Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

190. zk., 2019ko urriaren 7a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
4554

AGINDUA, 2019ko irailaren 23koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez baimena ematen baita «Argantzon Ikastola» Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe pribatuaren titulartasuna aldatzeko (Erribera Beitia, Araba).

Aztertu da ikastetxe horren titularra den «Asociación de Padres Argantzon» erakundearen legezko ordezkariak abiarazitako espedientea, zeinaren bidez baimena eskatzen baita Erribera Beitiako «Argantzon Ikastola» Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe pribatuaren titulartasuna aldatzeko.

Espediente hori ezarritako prozeduraren arabera izapidetu da, indarreko arauek eskatzen dituzten agiriak erantsi zaizkio, eta arlo horretan eskumena duten erakundeek horri buruzko txostena eman dute.

Arau hauek hartu dira kontuan: Heziketarako eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoa; ikastetxe pribatuetan unibertsitateaz kanpoko araubide orokorreko irakaskuntzak emateko baimenei buruzko apirilaren 3ko 332/1992 Errege Dekretua; apirilaren 3ko 332/1992 Errege Dekretua aldatzen duen otsailaren 12ko 131/2010 Errege Dekretua, eta gai horretan aplikatzekoak diren gainerako legeak. Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Baimena ematea «Argantzon Ikastola» Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe pribatuaren titulartasuna aldatzeko: gaur egun, titulartasuna «Asociación de Padres Argantzon» erakundeak dauka, eta, aurrerantzean, «Argantzun Ikastola Kooperatiba Elkartea» erakundeak izango du; berak subrogatuko ditu ikastetxeak zituen betebeharrak eta zamak. Ikastetxea Araban dago, Erribera Beitiako udalerrian, Manzanosko Sobre la Rueda kaleko 14an, eta 010685 eta 01007749 kode-zenbakiak ditu.

2. artikulua.– Titulartasun-aldaketa Ikastetxeen Erregistroan inskribatuko da eta ez du inolako eraginik izango ikastetxearen ohiko jardunean.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek 2019ko uztailaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko irailaren 23a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala