Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

228. zk., 2019ko azaroaren 29a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
5538

AGINDUA, 2019ko azaroaren 19koa, Hezkuntzako sailburuarena, 2020ko ekitaldian ekipamendu zientifikoa eskuratzeko laguntzen deialdia egiteko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoko zientzia- eta teknologia-ahalbideak areagotu beharra dago, eta ikertzaile-taldeek arrakastaz eta gaitasunez parte hartu behar dute Europako ikerketa-espazioaren eraikuntzan. Horregatik, sail honek kudeatzen duen ekipamendu zientifikoko laguntzen programarekin aurrera jarraitu behar da.

Agindu honen bidez, azpiegitura handien erabilera errazten zaie horrelakoak behar dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko talde zientifiko guztiei, ikerketa-taldeek sarean jardun dezatela sustatuz.

Herri Administrazioen dirulaguntzak emateko jarduera arautzen duten printzipioen arabera ebatziko da deialdi hau, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritako eran, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta 38/2003 Legearen Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan ezarritako oinarrizko araudiarekin eta laguntzei eta dirulaguntzei aplikatzekoak zaizkien gainerako xedapenekin bat.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan ezartzen duenaren babespean, deialdi hau elektronikoki izapidetuko da.

Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 79/2017 Dekretua kontuan hartu da (2017ko apirilaren 21eko EHAA, 76. zk.).

Azkenik, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura egindako gastu-espedienteen aurretiko izapideak arautu dituen Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduarekin bat etorriz.

Sailaren 2019rako dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartzen duen Hezkuntzako sailburuaren aginduan sartzen dira agindu honetan araututako laguntzak.

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da 2020an 18.000 eta 240.000 euro bitarteko kostua (BEZik gabe) duten ekipamendu zientifikoak erosteko dirulaguntzak ematea.

Deialdi honen ondorioetarako, ekipamendu zientifikotzat hartzen da I+G+b jarduerak garatzeko behar diren baliabide fisikoen (ekipoen) multzoa.

2. artikulua.– Kreditu erabilgarria.

1.– Deialdi honetarako, 500.000 euro erabiliko dira.

2.– Eman beharreko laguntza guztien bolumenak ez du gaindituko kontsignazio hori.

3. artikulua.– Entitate onuradunak.

1.– Deialdiko eskaera baten entitate onuraduntzat joko dira, bai eskaera aurkezten duen entitatea, zeinak proiektuak egiteko ekipamenduaren beharra justifikatu behar duen, bai laguntza emango dioten beste entitate batzuk, halakorik baldin badago, baldin eta bere proiektuak gauzatzeko ekipamendu horren beharra justifikatzen badute, eta, betiere, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den unean Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen Erregistroan akreditatuta badaude (aurrerantzean, ZTBES) –Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzko ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren 28. artikuluan jasotakoa–, honako kategoria hauetan:

– Oinarrizko eta Bikaintasuneko Ikerketa Zentroak.

– Unibertsitateen Ikerketa Egiturak (UPV/EHU izan ezik).

– Ikerketa Kooperatiboko Zentroak.

– Teknologia Zentroak.

Entitate bat baino gehiago direnean, bat eskatzaile izango da eta besteak laguntzakoak.

2.– Laguntza-entitateek eskaeran parte hartuko dute; alegia, ikerketa-taldeak utziko dituzte eta taldeok eskaeraren xede den ekipamendu zientifikoa erabiliko dute beren ikerketa-proiektuetan.

3.– Entitate onuradunek, laguntza jasotzen duten aldian, baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Entitateak ezin izango dira onuradun izan baldin eta dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko zehapenen bat badute bide penaletik edo administrazio-bidetik, edo horretarako ezgaitzen dituen legezko debekuren baten eraginpean badaude, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne direla, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz.

b) Entitate onuradunek egunean izan beharko dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Gainera, entitate onuradunek dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izan behar dituzte.

Baldintza hori bete beharko da bai onuradun izateko eta bai izaera horri eusteko dirulaguntzaren likidazioa egin arte. Alde horretatik, egiaztapenak egingo dira bai dirulaguntza ematen denean eta bai ordainketak egiten direnean.

c) Ezin izango dira agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan honako xedapen hauetan jasotako egoeraren batean daudenak: Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.5 artikuluan.

4. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen kontzeptuak eta ekipamenduen eta proiektuen betekizunak.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, agindu honen 1. artikuluan definitutako ekipamendu zientifikoak izango dira diruz lagun daitezkeen gastuak, baldin eta inongo zalantzarik gabe behar-beharrezkoak badira eta eskaera egiteko epea amaitzen denetik 2020ko abenduaren 31ra arte egiten badira.

Ekipamenduaren eskuratze-kostuak ez du, inola ere, merkatuko balioa gaindituko.

2.– Ekipamenduek eskaeran parte hartzen duten entitateetako ikerketa-taldeen oraingo zein etorkizuneko ikerketa-proiektuak egiteko egokiak eta beharrezkoak izan behar dute. Ekipamendua erabiliko duten proiektuak 2020an eta 2021ean garatuko dira, ekipamendua entitate onuradunean funtzionatzen hasten denetik.

Ez dira diruz lagunduko deialdi honetako eskaera egin aurretik eskuratutako ekipamenduen gastuak.

3.– Agindu honen bidez diruz lagunduko diren ondasunak dirulaguntza eman den xede zehatzerako erabiliko dira, gutxienez bi urtez.

4.– Ekipamenduaren erabilerarekin lotuta dauden proiektuek administrazio publikoek eskaeran parte hartzen duten entitateei espresuki finantzatuta egon behar dute.

Eskatutako ekipamendua erabiliko duen proiektua onartzeko, ezinbestekoa izango da ikertzaile nagusiak eskaeran parte hartzea; gainera, eskaera sinatzen duten gainerako pertsonek ere berariaz lan egin beharko dute proiektu horietan.

5.– Eskatutako ekipamendua, funtsean, gailu bakarra izango da, teknologikoki oinarrizkoa edo ardatza, eta 18.000 euro eta 240.000 euro artekoa. Gailu horrekin batera, aukerazko zenbait osagai edo modulu eros daitezke, gailu nagusiarekin batera funtzionamendu-unitate bakarra osatzen baldin badute. Aukerako osagaiak ez dira finantzatuko, gailu ardatzari edo oinarrizkoari lotzen ez bazaizkio.

Ezin izango dira finantzatu firma komertzial bat baino gehiagoren gailuetarako eskaerak, guztien artean funtzionamendu-unitate bakarra osatzen ez badute. Era berean, ezin da ekipamendu bereko ale bat baino gehiago eskatu.

6.– Ekipamendu bat beste erakunde batek kofinantzatzen badu, erakunde horrek ekipamendua erosteko esleitutako finantzazioa adierazi beharko du emandako ebazpenean. Ekipamendu horrek deialdi honetan eskatutakoaren berdina izan beharko du.

7.– 90.000 eurotik gorako ekipamenduak langile espezializatuek erabili behar dituzte, eta mantentze-lan zorrotzak eskatzen dituzte. Hori dela eta, eskaeran parte hartzen duten entitateek ekipamenduaren eskuragarritasun eta errentagarritasun ahalik eta handienak egiaztatu behar dituzte. Horretarako, ekipamendua erabiltzeko operadore egokiak eta ekipamenduaren urteko mantentze-kontratua izateko konpromisoa hartuko dute.

8.– Eskaeran laguntza-entitate batek parte hartzen badu, eskatutako ekipamenduaren erabilera kudeatzeko araudi bat aurkeztu beharko da, eskaeran parte hartzen dutenen artean partekatuko dena.

9.– Deialdi honetatik beren beregi baztertzen dira ondoko hauek: eraikinak birmoldatzeko edo hobetzeko obra zibilak; erabilera orokorreko (alegia, erabilera ez-zientifikoko) altzari, gailu eta tresnak, irakaskuntzarako edo kalitatea kontrolatzeko eta zerbitzu teknikoak emateko erabiltzen direnak; bulegoko altzari, gailu eta tresnak; kudeaketako ekipo informatikoak. Aitzitik, prozesuak kontrolatzeko ordenagailuak eta kalkulu matematikoko ekipo bereziak onartu egingo dira.

10.– Artikulu honetan diruz lagun daitezkeen gastuei buruz arautu ez denerako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan adierazitakoa beteko da.

11.– Laguntza hauei dagokienez, egindako gastutzat hartuko da betearazpen-aldian egin eta agindu honetan ezarritako gastuak egiaztatzeko aldia amaitu baino lehen ordaindu dena.

5. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa eta horiek zehaztea.

1.– Ekipamenduak eskuratzeko laguntzen diru-zenbatekoa finantza daitekeen gehieneko ehunekoaren arabera zehaztuko da. Ehuneko hori ekipamenduaren kostua oinarri hartuta lortuko da, taula honen arabera. Gehieneko finantzazio-ehuneko hori organo kudeatzaileak onartutako ekipamendu-kostuari aplikatuko zaio, eta behin kontuan hartuta dirulaguntza jasoko duen eskaera bakoitzerako onartutako kofinantziazioak eta Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioaren Ikerketako Estatu Agentziaren Koordinazio eta Ebaluazio Azpiatalak eginiko gomendioak, dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztuko da.

(Ikus .PDF)

2.– Entitate eskatzaileak deialdi honen bidez jasoko duen laguntza osatzeko kopurua jartzeko konpromisoa hartuko du, harik eta, gutxienez, eskatutako ekipamendurako organo kudeatzaileak onartu duen eskaeraren zenbatekora iritsi arte; zenbateko hori aurreko paragrafoan deskribatu da.

3.– Erosketak dakartzan zergak ordaintzeko kostuak, ordea, ez dira finantzatuko.

6. artikulua.– Ikertzaileen betekizunak.

1.– Eskaeran parte hartzen duen entitate bakoitzeko (eskatzailea edo laguntzakoa) gutxienez 3 ikertzaile zerrendatuko dira eskaeran. Ikertzaileok, bada, ekipamendu zientifikoa erabiliko den proiektuan/proiektuetan lan egingo duen ikertzaile-taldea osatuko dute.

2.– Gailua erabiliko den proiektuetako ikertzaile nagusiek ekipamenduaren eskaeran parte hartu beharko dute ikerketa-talderen batean: eskatzailean edo laguntzakoan.

3.– Ikertzaile bakoitzak deialdi honetako eskaera bakarrean parte hartu ahal izango du, dela entitate eskatzaileko kide gisa, dela laguntza-entitateko kide gisa. Doktore-tesia egiteko kontratatutako pertsonek ezingo dute ekipamenduen eskaeran parte hartu (prestatzen ari diren doktoratu aurreko ikertzaileak, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 21. artikuluaren arabera).

4.– Parte hartuko duen ikertzaile bakoitzak 2020. eta 2021. urteetarako esleitutako edo eskatutako beste proiektu batzuetan zenbat ordu konprometitu dituen adierazi beharko du.

5.– 2019. urteko deialdian dirulaguntza bat eskuratu duten ikertzaileek ezin izango dute deialdi honetako ekipamendu-eskaera batean parte hartu.

6.– Entitate eskatzaileak edo laguntzakoak deialdiko eskaerak entregatzeko epea amaitu baino lehen kontratatu behar du ikertzaile bakoitza, 2021eko abenduaren 31ra arteko aldirako, gutxienez, eta ekipamendua erabiliko duten proiektuetan aurreikusitako dedikazio berbererako, gutxienez.

7.– Ikertzaileak obra-kontratu bat badu, agiri bidez frogatu beharko du obraren iraupena eta kontratuaren luzapena, halakorik bada. Gainera, aipatu obrari zenbat ordu eskaini behar dizkion adierazi beharko du, argi gelditu dadin nahiko ordu eskain diezazkiela proiektutan konprometitutako jarduerei.

8.– Deialdiaren ondorioetarako, Ikerbasque Fundazioak Research Professor, Research Associate edo Research Fellow kategorietan kontratatutako ikertzaileak, baldin eta entitate bati atxikita badaude, entitate horretako langileak direla ulertuko da; betiere, atxikipen-agiria aurkezten badute.

7. artikulua.– Dirulaguntzak kudeatzeko organoa.

Hezkuntza Saileko Ikerketa Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan azaltzen diren laguntzak kudeatzea.

8. artikulua.– Eskaerak formalizatu eta aurkeztea.

1.– Eskaerak aurkezteko epea 2020ko urtarrilaren 10ean amaituko da, eta ezin izango dira aldatu aurkeztu ondoren.

Datuak larriki ezkutatzeak edo aldatzeak, edo eskatutako informazioa edo eskaeraren aplikazio telematikoan sartutako agiriak manipulatzeak eskaera ezestea ekarriko du.

2.– Agindu honen I. eranskinarekin bat etorriz bete beharko da eskaera. Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan eskuratu ahal izango da eskaeraren formularioa, helbide honetan: http://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2020/ekizien/web01-tramite/eu/

Eskaera bi urratsetan egin beharko da:

Lehenik, laguntza eskatuko duen ikertzaile nagusiak alta eman beharko du aplikazioan erabiltzaile gisa, dagoeneko ez bada, edo ziurtapen elektroniko pertsonalaren bitartez sartu (esate baterako, NAN elektronikoa erabiliz). Hori egin eta gero, aipatutako aplikazioan zehaztutako jarraibideak jarraitu beharko ditu, harik eta eskaera erabat bete arte.

Ondoren, eskaera aipatutako aplikazioan bete ondoren eta agindu honen I. eranskinean zehaztutako agiri atxikiak gehitu ondoren, entitateak edo legezko ordezkariak eskaera elektronikoki sinatu beharko du, eta erregistratuta geldituko da. Hala egin ezean, ez da erregistratuta geldituko. Horretarako, entitate eskatzaileak eskaera elektronikoki sinatzeko entitatearen txartela eduki beharko du, edo, bestela, legezko ordezkariak Eusko Jaurlaritzaren Ordezkarien Erregistroan alta emanda egon beharko du (Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuaren 2012ko abenduaren 14ko Agindua), esteka honetan: https://euskadi.eus/representantes.

3.– Parte hartuko duten gainerako ikertzaileek beren NAN edo AIZ zenbakia adierazi beharko dute eskaeran. Administrazio eskudunak automatikoki egiaztatuko du zenbakia aipatu aplikazioan, elektronikoki.

4.– Eskaerak honako hauetan aipatutako egoerei buruzko erantzukizunpeko adierazpena jaso beharko du: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluaren 6. zenbakia –Euskal Autonomia Erkidegoko 2011ko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 5/2010 Legearen bidez sartua–; baita dirulaguntzak itzultzearen ondoriozko betebeharretan egunean dagoela dioen adierazpena ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren arabera.

5.– Entitate batek baino gehiagok erabiliko dituzten ekipamenduen kasuan, entitate guztiak 3. artikuluan adierazitako kategoriaren batekoak izan beharko dira. Horietako bat eskatzailea izango da, eta gainerakoak laguntzakoak. Entitate eskatzailea eskaeraren koordinatzailea izango da: ekipamendua eskuratzeaz eta kudeatzeaz arduratuko da, eta administrazioarekin harremanetan egongo da. Berariaz adieraziko da hori eskaeran, bai eta horren alde egingo duten eta, beraz, ekipamendua erabiltzeko eskubidea izango duten entitateak zeintzuk diren ere.

6.– Agindu honen bidez diruz lagun daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legean kontratu txikirako zehaztutako zenbatekoak gainditzen dituenez, entitate eskatzaileak ekipamendua eskuratzeko hornitzaile ezberdinen hiru eskaintza aurkeztu beharko ditu gutxienez eskaeran. Ez du halakorik egin beharko, dena dela, ekipamenduak hornituko dituen entitate kopuru nahikorik ez badago merkatuan, ekipamenduaren ezaugarri bereziak direla eta. Halakorik gertatuz gero, behar bezala egiaztatu beharko da eskaeran.

7.– Dirulaguntzaren eskaera aurkeztuta, eskatzaileak baimena ematen dio organo kudeatzaileari zuzenean egiazta dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 18. eta 19. artikuluetan jasotakoaren arabera.

Dena dela, eskatzaileak berariaz ukatu ahal izango du baimena. Hala eginez gero, eskaerarekin batera aurkeztu beharko ditu beharrezko egiaztagiri eguneratuak.

Interesdunek Nafarroako Ogasunean ordaintzen badituzte zergak, zerga-betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzen duen egiaztagiria aurkeztu beharko dute.

9. artikulua.– Jakinarazpenak eta aurkeztutako eskaerako hutsak zuzentzea.

Zorrotz bete beharreko epe bat adierazten duten jakinarazpenak (esaterako, hutsak zuzentzea eta deialdia ebazteko eskatzea) prozedura honen arabera egingo dira:

1.– Dirulaguntzaren eskaerak oso-osorik beteta etorri ezean, edo nahitaezko agiri guztiekin batera aurkezten ez badira, entitate eskatzaileei hauxe eskatuko zaie: hamar egun balioduneko epean, akats hori zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko. Epe horretan ez badituzte akatsak zuzentzen, eskaeran atzera egin dutela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezartzen duenaren arabera.

Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratuko da akatsak zuzentzeko jakinarazpena, eta jakinarazi eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

2.– Aurrekoa eragotzi gabe, organo kudeatzaileak jakinarazpenaren argitalpenaren abisuak helaraziko dizkie interesdunei, eskaeretan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara SMSak edo mezu elektronikoak bidaliz. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.

10. artikulua.– Hautaketa Batzordea. Ebaluazio-prozedura.

1.– Hautaketa Batzordeak laguntzak emateko eta ukatzeko ebazpenaren proposamena egingo du, agindu honetan xedatutakoa zuzen aplikatzen dela begiratuz, bereziki ebaluazio-irizpideei dagokienez. Aurrez, izapidetzeko zein eskaera onartu eta zein ez erabaki beharko du.

2.– Batzordeak kide hauek izango ditu: Amaia Esquisabel Alegría Ikerketako zuzendaria, batzordeburu izango dena; Miren Artaraz Miñón Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendaria, eta Ikerketa Zuzendaritzako teknikari bat.

3.– Proiektuen ebaluazioak bi urrats izango ditu: onartu den eskaera bakoitzari buruzko txostenak eskatuko dizkio Hautaketa Batzordeak Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioaren Ikerketako Estatu Agentziaren Koordinazio eta Ebaluazio Azpiatalari, zeinak 11. artikuluan aipatzen diren irizpideetarako puntuazioa ezarri beharko baitu, 7 zenbakia duen irizpiderako izan ezik, hurrengo artikuluan azaltzen denaren arabera eta proiektuen kofinantziazioari dagokionez. Irizpide hori Hautaketa Batzordeak berak baloratuko du. Ebaluatzeko bi esku-hartze horien emaitza izango da puntuazio orokorra.

11. artikulua.– Ebaluazio-irizpideak.

1.– Dirulaguntzak emateko ebazpen-proposamena prestatu ahal izateko, Hautaketa Batzordeak irizpide hauek izango ditu kontuan, lerro bakoitzeko eskaerak ebaluatu, aukeratu eta lehentasunen arabera ordenatu ahal izateko:

(Ikus .PDF)

2.– Salbuetsitako irizpideen balorazioa.

Aurreko zerrendako 7. irizpidea baloratzeko, zeina eskatzen diren ekipamenduen kofinantziazioari buruzkoa baita, honako kalkulua egingo du Hautaketa Batzordeak:

Kofinantziazio-irizpidearen balioa = [(kofin koef)/0,80]*10

Gehienez 10 puntu, non:

– kofinantziazio-koefizientea (kofin koef) = egiaztatu eta onartutako ekipamenduaren kofinantziazioa/eskatutako ekipamenduaren zenbateko garbia.

3.– Ebaluazio-sistema homogeneizatu eta irizpideak aplikatzerakoan objektibotasun handiagoa lortze aldera, deialdiaren II. eranskinean jaso dira irizpideak zehatzago baloratzeko aldeen xehetasunak, ebaluatzaileei euren lanean laguntzeko eta ebaluazio-prozedura gardenago izan dadin.

4.– Puntuazio orokorrean berdinketarik egonez gero, 1. irizpidearen arabera lortu den kalifikazio handiena hartuko da aintzat, lehenik; berdinketak jarraitzen badu, 5. irizpidearen araberakoa. Guztiarekin ere, berdinketak jarraitzen badu, eskaerak betetzeko aplikazioak txikitik handira ematen duen ausazko zenbakia erabiliko da ebazpena emateko irizpide gisa. Zenbaki hori aplikazio telematikoan sortzen den eskaera-inprimakian agertuko da.

12. artikulua.– Laguntzak esleitzeko prozedura.

1.– Hautaketa Batzordeak egingo du laguntzak esleitzeko proposamena, aurkeztutako eskaeren ebaluazioa oinarri hartuta. Dirulaguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez emango dira, eta eskaera bakoitzak balorazio-fasean lortu duen puntuazioaren araberako lehentasun-ordenari jarraikiz zehaztuko dira. Dirulaguntzaren zenbatekoa 5. artikuluan ezarritako prozedurarekin bat etorriz esleituko da, horretara bideratutako kreditu erabilgarria agortu arte, 2. artikuluaren arabera.

2.– Ebaluazioan 50 puntu edo hortik gorako balorazioa lortzen duten eskaerak bakarrik lagun daitezke diruz.

3.– Deialdi honetan eskatutako ekipamendua eskuratzeko, beste erakunde batek emandako kofinantziazioa badago, irmoki esleitua, deialdi honen bidez emandako laguntzaren diru-zenbatekoa Hautaketa Batzordeak ekipamendurako onartutako kostuari beste erakunde horrek emandako kofinantziazioa kenduta ateratzen den emaitza baino txikiagoa izango da.

13. artikulua.– Ebaztea, eta onartzea edo ukatzea.

1.– Hautaketa Batzordeak Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari helaraziko dio ebazpen-proposamena, eta sailburuordeak dirulaguntzak esleituko ditu edo, hala badagokio, haiek ukatu edo eskaerak baztertu, arrazoitutako ebazpen baten bidez. Ebazpen hori artikulu honen 3. zenbakiaren arabera jakinaraziko da.

2.– Ebazpenean, eskaera bakoitzaren honako erreferentziak jaso behar dira:

– Eskaeraren kodea.

– Entitate eskatzaileko ikertzaile nagusiaren izena.

– Entitate onuraduna: entitate eskatzailea.

– Laguntza-entitatea, halakorik balego.

Finantzatutako eskaeretarako:

– Ekipamendu zientifikoaren izena edo deskribapen laburra.

– Deialdiaren bidez esleitzen den laguntzaren zenbatekoa.

Finantzatuko ez diren edo baztertu diren eskaeretarako:

– Ez finantzatzearen edo bazter uztearen zergatia.

3.– Ebazpena Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratuko da, eta argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu jakinarazpen-ondorioak. Horrez gain, publikotasun-ondorioetarako, iragarki-taulan argitaratu eta hurrengo sei hilabeteen barruan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da onuradunen eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoen zerrenda.

Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak aukera izango du interesdunei egindako jakinarazpenaren argitalpenaren abisuak helarazteko, eskaeretan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara SMSak edo mezu elektronikoak bidaliz. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.

4.– Ebazpen horren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

Deialdi hau argitaratzen denetik hasita sei hilabeteko epean berariazko ebazpenik ematen edo jakinarazten ez bada, eskaerak ezetsitzat jo ahal izango dira administrazioaren isiltasunagatik. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 22.1 artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, ebazteko epe hori eten ahal izango da ebaluazioak dirauen bitartean.

5.– Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan ebazpena argitaratzen denetik hasita, 10 egun naturaleko epean, entitate onuradunak berariaz uko egiten ez badio, dirulaguntza onartu egiten duela ulertuko da. 15 artikuluan gastua gauzatzeko eta 16. artikuluan dirulaguntzaren erabileraren jarraipena egiteko zehaztutako epeak dirulaguntza onartzen den egunetik aurrera hasiko dira zenbatzen.

6.– Deialdi honetako entitate onuradunak ekipamendu bera eskuratzeko beste erakunde baten kofinantziazioa jaso badu eskabidea aurkeztu edo ebazpena eman ondoren, Ikerketa Zuzendaritzari jakinarazi beharko dio horren berri, gainfinantziaziorik izanez gero deialdi honen bidez emandako finantziazioari dagokion kopurua kentzeko.

14. artikulua.– Beste dirulaguntza eta laguntza batzuekiko bateragarritasuna/bateraezintasuna.

Dirulaguntza hau bateragarria da helburu berarekin beste erakunde finantzatzaile batzuek eman ditzaketenekin. Onuradunak beste erakunde baten edo Eusko Jaurlaritzako beste sail baten deialdi batean parte hartu badu eta ekipamendu beraren erosketa zati batean finantzatu bada, gelditzen den zatia finantzatu ahal izango da deialdi honen bidez. Nolanahi ere, finantziazio osoak ezingo ditu eskatutako beharrak gainditu. Gainfinantziaziorik detektatuz gero, dagokion diru-kopurua murriztuko da deialdi honen bidez emandako finantziazioan. Nolanahi ere, eskatzaileak argi eta garbi azaldu beharko du zein diren kanpoko finantziazioaren xedea, jarduerak, zenbatekoa eta banaketa.

15. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko baldintzak.

Dirulaguntza 13.5 artikuluaren arabera onartu ostean, ordainketa bakarrean pagatuko da 2020. urtean, entitate onuradunak 16.1 artikuluan azaltzen den justifikazio-dokumentazioa aurkeztu eta gero.

16. artikulua.– Dirulaguntzaren erabileraren jarraipena.

1.– Dirulaguntza 13.5 artikuluan zehaztutakoaren arabera onartu ondoren, eta 2020. urtea amaitu baino lehen, finantzatutako ekipamendu zientifikoaren erosketaren jatorrizko fakturak aurkeztu beharko ditu entitate onuradunak, bide telematikozko aplikazioa erabiliz eta legezko ordezkariaren sinadura elektronikoarekin. Behin laguntzen organo kudeatzaileak zigilatu ostean, entitate onuradunari itzuliko zaizkio. Ebazpenean aipatzen den ekipamenduaren deskribapena jaso beharko da fakturetan.

Halaber, entitate onuradunak erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du, zeinaren bidez adieraziko duen ekipamendu zientifiko bera eskuratzeko beste erakunde publiko edo pribatu batek emandako laguntza jaso duen ala ez, eta hala balitz, kofinantziazio hori justifikatzen duen egiaztagiria aurkeztu beharko du.

2.– Ebazpena onartu eta urtebete igaro ostean, eskuratutako ekipamendua jaso, martxan jarri eta erabiltzeari buruzko txostena aurkeztu beharko du entitate onuradunak; txosten horrek, gutxienez, atal hauek jasoko ditu:

a) Ekipamenduaren behin betiko kokapenaren deskribapena.

b) Eskuratutako ekipamenduaren kalitatearekiko adostasuna, aurreikusitako helburuetarako egokia dela, eta harrera-proben emaitza.

c) Laguntza-entitate batekin partekatutako eskaera bada, talde eskatzaileen artean ekipamenduaren erabilera partekatzeko programa.

17. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako dirulaguntzen entitate onuradunek Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte, baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan adierazitakoak ere, eta zehazki baldintza hauek:

1.– Entitate onuradunak, ikerketa-taldearen bitartez, agindu honetan zehaztutakoari eta Ikerketa Zuzendaritzaren jarraibideei segituz egingo ditu gastuak. Proiektuaren dirulaguntzari egotzitako gastu guztia behar bezala justifikatu beharko da, onartutako horniduraren arabera.

2.– Gastua behar bezala egiaztatu beharko da, gastuen fakturak edo merkataritza-balioa duten agiriak aurkeztuta. Jatorrizko agiri horiek entitate onuradunak gorde beharko ditu, eta organo kudeatzailearen esku egongo dira edozein egiaztapen egiteko.

3.– Entitate onuradunek bost urtez, gutxienez, gorde behar dituzte laguntzari dagozkion gastuak justifikatzen dituzten faktura eta agiri guztiak, 16. artikuluan ezarritako epea amaitzen denetik aurrera. Halaber, gorde beharko ditu entitate onuradunak, bost urtez gutxienez, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak beren eginkizunen barruan deialdi honen kargura jasotako dirulaguntzei buruz eska diezaioketen edozein informazio.

4.– Entitate onuradunen urteko memorietan eta ekipamendua erabiltzen den proiektuetatik sortutako zientzia-argitalpenetan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren laguntza jaso dela adierazi beharko da.

18. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatuz gero, eta betiere dirulaguntzaren helburua bete bada, edo beste erakunde publiko edo pribaturen batek, aldi berean, bestelako dirulaguntza edo laguntzarik eman badu, dirulaguntzak emateko ebazpena alda daiteke, betiere onuradun izateko ezarritako gutxieneko baldintzak mantentzen badira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49.12 artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Horretarako, Ikerketa Zuzendaritzak beharrezko likidazio-ebazpena eman beharko du, eta ebazpen horretan berriro doituko dira emandako dirulaguntzen zenbatekoak, honela:

– Dirulaguntzaren xede diren gastuak ez badira behar bezala justifikatzen, ebazpenaren zenbatekoa aldatu eta murriztu egingo da. Justifikatu ez den gastuaren zenbatekoan murriztuko da laguntza.

– Entitate onuradunak ekipamendu bera eskuratzeko beste erakunde batek emandako laguntza lortzen badu, eta deialdi honen ebazpenean esleitutako diru kopurua Hautaketa Batzordeak onartutako ekipamenduaren kostuari emandako kofinantziazioaren zenbatekoa kenduta ateratzen den diru kopurua baino handiagoa bada, emandako dirulaguntzari dagokion zenbatekoa kenduko zaio.

Agindu honetan ezarritakoa ez betetzeagatik esleitu den diru-zenbatekoa aldatu edo indargabetu behar bada, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak ebazpen indibidual baten bidez jakinaraziko du.

19. artikulua.– Dirulaguntzarako eskubidea galtzeko edo itzultzeko arrazoia.

Dirulaguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzetako bat edo batzuk betetzen ez direla egiaztatzen bada, jasotako zenbatekoak eta zenbateko horri dagozkion berandutze-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 53. artikuluan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta agindu honetan ezarritakoaren arabera, eta, zehazki, jarraian adierazitako ez-betetzeak egiaztatzen badira, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera.

1.– Arau-hauste administratibo bat gertatzen bada, laguntza eta dirulaguntza publikoen alorreko arau-hausteen eta zehapenen araubidea aplikatuko da, alegia, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan jasotakoa.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan azaldutako kausez gain, honako hauek dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzeko edo dirulaguntza itzultzeko kausatzat hartuko dira:

2.1.– Ikertzaile nagusiak edo dirulaguntza eskatu duen entitate onuradun eskatzailearen legezko ordezkariak ekipamenduari uko egiten badiote, edo ikertzaile nagusia jatorrizkoaz bestelako entitate batera joaten bada, edo EAEtik kanpo lanera joaten bada, emandako ekipamendu zientifikoari dagokion proiektuen zuzendaritza arriskuan jarriz.

2.2.– Talde bera osatzeko, beste iturri batzuetatik jasotako finantziazioak metatzen badira edo, ekipamenduaren aldakiak, aski justifikatu gabeak, beste erakunde publiko edo pribaturen bati aurkezten bazaizkio finantzatzeko laguntza eske, aurrez Ikerketa Zuzendaritzari horren berri eman gabe eta horren onarpena jaso gabe.

2.3.– Deialdi honetako oinarrien eta administrazio-agirien ez-betetze astuna (osorik edo zati batez).

2.4.– Dirulaguntza agindu honetan ezarritako epeetan ez erabiltzea, justifikatuta ez badago behintzat.

2.5.– Entitate onuradunen urteko memorietan eta ekipamendua erabiltzen den proiektuetatik sortutako zientzia-argitalpenetan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren laguntza jaso dela ez adieraztea.

20. artikulua.– Datu pertsonalen babesa.

Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoarekin eta Datu pertsonaletarako jabetza publikoko fitxategiei eta datuak babesteko euskal bulegoa sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak fitxategi batean jasoko dira. Fitxategi horren izena «Ikerketa» izango da, eta haren helburua dirulaguntzen deialdi hau kudeatzea izango da, baita deialdi honetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren garapenari buruz informatzea ere. Ikerketa Zuzendaritza da fitxategi horren arduraduna. Datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideak baliatzeko, Ikerketa Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

Halaber, deialdi honetan parte hartu duten pertsonek baimena ematen diote Ikerketa Zuzendaritzari, beste organismo publiko batzuetan egiaztatzeko aurkeztu dituzten dokumentuak egiazkoak direla.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan aipatzen diren ondorioetarako, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2020. urteko aurrekontu orokorretan behar besteko ordainketa- eta konpromiso-kreditu egokia egoteko baldintzapean gelditzen da agindu honetako laguntzak ematea.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Deialdi honen aurka, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, deialdia argitaratu hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa egin daiteke, administrazioarekiko auzietako jurisdikzioaren aurrean, bi hilabeteko epean, deialdia argitaratu hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko azaroaren19a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

I. ERANSKINA
ESKAERAREN EDUKIA

1.– Eskaeran honako informazio hau jasotzen da:

a) Nortasuna: entitate eskatzailearena, sinadura elektronikoaren bidez; ikertzaile nagusiarena, NANaren edo AIZren bidez; eta laguntza-entitateen, IFKren bidez.

b) Parte hartuko duen ikertzaile bakoitzaren nortasuna, NANaren edo AIZren bidez; gainera, datu pertsonalak, titulazio akademikoa, kontratu-mota eta kontratatutako urteko ordu-dedikazioa.

c) Ikerketa-taldeak eskatutako proiektuaren aldi berean parte hartuko duen ikerketa-proiektuen zehaztapena (aktibo daudenak edo eskera-fasean daudenak), bai eta ekipamendua erabiliko den proiektuena ere.

d) Ekipamendu zientifiko bera erosteko beste erakunde batzuen finantziazioari buruzko informazioa, erakunde finantzatzailea eta eskatutako diru kopurua zein diren adierazita, edo emandakoa, dagoeneko eman bada.

e) Eskatutako ekipamenduaren ezaugarri tekniko eta ekonomikoei buruzko informazioa.

f) Entitate eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, 3.3 artikuluaren arabera.

g) Entitate eskatzailearen adierazpena, hauei buruzkoa:

1) Ekipamenduaren erosketan, onuradunari dagokion zatia ordaintzeko konpromisoa, 6. artikuluan zehaztutakoari jarraikiz, baldin eta dirulaguntza ematen bada.

2) Entitatearen konpromisoa, 90.000 euroko edo gehiagoko ekipamendua operatzeko eta mantentzeko. Konpromiso honetan, adierazi beharko du ekipamendua operatzeko zein sistema erabiliko duen (langile operadoreak) eta ekipamendua mantentzeko zein sistema erabiliko duen, betiere eskatutako ekipamenduaren erabilgarritasun eta errendimendu ahalik eta handienak bermatuz.

2.– Eskaerarekin batera, honako hauek aurkeztu beharko dira:

2.1.– Agiri teknikoak:

Agiri administratiboetatik bereizita, eta aplikazioak sortzen duen eskaerarekin batera, agiri teknikoek osatzen dute aurkezturiko proposamen zientifikoari ebaluazio teknikoa egiteko erabiliko den informazioa:

a) Memoria teknikoa, proiektuetan ekipamenduaren premia dagoela justifikatuko duena. Orain arte erabilitako ekipamenduen ordez eskatzen den teknika instrumentala zergatik den beharrezkoa azaldu behar da. Ekipamendu hori badagoen ala ez bere ingurune zientifikoan.

b) Ekipamendu zientifikoaren eta bere osagaien balorazio ekonomikoa.

c) Ikerketa-taldeko ikertzaile bakoitzaren curriculum vitae laburtua (deialdiaren datatik azken sei urteei dagokiena), ikertzaile bakoitzak sinatua. Ezaugarri horiek betetzen dituzten dokumentuak bakarrik hartuko dira aintzat eta betetzen ez dituztenei akatsak zuzentzeko errekerimendua egingo zaie.

d) Ekipamendua kofinantzatzeko eskaeraren kopia, hala badagokio.

e) Kofinantzatutako ekipamenduaren ebazpenaren kopia, hala badagokio.

f) Eskatutako ekipamenduaren proformako fakturak, gutxienez hiru firma komertzial ezberdinek emandakoak, 8.6 artikuluaren arabera, edota ezinezkoa dela justifikatu.

g) Proposamena ezaugarri teknikoen arabera ebaluatzeko bidezkotzat jotzen diren gainerako agiriak.

2.2.– Administrazio-agiriak:

a) Parte hartuko duen ikertzaile bakoitzak sinatutako agiria (erantzukizunpeko adierazpena), non adieraziko baitu 2019-2020ko aldian aktibo dituen proiektuei zenbat denbora eskainiko dien, bai eta kofinantzatutako proiektuari eta eskatutako proiektuari eskainitako denbora barne.

b) Entitate eskatzaileak edo laguntza-entitateak parte hartuko duen ikertzaile bakoitzaren egoera laboralari buruzko dokumentazioa (kontratua), datu hauek zehaztuta: kontratuaren hasiera eta amaiera, iraupena eta urteko dedikazioa. Ikertzaileak obra-kontratu bat badu, agiri bidez frogatu beharko du obraren iraupena eta kontratuaren luzapena. Gainera, aipatutako obrari zenbat ordu eskaini behar dizkion adierazi beharko du, 6.6 eta 6.7 artikuluen arabera.

c) Ikerbasquek kontratatu badu, entitate eskatzaileari atxikitzeko agiria, 6.8 artikuluaren arabera.

d) Parte hartzen duten entitateetan lehendik dauden ekipamenduak eskatzen badira, ekipamenduaren erosketa-faktura aurkeztu behar da, eta egungo egoera, azken urteko ekipamenduaren erabileraren estatistika (erabileraren erregistro-liburuxkaren arabera) eta ekipamendu berriak aurrekoarekin alderatuta zer abantaila dituen aderazi.

e) Eskaeran laguntza-entitate batek parte hartzen badu, ekipamenduaren erabilera kudeatzeko araudia aurkeztu behar da. Araudi hori sail honek abalaturik eta entitate onuradunak sinaturik egongo da eta ekipoaren erabilera beste ikerketa-talde batzuekin partekatuko dela bermatuko du.

f) Entitate eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela egiaztatzen duten agiriak, 3.3 artikuluan aipatutakoak, organo kudeatzaileari egiaztapen automatikoa egiteko baimenik eman ezean, 8.7 artikuluan aurreikusi bezala.

g) Irizpide administratiboen arabera proposamena egoki baloratzeko beharrezkotzat jotzen den dokumentazio administratiboa.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala