Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

2. zk., 2020ko urtarrilaren 3a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OGASUN ETA EKONOMIA SAILA
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
16

208/2019 DEKRETUA, abenduaren 17koa, Euskal Irrati Telebista erakunde publikoari Eusko Irratia, SA sozietate anonimo publikoaren kapital zabalkuntzan partaidetza izateko baimena ematen diona, eta, ondorioz, sozietatearen estatutuak aldatzen dituena.

Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuak hau ezartzen du 110. artikuluan: enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Jaurlaritzaren Kontseiluaren baimena beharko da, dekretu bidez emana; eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen sailburuak eta, zuzenean nahiz bitarteko erakunde baten bidez, sozietatea loturik duen edo loturik izango duen saileko buruak egin beharko dute, biek batera. Dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta ematen den egunetik aurrera izango du eragina.

Baltzuaren estatutuen arabera, sozietatearen helburua honako hau da: igorpen irratielektrikoez baliatuta, soinuak uhinen bidez –edo horretarako diren kableen bidez– sortzea eta zabaltzea –bitartekoz edo bitartekorik gabe– herritar guztiengana, edo herritar batzuengana; betiere helburua izanik informazioa, kultura, artea, aisialdia, merkataritza, publizitatea, hezkuntza-sistemarekin batera lan egitea, euskal kultura sustatu eta zabaltzea eta, batik bat, Euskara sustatu eta garatzea, eta, horietaz gain, aipatutako eginkizunekin bat etorri edo horien osagarri diren jarduera oro.

Eusko Irratia, SA sozietate anonimo publikoak, 2019ko azaroaren 4ko Batzar Orokor Unibertsal Ezohikoan, honako erabaki hau hartu zuen: kapital soziala ehun eta bat mila, hirurehun eta berrogeita hemezortzi (101.358) euro, gehitzea; eta, horretarako, bat koma zero zortzi (1,08) euroko balio nominala duten laurogeita hamahiru mila, zortziehun eta berrogeita hamar (93.850) akzio berri jaulkitzea, hurrenez hurren 563731tik 657580ra zenbakituak, biak barne.

Euskal Irrati Telebista erakunde publikoa da aipatu erakundearen akziodun bakarra; horrenbestez, sozietate horretan bazkide izateari dagozkion eskubideez baliatuko da, akzio berriak eskuratzeari buruzko erabakia hartzearren. Halaber, lehenengo paragrafoan azaldutakoarekin bat, Jaurlaritzaren Kontseiluaren baimena behar da akzio berriak eskuratzeko.

Azkenik, Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 14.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, Euskal Irrati Telebista zuzenbide pribatuko ente publikoa Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari atxikita dago.

Horren ondorioz, Ogasun eta Ekonomiako sailburuaren eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren proposamenez, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2019ko abenduaren 17an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Euskal Irrati Telebista erakunde publikoari baimena ematea Eusko Irratia, SA sozietate anonimo publikoaren kapitalaren gehikuntzan parte hartzeko, hain zuzen ere, ehun eta bat mila, hirurehun eta berrogeita hemezortzi (101.358) eurotan; eta, horretarako, bat koma zero zortzi (1,08) euroko balio nominala duten laurogeita hamahiru mila, zortziehun eta berrogeita hamar (93.850) akzio berri jaulkitzeko.

Euskal Irrati Telebista erakunde publikoak zabalkuntzaren % 100ean parte hartuko du. Hortaz, aipatutako kapital-zabalkuntzaren ondoren, Euskal Irrati Telebista erakunde publikoak honako partaidetza izango du: 710.186,40 eurokoa, 657.580 akzio berdinetan banatuta, bakoitzak 1,08 euroko balioa duela. Hau da, sozietatearen etorkizuneko kapitalaren % 100ari dagokion partaidetza.

2. artikulua.– Eusko Irratia-Radiodifusión Vasca, SA sozietatearen Estatutuen 5. artikulua aldatzeko baimena ematea, honela idatzita geratzeko: «Sozietatearen kapital soziala zazpiehun eta hamar mila, ehun eta laurogeita sei koma berrogei euro (710.186,40) izango da, 657.580 akzio izendunetan banatuta. Akzio bakoitzak 1,08 euroko balio nominala du, 1etik 657.580ra arteko zenbakiak (biak barne) dituzte hurrenez hurren eta Euskal Irrati Telebista erakundeak guztiz harpidetu eta ordainduko du.»

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2019ko abenduaren 17an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ogasun eta Ekonomiako sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala