Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

170. zk., 2019ko irailaren 9a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
4118

EBAZPENA, 2019ko abuztuaren 28koa, HABEren zuzendariarena, zeinaren bidez arautzen baitira 2018-2019 ikasturtean HABEren euskara-mailak edo baliokideak gainditu dituzten ikasleei dirulaguntzak emateko prozedura eta baldintzak, eta dagokion deialdia egiten baita.

Azaroaren 25eko 29/1983 Legeak sortu zuen Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea (HABE), helduen euskalduntzera zuzendua, ahalik eta euskal hiztun gehien lortzeko helburua duena.

Uztailaren 22ko 179/2003 Dekretuaren bidez, helduentzako euskararen irakaskuntza burutzen duten euskaltegien eta beste zentro homologatuen jarduera eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren aldetik jasotzen duten finantzazioa arautu zen.

Aipatu 179/2003 Dekretuaren 17. artikuluak dio HABEk ezar ditzakeela, osagarri gisa, bere aurrekontu-bitartekoen mugen barruan, beste dirulaguntza mota batzuk, Dekretu horretan aipatzen diren modalitate eta euskarrietan edo homologatutako sistemen bitartez, euskalduntze-prozesuetan murgilduta dauden ikasleei zuzenduak, horien emaitza akademikoen baitan.

Azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuak, uztailaren 4ko 187/2017 Dekretuaren bidez aldatuak, euskararen ezagutza egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliokidetzak finkatu eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratura egokitzen ditu.

Era berean, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak 2018-2020 epealdirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartzen duen 2018ko urtarrilaren 31ko Aginduaren bitartez, Hizkuntza Politika alorrean 7. helburu orokor bezala helduen euskalduntzea bultzatzea aurreikusten du, «47130 euskara ikasleei zuzendutako dirulaguntzak» kodea duen ekintza-atalean.

Horrela, bada, Ebazpen honen bitartez, HABEren mailak egiaztatu dituzten ikasleentzako dirulaguntzen aitortza egin eta horien baldintzak arautu nahi dira, maila baliokideren bat egiaztatu duten ikasleentzako dirulaguntzen deialdia egitearekin batera, 2019ko ekitaldi honi dagokiona.

Horregatik, aipatu xedapenek eta otsailaren 13ko 34/1996 Dekretuak, HABEren egitura organikoa ezartzen duenak, ematen dizkidaten eskumenez, eta indarrean dauden Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bitartez onartutakoak, eta Dirulaguntzen Lege Orokorrak (azaroaren 17ko 38/2003 Legeak, aurrerantzean DLO) eta Lege hori garatzen duen Erregelamenduak, uztailaren 21eko 887/2003 Errege Dekretuak, ezartzen dutenaren arabera,

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea eta baliabide ekonomikoak.

1.– Ebazpen honen xedea da euskaltegi publiko eta pribatu homologatuetako eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuetako ikasleei emateko dirulaguntzen baldintzak arautu eta aitortzeko prozedura onartzea, helduentzako euskararen irakaskuntza burutzen duten euskaltegien eta beste zentro homologatuen jarduera eta horien finantzazioa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren aldetik arautzen duen uztailaren 22ko 179/2003 Dekretuaren 17. artikuluak ezarritakoa garatuz.

2.– Ebazpen honen xede diren laguntzetarako, 2019. urtean 2.475.000 euroko kopurua jarriko da, EAEko Aurrekontu Orokorretan horretarako dagoen partidaren kontura. Era honetan banatuko da kopuru hori:

a) 2.325.000 euro, HABEren A1, A2, B1 eta B2 mailak edo baliokideak egiaztatu dituztenentzat.

b) 150.000 euro, HABEren C1 eta C2 mailak edo baliokideak egiaztatu dituztenentzat.

Azpi-atal batetik bestera dirua pasatu ahal izango da, batean soberakinik egonda, bestean eginiko eskariei erantzuteko behar adina diru ez balego. Hala ere, diru-kopuru hori eskabide guztien beharrei Ebazpen honen 6. artikuluan ezarritako irizpideen arabera erantzuteko behar bestekoa ez balitz, hainbanatu egingo da zuzkidura ekonomikoa onuradunen artean, azpi-atal bakoitzeko emaitzak errespetatuz.

3.– Eskatutako dirulaguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta, artikulu honen 2. atalean ezarritako zenbateko osoa handitu ahal izango da a) azpi-atalari lehentasuna emanez, baldin eta HABEren aurrekontuetan beste dirulaguntzetarako aurrekontu-sailen izakinak agortu ez badira. Aldaketa hori eskabideen gaineko ebazpena eman aurretik egin beharko da. Adierazitako aldaketaren berri HABEren zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez eman beharko da, EHAAn argitaratuko dena.

2. artikulua.– Onuradunak.

1.– Ebazpen honetan arautzen diren laguntzen onuradun izateko, ondorengo baldintza guztiak bete beharko dira, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean eta LGSren 13. artikuluan jasotakoaren arabera:

1) HABEren erregistroan euskaltegi edo euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatu bezala sailkatutako batean matrikulatua egotea 2018ko martxoaren 23tik 2019ko abuztuaren 31ra bitarteko epealdian eta dagozkion matrikula-prezioak euskaltegi edo autoikaskuntzarako zentro homologatuei norberak ordainduak izatea.

2) HABEren zuzendari nagusiaren Ebazpenez deituta 2018. urteko laugarren ebaluazio-garaian edo bigarren azterketa-deialdian edo deialdi irekian, edo 2019. urteko ekainaren arteko ebaluazio-aldietan edo 2019ko lehen azterketa-deialdian parte hartu eta dagokion maila gainditzea.

3) Zigor eta administrazioaren arloan dirulaguntza publikoak jasotzeko debekurik ez izatea, ezta laguntzak jasotzeko ezgaitzen duen legezko debekurik ere, sexua dela-eta eragindako bereizkeriengatikoak barne direlarik, hain zuzen Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak xedatutakoarekin bat etorriz.

4) Dirulaguntzen Lege Orokorra arautzen duen azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13. artikuluaren 2. atalean aipatutako egoeretan ez egotea. Eta zehazki, zerga guztiak ordainduta edukitzea eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean izatea, baita EAEko administrazio Orokorrarekiko dirulaguntzak itzultzearen ondoriozko obligazioak ordainduta izatea.

Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bitartez onartutakoa, 50.3 artikuluan jasotakoaren arabera, deialdi honen organo kudeatzaileak eskatzaileen berariazko baimenik gabe egiaztatuko du, automatikoki, dirulaguntza eskatu dutenek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean dituztela.

Hala ere, eskabidea egiten duenak baimena emango ez balu, berak aurkeztu beharko lituzke baldintza horiei dagozkien egiaztagiriak.

2.– Halaber, dirulaguntza hauetarako eskubidea izango dute euskaltegi edo autoikaskuntzarako zentroetako ikasleek ere, artikulu honetako 1.1, 1.3 eta 1.4 puntuetan zehaztutako baldintzak beteta, azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuak, uztailaren 4ko 187/2017 Dekretuaren bidez aldatuak, HABEren euskara-maila batekin baliokidetutako euskara-maila bat 2018ko irailaren 1etik 2019ko abuztuaren 31ra bitartean (dagokion deialdiaren behin betiko zerrendak argitaratzen diren dataren arabera) egiaztatu eta Ebazpen honen 3. artikuluan zehaztutakoaren arabera eskaera egiten dutenek.

3.– Dirulaguntzen deialdi honetatik at geldituko dira:

1) Herri Administrazioak finantzatuta eskolatu diren ikasleak.

2) Aurreko ikasturteren batean egiaztatutako maila bera edo beheragoko bat bakarrik egiaztatu dutenak.

3) Deialdi honetako dirulaguntza zuritzeko baliagarri den epealdian (2017-2018 eta 2018-2019 ikasturteak), euskaltegietako matrikulazioaren kudeaketarako aplikazioaren arabera, euskaltegi edo autoikaskuntza zentroan egindako mailak baino beheragokoa egiaztatu dutenak. Gainera, dirulaguntza zuritzeko baliagarri den epealdian (2017-2018 eta 2018-2019 ikasturteak) maila bat baino gehiago egin duten ikasleek egiaztatutako mailei dagozkien dirulaguntzak jasotzeko eskubidea izango dute bakarrik.

3. artikulua.– Jarraibidea, agiriak eta eskabideak aurkezteko epeak.

1.– Ebazpen honen 2. artikuluaren 1. eta 2. puntuetan zehaztutako baldintza guztiak bete eta artikulu bereko 3. puntuaren arabera baztertuak ez diren ikasleek, dirulaguntza hauek eskuratu nahi izatera, pertsona fisikoak izanik, eskabideak aurkezteko bi jarraibide hauetako bat erabil dezakete: bide elektronikoarena edo aurrez aurreko aurkezpenarena.

1) Bide elektronikoa aukeratuz gero, eskabideak eta ondoko izapideak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan www.euskadi.eus/zerbitzuak/1038702 helbidearen bitartez aurkeztuko dituzte, artikulu honen 2.1 puntuan zehaztutakoaren arabera.

2) Aurrez aurreko aurkezpena aukeratuz gero, eskabidea egiteko formularioa (I. eranskina) eskuragarri izango dute aipatutako Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan www.euskadi.eus/zerbitzuak/1038702 helbidean, eta artikulu honen 2.2. puntuan zehaztutakoaren arabera bete ondoren, sinatu eta honako toki hauetakoren batean aurkeztu ahal izango da:

Eusko Jaurlaritzaren Zuzenean zerbitzuko edozein bulegotan (Bilbon, Kale Nagusia 85; Donostian, Andia 13; Gasteizen, Ramiro de Maeztu 10) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen (urriaren 1eko 39/2015 Legea) 16. artikuluak zehaztutako tokietan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko Dekretuan (apirilaren 29ko 72/2008 Dekretua) adierazitakoetan.

2.– Jarraibidea.

1) Eskabidearen aurkezpena bide elektronikoa erabiliz.

Eskabidearen aurkezpena bide elektronikoaren bidez egin ahal izateko, interesdunek aipatutako Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan sartu eta sinadura elektronikoaren txartela edo itsasontzien jokoen txartela erabiliz identifikatu ondoren, eskuragarri izango duten formularioan dagokion laguntza eskuratzeko duten aukera jakinaraziko zaie, HABEk bideratutako egiaztatze-deialdien bitartez gaitasun-maila egiaztatu duten ikasleen kasuan.

Jakinarazpen horretan, gehienez eskura dezaketen laguntza adieraziko zaie (egiaztatutako HABEren euskara-mailak, azken bi ikasturteetan egindako mailak eta egiaztatutako maila bakoitzerako ezarritako gehienezko laguntza-kopurua kontuan hartuz), betiere gutxitu daitekeena euskaltegietan edo autoikaskuntzarako zentroetan azken bi ikasturteetan ordaindutako kopuruagatik, beste administrazio publikoetatik jasotako laguntzengatik edo 1. artikuluan aurreikusitako gehienezko kopurua eskaera guztiei aurre egitera heltzen ez delako gerta daitekeen hainbanaketagatik.

Era berean, laguntzaren zenbatekoa zehazteko beharrezkoak diren datuak jasoko dira formularioaren datu-orrian: ordaindutako matrikula-kopuruen eta beste administrazio publikoetatik jasotako dirulaguntzen berri, aurreko artikuluaren 1.3 puntuan zehazten diren dirulaguntza publikoak jasotzeko debekurik ez izatearen aitorpena eta datuak konprobatzeko HABEren zuzendari nagusiari zuzendutako baimena; hauek guztiak erantzukizunpeko aitorpenaren bitartez adierazita. Halaber, dirulaguntza eskuratzeko bankuko kontuaren berri jasoko da bertan.

Eskabidea burutzeko interesdunek honela egingo dute:

a) Egiten zaien proposamena bere osotasunean onartuz gero, eskuera jarriko zaien datuen bilketarako orria bete beharko dute eta ondoren, sinadura elektronikoaren txartela edo itsasontzien jokoen txartela erabiliz, eskabidea sinatuko dute. Edonola ere, ezarritako epea pasa eta ikasleak erantzunik eman ez duenean, HABEk proposatutako aukerari uko egiten diola ulertuko da. Onartuko ez balu, edo ikasleak nahiago balu, dirulaguntza eskaera artikulu honen 2.1.b) puntuan ezarritako prozedurari jarraikiz egin ahal izango du.

b) Egiten zaien proposamena onartzen ez badute edo beste datu nahiz HABEren euskara-maila batekin baliokidetutako agiri gehigarriak aurkeztu nahi badituzte, eskuera jarriko zaien datuen bilketarako orria bete eta erantsi nahi duten dokumentazioa edo egiaztatutako mailaren agiriaren kopia edo dagokion erakundeak luzatutako ziurtagiria PDF formatuan aurkeztu beharko dute eta ondoren, sinadura elektronikoaren txartela edo itsasontzien jokoen txartela erabiliz, eskabidea sinatuko dute.

c) Proposamenik egiten ez bazaie, eskuera jarriko zaien datuen bilketarako orria bete eta erantsi beharko duten dokumentazioa PDF formatuan aurkeztu beharko dute eta ondoren, sinadura elektronikoaren txartela edo itsasontzien jokoen txartela erabiliz, eskabidea sinatuko dute.

2) Eskabidearen aurrez aurreko aurkezpena.

Eskabidearen aurkezpena aurrez aurreko aukeraren bidez egin ahal izateko edo aurkezpen elektronikoaren aukeraren aldaketa eginez gero, interesdunek aipatutako Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan sartu ondoren, eskuragarri izango dute bete beharreko formularioa eta bertan laguntzaren zenbatekoa zehazteko beharrezkoak diren datu guztiak idatzi beharko dituzte: datu pertsonalak, azken bi ikasturteetan ikasitako euskaltegiak eta egindako mailak eta egiaztatutakoak, ordaindutako matrikulen diru-kopuruak eta beste administrazio publikoetatik jasotako laguntzak; aurreko artikuluaren 1.3 puntuan zehazten diren dirulaguntza publikoak jasotzeko debekurik ez izatearen aitorpena eta datuak konprobatzeko HABEren zuzendari nagusiari zuzendutako baimena; hauek guztiak erantzukizunpeko aitorpenaren bitartez adierazita. Halaber, dirulaguntza eskuratzeko bankuko kontuaren berri jasoko da bertan.

Datu guztiak sartu ondoren, formularioa inprimatu ahal izango dute eta sinatu egingo dute. Azkenik, Eusko Jaurlaritzaren Zuzenean zerbitzuko edozein bulegotan (Bilbon, Kale Nagusia 85; Donostian, Andia 13; Vitoria-Gasteizen, Ramiro de Maeztu 10) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen (urriaren 1eko 39/2015 Legea) 16. artikuluak zehaztutako tokietan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan adierazitakoetan aurkeztu beharko dute eskabidea. Formularioarekin batera bertan zehazten diren egiaztatutako euskara-mailen agiriak ere aurkeztu beharko dituzte.

3.– Eskabideak aurkezteko epeak.

Kasu guztietan interesdunek 2019ko irailaren 10etik urriaren 9ra bitarteko epea, biak barne, izango dute dirulaguntzaren eskabidea burutzeko.

4.– HABEren egitekoa izango da eskatzaileek euskaltegi edo autoikaskuntzarako zentro homologatuetan ordaindutako kopuruei buruz datu-orrietan emandako datuak egiaztatzea.

4. artikulua.– Aurkeztutako eskabidean dauden hutsuneak zuzentzea.

Ikasleak aurkeztutako eskabidean agiriren bat falta bada, edota okerren bat badago, hala jakinaraziko zaio, hamar eguneko epea emanez okerrak zuzen ditzan, eta horrela egin ezean, eskabideari uko egin zaiola ulertu beharko dela adieraziz, aldez aurretik emandako ebazpenaren bitartez.

5. artikulua.– Dirulaguntzen organo kudeatzailea.

HABEko Kudeaketa Zerbitzuari dagokio, Ekonomia eta Administrazio Unitatearen eta Ikuskatzailetzaren bitartez, deialdi honetan aurreikusitako kudeaketa-lanak burutzea.

6. artikulua.– Dirulaguntza esleitzeko eta neurtzeko irizpideak.

1.– Egiaztatu den maila bakoitzeko, jarraian zehazten den kopurua eskura dezake gehienez ikasleak:

a) HABEren A1 maila: 600 euro.

b) HABEren A2 maila: 800 euro.

c) HABEren B1 maila edo baliokidea: 900 euro.

d) HABEren B2 maila edo baliokidea: 1.000 euro.

e) HABEren C1 maila edo baliokidea: 150 euro.

f) HABEren C2 maila edo baliokidea: 100 euro.

2.– Aipatutako HABEren dirulaguntza osorik eskuratzeko, ikasleak egoki zuritu beharko du 2017-2018 eta 2018-2019 ikasturteetan, egiaztapenaren aurretik hasitako ikastaroetako matrikuletan, beste horrenbeste ordaindu izana, hain zuzen ere, egiaztatutako mailetan. Hala egin ezean, ordaindutakoa izango da laguntzaren muga.

3.– Maila bakoitzerako ikasketak behin bakarrik lagunduko zaizkio diruz ikasleari. Era berean, maila bat egiaztatu ondorengo dirulaguntza zuritzeko beharrezkoa izan den matrikularen zenbatekoa ez da konputatuko beste maila bat egiaztatu izanagatiko laguntza zuritzeko.

4.– Ebazpen honen 1. artikuluan aurreikusitako kopurua nahikoa ez balitz aurreko puntuan ezarritako irizpideen arabera kalkulatutako beharrei aurre egiteko, onuradunen artean hainbanatuko da dirulaguntza.

7. artikulua.– Ebazpena, jakinarazpena eta dirulaguntzaren ordainketa.

Deialdi honetan zehaztutako irizpideak aplikatu ondoren, HABEren zuzendari nagusiak eskabideen gaineko ebazpenak emango ditu (1.2 artikuluan zehazturiko mailen banaketaren arabera), eta interesdunei jakinaraziko Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoaren iragarki-taulan (http://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa) argitara emanez. Aldi berean, emandako dirulaguntzen publizitateari dagokionez, aipatu ebazpenak HABEren egoitzetako iragarki-tauletan erantsi eta HABEren web orrialdean argitaratuko dira.

Hau guztia, 2019ko abenduaren 20a baino lehen.

Eskabideen gainean emandako ebazpenek ez dute bide administratiboa agortzen eta onuradunek horien kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik hasita hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan jasotakoaren arabera.

Ebazpenaren jakinarazpena aurreikusitako epe-mugan jasotzen ez bada, onuradunek ulertu ahal izango dute beren eskabidea ezetsia izan dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 25. artikuluan zehaztutakoaren ondorioz.

Dirulaguntzen Ebazpena emanda, dirulaguntza ordainketa bakarrean kitatuko da banku-transferentzia bidez. Nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko dirulaguntza batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei dirulaguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.

8. artikulua.– Bateragarritasuna.

Emango den dirulaguntza bateragarria izango da xede berarekin jaso daitekeen beste edozeinekin, baldin eta gainfinantzaketarik ez badago laguntzen den xedearen guztirako kostuan. Horrelakoetan, dagozkion kenketak egingo dira, aldea ez ordainduz edo dagokion kopurua itzultzeko eskatuz.

HABEk eskubidea izango du eskatzaile bakoitzak emandako edozein datu beste administrazio publikoekin erkatzeko, betiere deialdi honen xede den gaiari atxikita.

9. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak.

1.– Onuradunek, oro har, bete beharko dituzte Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bitartez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan jasotakoak.

2.– Eta zehazki, ebazpen honetan araututako dirulaguntzen onuradunek beti izango dituzte honako betebehar hauek:

1) Laguntza eman duen erakundeak egingo dituen egiaztatzeen menpe eta Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak burutuko duen ikuskaritzaren menpe egon beharko du, deialdi honen bitartez eskuratu diren dirulaguntzei dagokienez. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziko neurrien menpe ere egon beharko du.

2) Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak eskuratuz gero, horren berri eman beharko dio HABEri.

3) Laguntza ematerakoan kontuan izan zen dena delako egoera objektibo edo subjektiboa aldatu egin bada, horren berri eman beharko dio HABEri.

4) Horretaz gain, 1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak, ezarritako betebeharrak eta gaiari ezar dakizkiokeen gainerako xedapenek ezarritako betebeharrak ere izango ditu.

10. artikulua.– Baldintzak aldatzea, arauak ez betetzea eta itzulketak.

Deialdi honek arautzen dituen dirulaguntzez gain eta berauek ebatzi ondoren, kanpoko beste dirulaguntzak eskuratzeak horren berri HABEri ematea erakarriko du, baita erakunde honek aurretiaz emandako dirulaguntzaren aldaketa egitea ere, beti ere deialdi honen 8. artikuluan aurreikusitako gainfinantzaketarik ez izateko besteko proportzioan.

11. artikulua.– Datuen tratamendua.

Deialdi honetan adierazitako datu pertsonalak Europako Legebiltzarraren eta Batzordearen 2016/679 (UE) Erregelamenduak eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoak araututakoaren arabera tratatuko dira, «Ikasleen dirulaguntzen kudeaketa» izeneko tratamendu-jardueretan, honako helburu honetarako: deialdi honetan aurreikusitako prozeduren kudeaketa.

HABEren zuzendari nagusia izango da tratamenduaren administrazio-organo arduraduna.

Tratamendua beharrezkoa da legez ezarritako betebeharrak gauzatzeko.

Interesdunak bere datuak ikusteko, zuzentzeko zein ezabatzeko eskubidea izango du, baita haien tratamendua mugatzeko nahiz haren aurka egiteko, informazio gehigarrian adierazten den moduan.

Halaber, bere datuen tratamenduari buruzko informazio osagarria http://www.habe.euskadi.eus/datu-pertsonalen-babesa-haben/s23-edukiak/eu/ helbidean dute eskuragarri onuradunek.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honetan aurreikusi gabeko guztian, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta aplikagarri izan daitezkeen gainerako arauek ezarritakoa aplikatuko da.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari. Horretarako, hilabeteko epea izango dute, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Donostia, 2019ko abuztuaren 28a.

HABEren zuzendaria,

JOKIN AZKUE ARRASTOA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala