Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

209. zk., 2019ko azaroaren 4a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
5060

EBAZPENA, 2019ko urriaren 14koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Hernaniko (Gipuzkoa) Papelera Guipuzcoana de Zicuñaga SA enpresaren ZE.03.2 lurzatiaren xehetasun-azterlanaren ingurumen-adierazpen estrategikoa.

AURREKARIAK

Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren 2018ko azaroaren 20ko Ebazpenaren bidez, Hernaniko (Gipuzkoa) Papelera Guipuzcoana de Zicuñaga SA enpresaren ZE.03.2 lurzatiaren ingurumen-azterketa estrategikoaren irismeneko dokumentua egin zen (aurrerantzean, Plana), bai Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean bai Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean jasotakoari jarraikiz.

Iragarki baten bidez, Hernaniko Udalak 45 egunez jendaurrean jarri zituen Plana eta ingurumen-azterketa estrategikoa, baita azterketa horren laburpen ez-tekniko bat ere, egoki iritzitako alegazioak aurkeztu ahal izateko, eta iragarki hori Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 2019ko apirilaren 12an.

Jendaurreko informazioaren izapidea burututa, Hernaniko Udalak egiaztatu zuen ez zela alegaziorik jaso.

Aldi berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 22. artikuluan ezarritakoaren arabera, Hernaniko Udalak 2019ko apirilaren 12an kontsulta egin zien arauaren 19. artikuluan ezarritakoaren arabera lehenago kontsultatutako ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, eta 45 eguneko epea eman zien, egoki iritzitako txostenak eta alegazioak aurkez zitzaten. Horien ondoreak espedientean daude jasota. Zehazki, honako organismo hauei egin zitzaien kontsulta: Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritza, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza (Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritza), Kantauriko Konfederazio Hidrografikoa, Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoa, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritza Nagusia, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusia, Ekologistak Martxan Gipuzkoa, Itsas Enara Ornitologia Elkartea eta Eguzki, «Eguzkizaleak» elkartea.

2019ko irailaren 26an, ingurumen-adierazpen estrategikoa osatu du Hernaniko Udalak, otsailaren 27ko 3/1998 Legean, abenduaren 9ko 21/2013 Legean eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzeko urriaren 16ko 211/2012 Dekretuan xedatutakoarekin bat.

Eskabidearekin batera, dokumentu hauek aurkeztu ziren:

– Hernaniko (Gipuzkoa) Papelera Guipuzcoana de Zicuñaga SA enpresaren ZE.03.2 lurzatiaren xehetasun-azterlana, hasierako onarpenerako dokumentua, 2019ko otsaileko data duena.

– Hernaniko (Gipuzkoa) Papelera Guipuzcoana de Zicuñaga SA enpresaren ZE.03.2 lurzatiaren xehetasun-azterlanaren ingurumen-azterketa estrategikoa.

– Jendaurrean erakusteko aldiaren eta entzunaldiaren emaitza deskribatzeko hainbat dokumentu, baita jasotako txostenak aintzat hartzeko moduari buruzko idazkia ere.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumen-efektu nabarmenak izan ditzaketen planen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea, eta ingurumenaren babes-maila handia bermatzea, garapen jasangarri bat sustatzeko.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumen-efektuen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.1 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar zaie administrazio publiko batek abian jarritako edo onetsitako planei, baldin eta lege-xedapen batek edo erregelamenduzko xedapen batek beharturik prestatu eta onartu badira, betiere ingurumen-eraginaren ebaluazioa egitera legez behartutako proiektuak baimentzeko esparrua ezartzen badute eta arlo jakin batzuei erreferentzia egiten badiete, hala nola lurralde-antolamenduari.

Ildo horretatik, adierazi behar da Hernaniko (Gipuzkoa) Papelera Guipuzcoana de Zicuñaga SA enpresaren ZE.03.2 lurzatiaren xehetasun-azterlana egin eta onartzea exijitzen dela Lurzoru eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legean.

Orobat, otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 46.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio bateratu bat egin behar da; hau da, arauaren I. eranskineko a) letran jasotako planen ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar da, eta ebaluatu beharreko plan horien artean daude, besteak beste, ingurumen-efektu nabarmenak izan ditzaketenak. Bada, holako kasu baten aurrean gaude, ingurumen-inpaktuaren azterketa egin behar zaion proiektu baten baimenerako marko bat ezartzen baitu Planak.

Halaber, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 17. artikuluan eta hurrengoetan eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzeko urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 8. artikuluan eta hurrengoetan adierazitakoaren arabera, bai Hernaniko Udalak, organo substantibo gisa, bai Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, ingurumen organo gisa, beharrezko den guztia xedatu dute Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura burutu ahal izateko, ingurumen-ikerketa estrategiko baten bidez, zeinaren irismena aurrez ezarri baita, kontsulta publikoen eta ukitutako administrazio publikoen eta interesdunen parte-hartze prozeduraren bitartez.

Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-ebaluazio estrategikoa egokia dela eta indarrean dagoen araudiari egokitzen zaiola, ingurumen-adierazpen estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –organo eskuduna otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta apirilaren 9ko 77/2017 Dekretuaren arabera, zeinaren bidez ezartzen baita Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko egitura organiko eta funtzionala–. Adierazpen horretan, ingurumen-arloko alderdiak Planaren proposamenean sartzearen alde egiten da, eta Plana aplikatzeak dakartzan ingurumen-efektu nabarmenen aipamena jasotzen, azkenik onartuko den Planean sartu behar diren azken zehaztapenak sartuta, ingurumen-efektuetarako bakarrik.

Orain arte azaldutakoari jarraikiz, espedienteko txostena aztertu da, eta xedapen hauek guztiak ikusi dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babestekoa; 21/2013 Legea abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 211/2012 Dekretua, urriaren 16koa, Planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura arautzekoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzekoa; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Formulatzea Hernaniko Papelera Guipuzcoana de Zicuñaga SA enpresaren ZE.03.2 lurzatiaren xehetasun-azterlanaren ingurumen-adierazpen estrategikoa, jarraian adierazten diren zehaztapenekin:

A) Hernaniko Papelera Guipuzcoana de Zicuñaga SA enpresaren ZE.03.2 lurzatiaren xehetasun-azterlanaren helburua da Hernaniko Papelera Guipuzcoana de Zicuñaga SAk Hernaniko Eziago industrialdean duen eta oraingo instalazioen ondoan dagoen lurzatian papera fabrikatzeko lerro berri bat (MP5 izena duena) ezartzeko eraikin berri baten lerrokatzeak, sestrak eta profila definitzea. Indarrean dagoen Planak ez ditu onartzen paper-makina berria izango duen industria-eraikina eraikitzeko bete behar diren altuera-ezaugarriak. Zehazki, Planarekin honako hauek lortu nahi dira:

– ZE.03.2 lurzatiaren hirigintzako parametroak arautzen dituen 1991ko urriaren 22ko Plan Partzialean aurreikusitako eraikuntzaren gehieneko altura birdoitzea, paper-fabrikarako diren eraikinek fabrikazio-prozesutik eratorritako eraikuntza-baldintza bereziak dauzkatenez gero; dimentsio eta altuera bereziak behar dituzte paper-makina eta gainerako ekipo mekaniko eta elektriko osagarriak behar bezala kokatzeko.

– Eraikuntza berriaren bolumetria arautzea, plangintza xehatuan ezarritako gehieneko okupazioen, atzeraemanguneen eta malden baldintzak betetzen direla justifikatuz.

– Industria-eraikin berriaren hirigintza-eraikigarritasunari lotutako lurzati pribatuko gutxieneko aparkaleku-horniduraren aurreikuspena betetzea.

– Lurzatia zeharkatzen duen eta eraikin berria garatu eta gauzatzea eragozten duen goi-tentsioko linea elektrikoaren lekualdatzea islatzea.

Eraikin berriak 8.965 m2-ko azalera osoa izango du plantan eta 190 metroko luzera. Egiturazko 26 arkupek osatuta egongo da, batetik bestera 7,5 metro utzita. Zabalera 45,75 metrokoa izango da eraikin osoan. Eraikinaren altuera prozesuaren parte bakoitzean makinek duten neurrien araberakoa izango da. Eraikinaren gehieneko kota +30,7 metrotan egongo da. Eraikin berriak 3 maila izango ditu: zolataren eragiketa-maila, makinaren eragiketa-maila, eta makina eta eraikina egurasteko eragiketa-maila.

Industrialdea Urumea ibaiaren meandro batean kokatuta dago. Meandroaren hegoaldeko muga Urumea ibaia Kontserbazio Bereziko Eremuari dagokio. Planaren xede den eremua ibaian beherago dago, eta, beraz, KBE horren mugatik eta haren Babeserako Eremu Periferikotik kanpo.

Eziago industrialdearen ondoko Urumea ibaiaren tartea bat dator Urumea ibaiko Uholde Arrisku Garrantzitsuko Eremuarekin (Kodea: ES017-GIP-17-1). Horrez gain, planaren esparrua bat dator kutsatuta egon daitekeen lurzoru-partzela batekin (lurzorua kutsa dezaketen jarduerak jasaten dituzten edo jasan dituzten lurzoruen inbentarioko 20040-00216 kodea).

B) Ingurumen-adierazpen estrategiko hau bat dator ingurumen-azterketa estrategikoaren ondorio nagusiekin, eta uste da nahikoa justifikatu dela Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2018ko azaroaren 20ko Ebazpenaren bidez emandako irismen-dokumentuan aurkeztutako ingurumen-irizpideak integratzea.

Ingurumen-organo honek emandako irismen-dokumentuan eskatutako sakonera, xehetasun-maila eta espezifikazio-gradua bermatuz egin da Planaren ingurumen-azterketa estrategikoa. Planifikazio-prozesuan ingurumen-eragin posibleak kontuan hartzen direla bermatzeko, uste da nahikoa zorrozki heldu zaiela ingurumen-izapidean adierazitako irizpide guztiei.

C) Plana izapidetzean, ez da gehitu ingurumen-azterketa estrategikoa zabaltzeko eskatzen duen jarduketa berririk, eta ez da atzeman birdefinitu edo kendu behar den Planaren jarduketarik.

D) Indarreko araudiaren arabera hartuko dira neurri babesleak, zuzentzaileak, konpentsatzaileak eta segimendukoak, baita hurrengo apartatu hauetan xedatutakoaren arabera eta, aurrekoa galarazten ez dutenetan, ingurumen-azterketa estrategikoan aurreikusitakoaren arabera ere.

Halaber, planak zehaztapen hauek jaso beharko ditu:

– Kontuan hartuko dira uholde-arriskua duen eremuko erabilera- eta jarduera-mugak, 1/2016 Errege Dekretuaren 40.4 artikuluaren arabera (dekretu horrek, besteak beste, Espainiako zatiari dagokion Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoa berrikustea onartzen du), uholde-arriskuko zaintza-eremuan eta lehentasunezko fluxu-eremutik kanpo. Era berean, urbanizatu beharreko eremu berriek eragindako arroko drainatzean aldaketa handirik ez gertatzeko, drainatze jasangarriko sistemak erabili beharko dira.

E) Ingurumen-efektuaren jarraipena egiteko plana.

Azterketak ikuskatze-programa egoki bat deskribatzen du, Planaren aplikazio egokia bermatzeko eta, hala badagokio, aurreikusitakoak ez diren beste ingurumen-efektu batzuk antzemateko. Hainbat kontrol proposatzen dira, Planaren esparrukoa den proiektuaren obra-faserako; jarraipen-adierazleen eta atalase-balio jakin batzuen arabera burutu beharreko jarduketa batzuk dira kontrol horiek.

F) Planaren ondoriozko planen eta proiektuen ingurumen-ebaluaziorako arau orokorrak.

Planaren ondoriozko planen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioan, aintzat hartuko dira lurraldearen baldintzatzaileak eta Ingurumen Administrazioaren zuzendariak 2018ko azaroaren 20an emandako Ebazpenaren bidez eginiko irismen-dokumentuan adierazten diren ingurumen-irizpideak. Eragina izan behar du, besteak beste, jada artifizialdutako lurzoruen erabileraren lehenespenean, baliabideen erabilera jasangarrian eta lurraldearen gaineko esku-hartzeen paisaia-integrazio egokian.

Proiektua egikaritu ahal izateko, materialak induskatu behar dira, indusketa selektiboko plan bati jarraikiz. Plan horretan, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legeak 23. artikuluan xedatzen duena bete beharko da, eta ingurumen-organoak onartu behar du plana, betetzen hasi aurretik.

Halaber, proiektua egikaritzean, obretako jardunbide egokien eskuliburua ezarri beharko da, eta honako hauek behar bezala egin beharko dira: lurren eta soberakinen kudeaketa, hondakinen sorkuntza eta kudeaketa, induskatutako lurzoruen kontrola, eta airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa.

Era berean, eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoak izan daitezen beharrezko diren ezaugarriei dagokienez, «EAEko Etxebizitzen Eraikigarritasun eta Birgaitze Jasangarriari buruzko Gidaliburuan» jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek alderdi hauetan behintzat eragin beharko dute:

– Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

– Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortutako energia kopurua edo/eta kontsumoa murriztea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago igortzea.

– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Plana onartzeko, bi urteko gehieneko epea ezartzen da, ingurumen-adierazpen estrategiko hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Epe hori igarota, proiektua onartu ez bada, ingurumen-adierazpen estrategiko honen indarraldia amaituko da, eta ez da gehiago eraginkorra izango. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren izapidea, non eta ez den ingurumen-adierazpen estrategikoaren epea luzatzea adosten. Hori guztiori, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 27. artikuluarekin bat etorriz.

Hirugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Laugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Hernaniko Udalari.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko urriaren 14a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala