Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

177. zk., 2019ko irailaren 18a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
4245

AGINDUA, 2019ko irailaren 11koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez arautzen baitira irakurketa sustatzeko eta Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarean txertatuta dauden liburutegi publikoen zerbitzuak erabiltzeko dirulaguntzak, eta horien deialdia iragartzen, 2019. urtean.

Euskadiko Liburutegien urriaren 26ko 11/2007 Legearen bidez sortu zen Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarea, eta sare horri dagokio, besteak beste, liburutegiei laguntza-programak eta -zerbitzuak ezartzea, nagusiki informatika-sareak antolatzeko, irakurketa eta liburutegien erabilera sustatzeko kanpainak bultzatzeko eta funtsez edo bestelakoez hornitzeko.

Era berean, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari dagozkio liburutegien alorreko eskumenak, horixe xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 14.1.c) artikuluan.

Bestalde, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 82/2017 Dekretuak dio Liburutegi Zerbitzuaren eskumenekoa dela Euskadiko liburutegi-sistemaren planifikazioa, funtzionamendua eta koordinazioa garatu eta betetzea, baita irakurketa sustatzeko neurriak diseinatzea ere.

Hori dela eta, eta jakinik haurtzaroan eta gaztaroan errazago hartzen dela liburuekiko zaletasuna eta liburutegiak erabiltzeko ohitura, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak uste du lehentasuna duela batez ere herritarren parte horren beharrizanei erantzuteak.

Agindu hau, gainera, sartuta dago sailak 2018-2020 aldirako duen Dirulaguntzen Plan Estrategikoan, zeina onartu baitzen Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2019ko urtarrilaren 31ko Aginduaren bidez.

Hori dela eta, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da irakurketa sustatzeko eta Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarean txertatuta dauden liburutegi publikoen zerbitzuak erabiltzeko dirulaguntzen 2019ko deialdia arautzea.

2. artikulua.– Diru-baliabideak.

Agindu honetan araututako dirulaguntzen gehieneko zenbateko globala 260.000,00 eurokoa da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kargura emango dira.

3. artikulua.– Izapidetzea.

1.– Bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte erakunde interesdunek prozedura horren izapideak eskatzeko, kontsultatzeko eta gauzatzeko.

2.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak izapidetzeko zehaztapenak honako egoitza elektroniko honetan daude: www.euskadi.eus/zerbitzuak/0038306

3.– Eskaeraren osteko izapideak helbide honetan egingo dira, bide elektronikoz: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

4. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Agindu honetan ezarritako dirulaguntzen onuradun izan daitezke liburutegi publikoen titular diren Euskal Autonomia Erkidegoko udalak, toki-erakunde eskudunak eta udal-liburutegi publikoen arloko zereginak esleituta dauzkaten Euskal Autonomia Erkidegoko udal-erakundeak; azken horiek dira tokiko sektore publikoarekin bat egiten dutenak.

Udalerri bakoitzean onuradun bakarra egon daiteke. Beraz, udalerri batean eskaera bat baino gehiago badago, udalaren eskaerak lehentasuna izango du gainerako erakunde eskatzaileen aurretik.

Eskatzaile bat baino gehiago badago eta horietako bat ere ez bada udala, liburutegi gehien kudeatzen duen erakundeak izango du lehentasuna. Azken kasu horretan, erakunde eskatzaileek liburutegi-kopuru bera kudeatzen badute, liburu-funtsen kopuru handiena duenak izango du lehentasuna.

2.– Ezingo dute dirulaguntzarik eskatu laguntza publikoak lortzeko zehapen administratibo edo penalik duten erakundeek, ezta horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekurik dutenek ere.

Halaber, ezingo dute agindu honetako dirulaguntzarik eskatu, kasuan kasuko zigorrak ezarritako epean, sexu-bereizkeria dela-eta zigor administratibo edo penalik duten pertsona juridikoek, ezta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen indarrez jarritako isunen ondorioz debekua dutenek ere.

3.– Bai onuradun izaten hasteko bai emandako dirulaguntza likidatu arte onuradun izaten jarraitzeko, eskatzen da Zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekikoak beteta edukitzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluko e) apartatuan jasota dagoen bezala, eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ere ordainduta izatea, aipatutako legearen 13.2 artikuluko g) apartatuan jasotakoaren eta, oro har, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 13. artikuluaren arabera. Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du hori guztia, eskatzaileei baimena eskatu beharrik izan gabe. Hala ere, eskatzaileak espresuki uka dezake horretarako baimena, eta, hala egiten baldin badu, aipatutako egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.

5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

1.– Diruz lagungarri izango da 2019ko ekitaldian burutzen den eta hauek sustatzea helburu duen jarduera oro: batetik, irakurketa haur eta gazteen artean, eta, bestetik, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarearen barruan txertatuta dauden liburutegien zerbitzuen erabilera.

Diruz lagungarritzat joko dira, besteak beste:

a) Irakurzaletasuna sustatzeko profesionalen berariazko prestakuntzara bideratutako jarduerak, baina kanpo geratuko dira joan-etorri eta mantenu gastuak eta jarduera horietan parte hartzetik eratorritako gainerako dietak.

b) Irakurketako jarduera osagarriak (ipuinaren ordua, irakurketa-tailerrak eta abar).

c) Liburuaren inguruko erakusketa bibliografikoak, solasaldiak eta abar antolatzea.

d) Literatura-lehiaketak antolatzea.

e) Liburua eta liburutegiak sustatzeko kanpainak.

2.– Kanpo uzten da, espresuki, agindu honek aipatzen dituen helburuen barnean jarduera zehatzak burutzeko beharrezko ez den material bibliografikoa erostea.

3.– Ezin izango dira dirulaguntza hauetara aurkeztu gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna bermatzen ez duten jarduerak.

4.– Gastu diruz lagungarriei Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakoa aplikatuko zaie. Zehazki, egindako gastutzat hartuko dira justifikatzeko epea amaitu aurretik egiazki ordaindu direnak, ordainketa atzeratua dakartenak edo merkataritza-jardueraren beste edozein baliabide. Halaber, gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak baino handiagoa denean, onuradunak hornitzaile desberdinen gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko ditu ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu aurretik.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29.2 artikuluan xedatutakoarekin bat, dirulaguntza jaso duen jardueraren % 100 arte azpikontratatu ahal izango du onuradunak.

6. artikulua.– Erakunde eskatzaileen betebeharrak eta betekizunak egiaztatzea.

1.– Hilabetekoa izango da deialdi honetara eskabideak aurkezteko epea, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

2.– Bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira eskabideak, agindu honen 3. artikuluaren 2. zenbakian zehazten den helbide elektronikoan, baita 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan jasotzen diren erregistro elektronikoetan ere.

3.– Erakunde eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta agiriak, aukeran. Era berean, prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutakoari jarraituz.

4.– Eskabideari honako hauek erantsiko zaizkio:

a) Memoria labur bat, zeinetan jasoko baitira burutu beharreko jarduerak, eta proiektua egoki interpretatzeko interesgarri iritzitako elementu oro.

b) Errolda-datuak, 0 eta 13 urte bitarteko eta 14 eta 18 urte bitarteko biztanleei buruzkoak.

c) Liburutegi publikoak kudeatzeko eskumenak dituzten toki-erakundeek, eskumen hori egiaztatzeko, agiri bat erantsi beharko dute, aurretik hala egin ez badute eta baldintza beretan indarrean ez badago, behintzat.

5.– Eskabideetan, espresuki adieraziko da laguntza eskatzen duten erakundeek baimena ematen diotela organo kudeatzaileari gainerako datu guztiak lortu edo egiaztatzeko, hargatik eragotzi gabe Administrazio Publikoak dagozkion egiaztatze-, kontrol- eta ikuskatze-ahalmenak betetzea.

6.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.6 artikuluan xedatutakoarekin bat, erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatuko dira honako betebehar hauek:

a) Helburu berarekin beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuk emandako dirulaguntzak, laguntzak, dirua edo baliabideak eskatuz gero eta, hala badagokio, eskuratuz gero, horren berri ematea.

b) Ez egotea dirulaguntza publikoak eskuratu ahal izateko zigor penal edo administratiboren baten edo horretarako ezgaitzen duen lege-debekuren baten eraginpean, ezta sexu-bazterkeriagatik zigortuta ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoaren arabera.

c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan ezarritako egoera batean ere ez egotea.

d) Halaber, erakunde eskatzaileak adierazi beharko du egiazkoak direla eskabidean eta agirietan jasotako datuak, eta betetzen dituela laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak.

7.– Erakunde onuradunei dirulaguntza horiek emateko, eta, bidezko denean, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaiera ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emanda dauzkaten izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiei. Dirulaguntza horiek emateko, eta, bidezkoa denean, ordaintzeko, halaber, ezinbestekoa izango da halako prozeduretan jasotako dirulaguntzak itzultzea, baldin eta hala eskatzen duen ebazpena ematen bada itzulketa-prozeduraren bukaeran.

7. artikulua.– Laguntzen kudeaketa.

Kultura Ondarearen zuzendariari dagokio agindu honen bidez araututako dirulaguntzak kudeatzeko egin beharrekoak egitea.

8. artikulua.– Akatsak zuzentzea.

Eskabidea izapidetzea onartzeko eskatzen diren agirietatik batzuk falta balira edo horietan forma-akatsak baleude, edo eskabidea balioesteko aurkeztutako agirietan akatsak baleude, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa konpontzeko edo falta diren agiriak aurkezteko, eta jakinaraziko zaio, hori egin ezean, ulertuko dela haren eskabidean atzera egin duela edo izapidetzeko eskubidea galdu duela, betiere, dagokion ebazpena aldez aurretik emanda.

Erakunde eskatzaileren batek eskabidea presentzialki aurkeztu badu, zuzenketak aurkezpen elektronikoaren bidez egiteko eskatuko zaio. Horretarako, zuzenketa egin zen eguna hartuko da eskabidearen aurkezpen-eguntzat.

9. artikulua.– Eskabideen ebaluazioa.

Kultura Ondarearen zuzendariari dagokio aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzea, agindu honen 7. artikuluan xedatutakoaren arabera. Era berean, zuzendari horrek osatuko du ebazpen-proposamena eta, ondoren, Kulturako sailburuordeari igorriko dio. Bertan azalduko dira, hala badagokio, erakunde onuradun bakoitzari emandako dirulaguntzaren kopurua, onartu ez diren eskabideak, eta ezetsi direnak, arrazoia adieraziz, onartutako aurrekontua, bai eta emandako dirulaguntzak modu egokian erabiliko direla ziurtatzeko beharrezkotzat jotzen diren baldintza guztiak ere.

10. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa zehazteko prozesua eta zenbatekoen mugak.

Agindu honetan ezarritako betekizunak eta baldintzak betetzen dituzten onuradunen artean banatuko dira agindu honen xederako bideratutako baliabide ekonomikoak.

Banatu beharreko diru-kopurua zehazteko, honako irizpide hau erabiliko da:

1.– Biztanleria-irizpidea: erakunde onuraduneko haurren eta gazteen biztanleria hartuko da kontuan, eta biztanleria hori 0 eta 13 urte bitartean eta 14 eta 18 urte bitartean zatituko da. Horretarako, populazioaren araberako multzoak ezartzen dira, zeinei indize homologatu batzuk eta indize zuzentzaile batzuk aplikatuko baitzaizkie: zenbat eta biztanle gutxiago izan onuradunek, orduan eta handiagoak izango dira indize zuzentzaileak.

1.1.– Populazio homologatua (P).

Herri guztiak biztanle-kopuruaren arabera sailkatzen dira –haurrak eta gazteak–, eta, horrela, herrien P balio homologatua lortzen da, eskala honen arabera:

(Ikus .PDF)

Adibidea: 1.145 biztanle dituen udalerri bat 2.000 dituenarekin parekatuko da, eta 40.127 biztanle dituen beste bat 50.000 dituenarekin.

1.2.– Indize zuzentzailea (IZ).

Honako koefiziente zuzentzaile hau ezarriko da:

(Ikus .PDF)

Formula lortzeko, urrats hauek egin behar dira:

1.– Onuradun bakoitzaren B balioa eskuratzea, hau da, faktore hauek biderkatzearen emaitza: Populazio homologatua (P) eta indize zuzentzailea (IZ).

(B = P*IZ*)

2.– B koefizienteen baturaren emaitza (BB).

3.– Dirulaguntza kalkulatzea:

Dirulaguntza: DK * B

4.– Faktoreak:

P: populazio-taldeentzako populazio homologatua.

IZ: indize zuzentzailea.

B: populazioa (P) eta indize zuzentzailea (IZ) biderkatzearen emaitza. (B = P*IZ).

BB: onuradun guztien B balioen batura.

DK: baliabide erabilgarriak.

Aurreko hori guztia aplikatu eta gero, onuradunen batek 11.1 artikuluko ehunekoa gainditzen badu, aurrekontuaren gainean onarturiko gehieneko zenbatekoan ezarriko dira dirulaguntzak. Soberakinak gainerako onuradunen artean banatuko dira, kalkulu-prozesuan ezarritako sistemaren arabera. Jardunbide hori behar adina aldiz errepikatuko da, eta aplikatu eta gero geratzen diren kopuruak aurretik lortutako kopuruei gehituko zaizkie. Jardun hori behar adina aldiz errepikatuko da, eta aurretik lortutako zenbatekoei gehituko zaizkie hori aplikatzearen ondoriozkoak.

11. artikulua.– Zenbatekoa eta bateragarritasunak.

1.– Laguntza hauen xede diren jarduerak egiteko gastuen onartutako aurrekontuaren % 75erainokoa izan ahal izango da dirulaguntza. Gehieneko ehuneko hori mantendu beharko da amaieran justifikatutako kopuruekiko.

2.– Artikulu honen aurreko zenbakian zehaztutakoa gorabehera, erakundeari emandako dirulaguntza ezin izango da 30.100,00 euro baino gehiagokoa izan, inolaz ere.

3.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak bateragarriak dira beste instituzio publiko edo pribaturen batek helburu bererako ematen dituenekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Izan ere, halakorik gertatuz gero, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehieneko mugaraino.

12. artikulua.– Ebazpena eta jakinarazpena.

1.– Kulturako sailburuordeari dagokio, Kultura Ondarearen zuzendariak egindako proposamena ikusita, deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzen ebazpena ematea. Ebazpen horretan, honako informazio hau adieraziko da: eskatutako dirulaguntza ematea, ukatzea eta, hala badagokio, ez onartzea; ematen bada, erakunde onuradunaren izen soziala eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa adieraziko dira. Ukatu direnen kasuan, eskatzaileen izena edo izen soziala eta ukoa arrazoitzen duten zergatiak azalduko dira. Onartu ez direnen kasuan ere emango dira zergatiak.

2.– Hartutako ebazpenak bide elektronikoz jakinaraziko zaizkie erakunde interesdunei, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira. Errekurtsoak aurkezteko kontuan hartu beharreko data, lehenik egiten den jakinarazpenarena edo argitalpenarena izango da.

3.– Aurreko paragrafoan aipatzen den ebazpenak ez dio administrazio-bideari amaiera ematen, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

4.– Sei hilekoa izango da prozedura ebazteko eta ebazpena pertsona interesdunei jakinarazteko gehieneko epea, deialdiaren agindua argitaratu eta biharamunetik aurrera; epea igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada, dirulaguntzaren eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan xedatutako ondorioetarako.

13. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Honako betebehar hauek izango dituzte agindu honetan ezarritakoaren arabera araututako dirulaguntzak jasotzen dituzten erakundeek:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza emateko ebazpena argitaratu eta hamabost eguneko epean erakunde onuradunek berariaz uko egiten ez badiote dirulaguntzari, onartu egin dutela ulertuko da.

b) Agindutako helburu zehatzerako erabiltzea dirulaguntza.

c) Dirulaguntza ematea eragin duen jarduera gauzatzea.

d) Laguntza eman duen erakundeari justifikatzea emate hori eragin duten edo laguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak betetzen direla eta jarduera bera aurrera eraman dela.

e) Laguntza eman duen erakundeak egiten dituen egiaztapenen mende eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egiten duen ikuskaritzaren mende egotea, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratzen diren laguntzei edo dirulaguntzei dagokienez. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziko neurrien mende ere egotea.

f) Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak, dirua edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea dirulaguntza eman duen erakundeari.

g) Beste erakunde publiko zein pribatuei xede berberarekin dirulaguntzarik eskatu bazaie eta agindu honetan arautzen diren dirulaguntzetarako eskabidea egiteko unean erabakitzeke bazeuden edo haien egoeraren berririk ez bazen, laguntza horien egoera zein den adierazten duen agiria aurkeztea.

h) Dirulaguntza jasotzeko kontuan hartu zen edozein egoera objektiboren edo subjektiboren aldaketa oro jakinaraztea dirulaguntza eman duen erakundeari.

i) Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Liburutegi Zerbitzuak emandako babesa beren-beregi adieraztea dirulaguntza honen ondorioz egiten diren jarduera eta agiri guztietan, bai eta horien publizitatean ere.

j) Diruz laguntzen diren jardueren aurkezpenetan, hizkera ez-sexista erabiltzea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak agintzen duenari jarraituz. Era berean, bermatuko da jardueretan ez dela erabilera estereotipaturik egongo, gizonen eta emakumeen rolei dagokienez.

k) Oro har, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua) eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan jasotakoak.

14. artikulua.– Dirulaguntzen abonua, justifikazioa, likidazioa eta ordainketa.

1.– Dirulaguntza agiri bidez justifikatuko da 2020ko urtarrilaren 15a baino lehen.

2.– Justifikazio horiek bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, web-gune honetan: www.euskadi.eus/nirekarpeta

Dirulaguntza justifikatzeko agirien artean, kontu-hartzailearen edo, hala badagokio, idazkari kontu-hartzailearen ziurtagiria aurkeztu beharko da, eginiko gastuei dagokienez.

Jarduerak funts propioek edo beste dirulaguntza edo baliabide batzuek ere finantzatu badituzte –dirulaguntzaz gain–, dirulaguntza jaso duten jarduera horietarako erabilitako zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa egiaztatuko dira justifikazioan.

Aurkeztutako agiriak jaso eta aztertu ondoren, Kultura Ondarearen zuzendariak dirulaguntza ordaintzeko agindua emango du, eta, dirulaguntza gutxitu behar bada, ezarritako prozeduraren arabera eta interesdunari bidezko entzunaldia egin ondoren, likidatzeko ebazpen-proposamena egingo dio Kulturako sailburuordeari, zeinari baitagokio ebazpena ematea bi hileko epean, justifikazioak aurkezteko epea amaitu eta biharamunetik aurrera.

3.– Ematen diren dirulaguntzak aldi bakarrean ordainduko dira, betiere egiaztatu eta gero diruz lagundutako jarduera burutu dela, eman den helbururako erabili dela eta haren kostuaren zenbatekoa zein den.

4.– Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari buruzko irailaren 30eko 211/1997 Dekretuaren 20. artikuluan xedatutakoa betez, erakunde onuradunek alta emanda egon beharko dute Ogasun eta Finantza Sailaren Hirugarrenen Erregistroan.

15. artikulua.– Ez-betetzeak.

Honako hauek hartuko dira ez-betetzetzat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Errege Dekretuaren 53. artikuluan xedatutakoari jarraituz:

a) Jasotako dirulaguntza, osorik edo partez, eman denerako ez, baizik eta beste jarduera batzuetarako erabiltzea.

b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, dagokion kasuan, dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritakoak ez betetzea.

c) Dirulaguntzaren likidazio-ebazpenean adierazten den zenbatekoa ez itzultzea, hala badagokio, horretarako ezarritako epean.

Ez-betetzeren bat gertatuz gero, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio jasotako zenbatekoak eta dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko berandutze-interesak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera (1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horien itzulketei buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena).

XEDAPEN GEHIGARRIA

Datu pertsonalak babestearen arloko informazio-klausula.

– Tratamenduaren arduraduna eta harremanetarako datuak:

Kultura Ondarearen Zuzendaritza

Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz

Tel.: 945 01 88 00

Eusko Jaurlaritzaren Datuak Babesteko ordezkaria

Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz

DPD-DBO@euskadi.eus

– Tratamenduaren xedeak: liburutegi-funtsak hornitzeko edo berritzeko dirulaguntzak.

– Gordetzeko epea: datuak Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 44. artikuluan ezartzen den preskripzio-epean gordeko dira, edo, hala badagokio, prozedura judiziala amaitu arte.

– Legitimazioa: 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa, eta 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.

– Hartzaileak: datu pertsonalak jakinarazi ahal izango zaizkie Eusko Jaurlaritzako Kontrol Ekonomikoko Bulegoari, Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eta, hala badagokio, organo judizialei.

– Eskubideak erabiltzea: interesdun orok eskubide hauek ditu:

● Eskuratzea: berari dagozkion datu pertsonalak tratatzen ari diren edo ez berrestearen inguruko jakinarazpena jasotzea tratamenduaren arduradunaren aldetik eta, tratatzen ari badira, datuok eskuratzeko eskubidea.

● Zuzentzea: berari dagozkion eta zuzenak ez diren datu pertsonalak zuzentzea lortzeko eskubidea eta osoak ez diren datu pertsonalak osatzeko eskubidea, baita adierazpen gehigarriaren bidez ere.

● Ezabatzea (ahazteko eskubidea): berari dagozkion datu pertsonalak ezabatzea lortzeko eskubidea, honako inguruabar hauetako bat gertatzen denean:

○ Datu pertsonalak jada beharrezkoak ez izatea bildu edo tratatu ziren xedeetarako.

○ Interesdunak tratamenduaren oinarri den baimena erretiratu badu, eta tratamenduak ez badu beste oinarri juridikorik.

○ Interesdunak tratamenduari uko egiten badio eta tratamendurako beste legezko arrazoirik ez bada gailentzen.

○ Datu pertsonalen tratamendua legez kontra egin bada.

○ Lege-betebehar bat betetzeagatik datu pertsonalak ezabatu behar baldin badira.

○ Datu pertsonalak jaso badira 8.1 artikuluan aipaturiko informazioaren gizarteko zerbitzuen eskaintzaren ingurumarian. Datu pertsonaletarako estekak ezabatzeko eskubidea, datuak ezereztea nahitaezkoa bada.

● Mugatzea: datu pertsonalen tratamendua mugatzeko eskubidea, kasu hauetan:

○ Datu pertsonalen zehaztasunaren aurka egiten denean, arduradunari datuen zehaztasuna egiaztatzeko aukera emango dion epean;

○ Tratamendua legez kanpokoa bada, eta interesdunak datu pertsonalak ezerezteari aurka egiten badio eta horren ordez erabilera mugatzea eskatzen badu;

○ Arduradunak jada ez baditu datu pertsonalak tratamenduaren xedeetarako behar, baina interesdunak erreklamazioak egiteko, aurkezteko edo defendatzeko behar baditu;

○ Interesdunak tratamenduaren aurka egin badu, arduradunaren legezko arrazoiak interesdunaren arrazoien gainetik daudela egiaztatzen den bitartean.

● Eramangarritasuna: interesdunak eskubidea izango du datu pertsonalak erabilera orokorra eta irakurketa mekanikoa duen formatu egituratu batean jasotzeko, bai eta beste tratamendu-arduradun bati bidaltzeko ere, tratamendua bitarteko automatizatuen bidez egiten bada.

● Tratamendu automatizatua: interesdunek eskubidea izango dute tratamendu automatizatu batean soilik oinarrituta dagoen eta beraiengan ondorio juridikoak edo antzeko ondorio esanguratsuak dituen erabaki baten objektu ez izateko, profilak egitea barne.

Eskubide horiek tratamenduaren arduradunaren aurrean baliatzeko aukera daukazu (sartu «Datu Babesarekin lotutako eskubideak baliatzea» zerbitzu berriaren fitxarako esteka).

Era berean, aukera daukazu edozein erreklamazio aurkezteko Datuak Babesteko Euskal Agentziaren aurrean, eta aurretik zure erreklamazioa egin ahalko duzu Datu Babeserako ordezkariaren aurrean (sartu «Datu-babeserako ordezkariari aurretiazko erreklamazioa egitea» zerbitzu berriaren fitxarako esteka).

Era berean, emandako dirulaguntzak EHAAn argitaratuko direla jakinarazten zaie eskabideak egiten dituztenei.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek administrazio-bideari amaiera ematen dio, eta, beronen aurka, interesdunek, urriaren 1eko 39/2015 Legeari jarraikiz, aukerako berraztertze-errekurtsoa jar diezaiokete Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari; horretarako, hilabeteko epea dute, agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan (Administrazioarekiko Auzietarako Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. artikulua), bi hilabeteko epean, agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko irailaren 11.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala