
207. zk., 2019ko urriaren 30a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (294 KB - 5 orri.)
- EPUB (224 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
5011
EBAZPENA, 2019ko irailaren 27koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez Etxebarriko Arau Subsidiarioen Aldaketaren gaineko ingurumen-txosten estrategikoa ematen baita, D1/D2 Etxebarri-BHI partzelari dagokionez.
AURREKARIAK
2019ko apirilaren 26an, Etxebarriko Udalak Etxebarriko Arau Subsidiarioen Aldaketaren (aurrerantzean, Plana) gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura hasteko eskaera egin zuen, D1/D2 Etxebarri-BHI partzelari dagokionez, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera.
Eskabide horri atxiki zitzaizkion Planaren zirriborroa eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritakoaren araberako edukia duen ingurumen-dokumentu estrategiko bat. Gainera, dokumentu horretan, dokumentu hori egin duten pertsonak identifikatu dira, sinatuta dago, eta amaiera-data dauka.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak zenbait erakunderi eskatu zien egoki iruditzen zitzaizkien oharrak egiteko, oinarritzat har bailitezke ingurumen-organo horrek bere ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko, eta, beharrezko ikusiko balitz, ingurumen-inpaktu estrategiko arruntaren ebaluazioa egiteko. Halaber, eskatu zien iritzia emateko, espedienteari erantsi beharko litzaiokeen ingurumen-azterlan estrategikoak nolako irismena, xehetasun-maila eta zehaztasuna izan beharko lukeen zehazteko.
Zehazki, kontsulta egin zitzaien Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzari eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzari, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari, Bizkaiko Ekologistak Martxan elkarteari eta Eguzkizaleak elkarteari.
Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek egoki ikusten zituzten ingurumen arloko oharrak egiteko aukera izan zezaten.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Zuzendaritza Nagusiaren txostenak jaso dira, eta espedientean bertan txertatu da haien emaitza.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio garrantzitsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.
Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.
Etxebarriko Arau Subsidiarioen Aldaketa (aurrerantzean, Plana), D1/D2 Etxebarri-BHI partzelari dagokionez, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aipatzen diren kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planen edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.
Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean araututa dago, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Dokumentazio teknikoa eta Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –eskumena duen organoa baita otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera–. Ingurumen-arloko alderdiak Planaren proposamenean sartzearen alde egiten du txostenak, eta Plana aplikatzearen inpaktu nabarmenen gaineko iritzia ematen, baita ingurumen-ondorioetarako soilik sartu behar diren azken zehaztapenen inguruan ere.
Xedapen hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Etxebarriko Arau Subsidiarioen Aldaketaren (aurrerantzean, Plana) gaineko ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, D1/D2 Etxebarri-BHI partzelari dagokionez, Etxebarriko Udalak eskatua, jarraian adierazten diren zehaztapenekin:
A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Plan honen xedea da Etxebarriko Arau Subsidiarioen 8.1.9 artikuluaren idazketa aldatzea –ekipamendu-esparruko ordenantza–, Etxebarri-BHIren D1/D2 partzelari eraikigarritasun, profil eta altuera gehiago emateko, gehieneko lerrokadura bat adieraziz, eta, horrela, institutu berrirako aurreikusten diren eraikuntza berrien diseinua eta antolaketa errazteko. Etxebarri-BHIren partzelaren azalera handitu egin da, 790 m2-ko zuzkidura-partzela bat erantsi baitzaio (7.529,43 m2 + 790,00 m2 = 8.319,43 m2).
Gainera, zenbait xedapen sartu dira izaera arauemailearekin, zortasun aeronautikoen arloko araudia betetzea ziurtatzeko, Etxebarri-BHIren D1/D2 partzelan eraikuntza edo instalazio berriak planteatzen diren kasuetarako.
Planaren xede den esparrua Etxebarri-BHIren D1/D2 partzelari dagokio, Etxebarriko udal mugarteko Santa Marina kalean. Esparru dagoeneko antropizatu eta urbanizatua da, ia laua, alboko kaleak baino goragoko kotan kokatua. Eremuan ez dago natura- edo geologia-intereseko elementurik, ez gune babesturik, ez eta kultura-ondasun izendatutako kultura-ondarearen elementurik ere.
Horrenbestez, ziurra dirudi inpaktu aipagarri nagusiak Plana garatzeko egingo diren urbanizazio-obren ondorio izango direla; airearen kalitatean eragingo dute, eta kutsadura akustikoak gora egingo du jarduketa-esparrutik hurbil.
B) Planaren ezaugarri teknikoak eta ingurumenekoak aztertu ondoren, eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluaren arabera, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira plan edo programa bati ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion zehazteko.
1) Planaren ezaugarriak, bereziki honako alderdi hauek kontuan hartuta:
a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektu edo beste jarduera batzuetarako esparrua. Aurkeztutako agiriak ikusita, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.
b) Zenbaterainoko eragina duen Planak beste plan edo programa batzuetan. Planak ez du eraginik izango bestelako planetan edo programetan.
c) Plana egokia den edo ez ingurumen-oharpenak integratzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin bat eginik. Planaren bitartez garatuko den eraikuntza- eta urbanizazio-proiektuak energia-efizientziako irizpideei jarraituko die, eta eraikin berrietan energia-kontsumoa murrizteko neurriak hartuko ditu barnean. Hori dela eta, Plana egokia da ingurumenaren arloko kontsiderazioak integratzeko, garapen jasangarria sustatzearren.
d) Planarekin edo programarekin lotutako ingurumen-arazo garrantzitsu batzuk: Ingurumen-inpaktu nagusiak eraikin berrien eraikuntzari lotutako proiektuen obra-fasean gertatzen diren jarduketei lotutakoak izango dira. Horiek guztiek giza habitataren kalitatea murriztea ekarriko dute, kutsadura atmosferikoa areagotuko dutelako, bai partikulen igorpenagatik, bai zaratengatik.
e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da ingurumen-arloko Europar Batasuneko edo nazio-mailako legedia txertatzeko.
2) Sor daitezkeen ingurumen-efektuak eta seguruenik eraginpean izango den eremuaren ezaugarriak:
Eremuak ez dauka ingurumena babesteko araubideren baten mende dagoen espaziorik (Natura 2000 Sarea, esaterako) edo natura-balioa duen elementu garrantzitsurik, ezta kultura-ondasun izendatutako kultura-ondareko elementurik ere.
Beraz, esan daiteke ez dela hauteman Plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, baldin eta ukitutako eremuan egiten diren esku-hartzeak eta jarduerak gauzatzean indarrean dagoen araudia betetzen bada segurtasunari eta osasunari, ingurumenari eta kutsadura akustikoari dagokienez, besteak beste.
3) Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ebazpen honetan ezarritakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planean jasotakoaren arabera. Planari loturiko proiektua betetzeko hartu behar diren neurri nagusiak honako hauek dira:
– Proiektua gauzatzeko orduan, obrako langileek jardunbide egokien gida bat erabil dezaten ahalegindu behar da.
– Lurrak eta soberakinak kudeatzea: proiektuan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarreko legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.
– Hondakinen sorrera eta kudeaketa: obrak egin eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko arauetan xedatutakoa beteko da.
Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta Eraispen-hondakinen Kudeaketa arautzen duen uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
Hondakin arriskutsuentzako ontzien kasuan, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako arauak bete beharko dira (dekretu horrek onartzen du Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia); itxita egongo dira baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.
Olio erabiliak, berriz, Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn Erabilitako Olioaren Kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
– Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.
Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.
– Eraikingintza eta eraikuntza jasangarria:
IV. Ingurumen Esparru Programa 2020 egitasmoaren lehentasunetako bat zen –2017rako lehentasuna– eraikingintzan eta eraikuntzan baliabideak euren bizi-ziklo osoan modu efizienteagoan erabiltzea eta ziklo-amaieran hondakinak aprobetxatzea. Horrenbestez, kontuan izan beharko dira EAEko etxebizitza-arloko eraikingintza eta birgaikuntza jasangarriko gidan jasotako gomendioak (Eusko Jaurlaritza-2015), eraikinetan energia-aurrezpena eta energiaren efizientzia areagotzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko.
Ezarri beharreko neurriek jardun-eremu hauetan izan behar dituzte ondorioak, aplikagarritasunaren arabera, kasu zehatz bakoitzerako:
Iturri berriztaezinen bidez sortzen den energiaren sorkuntza edo kontsumoa murriztea.
Lehengai berriztaezinen kopurua murriztea.
Materialak garraiatzeko prozesuak murriztea.
Hondakin solido gutxiago sortzea.
Lurzoruaren okupazioa murriztea.
Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.
Ur gris gutxiago sortzea.
Gas, hauts, bero eta argi gutxiago igortzea.
Pertsonen garraio-prozesu gutxiago egitea eta mugikortasuna hobetzea.
Barneko airearen kalitatea hobetzea.
Konforta eta osasuna hobetzea.
Bigarrena.– Ebazpen honetan aurreikusitako moduan eta bertan ezarritako baldintzekin bat, zehaztea ez dela aurreikusten Etxebarriko Arau Subsidiarioen Aldaketak –D1/D2 Etxebarri-BHI partzelari dagokionez– eragin garrantzitsurik izatea ingurumenean, eta, beraz, ez dela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik egin behar.
Hirugarrena.– Etxebarriko Udalari ebazpen honen edukia jakinaraztea.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean Etxebarriko Arau Subsidiarioen Aldaketa –D1/D2 Etxebarri-BHI partzelari dagokionez– onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko irailaren 27a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.
RSS