Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

209. zk., 2019ko azaroaren 4a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
5059

EBAZPENA, 2019ko urriaren 14koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez egiten baita Donostiako (Gipuzkoa) Bera Bera AY.17 hirigintza-eremuko Bera Bera pasealekua 82an dagoen lurzatiaren xehetasun-azterketaren gaineko ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

Donostiako Udalak, 2019ko maiatzaren 31n, eskabide bat aurkeztu zuen Bera Bera AY.17 hirigintza-eremuko Bera Bera pasealekua 82an dagoen lurzatiaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari ekiteko (aurrerantzean, Plana). Eskabide hori Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen esparruan egiten da. Eskaerarekin batera, zenbait agiri aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak Planaren eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko izapideak egin zituen, egoki iritzitako oharrak egin zitzaten, oinarritzat har bailitezke ingurumen-txosten estrategikoa egiteko eta, behar izanez gero, ingurumen-inpaktu estrategiko arruntaren ebaluazioa egiteko. Ohar horiek aintzat hartuko dira zehazteko nolako helmena, xehetasun-maila eta zehaztasuna izan behar dituen ingurumen-azterketa estrategikoak. Zehazki, hauei egin zitzaien kontsulta: Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritza eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetza (Gipuzkoako bulegoa); Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusia; Gipuzkoako Ekologistak Martxan elkartea, «Eguzkizaleak» elkartea eta Haritzalde elkarte naturalista.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek egoki ikusten zituzten ingurumen-arloko oharrak egiteko aukera izan zezaten.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzaren erantzunak jaso dira; espedientean dago horren emaitza.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuetan sartzen da Plana; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin esanguratsurik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean araututa dago, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertuta, eta ikusirik ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, egiaztatzen da ingurumen-organoak, hots, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (organo eskuduna berau, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen eta Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera) behar adina datu duela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko, eta ingurumen-txosten estrategiko hau eman du, zeinak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten baitu eta Plana aplikatzearen ondorio esanguratsuen aipamena jasotzen, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen-ondoreetarako.

Xedapen hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Bera Bera AY.17 hirigintza-eremuko Bera Bera pasealekua 82an dagoen lurzatiaren xehetasun-azterketarako ingurumen-txosten estrategikoa egitea (aurrerantzean, Plana), honako baldintza hauetan:

A) Planaren deskribapena: Helburuak eta jarduketak.

Xehetasun-azterketa honen helburua da xeheki antolatzea Donostiako Bera Bera pasealekua 82an dagoen lurzatiaren sestrapeko eraikigarritasuna. HAPOko hirigintza-arauetan gaur egun orokorrean ezarrita dagoen lerrokaduraz bestelako bat ezarri nahi da. Horretarako arrazoia da egun dagoen eraikina (baserria) Donostiako Ondare Urbanistikoa eta Eraikia Babesteko Plan Berezian katalogatua eta babestua dela (C gradua), eta, beraz, ez dela bateragarria hirigintza-arau horietan sestrapeko eraikigarritasunari eta haren lerrokadurei buruz ezarritakoarekin.

B) Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluaren arabera, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira plan edo programa bati ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki hauek kontuan hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako eta beste jarduera batzuetarako esparrua: Aurkeztutako dokumentuak ikusi dira, eta Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak zer neurritan eragiten duen beste plan edo programa batzuetan: ingurumenaren ikuspuntutik, Planak ez du aipatzeko moduko ondoriorik izango beste plan edo programa batzuetan.

c) Planak ingurumeneko alderdiak integratzeko duen egokitasuna, batez ere garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin: Planak aukera ematen du Donostiako Ondare Urbanistikoa eta Eraikia Babesteko Plan Berezian babestua dagoen eraikin bat babesteko.

d) Planarekin lotutako ingurumen-arazo esanguratsuak: Planean jasotzen diren jarduketek ez dakarte haren ondorio posibleak nabarmen handitzea, betiere jarduketak eta jarduerak indarreko legeriaren arabera gauzatzen badira segurtasunaren eta osasunaren, ingurumenaren, natura-ondarearen, kultura-ondarearen, paisaiaren, kutsadura akustikoaren eta uren arloetan, besteak beste.

Nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, ezin izango dira gauzatu garapen berriak kanpoko ingurunean kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez badira, hargatik eragotzi gabe dekretu horren 43. eta 45. artikuluetan xedatutakoa.

e) Plana egokitzat jotzen da ingurumenaren arloko legeria –Europakoa nahiz Espainiakoa– txertatzeko.

2.– Sor daitezkeen ingurumen-ondorioak eta seguruenik eraginpean izango den eremuaren ezaugarriak:

Xehetasun-azterketa honen eraginpeko lurzatiak 2.150 m2-ko azalera du, eta hirigunean dago, hain zuzen, Donostiako Bera Bera pasealekua 82an, Aiete auzoko bizitegietarako hirigunean. Iparraldean eta hegoaldean, Bera Bera pasealekua eta Hegaztien pasealekua ditu mugakide, hurrenez hurren, eta, ekialdean eta mendebaldean, bizitegi-erabilerarako beste etxebizitza batzuk. Donostiako HAPOrekin bat, «A.30 Eraikin irekiko bizilekua» bizileku-erabilerako eraikuntza-erregimena duen hiri-lurzoru finkatu gisa sailkatua da eremu hori. Lurzati horretan dago Bera Bera baserria, zeina Donostiako Ondare Urbanistikoa eta Eraikia Babesteko Plan Berezian babestua baitago (C gradua).

Lurzatiaren lursaila zoladurarik gabe dago eraiki gabeko azalera osoan, eta garrantzirik gabeko landare-estaldura batek bahetua gehienean. Planaren eremuan, ez dago ingurumenaren aldetik nabarmentzat jo daitekeen elementurik. Eta ez da antzeman ingurumen-arriskurik inguru horretan.

Aurkeztutako inpaktu akustikoko azterlanarekin bat, dagoen eremu motarako (bizitegia), kalitate akustikoko helburuak betetzen ditu azterlanaren eremuak gaur egun.

Obren fasean gertatuko dira afektazioak, eta lur-mugimenduak (soberakinak sortuko dira) gauzatzearen ondoriozkoak izango dira, herritarren soseguaren gaineko eragozpenak sor baititzakete (zarata, kutsadura atmosferikoa, ustekabeko isuriak, hondakinak...). Obra horiek amaituta, landare-bahea berreskuratuko da.

Emandako informazioaren arabera, esku-hartzeak ondorio positiboak izango ditu egungo eraikinean –Ondare Urbanistikoa eta Eraikia Babesteko Plan Berezian babestua–, aipatutako higiezinaren kontserbazio-egoera gaur egun larriki kaltetzen ari diren euri-urak bideratuko baitira.

Ez da aurreikusten Planak ondorio esanguratsuak izango dituenik ingurumenaren gainean, betiere indarreko araudia eta ingurumen-dokumentuetan eta apartatu honetan ezarriko diren neurri babesle eta zuzentzaileen arabera gauzatzen badira jarduketak eta jarduerak.

3.– Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ingurumen-txosten estrategikoa egiteko ebazpen honetan adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-agiri estrategikoan eta Planean bertan jasotakoarekin bat etorriko da. Aplikatu beharreko neurrien artean, proiektua gauzatzearen ondoriozkoak nabarmentzen dira, zeinek loturik egon beharko baitute obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, induskatutako lurzoruen kontrolarekin eta airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin (ikus I. eranskina, Planaren ondoriozko proiektuko obrak gauzatzeko neurri babesle eta zuzentzaileetako batzuk jasota daude hor).

Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriago baterako behar diren ezaugarriei dagokienez, «EAEko etxebizitzen eraikuntza jasangarriaren gida» argitalpenean adierazitako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek alderdi hauetan behintzat eragin beharko dute:

– Materialak. Lehengai berriztaezinen kopurua murriztea.

– Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortzen den energiaren kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago igortzea.

– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Zehaztea, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritako baldintzen arabera, ez dela aurreikusten ingurumenean ondorio esanguratsurik izango duenik Donostiako Bera Bera AY.17 hirigintza-eremuko Bera Bera pasealekuan dagoen lurzatiaren xehetasun-azterketak, eta, beraz, ez zaio ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Donostiako Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du ,eta berezko dituen ondorioak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Donostiako Bera Bera AY.17 hirigintza-eremuko Bera Bera pasealekuan dagoen lurzatiaren xehetasun-azterketa onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko urriaren 14a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.

ERANSKINA

– Hondakinak sortzea eta kudeatzea:

Horretaz gain, obrako hondakinen birziklatzeari dagokionez, eraikuntzan eta eraikingintzan baliabideak beren bizi-ziklo osoan zehar modu efizienteago batean erabiliko direla sustatzeko (bereziki obrak amaitutakoan hondakinak aprobetxatzea), jarraian aipatzen direnak sustatu beharko dira, honako hurrenkera honetan: eraikuntza- eta eraispen-hondakinen prebentzioa, berrerabiltzea, birziklatzea eta beste balorizazio-modu batzuk, eta, hala badagokio, ezabatze-eragiketen trataera egokia. Horretarako, bermatu egin beharko da obra-proiektuaren eraikuntza- eta eraispen-hondakinak gai honi buruzko arauen arabera sortu eta kudeatzen direla.

– Induskatutako lurrak kudeatzea:

Obretan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarreko legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

– Airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestea:

Eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

Lehenik eta behin, eta eraikingintza-lizentzia jaso aurretik, honako neurri hauek hartuko dira, hala behar bada: kanpoko giroa babestera zuzendutakoak, teknikoki eta ekonomikoki proportzionatuak badira, eta eraikinaren barnealdeko kalitate akustikoko helburuak betetzera zuzendutakoak, barrunbearen arabera eta eguneko momentuaren arabera (goizez, arratsaldez eta gauez). Fatxadaren isolamendu horiek behar bezala justifikatuta egon beharko dira eraikingintza-proiektuan.


Azterketa dokumentala