Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

209. zk., 2019ko azaroaren 4a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
5058

EBAZPENA, 2019ko urriaren 11koa, Ingurumen Administrazioko zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Gueñes udalerriko Zaramillo exekuzio-unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

Gueñesko Udalak, 2019ko apirilaren 25ean, eskabide bat aurkeztu zuen plan honen ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari hasiera emateko: Gueñesko Zaramillo exekuzio-unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Berezia (aurrerantzean, Plana). Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren; besteak beste, planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, barnean hartuta ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan eskatutako edukia. Gainera, ingurumen-dokumentu estrategikoan adierazita dago: nork egin duen eta noiz amaitu duen, sinadurekin batera.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, kontsulta-izapidea egin zitzaien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei, egoki iritzitako oharrak egin zitzaten, oinarritzat har bailitezke ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko eta, beharrezko iritziz gero, ingurumen-inpaktu estrategiko arruntaren ebaluazioa egiteko. Ohar horiek aintzat hartuko dira zehazteko nolako zabalera, xehetasun maila eta zehaztasuna izan behar duen ingurumen-azterlan estrategikoak. Zehazki, hauei egin zitzaien kontsulta: Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzari, Kultura Ondarearen Zuzendaritzari eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzari, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusiari eta Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiaren Natura Ondarearen Zerbitzuari, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoari, Ekologistak Martxan elkarteari eta Eguzkizaleak elkarteari. Era berean, Gueñesko Udalari izapidea hasiko zela jakinarazi zitzaion.

Halaber, espedientea osatzen duten agiriak eskuragarri ipini ziren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdun orok egokitzat jotzen dituen ingurumen-arloko oharrak egin ditzan.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, administrazio publikoei eta interesdunei egindako kontsulten izapidean jasotako erantzunen emaitzak espedientean sartu dira.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, ingurumenaren gaineko eraginen analisia plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Gueñesko Zaramillo exekuzio-unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Berezia (aurrerantzean, Plana) abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean araututa dago, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Dokumentazio teknikoa eta planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –eskumena duen organoa baita otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera– ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du. Txostenak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten du ,eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien gaineko iritzia ematen, baita ingurumen-ondorioetarako soilik sartu behar diren azken zehaztapenen inguruan ere.

Xedapen hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Gueñesko Zaramillo exekuzio-unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea. Txosten hori Gueñesko Udalak eskatu du, eta eduki honekin ematen da:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Gueñes udalerriko arau subsidiarioak behin betiko onartu ziren Udal-harremanetako eta Hirigintzako Sailaren Foru Aginduaren bidez (1756/2006 zk., azaroaren 21ekoa). Horren araudia Bizkaiko Aldizkari Ofizialean eman zen argitara 2007ko uztailaren 30ean (149. zk.), eta bertan zehazten da Zaramillo exekuzio-unitatea hiri-lurzoru finkatugabea dela. Xehetasun-azterketaren bidez, 2008ko maiatzaren 9an onartu zen behin betiko (Bizkaiko Aldizkari Ofiziala, 104. zk., ekainaren 2koa) Zaramillo exekuzio-unitatearen garapen eta antolamendu xehatua. Halaber, Zaramillo exekuzio-unitatearen urbanizazio-jardueraren programa onartu zen, baina ez zen gauzatu, hirigintzako jarduera errentagarria ez zenez.

Hizpide dugun plan bereziaren xedea da Zaramillo exekuzio-unitatearen antolamendu xehatu berria zehaztea. Eremu eraikiaren zati bat hiri-lurzoru finkatu gisa sailkatuko da (1.514,34 m2, lehendik dauden eraikinak barne hartuta, baita Gueñestik Bilborako errepideak okupatzen dituen lursailak ere), eta gainerakoa Zaramillo exekuzio-unitate bakar batean egituratuta geratuko da (7.393.66 m2). Hala, eraikiko diren etxebizitza-eraikin berrietarako erabiliko da. Horretarako, jarduketa hauek proposatu dira:

– Hiri-lurzoru finkatugabean dauden eraikin guztiak eraistea.

– Antolamenduaren barnean uztea etorkizuneko antolamenduari kalte egingo ez dioten higiezinak; Ganekogorta kaleko 3., 12. eta 14. zenbakietako lurzatietako eraikinak.

– Lur gaineko aparkaleku publiko bat sortzea elizkizunetarako, Andre Maria parrokiatik eta erretiratuen egoitzatik hurbil.

– Espazio publiko bat sortzea elizaren alboan.

– Antolamenduan gehiengoa duten bi jabeetako bakoitzari esleitu beharreko eraikigarritasuna antolatzea, etxebizitza berriak eraikitzeko.

Planaren xedeko esparruak 8.908 m2-ko azalera dauka, eta hirigintza-proiektu baterako esparrua izango da.

B) Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, zehazteko ea planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki hauek kontuan hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen esparru bat proiektuetarako eta beste jarduera batzuetarako: eraikuntza-proiektua eta urbanizazio-obra osagarriak proposatzen ditu planak, geroago garatzeko. Aurkeztutako dokumentuak ikusi da, eta planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak neurri honetan eragiten die beste plan edo programa batzuei: Planeko eremua ES017-BIZ-7-2, Gueñes/Alonsotegi/Barakaldo II. taldeko Uholde Arrisku Handiko Eremuan (UAHE) dago. 2015-2021 aldirako Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoko Uholde-arriskua kudeatzek planak ez du egiturazko jarduketarik proposatzen UAHE horretarako.

Arrisku horri dagokionez, Planak kontuan hartu behar du 2015-2021 aldirako Kantauri Ekialdeko Plan Hidrologikoaren araudiko 40., 41. eta 42. artikuluetan ezarritakoa, baita Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiertzak eta Errekaertzak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planeko E.2 apartatuko uholdeen babesari buruzko berariazko araudian ezarritakoa ere.

c) Planaren egokitasuna ingurumeneko irizpenak integratzeko, batik bat garapen jasangarria sustatzeko xedearekin: planaren xedea da, besteak beste, natura-baliabideen erabilera babestea eta optimizatzea; esate baterako, lurzoruaren okupazioa efizientea izatea, posible den heinean; izan ere, hiri-paisaian kokatzen da, domeinu antropogenikoan.

d) Planarekin edo programarekin lotutako ingurumen-arazo handiak: antzemandako arazo nagusia da eremuak 100 eta 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskua izatea, eta horrek, indarreko araudiari jarraikiz, ezarri beharreko erabilerak edo instalazioak baldintzatzen ditu, bizitegi-erabilerak barne. Bestalde, ingurunean eragina izan dezaketen jarduketak, batik bat, obra-fasekoak dira: eraikinak eraistea, lur-mugimenduak, makineria-zirkulazioa, lurzoru-okupazioa, ustekabeko isurpenak, uraren kalitatearen gaineko eragina, hondakinak sortzea, soinu-mailen igoera, partikulek eragindako kutsadura atmosferikoa areagotzea eta abar. Zaratari dagokionez, hirigintza-garapen berriaren ordezko diseinu bat proposatu dute, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuak nagusiki etxebizitza-erabilera duten sektoreetan ezarritako kalitate akustikoarekin loturiko helburuak betetzen dituena zuzenketa-neurriei esker, hala egunez nola gauez.

e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da ingurumen-arloko Europar Batasuneko edo nazio-mailako legedia txertatzeko.

2.– Sor daitezkeen ingurumen-efektuak eta seguruenik eraginpean izango den eremuaren ezaugarriak:

Eremuak, batetik, 7.005,80 m2-ko hiri-lurzoru finkatugabea du, nagusiki, etxebizitza berrietarako erabiliko dena, eta 1.863,61 m2-ko lurzoru finkatua, eraikinak daudena. Eremua udalerriko herrigunearen ipar-ekialdean dago, Zaramillo auzoan.

Hauek dira planaren eragina nozituko duen ingurunearen ezaugarriak eta baldintzatzaile esanguratsuenak:

– Eremuan, landaredia erruderal nitrofiloa, ortuak eta fruta-arbolak besterik ez daude.

– Eremuan ez dago naturagune babesturik, ezta igarobide ekologikorik ere, baina, azter-eremutik hurbil, Europar Batasunaren intereseko habitat bat dago; altitude baxuko sega-belardi pobreak (Alopecurus pratensis, Sanguisorba officinalis).

– Eremutik hurbil dago Kadagua ibaia, Bizkaian bisoi europarra kudeatzeko planak interes bereziko eremu izendatu zuena.

– Eremuan ez dago interes geologikoko tokirik, ezta kultura-ondareko elementu sailkatu edo inbentariaturik ere, baina badira bi eraikin interesgarri, udalerriko kultura-ondarearen ikuspegitik: Andre Mariaren eliza, 157. zk.; eta Ganekogorta Etxea 10, 116. zk.

– Ingurumen-arriskuei dagokienez, eremuan ez dago lurzorua kutsatu ahal izan duten jarduerak egondako lurzatirik, eta akuiferoak kutsatzeko arriskua oso txikia da. Eremuaren uholde-arriskuari dagokionez, eremua ES017-BIZ-7-2, Guenes/Alonsotegi/Barakaldo II. taldeko Uholde Arrisku Handiko Eremuan (UAHE) dago. 2015-2021 aldirako Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoko Uholde-arriskua kudeatzek planak ez du egiturazko jarduketarik proposatzen UAHE horretarako. Batzuetan, Zaramillo exekuzio-unitatearen ipar-ekialdea lehentasunezko fluxu-eremuaren barnean geratzen da. Eremuaren % 25 inguru 100 urteko errepikatze-denborako uraldien eragin-eremuan dago, eta eremuaren bi heren inguru, 500 urteko errepikatze-denborakoenean.

– Zonakatze akustikoaren arabera, esparru hori bizitegi-eremu akustikoan dago. Egungo egoeran, eremuan, kanpo-zaraten mailak, zarata-mapekin bat, kanpoko zaraten maila aztertzeko esparruan, kalitate akustikoko helburuak gainditzen ditu aldian-aldian, errepidetik hurbil dauden tokietan. Zarati-iturri nagusiak BI-3651, BI-636 eta Bilbao-Balmaseda ADIF trenbidea dira.

3.– Neurri babesle eta zuzentzaileak aplikatzerakoan, bete beharko dira egungo araudia, ingurumen-txosten estrategikoa egiteko ebazpen honetan ezartzen diren arauak, bai eta, aurrekoak betetzea ezertan eragotzi gabe, ingurumen-agiri estrategikoa eta plana bera ere. Aplikatu behar diren neurrien artean, nabarmentzekoak dira proiektua exekutatzearen ondoriozkoak; neurri horiek, gainera, lotuta egon beharko dute obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, eta airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin (ikus eranskina, non zerrendatzen baitira zenbait neurri babesle eta zuzentzaile, planetik eratorritako proiektuko obrak exekutatzeko bete behar direnak).

Planak, zaraten arloan, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan nagusiki etxebizitza-erabilera duten sektoreei dagokienez ezarritako kalitate akustikoaren helburuak egunez nahiz gauez betetzen dituen hirigintza-garapen berria hautatu beharko du, dagozkion kalitate akustikoko helburuak betetzeko behar diren neurri zuzentzaileak ezarrita. Horretarako, aipatu dekretuaren 36. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

Halaber, uholde-arriskuari dagokionez, Planak kontuan hartu behar du 2015-2021 aldirako Kantauri Ekialdeko Plan Hidrologikoaren araudiko 40., 41. eta 42. artikuluetan ezarritakoa, baita Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiertzak eta Errekaertzak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planeko E.2 apartatuko uholdeen babesari buruzko berariazko araudian ezarritakoa ere. Zehazki, 2015-2021 aldirako Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrolografikoaren Plan Hidrologikoak ezarritako mugak hartu behar dira kontuan lehentasunezko fluxu-eremuaren erabileretan. Hala, behar izanez gero, xehetasun-azterketa hidrauliko bat aurkeztu beharko da, jarduketak, gauzatuko bada, behar dituen neurri zuzentzaileak zehaztu eta justifikatzeko. Neurriok, edonola ere, ingurumen-irizpideen araberakoak izango dira, eta ez dute eremuko uholde-arriskua areagotuko. Era berean, proposatzen diren hirigintza-garapenek zeharkatuko duten arroaren drainatzea gehiegi ez eraldatzeko, drainatze jasangarriko sistemak ezarri beharko dira.

Bestalde, planean zehazten dira saneamendu-sare orokorrera konektatzeko beharrezkoak diren jarduketak, eta espezie inbaditzaileak erauzteko eta kontrolatzeko protokolo bat diseinatuko da.

Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriago baterako behar diren ezaugarriei dagokienez, EAEko etxebizitzen eraikuntza jasangarriaren gida argitalpenean adierazitako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek alderdi hauetan behintzat eragin beharko dute:

– Materialak. Lehengai berriztaezinen kopurua murriztea.

– Energia. Iturri berriztaezinez sortzen den energiaren kontsumoa edo sorkuntza murriztea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago igortzea.

– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Xedatzea, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritako terminoekin bat, ez dela aurreikusi Gueñesko Zaramillo exekuzio-unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ingurumen-eragin adierazgarririk izango duenik. Hortaz, ez zaio ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar.

Hirugarrena.– Gueñesko Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-txosten estrategikoak indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Gueñesko Zaramillo exekuzio-unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko urriaren 11.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.

ERANSKINA

– Exekuzio-faseko lanak bisoi europarraren ugalketa-alditik kanpo egin beharko dira (martxoaren 15etik uztailaren 31ra arteko alditik kanpo).

– Ibilguaren ondoko lanek libre utzi beharko dute jabari hidrauliko publikoaren zortasun-eremua. Halaber, lur eta material pilaketak, behin-behineko sarbideak eta bideak, makinen aparkalekuak, etab., Kadagua ibaitik urrun egon beharko dira, eta inola ere ez aipatu ibaiaren bost metroko zortasun-eremuaren barnean.

– Landare-estaldura leheneratzeko jardueretan, biodibertsitate autoktonoa sustatzeko jarduerak bultzatuko dira, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiz jarduera horietan, horrela, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko. Horretarako, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» deritzon argitalpenean emandako gomendioak eta neurriak erabiliko dira. Eskuliburu hura Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak kaleratu zuen.

– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea, etab.

– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obrak egin eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko arauetan xedatutakoa beteko da.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.

Hondakin arriskutsuak dauzkaten ontziek segurtasun-arauak beteko dituzte uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluari jarraikiz (833/1988 Errege Dekretua, Hondakin toxikoei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzekoa).

– Olio erabiliak kudeatzeko, hauetan xedatutakoa beteko da: Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretua, eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretua.

– Induskatutako lurzoruen kontrola: lur-mugimenduak egiteko, halakorik behar izanez gero, indusketa selektiboko plana onartu beharko da, eta organo honek onartu behar du. Onarpen horretan adierazitako baldintzak eta betekizunak bete beharko dituzte induskatutako materialek.

– Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

– Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.


Azterketa dokumentala