
207. zk., 2019ko urriaren 30a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (290 KB - 6 orri.)
- EPUB (224 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
5010
EBAZPENA, 2019ko irailaren 25ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Getxoko Iturribarri II sektorerako Barne Eraberritzeko Plan Bereziaren Aldaketa Puntualaren ingurumen-txosten estrategikoa.
AURREKARIAK
2019ko maiatzaren 2an, Getxoko Udalak eskaera egin zion ingurumen-organoari Getxoko Iturribarri II sektorerako Barne Eraberritzeko Plan Bereziaren Aldaketa Puntualaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura hasteko (aurrerantzean, Plana), Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak Planaren eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko izapideak abiarazi zituen 2019ko uztailaren 9an, egoki iritzitako oharrak egin zitzaten, oinarritzat har bailitezke ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko eta, behar izanez gero, ingurumen-inpaktu estrategiko arruntaren ebaluazioa egiteko. Ohar horiek aintzat hartuko dira zehazteko nolako helmena, xehetasun-maila eta zehaztasuna izan behar dituen ingurumen-azterketa estrategikoak. Zehazki, erakunde hauei egin zitzaien eskaera: Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritza eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza (Bizkaiko bulegoa), eta Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritza; Ura Uraren Euskal Agentzia; Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura eta Kiroleko Zuzendaritza Nagusia; Bizkaiko Ekologistak Martxan, eta Eguzkizaleak aisialdi-elkartea.
Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek egoki ikusten zituzten ingurumen arloko oharrak egiteko aukera izan zezaten.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Ondarearen Zerbitzuaren erantzunak jaso dira, eta espedientean bertan txertatu da haien emaitza.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio nabrmenak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.
Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuetan sartzen da Plana; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean araututa dago, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertuta, eta ikusirik ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, egiaztatzen da ingurumen-organoak, hots, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (organo eskuduna berau, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen eta Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera) behar adina datu duela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko, eta ingurumen-txosten estrategiko hau eman du, zeinak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten baitu eta Plana aplikatzearen ondorio nabarmenen aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen-ondoreetarako.
Xedapen hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Getxoko Iturribarri II sektoreko Barne Eraberritzeko Plan Bereziaren Aldaketa Puntualaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea. Hona hemen txostenaren edukia:
A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Planaren helburua da ordenamendu xehatu berri bat ezartzea Iturribarri II sektoreko 4. lurzatiarentzat, lurzati horretan sortutako zailtasun teknikoei aurre egiteko, zailtasun horiek bideraezin egiten baitute hari emandako eraikigarritasuna gauzatzea indarreko ordenamenduko zehaztapenekin. Horretarako, proposatutako eraikina trinkotzea proposatzen da, eta garaiera handiagoa ematea lerrokadura berriekin; horrek Areneazpi 43 eta 45 kalean lehendik dauden eraikinen pareko lurzatiaren eremuak zabaltzea ahalbidetuko du. Bestalde, beharrezkoak izango dira bi solairu garajeetarako, atxikitako plaza guztiak biltzeko, eta kaleko lerrokaduraraino eraman beharko da sestrapeko lerrokadura, bide publikora ematen duten mugetan.
B) Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluaren arabera, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira plan edo programa bati ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion zehazteko.
1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:
a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektu edo beste jarduera batzuetarako esparrua: urbanizazio-proiektu baten esparrua da Plana, baina, aurkeztutako dokumentuak ikusita, ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.
b) Zer neurritan eragiten duen Planak beste plan edo programa batzuetan: ingurumenaren ikuspuntutik, Planak ez du ondorio aipagarririk izango beste plan edo programa batzuetan.
c) Planak ingurumen-kontsiderazioak integratzeko duen egokitasuna, batez ere garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin: planak, garaiera handiagoko eraikin trinkoago bat proposatzean, aurreikusitakoa baino lurzoru-okupazio txikiagoa sustatzen du, eta hurbileko eraikinentzako berdegune handiago bati bide ematen. Bestalde, eraikina era trinkoenean egiteak hobekuntza dakar uholde-arriskuari dagokionez.
d) Planarekin lotutako ingurumen-arazo nabarmenak: planak barnean hartzen dituen jarduketek ez dakarte berarekin garapen berrietara bideratutako azalera handitzea, ez eta haren ondorio posibleak nabarmen handitzea ere, besteak beste, segurtasunaren eta osasunaren, ingurumenaren, natura-ondarearen, kultura-ondarearen, paisaiaren, kutsadura akustikoaren eta uren arloetan indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira planaren esku-hartze eta jarduerak.
Nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, ezin izango dira gauzatu hirigintza-garapen berriak kanpo-ingurunean kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez badira, hargatik eragotzi gabe dekretu horren 43. eta 45. artikuluetan xedatutakoa.
e) Plana egokitzat jotzen da ingurumenaren arloko legeria –Erkidegokoa nahiz Espainiakoa– txertatzeko.
2.– Sor daitezkeen ingurumen-efektuak eta seguruenik eraginpean izango den gunearen ezaugarriak:
Planaren xede den eremua bizileku-bilbadura batean dago; lurzoru horrek ez dauka ingurumena babesteko araubideren baten mende dagoen espaziorik (Natura 2000 Sarea, esaterako), eta ez dauka natura- edo kultura-balioagatik esanguratsua den elementurik. Hurbil, baina Planaren eremutik kanpo, bai Gobela ibaia eta bai Bolue ibaiak barnealdearekin bat egiten duen gunea daude. Halaber, Planaren eremu honetan, BI-637 errepidearen beste aldean, Bolue istiltzeko hezegunea aurkitzen da, zeina hezeguneen lurralde-plan sektorialeko II. taldean sartzen baita. Ingurumen-arriskuei dagokienez, akuiferoen urrakortasun oso handiko eremuan dago. Uholde-arriskuari dagokionez, aldiz, 500 urteko lerroak eragiten dio sektorearen mugari ekialdean, eta, zenbait puntutan, lehentasunezko fluxua eta 100 urteko errepikatze-denbora ukitzen ditu; hala ere, uraldiek ez diete eragiten eraikinei. Horri dagokionez, Barne Berrikuntzako Plan Bereziak aurkeztutako uholde-arriskuaren egoera hobetzen du Planak.
Ez da aurreikusten Planak ondorio nabarmenak izango dituenik ingurumenaren gainean, betiere indarreko araudia eta ingurumen-dokumentuan eta ondorengo apartatuan ezarriko diren neurri babesle eta zuzentzaileak kontuan hartuta egiten badira gauzatzen diren jarduketak eta jarduerak.
3.– Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko ebazpen honetan adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-agiri estrategikoan eta Planean bertan jasotakoarekin bat etorriko da. Aplikatu beharreko neurrien artean, proiektua gauzatzearen ondoriozkoak nabarmentzen dira, zeinek loturik egon beharko baitute obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, induskatutako lurzoruen kontrolarekin eta airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin (ikus I. eranskina, Planaren ondoriozko proiektuko obrak gauzatzeko neurri babesle eta zuzentzaile batzuk daude jasota).
Eraikingintza eta eraikuntza jasangarrienerako behar diren ezaugarriei dagokienez, «EAEko etxebizitzen eraikuntza jasangarriaren Gida» argitalpenean jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek alderdi hauetan gutxienez eragin beharko dute:
– Materialak. Berriztagarriak ez diren lehengai gutxiago kontsumitzea.
– Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortzen den energia gutxiago kontsumitzea eta/edo sortzea.
– Edateko ura. Edateko ur gutxiago kontsumitzea.
– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
– Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-isuriak murriztea.
– Barne-kalitatea. Barneko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.
Zaratari buruz jaso den informazioarekin bat, kalitate akustikoaren helburu aplikagarriak gainditzen dira etorkizunean egin daitezkeen bizileku-lurzoruko garapenen kanpo-ingurunean, egunaren zati ezberdinetan. EAEko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 40. artikuluan xedatutakoaren arabera, zuzenketa-neurri ekonomikoki eta teknikoki bideragarriak hartu beharko dira kanpo-inguruneko helburuak betetzeko bederen. Kanpo-ingurunea babestu ezin bada, isolamendurako azterlan espezifiko bat garatu beharko da eraikitze-proiektuan, eta, han, nolako isolamendua behar den zehaztu, bai EKTan (BR-HR) ezarritako isolamenduak betetzeko, bai barnealdeko kalitate akustikoaren helburuak uneoro betetzeko. Horrek ez du eragozten urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 43. artikuluan xedatzen dena.
Bigarrena.– Zehaztea, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritako baldintzekin bat, ez dela aurreikusten ingurumen-eragin nabarmenik eragiterik Getxoko Iturribarri II sektoreko Barne Eraberritzeko Plan Bereziaren Aldaketa Puntualak. Hortaz, ez zaio ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar.
Hirugarrena.– Getxoko Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarra galduko du, eta berezko ondorioak eragiteari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko epean, Getxoko Iturribarri II sektoreko Barne Eraberritzeko Plan Bereziaren Aldaketa Puntualerako onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko irailaren 25a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.
ERANSKINA
– Hondakinak sortzea eta kudeatzea:
Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinen sorreran prebentzioa sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: behar bezala frogatzen bada bideraezina dela haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik.
Obrek eta garbiketa-kanpainak dirauten bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta arau espezifikoetan xedatutakoa beteko da.
Horretaz gain, obrako hondakinak birziklatzeari dagokionez, eraikuntzan eta eraikingintzan baliabideak beren bizi-ziklo osoan zehar modu efizienteago batean erabiliko direla sustatzeko (bereziki obrak amaitutakoan hondakinak aprobetxatzea), jarraian aipatzen direnak sustatu beharko dira, honako hurrenkera honetan: eraikuntza- eta eraispen-hondakinen prebentzioa, berrerabiltzea, birziklatzea eta beste balorizazio-modu batzuk, eta, hala badagokio, ezabatze-eragiketen trataera egokia. Horretarako, bermatu egin beharko da gai honi buruzko arauen arabera sortu eta kudeatzen direla obra-proiektuaren eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.
Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.
Hondakin arriskutsuentzako ontzietarako, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako arauak bete beharko dituzte (dekretu horrek onartzen du Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia); itxita egongo dira baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.
Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira olio erabiliak.
– Lurrak eta soberakinak kudeatzea:
Baimendutako soberakindegira eramango dira proiektuan sortutako indusketa-soberakinak, eta indarreko legeetan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.
– Induskatutako lurrak kontrolatzea:
Getxoko Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto berri guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.
– Airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestea:
Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora. Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta garbi mantendu beharko dira kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.
RSS