Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

209. zk., 2019ko azaroaren 4a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
5057

EBAZPENA, 2019ko urriaren 10ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita «Retuerto» Antolamendu eta Erabileren Plan Bereziaren aldaketa puntualari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa, Barakaldoko B lurzatiko eraikinaren eta sarbideen erabilerei buruzko araudiari dagokionez.

AURREKARIAK

2019ko ekainaren 5ean, Barakaldoko Udalak eskabide bat bete zuen, «Retuerto» Antolamendu eta Erabileren Plan Bereziaren aldaketa puntualaren, Barakaldoko B lurzatiko eraikinaren eta sarbideen erabilerei buruzko araudiari dagokionez (aurrerantzean, Plana), ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura hasteko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoari jarraikiz.

Eskabide horri atxiki zitzaizkion Planaren zirriborroa eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritakoaren araberako edukia duen ingurumen-dokumentu estrategiko bat. Gainera, dokumentu horretan, dokumentu hori egin duten pertsonak identifikatu dira, sinatuta dago, eta amaiera-data dauka.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak zenbait erakunderi eskatu zien egoki iruditzen zitzaizkien oharrak egiteko, oinarritzat har bailitezke ingurumen-organo horrek bere ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko, eta, beharrezko ikusiko balitz, ingurumen-inpaktu estrategiko arruntaren ebaluazioa egiteko. Halaber, eskatu zien iritzia emateko, espedienteari erantsi beharko litzaiokeen ingurumen-azterlan estrategikoak nolako irismena, xehetasun-maila eta zehaztasuna izan beharko lukeen zehazteko.

Zehazki, Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari eta URA, Uraren Euskal Agentziari, eta Ekologistak Martxan-Bizkaia, Eguzkizaleak eta Barakaldo Naturala elkarteei egin zitzaien kontsulta.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek egoki iritzitako ingurumen-arloko oharrak egin zitzaten.

Behin abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, zenbait erantzun jaso dira, espedientean bertan islatutako emaitzarekin.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio garrantzitsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

«Retuerto» Antolamendu eta Erabileren Plan Bereziaren aldaketa puntuala, Barakaldoko B lurzatiko eraikinaren eta sarbideen erabilerei buruzko araudiari dagokionez (aurrerantzean, Plana), abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan xedatzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planen edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean araututa dago, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Dokumentazio teknikoa eta Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –eskumena duen organoa baita otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera–. Ingurumen-arloko alderdiak Planaren proposamenean sartzearen alde egiten du txostenak, eta Plana aplikatzearen inpaktu nabarmenen gaineko iritzia ematen, baita ingurumen-ondorioetarako soilik sartu behar diren azken zehaztapenen inguruan ere.

Xedapen hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Barakaldoko Udalak sustatutako «Retuerto» Antolamendu eta Erabileren Plan Bereziaren aldaketa puntualaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, Barakaldoko B lurzatiko eraikinaren eta sarbideen erabilerei buruzko araudiari dagokionez (aurrerantzean, Plana), jarraian adierazten diren zehaztapenekin:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Barakaldoko Udalak 2003 urtean izapidetu eta onartu zuen «Retuerto» Antolamendu eta Erabileren Plan Berezia, eta hori garatzeko, bi lurzatitan eraiki zen: A eta B. N-634 errepide nazional ohiaren parean zeuden, eta lurzatien barnealdea urbanizatu egin zen, baita inguruko errepidetatik lurzatiotan sartzeko bideak ere; sarbideok garai hartan N-634 errepidean aplikatu behar zen baldintzen araberakoak ziren.

N-634 errepidea hiri-barneko bide-tarte bihurtu da, Retuerto kalea deitzen da zati hori, eta B lurzatirako sarbidearen funtzionaltasuna hobetu behar dela ikusi da, baita lurzati horretako eraikinaren erabileren gaineko araudia aldatu behar dela ere; beheko solairua aparkaleku gisa erabiltzeaz gain, lehen solairua ere horretarako erabiliko da. Plana izapidetuta, behar horiei erantzun nahi zaie.

Proposatu diren jarduketekin, B lurzatirako egungo sarbidea kenduko da; Susunaga kaleko zeharkako aparkalekua luzatu egingo da biribilgunearen inguruko zebra-bidera arte; zazpi leku gehiago egongo dira kanpoko aparkalekuan. Gainera, errei berri bat irtengo da biribilgunetik Retuerto kalerantz, B lurzatirako sarbide bakarra egongo dena; aurrealdeko aparkalekuarekin konektatuta egongo da eta zirkulazioa atzealdekora bideratuko du, eta eremuko irteerara.

Planaren xede den eremua Retuerto auzoan dago, Barakaldoko hirigunearen hego-mendebaldean, udalerriaren hiri-egunaren barnean. Hiri-lurzorua da, nagusiki, erabilera tertziario-industrialekoa da; pabiloi handiak daude, merkataritza- eta industria-jarduerak hartzen dituztenak, eta bide-azpiegiturak.

Eremuan ez dago natura-elementu garrantzitsurik; alegia, ez dago naturagune babesturik, Europar Batasunaren intereseko habitatik eta ibai-ibilgurik, ezta hezegunerik ere. Interes geologikoko lekurik ere ez dago, ezta kultura-ondareko elementu kalifikatu edo inbentariaturik ere. Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruen inbentarioan sartutako lurzatirik ere ez dago.

Horregatik guztiagatik, esan daiteke Planaren garapenari loturiko obrek eragingo dituztela inpaktu adierazgarrienak. Jarduketa horiek airearen kalitateari erasango diote eta kutsadura akustikoa areagotuko dute jarduketa-esparruaren inguruan.

B) Planaren ezaugarri teknikoak eta ingurumenekoak aztertu ondoren, eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluaren arabera, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira plan edo programa bati ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako alderdi hauek kontuan hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektu edo beste jarduera batzuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentuak ikusi da, eta Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Zer neurritan eragiten duen Planak beste plan edo programa batzuetan: planak ez du ondoriorik izango beste plan edo programa batzuetan.

c) Plana egokia da ingurumen-arloan garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu beharreko alderdiak osatzeko: plana egokia da garapen jasangarria sustatzeko irizpideak har ditzan barnean.

d) Planarekin edo programarekin lotutako ingurumen-arazo esanguratsu batzuk: eremuan ez dagoenez garrantzi berezia duen ingurumen-baliorik, Planak ingurumenean izan ditzakeen ondorio nabarmenenak planifikazio-fasean zerrendatuta daude, eremuaren uholde-arriskuarekin bateragarriak diren adierazita. Aipatu behar da eremuaren zati bat 100 eta 500 urteko errepikatze-denborako uholde-eremuan dago, baina Galindo ibaiaren lehentasunezko fluxu-eremutik kanpo.

Ingurumenak nozituko dituen inpaktu nagusiak Planari loturiko proiektuaren obra-faseko jarduketen ondoriozkoak izango dira, tartean, makinen joan-etorriak, lurzorua okupatzea, hondakinak sortzea, zarata eta, partikulen emisioengatik, kutsadura atmosferikoa areagotzea.

e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da ingurumen-arloko Europar Batasuneko edo nazio-mailako legedia txertatzeko.

2.– Sor daitezkeen ingurumen-efektuak eta seguruenik eraginpean izango den eremuaren ezaugarriak:

Eremuak ez dauka ingurumena babesteko araubideren baten mende dagoen espaziorik (Natura 2000 Sarea, esaterako) edo natura-balioa duen elementu garrantzitsurik, ezta kultura-ondasun izendatutako kultura-ondareko elementurik ere.

Beraz, esan daiteke ez dela hauteman Plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, baldin eta, eragindako eremuan egiten diren esku-hartzeak eta jarduerak gauzatzean indarrean dagoen araudia betetzen bada, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, paisaiari, kutsadura akustikoari eta kultura-ondarearen babesari dagokienez.

3.– Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ebazpen honetan ezarritakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planean jasotakoaren arabera. Planari loturiko proiektua betetzeko hartu behar diren neurri nagusiak honako hauek dira:

– Proiektua gauzatzeko orduan, obrako langileek jardunbide egokien gida bat erabil dezaten ahalegindu behar da.

– Lurrak eta soberakinak kudeatzea: proiektuan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakindegira eramango dira, eta indarreko legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

– Hondakinen sorrera eta kudeaketa: obrak egin eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko arauetan xedatutakoa beteko da.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.

Hondakin arriskutsuentzako ontzietarako, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako arauak bete beharko dituzte (hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia onartzen du dekretu horrek); itxita egongo dira baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

Olio erabiliak, berriz, Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn Erabilitako Olioaren Kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

– Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

– Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

– Uholde-arriskua: lurzatirako sarbide berriak uholde-arriskuko eremuan daude, 100 eta 500 urteko errepikatze-denborako uraldiak kontuan hartuta. Horrenbestez, proposatzen den jarduketa eta Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Espainiako zatiaren plan hidrologikoaren 40.4 artikulua bateragarriak izatea bermatu beharko da, batik bat, eremuko zati horretan gerta daitezkeen askotariko material eta hondakinen pilaketei dagokienez.

Gainera, jabari publiko hidraulikoko zaintza-eremutik kanpoko eremu urpekorrean dagoen jarduera-esparruan, aipatu plan hidrologikoaren 41.2 artikulua aplikatuko da.

Bigarrena.– Zehaztea, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoari jarraikiz, ez dela aurreikusten Sestaoko Txikito Bidea eremuari dagokion Hiri Antolamenduko Plan Bereziak eragin nabarmenik izatea ingurumenaren gainean, eta, ondorioz, ez dela beharrezkoa ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea.

Hirugarrena.– Barakaldoko Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezko dituen ondorioak sortzeari utziko dio, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean «Retuerto» Antolamendu eta Erabileren Plan Bereziaren aldaketa puntuala, Barakaldoko B lurzatiko eraikinaren eta sarbideen erabilerei buruzko araudiari dagokionez, onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko urriaren 10a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala