Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

222. zk., 2019ko azaroaren 21a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
5401

177/2019 DEKRETUA, azaroaren 12koa, zeinaren bidez urgentziako deklaratzen baita Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak, nahitaez desjabetzeko, honako eskubide eta ondasun hauek okupatzea: Abadiñon, «Zelaieta auzoko saneamendua (Abadiño)» proiektua burutzeko beharrezko ondasunak eta eskubideak.

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak, «Zelaieta auzoko saneamendua (Abadiño)» proiektuaren espedientea formalki onartu eta gero, proiektua gauzatzeko lur guztiak erabiltzeko beharra adierazi zuen.

2019ko otsailaren 26an, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak erabaki zuen nahitaezko desjabetze-espedientea hastea eta ondasunen eta eskubideen zerrenda jendaurrean jartzea, hamabost eguneko epean, prentsan eta 2019ko martxoaren 8ko Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (48. zk.). Geroago, 2019ko uztailaren 22an egindako bilkuran, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak Eusko Jaurlaritzari proiektuak eragiten dituen eskubideak eta ondasunak okupatzeko premiazkotasunaren adierazpena eskatzea erabaki zuen, Nahitaezko Desjabetzearen Legearen 52. artikuluan ezarritakoa betetzeko.

Urgentziaz okupatu beharreko ondasunak eta eskubideak zehaztuta eta banakatuta agertzen dira dosierrean jasotako zerrendan, identifikazioak egiteko datu askirekin agertu ere. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen egoki zenean, eta alegazio bat aurkeztu zen, administrazio-espedientean adierazten denez.

Zerbitzu teknikoek ikusi dutenez, ez dago espedientea izapidetzeko inolako hirigintza-oztoporik.

Ondasun eta eskubide horiek okupatzea luzaezintzat jotzen da, honako arrazoi hauengatik:

Ibaizabalera zuzenean isurtzen diren eta lehentasunez jorratu behar diren hamar isurietako bat da Zelaietako isurketa, dokumentu honetan jasotakoaren arabera: «Bilboko itsasadarreko kutsadura organikoa eta ur beltzen kutsadura karakterizatzea eta modelizatzea, saneamendu arloko erabakiak hartzeko eta jarduketa-egoerak planteatzeko oinarri gisa; I. fasea: Ibaizabal ibaiko arroa eta II. fasea: Gobela, Asua, Ballonti eta Granada ibaien arroak» (URAk eta BBUPk 2013. urtean idatzitako dokumentua).

Proiektu honekin, Zelaieta guneko isurketa kenduko da.

Hondakin-ur hauek Matiena-Atxondo kolektorera eramango dira (ibaiaren beste aldetik igarotzen den lehen mailako saneamendu-sarearen baitan dagoena), eta honek Arriandi hondakin-uren araztegira eramango ditu.

Jarduera hori lehentasunezkotzat jo da, eta Ibaizabal ibaiaren eta bertan kontserbatu beharreko elementuen ingurumen-egoera hobetzen lagunduko du.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f) artikuluan xedatzen denez, Eusko Jaurlaritzari dagokio: nahitaez desjabetu beharreko ondasunak eta eskubideak urgentziaz okupatu behar direla deklaratzea, nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: burutze-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurzoruan egin beharreko banakako jarduketak. Goian aipatutako lege horrek 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, lurralde-antolamenduaren eskumenak dituen sailburuari zegokion horretarako proposamena aurkeztea Jaurlaritzaren Kontseiluari.

Hori dela eta, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak proposaturik, Gobernu Kontseiluak, 2019ko azaroaren 12ko bilkuran gaia aztertu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26. artikuluan xedatutakoari jarraituz, nahitaez desjabetzeko, «Zelaieta auzoko saneamendua (Abadiño)» proiektua burutzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak urgentziaz okupatu beharrekoak direla deklaratzea. Berariaz hasarazitako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztu eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aurretiaz berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean. Epeok dekretu hau argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.

Vitoria-Gasteizen, 2019ko azaroaren 12an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.


Azterketa dokumentala