Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

174. zk., 2019ko irailaren 13a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

ARARTEKOA
4189

EBAZPENA, 2019ko irailaren 6koa, arartekoarena. Honen bitartez, arlo hauen ardura izango duen teknikari bat hautatzeko prozedura iragartzen da: herri-administrazioen araubide juridikoa, ondasunak eta zerbitzuak, eta herri-lanak, garraioa eta azpiegiturak.

Arartekoaren zerbitzuko langileen atxikipena arautzen duen araudian ezarritakoaren arabera (Arartekoa sortu eta arautzeko otsailaren 27ko 3/1985 Legearen 38.etik 40.era bitarteko artikuluak, Ararteko erakundearen antolaketa eta funtzionamenduaren araudiaren 30. artikulua eta ezarri beharreko gainerako arauak), arartekoak aske izendatuko ditu bere zereginak betetzeko beharrezkoak diren aholkulariak eta konfiantzako langileak, merezimendu eta gaitasun irizpideei jarraikiz. Langile horiek aldi baterakoak dira.

Aipatutako araudia betetzeko, arartekoak prozedura bat iragartzen du hautagaien egokitasuna ebaluatzeko. Ondoren, arartekoak deialdi honen xede diren arloetako teknikari arduraduna izendatuko du.

Beraz, hauxe da prozedura honen xedea: espezializatutako balorazio-batzorde batek arlo horietarako ezagutza eta lanbide-eskarmentua dituzten pertsonak hautatzea.

Prozedura honetan hautatzen diren pertsonei arartekoarekin elkarrizketa egiteko dei egingo zaie geroago; hark, aske eta bere irizpidearen arabera, teknikari arduradun bat izendatu ahal izango du hautagaien artean. Teknikari horrek erakundearen aurrekontuan kategoria horretarako ezarrita dagoen ordainsaria jasoko du (Arartekoaren webean kontsulta daiteke: www.ararteko.eus).

Hona hemen deialdiaren oinarriak:

OINARRIAK

Lehenengoa.– Iragarritako lanpostuaren profila.

Deialdi honen bidez, teknikari bat hautatu nahi da, herri-administrazioen araubide juridiko, ondasun eta zerbitzuen arloaz eta herri-lan, garraio eta azpiegituren arloaz arduratzeko.

Deialdi honetan parte hartzeko behar den espezializazioa kontuan hartuta, hautaturiko pertsonak ondo ezagutu beharko ditu administrazio-antolaketa orokorra eta administrazio publikoen funtzionamendua. Horrez gain, egiazta daitekeen eskarmentua izan beharko du herri-administrazioen araubide juridiko, ondasun eta zerbitzuen arloan eta herri-lan, garraio eta azpiegituren arloan, batez ere toki-administraziokoan.

Bigarrena.– Betekizunak.

Deialdi honetan parte hartu ahal izateko, interesdunek Zuzenbideko lizentzia edo gradua dutela egiaztatzen duen unibertsitate-titulua izan beharko dute eskabideak aurkezteko epea amaitzen denerako, eta gutxienez bost urteko lan-eskarmentua dutela iragarritako lanposturako ezarri den espezializazioaren antzeko zereginetan.

Era berean, euskaran gutxienik Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko C1 maila dutela egiaztatu beharko dute.

Hirugarrena.– Merezimenduak.

Merezimenduak frogen bitartez egiaztatu beharko dituzte parte-hartzaileek. Oro har, merezimendu hauek hartuko dira kontuan:

1.– Titulu akademikoak.

2.– Administrazioan egindako ibilbidea: zer lanpostu bete dituzten administrazio publikoetan.

3.– Lanbide jarduera.

4.– Prestakuntza-ikastaroak.

5.– Europar Batasuneko beste hizkuntza ofizial batzuk jakitea.

Balorazio-batzordeak zenbait irizpide ezarriko ditu merezimendu horiek baloratzeko. Bai aurrez izandako eskarmentuarekin bai prestakuntzarekin lotutako merezimenduek zerikusia izan beharko dute bete beharreko eginkizunekin, eta bereziki baloratuko da toki-erakundeetan aurrez izandako eskarmentua.

Laugarrena.– Eskabideak.

Deialdi honetan parte hartzeko eskabideak, ebazpen honekin batera erantsitako ereduaren arabera, Arartekoaren erregistroan aurkeztuko dira (Vitoria-Gasteiz, Prado kalea 9), edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan xedatutako moduan, 15 egun balioduneko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Parte hartzeko eskaerari honako hauek erantsiko zaizkio:

1.– NANaren fotokopia edo, bestela, atzerritarraren identifikazio zenbakiarena, pasaportearena edo agiri baliokideren batena.

2.– Prozesuan parte hartzeko aukera ematen duen unibertsitate-tituluaren fotokopia.

3.– Eskarmentua eta euskararen ezagutza egiaztatzen duten agiriak, bigarren oinarrian eskatutakoak.

4.– Curriculum-memoria; bertan adieraziko dira egokitzat jotzen diren inguruabar eta kontu guztiak, batik bat adierazitako merezimenduak.

Bosgarrena.– Balorazio-batzordea.

Arartekoak izendatuko du hautapen-prozesuko balorazio-batzordea, eta honako kide hauek izango ditu:

Batzordeburua:

Arartekoaren ondokoa.

Batzordekideak:

Idazkari nagusia.

Herri-administrazioen araubide juridiko, ondasun eta zerbitzuen arloko eta herri-lan, garraio eta azpiegituren arloko teknikari arduraduna.

Udal bateko idazkaria, HAEE/IVAPek proposatutakoa.

Foru-administrazio bateko ordezkaria.

Batzordeak idazkari-lanak egingo dituen kide bat izendatuko du batzordekideen artean.

Arartekoak, hala badagokio, ordezko batzordekideak izendatuko ditu, eta horiek titularrak ordezkatuko dituzte, baldin eta haiek arrazoi bidez zeregin horri uko egiten badiote, edo eginkizun hori betetzerik ez badaukate.

Batzordekide gehienak bertan ez badaude, ezingo da batzordea osatu, ezta jardun ere. Berdinketarik badago, batzordeburuak izango du kalitateko botoa.

Seigarrena.– Hautapen-prozesua.

Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, balorazio-batzordeak erabakiko du eskatzaileak hautapen-prozedurako onartu ala baztertuko dituen.

Arartekoaren webgunean (www.ararteko.eus) argitaratuko da onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko erabakia, baita prozedura honi buruz ondoren egiten diren komunikazio guztiak ere.

Argitaratzen diren jakinarazpen orotan, NANaren, atzerritarraren identifikazio zenbakiaren, pasaportearen edo agiri baliokidearen zenbaki osoa bakarrik erabiliko da interesdunak identifikatzeko.

Hasieran baztertutako eskatzaileek hamar egun baliodun izango dituzte balizko zuzenketak edo alegazioak egiteko.

Ondoren, balorazio-batzordeak erabakiko du eskatzaileak behin betiko onartu ala baztertu, eta lehen hautaketa egingo du, hautagai bakoitzak egiaztatutako merezimenduak baloratuz.

Balorazio-batzordeak hautagai guztiei edo haietako batzuei deitu ahal izango die banakako elkarrizketak egiteko, eta, hala, hautagaien ezagupenetatik eta lan-eskarmentutik, lanpostuko eginkizunak betetzeko zer gaitasun dituzten ondorioztatu ahal izateko. Elkarrizketa horietan, beharrezkotzat jotzen bada, berariazko proba idatzi bat egin dadin eskatu ahal izango da, bete beharreko lanarekin lotutakoa.

Merezimenduak baloratu eta, hala badagokio, banakako elkarrizketak eta probak egin ondoren, balorazio-batzordeak arartekoari proposamena egingo dio, eta hurrenkeran adieraziko ditu iragarri den lanpostua betetzeko egokientzat jotzen dituen pertsonak.

Baldintza egokiak betetzen dituen hautagairik ez dagoela irizten bazaio, lanpostua bete gabetzat jo dadin proposatu ahal izango du balorazio-batzordeak.

Zazpigarrena.– Izendapena.

Balorazio-batzordeak proposatutako pertsonetatik, arartekoak libreki izendatuko du hautatutako pertsona.

Gaur egun lanpostu horretan diharduen pertsonak erretiroa hartuko duelako (ustez, 2020ko urtarrilean) bete behar da lanpostua.

Hilabeteko epean hasi beharko du lanean iragarritako lanpostuan, deialdi hau ebatziko duen Arartekoaren erabakia jakinarazten zaion egunetik aurrera. Inolaz ere ezingo da lanean hasi lanpostua hutsik geratzen den eguna baino lehen.

Izendatutako pertsona behin-behineko langilea izango da, eta Langileen Estatutuan eta Legebiltzarreko Administrazioaren Araubide Juridikoan Eusko Legebiltzarreko behin-behineko langileentzat ezarritako araubidea ezarriko zaio.

Berehala lanpostua utzi beharko du Eusko Legebiltzarrak izendatutako ararteko berriak kargua hartzen duenean.

Arartekoaren zerbitzura karrerako funtzionario bat lanean hasten denean, zerbitzu bereziko egoeran geratuko da bere jatorrizko administrazioari dagokionez.

Zortzigarrena.– Datu pertsonalak.

Parte-hartzaileek ematen dituzten datu pertsonalak beraien hautagaitza iragarritako hautapen-prozeduran sartzeko bakarrik erabiliko dira.

Datuak helburu jakin baterako biltzen dira; horregatik, helburu hori betetzeko behar den denboran gordeko dira, baita xede horren eta datuen tratamenduaren ondorioz sor daitezkeen erantzukizunak argitzeko ere. Gainera, artxibategiei eta dokumentazioari buruzko araudian ezarritako epeetan gordeko dira.

Interesdunek informazio gehigarria eskatu ahal izango dute, eta, kasuaren arabera, datuak ikusi, zuzendu edo ezerezteko eskubidea baliatu ahal izango dute, edo datuak tratatzeari aurka egiteko, tratamendua mugatzeko edo datuak transferitzeko eskubidea, datuak babesteko ordezkariari helbide honetara idazki bat bidali: lopd@ararteko.eus

Orobat, Datuak Babesteko Euskal Bulegora jo ahal izango dute, beraien datuak babes ditzaten eskatu nahi badute.

I. eranskinean agertzen den parte hartzeko eskabidea sinatzen badute, parte-hartzaileek espresuki eta argiro baimena emango diote arartekoari beraien curriculumari buruzko datu pertsonalak tratatzeko, lehen aipaturiko helburua lortzeko asmoz.

Bederatzigarrena.– Inpugnazioak.

Balorazio-batzordearen ebazpenei Ararteko erakundean aurka egin ahal izango zaie, hamar egun balioduneko epean, horiek argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko irailaren 6a.

Arartekoa,

MANUEL LEZERTUA RODRÍGUEZ.

ERANSKINA
TEKNIKARI BAT (HERRI ADMINISTRAZIOEN ARAUBIDE JURIDIKO, ONDASUN ETA ZERBITZUEN ETA HERRI-LAN, GARRAIO ETA AZPIEGITUREN ARLOETAKO ARDURADUNA) HAUTATZEKO DEIALDIAN PARTE HARTZEKO ESKABIDEA
(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Orrialde honen behealdean sinatzen duenak eskabide honetan aipatzen den aukeraketa-prozesuan onartua izan dadin eskatzen du, bertan adierazitako datuak egiazkoak direla eta eskatutako baldintzak betetzen dituela adierazten du.

________________________n, 2019ko _________________ren ___(e)an.

ESKATZAILEA.


Azterketa dokumentala