratuen indarraldia amaituta egon.

Irregulartasunaren zioa:

Giza baliabide eza aipatu behar da ez-betetze horren zioen artean. Ikuskaturiko ekitaldian zehar bai Idazkaritza Sailean eta bai Kontu-hartzailetza Sailean A1 edo A2 taldeetako funtzionario bakarra zegoen. Bestalde, ez dago kontrataziora dedikatzen den beste ezelako sail, departamentu, alorrik, ezta eginkizun horiek esleituta dituen funtzionariorik.

Hala eta guztiz ere, 2017 ekitaldian, bulego teknikoan bakarrik, 29 kontratazio-espediente izapidatu ziren, jasota dagoenaren arabera.

Beste alde batetik, hornidurak (energia elektrikoa) eta zerbitzuak (etxez etxeko laguntza, lorategien mantenimendua, kale argiteriaren mantenimendua...) oinarrizko eta derrigorrezko zerbitzuak dira eta ezin dira eten harik eta kontratazio berri bat egin arte.

Hartutako neurriak:

Egoera irregular hau konponbidean dago, Udalak neurri hauek hartu baititu:

1) Udala atxiki egin da Bizkaiko Foru Kontratazio Zentralera.

2) Udalak energia elektrikoaren horniduraren esparru-akordiora atxikitzea erabaki du, 2020 eta 2021 urteetan.

3) Udalak gas naturalaren horniduraren esparru-akordiora atxikitzea erabaki du, 2020 eta 2021 urteetan.

4) Udalak Kontrataziorako Urteko Plana onartu du hurrengo 12 hilabeteetarako.

2 zenbakiko alegazioa:

II.1.– Legezkotasuna betetzeari buruzko iritzia. 5 Puntua.

Txostenean esaten da «2017 urtean ondasun arrunt eta zerbitzuetan 793.744 euroko erosketak egin zirela, aurrekontu krediturik Gabe».

Alegazioa:

Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren txostenaren A6 ataleko azken paragrafoan esaten den bezala, Valle de Trápaga-Trapagarango Udalak ekitaldiko (2017) gastu modura erregistratu zuen aurreko urteetako fakturak eta ez zituen 2017 urtearen barruan sartu (2018 urtean baizik) 2017 urteari zegozkion fakturak.

2017an kargatu ziren gastuak, 2016an kargatu behar zirenean 1.208 (mila).

2018an kargatu ziren gastuak, 2017an kargatu behar zirenean 841 (mila).

Aldizkakoak ez diren gastuen 2017ko saldoa 367 (mila).

Irregulartasunaren zioa:

Valle de Trápaga-Trapagarango Udalak n+1 ekitaldiari egozten ari zaizkio hilabete hauei dagozkien gastu batzuk:

– n ekitaldiko azaro eta abendukoak.

– n+1 ekitaldiko urtarriletik urrira artekoak.

Horri esker lehenago eduki ditzake eskura ekitaldiaren itxierako datuak eta bete dezake laugarren hiruhilabeteko kontuen informazioa emateko obligazioa (urtarrilaren 31 baino lehenago bidali behar da).

Halaber, aurrekontua kitatzea ahalbideratzen du eta antzematea diruzaintzako gerakinik dagoen hauxe egiteko:

– kreditu gerakina sartzea eta, horrela, aurreko urtean onartutako obren burutzapenarekin jarraitzea.

– inbertsio berriak finantziatzea, gerakina dagoela egiaztatu eta gero.

Hartutako neurriak:

2018 ekitaldia gastu orokorretarako 2.804.062,04 euroko diruzaintzako gerakin positiboarekin kitatu denez, kreditua gehitzea erabaki da gastuen 2 kapituluaren zenbait partidetan, 2019 ekitaldian islatu ahal izateko abenduari dagokion fakturazioa, hortik aurrera ekitaldi bakoitzean urteko 12 hilabete naturalei dagozkien fakturazioa islatuko delarik. 5 Agiria (2017 ekitaldiari dagokionean Kontu-hartzailetzak egin zuen aurrekontu-egonkortasunari buruzko txostenetik ateratakoa) eta 6 agiria.

3 zenbakiko alegazioa:

II.2.– Legezkotasuna betetzeari buruzko iritzia. 2 Puntua.

Txostenean esaten da Udalak ez duela jarraipenik egiten bere ibilgetuari eragiten dioten egitate ekonomiko esanguratsu guztien kontabilitate-erregistroa bermatzeko, eta, batez ere, ez daukala haren elementukako zehaztasunik eta ez duela zuzkidurarik egiten amortizatzeko. Horregatik guztiagatik, ezin dutela zehaztu aktibo ez-korronteko saldoek, 60 miloi eurokoek, ibilgetuaren benetako egoera islatzen duten 2017ko abenduaren 31ri dagokionean.

Alegazioa:

Udalak bere ondasunen inbentarioa eguneratu zuen 2012an eta data horretatik aurrera zuzenketa eta aldaketa jakin batzuk onartu ditu. Azken eguneratzean (2019ko apirilaren 25ean onartua) higiezin guztien banakako balorazioa sartu du, lurraren balioa eta eraikinarena bereiziz.

Balorazioa hau koherentea da Bizkaiko Foru Aldundiko katastro zerbitzuak egindako balorazioekin.

Beste alde batetik, Kontu-hartzaileak ariketa bakoitzaren urteko kontuei buruz egin duen txostenean jasota dago ibilgetuak ez duela islatzen lurren balioa, oraindik baloratzeke dagoelako.

4 zenbakiko alegazioa:

III.– Barne kontrolerako sistemei eta kudeaketa prozedurei buruzko kontsiderazioak. III 2 Pertsonala.

Txostenak esaten du produktibitatearen kalkulua egiteko kontuan hartu zela langile bakoitzaren absentismoa, baina arautegiak aurreikusten duela langile bakoitzaren errendimendua, interesa edo ekimena eta langileak lortutako emaitzak baloratu behar direla.

Alegazioa:

Produzitu dena eta lortzeko erabili diren baliabideen artean dagoen lotura da produktibitatea.

Epaitegiaren txostenak adierazten duen bezala (Finantza-azterketa. Funtzionamendu gastuak) 2015etik 2017ra pertsonal-gastuak bere horretan geratu ziren, 2016 eta 2017an % 1eko soldata igoerak egin baziren ere. Horren azalpena da zenbait zerbitzutan (Idazkaritza/ Zerbitzu Orokorrak eta Kontu Hartzailetza, adibidez) ez direla bete hutsik geratu lanpostuak eta aktiboan dauden langileei egotzita burutu direla hainbat eginkizun.

Esaterako, Idazkaritza-Zerbitzu Orokorren Sailean dauden 9 lanpostuetatik 3 hutsik egon ziren urte osoan zehar eta Zerbitzu Ekonomikoen Sailean dauden 6 lanpostuetatik 2 egon ziren hutsik urte osoan zehar.

5 zenbakiko alegazioa:

II.1.– Legezkotasuna betetzeari buruzko iritzia. 3 Puntua. Txosten horren epigrafean aipatzen denari dagokionean:

Txostenean esaten da 2017 urtean 247.492 euroko kostua zuen zerbitzu-kontratuaren objektua 4 espedientetan zatikatu zela eta prozedura negoziatuaren bidez esleitu zirela, publizitate eta lehiaren printzipioak bete gabe.

Alegazioa:

Txostenean esaten da ume eta gazteen aisialdiko zerbitzuak (umeen eta gazteen ludotekak zein uda eta Gabonetako jarduerak) prozedura negoziatu desberdinen bidez kontratatu direla, eta horiek guztiak batera 60.000ko kostua gainditzen dutenez, prozedura irekiaren bidez kontratatu behar zirela, hau da, uste da kontratuaren objektua zatikatu egin dela. Udala, ordea, ez dago horrekin ados, honexegatik:

Kontratuen objektuaren mugaketa egokia egingo bada ikuspegi bikoitzetik aztertu beharko da: bide positibotik, «batasun funtzionala»-ren kontzeptuaren bidez eta bide negatibotik, «zatikapen» nozioaren bidez.

«Batasun funtzionala», TRLCSP delakoaren 86.3 artikuluan erabilitako terminoa, kontzeptu juridiko zehazgabea da eta ulertu behar da kontratuaren objektua osatzen duten prestazioen multzoak «...bere kabuz funtzio ekonomiko edo tekniko bat betetzeko» duen gaitasun bezala. Ulertu behar da «batasun funtzionala» existitzen dela kontratua osatzen duten prestazio desberdinak ezin direnean banandu lortu nahi den helburu publikoa kaltetu edo galdu ez dadin. Hortaz, esan daiteke prestazioak kontratu bakar batean bildu behar direla bete beharko duten funtzioaren arabera eta ez prestazioen artean egon litekeen antzekotasunaren arabera. Herri Kontuen Euskal Epaitegiak «ume eta gazteen aisialdiko zerbitzuak» deiturikoetan antzekotasun gehiago edo gutxiago egon daiteke, baina uste da «batasun funtzional» independienteak osatzen dutela eta banan-banan kontratatzeak ez dakarkiola kalterik edo galerarik lortu nahi den helburu publikoari, eta erabilera edo aprobetxamendu banandua egin daitekeela.

TRLCSP delakoaren 86.2 artikuluak debekatu egiten du «zatiketa» eta xedatzen du «kontratu bat ezin izango dela zatikatu haren zenbatekoa gutxitzeko eta, hori dela medio, publizitate-eskakizuna edo esleitzeko prozedurei dagozkien eskakizunak ekiditeko». Hortaz, determinatzailea dena da bilatzen den helburua zenbatekoa gutxitzea izatea, publizitate edo lehia librearen eskakizunak saihesteko, eta kontua da hori ez dela hala izan, zeren 2018 eta 2019 urteetan Udalak banan-banan kontratatu zituelako berriro aipatu zerbitzuak, prozedura ireki sinplifikatuaren bidez, hots, 9/2017 Kontratuen Lege berrian aurreikusitako prozedura berriaren bidez, eta bertan jasota daudela loteetan ez banatzearen justifikazio-txostenak, aipatu legeak eskatzen duen bezala.

Laburbiltzeko, Udalak uste du Kultura Saileko zerbitzu hauen banan banako kontratazioa ongi eginda dagoela, eta beti jarraitu du Kontratuen Legeak une bakoitzean ezarri duen esleitzeko prozedura, hots, 2017 urtean publizitaterik gabeko prozedura negoziatua, zenbatekoaren zioz, eta 2018 eta 2019an, prozedura ireki sinplifikatuak.

6 zenbakiko alegazioa:

II.1.– Legezkotasuna betetzeari buruzko iritzia. 4 Puntua.

Txostean esaten da Udalak fakturak ordaindu zizkiola igerilekuen eta kiroldegiaren enpresa emakidunari instalazioetan egindako jarduera eta ikastaroengatik, baldintzen agirian ez direlarik aurreikusten ordainketa horiek.

Alegazioa:

Igerileku eta kiroldegiaren kudeaketarako kontratuan ez zen sartzen kontratistaren betebeharren artean (eta, hortaz, kanonean ez zen ordaintzen) Udalarentzako ezelako ikastaro edo jarduerarik egitea. Ikastaro horiek egitea ala ez Udalak erabakitzen du urtero bere politika sozialaren eta kulturalaren diseinuan.

Ikastaro edo jarduera horiek (igeriketa, gimnastika eta kirolarekin edo osasunarekin lotutako beste batzuk) emakidadun enpresarekin kontratatu ziren igerilekuaren eta kiroldegiaren ustiapen komertziala berariaz agertzen delako baldintza agirian (4. ataleko 2b puntua), enpresa emakidunaren eskubide gisa. Enpresak eta udalak partekatu egiten dituzte jarduera osagarri horiek egiteak sortzen dituzten diru-sarrerak.


Azterketa dokumentala