Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

220. zk., 2019ko azaroaren 19a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OGASUN ETA EKONOMIA SAILA
5349

EBAZPENA, 2019ko azaroaren 12koa, Eustateko zuzendariarena, zeinaren bidez prestakuntzarako eta ikerketarako bi bekatarako deialdia egiten baita estatistika-produkzio ofizialen estatistika- eta matematika-metodologien alorrean.

Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikarako apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 29. artikuluaren arabera, Eustat–Euskal Estatistika Erakundearena da estatistikarako langileen prestakuntza eta espezializazioa sustatzeko alorreko eskumena.

Eustat–Euskal Estatistika Erakundeak profesionalen espezializazioa sustatzen segitu nahi du estatistika-produkzio ofizialen ikerketa eta garapen propioetan; horretarako, erabaki du prestakuntzarako bi bekatarako deialdia egitea, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritako eran, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan ezarritako oinarrizko araudiarekin eta laguntzei eta dirulaguntzei aplikatzekoak zaizkien gainerako xedapenekin bat etorriz.

Hori dela eta, eta Euskal Estatistika Erakundearen egitura organikoa onesten duen urtarrilaren 25eko 12/2000 Dekretuaren 4. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, eta, halaber, Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan aurreikusitakoarekin (Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egindako gastu-espedienteen aurretiazko izapidetzea arautu zuen agindu horrek), honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengo artikulua.– Deialdia egitea prestakuntzarako eta ikerketarako bi (2) bekatarako, estatistika-produkzio ofizialen estatistika- eta matematika-metodologien alorrean, ebazpen honen eranskineko oinarrien arabera.

Bigarren artikulua.– Bekak eman ahal izateko, kreditu egokia eta nahikoa egon beharko da behin betiko ebazpena emateko unean.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honen kontra, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Eustateko zuzendari nagusiari, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, hilabeteko epean, edo bestela administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzietako Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. eta 46. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz, Administrazioarekiko Auzietarako Vitoria-Gasteizko Epaitegian, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, bi hileko epean.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen hau Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko azaroaren 12.

EUSTATeko zuzenaria,

JOSU MIRENA IRADI ARRIETA.

ERANSKINA
OINARRIAK

I.– Deialdiaren xedea.

Deialdiaren xedea da: prestakuntzarako eta ikerketarako bi beka ematea, estatistika-produkzio ofizialen estatistika- eta matematika-metodologien alorrean.

II.– Beken edukia.

Bekei esker, esleipendunek aukera izango dute prestakuntza hartzeko estatistika eta matematika aplikatuetako metodologiaren alorrean.

III.– Prozedura izapidetzea.

1.– Prozedura honen izapide guztiak egiteko, kontsultatzeko eta eskatzeko, bide presentziala edo baliabide elektronikoak erabili ahal izango dituzte interesdunek.

Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaz eta Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenaz erregulatzen da izapidetze elektronikoa. Ebazpen horren bitartez, E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –Platea– onartzen da.

Eskabideak eta erantzukizunpeko adierazpenak izapidetzeko zehaztasunak, eta gainerako ereduak eskura daude honako egoitza elektroniko honetan:

Gaztelaniaz: https://www.euskadi.eus/servicios/[numero de procedimiento]

Euskaraz: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/[prozedura-zenbakia] Eskabidearen ondoko izapideak egiteko, bitarteko elektronikoak baliatuko dira Nire karpetaren bitartez:

Gaztelaniaz: https://euskadi.eus/micarpeta

Euskaraz: https://euskadi.eus/nirekarpeta

2.– Bide presentziala aukeratuz gero, eskabide inprimatua –datarekin eta sinatua– eta eskatutako dokumentazioa zuzenduko zaizkio Eustaten Zuzendaritza Nagusiari: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz; eta egoitzan bertan aurkeztu ahal izango dira, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako erregistro edo bulegoetako edozeinetan.

EUSTATen egoitzako erregistroan barik (Donostia kalea, Vitoria-Gasteiz), dokumentazioa beste batean aurkezten bada, eskatzaileak Eustateko Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko dio faxez (945 01 75 01) edo posta elektronikoaren bidez (eustat@eustat.eus), betiere data eta eskabidea aurkezteko era adierazita.

IV.– Eskatzaileak.

Pertsona fisikoentzat dira prestakuntzarako eta ikerketarako beka hauek estatistika-produkzio ofizialerako metodologien eremuan, hau da, estatistika- eta matematika-metodologien alorrean.

V.– Eskatzaileek betekizunak.

Betekizun hauek ere bete behar dira bekok eskuratu ahal izateko:

a) Ikasgaietako bat estatistika duen graduko unibertsitate-titulazio bat izatea (lizentzia, arkitektura edo ingeniaritza), edo estatistikako diploma izatea, eta unibertsitate-titulua eskuratu zenetik bost urte baino gehiago ez igarotzea.

Nolanahi ere, atzerrian edo estatuarenak ez diren Espainiako zentroetan eskuratutako tituluek baliozkotuta edo aintzatetsita egon beharko dute eskabidea aurkezteko unerako.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio-auzotartasuna izatea, beka-deialdia egin baino lehenagotik.

c) Eduki bereko edo antzeko beste bekarik izan ez izana Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kontura ordainduta.

d) Dirulaguntza eta laguntza publikoak hartzea galarazten dion zigor penalik edo administratiborik izan ez izana.

e) Dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko ezgaitzen duen legezko debekurik ez izatea, barnean hartuta sexu-diskriminazioagatik gertatutakoak.

f) Beken onuradun izateko, arau hauetan ezarritako betekizunak konplitzea: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13. artikulua; eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 18., 19. eta 22. artikuluak, zeinaren bidez lege horren erregelamendua onartzen baita.

Beste baldintza bat ere badago, beka hauek emateko edo ordaintzeko: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak berak edo haren erakunde autonomoek emandako antzeko beste laguntza-prozesu batzuetan itzulketa- edo zehapen-prozedurarik oraindik zabalik edukiz gero, lehenago, hura amaitu beharko da.

VI.– Eskatzailearen betekizun jakin batzuk egiaztatzea.

1.– Beken eskatzaileek eskabideetan beren-beregi adierazi ahal izango dute baimena ematen diotela organo kudeatzaileari gainerako datu edo dokumentu guztiak eskuratu edo egiaztatzeko, hartara eragotzi barik Administrazio Publikoak dauzkan egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenak.

2.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuta, honako betekizun hauek egiaztatuko dira, eskabideko erantzukizunpeko adierazpenaren bidez:

– Jakinaraztea ea eduki bereko edo antzekoko beste beka bat eskatu den eta, hala badagokio, ea baliatu den, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kargura.

– Eskatzaileak ez izatea zehapen administratiborik edo penalik, laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera kentzen dionik, eta ez izatea laguntza horiek jasotzen uzten ez dion legezko debekurik.

– Halaber, eskatzaileak adierazi behar du egiazkoak direla eskabidean eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela dirulaguntza hauek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak.

Laguntzaren onuradunek, laguntza emateko ebazpena eman aurretik, aipatutako betekizunak egiaztatuko dituzte, ziurtagiria aurkeztuta edo organo kudeatzaileari zuzenean egiaztatzeko baimena emanda.

VII.– Dirulaguntza-programaren edo -jardueraren betekizunak.

Ebazpen honetan aipatutako beka emateko, bekadun izan nahi duten eskatzaileek, eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, ezarritako betekizunak egiaztatze aldera:

– Ziurtagiri akademiko pertsonala, non agertu behar baitira ikasgai guztien kalifikazioak eta deialdiak.

– Curriculum vitaea, egoitza elektronikoan argitaratutako ereduaren araberakoa, hauek adierazita:

Estatistika- eta matematika-alorrean hartutako edo emandako ikastaroak.

Estatistika- eta-matematika alorreko argitalpenak.

Laneko esperientzia edo profesionala.

Hizkuntzak, lortutako egiaztagiriak edo tituluak adierazita.

Ezagutzen dituzten estatistika-softwareen azalpena.

Bekaren xedearekin estuki lotuta dagoen bestelako edozein merezimendu.

– Curriculum vitaean aipatutako merezimenduen egiaztagiriak.

Horretarako, beka-eskatzaileek ziurtagiriak eman beharko dituzte, non, besteak beste, zehatz-mehatz adierazi beharko baita ikasgai bakoitzean zenbat ordu eman diren eta zer gai landu diren.

VIII.– Eskabideak eta inprimakiak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa (1) izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– III. oinarrian ezarritakoarekin bat etorriz aurkeztu beharko dira eskabideak.

3.– Eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, nahierara. Orobat, prozeduran zehar, erakundeak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

IX.– Beken ezaugarriak.

1.– Beka bakoitzak 24 hil iraungo du, bera baliatzeko lehen egunetik aurrera.

2.– Beka bakoitzeko gehieneko zuzkidura ekonomikoa 32.000 euro gordinekoa izango da bekak irauten duen hogeita lau hilerako. Zenbateko horren barnean sartzen dira: hileko entregak, mila berrehun eta berrogeita hamar euroko zenbateko gordinekoak (1.250), XI.3 puntuan adierazitako txostena aurkeztu ostekoak; eta poltsa bat, bi mila euroko gehieneko zenbatekoa, beka bakoitzak dirauen denboraldi osorako, zeinari esker Eustatek ordaindu ahal izango baititu bekadun bakoitzak dauzkan gastuak, bai prestakuntza-ikastaroei, bai dietei eta bidaiei dagokienez, proiektuen gaiari lotutako ikastaroetara eta kongresuetara joateko. Aldez aurretik, Institutuko zuzendaritzak onartu beharko ditu poltsa horretaz baliaturik ordaindutako gastuok, eta agiri bidez justifikatu beharko da egin egin direla gastuok. Ordainketa guztiak gordintzat joko dira, eta lotu egingo zaizkie gizarte- eta tributu-kotizazioei, beka-hartzaileek indarreko arauei jarraikiz ordaindu behar dutenaren arabera.

3.– Beka hau jasotzen bada ezin izango da beste erakunderen baten laguntzarik jaso; soilik jaso ahal izango dira, salbuespen moduan, kontu pertsonalei lotutakoak eta onuradunak bere edo besteren baten kontura egindako ordaindutako lanak.

4.– Beka eman eta baliatzearen ondorioz, ez da sortzen inolako kontratu edo estatutupeko harremanik sortzen Eustatekin, ezta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekin ere, prestakuntzako helburua baitu.

5.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak erantzukizun zibileko eta istripuetarako poliza bat egin beharko du, bekadunen alde.

6.– Eustatek aprobetxamenduaren egiaztagiria egingo die bekari etekin egokia atera dioten bekadunei.

X.– Hautagaien hautaketa.

1.– Hautapen Epaimahaian kide hauek egongo dira:

Mahaiburua:

Eustaten Koordinazio Teknikoko zuzendariordea, edo eskuordetuak.

Kideak:

Estatistika Produkzioko eta Analisiko zuzendariordea.

Eustateko Metodologia Estatistiko-matematikoa, Berrikuntza eta I+G Arloko arduraduna.

Eustateko teknikari bat, Eustateko zuzendari nagusiak izendatuko duena.

Idazkaria:

– Eustateko teknikari bat, Eustateko zuzendari nagusiak izendatuko duena.

2.– Hautapen Epaimahaiak gehiengoz hartu beharko ditu erabaki guztiak.

3.– Bekadunak hautatzeko, bi fase egingo dira, irizpide hauek kontuan hartuta:

Lehenengo fasea:

a) Eskatzailearen espediente akademikoa; garrantzi berezia emango zaie estatistika- eta matematika-alorrei. 15 puntu, gehienez.

b) Graduondoko ikastaroak, ikerketako merezimenduak eta metodologia estatistiko-matematikoaren garapena. Baita beste merezimendu akademiko batzuk ere. 5 puntu, gehienez.

c) Estatistika-softwarea erabiltzeko ezagutzak. 3 puntu, gehienez.

d) Euskara jakitea. Gehienez 3 puntu, honela baloratuta:

C1 ALTE = EGA; 3. HE- IVAP; HABEko hirugarren maila = 3 puntu.

B2 ALTE= 2. HE- IVAP; HABEko bigarren maila = 1,5 puntu.

B1 ALTE= 1. HE- IVAP; HABEko lehenengo maila = 1 puntu.

e) Ingelesa jakitea. Gehienez 3 puntu, honela baloratuta:

C1 ALTE = Advanced; BEC3; BULATS3; ESOL10-11; TRINITY 10-11 = 3 puntu.

B2 ALTE= FIRST; BEC2; BULATS3; ESOL 7-9; TRINITY 7-8-9 = 1,5 puntu.

B1 ALTE= PET; BEC1; BULATS2; ESOL 5-6; TRINITY 5,6 = 1 puntu.

f) Frantsesa edo alemana jakitea. Gehienez 1 puntu, honela baloratuta:

C1 ALTE = 1 puntu.

Hautapenaren bigarren fasean, lehenengo fasean gutxienez hamar puntu lortu dutenen artean, sartuko dira puntu gehien lortu dituzten lehenengo hamar pertsonak. Hautagai batzuen arteko berdinketarik badago, eta horrela aurreko muga gainditzen bada, berdinduta dauden pertsona guztiak sartuko dira bigarren fasean, nahiz eta aipatutako muga gainditu.

Bigarren fasea:

g) Zuzeneko elkarrizketa, gai honi buruzko ezagutzak egiaztatzeko. Elkarrizketagatik gehienez 10 puntu emango dira.

Fase honetan, beken adjudikazio prozesutik kanpo geratuko dira gutxienez 5 puntu lortzen ez dituzten eskatzaileak.

4.– Hautapen Epaimahaiak proposamen bat egingo du beken adjudikaziorako. Ordezkoak ere izendatuko ditu, hurrenkeraren arabera deituak izateko baldin eta Eustateko Zuzendaritza Nagusiak egoki baderitzo, uko egiteak edo bestelako gorabeherak direla-eta bekak esleitu ahal izateko. Ordeztu beharrik izanez gero, ordezkatu eta bekadunari beka amaitzeko geratzen zaion tarterako izango da.

5.– Deialdia hutsik utz liteke, inor aurkeztu ez delako edo hautagai bat bere ere ez delako eskatutako mailara iritsi.

6.– Eustateko zuzendari nagusiak, Hautapen Epaimahaiaren proposamena ikusita, eskariak aurkezteko epea amaitzen denetik lau hilabeteko epean erabakiko du bekak nori eman, ebazpen bidez, eta ebazpena EHAAn argitaratuko da. Administrazioaren bidea agortuko duen ebazpen horren aurka, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahalko da Eustateko zuzendariaren aurrean, argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean, edo bestela administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzietako Jurisdikzioaren gaineko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10 eta 46. artikuluetan ezarritakoa betez, Administrazioarekiko Auzietarako Vitoria-Gasteizko Epaitegian, argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta bi hilabeteko epean.

Bekak emateko epea inolako ebazpen eta jakinarazpenik gabe amaitzen bada, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/92 Legearen 25.1 artikuluan aurreikusten den ezespena izan dela ulertuko da.

7.– Beka eman dela argitaratu eta, beranduen, egutegiko hurrengo zazpi egunean hasiko da.

8.– Epaimahaiaren bileretara joateagatik kalte-ordainak ordaindu ahal izango dira, Zerbitzua tarteko eman daitezkeen kalte-ordainen gaineko otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuaren arabera.

XI.– Onuradunaren betebeharrak.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako betebeharrak bete behar ditu bekaren onuradunak, eta, batez ere, hauek:

1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Onuradunak idazki baten bidez onartu beharko du beka; izan ere, idazkia Eustateko Zuzendaritza Nagusira bidali beharko du beka adjudikatu zaiola jakinarazten zaionetik egutegiko zazpi egunean. Horrez gain, konpromisoa hartuko du beka emateak dakartzan betebeharrak betetzeko. Beka onartzeak badakar deialdi honetan finkatutako arauak ere onartu beharra.

Era berean, adierazpen bat igorri beharko du, non adieraziko baitu ez daukala beste erakunde batek emandako laguntzarik, beka honekin bateraezina denik, eta ez duela egiten bere edo besteren baten kontura ordaindutako lanik, horrela ezarri baitago IX. oinarriko 4. paragrafoan.

2.– Ondo aprobetxatuta betetzea prestakuntza- eta ikerketa-proiektuaren etapa guztiak, Metodologia Estatistiko-matematikoa, Berrikuntza eta I+G Arloak emandako jarraibideei jarraikiz, zeinaren gomendio utzi batia beken jagoletza.

3.– Hilero, hilaren amaieran, eta proiektua amaitu eta hurrengo hamar egunean, bekadunek txosten bat bidaliko diote Eustateko zuzendari nagusiari egindako lanaren eta lortutako emaitzei buruz; Metodologia Estatistiko-matematikoa, Berrikuntza eta I+G Arloaren adostasuna edo oniritzia izan beharko dute emaitzok.

4.– Bekadunak behartuta egongo dira sekretu estatistikoa gordetzera, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikako apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 19. artikuluan eta hurrengoetan aurreikusitako moduan. Horri dagokionez, bekadunek hitz emango dute entregatzeko bai sekretu horren pean dagoen eta bai bekaren ondorioz atera duten material guztia, eta, halaber, ez dutela zabalduko jakitun dauden eta sekretu estatistiko pean dagoen inolako daturik, ezta bestelako materialik kopiatu eta zabalduko ere.

5.– Erabiliko diren datuak isilekoak izan eta sekretu estatistikoaren pean egongo direnez, bekadunek Eustateko egoitzan egingo dituzte ikasketak eta ikerketa-lanak.

6.– Lehenago hitzartutako betebeharrak bete ezean, hemen xedatutakoa beteko da: abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura jasotako dirulaguntzen berme eta itzuleren araubidea arautzen duen eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintza, araubide eta betebeharrak finkatzekoa.

7.– Bekei uko eginez gero, eskubide ekonomikoak galduko dira, aprobetxatu ez den bekaren zatiari dagokionez, IX. oinarrian aurreikusitakoari jarraikiz.

8.– Beken onuradunak behartuta egongo dira Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak dirulaguntzen xedea fiskalizatzeko zereginetan eskatutako informazio guztia ematera.


Azterketa dokumentala