Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

242. zk., 2019ko abenduaren 20a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
5844

EBAZPENA, 2019ko abenduaren 10ekoa, Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordearena, zeinaren bidez argitara ematen baita, arlo estrategikoetan elkarlaneko ikerketa sustatzeko laguntzen (Elkartek Programa) 2020ko ekitaldirako I. faserako deialdia.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2016ko abenduaren 9ko Aginduaren bidez (2016ko abenduaren 29ko EHAA, 247. zk.), arlo estrategikoetan Elkarlaneko Ikerketa sustatzeko laguntza-programa arautzen da: Elkartek Programa. Agindu hori Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2018ko abenduaren 17ko Aginduak aldatu du (2018ko abenduaren 27ko EHAA, 248. zk.).

Aipatutako agindu arautzailearen 10. artikuluan ezarritakoaren arabera, I. fasearen –proiektuak onartzea eta hautatzea– deialdia egin behar da 2020rako, horretarako beharrezkoak diren arauak zehaztuz.

Horrenbestez, erreferentziako dekretuaren 10. artikuluan ezarritako ahalmena erabilita, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen helburua hauxe da: Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2016ko abenduaren 9ko Aginduan aurreikusitako I. fasearen –proiektuak onartzea eta hautatzea– deialdia egitea 2020ko ekitaldirako. Agindu horren bidez, arlo estrategikoetan elkarlaneko ikerketa sustatzeko laguntza-programa arautzen da – Elkartek Programa.

2. artikulua.– Eskabideak eta epea.

1.– Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2016ko abenduaren 9ko Aginduaren 11. artikuluan ezarritako zehaztapenekin bat etorriz egin beharko da eskabidea –agindu horren bitartez, arlo estrategikoetan elkarlaneko ikerketa sustatzeko laguntza-programa arautzen da (Elkartek Programa)–. Agindu hori Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2018ko abenduaren 17ko Aginduak aldatu du (2018ko abenduaren 27ko EHAA, 248. zk.).

2.– Eskabidera sartzea eta berori betetzea honako egoitza elektronikoan soilik egin ahalko da:

http://www.industria.ejgv.euskadi.eus/r44-teletram/es/ (gaztelania)

http://www.industria.ejgv.euskadi.eus/r44-teletram/eu/ (euskara)

3.– Eskabideak aurkezteko epea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, 09:00etan; amaitu, berriz, 2020ko otsailaren 27ko 12:00etan amaituko da.

4.– Deialdi honetara, 2020-2021 epealdian garatuko diren proiektuak aurkeztu ahal izango dira.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, ebaluazio-organo bat eratzen da, zeinaren osaera hauxe izango baita:

Lehendakaria: Teknologiaren arloan eskumenak dituen Zuzendaritzako titularra, Alberto Fernández González eta ordezkoa: Ekintzailetzaren, Berrikuntzaren eta Informazio Gizartearen arloan eskumenak dituen Zuzendaritzako titularra, Aitor Urzelai Inza.

Honako kide hauek bokalak izango dira:

– Industriaren Garapenaren arloan eskumenak dituen Zuzendaritzako titularra, Mikel Amundarain Leibar; eta ordezkoa: Industriaren Garapenaren arloan eskumenak dituen Zuzendaritzako teknikari bat, Agustín García Pérez.

– SPRIren ordezkaria, Maite Hernández Hernández; eta ordezkoa: Miguel García Altuna.

– Teknologiaren arloan eskumenak dituen Zuzendaritzako teknikari bat, Jesús Ángel Martínez Martínez; eta ordezkoa: Natividad Niño Bartolomé, zeinak idazkari-lanak egingo baititu.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko abenduaren 10a.

Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordea,

ESTÍBALIZ HERNÁEZ LAVIÑA.


Azterketa dokumentala