Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

164. zk., 2019ko abuztuaren 30a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
4046

AGINDUA, 2019ko uztailaren 30ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez egiten baita itunpeko ikastetxe pribatuetako giroa euskalduntzeko 2019-2020 ikasturterako dirulaguntzetarako deialdia.

Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak honela dio bere 17. artikuluan: «Jaurlaritzak, ikasleei nahitaezko ikastaldiak bukatzerakoan bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko adina ezagutuko ditueneko segurantza emateko xedezko neurriak hartu eta euskara-giroa bermatuko du, barne nahiz kanpo-ekintzabideetan eta arduralaritzako ihardun eta agirietan euskara agizko adierazpide eginez». Ildo beretik, Hezkuntza eta Kultura Sailaren 1983ko abuztuaren 1eko Aginduak (1983ko abuztuaren 19koa, 122. zk. duen EHAAn argitaratua), Euskal Autonomi Erkidegoko irakasmaila ez unibertsitarioetan hizkuntza ofizialen erabilera araupetzen duen uztailaren 11ko 138/1983 Dekretua garatzen duenak, bere 12. artikuluan, zera dio: «Hezkuntza eta Kultura Sailak beharrezko neurriak hartuko ditu euskararen erabilera eskola-giroan bermatzeko, klase barruan nahiz klasez kanpoko ekintzetan ohiko adierazpide bihurtuz».

Honen haritik, Nolega izeneko ekimen sorta moldatu zuen Hezkuntza Sailak 1984tik aurrera. Atal horrek, urte guzti hauetan eta gaur egun arte, etenik gabe hainbat ekimen bideratu, antolatu edota diruz lagundu du. Ahozko erabilera areagotzeari begira, deialdi sorta zabala eskaini izan du urtero. 2013-2014 ikasturtetik aurrera, ikastetxe gisa arlo honi modu bateratuan erantzungo dion ekimena proposatu zuen. Horregatik, Nolega Deialdi Bateratuan lehengo ildo berezituak bildu dira: Ahozko Adierazpena (eskola antzerkigintza, bertso-lanketa, kantagintza, kontalaritza eta irratigintza); Ikasgelaz kanpoko Ekintzak (IKE); Euskal Girotze Egonaldiak (EGE); eta Ikastetxeen arteko binakako loturak (Ikabil).

Ikasleek hizkuntza arloko gaitasun guztiak eskuratzea da hezkuntza sistema honek duen egiteko nagusienetako bat, eta horrela jasotzen du Heziberri 2020 planaren marko berriak. Marko hori garatzen duen 237/2015 Dekretuak, abenduaren 22koak, Haur Hezkuntzako curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzekoak, honela dio, besteak beste, bere 9. artikuluan: «Haurrak entzuteko, adierazteko eta hitz egiteko gaitasuna garatu behar du». Horrez gain, 236/2015 Dekretuak, abenduaren 22koak, Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duenak, honela dio bere 10. artikuluan, elebitasuna eta eleaniztasunaren gainean zera adierazten duenean: «bi hizkuntza ofizialen erabileran oreka eta berdintasuna bilatzea da hezkuntza-sistemaren xedeetako bat (...), euskara hezkuntza-komunitatearen jarduera guztietan adierazpide normala izan dadin bultzatu eta bermatu behar du hezkuntza-eskumenak dituen sailak».

Horretarako, ez da nahikoa ohiko klase emankizunetan lantzen diren gaitasunak jorratzea. Gelako metodologia erabat paradigma komunikatiboetan kokatzeaz gain, eskola esparruko beste hainbat ekimen osagarri ere eskaini beharko dizkio ikasleari. Batez ere, ikasleengan hizkuntza-gaitasuna eta bat-bateko jariakortasuna bermatu nahi da. Horretarako, eskola-giroan hizkuntza lantzeko saiakera biziak eta naturalak egiten dira; saiakerok babestea eta sustatzea du helburu deialdi honek, ikaslearen bizipenetan, adierazpenetan eta irudikapenetan euskara txertatuz.

Beraz, orain artekoari jarraituz, bidera daitezkeen gainerako ekintzei kalterik egin gabe eta beste aurrerapauso bat emanez, 2019-2020 deialdia egitea erabaki da.

Deialdi honetan aplikagarri izango da ondoko araudia: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. tituluan ezarritako xedapenak (EAEko herri-administrazioaren dirulaguntzak arautzen dira titulu horretan); eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena, eta horien kudeaketan parte hartzen dutenek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.

Hori guztia kontuan izanik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Aginduaren xedea.

Agindu honen xedea, 2019-2020 ikasturtean, eskola eremuan, euskararen erabilera bultzatzeko asmoz dirulaguntza deialdia eta oinarri-arauak argitara ematea da.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek aurreikusi ez duenari dagokionez, aintzat hartuko dira bai urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, bai urriaren 1eko 40/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta, halaber, dirulaguntza publikoak erregulatzen dituzten arauak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean. Halaber, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da, EAEko Justizia Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean. Bi epe horiek agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko uztailaren 30a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

ERANSKINA
OINARRI-ARAUAK

1.– Zein ekintza lagunduko diren eta zeintzuk diren baldintzak.

Laguntza deialdi honen bidez, ikasgela barruan zein kanpoan burutzekoak diren ondoko jarduera hauek lagunduko dira diruz:

a) Ahozko Adierazpena. Ikastetxeetan hizkuntzaren ahozko erabilera egoera ez formaletan bultzatzea, eskola-giroa euskalduntzeko asmoz egiten diren saio-jardueren bitartez: eskola antzerkigintza, bertso-lanketa, kantagintza, irratigintza, kontalaritza eta ikasleen ahozko adierazpena hobetzeko asmoz eskolara gonbidatuak ekartzea. Ezinbestekoa izango da antolatutako jardueren arduraduna ikastetxea bera izatea eta, horren izenean, ikastetxeko zuzendaria.

b) IKE (Ikasgelaz Kanpoko Ekintzak). Euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin, ikasgelatik kanpo eginiko jarduerak:

1) Ikastetxearen barruan, arlo akademikotik kanpo, euskaraz bizitzeko helburuarekin prestatutako jarduerak (jarduera bere osotasunean lagunduko da diruz: lanketa fasea, emanaldia, atrezzoa, bibliografia, jantziak...).

2) Guraso, langile ez-irakasle edota irakasleentzat antolatutako berariazko jarduerak, beti ere horien helburua ikasleen erabilera areagotzea denean.

Ikastetxean euskararen erabilera sustatzeko egiten diren jarduerak modu zabalean hartuko dira kontuan atal honetan, alegia, ikastetxearen antolamenduarekin zein pertsonen dinamizazio-motibazioarekin zerikusia dutenak, eta dagokion ikastetxeko planean kontuan hartuta daudenak.

Atal honen barruan ez dira sartuko, bestalde, berariazko laguntza bidea duten irakasleen prestakuntza edo berrikuntza-jarduerak: Irale, Prest gara...

3) Erabilera areagotzeari lotutako eskola antolamenduzko jarduerak: hizkuntza paisaia, liburutegia, idatzizko arauak.

Ekimen hauen helburu nagusia euskararen erabilera bultzatzea eta ahozkotasuna lantzea dela kontuan hartuta, ez dira diruz lagunduko arte-lanketarako, gorputz-espresiorako, ikus-entzunezko efektuetarako eta abarretarako gastuak; ezta horrelako beste edozer hobetzeko erabiliko liratekeen gastuak ere.

c) EGE (Euskal Girotze Egonaldiak). Euskal giroan bizipena eskaintzeko asmoz antolatutako egonaldiak. Gutxienez 2 gaueko iraupena izan behar dute diruz lagunduak izateko.

Sailak kudeatzen dituen Euskal Girotze Barnetegietan egiten diren egonaldiak berariaz lagunduak direnez, ez dira kontuan hartuko deialdi honetan.

d) Ikabil (Ikastetxeen arteko binakako loturak). Euskal kultura, hizkuntza zein gizarte-giro desberdinen arteko ezagutza eta hurbilketa areagotzea helburu duten ikastetxeen arteko truke-irteerak.

Kultura molde, euskal hizkera zein gizarte-giro desberdinen arteko ezagutza eta hurbilketa areagotzeko egiten diren ikastetxe-trukeak izango dira lagunduak. Truke orok 2 gaueko iraupena izan behar du gutxienez. Normalean bi egonaldi izango dira, truke-kide bakoitzaren lekuan bana, alegia. Halere, salbuespen bezala, egonaldi bakarra egin ahal izango da, adostutako aterpe batean edo ikastetxe bakar baten herrian, bi ikastetxeen arteko distantziagatik edo beste arrazoiren bat dela medio.

Trukea EAEko ikastetxeen artekoa denean, ikastetxe biek bete behar dute eskabidea. Trukea Nafarroako edo Iparraldeko ikastetxe batekin egin nahi bada, berriz, EAEkoak soilik egingo du eskabidea, eta dirulaguntza osoaren jasotzailea ere bera izango da.

2.– Jarduerak burutzeko epea.

Laguntza-deialdi honek 2019-2020 ikasturtean burutuko diren egitasmoak baino ez ditu kontuan hartuko. Deialdi honen bitartez diruz lagundutako egitasmoak justifikatzeko azken eguna 2020ko ekainaren 15a izango da; hori dela-eta, egitasmo horiek data hori baino lehen eskaini, eman, aurkeztu edota gauzatuko dira.

3.– Diru-baliabideak.

Laguntza deialdi honetarako erabiliko den diru-kopurua 190.000 eurokoa da.

4.– Dirulaguntzen bateragarritasuna.

1) Agindu honen babesean ematen diren laguntzak bateragarriak dira edozein erakunde publikok edo pribatuk helburu bererako eman ditzaketenekin. Hala ere, dirulaguntzaren kopuruak ez du inola ere, bakarka edo beste dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabideekin, diruz lagundutako jardueraren kostua gaindituko. Kasu horretan, deialdi honen bidez emandako kopurua dagokion zenbatekora murriztuko da.

2) Deialdi honetara aurkezten diren ikastetxeek, laguntzagai diren jarduerak egiteko, beste erakunde publiko edo pribatutatik laguntzarik eskatua badute, edota halakorik jasoak badira, horren azalpena egin beharko dute, berariaz, eskabide-orrian, dagokion atalean.

5.– Onuradunak.

1) Dirulaguntza deialdi hau Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko itunpeko ikastetxe pribatuei zuzenduta dago, hain zuzen ere ondoko mailak eskaintzen dituztenei: Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntza. Horiez gain, deialdi honetan parte hartzeko aukera izango dute maila horietan aritu ez arren, Ulibarri programan dauden ikastetxeek.

2) Ezingo dira deialdi honetako dirulaguntzen onuradun izan dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorrak bere 13.2 artikuluan jasotzen dituen egoera horietakoren batean dauden ikastetxeak. Besteak beste, Ogasunekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betekizun guztiak egunean izan behar dituzte. Datu horiek egiaztatzeaz deialdiaren organo kudeatzailea arduratuko da, dirulaguntza eskatzen duten ikastetxeei baimena eskatu gabe. Datuok bitan egiaztatuko dira: dirulaguntza esleitzerako eta ordainketa egin aurretik. Edozelan ere, eskatzaileak uko egin diezaioke betebeharrak ofizioz egiaztatzeari, betiere, bere Ogasun eta Gizarte Segurantzarekiko betekizunen aitorpena aurkezten badu, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duenak, 22.4 artikuluan dioen bezala.

Horrez gain, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo haren erakunde autonomoek ezaugarri bereko beste dirulaguntzaren batzuk eman izana dela-eta, horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei dirulaguntzak edo laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.

Halaber, ezin izango dute deialdi honetan laguntzarik jaso zigor- edo administrazio-arloko zigorra jaso duten, eta horren ondorioz, dirulaguntza lortzeko aukera galdu duten edo horretarako ezgaitzen duen lege-debeku baten eraginpean dauden erakundeek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera sexu diskriminazioan erori izanagatiko lege-debekuak barne, ezin izango dute Agindu honetan araututako dirulaguntzen eta laguntzen deialdietara aurkeztu, zigorrak ezarritako aldian. Honen haritik, eskatzaileak arrazoiren baten eraginpean ez dagoela egiaztatzen duen erantzukizunpeko aitorpena egin beharko du.

6.– Onuradunen betebeharrak.

1) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14.1 artikuluan ezartzen diren baldintzak eta betekizunak bete beharko dituzte deialdi honetako laguntzak eskuratu nahi dituztenek, besteak beste, honako hauek:

a) Dirulaguntzak oinarri duen helburua lortzea, eta horretarako eskabidean zehaztutako helburuak burutzea.

b) Baldintzak bete direla egiaztatzea, eta dirulaguntza deialdiak dituen jarduerak bete direla eta helburuak lortu direla ziurtatzea.

c) Egin daitezkeen egiaztatze eta kontrol finantzarioei men egitea, horretarako beharrezko informazio guztia aurkeztuz. Deialdi honen bidez jasotako dirulaguntzaren inguruan Kontrol Ekonomikoko Bulegoak edota Euskal Herriko Kontu Epaitegiak bere egitekoak betez eska dezan edozein informazio eskaintzera behartuta dago laguntza-jasotzailea.

d) Diruz lagunduriko jarduerentzat bestelako dirulaguntzak, laguntzak, sarrerak edo baliabideak lortu direla jakinaraztea. Jakinarazpen hori jakin bezain laster egin beharko da, eta izatekotan, deialdiaren bidez esleitutako dirulaguntza eskuratu aurretik.

e) Jasotako dirulaguntza hartu dela egiaztatzen duten agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontroleko jarduerak aurrera eraman ahal izateko.

f) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 18. artikuluan ezarritakoa betetzea, alegia, dirulaguntzen bidez burutzen diren ekimenen iragarki eta publizitatean ekimenak diruz lagunduak direla aipatzea.

g) Jasotako dirulaguntza itzultzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak 37. artikuluan aipatzen dituen kasuetan.

2) Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoari jarraituz, hizkera sexistarik ez erabiltzea, eta gizonen eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera estereotipaturik ez egitea.

3) Ikasleen aniztasuna aitortzea eta errespetatzea, eta gaitasun diferentea duten ikasleen beharretara egokitzeko aukerak ematea, askotariko errealitateak kontuan hartuta, deialdi honen esposizio-atalean aipaturiko 236/2015 eta 237/2015 dekretuek arautzen dutenez.

4) Jasotako dirulaguntza zuritzeko unean Eusko Jaurlaritzak bere gune elektronikoan duen ikasturte bukaerako azalpen memoria betetzea eta bidaltzea. Bertan ikastetxeak ekintzen berri emango du, ekimen arduradunen izen-abizenak zehaztuko ditu, eta diru-justifikazio orria izeneko dokumentua ere bete beharko du.

7.– Eskabidea eta formularioak aurkezteko prozedura.

1) Eskabidea modu elektronikoan egin beharko dute, laguntza-deialdi honetan parte hartu nahi dutenek, Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoaren bidez: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2019/nolega/web01-tramite/eu gunean, eta bi urratsetan:

a) Lehengo urratsa edo aurre-eskabidea: bertan, egin beharreko ekitaldiei lotutako datuak sartuko dira. Aurre-eskabidearen zenbakia gorde egin behar da eskabidea egiteko.

b) Bigarren urratsa edo eskabidea: aurre-eskabidea bidali eta gero, eskabidea egin behar da. Horretarako, eskabidea bete, sinatu eta bidali egin beharko da. Eskabidea egiteko, beharrezkoa izango da identifikazio elektronikorako txartelen bat edukitzea.

Eskabidea egiteko azalpenak, eskabide-orriak eta gainerako agiriak ere helbide horretan egongo dira eskuragai.

2) Eskabideak aurkezteko epea agindu hau EHAAn argitaratzen denetik hilabetekoa izango da. Epea hasi aurretik edo bukatu eta gero ezin izango da eskabiderik aurkeztu.

3) Ikastetxe bakoitzak eskabide-orri bakar bat aurkeztu ahal izango du deialdi honetara. Eskabide-orri bat baino gehiago aurkezten badira, erregistratua izan den azken eskabide-orria hartuko da kontuan.

4) Administrazioan jasotako eskabidean hutsune edo osatu beharren bat sumatzen bada, honen berri emango zaio eskatzaileari eta 10 eguneko epea emango zaio, ondo osa dezan. Epe horretan osatu beharrekoa osatzen ez badu, ikastetxeak bere eskabideari uko egin diola ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritakoaren arabera.

5) Eskabidea egin ondoreneko izapideak Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoaren «Nire Kudeaketak» atalean egingo dira: http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak

6) Eskabideak aurkezteak deialdi honetako oinarriak onartu direla adierazten du.

7) E-Administraziorako Teknologi Plana (EATP) onartzen duten 2012ko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak eta Informatika eta Telekomunikazioen zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak arautzen dute tramitazio elektronikoa.

8.– Deialdiaren organo kudeatzailea.

Deialdi honen kudeaketa Hezkuntza Sailaren, Hezkuntza Sailburuordetzaren, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari dagokio.

9.– Dirulaguntzak esleitzeko prozedura.

1) Deialdiko baldintzak betetzen dituzten ikastetxe guztiei esleituko zaie dirulaguntza.

2) Gehienez 3.000 euroko laguntza esleituko da ikastetxeko.

3) Eskabideak aztertu eta ondorengo irizpideak kontuan hartuta, laguntza-proposamenak egiteko ikastetxe bakoitzari puntuazio bat esleituko zaio. Deialdiak duen diru-baliabidea puntuazio horien arabera banatuko da.

(Ikus .PDF)

10.– Balorazio-batzordea.

Eskabideak aztertu eta aurreko artikuluan ezarritako irizpideak kontuan hartuta laguntza-proposamenak egiteko, honako kide hauez osaturiko batzordea izendatuko du Hezkuntzako sailburuordeak:

– Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria edo, bere ordez, Euskara zerbitzuburua: mahaiburu izango da.

– Berritzeguneetako hizkuntza-normalkuntzako hiru teknikari.

– Hezkuntza Sailaren Euskara Zerbitzuko teknikari bat, idazkari gisa.

11.– Ebazpena.

1) Batzordeak deialdiaren ebazpen-proposamena eta batzordearen akta helaraziko dizkio Hezkuntzako sailburuordeari, eta honek dagokion ebazpena eman eta sei hilabeteko epean jakinaraziko du, agindu hau argitara eman eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

2) Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoaren iragarki-taulan (https://euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/erabakiak/) argitaratuko da ebazpena, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluan ezarritakoa jarraituz, eta argitaratu eta biharamunetik hasita izango du eragina.

3) Aurrekoari kalterik egin gabe, organo kudeatzaileak oharrak bidali ahal izango dizkie interesdunei, SMS edo mezu elektronikoen bitartez, eskabide-orrietan adierazitako telefono mugikor edo posta elektronikoaren helbideetara. Ohar horiek ez dute, inolaz ere, jakinarazpen formalaren baliorik izango.

4) Aipaturiko epean berezko ebazpenik ematen ez bada, eskabidea ezetsi egin dela ulertuko da. Aginpidedun organoak, eskatutako dirulaguntzari buruzko berariazko ebazpena emateko betebeharra du.

5) Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea agortzen eta bere aurka gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Hezkuntzako sailburuaren aurrean, argitaratu eta hilabeteko epean.

12.– Dirulaguntzaren ordainketa.

1) Aurretiazko izaera duen ordainketa bakarrean gauzatuko da ordainketa eta Ebazpena argitaratu ondoren jarriko da tramitean. Ebazpenaren jakinarazpena jasotzen den egunetik hasi eta hamar (10) eguneko epean ikastetxe onuradunek dirulaguntzari espresuki uko egiten ez badiote, dirulaguntza onartutzat joko da.

2) Dirulaguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatuz gero, eta betiere dirulaguntzaren helburua bete bada, edo beste erakunde publiko edo pribaturen batek, aldi berean, bestelako dirulaguntzarik eman badu, dirulaguntzak emateko ebazpena alda daiteke. Horretarako, beharrezkoa den likidazio-ebazpena emango du Hezkuntzako sailburuordeak.

13.– Dirulaguntzaren justifikazioa.

1) Dirulaguntza jasotzen duten ikastetxeek, jarduera burutzen dutenetik 2020ko ekainaren 15era bitartean (azken egun hori barne) egin beharko dute burututako jardueraren justifikazioa, ondoko helbidean: https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak Bertan, ekintzen balorazioa, emaitzen galdeketa-memoriak eta diru-justifikazioa jasotzen dituen dokumentua aurkituko dute betegarri. Data horiek hasi aurretik edo bukatu eta gero ezin izango da justifikaziorik bete.

Justifikazioa egiteko jarraibide zehatzak ondorengo helbide elektronikoan azalduko dira: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2019/nolega/web01-tramite/eu

2) Jasotako dirulaguntzaren justifikazioa garaiz eta zuzen amaitzen ez duenak, Euskal Herriko Diruzaintza Orokorrari itzuli beharko dizkio jasotako diru-kopuruak eta legez dagozkien interesak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak arautzen duen bezala eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak (1992-02-07ko EHAAn) zehaztutako prozeduraren arabera.

14.– Betebeharretan huts egitea.

1) Ikastetxeren batek laguntza jaso eta ekimena aurrera eraman ez, edota baldintzaren bat bete gabe uzten badu, Euskal Herriko Diruzaintza Orokorrari itzuli beharko dizkio jasotako diru-kopuruak eta legez dagozkien interesak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak arautzen duen bezala eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak (1992-02-07ko EHAAn) zehaztutako prozeduraren arabera.

2) Modu berean jokatuko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan jasotzen den baldintzaren bat betetzen ez bada.

15.– Datu Pertsonalen Babesa.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoak eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legeak xedatutakoa betez, deialdi honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak, parte-hartzaileek erabiltzea eta argitaratzea baimenduko dituztenak, «Nolega» deritzon fitxategian jasoko dira. Fitxategi hori 2010eko urriaren 4ko Aginduak (EHAA, 2010-10-05), Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketetako sailburuarenak, arautzen du, eta bere helburua deialdi honetako dirulaguntzak eta deialdi honekin zer ikusia duten beste edozein prozedura edo espediente administratibo kudeatzea da batetik, eta deialdi honetara aurkezten diren pertsonak deialdiaren garapenari buruz informatzea bestetik. Aldez aurretik, Datuak Babesteko Agentziari eman zaio horren berri, eta datuen segurtasun osoa bermatzeko behar diren segurtasun-neurriak ezarrita ditu. Fitxategiaren datuak, bestalde, ez zaizkie beste pertsona batzuei jakinaraziko, legeak bideratutako kasuetan izan ezik.

Fitxategi horren arduraduna Hezkuntza Sailaren Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza da. Sarbide-, zuzenketa-, ezabatze- eta aurkatze-eskubideak erabiltzeko Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da, helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.


Azterketa dokumentala