Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

210. zk., 2019ko azaroaren 5a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
5078

171/2019 DEKRETUA, urriaren 29koa, zeinaren bidez urgentziako deklaratzen baita Gipuzkoako Foru Aldundiak, nahitaez desjabetzeko, honako eskubide eta ondasun hauek okupatzea: Azkoitia eta Azpeitian, GI-631 errepideko Basarteko bidegurutzean (Azkoitia-Azpeitia) biribilgunea egiteko proiektua (1-I-39/2018) burutzeko beharrezko ondasunak eta eskubideak.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, «GI-631 errepideko Basarteko bidegurutzean (Azkoitia-Azpeitia) biribilgunea egiteko proiektua (1-I-39/2018)» delakoaren espedientea formalki onartu eta gero, proiektua gauzatzeko lur guztiak erabiltzeko beharra adierazi zuen.

2019ko otsailaren 21ean, Gipuzkoako Foru Aldundiak nahitaezko desjabetze-espedientea hastea eta ondasunen eta eskubideen zerrenda jendaurrean jartzea erabaki zuen, hilabete bateko epean, prentsan eta 2019ko martxoaren 7ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (46. zk.). Geroago, 2019ko ekainaren 11n egindako bilkuran, Gipuzkoako Foru Aldundiak Eusko Jaurlaritzari proiektuak eragiten dituen eskubideak eta ondasunak okupatzeko premiazkotasunaren adierazpena eskatzea erabaki zuen, Nahitaezko Desjabetzearen Legearen 52. artikuluan ezarritakoa betetzeko.

Urgentziaz okupatu beharreko ondasunak eta eskubideak zehaztuta eta banakatuta agertzen dira dosierrean jasotako zerrendan, identifikazioak egiteko datu askirekin agertu ere. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen egoki zenean, eta bi alegazio aurkeztu ziren, administrazio-espedientean adierazten denez.

Zerbitzu teknikoek ikusi dutenez, ez dago espedientea izapidetzeko inolako hirigintza-oztoporik.

Ondasun eta eskubide horiek okupatzea luzaezintzat jotzen da, honako arrazoi hauengatik:

Gaur egun, GI-631 errepidearen eta Basarte industrialderako sarbidearen arteko bidegurutzea T motako bidegurutzea da. Bidegurutze honek erdiko itxarote-errei motza du eta abiadura handia ahalbidetzen du GI-631 errepidean.

Bidegurutzean industria eta ibilgailu-astunen trafiko handia izaten da, industrialderako sarrera baita. Bestalde, bidegurutze honen ingurunean hainbat lursail eta baserrietarako sarbideak daude. Honek, biratze-maniobra geldoak egiten dituzten ibilgailu partikularren trafikoa sortzen du; maniobra hauek galtzadan bertan egiten dira, baita kontrako erreia hartuta ere.

Gainera, ez dago garraio publikoko autobusarentzat egokitutako zabalera. Ondorioz, modu prekarioan egiten ditu bere geldialdiak, galtzadaren zati bat hartuta. Oinezkoek ere modu prekarioan gurutzatzen dute errepidea bidegurutzetik bertatik, gerturatzen ari diren ibilgailuen jatorria, abiadura eta ibilbidea ondo ikusi ezinik.

Aurretik azaldutako guztia dela eta, arrisku handiko egoerak sortzen dira bidegurutze honen inguruan; bai ibilgailuen arteko istripu arriskua (erdiko itxarote-erreiaren gaitasun gabeziak sortutako auto ilarek edo kontrako erreia hartzen dituzten maniobrek eragindakoak), bai eta oinezkoak harrapatzeko arriskua (hauek bidegurutzetik gurutzatzen baitute errepidea).

Bidegurutze honen gaur egungo egoera kaotikoa ezabatzeko asmoz, bere eraldaketa proiektatu da, T moduko bidegurutze izatetik biribilgune zirkular izatera aldatuta. Eraldaketa honek autobus geltokientzako dartsenak eta oinezkoentzako pasabideak ere jasotzen ditu.

Horregatik, errepide arazo hau lehen bait lehen kendu ahal izateko, beharrezkotzat jotzen da desjabetzeak urgentziazko prozeduraz izapidetzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f artikuluan xedatzen denez, Eusko Jaurlaritzari dagokio: nahitaez desjabetu beharreko ondasunak eta eskubideak urgentziaz okupatu behar direla deklaratzea, nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: burutze-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurzoruan egin beharreko banakako jarduketak. Goian aipatutako lege horrek 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, lurralde-antolamenduaren eskumenak dituen sailburuari zegokion horretarako proposamena aurkeztea Jaurlaritzaren Kontseiluari.

Hori dela eta, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak proposaturik, Gobernu Kontseiluak, 2019ko urriaren 29ko bilkuran gaia aztertu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26. artikuluan xedatutakoari jarraituz, nahitaez desjabetzeko, «GI-631 errepideko Basarteko bidegurutzean (Azkoitia-Azpeitia) biribilgunea egiteko proiektua (1-I-39/2018)» burutzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak Gipuzkoako Foru Aldundiak urgentziaz okupatu beharrekoak direla deklaratzea. Berariaz hasarazitako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztu eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aurretiaz berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Epeok, dekretu hau argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.

Vitoria-Gasteizen, 2019ko urriaren 29an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.


Azterketa dokumentala