Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

236. zk., 2019ko abenduaren 12a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
5695

EBAZPENA, 2019ko azaroaren 25ekoa, Plangintza eta Antolaketako zuzendariarena, zeinaren bidez iragartzen baita Lanbide Heziketako erdi- eta goi-mailako heziketa-zikloetara sartzeko 2019-2020 ikasturteko probetarako deialdia.

Lanbide Heziketako heziketa-zikloetara sartzea arautzen duen Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako 2016ko otsailaren 11ko Aginduaren 2.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak heziketa-zikloetara sartzeko proba baterako deialdia egingo du gutxienez urtean behin.

Horren ondorioz, hauxe

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdia.

Lanbide Heziketako erdi- eta goi-mailako heziketa-zikloetara sartzeko 2019-2020 ikasturteko probetarako deialdia egiten da, irakaskuntza horietara zuzenean sartzeko betekizun akademikoak betetzen ez dituztenentzat.

Plaza-kopuru hauek sartzen dira deialdian: erdi-mailako probarako, laurehun plaza, eta, goi-mailako probarako, bederatziehun plaza.

Erdi-mailako edo goi-mailako probetarako eskatzaileen kopurua txikiagoa bada dagokion kuporako iragarritako plaza-kopurua baino, soberakin hori erabili ahal izango da beste kupoan eskaera gehiegi egonez gero.

2. artikulua.– Onartzeko lehentasun-irizpideak.

Eskaera-kopurua handiagoa bada deialdian jasotako plaza-kopurua baino, lehentasun-ordena ezarriko da, lehentasun-irizpide hauen arabera:

1.– Aurreko bi urteetako deialdietan Euskal Autonomia Erkidegoko sarrera-probaren zatiren bat gainditu izana, Lanbide Heziketako heziketa-zikloetarako sarbidea arautzen duen Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2016ko otsailaren 11ko Aginduaren 5. artikuluko 3. puntuaren arabera.

2.– Bizilekua Euskal Autonomia Erkidegoan izatea. Erantsi beharreko errolda-ziurtagirian agertzen dena hartuko da.

3.– Antolamendu alfabetikoa, abizenen eta izenaren arabera. Antolamendu hori «L» letratik hasiko da, Langileak Kudeatzeko zuzendariaren 2019ko otsailaren 14ko ebazpenean zehaztutakoaren arabera. Ebazpen horren bidez, 2019-2020 ikasturtean ordezkapenetarako hautagaiak kudeatzeko prozesuan ordena alfabetikoa zehaztuko duen letraren zozketaren emaitza argitaratu zen, bai eta 2019-2020 ikasturtean zehar iragar daitekeen beste edozein hautaketa-prozesutan ere.

3. artikulua.– Izen-emateak eta informazioa.

1.– Proba horiek egiteko eta, hala badagokio, dagozkien salbuespenak lortzeko, izangaiek 2020ko urtarrilaren 28tik otsailaren 7ra bitartean (biak barnean direla) izena eman beharko dute eta salbuespenak eskatu, kasu bakoitzean dagokion dokumentazioa erantsita.

2.– Honako bi era hauetako batean aurkeztu ahal izango dira eskabideak:

● I. eranskinean adierazitako ikastetxeetan.

● Online, hezkuntza-arloan eskuduna den sailak hartarako gaitutako aplikazio informatikoaren bitartez. Online aurkezteko, https://ikasgunea.euskadi.eus helbidean sartu behar da, Hezkuntza Sailak hartarako diseinatu duen aplikazio informatikoaren bitartez.

3.– Probak euskaraz edo gaztelaniaz egin ahal izango dira.

4.– Ikastetxea esleitzeko irizpideak:

● Azterketa-eskubideak ordaindu ondoren probetarako onartutakoen behin betiko zerrenda argitaratuta, ikastetxe bakoitzeko eskatzaileen kopuruaren arabera, Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzak berresleipenak egin ahal izango ditu ikastetxeen artean. Kasu horretan, eta une horretatik aurrera, zerrenda horretan agertzen den ikastetxea izango da ikasle horien erreferentziazko ikastetxea.

● Berresleitutako ikasleen espedienteak berresleitzearen ondorioz dagokien ikastetxeetara bidaliko dira. Interesduna inskribatu den ikastetxea arduratuko da lekualdaketa hori egiteaz.

5.– Inskribatzeko unean, egiaztatuko da interesdunak baliozko erabiltzailea eta pasahitza dituela Ikasgunean.

6.– I. eranskinean jasotako inskripzio-ikastetxeek eta Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzek honako hauei buruzko informazioa emango diete interesdunei: sartzeko baldintzak, salbuespen-eskaerak, egiteko data, proben edukia eta proba horiekin lotutako gainerako informazioa.

7.– Ikasturte berean, pertsona batek ezin izango du sarrera-probetarako izena eman autonomia-erkidego batean baino gehiagotan. Baldintza hori betetzen ez bada, inskripzioa baliogabetu egingo da. Betekizun hori betetzen dela azaltzen duen zinpeko adierazpena jasoko du matrikula eskatzeko dokumentuak.

8.– Dokumentazioa. Izena emateko unean, eta, nolanahi ere, izena emateko epea amaitu arte, eskatzaileek honako hauek entregatu beharko dituzte:

● Nortasuna egiaztatzeko fotokopia sinplea (NAN, AIZ, AIT edo pasaportea).

● Gehienez ere 3 hileko antzinatasuna duen erroldatze-ziurtagiria.

● Hala badagokio, tasei nahiz azterketa-zatiei dagokienez eskatutako salbuespenak justifikatzeko dokumentazioa.

4. artikulua.– Onartuen eta baztertuen zerrenda.

Izangaiek 2020ko otsailaren 11tik aurrera kontsultatu ahal izango dute onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda, Ikasgunean eta euren inskripzio-ikastetxeko idazkaritzan.

2020ko otsailaren 11tik 21era, biak barnean direla, zerrenda horren aurkako erreklamazioak egin ahal izango dira, bai inskripzio-ikastetxeetako idazkaritzan, bai Ikasgunearen bidez.

Probarako onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda Ikasgunean eta inskripzio-ikastetxeko idazkaritzan kontsultatu ahal izango da, 2020ko otsailaren 25etik aurrera.

5. artikulua.– Tasak ordaintzea.

Onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda argitaratu ondoren, sarbide-probetarako azterketa-eskubideak ordaindu beharko dira. Matrikula dagokion prezio publikoa ordaindu ondoren bakarrik izango da eraginkorra.

Inskripzio-frogagirian agertzen den web-helbidean (URL) edo inskripzio-ikastetxeko idazkaritzan eskuratu beharko da ordainketa-gutuna.

Azterketa-eskubideak ordaintzeko epea 2020ko otsailaren 25etik martxoaren 6ra bitartekoa da, biak barnean direla.

Azterketa-eskubideak ordaindu ondoren probetarako onartutakoen behin betiko zerrenda jasotzen duen ebazpena Ikasgunearen bidez eta inskripzio-ikastetxeko idazkaritzan eskuratu ahal izango da, 2020ko martxoaren 13tik aurrera. Gainera, zerrenda horretan, pertsona bakoitzari probak egiteko esleitu zaion ikastetxea adieraziko da, eta, une horretatik aurrera, ikastetxe hori izango da proba horiek egiteko erreferentziazko zentroa.

Hezkuntza-arloan eskumena duen saileko sailburuaren 2013ko uztailaren 10eko Aginduaren 6. artikuluaren arabera –horren bidez, hezkuntza-arloan eskumena duen sailak ematen dituen hezkuntza-zerbitzuen prezio publikoak finkatzen dira–:

● Lanbide Heziketako erdi-mailako eta goi-mailako heziketa-zikloetara sartzeko probarako aplikatu beharreko prezio publikoa 18 eurokoa izango da.

● Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legearen testu betegina onartzeko irailaren 11ko 1/2007 Legegintzako Dekretuak aipatzen dituen modalitateen bitartez ordaindu ahal izango da. Kreditu-erakunde kolaboratzaileek lagunduko dute horretan.

● Prezio publikoaren salbuespenak eta hobariak:

○ Lanbide Hastapeneko bigarren maila batetik datozen ikasleak prezio publikotik salbuetsita egongo dira.

○ Prezio publikotik salbuetsita egongo dira, halaber, kategoria bereziko familia ugarietako ikasleak, bai eta Terrorismoaren biktimei laguntza integrala emateko sistema garatzen duen azaroaren 9ko 290/2010 Dekretuaren 25. artikuluan jasotako kasuetan dauden ikasleak ere.

○ Prezio publikoaren % 50eko hobaria izango dute kategoria orokorreko familia ugarietako ikasleek.

6. artikulua.– Emandako eta ukatutako salbuespenen behin-behineko zerrenda.

Salbuespenen behin-behineko zerrenda 2020ko martxoaren 27an argitaratuko da, eta Ikasgunearen bidez eta erreferentziazko ikastetxeko idazkaritzan eskuratu ahal izango da.

2020ko martxoaren 27tik apirilaren 3ra, biak barnean direla, zerrenda horren aurkako erreklamazioak egin ahal izango dira, bai Ikasgunearen bidez, bai erreferentziazko ikastetxeetako idazkaritzan.

Salbuespenen behin betiko zerrenda Ikasgunean eta erreferentziazko ikastetxeko idazkaritzan kontsultatu ahal izango da, 2020ko apirilaren 7tik aurrera.

7. artikulua.– Argitaratzeko eta kontsultatzeko tokiak.

Prozesuaren faseen jarraipena interesdunek egingo dute, Ikasgunerako sarbide pertsonalaren bidez, eta erreferentziazko ikastetxean ere kontsultatu ahal izango da.

Prozesuari buruzko informazio orokorra Lanbide Heziketako web-helbidean eskuratu ahal izango da: www.euskadi.eus/fp-lh

8. artikulua.– Probak egitea.

1.– Egin beharreko proben egutegia:

(Ikus .PDF)

2.– Probak non egingo diren:

Azterketa-eskubideak ordaindu ondoren onartutakoen behin betiko zerrendan pertsona bakoitzari adierazi zaion lekuan egingo dira probak.

Probak egingo diren ikastetxeetako zuzendaritzen ardura izango da tokiak antolatzea eta proben antolaketa ikuskatuko duten langileak nortzuk izango diren zehaztea. Halaber, ikastetxe horietako idazkaritzek proben kalifikazio-aktak zainduko dituzte.

Probei buruzko gainerako agiriak, deialdi bakoitzari dagozkion ariketak barnean direla, erreklamatzeko epeak indarrean dauden bitartean gordeko dira.

3.– Probak lantzea.

Lanbide Heziketako heziketa-zikloetarako sarbidea arautzen duen Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2016ko otsailaren 11ko Aginduaren 2. artikuluaren arabera:

● Probak eta ebaluazio-irizpideak komunak izango dira ikasle guztientzat, eta Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzak zehaztuko ditu.

● Ebaluazio-batzordeak eratuko dira zehaztutako ikastetxe publikoetan.

● Hezkuntza Ikuskaritzak egingo ditu prozesuaren gaineko ikuskaritza- eta aholkularitza-lanak.

9. artikulua.– Probaren emaitzak eta erreklamazioak.

2020ko maiatzaren 15ean argitaratuko da proben behin-behineko emaitzak jasoko dituen ebazpena. Izangaiek Ikasgunean eta erreferentziazko ikastetxeko idazkaritzan ikusi ahal izango dituzte emaitzak. Une horretatik aurrera eta 2020ko maiatzaren 29ra arte, erreklamazioak egin ahal izango dira, bai Ikasgunearen bitartez, bai erreferentziazko ikastetxeko idazkaritzan.

Proben behin betiko emaitzak jasotzen dituen ebazpena Ikasgunearen bidez eta erreferentziazko ikastetxeko idazkaritzan argitaratuko da, 2020ko ekainaren 5ean.

10. artikulua.– Proben ziurtagiriak.

Proba osoa gainditu duten ikasleek ziurtagiria eskuratu ahal izango dute. Horretarako, euren erabiltzailearekin eta pasahitzarekin sartu beharko dute Ikasgunean, edo erreferentziazko ikastetxeko idazkaritzan jaso ahal izango dute, betiere 2020ko ekainaren 5etik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honetan arautzen ez den guztirako, prozedura-arloan osagarri gisa aplikatuko dira Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea.

Proben garapenarekin eta edukiarekin lotutako beste gai batzuetarako, Lanbide Heziketako heziketa-zikloetarako sarbidea arautzen duen Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2016ko otsailaren 11ko Aginduan xedatutakoa bete beharko da.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko azaroaren 25a.

Plangintza eta Antolaketako zuzendaria,

NICOLÁS SAGARZAZU ALZUA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala