Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

178. zk., 2019ko irailaren 19a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SEGURTASUN SAILA
4262

EBAZPENA, 2019ko irailaren 11koa, Trafikoko zuzendariarena, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari honako eginkizun hau betetzeko kudeaketa-gomendioa emateko akordioa argitaratzea xedatzen duena: Bide Prestakuntzako Irakaslearen Gaitasun Agiria lortzeko ikastarorako deialdiaren 5.2 oinarrian jasotzen den bertaratuta jaso beharreko prestakuntzaren faseko irakaste-jarduna gauzatzea (ikastarorako deialdia 2018ko urtarrilaren 15eko Ebazpenaren bidez egin zen, eta 2018ko urtarrilaren 26ko EHAAn argitaratu zen, 19. zenbakian).

Urriaren 15eko 3256/1982 Errege Dekretuak xedatutakoaren babesean, Segurtasun Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 83/2017 Dekretuak 17.4.a) artikuluan Trafiko Zuzendaritza honi emandako eskumenekin bat, eta urriaren 17ko 1295/2003 Errege Dekretuaren bidez onartutako Motor Ibilgailuen Gidarien Eskola Partikularrei buruzko Erregelamenduak ematen dituen eskumenen arabera, Trafiko Zuzendaritzari dagokio, bere egitekoen artean, Bide Prestakuntzako Irakaslearen Gaitasun Agiria lortu nahi dutenentzat ikastarorako deialdia egitea.

Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluaren arabera, Administrazioko organoen edo zuzenbide publikoko erakundeen eskumeneko jarduera materialak, teknikoak eta zerbitzuzkoak administrazio bereko edo beste bateko organoei edo erakundeei gomendiotan eman dakizkieke, eraginkortasunari begira komeni bada, edo jarduera horiek gauzatzeko baliabide tekniko egokirik ez badago. Gomendioak ez dakar, ordea, ez eskumenaren titulartasuna lagatzea ez eskumen horretaz baliatzeko funtsezko elementuak lagatzea.

Trafiko Zuzendaritzak ez dauka baliabiderik Bide Prestakuntzako Irakaslearen Gaitasun Agiria lortzeko ikastaroetan bertaratuta jaso behar den prestakuntzaren faseko irakaste-jarduna gauzatzeko.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak esperientzia zabala eta egiaztatua dauka herritarren segurtasunera bideratutako zerbitzu publikoak ematen dihardutenei behar duten prestakuntza profesionala ematen.

Hori dela eta, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari ematen diot Bide Prestakuntzako Irakaslearen Gaitasun Agiria lortzeko bertaratuta jaso behar den prestakuntzaren faseko irakaste-jarduna gauzatzeko kudeaketa-gomendioa.

Denek jakin dezaten, kudeaketa-gomendioa ebazpen honen eranskin gisa Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea xedatzen dut.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko irailaren 11.

Trafikoko zuzendaria,

SONIA DÍAZ DE CORCUERA.

ERANSKINA
AKORDIOA, SEGURTASUN SAILEKO TRAFIKO ZUZENDARITZAREN ETA POLIZIA ETA LARRIALDIETAKO EUSKAL AKADEMIAREN ARTEKOA, EGINKIZUN HONEN KUDEAKETA MATERIALA GOMENDIOTAN EMATEKO DENA: BIDE PRESTAKUNTZAKO IRAKASLEAREN GAITASUN AGIRIA LORTZEKO IKASTARORAKO DEIALDIAREN 5.2 OINARRIARI DAGOKIONEZ, BERTARATUTA JASO BEHARREKO PRESTAKUNTZAREN FASEKO IRAKASTE-JARDUNA GAUZATZEA (IKASTARORAKO DEIALDIA 2018KO URTARRILAREN 15EKO EBAZPEN BIDEZ EGIN ZEN)

Vitoria-Gasteiz, 2019ko irailaren 11.

HAUEK BILDU DIRA

Alde batetik, Sonia Díaz de Corcuera, Trafikoko zuzendaria.

Eta bestetik, estetik, Malentxo Arruabarrena andrea, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendaria.

ADIERAZTEN DUTE:

Trafiko Zuzendaritzak –eraginkortasuna helburu– Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari eskatzen dio bere gain har dezala Bide Prestakuntzako Irakaslearen Gaitasun Agiria lortzeko ikastarorako deialdiaren 5.2 oinarriko irakaste-jardunaren kudeaketa materiala, hau da, bertaratuta jaso behar den prestakuntzaren faseko irakaste-jardunari dagokiona (ikastarorako deialdia 2018ko urtarrilaren 15eko Ebazpenaren bidez egin zen, eta 2018ko urtarrilaren 26ko EHAAn argitaratu zen, 19. zenbakian), honako klausula hauekin bat:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Gehieneko ikasle-kopurua.

Ikastaroetara bertaratutako ikasleak talde eta txandatan banatuko dira, beharrezkoa balitz; eta, horrela, talde bakoitzean ez da ezein kasutan 24 baino ikasle gehiago izango.

Bigarrena.– Bertaratzeko fasearen iraupena.

Bertaratzeko faseak 10 asteko iraupena izango du. Epe hori luzatu egingo da, baldin eta fase horretan herriko jairik, autonomia-erkidegokorik edo estatukorik egokitzen bada, jai horiek errekuperatu egin behar baitira.

Hirugarrena.– Emango diren ikasgaiak.

Honako ikasgai hauek irakatsiko dira bertaratzeko fasean:

– Helduen prestakuntza eta irakasteko trebetasunak.

– Oinarrizko bizi-euskarria.

– Araudia, bide-segurtasuna eta garraioa.

– Giza faktorea bide-segurtasunean.

– Bide-segurtasuna: ibilgailua eta bidea.

– Mekanika eta gidatze ekonomikoa.

– Gidatzen irakasteko praktikak.

– Errefortzuak edo errekuperazioak.

– Bertaratuz egin beharreko tutoretza.

Laugarrena.– Esleitutako eginkizunak.

Hirugarren klausulan adierazitako gaiei buruzko prestakuntza eman beharraz gainera, eginkizun hauek esleitzen dira:

– Irizpide teknikoak eta pedagogikoak planifikatu, koordinatu eta bateratzea irakasle-taldearen artean; horretarako, gutxienez, hiru bilera egingo dira, bertaratze-fasean hasieran, erdian eta amaieran.

– Etengabeko jarraipena egitea, eta ikasleen bertaratzea zorrotz zaintzea.

– Prozesuan zehar, parte-hartzaile bakoitzaren aprobetxamendua ebaluatzea, ikasle bakoitzari horren berri ematea, eta errefortzu edo errekuperazio saioetarako deitzea, baldin eta irakasle-taldearen iritziz horiek behar baditu. Aprobetxamendu-maila, orokorrean, ebidentzia-sistema baten bidez ebaluatuko da, eta, beharrezkoa bada, ezagutzen, trebetasunen eta jarreren globalizazioa eta integrazioa egiaztatzen duten proba objektiboen bidez.

– Trafiko Zuzendaritzari eskatzen duen informazio guztia ematea, prestakuntzari eta ikasleei dagokienez, eta, batik bat, haien aprobetxamendu- eta bertaratze-mailei dagokienez.

– Txanda bakoitza bukatu ondorengo astean, txosten bat idaztea eta Trafiko Zuzendaritzari jakinaraztea, alderdi hauen berri emanez:

1.– Ikasleen bertaratze-hutsen zerrenda, huts horiek erabat justifikatuta eta dokumentatuta direla.

2.– Aprobetxamendu-mailaren arabera, Kalifikazio Epaimahaiari gai edo ez-gai gisa deklaratzeko proposatzen zaizkion ikasleen zerrenda.

Bosgarrena.– Gastuak.

Bertaratuta jaso beharreko prestakuntzaren fasean parte hartzen duten ikasleek zuzenean ordainduko dizkiote prestakuntza-gastuak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari, Bide Prestakuntzako Irakaslearen Gaitasun Agiria lortzeko ikastarorako deialdiaren bederatzigarren oinarrian ezarritakoaren arabera (2018ko urtarrilaren 15eko Ebazpena, EHAA, 19. zk., urtarrilaren 26koa).

Seigarrena.– Indarraldia.

Kudeaketa-gomendioa indarrean izango da baliabide hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta bigarren puntuan aipatutako bertaratze-fasea amaitu arte.

Agiri honen edukiarekin ados daudenez, eta horrela jasota gera dadin, alderdi biek kudeatzeko gomendioa formalizatzeko tresna hau sinatzen dute, eta, denek jakin dezaten, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea xedatzen dute.

Trafikoko zuzendaria,

SONIA DÍAZ DE CORCUERA.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusia,

MALENTXO ARRUABARRENA JULIÁN.


Azterketa dokumentala