Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

200. zk., 2019ko urriaren 21a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
4856

AGINDUA, 2019ko urriaren 15ekoa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez onesten baita Eusko Jaurlaritzak balio publikoa batera sortzeko proiektu berritzaileetarako antolatzen dituen «Elkarlan» sarien bosgarren deialdia (2019. urtea).

2016-2020 aldirako gobernu-programaren helburuetako bat da, besteak beste, herritarren parte-hartzea sustatuko duen administrazio ireki garden eta efikaz bat lortzea eta, ekimenen eremuan, Euskadiko demokraziari eta herritarren parte-hartzeari buruzko Liburu Zuriko (2014. urtean onartu zena) konpromisoak gauzatzea. Konpromiso horietako bat hauxe da: «esperientzia berritzaileen garapena sustatzea gure kultura demokratikoan berriak izan daitezkeen eta parte hartzea bultzatzeko formula desberdinak esperimentatzeko aukera ematen duten proiektu pilotuei babesa emanez».

Aurreko konpromisoa 2015., 2016., 2017. eta 2018. urteetan gauzatu zen, Eusko Jaurlaritzak balio publikoa batera sortzeko proiektuetarako antolatzen dituen «Elkarlan» sarien deialdien bidez, eta bosgarren edizio honen bidez berriz egiten da deialdia, xede izanik herritar antolatuek eta ez-antolatuek aurkeztutako proiektu berritzaileak saritzea. Proiektuok balio publiko partekatua sustatu eta gizarteko erronkak eta beharrak ase behar dituzte sei jarduera-eremu hauetako batean: osasuna, ingurumena, garapen ekonomikoa, ikasketa eta kultura, kohesio soziala; eta gobernantza, kultura demokratikoa eta erabaki publikoetako parte-hartzea.

Halaber, proiektuek, diseinu- eta ezarpen-fasean, pertsonen eta kolektiboen ahalduntze-prozesuak sustatzeko gaitasuna erakutsi beharko dute, funtsezko ezaugarri gisa.

Bosgarren edizio honen bidez lortu nahi da balio publikoa batera sortzeko proiektu berritzaileari saria ematean proiektua bera eta sustatzaileak ezagutzera ematea; baina, beste alde batetik, beste eragile batzuen parte-hartzea izateko formulak ekartzea, Euskadin pixkanaka osatu dadin balio publikoa batera sortzen ikasteko eta arlo horretan elkarlanean aritzeko sare bat. EAEko 7 administrazioek (Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek eta 3 hiriburuetako udalek) eta Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziak, Gobernu Irekiaren aldeko Nazioarteko Ituneko kide direnez, 2018-2020 OGP Euskadi ekintza-planean ezarri duten 3. konpromisoari lotuta dago ikuspegi hori. Izan ere, konpromiso hori betetzeko, herritarren parte-hartze berritzailearekin konpromisoa hartuko duten eragileak eta proiektuak sustatu behar dira. Herritar antolatuak eta ez-antolatuak ari dira konpromisoa eta sariak aldatzeko ekimena betearazten laguntzen, 3. konpromisoaren taldearen barruan.

Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren 2019. urterako dirulaguntzen plan estrategikoan (2019ko martxoaren 20ko Aginduaren bidez onartutakoan) sartu da deialdi hau, bertan berariaz ezartzen baita «Elkarlan» sarien deialdiak egingo direla 7. helburu estrategikoari lotuta: «Herritarrek parte hartzeko proiektuen bitartez, erakundeen laguntzarekin edo gabe, herritar antolatuek sortutako balio publikoa aitortu eta ikusaraztea, Demokraziari eta Herritarren Parte-hartzeari buruzko Liburu Zuria hedatzeko konpromiso gisa.» Legegunea-Euskal Araudiaren Atarian argitaratu da plana. 2019ko ekitaldirako luzatu diren Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan badago deialdia honetarako aurrekontu-kreditu nahikoa.

Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritzak du ekimen hau sustatzeko ardura, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura-dekretuaren 11. artikuluaren f) eta g) letrek egiteko hauek esleitzen baitizkiote, hurrenez hurren: «Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernantza Publikoa ezartzea politika publikoak definitu, koordinatu eta gauzatzean, eta, horretarako, zerbitzu publikoen kalitatea hobetzeko eta berritzeko tresnak eta ereduak diseinatu eta garatzea, politika publikoak ebaluatzea eta gobernamendu onerako sistemak sartzea» eta «Herritarren zerbitzu publikoetarako eta informaziorako sarbidea erraztuko duten prozesuak ezarri eta kudeatzea, bai eta herritarren parte-hartzea erraztea ere».

Azaldutako guztia kontuan hartuta, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 3. artikuluak emandako eskumenei jarraikiz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Eusko Jaurlaritzak balio publikoa batera sortzeko proiektu berritzaileetarako antolatzen dituen «Elkarlan» sarien 2019ko deialdia onartzea, agindu honen eranskinean onartu eta arautzen diren oinarri arautzaileen arabera.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Xedapen hauek arautzen dituzte sariak: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; urriaren 1eko Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartuko Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua, eta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean eta azken horren araudia onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko araudia.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan ezarritakoaren arabera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, eta, horretarako, bi hilabete izango dira, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita, hala xedatuta baitago Administrazioarekiko Auzitarako Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46 artikuluetan.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko urriaren 15a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.

ERANSKINA
EUSKO JAURLARITZAREN «ELKARLAN» SARIEN 2019KO DEIALDIA (BALIO PUBLIKOA BATERA SORTZEKO PROIEKTU BERRITZAILEETARAKO SARIAK). OINARRI ARAUTZAILEAK

Lehenengoa.– Xedea.

Deialdi honen xedea bi proiekturi sari bana ematea da, balio publikoa batera sortzeko proiektu berritzaileak ezagutzera emateko. Proiektu horiek eragina izan behar dute osasunaren, ingurumenaren, garapen ekonomikoaren, ikasketa-kulturaren, kohesio sozialaren eta gobernantza-kultura demokratikoa- erabaki publikoetan parte hartzea bezalako jarduera-eremuetan; baina, horrez gain, balio publiko partekatua modu berritzailean sustatu behar dute, gizarteko erronkak eta beharrak ase behar dituzte, eta diseinu- eta ezarpen-fasean, pertsonen eta kolektiboen ahalduntze-prozesua sustatzeko gaitasuna erakutsi behar dute.

Halaber, sariak ematen dira proiektuko jardunbide egokiak (parte hartzeko eta balio publiko konpartitua sortzeko pertsonek eta kolektiboek duten ahalduntzea aktibatzeko moduei lotutakoak) beste eragile batzuei transferitzeko prozesua formalizatzeko. Herritarrek parte hartzeko jardunbide egoki horiek lurraldeko beste eremu edo espazio batzuetan ere aplikatzeko modukoak izan behar dira.

Bigarrena.– Sariak.

Osasunaren, ingurumenaren, garapen ekonomikoaren, ikasketa-kulturaren, kohesio sozialaren eta gobernantza-kultura demokratikoa-erabaki publikoetan parte-hartzea jarduera-eremuetan balorazio onena izan duten proiektu biei sari bana emango zaie.

Hona hemen sarien prestazioak:

a) 6.000 euro gordin emango dira, parte-hartzea sustatzeko modu ezberdinak aplikatzeko aukera ematen duen balio publikoa batera sortzeko proiektu berritzailea onartzeko.

b) 3.000 euro gordin emango dira, herritarren parte-hartzearen bidez pertsonek eta kolektiboek duten ahalduntzea aktibatzeko jardunbide egokiak beste eragile batzuei transferitzeko prozesuan aplikatu ahal izateko, lurraldeko beste eremu edo espazio batzuetan.

c) Kanpoko aholkularitza izango da, beste eragile batzuei transferitzeko prozesuan zehar, lurraldeko beste eremu edo espazio batzuetan aplikatzeko.

d) Saritutako proiektuari zabalkundea emango zaio komunikabide eta hedabideetan.

Hirugarrena.– Proiektuak bete behar dituen baldintzak.

1.– Proiektu guztiek, deialdian parte hartzeko, baldintza hauek bete beharko dituzte eskabidea aurkezteko unean:

a) Ezarrita egotea edo fase pilotu aurreratuan egotea. Ez dira onartuko hasi gabe dauden proiektuak edo ideia-fasean daudenak.

b) Elkarlanean parte hartzeko proiektua izan behar da, hots, gizarteak jarduteko duen gaitasuna erakusten duten ahalduntze-prozesuak sustatzen dituzten ekimenak.

c) Balio edo inpaktu publiko eta soziala sortu behar du berrikuntzaren bidez.

d) Euskadiko demokraziari eta herritarren parte-hartzeari buruzko Liburu Zurian identifikatutako jarduera-eremuetako batean edo batzuetan gauzatu behar da, herritarren parte-hartzeak eta ikuspegiak esparru horien garapenean egin baitezakete ekarpenik handiena: osasunaren, ingurumenaren, garapen ekonomikoaren, ikasketa-kulturaren, kohesio sozialaren eta gobernantza-kultura demokratikoa-erabaki publikoetan parte-hartzea.

e) Pertsonen edo kolektiboen ahalduntze prozesuak aktibatzeko modua lurraldeko beste eremu edo espazio batzuetara eramateko modukoa izan behar da. Horretarako, honako hauek baliatuko dira: jarduteko protokoloak, tresnak, metodologiak, gidak, web euskarriak, prestakuntza- eta sentsibilizazio-ekintzak...

2.– Sariak jasotzeko hautagai juridikoak nahi beste proiektu aurkeztu ahalko dituzte beste hainbeste eskabidetan, baina sari bakarra lortu ahal izango dute.

Laugarrena.– Hautagaitzak.

1.– Eskabidea aurkezteko unean jarduera nagusia Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzen duten eta egoitza soziala bertan duten irabazi asmorik gabeko pertsona juridikoak soilik aurkeztu daitezke deialdi honetara.

2.– Administrazio publikoek eta bere sektore publikoa osatzen duten entitateek ezin izango dute parte hartu sarien deialdi honetan.

3.– Pertsona juridikoek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskabidea aurkezterakoan:

a) Egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan izatea eta bertan gauzatzea jarduera nagusia.

b) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea. Horretarako, organo kudeatzaileak modu automatikoan egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekin lotutako betebeharrak bete dituela hautagai gisa aurkeztu den pertsona juridikoak, hari baimenik eskatu beharrik gabe, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 50.3 artikuluarekin bat etorriz. Dena dela, eskatzaileak baimena ukatu ahal izango du, baina horretarako Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitako ziurtagiria aurkeztu beharko du.

c) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta edukitzea.

d) Ez edukitzea administrazio- edo zigor-zehapenik, laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera kentzen dionik, eta ez duela laguntza horiek jasotzeko legezko debekurik.

e) Ez edukitzea administrazio-zehapenik edo zehapen penalik sexu-bereizkeria egiteagatik, ezta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen araberako debekurik ezarrita ere.

f) Ezingo dira sariaren onuradun izan Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13.2 eta 3. artikuluetan aurreikusitako inguruabarretako batean dauden pertsona juridikoak.

Aurreko a), c), d), e) eta f) baldintzei dagokien agiri-egiaztapenaren ordez, eskatzaile juridikoek erantzukizunpeko adierazpena beteko dute, «Elkarlan» sarien deialdian parte hartzeko inprimakian. Inprimakia Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko helbide honetan eskura dezakete: http://www.euskadi.eus/saria_lehiaketa/2019/elkarlan/web01-tramite/eu

4.– Proiektuak aurkeztuko dituzten pertsona juridikoek Eusko Jaurlaritzari baimena emango diote deialdi honekin lotutako hedapen-jardueretan beren egiletza aipatzeko. Horrek ez die, hala ere, eskubide ekonomikorik edo beste irabazi-motarik ekarriko, sariak dakartzan zenbateko ekonomikoaz eta prestazioaz gain.

5.– «Elkarlan» saria jasotzea bateragarria izango da bestelako administrazio publikoek eta entitate pribatuek ematen dituzten sariak jasotzearekin.

Bosgarrena.– Hautaketa Batzordea.

1.– Hautaketa Batzorde batek baloratuko ditu proiektuak, eta kide hauek osatuko dute batzorde hori:

a) Javier Bikandi Irazabal, Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko zuzendaria, batzordeburua gisa.

b) Koldobike Uriarte Ruiz de Eguino andrea, Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritzako Gobernu Onaren ataleko berrikuntza publikoari buruzko proiektuen arduraduna eta OGP Euskadi proiektuaren arduradun teknikoa. Gainera, idazkari gisa ere jardungo du.

c) Ana López de Lacalle Argote andrea, 2018ko Elkarlan edizioan saria jaso zuen Bioalai proiektua sustatu duen Bioalai kontsumo ekologikoaren elkartearen ordezkari gisa.

d) Sonia Francisco Martín andrea, 2018ko Elkarlan edizioan saria jaso zuen Wikiemakume-Etxebarri proiektua sustatu duen Etxebarriko emakumeen Inurtxi elkartearen ordezkari gisa.

e) Joxean Hernandez Gómez jauna, 2018ko Elkarlan edizioan saria jaso zuen Impac hub Donostia proiektua sustatu duen Impac hub Donostia S. Koop.eko zuzendaria.

f) Gotzon Bernaola Ariño jauna, Innobasque herri-onurako elkartearen Berrikuntza Publikoko zuzendaria.

g) Goizalde Atxutegi andrea, Innobasque herri-onurako elkarteko berrikuntza publikoko proiektuen arduraduna eta OGP Euskadiko 3. konpromisoaren arduradun teknikoa.

2.– Hautaketa Batzordeko kide izateak eta batzordearen bileretara joateak eskubidea sortuko du dieta gisa zenbateko bat jasotzeko, kontzeptu hauengatik: bileretara egin beharreko joan-etorriengatik (erabilitako garraiobidearen kostu errealaren araberakoa izango da dieta); Hautaketa Batzordearen bileretara joateagatik (60 euro, bilera bakoitzeko) eta lan-saioetan taldean baloratzeko aurkeztutako proiektu bakoitzari egindako analisi eta balorazioarengatik (60 euro, aztertutako 10 proiektuko).

Seigarrena.– Baremoa.

1.– Gehienez 12 puntu lor daitezke.

2.– Hautaketa Batzordeak baloratuko ditu aurkeztu diren proiektuak, gehienez 10 puntu emanez, baremo honen arabera:

a) Balio publiko eta soziala: balio publikoa sortzeko ahalmena (gizarte-inpaktu handikoa), eta kolektibotasunetik lagunduz egitea. 0 eta 1 puntu bitartean.

b) Ahalduntzea: gizarteak antolatzeko eta jarduteko duen gaitasunaren eredua sortzeko ahalmena. 0 eta 3 puntu bitartean.

c) Izaera berritzailea: proiektuko ideiaren (disruptiboa eta berria) egingarritasun eta berrikuntzarako ahalmena. 0 eta 2 puntu bitartean.

d) Pertsonen edo kolektiboen ahalduntze prozesuak aktibatzeko modua lurraldeko beste eremu edo espazio batzuetara eramateko aukera. 0 eta 2 puntu bitartean.

e) Diseinuan eta ezarpenean generoaren ikuspegia txertatzea. 0 eta 1 puntu bitartean.

f) Kalitatea eta argitasuna: aurkezpenaren koherentzia- eta argitasun-maila. 0 eta 1 puntu bitartean.

3.– Batzordearen balorazioa osatzeko, gainera, Irekia-n parte-hartze prozesua abiaraziko da. Horren bidez, herritarrek gehienez bi proiekturi eman ahal izango diete botoa. Boto gehien jaso dituzten bi proiektuei beste bi puntu emango zaizkie, eta azken puntuazioa Hautaketa Batzordeak emandako balorazioari gehituko zaio.

4.– Gutxienez 5 puntu lortu behar dira saria jasotzeko aukera izateko.

Zazpigarrena.– Prozedura.

1.– Deialdi honetan parte hartuz gero, ulertuko da hautagaia den pertsona juridikoak bitarteko bakar gisa bide elektronikoa aukeratu duela administrazio-prozedura kudeatzen duen organoarekin hartu-emana izateko.

2.– Deialdi honetako organo kudeatzailea Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko zuzendaria da.

3.– Hautagaiek (pertsona juridikoak) bete behar duten eskabidearen eredua Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko helbide honetan dago eskuragarri: http://www.euskadi.eus/saria_lehiaketa/2019/elkarlan/web01-tramite/eu. Bide elektronikoa erabiliko da eskabidea aurkezteko. Seigarren klausulako 2. atalean zehazten diren sei alderdiak jaso beharko dira eskabidean, balorazioa behar bezala egin ahal izateko. Zehazki, d) atalari dagokionez, ondo zehaztu beharko da a priori nola formalizatuko den pertsonen edo kolektiboen ahalduntze prozesuak aktibatzeko jardunbide egokiak beste eragile batzuei transferitzeko prozesua, lurraldeko beste eremu edo espazio batzuetan aplikatzeko. Kasu horretan, jardunbide egokitzat joko dira, modu berritzaile eta egokian parte-hartzea bultzatzen duten ezarritako jarduerak edo esperientziak. Hau da, beste esperientzia batzuei ekarpen handia egin ahal dieten ikasketak eta ezagutzak. Transferentzia formalizatzeko, garapen kontzeptual bat sar daiteke, orientazio gisa, honako hauek identifikatzeko: jardunbide egokia zertan datzan, arrakasta-baldintzak, ekarpenak (emaitzak eta inpaktuak), mugak, beste testuinguru batzuetan aplikatzeko bideragarritasuna...; material dokumentalak (gidak), grafikoak edo teknologikoak sortzea, transferentzian laguntzeko; garatutako kontzeptuak eta materialak hedatzeko eta zabaltzeko prozesu parte-hartzaileak egitea, eta abar. Beste eremu eta espazio batzuetara transferitzeko aukera ematen duen guztia identifikatu daiteke bertan. Prozesua 6 hilabetetan garatu behar da, sariak ematen direnetik; eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritzak kanpoko aholkularitza eskainiko du.

4.– Eskabidea aurkeztu osteko izapideak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire karpeta» atalean egingo dira. https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

5.– Hautagaiek (pertsona juridikoak) euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta horri erantsitako agiriak; hots, eurek aukeratzen duten hizkuntzan. Halaber, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabiliko da prozedura osoan, Euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezartzen den moduan.

6.– Eskabidea aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

7.– Eskabidearekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoan legez eratuta dagoela egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko da: http://www.euskadi.eus/saria_lehiaketa/2019/elkarlan/web01-tramite/eu

8.– Eskabideak hilabeteko epean aurkeztu behar dira, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Epez kanpo aurkeztutako eskaerak deialditik kanpo geratuko dira.

9.– Hautaketa Batzordeak aurkeztu diren proiektuak aztertuko ditu, eta bakoitzari baremoa ezarri ondoren, sariak emateko proposatutako proiektuak deialdia ebazteko eskumena duen organoari aurkeztuko dizkio, hau da, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren Erakunde Harremanetarako sailburuordeari. Horrekin batera, gainera, hautagaitza guztien balorazioa ere bidaliko dio.

10.– Hautaketa Batzordeak deialdia hutsik uzteko proposamena aurkeztuko du, aurkeztutako proiektuek gutxieneko puntuazioa lortzen ez badute.

11.– Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Erakunde Harremanetarako sailburuordeak ebazpena emango du saria emateko edo deialdia hutsik uzteko; Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan (http://www.euskadi.eus/saria_lehiaketa/2019/elkarlan/web01-tramite/eu) argitaratuko da ebazpena. Horrez gain, ebazpena elektronikoki jakinaraziko zaie deialdian parte hartu duten pertsona guztiei, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bitartez.

Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak beste aukera bat ere badu: interesdunei jakinarazpenen abisuak bidaltzea, SMSak edo mezu elektronikoak igorriz, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.

12.– Deialdiaren ebazpena 2019ko abenduaren 16a baino lehen emango eta argitaratuko da. Epe hori amaitu eta ebazpena argitaratu ez bada, deialdia hutsik geratu dela ulertuko da.

13.– Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Erakunde Harremanetarako sailburuordeak «Elkarlan» sariak emateko edo lehiaketaren deialdia hutsik uzteko ematen duen ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio sail horretako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

14.– Saria emateko ebazpenean, pertsonen eta kolektiboen ahalduntzea aktibatzeko jardunbide egokiak beste eragile batzuei transferitzeko prozesua oinarrizko moduan identifikatuko da, lurraldeko beste eremu eta espazio batzuetan aplikatzeko. Prozesu hori eskabide-inprimakian aurkeztutako proposamenaren eta Gobernantza Publiko Saileko Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritzak emango duen kanpo-aholkularitzaren arabera garatu behar da.

Zortzigarrena.– Saria onartzea.

1.– Entitate sarituek idatziz eta espresuki adierazi beharko dute saria onartzen dutela, saritze-ebazpena jakinarazi eta egutegiko 3 eguneko epearen barruan. Horretarako, saria onartzeko inprimaki bat izango dute eskuragarri Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalean: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

2.– Saria onartzen bada, pertsona eta kolektiboen ahalduntzea aktibatzeko jardunbide egokiak beste eragile batzuei transferitzeko formalizazio-prozesua garatu beharko da, lurraldeko beste eremu eta espazio batzuetan aplikatzeko. Saria emateko ebazpenean zehazten da.

3.– Saria ez bada onartzen aurreko paragrafoetan ezarritako baldintzetan, uko egiten zaiola ulertuko da; eta, kasu horretan, balorazio onena izan duen hurrengo proiektua aurkeztu duen hautagaitzari emango zaio saria.

4.– Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren Erakunde Harremanetarako sailburuordeak ebazpena emango du, aditzera emango duena sariari uko egin zaiola eta hobekien baloratutako hurrengo proiektua aurkeztu duen hautagaitzari eman zaiola saria. Ebazpena Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoko http://www.euskadi.eus/saria_lehiaketa/2019/elkarlan/web01-tramite/eu helbidean argitaratuko da, eta jakinarazpen elektronikoa egingo zaie saritua izan den entitateari eta deialdi honetan bide elektronikoa erabiliz parte hartu duten beste hautagaitzei. Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalean argitaratuko da ebazpen hori (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/), aurreko artikuluaren 14. artikuluko aurreikuspen berberekin.

5.– Saritutako entitate bakar batek ere ez badu onartzen saria, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren Erakunde Harremanetarako sailburuordeak ebazpena emango du deialdia hutsik gelditu dela adierazteko. Ebazpena Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoko http://www.euskadi.eus/saria_lehiaketa/2019/elkarlan/web01-tramite/eu helbidean argitaratuko da, eta jakinarazpen elektronikoa egingo zaie deialdi honetan parte hartu duten hautagaitza guztiei, Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalean (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/)

Bederatzigarrena.– Sariak ematea.

1.– Sariak ekitaldi formal batean banatuko dira. Saritutako pertsona batek joan beharko du ekitaldi horretara, pertsona juridikoaren legezko ordezkari gisa edo izendatutako ordezkari gisa. Pertsona horrek proiektuaren nondik norakoak azaldu beharko ditu, labur-labur. Legezko ordezkaritza duen inork edo hark izendatutako inork ezin badu sari-banaketara joan arrazoi justifikatuak direla medio, aldez aurretik eta nahikoa aurrerapenez, ordezko pertsona bat izendatu beharko dute euren izenean saria jaso dezan. Ordezkatzen dituen horren identifikazio-datuak Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren Erakunde Harremanetarako sailburuordeari bidali beharko zaizkio (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

2.– Saritutako proiektuaren legezko ordezkaria edo haren ordez izendatutako pertsona sari-banaketara joaten ez bada, sariari uko egin zaiola esan nahiko du eta deialdia hutsik geratuko da. Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren Erakunde Harremanetarako sailburuordearen ebazpen baten bidez ezarriko da deialdia hutsik geratu dela.

Hamargarrena.– Jardunbide onen transferentzia formalizatzeko prozesua.

1.– Pertsonen eta kolektiboen ahalduntzea aktibatzeko jardunbide egokiak beste eragile batzuei transferitzeko formalizazio-prozesua –lurraldeko beste eremu eta espazio batzuetan aplikatzeko– garatzeko konpromisoa (saria emateko ebazpenean zehazten dena) betetzen ez bada, hari uko egiten zaiola ulertuko da. Kasu horretan, jasotako zenbateko osoa itzuliko da (9.000 euro).

2.– Jardunbide egokien transferentzia formalizatzeko prozesuaren justifikazioa sei hilabeteko epean egin beharko da, sariak ematen direnetik hasita. Horretarako, memoria bat egin eta hilabeteko epean bidali beharko da, eta bertan identifikatuko da zertan datzan jardunbide egokia, arrakasta-baldintzak, ekarpenak (emaitzak eta eraginak), mugak, beste testuinguru batzuetan aplikatzeko bideragarritasuna... Horrez gain, memorian lurraldeko beste eremu edo espazio batzuetara transferitzeko materialki egindako jardueren edukia garatuko da: material dokumentalak (gidak), bideografikoak edo teknologikoak; garatutako kontzeptuak eta materialak hedatzeko eta zabaltzeko partaidetza-prozesuak, eta abar.

Hamaikagarrena.– Datu pertsonalen babesa.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 Erregelamenduan (EB), datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoan (Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra), eta datu pertsonalak babesteko eta eskubide digitalak bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan jakinarazten da Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritzak egingo duela datu pertsonalen tratamendua, eta datu horiek «Laguntzak eta sariak» izeneko tratamendu-jardueran sartuko direla, laguntzen eta sarien deialdiak kudeatu eta ebatzi ahal izateko. Interes publikoaren mesedetan egindako misio bat betetzeko legitimazioa du helburu horrek.

Deialdi honetan parte hartzen duten pertsonei buruzko datuak Hautaketa Batzordeko kideei jakinaraziko zaizkie, eta zabalkunderako ekintzetan sartu ahal izango dira. Irabazleen datuak Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Sailari jakinaraziko zaizkio, baita zerga arloan egoki den administrazioari ere. Datuok ez zaizkie hirugarrenei emango, legeak horretara behartu ezean, eta ez dira hirugarren herrialdeetara transferituko.

Hori gorabehera, datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko eta lekuz aldatzeko eskubideak, tratamendua mugatzekoa eta tratamenduari aurka egitekoa erabil daitezke, baita datuen tratamendu automatizatu hutsean oinarritutako erabakien xede ez izateko eskubidea ere. Eskubide horiek guztiak Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritzaren aurrean baliatu behar dira. Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

Honako helbide honetan kontsulta daitezke datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatz guztia www.euskadi.eus/dbao/1027605


Azterketa dokumentala