Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

209. zk., 2019ko azaroaren 4a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
5054

EBAZPENA, 2019ko irailaren 27koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez egiten baita ingurumen-inpaktuaren txostena, Bilbao-Bizkaia Ur Partzuergoak Berriatuko udalerrian sustatutako Berriatua B zundaketaren eraikuntza-proiektuarentzat.

AURREKARIAK

2019ko abuztuaren 16an, Berriatuko udalerriko Berriatua B zundaketaren eraikuntza-proiektua ezartzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskabidea osatu zuen URA-Uraren Euskal Agentziak, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen (aurrerantzean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen) 45. artikuluarekin bat etorriz.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluak ezarritakoari jarraituz, 2019ko abuztuaren 9an ingurumen-organoak kontsulta egin zien proiektuaren eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei, aipatutako proiektuari ohiko ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin behar zaion zehazte aldera.

Ildo horretatik, honako hauei egin zien kontsulta: Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzari, Kultura Ondarearen Zuzendaritzari, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari (horiek guztiak Eusko Jaurlaritzakoak), eta Bizkaiko Ekologistak Martxan elkarteari eta «Eguzkizaleak» aisialdiko elkarteari.

Kontsulta-izapidea bukatuta, honako hauen erantzunak jaso dira: Kultura Ondarearen Zuzendaritzarena, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzarena eta Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzarena (denak ere Eusko Jaurlaritzakoak); kontsulten emaitza espedientean jaso da. Aipatutako txostenak kontuan izanik, ingurumen-organoak badu aski judizio-elementu ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio garrantzitsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduren 9ko 21/2013 Legearen 7.2.b) artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren xede izango dira I. eta II. eranskinean sartuta ez dauden proiektuak, baldin eta nabarmen, zuzenean edo zeharka eragiten badiete Natura 2000 Sareko eremu babestuei. Horrenbestez, ingurumen arloko indarreko legeria aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura aplikatu behar zaio, Bilbao-Bizkaia Ur Partzuergoak Berriatuko udalerrian sustatutako Berriatua B zundaketaren eraikuntza-proiektuari. Ondoren, proiektuak ingurumenaren gaineko ondorio esanguratsuak dituen ala ez zehaztuko da, eta, beraz, baita ohiko ingurumen-inpaktuaren ebaluazio aplikatu behar zaion ala ez ere.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta ikusirik proiektuaren ingurumen-txostena zuzena dela eta indarrean dagoen araudian aurreikusitako alderdietara egokitzen dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren txostena eman behar du (erakunde hori da eskuduna aipatutako otsailaren 27ko 3/1998ko Legearen arabera, eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, aztertuko da aipatutako proiektuak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen, eta, ondorioz, proiektuari ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozedura arrunta egin behar zaion ala ez.

Horrenbestez, zenbait xedapen aztertuta –Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak–, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren txostena egitea, Bilbao-Bizkaia Ur Partzuergoak Berriatuko udalerrian sustatutako Berriatua B zundaketaren eraikuntza-proiektuari, jarraian adierazten diren zehaztapenekin:

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak gizakien hornidurako hartutako baliabideak handitu nahi ditu, eta Artibai ibaiaren arroaren hornidura bermatu (Bizkaia). Horretarako, Gorozikako hornidura-sistemari lurpeko baliabide hidriko berriak gehitzeko, zundaketa sakon bat eraikiko da. Zundaketa horren sakonera gehienez ere 450 metrokoa izango da eta ikertuko du baliabide hidriko horien egokitasuna. Berriatua-B deituko diogu. Zundaketa berri hori Berriatua-8 meatze-zundaketa zaharraren ingurumarietan egingo da, eta hortik hartuko da zulaketarako behar den ura. Proiektuak guztira 12 hilabete iraungo du.

Zundaketa bi fasetan eraikitzea aurreikusita dago:

I. fasea. Ponpatzeko ganbera zulatu eta egokitzea.

II. fasea. Gainerakoaren zulaketa (Open-hole).

Zulaketa eta zundaketaren garbiketa bukatuta, ponpaketa-saiakera edo ekoizpen-proba bat egingo da, honako hauei buruzko datuak lortzeko: ustiaketa-emariak, putzuaren ekipamendua, hurbileko iturbegiei eragindako kaltea, akuiferoaren parametro hidraulikoak, eta abar; irizpide horiei jarraikiz erabakiko da bideragarria den ala ez zundaketa, gizakien kontsumorako hornidura-leku gisa ustiatua izan dadin.

Ekoizpen-probak, gutxienez, atal hauek izango ditu: ponpaketa-saiakera mailakatu bat eta berreskurapena, 10-12 ordu iraungo duena; ponpaketa-saiakera luze bat, 72 ordukoa, eta berreskurapena. Ponpatutako ura ateratako ura arazteko husteko tresnara bideratuko da, zeina zundaketarako ezarri baita. Handik, grabitateaz edo ponpaketaz, hurbilen dagoen saneamendu-kutxatilara, eta Ondarroako EDAR araztegiari erantsiko zaio.

A) Ingurumen-inpaktuaren txostena emateko ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-txostenaren edukia aztertzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz, betiere:

1.– Proiektuaren ezaugarriak eta kokapena:

Proiektuaren eremua Berriatuko udalerriko Magdalena auzoan dago, Artibai ibaiaren estuariotik 1.000 metro baino gehiagotara. Beraz, zundaketaren eraikitzeak ez du zuzeneko eraginik ez ibai-korridore ekologikoan, ez eta ibaiaren ibilguko landaretzan ere. Hala ere, proiektuaren eremuaren zati txiki bat ZEC ES2130011 - Artibai ibaiaren mugen gainean kokatuta dago.

Landatu gabe zelai bat aukeratu da, BI-633 errepidetik sarrera ona duena. Kokapenak 2.684 m2-ko aldi baterako okupatzea du, eta hori egokitzeko, honako lan hauek egin behar dira:

Kokapenean sartzeko bidearen 60 metro inguru garbitzea eta egokitzea.

Lurzoruaren azalera hondeamakina bidez kentzea, okupatu beharreko eremuaren izkina batean pilatu dena, lanak bukatuta berriro jartzeko.

Lan-azalera zabaldu eta zabor-legarrarekin trinkotzea.

Betegarrien eta ur gordinaren 40 bat m3-ko biltegiratze-putzu bat zundatu eta egokitzea, zundaketaren behealdean dagoena.

Ura biltzeko deposituak eta arazte-tresnak PESA enpresaren esparruan ezarriko dira. Ekipamendu horiek PESAren esparruan, zundaketatik oso hurbil, kokatzeak erraztu egingo du ekipamenduen instalatzea, eta horrela ez da sortuko zelaian hormigoizko zolarik. Gainera, isurketaren kutxatila esparruan bertan dago.

2.– Proiektuak izan dezakeen inpaktuaren ezaugarriak:

Zundaketaren eremua PESA enpresaren hormigoizko aldean dagoenez, ez dago aurreikusita zundaketa-jarduerek kalterik eragingo dietela Artibai ibaiaren ZECeko natura-ondarearen elementuei. Beraz, zundaketa-fasean, airearen kalitateari egingo zaio kalte gehienbat (partikula esekiak lur-mugimendu banaketan, zundaketarako eta arazketarako behar diren makinen erabilera...), inguruko baserrien gaineko zarata-mailak handituz, eta hondakinak sortu eta kudeatuz.

Saiakuntza-fasean, arriskua inguruko (akuiferoa) hidrogeologiari eta iturburuei eta zundaketari egin diezaiokeen kaltetik dator.

Bigarrena.– Proiektua exekutatzeko, sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan proposatzen diren neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsatzaileez eta baimen sektorialetan adierazitakoez gainera, baldintza hauek izan behar dira kontuan:

Natura-ondarea babesteko neurriak.

– Lurzorua okupatzea dakarten lanak egin behar izanez gero, proiekturako behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Obrako materialek ahalik eta espazio txikiena hartu beharko dute, eta makineria eta ibilgailuak ezingo dira horretarako prestatutako eremuetatik kanpo ibili. Adierazitako eremutik kanpo ustekabeko eraginik gertatuz gero, neurri zuzentzaile eta lehengoratze-neurri egokiak ezarriko dira.

– Eremuren bat egokitu behar bada bertan makinak uzteko, materialak bolada batean biltzeko edo pilatzeko, sortutako hondakin-tipologia ezberdinak kudeatzeko edo proiektuarekin zerikusia duen beste edozein jardun gauzatzeko, ingurumen-eragin txikieneko irizpideei jarraikiz hautatuko dira gune horiek. Eremu horiek inola ere ezin dira egon intereseko landaretza duten espazioetan (zuhaizti autoktonoak, ibaiertzeko landaredia, lehentasunezko intereseko habitatak), ezta ibilguetatik hurbil dauden lur-sailetan, hezeguneetan eta urak har ditzakeen eremuetan ere.

– Obren Zuzendaritzak onartu beharko du eremu horiek non dauden zehatz, egokitzapen-lanak hasi baino lehen. Kasu bakoitzean, aurretik in situ balizatu beharko da.

– Proiektua gauzatzean kaltetutako gune guztiak (aldi baterako pilaketa-eremuak, aldi baterako lurzoru-okupazioak eta abar) lehengoratuko dira. Landareztatzea, espezie autoktonoak sartuta, ahalik eta lasterren egingo da erosio-prozesuak eta ibilguetarako solido-arrasteak ekiditeko; horrela, habitat naturalak sortzen lagunduko da, eta, ahal dela, horiek inguruan dagoen landaredia naturalarekin lotzen.

Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

– Berariaz debekatuta egongo da makinak konpontzea edo makinei olioa aldatzea, zeregin horretarako berariaz ezarritako eremuetatik kanpora. Obrak egiten ari diren inguruan ez badago azpiegitura egokirik zeregin horietarako, berariazko gune bat egokitu beharko da lan horiek egiteko. Esparru hori mugatuta egongo da, eta zorua iragazgaiztu egin beharko da; era berean, efluenteak jasotzeko sistema bat izango du, zorua eta urak kutsatzea ekiditeko.

– Ur-hodia instalatzeko zanga induskatzeko jarduketak modu selektiboan egingo dira, lurzoruaren horizonteak xehetasunez bereiziz eta bilduz, gero lurzoruaren jatorrizko profila lanak abiarazi aurreko egoerara lehengoratzeko.

– Indusketetan, landare-lurrari dagozkion horizonteak modu selektiboan kenduko dira, eta horiek berehala birbanatu edo, posible ez bada, pilatu egingo dira. Landare-lur hori berrerabili egingo da landaredia leheneratzeko lanetan edo landatutako laborantza-guneetan.

Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.

– Lanek dirauten artean, beharrezkotzat jotzen diren jarraibide egokiak aplikatuko dira, ordutegien mugaketari, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.

– Halaber, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoei, kalitate-helburuei eta isuri akustikoei dagokienez, obren fasean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-isuriei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-isuriak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

– Bestalde, proiektua garatzean, obrek eraginpeko eremuan sorrarazitako zaratarengatik ez dira gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita, baina hori guztia dekretu horretako 35 bis artikuluan aurreikusitakoari kalterik eragin gabe.

Hondakinak kudeatzeko neurriak.

– Hondakin eta zoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorriak eta ebaketak prestatzeko eragiketen ondoriozkoak barne.

– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinen sorreran prebentzioa sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen bada.

– Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

– Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.

– Zabortegira bidali beharreko hondakinak honako hauen arabera kudeatuko dira: hondakinak zabortegietan utziz deuseztatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretua; Hondakinak zabortegietan utziz deuseztatzea eta betelanak exekutatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretua, eta horien aldaketak.

– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela-eta, isurketaren baten ondorioz nahastuz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

– Aipatutako ontziak edo bilgarriak argi eta modu irakurgarri eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, baita indarreko araudiaren arabera ere.

– Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko da sortutako olio erabilia.

– Olio erabiliak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuriei eusteko sistemen barruan.

– Hala badagokio, eremu jakin batzuk egokituko dira, aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko, hala nola olio-poteak, iragazkiak, olioak, margoak eta abar. Gainera, hondakin geldoentzako edukiontziak ere jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, lanek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu estankoak jarriko dira lanak egiteko eremu osoan (bidoiak, etab.). Motaren arabera bereiziko dira hondakinak, eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira aipatutako garbigunean.

– Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, erregaiak eta produktuak biltegiratzearen, makinen mantentze-lanak egitearen edo hondakinak erretzearen ondorioz ez dira inolaz ere efluente kontrolatu gabeak sortuko.

Paisaia babesteko eta ukitutako eremuak lehengoratzeko neurriak.

– Lurrak mugiaraztea eragiten duten obra-leku bakoitzeko lanak amaituta, jarduketen eraginpeko lursailaren oneratze edafiko eta geomorfologiko bat egingo da.

– Lehengoratze edafikoaren lan horiek iraun bitartean, landare inbaditzaileak –hala nola, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana– zabaltzea eragozteko ekintzak gauzatuko dira. Ildo horretan, bereziki kontrolatuko da landare-estalkia lehengoratzeko lurren jatorria, eta, ahal dela, ez da erabiliko horrelako espezieek kutsatu ahal izan duten lurrik.

– Baso-lanetarako erabiltzen diren makina guztiek garbi egon beharko dute, lokatz- edo lur-arrastorik gabe, inguruan koka daitezkeen espezie inbaditzaileen propagulu edo haziak hedatzeko arriskurik ez izateko.

– Era berean, ahal den guztietan, espezie inbaditzaile horiek errotik kenduko dira jarduera-gunetik.

Jardunbide egokien sistema bat hartzea.

Langileek jardunbide onen sistema bat hartu beharko dute, helburu hauek ahalik eta gehien bermatzeko:

– Lanek okupatzen dituzten mugak kontrolatzea.

– Natura-interes handiko landaretza-guneen gaineko eragina kontrolatzea.

– Ibilguen gaineko eta beren bazterretako landarediaren gaineko eragina kontrolatzea, eta, ondorioz, bisoi europarren habitataren gainekoa ere bai.

– Hondakinen eta olioen isurketen eta lurren arrastatzearen ondoriozko lurzoruaren eta uren kutsadura ekiditea.

– Proiektuan inplikatutako herriguneko biztanleei enbarazurik ez eragitea zarata eta hautsarekin.

Garbiketa eta obra-akabera.

Obra bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da; proiektuak ukitutako eremua batere obra-hondakinik gabe utzi beharko da, eta aldi baterako instalazio guztiak deseginda.

Hirugarrena.– Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta kontuan izanik sustatzaileak planteatutako neurri babesle eta zuzentzaileek nahiz bigarren puntuan adierazitakoek eta baimen sektorialetan ezartzen diren neurriek ingurumenarekiko kalteak murrizten dituztela, ez da aurreikusten ingurumenean eragin negatibo nabarmenik sortzea. Hori dela eta, ez da beharrezkotzat jotzen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea Berriatuko udalerrian sustatutako Berriatua B zundaketaren eraikuntza-proiektuari.

Laugarrena.– URA-Uraren Euskal Agentziari eta Berriatuko Udalari ebazpen honen berri ematea.

Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko irailaren 27a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala