Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

174. zk., 2019ko irailaren 13a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGUKO ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
4194

127/2019 DEKRETUA, uztailaren 30ekoa, zeinaren bidez Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioko (Hobetuz) langileak subrogatzen baititu.

Eusko Jaurlaritzak Fundazioa azkentzeko erabakia hartu aurreko baimena onartu du, Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioa azkentzeko erabakiaren proiektuan zehaztutako moduan, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/ 1997 Legegintza Dekretuaren 23 ter. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

Euskal Autonomia Erkidegoko 2018. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 5/2017 Legearen (2019rako luzatuak) hamalaugarren xedapen gehigarrian ezartzen denez (Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko administrazio-berrantolaketak), edozein plan, programa, jarduketa garrantzitsuk edo lege mailako xedapenek eragindako administrazio-berrantolaketak direnean, Jaurlaritzak erregulatu eta xedatu ahal izango du subrogazioei buruzko guztia, kontratu-erlazioei dagokienez eta sektore publikoko edozein entitateren sorrera, azkentze edo eraldatzetik ondorioztatzen diren eskubide eta betebeharrei dagokienez, bereziki, bertako langileak sektore publikoko beste entitate bati adskribatzeari dagokionez, aplikatzekoa den lan-arloko legeriaren edo funtzio publikoko legeriaren arabera.

Atal honetan, aipatzekoa da Lansarien arloan 2019ko ekitaldirako hartzen diren presako aurrekontu-neurriei eta luzapenaren beste alderdi batzuei buruzko otsailaren 14ko 2/2019 Legearen bigarren xedapen gehigarrian xedatutakoa.

Ahalmen hori erabiliz eta kontuan hartuta ezen Fundazioa Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoan integratzea aurreikusita zegoela Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoa Arrazionalizatzeko eta Berrantolatzeko Estrategiari buruzko Gobernu Kontseiluaren 2013ko uztailaren 30eko Erabakian, Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioko (Hobetuz) harreman juridikoetan erakunde autonomoa subrogatzeko arauketari ekingo zaio.

Horrenbestez, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2019ko uztailaren 30ean egindako bileran aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Subrogazioa.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioko (Hobetuz) langileak (eranskinean aipatzen direnak) subrogatzea onartzea.

2. artikulua.– Fundazioaren langileak subrogatzeko baldintzak.

1.– Subrogatuko diren langileek (eranskinean aipatutakoak) orain duten lan-harremanari eutsiko diote, hau da, langile lan-kontratudun izaten jarraituko dute, harik eta, lanpostu huts bat egonik, oraingo lanpostua amortizatu arte, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren mendekotasun organiko eta funtzionala izango dute.

Langile horiek bereganatu eta finkatu dituzten lan-eskubide eta -obligazioak mantenduko dituzte.

2.– Langile horiek Fundazioa azkentzeko erabakian bertan zehaztutako egunean sartuko dira benetan erakunde autonomoan, eta dekretu honen eranskinean adierazitako kategoriekin eta egitura organikoetan atxikiko dira.

3.– Benetan sartzen direnetik aurrera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren zerbitzura diharduten langile lan-kontratudunen hitzarmen kolektiboan ezarritako lan baldintzak izango dituzte.

3. artikulua.– Lanpostuen zerrenda egokitzea:

Langile horiek erakunde autonomoaren antolamendu-egituran sartzeko xedez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak lanpostuen zerrenda aldatuko du eta langile-zuzkidura berriak sortuko ditu.

Vitoria-Gasteizen, 2019ko uztailaren 30ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.

UZTAILAREN 30EKO 127/2019 DEKRETUAREN ERANSKINA
ZERBITZUAN DAUDEN LANGILEAK
(Ikus .PDF)
ESZEDENTZIAN DAUDEN LANGILEAK
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala