
171. zk., 2019ko irailaren 10a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (548 KB - 22 orri.)
- EPUB (562 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
4139
AGINDUA, 2019ko uztailaren 30ekoa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez oinarri arautzaileak ezartzen baitira eta, arrantza-enpresei zuzenduta, minimis-araubidean jasotako 2019rako laguntzen deialdia egiten, ikasleek arrantza-ontzietan prestakuntza-egonaldiak egiteko aukera izan dezaten, Itsasoratu programa.
Arrantzarekin zerikusia duten sektoreetako langileen trebakuntza sustatzeko politika egokiari eustea da, besteak beste, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren helburuetako bat. Horregatik, eta arrantza-sektorearen premia eta berezitasun sozioekonomikoei erantzuna emateko, beharrezkoa da itsas langileen prestakuntza praktikoa sustatzea eta, oro har, merkatuaren beharretara egokitutako prestakuntza jaso nahi duten guztiei bekak emateko deialdia egitea, Europatik eskatzen denari egokitutako prestakuntza jaso dezaten eta aipatutako arrantza-sektorearen mesedetan.
Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko apirilaren 11ko 74/2017 Dekretuan ezarritakoaren arabera eta 15.1.u) artikuluan ezarritakoaren arabera, Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako sailburuordeari dagokio «nekazaritzako eta itsas arrantzako prestakuntza eta gaitasun profesionala sustatzea». Bestalde, 18.1.ń) artikuluak Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari esleitzen dio «itsas arrantzako gaitasun profesionala sustatzea».
Eskumen-esparru horretan, eta lehen paragrafoan aipatutako helburuari dagokionez, laguntza-deialdi hau egiten da, aurreko ekitaldietan hasitako politikari jarraipena ematen diona, eta, bertan, beken deialdia egingo da Euskal Autonomia Erkidegoko zentroetan itsas arrantzako irakaskuntza-ikasketak egiteko. Halere, deialdi honek beste hartzaile batzuk eta helburu bat ditu; izan ere, arrantza-enpresei zuzentzen zaie, horiek benetako lanpostuetan, alegia, arrantza-ontzietan, prestakuntza-egonaldiak egiteko aukera eman dezaten. Ondorioz, laguntza hauek bateragarriak izateaz gain itsas arrantzako sektorean prestakuntza arautua sustatzeko ikasleei ematen zaizkienekin, osagarriak ere badira. Horri lotuta, 2018ko ekitaldian, argitara eman zen Agindua, 2018ko uztailaren 11koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez oinarri arautzaileak ezartzen baitziren eta, arrantza-enpresei zuzenduta, minimis-araubidean jasotako 2018rako laguntzen deialdia egiten, ikasleek arrantza-ontzietan prestakuntza-egonaldiak egiteko aukera izan dezaten, Itsasoratu programa (EHAA, 141. zk., 2018ko uztailaren 23koa).
Deialdi honen helburuak dira arrantza-sektorearen errealitatera hurbiltzea, prestakuntza-zikloetako ikasleek beren prestakuntza profesionala, «itsasoko egunak» izenekoak, osatzeko behar duten ontziratzea erraztea, gazteen enplegua sustatzea arrantza-sektorean, flotako langileria gaztetzea, eta, azkenik, belaunaldi-erreleboa bermatzen laguntzea.
Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis-laguntzei aplikatzeari buruzko 2014ko ekainaren 27ko Batzordearen 717/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritako arrantza- eta akuikultura-sektoreko minimis-araubidea aplikatu beharko zaie laguntza hauei.
Autonomia Estatutuaren 10.10. eta 16. artikuluen arabera Euskal Autonomia Erkidegoari emandako eskumenaren indarrez; Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 74/2017 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz; Euskal Autonomia Erkidegoaren 2018ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 11/2017 Legea –2018ko ekitaldiak 2019rako luzatu ziren, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu-araubideari dagokionez indarrean dauden lege-xedapenen testu bategina onartzen duen maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuaren IX. tituluan aurrekontua luzatzeko araubideari buruz ezarrita dagoenarekin bat etorriz,–, eta Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak proposatuta, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Deialdia.
Itsasoratu programako 2019. urterako laguntzen deialdia egitea arrantza-enpresei, ikasleek prestakuntza-egonaldiak egin ahal izateko arrantza-ontzietan.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegiturako sailburuari, hilabeteko epean, edo, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, betiere agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko uztailaren 30a.
Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
ERANSKINA
1. oinarria.– Xedea eta helburua.
1.– Eranskin honen xedea da Itsasoratu programako 2019rako laguntzen deialdia arautuko duten oinarri arautzaileak ezartzea. Programa hori arrantza-enpresei zuzenduta dago, itsas arrantzako prestakuntza-zikloetako ikasleek prestakuntza-egonaldiak egin ahal izateko arrantza-ontzietan.
2.– Agindu honetan araututako laguntzen helburua da prestakuntza praktikoa sustatzea arrantza-sektorearen errealitatean; hori dela eta, erraztu egingo da arrantzako ontzi-enpresek itsas arrantzako prestakuntza-zikloetako ikasleak ontziratzea, ontziratze-aldi bakoitzean sortuko dituzten gastuetarako laguntza ekonomikoa emanez.
2. oinarria.– Araubide juridikoa.
Agindu honetan araututako laguntzek, bertan xedatutakoa ez ezik, honako hauek zuzenduko dituzte: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsiak, bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritako oinarrizko manuek ere, eta hori garatzeko erregelamenduan xedatutakoak, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onartuta, eta, hala dagokionean, haien ordez emandako araudiak.
Minimis-araubideko laguntzak direnez, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzeari buruzko 2014ko ekainaren 27ko Batzordearen 717/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritako arrantza- eta akuikultura-sektoreko minimis-araubidea aplikatu beharko zaie laguntza hauei.
3. artikulua.– Onuradunak eta betekizunak.
1.– Agindu honetan araututako laguntzen onuradunak izan daitezke apartatu hauetako betekizunak biltzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoak:
2.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14., 18. eta 13. artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan aurreikusitako gainerako betebeharrak betetzea.
a) Egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Betekizun hori bete beharko da hala onuradun izateko nola izaera horri eusteko dirulaguntzaren likidazioa egin arte eta, hortaz, egiaztapenak egingo dira bai dirulaguntza onartzen denean bai ordainketak egiten direnean.
b) Dirulaguntzaren onuradun den pertsona fisikoa edo juridikoa krisian den enpresa ez izatea, estatuek krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko ematen dituzten laguntzei buruzko zuzentarauen arabera (2014/C 249/01).
e) EAEko Administrazioak edo haren mendeko erakundeek emandako laguntzen edo dirulaguntzen esparruan, itzultze- edo zehapen-prozeduretako kantitate zehatzen ordainketari dagokionez egunean egotea. Betebehar horien ordainketak egunean dituztela ulertuko da zorrak atzeratuta eta zatituta badaude, eta, gainera, gaineratutako zor, interes eta gastu guztiak estaliko dituen bermea eratu bada.
d) Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratiborik edo penalik ez izatea, ezta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-diskriminazioagatiko debekuak barnean hartuta, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean zehaztutakoari jarraikiz.
e) Konkurtso-deklaraziorik ez duela eskatu, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jota ez dagoela, konkurtsoan deklaratuta ez dagoela, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren eraginpean ez dagoela edo desgaitua ez dagoela Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.
f) Dirulaguntzak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez kondenatuak ez izatea, delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.
g) Errudun deklaratu izanik, hori eragin duen kausa dela-eta, Administrazioarekin egindako edozein kontratu suntsitzea ez eragitea.
h) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez dago ekainaren 26ko 1/2014 Legean (kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituena) ezarritako kasuren batean, edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguren bat ez izatea, horietan ezarritako baldintzetan.
i) Zerga-egoitza ez izatea erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean.
j) Berreskuratze-agindu baten menpe ez egotea, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.
3.– Era espezifikoan, onuradun izateko, betekizun hauetako bat behintzat bete beharko da:
a) Oinarri-portua Euskal Autonomia Erkidegoan duen arrantza-ontzi baten armadorea izatea, betiere baldintzatzaile hauek ere baditu:
● Arrantza-ontziak Ontzien eta Enpresa Ontzi Ustiatzaileen Erregistroko hirugarren zerrendan egon beharko du.
● Arrantza-ontziak alta-egoeran egon beharko du Arrantza Flotaren Erregistro Nagusian. Ontzia aktibo dagoela jotzen da baldin eta Arrantza Flotaren Erregistro Nagusian behin-behineko nahiz behin betiko alta-egoeran badago eta laguntza eskatu aurreko urtean zehar arrantzan jardun badu (aurreko 365 egunak zenbatzen dira edo, aurreko urtea bisustua bada, aurreko 366 egunak).
● Arrantza-ontziak arrantza-lizentzia eta behar diren baimenak izan beharko ditu balizko modalitate eta kaletarako.
b) Lan-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.
4.– Onuraduna izateko betekizunak atxiki beharko dituzte laguntza guztiz justifikatu eta/edo itzuli arte.
4. oinarria.– Ikasleen betekizunak eta hautaketa.
1.– Prestakuntza-egonaldiak egingo dituzten itsas arrantzako prestakuntza-zikloetako ikasleei betekizun hauek eska dakizkieke:
a) Ikasleek erdi-mailako zikloetako eta goi-mailako zikloetako 1. ikasturtean aritu behar dute ikasten, zentro hauetako batean: «Blas de Lezo» Pasaiako Nautika eta Arrantzako Prestakuntza Zentroa; Bermeoko Nautika eta Arrantzako Lanbide Heziketa Eskola; eta Ondarroako Antiguako Ama Nautika eta Arrantzako Lanbide Heziketa Eskola. Hau guztia eskaintzen dute eskola horietan:
● Goi-mailako teknikaria itsasontzi eta ontzietako makineriaren antolamenduan eta mantentze-lanetan.
● Goi-mailako teknikaria itsas garraioan eta alturako arrantzan.
● Teknikaria itsasontzien eta ontzien makineria mantentzen eta kontrolatzen.
● Teknikaria nabigazioan eta itsasertzeko arrantzan.
b) 2018-2019 ikasturteko ikasgai guztiak gainditzea, eta justifikatu gabeko bertaratze-faltek ez hartzea ikaslearen eskola-ordutegiaren % 15 baino gehiago.
2.– Prestakuntza-zentroek betekizunak betetzen dituzten eta arrantza-ontzi batean prestakuntza-egonaldiak egin nahi dituztela idatziz adierazi duten ikasleen zerrenda bat egingo dute, hiru zentroak kontuan hartuta. Zerrendako ordena kalifikazio akademikoaren araberakoa izango da. Zerrenda hori arrantza-enpresen esku jarriko da, puntuazio-ordenaren arabera gehienez ere bi ikasle hauta ditzaten, prestakuntza-egonaldietarako.
5. oinarria.– Prestakuntza-egonaldien ezaugarriak.
1.– Egonaldia egin ahalko da bai oinarri-portua EAEn duten arrantza-ontzietan bai lan-egoitza EAEn duten armadoreen jabetzako arrantza-ontzietan.
2.– Ontziratzeak marea baten adinako iraupena izango du, 20 edo 30 egun ingurukoa gutxi gorabehera, hainbat faktore aldakorren arabera.
3.– Onuradun bakoitzak ikasle bat bakarrik hartu ahal izango du prestakuntza-aldiko, gehienez ere bi prestakuntza-alditan.
4.– Prestakuntza-egonaldiak 2019ko bigarren seihilekoan gauzatuko dira eta laguntzen deialdia argitaratu ondoren.
5.– Praktiketako ikaslearen segimendua eta tutoretza egin beharko da. Horrek esan nahi du egingo diren eginkizunen hasierako memoria bat egin behar dela, bai eta amaierako beste memoria bat ere, praktiketako aldia eta ikasleak jarduera hauen arabera ikasitakoa baloratzeko:
a) Enpresa-egitura eta antolamendua identifikatzea: lan-prozedura enpresa-arloan, prestakuntza-baliabideak eta gaitasun profesionalak, pertsonalak eta soziala, lantokian ezarritako kalitate-sistema eta segurtasun-sistemak.
b) Ohitura etikoak eta lan-ohiturak aplikatzea: jarrera pertsonalak (enpatia, puntualtasuna), jarrera profesionalak (ordena, garbitasuna, segurtasuna...), jarrera lan-arriskuen eta ingurumenaren prebentzioan, enpresako hierarkia, jarduera profesionalen agiriak, barne-arauen ezagutza eta aplikazioa, lan-jarraibideak eta lan-prozedurak.
c) Arrantza-ontzia prestatu eta mantentzea abiatzeko eta nabigazioan zehar: arrantza-ontzia abian jartzeko tramitazioa, itsasontziaren egonkortasuna egiaztatzea, kalak kontrolatzea eta hornidura zehaztea lasta-tankeetan, erregaian eta ur gezan, guneak, bitartekoak, ekipamenduak, etab. berrikustea, nabigazio-ibilbidea trazatzea, abiatzeko komunikazioak, makinen mantentze-kudeaketa, etab.
d) Nabigazio-kontrola: atrakatu, irten eta ainguratzeko maniobrak, funtzioak branka, popa, aginte-zubian eta makina-gelan, zubiko guardia egitea, abordatzeak prebenitzeko maniobrak, zubiko eta itsasbideko tresnetan jardutea, SMSS aparatuak erabiltzeko protokoloak, segurtasun-arauak betetzea, kalitatea eta prestakuntza-erregistroa betetzea.
e) Arrantza-jarduerak: arrantzako instalazioak eta bertako ekipamenduak prestatu, mantendu eta konpontzea; arrantza-bankuak detektatu eta lokalizatzea; maniobrak arrantza-arteekin, kalatua, biratzea, desberdintasuna horien arteko aplikazioan arrantza-parkean eta zubian, harrapaketa-eragiketak, harrapaketen merkataritza-interesa eta kalitatea baloratzea, bisitatutako kalen errendimendu jasangarria baloratzea, harrapaketen prozedura eta karga gainbegiratzea, arrantza-araudia aplikatzea zereginetan, segurtasun-arauak aplikatzea, etab.
6. oinarria.– Finantzaketa, jarduerak eta diruz lagun daitezkeen gastuak; laguntzen zenbatekoa.
1.– Agindu honetan jasotako laguntzak finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko 2019ko aurrekontu orokorretan horretarako ezarrita dauden kredituetatik etorriko dira soilik. Baliabide ekonomiko horiek, guztira, 100.000 eurokoak dira.
2.– Diruz lagundu ahal izango da itsas arrantzako prestakuntza-zikloetako lehenengo ikasturteko ikasleek arrantza-ontzi batean prestakuntza-egonaldia egitea marea batek irauten duen bitartean, hau da, 20 edo 30 egunean.
3.– Diruz lagun daitezkeen gastuak eta zenbatekoak hauek dira:
a) Enpresak ikasle bakoitzari eman beharreko haborokina estaltzetik eratorritako gastuak. Haborokin horren zenbatekoa finkoa da ikasle eta ontziratze-aldi bakoitzeko: 800 euro.
b) Gizarte Segurantzan alta ematetik eratorritako gastuak; izan ere, arrantza-enpresak bermatu beharko du ikasle bakoitza estalita izatea egonaldi osoan gertakari arruntengatik eta lan-arriskuengatik. Kostua hilean 51,05 eurokoa da, eta kontzeptu horrengatik zenbateko hori ordainduko da.
c) Prestakuntza-egonaldia arrantza-ontzian egiten duen ikasle bakoitzaren tutoretza eta monitorizaziotik eratorritako gastuak, baita ikasleen mantenutik eta aldi horretan itsasontziak egin ditzaketen eginkizunak kontrolatu, zein gainbegiratzetik eratorritakoak ere. Zenbatekoa 2.600 eurokoa da, prestakuntza-aldi bakoitzeko, prestakuntza-aldi bakarra edo bi eginda ere.
d) Ekipamendu eta lan-arroparen gastuak. Gastu hauek finantzatzeko laguntzaren zenbatekoa 100 eurokoa izango da prestakuntza-egonaldia egiten duen ikasle bakoitzeko.
7. oinarria.– Eskabideak aurkezteko epea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Eskabidearekin batera, 8. oinarrian aipatzen diren agiriak aurkeztu beharko dira.
2.– 38/2015 Legearen 14.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira euskadi.eus-en egoitza elektronikoan:
https://www.euskadi.eus Itsasoratu Programa 2019 (Erref: 1051102).
Helbide horretan eskuratu ahal izango dira: eskabide-orria, erantzukizunpeko adierazpenaren eredua eta inprimakien ereduak, bai eta eskaerak modu telematikoan aurkezten eta justifikatzen laguntzeko beharrezkoa den dokumentazioa ere.
3.– Eskabidea ordezkari baten bitartez egiten bada, artikulu hauetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluak.
4.– Eskabidearen ondorengo izapideak helbide elektroniko honetan egin eta jakinaraziko dira:
https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/
5.– 39/2015 Legearen 14.1 artikuluaren arabera, pertsona fisikoek aukeratu dezakete administrazioarekin harremanetan jartzea bitarteko ez elektronikoen bidez; horrela, dagokion eskabide-inprimakiaren bidez eskatu ahal izango dute laguntza, eta inprimaki hori Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzaren bulegoetan eskura dezakete, ondoren zehazten diren helbideetan eta www.nasdap.ejgv.euskadi.net helbidean; gero, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzara bidali behar dira, zuzenean edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak xedatzen duen edozein bidetatik. Hona hemen Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzaren bulegoen helbideak:
● Eusko Jaurlaritza. Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila. Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritza. Donostia kalea 1 – 01010 Vitoria-Gasteiz.
● Eusko Jaurlaritza. Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila. Arrantza Egituren Zerbitzua. Concha Jeneralaren kalea 23, 2 – 48010 Bilbo.
● Eusko Jaurlaritza. Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila. Arrantza Antolamenduko Zerbitzua. Easo kalea 10 – 20006 Donostia.
Era berean, eskaera zuzenean aurkez daiteke Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan zehaztutako tokietan, betiere apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuari jarraituz (72/2008 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoa).
8. oinarria.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
Eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Pertsona juridikoa izanez gero, enpresaren IFKa, ahalordetze-eskritura eta eratze-eskritura eta estatutuak, dagokien erregistroan zigilatuta.
b) Erantzukizunpeko adierazpena, eskatzaileak agindu honetako betekizun guztiak betetzen dituela, aurkezten dituen agiri guztiak egiazkoak direla eta 3. oinarrian ezarritako betekizunak betetzen dituela, hori egiaztatzeko dokumentazioa duela, eta Administrazioak eskatzen duenean haren esku utziko duela adieraztekoa. Era berean, eskaera-ereduko erantzukizunpeko adierazpenak komunikazio hauek izango ditu:
● Jakinaraztea diruz laguntzen den gastu bera ordaintzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu dioten administrazio publiko edo erakunde publiko edo pribaturen bati, baita eskuratu duten ala ez.
● Jakinaraztea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasiera eman zaion edozein itzulketa- edo zigor-prozeduratan sartuta dagoen ala ez.
● Deialdi honen aurreko bi zerga-ekitaldietan edo indarrean den zerga-ekitaldian, minimis erregimenaren barruan, kontzeptua edozein delarik ere, eskatzaileak jasotako laguntzei buruzkoa.
c) Hauek biltzen dituen memoria:
● Prestakuntza-egonaldiak egingo diren arrantza-ontziko datuak.
● Prestakuntza-egonaldietarako hautatutako ikasleen datuak, gehienez bi. Ontziratzeko eta egonaldia egiteko ikasle bakoitza ados dagoela egiaztatu beharko da, eta ikastetxeak agiri baten bidez ziurtatuko du 4. oinarriko betekizunak betetzen direla.
● Prestakuntza-egonaldia egingo den arrantza-ontzirako aurreikusitako ontziratze-aldian egin beharreko itsasaldiaren datuak.
d) Eta eskatzaileak aurkeztu nahi duen edozein dokumentu osagarri.
9. oinarria.– Eskabideen kudeaketa.
1.– Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak betetzen direla dagokion foru-ogasunarekin eta estatuko ogasunarekin, eta kasuan kasuko ordainketa-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekin. Halere, eskatzaileak hala nahi badu, eskabidearekin batera aurkeztu ahal izango du dokumentazio hori.
Bestalde, eskabidea aurkezteak esan nahi du interesdunak baimena ematen diola Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari bere nortasunari buruzko datuak (NANa) lor ditzan. Hala ere, eskatzaileak espresuki uka dezake eskabide-ereduan inplizituki dagoen baimen hori, eta, hala egiten badu, dagokion dokumentazioa aurkeztu beharko du.
2.– Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 23.3 artikuluan xedatzen denarekin bat, eskatzaileari ez zaio eskatuko 8. oinarriaren a. apartatuan aipatu dokumentazioa, eskatzaileak dokumentazio hori bera aurkeztu badu edozein administrazioren aurrean. Xede horietarako, eskatzaileak zehaztu egin beharko du aipatu dokumentuok noiz eta zein administrazio-organoren aurrean aurkeztu zituen. Organo kudeatzaileak bide elektronikoetatik jasoko du, non eta eskatzaileak berariaz aurka egin ez badio prozeduran. Salbuespenez, aipatu agiriak biltzea ezinezkoa balitz, berriz ere aurkezteko eskatuko zaio eskatzaileari.
3.– Laguntza jasotzeko eskabidea nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da, eskatutako dokumentazioarekin batera. Gainera, laguntza-eskaeratik eratorritako jardunetan eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak aukeratutako hizkuntza baliatuko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.
4.– Eskabideak betekizun guztiak betetzen ez baditu, interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela hutsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak eransteko. Halaber, adieraziko zaio ezen, horrela egin ezean, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela; aldez aurretik Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak ebazpena emango du Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritakoarekin bat.
5.– Edonola ere, Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak aurkeztutako eskaeran adierazitakoa egoki ulertu, ebaluatu eta eskaera izapidetzeko beharrezko irizten dituen bestelako argibide eta/edo agiri osagarriak eskatu ahal izango dizkio eskatzaileari.
10. oinarria.– Laguntzak esleitzeko eta kudeatzeko prozedura.
1.– Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak du Agindu honetan araututako laguntzak kudeatzeko eskumena.
2.– Arrantza eta Akuikulturako zerbitzu teknikoek eskabide bakoitzean egiaztatuko dute betekizunak betetzen direla, eta berariaz jasota utziko dute hori.
3.– Baldintzak betetzen dituzten arrantza-enpresen arteko lehiarik gabeko konkurrentziaren prozeduraren bidez esleituko dira dirulaguntzak. Baldin eta deialdiko zuzkidura ekonomikoa nahikoa bada kalkulatutako kopuruak emateko, guztiei emango zaie erabakitako zenbatekoa. Ezarritako gehieneko diru kopurua ez bada nahikoa aurkeztutako eskabidea guztiei erantzuteko, dirulaguntza proportzionalki banatuko da sektore bakoitzeko onuradunen artean, harik eta funtsak erabat agortu arte.
4.– Aurkeztutako eskaerak eta dokumentazioa aurkeztu ondoren, Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari dagokio deialdiaren ebazpena ematea eskatutako dirulaguntzak emanez edo ukatuz, ebazpen bakarraren bidez.
5.– Ebazpenak informazio hau jaso beharko du, gutxienez:
a) Hautatutako eskaerei dagokienez:
1.– Enpresa onuradunen izena edo izen soziala, eta IFK edo NANa.
2.– Emandako dirulaguntza.
b) Ezetsitako eskaerei dagokienez:
1.– Eskatzaileen izena edo izen soziala, eta IFK edo NANa.
2.– Ezespenaren zergatiak.
6.– Onuraduna zehapen-prozeduraren batean edo dirulaguntzen itzultze-prozeduraren batean egonez gero, hura amaituta izan beharko da dirulaguntza eman ahal izateko. Prozeduraren ondorioz laguntza publikoak jasotzeko desgaikuntza edo itzultzeko betebeharra ezarriko balitz, baldintzapean emandako laguntza indargabetu egingo da, itzulketa ez bada borondatezko aldian egiten, onuradun izateko debekua dakarten egoeretako batean egoteagatik.
7.– Agindu hau indarrean jarri eta gehienez sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da ebazpena. Epe hori bukatu eta ebazpen berariazkorik eman ez bada, interesdunek ezetsitzat jo beharko dituzte eskabideak, hala ezartzen baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan.
Prozeduraren ebazpena, 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluaren 1. zenbakiko b) letran xedatutakoaren arabera, EHAAn argitaratuko da, eta argitalpena jakinarazpentzat hartuko da. Dena dela, enpresa eskatzaile guztiei ebazpen osoa helaraziko zaie, eta, gainera, ebazpenean interesdun bakoitzari berariaz eragiten dioten alderdiak identifikatuko dira.
Nolanahi ere, lehenengo egin den jakinarazpenaren data joko da jakinarazpen-datatzat.
8.– Prozeduraren ebazpenaren aurka, gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzako titularrari hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpena jasotzen dutenetik aurrera, edo, edozein unetan administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin bat.
9.– 717/2014 (EB) Erregelamenduaren 6. artikuluan ezarritakoarekin bat, laguntzak emateko ebazpenean jakitera emango zaie enpresa onuradunei zein den laguntzaren zenbatekoa, dirulaguntza gordin baliokidean adierazita, eta minimis-izaera zehaztuta. Halaber, berariaz aipatuko da 717/2014 Erregelamendua, hala nola titulua eta Europar Batasuneko aldizkari ofizialen argitaratu zen data.
11. oinarria.– Onuradunen betebeharrak.
Agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradunek oinarri hauetan ezarritako betebeharrak izango dituzte; horiek, besteak beste, artikulu hauetako betebehar hauek jasotzen dituzte: dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003) 14. eta 46. artikuluak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen Legegintzako Dekretuaren (azaroaren 11ko 1/1997) 50.2 artikuluak:
1.– Prestakuntza-egonaldia izatea eskaeran adierazitako eran eta ontziratze-aldietan.
2.– Prestakuntza-egonaldia egin behar duen pertsonari laguntza ematea, eta bere jarduera ongi gauzatzeko behar dituen bitarteko, tresna edo ekipamenduak erabiltzeko aukera ematea.
3.– Programa behar bezala garatzen dela zaintzea; ikasleari ezin zaio eskatu bere prestakuntzarekin lotuta ez dagoen beste jarduerarik egitea.
4.– Prestakuntza-egonaldia egiten duen ikasle bakoitzari 800 euroko haborokina ordaintzea ontziratze-aldi bakoitzarengatik, prestakuntza-aldia amaitu eta aste batera, gehienez.
5.– Ikaslearen segimendua eta tutoretza egitea eta 5. oinarriko txostena aurkeztea.
6.– Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, baldin eta dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena hartu eta hamabost egunean onuradunek ez badiote berariaz uko egiten, onartu egiten dutela ulertuko da.
7.– Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari, Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari jasotako laguntzak nola erabili diren eta haien helburuak bete diren fiskalizatzeko eskatzen duten informazio guztia ematea.
8.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuk eskatzen badizkiote administrazioren bati edo erakunde publiko edo pribaturen bati diruz laguntzen den ekintza bera finantzatzeko, Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari jakinarazi behar diote, eta, hala badagokio, eman egin dizkietela ere jakinarazi behar diote, idatziz, beste dirulaguntza edo laguntza horiek eman dizkietela jakin eta hamabost egun balioduneko epean.
9.– Dirulaguntza emateko kontuan hartzen den egoera subjektibo edo objektiboren bat aldatzen bada, aldaketaren berri ematea Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari, idatziz.
10.– Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatzeko eta kontrolatzeko ekintzetan erabil baitaitezke.
11.– Tratu-berdintasunaren arloko araudian xedatutakoa betetzea.
12. oinarria.– Laguntzak ordaintzea eta gastua justifikatzea.
1.– Laguntzak ordaintzeko epea hiru hilekoa izango da frogagiri hauek behar bezala aurkezten direnetik hasita:
● Prestakuntza-egonaldia egin duen pertsonak egindako zereginen eta jardueren txosten zehatza.
● Ikasleek egindako banku-transferentzien kopia, 11-4 oinarrian jasotako betebeharra egiaztatzen dutenak.
● Gizarte Segurantzan altan egotearen ziurtagiria.
● Dirulaguntzak itzultzeagatik dagozkion betebeharrak ordaindu dituela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena.
2.– Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak automatikoki eta ofizioz egiaztatuko du foru-ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko zerga-betebeharrak egunean dauden. Dena den, eskatzaileak nahi izanez gero, dokumentazio hori aurkeztu ahal izango du.
3.– Arrantza eta Akuikultura zuzendariak agiri gehiago eskatu ahal izango ditu, egoki irizten badio, eta eskaera hori arrazoitu beharko du.
4.– Laguntzak modu egokian kudeatu eta ordaintzen direla bermatzeko, egindako gastua egiaztatzen duten agiriak aurkezteko epea, gehienez, 2019ko abenduaren 31ra artekoa izango da.
5.– Onuraduna zehapen-prozeduraren batean edo dirulaguntzen itzultze-prozeduraren batean egonez gero, laguntza jasotzeko, lehenik hura amaitu beharko da. Prozedurak, amaieran, laguntza publikoak eskuratzeko desgaikuntza badakar, edo laguntza itzultzeko betebeharra ezartzen badu, dirua ez bada itzuli borondatez itzuli beharreko epean, emandako laguntza indargabetu egingo da, onuradun-izaera eskuratzeko debekua izateagatik.
13. oinarria.– Atzera egitea eta uko egitea.
1.– Laguntza-eskatzaileek atzera egin ahalko dute, betiere laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi aurretik. Horretarako, atzera egiteko eskaera helarazi beharko diote Arrantza eta Akuikulturako zuzendariari, idatziz, eta hark, ebazpen baten bidez, bete-betean onartuko du eskaera, eta amaitutzat emango du hari dagokion prozedura.
2.– Onuradunak laguntzari uko egin ahal izango dio, laguntza onartu ondoren ere –agindu honen 11. oinarriko 6. paragrafoan ezarritako betebeharrarekin bat etorriz, emandako laguntza onartzeko betebeharra du onuradunak–, baldin eta Administrazioak inolako ordainketarik egin ez badu. Uko egiteko asmoa idatziz aurkeztuko zaio Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari eta hark, ebazpen bidez, bete-betean onartuko du eta amaitutzat emango du hari dagokion prozedura.
Ukoa onartuta, onuradunak automatikoki galduko du ebazpen bidez onartutako eskubidea, baita emandako laguntza kobratzeko eskubidea ere.
14. oinarria.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea eta ez-betetzea.
1.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako inguruabarretako bat aldatzen bada edo beste erakunde publiko nahiz pribatu batek beste laguntza edo dirulaguntzaren bat emanez gero, Nekazaritza eta Akuikultura Zuzendaritzari jakinarazi beharko zaio idatziz, eta gerta liteke horren ondorioz dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea; kasu horretan, dena dela, agindu honetan ezarritako gutxieneko eskakizunak bete beharko dira. Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak aldaketa-ebazpena emango du, zeinetan birdoitu egingo baitira oinarri berriaren arabera emandako dirulaguntzaren zenbatekoak.
2.– Edonola ere, onuradunek ez badute betetzen agindu honetako betebeharren bat edo dirulaguntzak emateko ebazpenak ezartzen duen baldintzaren bat, edota dirulaguntza edo laguntza publikoak itzultzera behartzen duen egoeraren batean badaude Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legeko 53. artikuluarekin eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluarekin bat, Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak, onuradunek beren betebeharrak ez betetzeagatiko espedientea bideratu eta interesdunak entzun ondoren, dirulaguntza osoa edo zati bat hartzeko eskubidea kenduko die onuradunei, ebazpen bidez, eta, hala badagokio, aginduko die Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzul diezazkiotela, guztiz edo partzialki, proiektuaren egikaritze-mailaren arabera, hartu dituzten laguntzak eta dirulaguntzen alorrean aplikagarri den berandutze-interesa. Hori guztia Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluan xedatutakoaren arabera, dagozkion gainerako neurriak hartzea bazter utzi gabe.
Aipatutako diru kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.
3.– Arau-hauste administratibotzat har daitezkeen gertakarien ondorioz hasten bada itzulketa-prozedura, organo eskudunari jakinaraziko zaizkio gertakariok, dagokion zehapen-prozedura has dezan.
15. oinarria.– Bateragarritasunak.
Agindu honetako dirulaguntza hauek bateragarriak dira edozein erakunde publiko zein pribatuk xede berberaz emandakoekin. Hala ere, (EB) Erregelamenduan ezarritako minimis-araubidearekin bat, onuradun batek jaso dezakeen zenbatekoa ez da izango 30.000 eurotik gorakoa hiru ekitaldi fiskaleko epealdi batean; edozein delarik, bai laguntzaren helburua, bai laguntza ematen duen administrazio-organoa.
16. oinarria.– Datuen babesa.
Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak datuak babespean tratatzeko konpromisoa hartzen du, Datu Pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko 1999ko abenduaren 13ko 3/2018 Lege Organikoan eta aplikatu beharreko gainerako araudian ezarritakoarekin bat etorriz.
RSS