Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

161. zk., 2019ko abuztuaren 27a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
4010

EBAZPENA, 2019ko uztailaren 19koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Leioako (Bizkaia) 15B-Ibaiondo eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-adierazpena.

AURREKARIAK

Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2018ko ekainaren 1eko Ebazpenaren bidez, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-azterketa estrategikoaren irismen-dokumentua egin zuen, Amenabar Etxegintza Bizkaia SLk sustatuta, Leioako 15B-Ibaiondo eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren gainean (aurrerantzean, Plana), bai Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean bai ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean jasotakoei jarraikiz.

Leioako Udalak jendaurreko informazioan jarri zituen 45 egunez plana eta ingurumen-azterketa estrategikoa, baita horren laburpen ez-tekniko bat ere, egoki iritzitako alegazioak aurkeztu ahal izateko. Horretarako, iragarkia argitaratu zuen hori Bizkaiko Aldizkari Ofizialean, 2018ko irailaren 26an (186. zk.).

Jendaurreko informazioaren izapidea burututa, Leioako Udalak egiaztatu zuen ez zela alegazio berririk jaso.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 22. artikuluan ezarritakoaren arabera, Leioako Udalak, jendaurreko informazioaren izapidea egin bitartean, kontsulta egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, arauaren 19. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta 45 eguneko epea eman zien, egoki iritzitako txostenak eta alegazioak aurkez zitzaten. Horien ondoreak espedientean daude jasota. Zehazki, honako erakunde hauei egin zitzaien kontsulta: Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzari eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusiari eta Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko Zuzendaritza Nagusiari, Uraren Euskal Agentziari, Ihoberi, Nekazaritza eta Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioko Itsasertz eta Itsas Jasangarritasunaren Zuzendaritza Nagusiari, Eguzkizaleak elkarteari, Ekologistak Martxan Bizkaia elkarteari eta Basagure talde ekologistari.

2019ko maiatzaren 23an, ingurumen-adierazpen estrategikoaren eskakizuna egin zuen Leioako Udalak, otsailaren 27ko 3/1998 Legean, abenduaren 9ko 21/2013 Legean eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzeko urriaren 16ko 211/2012 Dekretuan xedatutakoekin bat.

Eskabidearekin batera, dokumentu hauek aurkeztu ziren:

– 15-B Ibaiondo eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren proposamena, 2018ko uztailekoa.

– 15-B Ibaiondo eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-azterketa estrategikoa (Ingeplan Consulting, 2019ko apirila).

– Jendaurreko informazioaren eta entzunaldiaren izapideen emaitzak jasota dauden dokumentuak. Ingurumen-azterketa estrategikoaren 10. apartatuan laburtzen da jaso diren txostenetatik zer hartu den kontuan.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumen-efektu nabarmenak izan ditzaketen planen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea, eta ingurumenaren babes-maila handia bermatzea, garapen jasangarri bat sustatzeko.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumen-efektuen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.1 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar zaie administrazio publiko batek abian jarritako edo onetsitako planei, baldin eta lege-xedapen batek edo erregelamenduzko xedapen batek beharturik prestatu eta onartu badira, betiere ingurumen-eraginaren ebaluazioa egitera legez behartutako proiektuak baimentzeko esparrua ezartzen badute eta arlo jakin batzuei erreferentzia egiten badiete, hala nola lurralde-antolamenduari.

Ildo horretan, adierazi behar da 15-B Ibaiondo eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia egitea eta onartzea, Lurzoru eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legean xedatutako betekizunetako bat dela.

Halaber, Otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrak 46.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz, ingurumen-inpaktuaren gaineko baterako ebaluazio bat egin behar da; hau da, arauaren I. eranskineko a) atalean jasotako planen ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar da, eta ebaluatu beharreko plan horien artean daude, besteak beste, Hiri Antolamenduko Plan Bereziak, ingurumenari ondorio adierazgarriak eragiteko modukoak badira.

Halaber, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 17. artikuluan eta hurrengoetan eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzeko urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 8. artikuluan eta hurrengoetan adierazitakoaren arabera, bai Leioako Udalak, organo substantibo gisa, bai Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, ingurumen organo gisa, beharrezko den guztia xedatu dute Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura burutu ahal izateko, ingurumen-ikerketa estrategiko baten bidez, zeinaren irismena aurrez ezarri baita, kontsulta publikoen eta ukitutako administrazio publikoen eta interesdunen parte-hartze prozeduraren bitartez.

Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-ebaluazio estrategikoa egokia dela eta indarrean dagoen araudiari egokitzen zaiola, ingurumen-adierazpen estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –organo eskuduna otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta apirilaren 9ko 77/2017 Dekretuaren arabera, zeinaren bidez ezartzen baita Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko egitura organiko eta funtzionala–. Adierazpen horretan, ingurumen-arloko alderdiak Planaren proposamenean sartzearen alde egiten da, eta Plana aplikatzeak dakartzan ingurumen-efektu nabarmenen aipamena jasotzen, azkenik onartuko den Planean sartu behar diren azken zehaztapenak sartuta, ingurumen-efektuetarako bakarrik.

Hona arte azaldutakoari jarraikiz, espedienteko txostena aztertu da, eta xedapen hauek guztiak ikusi dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskadiko Ingurumena Babestekoa; 21/2013 Legea abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 211/2012 Dekretua, urriaren 16koa, Planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura arautzekoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzekoa; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Leioako 15B-Ibaiondo eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-adierazpen estrategikoa egitea, honako hauek aipatuta:

A) Planaren xedea da 15B-Ibaiondo exekuzio-unitatearen antolamendu xedea egitea (15.517 m2-ko azalera eta bizitegi-izaera), Leioako HAPOaren zehaztapenen arabera. Hala, hiriko bizitegi-ehunari egun erabiltzen ez diren industria-eraikinez betetako eremua gehituko zaio. Planak aurreikuspen hauek hartzen ditu barnean:

– Industria-pabiloiak eraitsiko dira, Jolastokieta kalearekin lerrokatutako bi etxebizitza-bloke eraikitzeko (forma laukizuzenekoak; beheko solairua, sei solairu, atikoa eta teilatupea). Bloke bakoitzaren hegoaldean jabari pribatuko eremu bat dago, erabilera publikoko zortasuna duena gainazalean eta gainerakoak baino beherago dagoena. Sestrapean egongo dira etxebizitzen trastelekuak, eta bi solairuko aparkalekua ere bai. Horren sarrera eta irteera Jolastokieta kalean egongo da.

– Jolastokieta kalean espaloi zabal bat eta baterian aparkatzeko lekuak eraikiko dira. Horiek izango dira Autonomia etorbidekoen ordezkoak, aipatu etorbideko zirkulazio handia arintzeko.

– Gainerakoan, espazio libreetara eta errepideetara bideratuko da.

Eremuaren iparraldean, Jolastokieta kalea da muga; hegoaldean, Autonomia etorbidea, Bilboko itsasadarraren eskuin ertzarekiko paraleloan doana. Eremua urbanizatuta dago, eta ez du ingurumen-balio esanguratsurik.

Exekuzio-unitatearen zati bat kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituen lurzoru gisa katalogaturik dago, 48054-00023 kodea duen lursail industriala, hain zuzen. Horri lotuta, sustatzaileak lurzoruaren ingurumen-kalitatearen adierazpen-espedientea abiarazi zuen 2017an, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza honi eskaera eginda. Prozeduraren hainbat fase burututa, lurzoruaren kalitate-adierazpena emateke dago.

Bestalde, sustatzaileak aurkeztu inpaktu akustikoaren azterketak ondorioztatzen du kalitate akustikoko helburuak ez direla beteko Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako bizitegi-erabilerako guneetarako. Zehazki, ez dira beteko kanpoaldean eta errepideetatik gertu dauden fatxadetan aplikatu behar diren helburuak, batik bat gauean. Horrenbestez, neurri zuzentzaileak hartu beharko dira aipatu helburuak betetzearren, bai kanpoaldean, bai etxebizitzen barnealdean.

Eremua itsas-lehorreko jabari publikoaren barnean dago ia erabat. Hori dela eta, plana gauzatzeko, Kosten Legean itsas-lehorreko jabari publikoan eta horren babes-zortasunean kokatuta dauden lursailetarako xedatutako baldintzak bete beharko dira. Halaber, EAEko ibaiak eta ibaiertzak antolatzeko Lurralde Plan Sektorialean xedatutako zehaztapenak bete beharko dira, eremu garatuetako ertzei dagokienez.

B) Ingurumen-adierazpen estrategiko hau bat dator ingurumen-azterketa estrategikoaren ondorio nagusiekin, eta uste da nahikoa justifikatu dela Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2018ko ekainaren 1eko Ebazpenaren bidez emandako irismen-dokumentuan aurkeztutako ingurumen-irizpideak integratzea.

Ingurumen-organo honek emandako irismen-dokumentuan eskatutako sakonera, xehetasun-maila eta espezifikazio-gradua bermatuz egin da Planaren ingurumen-azterketa estrategikoa. Planifikazio-prozesuan ingurumen-eragin posibleak kontuan hartzen direla bermatzeko, uste da nahikoa zorrozki heldu zaiela ingurumen-izapidean adierazitako irizpide guztiei.

C) Plana izapidetzean, ez da gehitu ingurumen-azterketa estrategikoa zabaltzeko eskatzen duen jarduketa berririk, eta ez da atzeman birdefinitu edo kendu behar den Planaren jarduketarik.

D) Indarreko araudiaren arabera hartuko dira neurri babesleak, zuzentzaileak, konpentsatzaileak eta segimendukoak, baita hurrengo apartatu hauetan xedatutakoaren arabera eta, aurrekoa galarazten ez dutenetan, ingurumen-azterketa estrategikoan aurreikusitakoaren arabera ere.

Halaber, planak zehaztapen hauek jaso beharko ditu:

D.1.– Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko neurriak.

Plana Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioari buruzko irailaren 30eko 165/2008 Dekretuan jasotako leku batean gauzatuko da. Hein horretan, gogorarazten da aipatu Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legeak 31.4 artikuluan xedatzen duena, han esaten baita lurzoruaren kalitatearen adierazpena antolamendua xehatua barne hartzen duten hirigintza-tresnak behin betiko onartu aurretik egin beharko dela; edo, halakorik ezean, jarduera hirigilearen programari edo lekua barne hartzen duen kudeaketa-esparruko birpartzelazio- eta urbanizazio-proiektuei hasierako onarpena eman aurretik.

D.2.– Zaraten eraginak gutxitzeko neurriak.

Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, ezin izango dira gauzatu garapen berriak kanpoko ingurunean kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez badira, hargatik eragotzi gabe dekretu horren 43. eta 45. artikuluetan xedatutakoa.

D.3.– Ebaluazioaren xede den planean barne hartutako proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko jarraibideak.

D.3.1.– Urbanizazio-obrak, eta haien artean indusketa-lanak, indusketa selektiboen planen arabera eta lurzoruaren kalitateari buruzko prozedura horretan (ekainaren 25eko 4/2015 Legean) ezarritako baldintzetan egingo dira, kokapena aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko. Halaber, lurzoruaren kalitateari buruzko Ebazpen horretan ezartzen diren erabilera-mugak beteko dira.

Hala ere, obrek dirauten bitartean lurra kutsatzen duten jarduerak edo instalazioak izan dituen beste lekurik aurkitzen bada, edo lurzorua kutsatzen duten gaien zantzu argirik bada, kasu horietarako ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoa beteko da.

D.3.2.– Jardunbide egokien eskuliburuan jasotako neurriak hartu beharko dira obretan, lurren eta soberakinen kudeaketan, hondakinen sorkuntzan eta kudeaketan, induskatutako lurzoruen kontrolean, eta airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesean. Bereziki honako hau:

– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea, etab.

– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obrak egin eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko arauetan xedatutakoa beteko da.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.

– Hondakin arriskutsuak jasotzen dituzten ontziek uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte (833/1988 Errege Dekretua, Hondakin toxikoei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzekoa).

– Olio erabiliak kudeatuko dira Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera.

– Induskatutako lurzoruen kontrola: Leioako Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

– Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

– Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

– Urak babestea: urbanizazio- eta eraikuntza-proiektuek lurrazaleko uretara solidoak ahalik eta gutxien iristeko neurriak aurreikusi beharko dituzte, adibidez, jalkitze-tangak, sedimentuentzako tranpak edo iragazkiak.

– Ez da, inola ere ez, espezie aloktonorik erabiliko (adibidez, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana), eta lurrak mugitzen direnean espezie horiek ez hedatzeko neurriak hartuko dira. Horrez gain, betelanetan, landareztatzean eta urbanizazioko lorategiak jartzean erabiliko den landare-lurraren nahiz maileguko materialen jatorria eta osaketa kontrolatuko dira.

– Eraikingintza eta eraikuntza jasangarrienerako behar diren ezaugarriei dagokienez, «EAEko etxebizitzen eraikuntza eta birgaikuntza jasangarriaren Gidaliburuan» jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

– Materialak. Lehengai berriztaezinen kopurua murriztea.

– Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortzen den energiaren kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago igortzea.

– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

E) Ingurumen-efektuaren jarraipena egiteko plana.

Ingurumen-azterketa estrategikoak ikuskatze-programa egoki bat deskribatzen du, Planaren aplikazio egokia bermatzeko eta, hala badagokio, aurreikusitakoak ez diren beste ingurumen-efektu batzuk antzemateko. Hainbat kontrol proposatzen dira, Planaren esparrukoa den proiektuaren obra-faserako; jarraipen-adierazleen eta atalase-balio jakin batzuen arabera burutu beharreko jarduketa batzuk dira kontrol horiek.

Bigarrena.– Plana onartzeko, bi urteko gehieneko epea ezartzen da, ingurumen-adierazpen estrategiko hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Epe hori igarota, proiektua onartu ez bada, ingurumen-adierazpen estrategiko honen indarraldia amaituko da, eta ez da gehiago eraginkorra izango. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren izapidea, non eta ez den ingurumen-adierazpen estrategikoaren epea luzatzea adosten. Hori guztiori, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 27. artikuluarekin bat etorriz.

Hirugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Laugarrena.– Leioako Udalari ebazpen honen edukia jakinaraztea.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko uztailaren 19a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala