Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

162. zk., 2019ko abuztuaren 28a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
4021

AGINDUA, 2019ko maiatzaren 17koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, Fundación «PROYDE-PROEGA (Promoción y Desarrollo-Promozioa eta Garapena) con el Tercer Mundo» fundazioaren estatutuetan egindako aldaketak Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko dena.

Ikusi eta aztertu egin da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko egindako eskabidearen espedientea.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– Eskaera bat jaso zen Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean, Fundación «PROYDE-PROEGA (Promoción y Desarrollo-Promozioa eta Garapena) con el Tercer Mundo» fundazioaren estatutuetan egindako aldaketak Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko. Fundazioaren Patronatuak erabaki zuen estatutuak aldatzea 2017ko ekainaren 12an, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legera egokitu daitezen. Halaber, erabaki zuen fundazioaren xedeei buruzko artikulua aldatzea, bai eta aurkeztutako eskritura publikoan adierazitako artikuluak ere, egokitu daitezen Hermanos de las Escuelas Cristianas-en Arlep Distrituaren berrantolaketara eta erakunde hori sektorerik gabeko distritu bakar batean bateratzera. Espedientean jasotako agiriak erantsi zitzaizkion eskabide-orriari, zeina zuzendu egin baitzen geroago, Fundazioen Erregistroak hala eskatuta.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren zerbitzu teknikoek espedientea aztertu, eta ondoren, erabaki-proposamena eman dute. Hona hemen horretarako kontuan hartu dituzten

OINARRI JURIDIKOAK

Lehenengoa.– Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak eman behar du, agindu bidez, estatutuak aldatzeko espediente honi buruzko ebazpena, honako arau hauetan xedatutakoarekin bat: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzari buruzko Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 6.1.m) artikulua, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 3.1 artikulua.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen lehenengo xedapen iragankorrak ezartzen duenez, fundazioek lege horretara egokitu beharko dituzte beren estatutuak, lege hori indarrean jartzen denetik bi urteko epean.

Era berean, 6/1985 Lege Organikoaren 37.1 artikuluan, honako hau ezartzen du:

«Fundazioaren patronatuak, arrazoiak emanda, estatutuak aldatzea erabaki dezake, baldin eta fundazioaren interesari komeni bazaio, fundazioaren helburua errespetatzen bada eta fundatzaileek berariaz debekatu ez badute.

Patronatuak onartutako estatutu-aldaketek fundazioaren helburuak errespetatzen dituztela bermatuko da, eta, beraz, ez da beharrezkoa izango erregistroan inskribatu aurretik babeslaritzak onartzea.

Edonola ere, estatutu-aldaketa fundatzaileek jarritako helburuak aldatzean edo ezabatzean badatza eta betiere posible bada hori egitea, babeslaritzaren berariazko onarpena eduki beharko da erregistroan inskribatu baino lehen».

Hirugarrena.– Funtsezko iritzitako datuak eta dokumentuak erantsi zaizkio espediente honi, eta, bereziki, honako xedapen hauetan eskatutakoak: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 37. eta 51.2 artikuluak eta lehenengo xedapen iragankorra; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzeko ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 33.1 artikulua, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzeko ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 44. artikulua. Horrenbestez, estatutuen aldaketa bat dator aplikagarriak diren lege eta erregelamenduetan xedatutakoarekin.

Ikusi dira aipatutako manuak eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Beraz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Fundazioaren helburuei buruzko artikuluaren aldaketa onartzea.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea Donostiako Fundación «PROYDE- PROEGA (Promoción y Desarrollo- Promozioa eta Garapena) con el Tercer Mundo» fundazioaren estatutu-aldaketak, zeinak Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legera egokitzeko egin baitziren, bai eta fundazioaren helburuei buruzko artikuluaren eta aurkeztutako eskritura publikoan zehaztutako artikuluen aldaketa ere; aldaketa horiek bat datoz 2018ko azaroaren 16an Guadalupe María Inmaculada Adanez García notarioaren aurrean egiletsitako eskritura publikoko zehaztapenekin (protokolo zk.: 1331). Eskritura publiko hori zuzendu egin zen 2018ko azaroaren 16an egiletsitako eginbidearen bitartez (protokolo zk.: 2062).

Hirugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko maiatzaren 17a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.


Azterketa dokumentala