Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

228. zk., 2019ko azaroaren 29a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OGASUN ETA EKONOMIA SAILA
5537

139/2019 EBAZPENA, urriaren 15ekoa, Finantza Politikako zuzendariarena, zeinaren bidez onartzen baita FIATC Previsión, Banakako Borondatezko Gizarte-aurreikuspeneko Erakundea desegitea eta likidatzea, bai eta erakunde hori Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroan inskribatzea eta baja ematea ere.

Ikusi da FIATC Previsión, Banakako Borondatezko Gizarte-aurreikuspeneko Erakundea desegitea eta likidatzea onartzeko eta erakunde hori Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroan inskribatzeko eta baja emateko eskatzen duen espedientea. Hona hemen aurrekariak:

AURREKARIAK

Lehenengoa.– FIATC Previsión, Banakako Borondatezko Gizarte-aurreikuspeneko Erakundeak behar den dokumentazioa aurkeztu du honako hau eskatzeko: haren desegitea eta likidatzea onartzea eta erregistroan inskribatzea, bai eta Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroan baja ematea ere.

Bigarrena.– 2019ko apirilaren 12an egindako ezohiko batzar orokorrean, aho batez erabaki zen erakundea desegin eta likidatzea, bai eta likidazioaren azken balantzea eta aktiboen esleipena egitea ere.

Hirugarrena.– FIATC Previsión, Banakako Borondatezko Gizarte-aurreikuspeneko Erakundea ondarerik, bazkiderik eta onuradunik gabe geratzen da. Horrela, Erakundeak ez du ez bazkiderik, ez planik, eta ez dago obligaziorik, ez prestaziorik, ordaintzeko.

Laugarrena.– Onartzeko eta inskribatzeko eskabidea 2019ko uztailaren 16an aurkeztu zen. Eskabide horri honako agiri hauek erantsi zitzaizkion:

– Batzar Orokorraren aktaren ziurtagiria, non jasotzen baita Erakundea desegiteko eta azken likidazioa egiteko erabakia.

– Likidazio-balantzea.

Egindako zuzenketa-errekerimenduaren ondoren, 2019ko urriaren 14an sartu zen aurreko dokumentazioa zuzentzeko eta osatzeko dokumentazioa.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Ebazpen hau emateko eskumena Ogasun eta Ekonomia Sailari lege-xedapen hauek ematen diote: Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen otsailaren 23ko Legebiltzarreko 5/2012 Legea; lege horren Erregelamendua onesten duen otsailaren 20ko 203/2015 Dekretua eta BGAEen jarduera jakin batzuk arautzeko den maiatzaren 29ko 92/2007 Dekretua, Ogasun eta Ekonomia Sailaren egitura eta zereginak finkatzen dituen urriaren 20ko 168/2017 Dekretuaren bigarren xedapen gehigarriarekin lotuta. Zehatzago, Finantza Politikako zuzendariak eskumen hori, 168/2017 Dekretuaren 11. artikuluari jarraikiz.

Bigarrena.– Legitimatutako pertsona batek sustatu du espediente hau, eta ebazpena emateko oinarrizkotzat jotzen diren dokumentu eta datu guztiak aurkeztu dira. Horrela, bereziki betetzen da Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeei buruzko otsailaren 23ko 5/2012 Legean, Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeen erregelamendua onartu zuen otsailaren 20ko 203/2015 Dekretuan eta Erakunde horien jarduera jakin batzuk nola gauzatu arautzen duen maiatzaren 29ko 92/2007 Dekretuan xedatutakoa, borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakunde bat desegin eta likidatzeko, bai eta erakunde hori Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroan inskribatzeko eta baja emateko ere.

Ikusi dira Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutua, Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeei buruzko otsailaren 23ko 5/2012 Legea, Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeen erregelamendua onartu zuen otsailaren 20ko 203/2015 Dekretua eta Erakunde horien jarduera jakin batzuk nola gauzatu arautzen duen maiatzaren 29ko 92/2007 Dekretua, bai eta aplikatzekoak diren gainerako arau orokorrak ere. Beraz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– FIATC Previsión, Banakako Borondatezko Gizarte-aurreikuspeneko Erakundearen desegitea eta likidazioa onartzea.

Bigarrena.– FIATC Previsión, Banakako Borondatezko Gizarte-aurreikuspeneko Erakundearen desegitea eta likidazioa Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroan inskribatzea.

Hirugarrena.– FIATC Previsión, Banakako Borondatezko Gizarte-aurreikuspeneko Erakundea Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroan baja ematea.

Laugarrena.– Ebazpen hau jakinaraztea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan xedatutakoa betetzeko, ezagutu dadin eta ondorioak izan ditzan.

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari. Beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Saileko Ekonomia, Finantza eta Aurrekontuetako sailburuordeari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112., 121. eta 122. artikuluetan. Bestalde, interesdunek egoki ikusten duten beste edozein errekurtso aurkeztu ahal izango dute.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko urriaren 15a.

Finantza Politikako zuzendaria,

FRANCISCO JAVIER ARNAEZ ARRECIGOR.


Azterketa dokumentala