Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

228. zk., 2019ko azaroaren 29a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
5534

115/2019 EBAZPENA, azaroaren 20koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, «Unesco Katedra. Kultur Paisaiak eta Ondarea» garatu eta finantzatzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak lankidetza-hitzarmen hori sinatu du; beraz, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, «Unesco Katedra. Kultur Paisaiak eta Ondarea» garatu eta finantzatzeko dena; eranskinean dago testua.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko azaroaren 20a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN AZAROAREN 20KO 115/2019 EBAZPENARENA
HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO NAGUSIAREN ETA UNIVERSIDAD DEL PAIS VASCO / EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEAREN ARTEKOA, «UNESCO KATEDRA. KULTUR PAISAIAK ETA ONDAREA» GARATU ETA FINANTZATZEKO DENA

Vitoria-Gasteiz, 2019ko azaroaren 8a

BILDUTA

Alde batetik, Ignacio María Arriola López jabea, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua, Gobernu Kontseiluak 2019ko urriaren 1eko bileran emandako baimena daukana hitzarmen hau izenpetzeko.

Bestetik, Nekane Balluerka Lasa andrea, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU aurrerantzean) errektorea, haren izenean eta ordezkari, UPV/EHUren Estatutuek emandako eskumenak erabilita. Aldeek honako hau

Lehenengoa.– UPV/EHUren helburu nagusietako bat da ezagutza sortzea eta hedatzea, jakintzaren aurrerapenari eta gizarte garapenari lagunduz, ikerketaren bidez eta ikerketaren emaitzak gizarteari helaraziz. Horretarako, bere giza baliabide, bitarteko tekniko eta azpiegitura guztiak erabiltzen ditu.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-antolamenduan paisaia babestu, kudeatu eta antolatzearen gaineko 2014ko ekainaren 3ko 90/2014 Dekretuaren xedea lurralde-antolamenduaren esparruan paisaia babestu, kudeatu eta antolatzeko bitartekoak ezartzea da, eta, horrekin batera, paisaiaren gaineko sustapen, sentsibilizazio, trebakuntza eta ikerkuntzarako neurri egokiak ezartzea.

HIrugarrena.– Dekretu hori Gobernu Kontseiluak 2009ko uztailaren 21ean hartutako erabakiaren ondorioz eman zen; horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoa atxiki baitzitzaien Paisaiari buruzko Europar Hitzarmeneko printzipioei, arauei eta postulatuei. Hitzarmen horrek, besteak beste, bi helburu nagusi ditu: paisaien babesa, kudeaketa eta ordenazioa sustatzea eta esparru horretan europar lankidetza antolatzea.

Laugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoaren eta UPV/EHUaren artean 2013ko ekainaren 5ean sinatutako Lankidetza Hitzarmenaren bidez alderdien konpromisoak arautu ziren, Kultur Paisaiak eta Ondarea UNESCO Katedra sortu, garatu eta mantentzeko, eta hitzarmen horren indarraldia sinaduraren unetik 2016ko otsailaren 28ra artekoa zen, hamabigarren klausulan xedatzen denez.

Bostgarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoaren eta UPV/EHUren artean 2016ko ekainaren 6an sinatutako Lankidetza Hitzarmenaren bidez alderdien konpromisoak arautu ziren, Kultur Paisaiak eta Ondarea UNESCO Katedra sortu, garatu eta mantentzeko, eta hitzarmen horren indarraldia sinaduraren unetik 3 urte barrura artekoa zen, hamaikagarren klausulan xedatzen denez.

Hortaz, bi erakundeen arteko lankidetza gauzatzeko xedez, dokumentu honetan jasotzen den lankidetza hitzarmena sinatzea hitzartu dute, jarraian aipatzen diren klausulen arabera.

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Helburua.

Hitzarmen honen xedea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren –Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren bitartez– eta UPV/EHUren arteko lankidetza arautzea da, UPV/EHUko Kultur Paisaiak eta Ondarea UNESCO Katedra, hemendik aurrera UNESCO KATEDRA, garatu eta mantentzeko.

Bigarrena.– UPV/EHUren konpromisoak.

Honako hauek dira UPV/EHUren konpromisoak, hitzarmen honi dagokionez:

– Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari laguntzea beharrezkoak diren paisaiaren eta lurraldearen inguruko jarduketetan, Jarraipen Batzordeak onartutako urteko jarduera-planaren arabera.

– Prestakuntzaren, ikerketaren, dibulgazio eta sentsibilizazioaren, zabalkundearen eta gizarte-proiekzioaren paisaiaren eta lurralde plangintzaren arloko jarduerak sustatu eta gauzatzea, adostutako jarduera-planaren eta aurrekontuaren arabera.

– Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren aurrean justifikatzea katedra honetarako sailburuordetza horrek egin duen ekarpena zertarako erabili den.

– Nazioarteko aintzatespena duten ikertzaileen arteko lankidetza ahalbidetzea, baita inguruneko eta munduko beste eskualdeetako beste erakunde batzuekikoa ere.

UNESCO Katedraren kanpo-finantzazioa amaituko balitz, UPV/EHUk katedra hori bertan behera utz lezake.

Hirugarrena.– Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailaren konpromisoak.

Honako hauek dira Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren konpromisoak, hitzarmen honi dagokionez:

– Hitzarmenaren garapena sustatzea, eta katedraren jarduketen jarraipenean parte hartzea.

– UNESCO Katedrak antolatutako sentsibilizazioko eta zabalkundeko ekintzetan parte hartzea.

– UNESCO Katedraren sustapenaren eta oinarrizko finantzazioaren bidez parte hartzea, dagokion organoak urtero adostutako zenbatekoekin, betiere, hitzarmen honen seigarren eta zazpigarren klausuletan ezarritako aurrekontu-mugen barruan.

Laugarrena.– Katedraren jarduerak.

Hitzarmen honi dagokionez, honako hauek dira UNESCO Katedraren jarduerak:

– Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari lankidetza eta laguntza ematea Katedraren jarduera-esparruaren barruan gauzatzen dituen jardueretan. Jarduera horiek Jarraipen Batzordeak urtero onartzen duen Jarduera Planean zehaztuko dira.

– Paisaiari, ondareari eta lurraldeari buruzko azterlanekin, ikerketarekin eta gizarte hedakuntzarekin zerikusia daukaten jarduerak bultzatu eta zabaltzea.

– Denen intereseko alorretan diharduten erakundeen arteko truke eta lankidetza harremanak sustatzea, bereziki arloari lotutako UNESCO Katedren Munduko Sarearekin.

– Prestakuntza eta sentsibilizazioa sustatzea katedraren esparruan, eta egingo diren azterlan eta ikerlanetako emaitzak zabaldu eta hedatzea.

– Doktorego tesiak egitea bultzatzea, baita gradu amaierako lanak eta master amaierako lanak ere, katedraren esparruan.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari lankidetza eta laguntza ematea, hala plangintzarako plataforma teknologikoen zabalkundean nola horri aplikatu beharreko araudiaren analisian.

Seigarren klausulan aurreikusitako Jarraipen Batzordeak onar ditzan, batzorde horri aurkeztea aurreko urteko kontuak eta hurrengo ekitaldian garatuko diren jarduerak, baita dagokien aurrekontua ere.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari eta Katedra atxikita dagoen UPV/EHUko Errektoreordetzari, urte bakoitzaren amaieran, garatutako diren jarduerei buruzko txostena aurkeztea.

Bostgarrena.– Katedraren arduraduna.

Katedraren arduraduna jardunean dagoen UPV/EHUko irakasle bat izango da, doktore-titulua duena, eta Unibertsitatearekin kontratu-harreman egonkorra duena. Lana egin behar duen eremuan ospe handia duen pertsona bat izan behar da, eta, era berean, ibilbide akademiko aipagarria duena. UPV/EHUko errektoreak izendatuko du arduradun hori, beti ere, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila entzun ondoren.

Katedraren arduradunak izango du haren jarduera sustatzeko eginkizunaren ardura, eta bere zuzendaritzapean hartuko du urteko jarduera-programa betearaztea, hauek barne: mintegiak, zabalkunde-ekintzak eta ikerketa-proiektuak, baita Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari lankidetza eta laguntza emateko jarduerak ere.

Horretaz gain, Jarraipen Batzordeari aurkeztu behar dizkio, hark onar ditzan, aurreko urteko kontuak, baita hurrengo ekitaldian egingo diren jarduerak eta dagokion aurrekontua ere.

Era berean, Katedraren arduradunak, urte bakoitzaren amaieran, egindako jarduerei buruzko memoria bat landuko du, zeina katedra hori atxikia duen UPV/EHUko Errektoreordetzara eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailera bidaliko baita.

Seigarrena.– Jarraipen batzordea.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak eta UPV/EHUk erabaki dute Jarraipen Batzorde bat sortzea, hitzarmen honetan adierazitako helburuak beteko direla bermatzeko.

Jarraipen Batzordea UPV/EHUko bi ordezkarik eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko bi ordezkarik osatuko dute. Batzorde horren lehendakaritza-lanak bi alderdiek egingo dituzte, txandaka, eta sei hilean behin egingo da aldaketa. UPV/EHU izango da lehendakaritza bere gain hartuko duen lehena.

Jarraipen Batzordezko bileretara, UNESCO Etxearen ordezkari bat ere joango da bileretara, zeinak hitz egiteko eskubidea izango baitu, baina ez boto-eskubiderik.

Jarraipen Batzordeak, besteak beste, honako egiteko hauek izango ditu:

– Katedraren urteko jarduera-plana onartzea.

– Katedraren urteko aurrekontua, hitzarmen honetan jasotakoa, onartzea.

– Hitzarmen honetan jasotako aurrekontuaren urteko aurrekontu-betearazpena onartzea.

Katedraren arduraduna ere joango da bileretara, zeinak hitz egiteko eskubidea izango baitu, baina ez boto-eskubiderik.

Jarraipen Batzordea, gutxienez, urtean behin bilduko da. Bileretarako deialdia Jarraipen Batzordearen lehendakari denak egingo du; hiru hilean behin, behintzat, egin beharko du (kontu-ematea onartzeko, eta jarduerak eta aurrekontua onartzeko), eta aldeetako batek –behar bezala justifikatuta– eskatzen badu ere egin ahal izango du.

Jarraipen Batzordearen izaera kontuan hartuta, aurrekontua onartzeko, ezinbestekoa izango da hitzarmen hau sinatzen duten bi erakundeen ordezkariak bertan egotea, berorren eraginkortasuna bermatu ahal izateko. Nolanahi ere, ez da horren beharrik izango erakunderen batek bere egiten badu deialdiarekin batera bidaltzen zaion proposamena, eta hori idatziz adierazten badu bilera hasi aurretik.

Zazpigarrena.– Alde sinatzaileen ekarpenak.

Katedra Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren ekarpen monetarioekin eta UPV/EHUren ekarpen ez-monetarioekin finantzatuko da; horiez gainera, aurreikusitako jardueren esparruan lor ditzakeen dirulaguntzak, laguntzak eta kanpo finantzazioko bestelako iturriak erabili ahal izango ditu.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren ekarpenak.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak ondoren aipatzen diren kopuruak emango ditu gehienera 2019, 2020 eta 2021eko aurrekontu ekitaldietarako, 19.0.1.05.21.0000.4.418.01.43130.002/K aurrekontu sailaren kargura, hitzarmen honetan adierazitako ekintzak eramateko aurrera. Hauek dira urte bakoitzean emango dituen kopuruak:

2019 – 75.000 euro.

2020 – 75.000 euro.

2021 – 75.000 euro.

Hortaz, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak 225.000 euro emango ditu gehienera finantziaziorako. Zenbateko hori behin betikoa da eta ez du onartzen ez eguneratzerik, ez eta egokitzapenik ere; beraz, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza Sailburuordetzak ez du inolaz ere finantzatuko klausula honetan adierazitako zenbatekoa handitzea ekarriko lukeen aurrekontu desbideratzerik.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren ekarpen ekonomikoa bateragarria izango da helburu bera erdiesteko dauden bestelako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin, edozein dela ere laguntzak ematen dituen administrazioa, erakunde publiko edo pribatua, eta horiek estatukoak, Europar Batasunekoak nahiz nazioartekoak izan, betiere diruz lagundutako jardueraren kostua gainditzen ez bada, eta jasotzen diren gainerako dirulaguntzei buruzko araudiak horri buruz ezartzen duena urratzen ez bada.

UPV/EHUren ekarpenak.

UPV/EHUko Katedraren funtzionamenduari lagunduko dio unibertsitateko langileen laguntzarekin, eta bere gain hartuko ditu jarduerak aurrera eramateko erabiliko diren lokalen, azpiegituren eta unibertsitate zerbitzuen mantentze gastuak.

Zortzigarrena.– Ordaintzeko era.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak –zazpigarren klausulan ezarritakoaren arabera eta bederatzigarren klausulako betekizunak kontuan hartuta– jarri behar duen zenbatekoa, honela ordainduko zaio UPV/EHUri:

2019. urtean, 75.000 euroko lehenengo ordainketa bat egingo da, hitzarmen hau izenpetu eta 2019ko jarduera-plana onartu ondoren.

2020an, 75.000 euroko ordainketa bakarra.

2021ean, 50.000 euroko ordainketa bakarra.

Urte bakoitza bukatzean, gastuen justifikazioa aurkeztuko da. Ordaindutakoaren eta justifikatuaren arteko diferentzia hurrengo urterako gerakintzat joko da. Hitzarmena bukatzean eta 2022ko otsailaren 28aren aurretik, hirurtekoaren balantze osoa aurkeztuko da. Gauzak horrela, gastu guztiak ordura arte finantzatutako zenbatekotik (200.000 euro) beherakoak badira, EHUk diferentzia itzuli beharko du.

Aitzitik, zenbateko horretatik gorakoa bada, ordaintzeko dagoen zenbatekoa kitatuko da (kopuru hori ezin izango da 25.000 eurotik gorakoa izan eta 2021eko ekitaldiaren kontura izango da).

Bederatzigarrena.– Justifikazioa.

Hitzarmen honi dagozkion ekarpen ekonomikoak justifikatuko dira katedraren Jarraipen Batzordeak burutu diren jarduerak onartzen dituenean, eta, betiere, sailaren aurrean ekitaldiko gastuak justifikatu ondoren, gutxienez, honako dokumentazio hau aurkeztuta:

1.– Txosten akademikoa edo jardueren memoria, hitzarmen honetan jasotako jarduerak zein neurritan bete diren eta zeintzuk emaitza lortu diren arrazoituko duena; txosten horretan, halaber, egitasmoan egindako aurrerapenak azalduko dira.

2.– Txosten edo memoria ekonomikoa, egindako jardueren kostua adierazita. Era berean, atal hauek jasoko dira bertan:

– Hitzarmenaren helburuak lortzeko egindako gastuak justifikatzen dituen memoria bat, eta zerrenda sailkatu bat (excel formatuan), ahalbidetuko duena hauek guztiak identifikatzea: hartzekoduna, zenbatekoa, igorpen-eguna, eta, hala badagokio, ordainketa-eguna, betiere, gastu bakoitzaren dokumentu euskarria aipatuta. Euskarri hori izango da faktura edo balio berbera duen dokumentu frogagarri bat, merkataritza-trafiko juridikoan baliozkoa dena, edo administrazio-eraginkortasuna duena.

– Jarduera horiek finantzatu dituzten beste diru sarrera edo dirulaguntza batzuen zerrenda zehatza, zenbatekoak eta jatorria adierazita.

Unibertsitateak jasotzen dituen dirulaguntzen zenbatekoak ezin izango du gainditu diru horren bidez aurrera eramango diren jardueren kostua, berak bakarrik edo estatukoak zein nazioartekoak diren beste erakunde publiko edo pribatu batzuen dirulaguntza, laguntza, diru sarrera edo baliabideekin batera.

Hamargarrena.– Publizitatea eta hedapena.

Katedrak, UPV/EHUko nortasun juridikorik gabeko erakundea denez, unibertsitatearen irudi korporatiboa erabili beharko du unibertsitate jarduerei buruzko komunikazio orotan eta sortutako ezagutza hedatzeko eta zabaltzeko ekitaldi guztietan, eta UPV/EHUren irudi korporatiboaren ikusgarritasuna bermatuko da eskuliburuan aurreikusitako moduan. Ekoizpen zientifikoari dagokionez, UPV/EHU beti agertu beharko da. Katedrak, halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Nagusiak ezarritako argibide guztiak errespetatuko ditu, haren irudi korporatiboari dagokionez.

Katedrak egiten dituen ekitaldi eta jarduera guztietan UPV/EHUren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Nagusiaren logotipoak agertuko dira, antzeko neurri eta adierazgarritasunarekin, katedraren erakunde sustatzaile gisa, eragozteke horregatik beste entitate edo erakunde laguntzaile batzuen logotipoak ere agertzea.

Hamaikagarrena.– Indarraldia.

Lankidetza hitzarmen hau sinatzen den unetik aurrera egongo da indarrean, 2021eko abenduaren 31 arte.

Hamabigarrena.– Izaera eta interpretazioa.

Hitzarmen honek administrazio izaera du, eta berau interpretatu eta garatuko da administrazio zuzenbidearen arabera.

Hamahirugarrena.– Indargabetzea.

Hitzarmen hau baliogabetu egingo da aldeetako batek betetzen ez badu; halakoetan, beste aldea jakinaren gainean jarri beharko da, idatziz, gutxien dela hilabete lehenago.

Hitzarmen honetan jasotako klausulak edota horietatik eratorritako Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak 51.2 artikuluan aurreikusitako edozein kausa hitzarmena baliogabetzeko arrazoiak izango dira berori izenpetzen duten aldeentzat.

Nolanahi ere, denuntzia jakinarazten den unean hasita dauden jarduerak bukatzeko konpromisoa hartzen dute bi aldeek.

Hamalaugarrena.– Aldaketak.

Hitzarmen honetan edozein aldaketa egiteko, horren berri eman beharko zaie Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Nagusiari eta UPV/EHUri, ontzat eman dezaten; ondoren, bi erakundeetako organo eskudunek onartu beharko dute aldaketa.

Eta aurreko guztiarekin ados daudela erakusteko, alde biek hitzarmen hau sinatu dute, bi aletan, goiburuan adierazitako lekuan eta egunean.

Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea,

NEKANE BALLUERKA LASA.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.


Azterketa dokumentala