
207. zk., 2019ko urriaren 30a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (332 KB - 12 orri.)
- EPUB (231 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
5009
EBAZPENA, 2019ko irailaren 19koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Elgoibarko (Gipuzkoa) 8D-Zabalpena sektorearen urbanizazio-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena.
AURREKARIAK
2018ko martxoaren 9an, Ingurumen Administrazioaren zuzendariak Ebazpena eman zuen, zeinaren bidez zehaztu baitzuen Elgoibarko (Gipuzkoa) 8D-Zabalpena sektorearen urbanizazio-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterlanaren irismena, eraginpean dauden administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsultak egin ondoren, Ingurumen-ebaluazioko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak 34.3 artikuluan xedatzen duenari men eginez.
2018ko uztailaren 24an Elgoibarko Udalak jendaurreko informazioaren izapidea egin zuen Sukia Eraikuntzak SAk sustatutako 8D-Zabalpena sektorearen urbanizazio-proiektuaren hasierako onespen-espedienteari lotuta, Ingurumen-ebaluazioko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak 36. artikuluan xedatzen duenari men eginez. Jendaurreko informazioaren izapidea burututa, Elgoibarko Udalak egiaztatu zuen ez zela alegazio berririk jaso.
Aldi berean, Elgoibarko Udalak txosten-eskaerak egin zizkien administrazio publikoei eta norbanako interesdunei, abenduaren 9ko 21/2013 Legeak 37. artikuluan xedatzen duenari men eginez. Horien emaitza espedientean dago jasota. Hori dela eta, sustatzaileak kontuan hartu ditu izapide horretan jasotako txostenak, eta aldaketak egin ditu proiektuan eta ingurumen-inpaktuaren azterlanean.
2019ko uztailaren 15ean, Elgoibarko Udalak eskatu zion Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioko Zuzendaritzari Elgoibarko (Gipuzkoa) 8D-Zabalpena sektorearen urbanizazio-proiektuari dagokion ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin zezala.
Eskabidean, dokumentazio hau aurkeztu da:
– Proiektuaren dokumentu teknikoa, 2019ko uztailean egina.
– Ingurumen-inpaktuaren azterlana, 2019ko uztailean egina.
– Informazio publikoaren izapidearen emaitzak deskribatzen dituzten zenbait dokumentu.
– Eraginpeko administrazioei eta norbanako interesdunei egindako kontsulta-izapidearen emaitza deskribatzen duten zenbait dokumentu.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.
Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek, beste helburu batzuen artean, bermatu behar dute ingurumenaren gaineko eraginaren ondorioen azterketa sartzea plangintzaren hasierako faseetan, aukera egokienak hautatze aldera, betiere kontuan izanik zenbait jardueren ondoriozko eragin metatzaileak eta sinergiakoak.
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatzeko, sustatzaileak eskatzen badu, 7. artikulu horretako 1. apartatuan jasotako proiektuek ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura arrunta bete beharko dute. Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrak bana-banako ingurumen-inpaktuko ebaluazio-prozedura arautzen du, ingurumen-inpaktuko ebaluazio-prozedura arruntaren baliokidea dena.
Ildo horretan, azpimarra liteke Elgoibarko (Gipuzkoa) 8D-Zabalpena sektorearen urbanizazio-proiektua barne hartuta dagoela Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren I.B) eranskinaren 21. epigrafean.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legeko 35. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatzeko, Elgoibarko Udalak, organo substantibo gisa, hirigintza-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura arrunta egiteko beharrezkoa dena xedatu du. Horretarako, ingurumen-inpaktuko azterketa bat gehitu du espedientean, kontsulta publikoak egin ditu eta eragindako administrazio publikoek zein interesdunek prozeduran parte hartu dute.
Proiektuaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertuta, eta ikusirik ingurumen-inpaktuaren azterketa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, irismen-dokumentuan jasotako baldintzak barne, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau eman du; bertan, proiektuaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egin da, eta plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jaso da, baita sartu beharreko azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak. Zuzendaritza hori eskumeneko organoa da Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren arabera, baita Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera ere.
Horrenbestez, zenbait xedapen aztertuta –Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak–, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Elgoibarko (Gipuzkoa) 8D-Zabalpena sektorearen urbanizazio-proiektuari buruzko ingurumen-inpaktuaren adierazpena formulatzea, aldeko izaerarekin.
Urbanizazio-proiektuak (aurrerantzean, UP) Elgoibarko 8D-Zabalpena sektorean egin beharreko obrak zehazten ditu, Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren, sektore horren beraren plan partzialaren eta Urbanizazio Jardueraren Programaren eta horren aldaketaren xedapenak garatuz.
UPk bi exekuzio-unitate hartzen ditu barnean, guztira, 58.598 m2, eta, besteak beste, landare-estalkia oneratzea eta urbanizazioaren eragina nozituko duen natura-ingurunea paisaian txertatzea, hala nola proiektuko eremua zeharkatzen duen errekastoertzeko landaredia oneratzea eta hobetzea.
Ingurumen-ikuspegitik, hauek dira jarduera nagusiak:
– Ur-ibilgu bat desbideratu eta kanalizatzea: UPk Akeierrekara isurtzen den errekastoa eraikin blokeen atzealdean induskatutako ezpondaren zaintza-areka batetik bideratu nahi du. Aurrerago, puntu gorenean 1,50 m-ko zabalera eta trapezio formako sekzioa duen lurrez elkartutako harri-lubeta bizian bideratuko da, eta, azkenik, beheko aldean, hiriaren kanpoaldeko parkearen bidezidor nagusiari jarraipena eman eta ibilguarekiko perpendikularra den zurezko pasabide baten azpitik igaroko da. Gainera, sektorearen hegoaldean dagoen baratze-eremuan, iturburu bat dago, N-634 errepidearen drainatze-sisteman sartu dena.
– Bulkatze berria izango duen ur-andela berri bat eraikitzea eta punpatzea berrezartzea.
– Urbanizazioaren beraren zerbitzu-sareak ezartzea: saneamendua, ur edangarria, energia elektrikoa, telefonia eta telekomunikazioak, gas naturala eta kale-argiak.
Saneamendu-sarea bereizita ipintzea proposatzen da. Euri-uren sarearen bitartez bideratzen dira bildutako emariak. Hiru puntutan isurtzen dira lurzatiko ibilguetara, jariatze-ibilgua atxikitzea eta iragaztea ahalbidetzen duen drainatze-sare baten bitartez. Ur beltzak, aldiz, huste-puntu bakarrera bideratuko dira, egungo azpiegituraren konexiora, hain zuzen ere.
Ur-horniduraren kasuan, egungo ur edangarriaren elikadura- eta banaketa-sistema berregituratzea proposatzen da. Andela berria eraiki beharko da, etxebizitzen eta Olaso industrialdearen kontsumorako hoditeria zirkular itxia elikatuko duena.
Energia elektrikoaren horniduran, erdi-tentsioko aireko lineetako bat lurperatu beharko da, eta 400 eta 630 kVA-ko transformazio-zentroak jarri beharko dira.
– Harresiak eta harri-lubetak eraikitzea. Euste-egiturak eraikiko dira, hala behin-behinekoak nola behin betikoak. Azken horiek ertainak izango dira.
– Errepideak eraikitzea edo aldatzea: sareak behin betiko hiru ardatz izango ditu, sektorearenak berarenak guztiak ere, eta behin-behineko bat. Azken horrek barneko errepide-sistema eta Olasoberri etxebizitzarako sarbidea lotzen ditu. Ardatz nagusiak zeharka aparkatzeko aparkaleku-zerrendak izango ditu alboetan.
– Olasoberri higiezina, Aitzbakarreko andela eta Moruko andelaren punpatze-etxola zaharra eraistea.
– Zarataren aurkako hesiak instalatzea.
– Hiriaren kanpoaldeko parkea sortzea; landa-bideak izango ditu erreka nagusiaren eskuineko ertzean, eta ingurumen-egokitzapena egingo da eremuan. Zuhaitza autoktonoak (haritzaren familiakoak) landatuko dira; landaketaren azalera 4.686 m2-koa izango da.
– Gainera, landare-estalkia leheneratzea proposatzen da, eta urbanizazioaren eragina nozituko duen natura-ingurunea paisaian txertatzea, baita errekaertzeko landaredia oneratzea eta hobetzea ere.
Horretarako, lur-mugimenduak egin beharko dira; horietan, 369.000 m3 soberakin sortuko dira, betelanetan 4.000 m3 beharko direnez.
Bigarrena.– Baldintza hauek jartzea proiektua gauzatzeko; baldintza lotesleak dira, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrak 47.2 artikuluan xedatzen duenaren arabera.
A) Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko aurkeztutako dokumentazioaren arabera gauzatuko da proiektua, eta, nolanahi ere, ebazpen honetan zehaztutakoaren mende egongo da. Neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsatzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, Elgoibarko Udalak Ingurumen Sailburuordetza honetan proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta.
B) Proiektua aldatzen edo zabaltzen bada, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak 7. artikuluan xedatuari men egingo zaio.
Aldaketa puntualak egin behar badira proiektuan, eta aurreko paragrafoan aipatutakoak baino garrantzi txikiagoa badute eta obrak egiteko falta diren gainerako izapideetan sortu badira, ingurumenaren ikuspuntutik ere justifikatu beharko dira. Neurri babesle eta zuzentzaileetan, ingurumena zaintzeko programan, aurrekontuan eta baldintza-pleguetan jasoko dira proiektuari egiten zaizkion aldaketak.
C) Neurri babesle eta zuzentzaileak.
Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo ataletan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, Elgoibarko Udalak Ingurumenaren Administrazioaren Zuzendaritza honetan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta.
Bestalde, neurri horiek behar den dimentsioan aplikatzeak eta kontrolerako langile nahikoa izateak bermatu beharko dituzte ingurumen-inpaktuaren azterketan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-inpaktuaren adierazpen honetan finkatzen direnak. Honako atal hauetan adierazten diren neurriak gehitu beharko dira.
Neurri hauek guztiak obra kontratatzeko baldintza-pleguetan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, obretako jardunbide egokiak ezarri beharko dira.
C.1.– Ondare naturala babesteko neurriak.
C.1.1.– Obrak, bai eta lurzorua okupatzea erakartzen duten lan osagarriak ere, proiektuaren lursailaren barruan egin beharko dira. Ahalik eta gehien murriztuko da obrako makinak eta ibilgailuak aipatu mugetatik kanpo zirkulatzea.
Adierazi den eremutik kanpo ustekabeko eraginik gertatzen bada, zuzentzeko eta lehengoratzeko neurri egokiak aplikatuko dira, txosten honen C.12 puntuan ezarritako ingurumen-aholkularitzak txostena egin ondoren.
C.1.2.– Landaredi autoktonoa kentzea saihestuko da zuzeneko okupazioa aurrez ikusten ez den eremuetan. Horretarako, obrak hasi baino lehen, zehatz-mehatz mugatu eta balizatuko dira zuhaitz eta zuhaitz-unada autoktonoak, eta batez ere haritz kandudun handiak, baita dauden pago bakanak ere. Babestu beharreko eremu horiek berariaz zehaztu beharko ditu txosten honen C.12 puntuan ezarritako ingurumen-aholkularitzak. Mugen eta balizen ezaugarri eta kokapen zehatzak txosten honen C.13 puntuko lan-programan jasoko dira.
C.1.3.– Ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpidea izango da kontuan kontratistaren instalazio-eremuak proiektatzeko, eta hauek ere sartuko dira: obrako materialak eta landare-lurrak behin-behinean biltegiratzeko eremua eta obran sortutako tipologia desberdineko hondakinak kudeatzeko eremua. Eremu horiek inola ere ezin dira egon intereseko landaretza duten espazioetan (bertako zuhaiztiak, ibaiertzeko landaretza), ez eta ibilguetatik hurbil dauden lursailetan ere.
Horretarako, kontratistaren instalazioen eremuen mugaketa zehatza egingo da xehetasunezko kartografian, obrak hasi aurretik. Zehaztapen hori obraren zuzendaritzak onartu behar du, txosten honen C.12 puntuan aipatutako ingurumen-arloko aholkularitzaren txostena jaso ondoren. Instalazio horien ezaugarriak eta kokalekua adierazi beharko dira txosten honen C.13 puntuan aipatzen den lan-programan.
C.1.4.– Kontrol-neurriak hartuko dira, ahal den heinean, mugitutako lursailak eta landaredirik gabeak ez daitezen sarbide bihurtu landare-espezie inbaditzaileentzat –hala nola, Fallopia japonica, Buddelia davidi edo Robinia pseudoacacia espezieentzat–, eta, gainera, ahaleginak egingo dira halakoak jardun-eremutik desagerrarazteko.
C.2.– Ibai-ekosistema lehengoratzeko neurriak.
Ur-gaietan eskumena duen organoak ezarriko duenari kalterik egin gabe, jabari hidrauliko publikoan eta horren zortasun- eta polizia-guneetan eragina duten obretarako, babes- eta zuzenketa-neurri hauek hartu beharko dira:
C.2.1.– Errekaren ibilgu berria eraikitzean, ibaibide irregularra osatuko da, iragazketaren ondorioz ur-geruza galtzea eragozteko; eta haren diseinuak ahalbidetuko du uda-garaian ura kontzentratzea, eta uretako fauna eta florarentzat hainbat mikrohabitat sortzea. Halaber, hondo kizkurra eta irregularra sorraraziko da ibaibidean, ibaietako faunaren espezie bereizgarriak pasatzen uzteko. Edonola ere, erreka beraren zati horri dagokion granulometria hartzen saiatuz lehengoratuko da ibilgu berriaren ibaibidea.
C.2.2.– Ibilgu berriaren alboetako ezpondak ahalik eta eraketa naturalenarekin diseinatuko dira luzera osoan. Horren ondorioz, ahal den guztian ezponda horietan ez da jarriko harri-lubetazko edo hormigoizko babes artifizial zurrunik, eta, behar izanez gero, bioingeniaritzako konponbideak ezarriko dira.
C.2.3.– Ibilguaren ertzen diseinuak aukera eman behar du landare-zerrenda jarraitu bat egoki jartzeko, bai belarrezkoa eta bai zuhaixka eta zuhaitzezkoa, errekastoaren funtzio ekologikoari eusteko beharrezkoa da eta.
C.2.4.– Errekastoen igarobideko zortasun-guneek, bai lotuneko ibilgu-zati berrian bai ibaian behera proiektuko lursailaren azpian dagoen zatian, ahalik eta egoerarik naturalenean geratu beharko dute, betelanik, itxiturarik eta beren funtzioa oztopatuko duen bestelako okupaziorik gabe.
C.3.– Ura eta lurzorua babesteko neurriak.
Aplika daitezkeen prozeduren esparruan uren arloko organo eskudunak egoera honetan ezarriko dituen baldintzez gain, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ere hartu beharko dira:
C.3.1.– Obrako makinentzako eta horien mantentze-lanetarako utziko den azalera isolatu egingo da drainatze-naturaleko sare batekin. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta tailerreko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako eremuetatik kanpo egin.
C.3.2.– Eraikuntza-fasean, ahalik eta material xehe gutxien isuriko da drainatze-sarera. Horretarako, urak bideratzeko gailuak eta sedimentuak atxikitzeko sistemak proiektatu eta gauzatuko dira lehenengo fasean, eta horietan bilduko dira obren ondorioz kutsatutako urak. Gailu horien neurria zehazteko kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoei ongi eusten dietela bermatzeko, eta, dagokionean, gune jakin batean isurtzen dela bermatzeko, betiere uraren parametro fisiko-kimikoak indarrean dagoen araudiaren araberakoak direla ziurtatuz.
Txosten honen C.13 puntuan aipatzen den lan-programan jasoko dira sistema horien ezaugarriak, kokalekua eta neurri zehatzak.
C.3.3.– Ezin izango da lurrazaleko edo lurrazpiko urik bildu, horretarako administrazio-emakida izan ezean.
C.3.4.– Lanak ibilguaren irismenetik kanpo egiteko eremuetan, lanen eta jarduketa osagarrien ondorioz kutsatzen den ur guztia biltzeko eta kudeatzeko gailuak proiektatuko eta eraikiko dira. Haien neurriak zehazteko, kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoak ahalik eta hobekien atxikitzeko eta isuriak lokalizatuak eta indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen parametro fisiko kimikoen araberakoak direla bermatzeko. Behar izanez gero, dekantazio-putzuen sistema bat eduki beharko da, edo pH-zuzentzaile bat duten dekantagailu lamelarrak.
C.3.5.– Ibilguan isuri barreiatuak izango direla aurreikusten den eremuetan, ura iragazteko gailuz eratutako hesiak instalatuko dira (ingurumen-dokumentuak xedatzen dituenak).
C.3.6.– Hidrokarburoak xurgatzeko material espezifikoa eduki beharko da (arrabola erakoa edo gai pikortatua, etab.), ustekabeko jario edo ihesetan berehala erabili ahal izateko.
C.4.– Lurzoruaren kalitatea eta aurreikusitako erabilerak bateragarriak izatea bermatzeko neurriak.
C.4.1.– Proiektua gauzatu asmo dagoen eremua Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioari buruzko irailaren 30eko 165/2008 Dekretuan jasota dago.
Horren harira, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeari buruzko ekainaren 25eko 4/2015 Legeak 23. artikuluan xedatzen duena betez, arau horretan adierazitako egoeraren bat gertatzen bada, ingurumen-organoak ebazpen bidez lurzoruaren kalitatea adierazi beharko du, aipatutako ekainaren 25eko 4/2015 Legeak araututako prozedurari jarraikiz.
Lurzorua kutsa dezaketen jarduera edo instalazio bat izan zuten eta gaur egun aktibitaterik gabe dauden lurrak mugitzeko jarduketak aurreko artikuluan adierazitakoan barne daude, eta, horrenbestez, lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpenaren mendean geratzen dira. Era berean, EAEko ingurumen-organoak aurrez onartu beharko du hondeaketa selektiborako plan bat lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpenaren prozeduraren esparruan, aipatutako ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23. artikuluan jasotakoa betez.
C.4.2.– Sobratutako lurzoruaren kalitatea eremu horietarako aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatu beharko da une oro.
C.4.3.– Hala ere, obrek dirauten bitartean lurra kutsatzen duten jarduerak edo instalazioak izan dituen beste lekurik aurkitzen bada, edo lurzorua kutsatzen duten gaien zantzu argirik bada, kasu horietarako ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoa beteko da.
C.5.– Kutsadura atmosferikoa prebenitzeko eta hautsa aireratzea murrizteko neurriak.
C.5.1.– Obrak dirauen bitartean, ibilgailuak iragan ondoko garbiketa-lanak zorrotz kontrolatuko dira, bai obrek eragindako ingurunean, bai obretara sartzeko guneetan. Sistema bat eduki beharko da aldi baterako hutsik dauden pistak eta inguruak ureztatzeko.
C.5.2.– Obra-guneko irteeran, ibilgailuak garbitzeko gailuak jarriko dituzte, solidoak biltzeko sistema bati kateatuta. Txosten honen C.11 puntuan zehaztutako dokumentazioan adieraziko dira aipatutako elementuen ezaugarriak, kokaleku zehatza eta neurriak.
C.5.3.– Hezetasun-baldintza egokietan garraiatuko da hondeaketa-materiala, hain zuzen, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lohi eta partikularik ez barreiatzeko.
C.5.4.– Materialak eta ekarkinak aldi baterako metatzeko zonaldeak bizitoki diren eraikinetatik urruti kokatuko dira.
C.6.– Zarata eta bibrazioen eraginak gutxitzeko neurriak.
C.6.1.– Eraikitze-fasean, beharrezkotzat jotzen diren jarraibide egokiak aplikatuko dira, obra-makinen mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.
C.6.2.– Era berean, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonifikazio akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.
C.6.3.– Bestalde, proiektua garatzean, obrek eraginpeko eremuan sorrarazitako zaratarengatik ez dira gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita, baina hori guztia dekretu horretako 35.bis artikuluan aurreikusitakoari kalterik eragin gabe.
C.6.4.– 0569 ebazpenak, 2019 ekainaren 12koak (Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala, 2019ko ekainaren 19koa), Babes Akustiko Bereziko Eremu izendatu zuen 8D Zabalpena sektorea, eta eremuko kutsadura akustikoa murrizteko zonako plana onartu. Proposatu diren neurri babesleak hartuko dira, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako kalitate akustikoko helburuak beteko direla bermatzeko.
C.7.– Hondakinak kudeatzeko neurriak.
C.7.1.– Hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketakoak, ebakiak, bilgarriak, eta errefuseko nahiz garbiketa-kanpainetako materialak.
Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinen sorreran prebentzioa sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen bada.
Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; beraz, hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.
C.7.2.– Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.
C.7.3.– Hondakinen azken helmuga zabortegi baimenduan ezabatzea dela aurreikusten baldin bada, orduan hondakin horiek ezaugarrituko dira, Kontseiluaren 2002ko abenduaren 19ko 2003/33/EE Erabakiak, Hondakinak hondakindegietan hartzeko irizpideak eta prozedurak ezartzen dituenak, xedatutakoari jarraikiz, eta otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duenak, ezarritako jarraibideen arabera.
C.7.4.– Obren indusketa-soberakinei dagokienez (kutsatu gabeko lurzoruak eta obretan hondeatutako material naturalak), betelanetara edo jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetara zuzentzen badira, Hondeatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzko urriaren 10eko APM/1007/2017 Agindua aplikatuko da, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 28. artikuluko aurreikuspenak aplikatuz.
Obrak amaitzean, proiektuaren sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetzari lurren mugimenduen balantze zehatza eta hondeaketa-soberakinen jarraipena igorri beharko dizkio, alegia, erauzi ez ziren leku edo obretan eraikuntzarako zuzendutako kopuruak eta ezaugarriak ondo adierazi beharko dira.
C.7.5.– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta, isuriren bat gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan. Halaber, Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.
Aipatutako ontziak edo bilgarriak argi eta modu irakurgarri eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, baita indarreko araudiaren arabera ere.
C.7.6.– Sortutako olio erabilia Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko da.
Olio erabiliak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuriei eusteko sistemen barruan.
C.7.7.– Araudi hau errazago betetzeko, lan desberdinetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak edukiko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, erregaiak eta produktuak biltegiratzearen, makinen mantentze-lanak egitearen edo hondakinak erretzearen ondorioz ez dira inolaz ere efluente kontrolatu gabeak sortuko.
Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko; hala nola, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko berariazko edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.
C.7.8.– Obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txosten osoa egin beharko da, eta indarreko legerian jasotako identifikazio-dokumentuak eta tratamendu-kontratuak txosten horretan sartu beharko dira.
C.8.– Kultura-ondarea babesteko neurriak.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gipuzkoako Ondare Historikoaren Inbentarioan jasota dagoen Olasoberri etxeko baliozko elementuak egoki erregistratuko direla bermatu beharko da, halakorik badago.
Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legean ezarritako gainerako xedapenak gorabehera, obrak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskararen Zuzendaritza Nagusiari, eta hark erabakiko du zer neurri hartu.
C.9.– Obrak integratzeko eta leheneratzeko neurriak.
C.9.1.– Obrak eragindako eremu guztietan egingo dira obraren paisaia-integraziorako lanak, bai eta kontratistaren instalazio-eremuetan edo bestelako eremuetan ere, baldin eta, ingurumen-inpaktuaren azterlanean agertu ez arren, proiektuaren ondorioz kaltetu badira. Ingurumen-lehengoratzean, lurraren berroneratze geomorfologikoa eta edafikoa sartuko dira, bai eta landare-estalkia izan dezaketen gune guztien landare-berritzea ere.
C.9.2.– Lurrak mugitzerakoan, landare-lurra kenduko da eta bereizita pilatuko da, obrek eragindako espazioak lehengoratzeko eta landareberritzeko lanak erraztearren.
C.9.3.– Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia, Cortaderia selloana edo beste landare inbaditzaile batzuk ez zabaltzeko ekintzak gauzatuko dira. Ildo horretan, kasu horretan bereziki kontrolatuko da landare-estalkia lehengoratzeko lurren jatorria, eta, ahal dela, ez da erabiliko horrelako espezieek kutsatu ahal izan duten lurrik.
C.9.4.– Ingurua leheneratu ondorengo bi urteetan, mantentze-lanak egingo dira: lurra aitzurtu, ongarritu, ureztatu eta hutsarteak landareberritu.
C.10.– Garbiketa eta obra bukatzea.
Behin obrak amaituta, garbiketa-kanpaina sakona egingo da, proiektuaren eraginaren mende egon den esparru osoan obra-hondakinik ez uzteko. Hondakinak lan-eremutik aterako dira, eta, haiek kudeatzeko, txosten honen C.7. puntuan xedatzen dena aplikatuko da.
C.11.– Jardunbide egokien sistema bat hartzea.
C.11.1.– Langileek jardunbide egokien sistema bat hartu beharko dute, helburu hauek ahalik eta gehien bermatzeko:
C.11.2.– Obraren okupazio-mugen kontrola.
C.11.3.– Ibilguen gaineko eta beren bazterretako landaretzaren gaineko eragina kontrolatzea, eta ondorioz, espezieen habitataren gainekoa ere bai.
C.11.4.– Hondakin-isurketak ez egitea, eta olio-isurketekin edo lurra leku batetik bestera eramatean lurzorua eta ura ez kutsatzea.
C.11.5.– Proiektuaren eragina nozituko duen herriguneko biztanleei enbarazurik ez eragitea zarata eta hautsarekin.
C.12.– Ingurumen-aholkularitza.
Obrak amaitu arte eta obra horren bermeak dirauen arte, ingurumen gaietan, kultura-ondarearen zaintzan eta babes- eta zuzenketa-neurrietan, aholkularitza gaitua eduki beharko du Obra Zuzendaritzak, ingurumen-inpaktuaren azterlanaren zehaztapenen arabera. Baldintza-pleguak gai horiei buruz esleitzen dizkion funtzioen alorrean Obra Zuzendaritzak hartu beharreko erabakiek, aipatu aholkularitzak egindako txostena izan beharko dute aldez aurretik.
Ingurumen-aholkularitzak, gainera, jardunbide egokien kontrola egingo du, obra gauzatzean; besteak beste, proiektuko ekintzen eragina egiaztatuko du, bereziki honako hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hautsa eta zarata sortzea, makinak direla-eta zarata sortzea, hondakin-kudeaketa, natura- eta kultura-ondarea babestea.
Beraz, langileek jarduera onen sistema bat erabili beharko dute, besteak beste, helburu hauek ahalik eta gehien ziurtatzeko: obraren okupatze-mugak kontrolatzea, natura-interes handiko landaretza-guneen gaineko eragina kontrolatzea, ibilguen gaineko eragina kontrolatzea, hondakinen isurketak saihestea, olioen isurketen eta lurren arrastatzearen ondoriozko lurzoruaren eta uren kutsadura ekiditea, proiektuaren eragin-esparruko biztanleei zarata eta hautsa direla-eta eragindako eragozpenak saihestea.
C.13.– Lan-programa diseinatzea.
Obrak hasi aurretik, jarraian datozen azpiapartatuetan azaltzen diren gaiei buruzko jarduera-proposamen zehaztua egin beharko du kontratistak. Lanak egiteko programari erantsiko zaizkio proposamen horiek, eta Obren zuzendariak berariaz onartu beharko ditu; aurrez, txosten bat egin beharko du aurreko apartatuan aipatutako ingurumen-aholkularitzak. Dokumentu hauek bilduko ditu aipatutako programak:
– Makineriaren parkearen, eta obrako materialen eta lurren eta hondakinen aldi baterako biltegiratzerako eremuen kokapenari eta ezaugarriei buruzko xehetasunak.
– Urak bideratzeko eta sedimentuei eusteko aurreikusitako sare eta sistemen kokapenari, ezaugarriei eta neurriei buruzko xehetasunak.
– Kamioien gurpilak garbitzeko gailuen kokapena eta ezaugarriak.
– Obretako eraikuntza- eta eraispen-lanetan sor daitezkeen hondakinak nola kudeatuko diren islatzen duen plana, honako hauen arabera: Eraikuntza- eta eraispen-lanen hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuaren 5.1 artikuluan xedatutakoa, eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuaren 7. artikuluan xedatutakoa.
D) Ingurumena zaintzeko programa.
Sustatzaileak proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoaren arabera gauzatuko da ingurumena zaintzeko programa, eta ondoren zehaztuko diren beste kontrol hauek ere erantsi behar zaizkio.
Programa horrek obra kontratatzeko baldintza-pleguetan barne hartuta egon behar du, eta bete ahal izatea bermatuko duen aurrekontuaz hornituko da.
D.1.– Gorabeheren erregistroa.
Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, bai eta babes- eta zuzenketa-neurriak noraino bete diren jasotzeko erregistroa ere. Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren eskura egongo da erregistroa, hark ikuskatzeko, eta, nolanahi ere, lanak amaitutakoan, hari bidaliko zaio. Proiektua gauzatzean aldaketarik egiten bada, aldaketa horiek xehetasunez adierazi beharko dira. Ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu beharko dira aipatutako aldaketak.
D.2.– Obraren okupazio-mugen kontrola.
Egindako okupazioa proiektuko aurreikuspenekin bat datorrela egiaztatuko da; obrek ez dute hartuko aurrez ikusitako azalera baino eremu handiagoa.
D.3.– Uren kalitatearen kontrola.
Oro har, ingurumen urtarrera isurketak egin ditzakeen obra-lekurik izanez gero, A.12 puntuan aurreikusitako ingurumen-aholkularitzak egiaztapena egingo du, urak isuri aurretik urak bideratu, drainatu eta eusteko gailuak ondo dabiltzala ziurtatze aldera. Hauxe ere aztertuko du: ibaira material xeheak isuri ote diren, euri-aldietan batez ere.
Sistema horien funtzionamendua eraginkorra ez dela ikusiko balitz, beharrezkoak diren neurriak hartuko dira, kaltea sortzen duten obra-lantegietan lanak aldi baterako gelditzea barne, material esekiz betetako urak lur gaineko ur-ibilguetara irits ez daitezen.
D.4.– Lehengoratzearen arrakasta kontrolatzea.
Bermealdian, aldian-aldian aztertuko da zenbaterainoko arrakasta izan duen proiektuaren eraginpeko gainazalak lehengoratzeko lanak.
D.5.– Ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina.
Inguruena Zaintzeko Programaren dokumentu bateratua egin beharko du sustatzaileak, eta bertan ingurumen-inpaktuaren azterketan proposatutako betebeharrak eta txosten honetan ezarritakoak jaso behar dira.
Kontrolatuko diren parametroak eta parametro bakoitzerako erreferentziako balioak zehaztuko dira programa horretan, bai eta beste hauek ere: laginketarako eta analisirako metodologia; kontrol-puntuak non dauden kokatuta xehetasunezko kartografian; kontrol horien maiztasuna, eta guztia gauzatzeko aurrekontuaren xehetasunak.
D.6.– Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak bidaltzea.
Ingurumena zaintzeko programaren barruko txostenen eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu beharko dira, eta Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari organo substantiboaren bidez bidaliko zaizkio. Obrak bukatuta eta leheneratze-lanen bermealdia amaituta egingo da bidalketa hori, zehazki, leheneratzea egin eta bi urtera. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzekin batera, ingurumen-gaietan espezializatutako entitate independente batek egindako txostena ere aurkeztu behar da. Txosten hori emaitzen analisi bat izango da, aldi horretan gertatutako gorabeherak, balizko kausak eta konponbideak bereziki aipatuta, eta aldez aurretik zehaztu ez denean, laginak hartzearen xehetasunak.
Proiektuaren sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu bi urtez gutxienez, eta datu horiek administrazio publikoen ikuskaritza-zerbitzuen eskura jarriko dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango kasu bakoitzean aplikagarri den araudia betetzeko.
Hirugarrena.– Lau urteko epea ezartzen da proiektua egikaritzen hasteko; ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik hasiko da kontatzen epea. Epe hori igaro eta artean ez bada hasi proiektua egikaritzen, ingurumen-inpaktuaren adierazpen honi amaitu egingo zaio iraunaldia eta dagozkion ondorioak sortzeari utzi egingo dio. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko izapidea, aipatu epea luzatzea adosten ez bada behintzat. Hori guztia, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 47.8 artikuluan eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 43. artikuluan ezarritakoarekin bat.
Laugarrena.– Aurreko paragrafoan xedatutakoaren ondorioetarako, proiektuaren sustatzaileak ingurumen-organoari jakinarazi beharko dio, aldez aurretik, noiz hasiko den proiektua gauzatzen.
Bosgarrena.– Elgoibarko Udalari ebazpen honen edukia jakinaraztea.
Seigarrena.– Ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko irailaren 19a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.
RSS