Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

150. zk., 2019ko abuztuaren 9a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
3825

AGINDUA, 2019ko uztailaren 24koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, Euskadiko industrialdeetan belaunaldi berriko banda zabaleko sareak hedatzeko laguntzen programa arautu eta horietarako deialdia egiten duena, 2019ko ekitaldirako.

2016ko martxoan 2020ko Euskadiko Agenda Digital berria onartu ondoren (aurrerantzean AD@2020), instituziook apustu garbia egin dugu Euskadin Interneterako sarbidea eta konektibitatea banda zabal ultralasterrez (NGA) eskaintzearen alde, bai enpresentzat (hiriguneetatik urrun dauden industrialdeetan kokatuta dauden enpresak barne) bai familientzat (populazio dentsitate txikiko eremuetan nahiz populazio nukleo txikietan bizi direnak ere barne).

AD@2020ren arkitektura 4 jardute ardatz nagusitan egituratzen da, eta jardute ardatz horiek 11 erronka handiren inguruan ardazten dira. Erronka horiek bete ahal izateko, AD@2020n 60 ekintza konkretu baino gehiago jasotzen dira (laguntza programak, zerbitzuak eta egitasmo desberdinak). Hona hemen AD@2020 osatzen duten ardatzak:

– Enpresak Merkatu Digital Globalizatuan ardatza.

– Gizarte Lehiakor eta Aktiboaren ardatza.

– Administrazioa Ingurune Digitalean ardatza.

– Lurralde Adimendun eta Kohesionatuaren ardatza.

Hala, AD@2020n jasotzen diren 4 jardute ardatzen artean bat «Lurralde Adimendun eta Kohesionatuaren ardatza» da, zeinaren helburuetako bat enpresei eta etxeei NGA sareetarako sarbidea bermatzea baita.

Era berean, Enpresak Merkatu Digital Globalizatuan izeneko ardatzak aurrera egin nahi du industria adimendunean, batez ere Basque Industry 4.0 Estrategian fokua jarrita eta Euskadiko RIS3 Espezializazio Adimendunaren Estrategian zehaztutako sektoreetara orientatuta, sektore horiei eusten dieten garapen teknologiko berriek eskaintzen duten ahalmenaren bidez, eta negozio eredu berriak ere kontuan hartuz.

Horri dagokionez, administrazioetatik laguntza programak bultzatzen ari dira erabaki sendoz, enpresaren alorrean Elektronika, Informatika eta Komunikazioen Teknologiak (EIKT) aplikatzeko, bereziki manufaktura aurreratuaren alorrean. Programa horietan ari dira oinarritzen arlo hauen inguruko hainbat proiektu: Zibersegurtasuna eta Industria Komunikazioak, Cloud Computinga, Datuen Analitika Aurreratua eta Business Intelligencea, Robotika Konektatua, Ikusmen Artifiziala eta Sentsorika. Proiektu horiek guztiak fabrikazioari aplikatutako CPSen (Cyber Physical Systems) esparruan mugitzen dira, eta egunetik egunera gero eta konektibitate eta datuen biltegiratze eta prozesamendu handiagoa behar dute. Hala, enpresek ezin izango dituzte balio erantsiko zerbitzuak eskuratu (cloud zerbitzuak, datuak urrunean ostatatzea, kudeaketa banatuko aplikazioetarako sarbidea, informazioaren segurtasun kopiak, etab.), ez badute banda zabaleko zerbitzu ultralasterrak kontratatzeko aukerarik.

Horrenbestez, beharrezkotzat jotzen da industria enpresek Interneten sartzeko oso abiadura handiko zerbitzuak edukitzea, datuak bi norabideetan mugarik gabe transferitzeko ahalmenarekin, jarduera ekonomikoa kontzentratzeagatik beharrezko duten arlo guztietan (Industrialdeak). Sare horiek derrigorrez eskaini beharko lituzkete, kasu guztietan, gutxienez 300 Mbps simetriko bermatu.

Telekomunikazio azpiegiturak hedatzeko ahalegina indartzen jarraitu behar da, belaunaldi berriko teknologiak gero eta gehiago erabiltzen direlako, eta banda zabala hedatu egin behar delako bai metaketa industriala dagoen guneetara, bai eskaera txikiagoko eremuetara, esaterako, landa eremuetara eta iristen zailak diren lekuetara.

Ildo horretan, egiaztatu denez, Euskadiko enpresa parkeetan kokatutako enpresak banda zabal ultralasterreko zerbitzuez hornitzeko azpiegituretan gabeziak daude. Elementu horrek berebiziko garrantzia du datozen urteetan Basque Industry 4.0 Estrategia lantzeko.

Bestalde, aipatzekoa da Europako Batzordeak hainbat helburu planteatu zituela 2020 horizonterako, «Europako Agenda Digitala» delakoaren barruan, eta bertan zera jasotzen zela:

1.– 2020an Belaunaldi Berriko Banda Zabala (gutxienez 30 Mbps) biztanleria osora unibertsalizatzea.

2.– 2020an biztanleen % 50ek > 100 Mbps abiadurako Banda Zabal Ultralasterreko zerbitzuak «kontratatuta» edukitzea.

Hain da horrela, azkenaldian, Europako Batzordeak «Europako Gigabit Gizarterako konektibitatea» izenekoarentzako oinarriak ezarri dituela, non proposatzen duen intentsiboki digitalak diren enpresek 1 Gbps simetrikoko Interneterako konexioa edukitzea 2025erako.

Argigarria da ikustea Europako Batzordean azkenaldiko politika erregionalen jarraibideetan politika publikoetatik belaunaldi berriko azpiegiturak garatzea bultzatzeko ekintzak egiteko aukera sartu eta sustatu dutela, esaterako, EBren Zuzentarauak banda zabaleko sareak azkar hedatzeko laguntza estatalei buruzko arauak aplikatzeko, 2013-01-26ko DOUE C 25, edota jarduera horiek Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko UE 651/2014 Erregelamenduan sartu direla, zeinaren bitartez adierazten den hainbat laguntza kategoria bateragarriak direla barne merkatuarekin, 2014-06-26ko DOUE L 187 Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz, bere interes estrategikoagatik. Edonola ere, ez da ahaztu behar sektorea liberalizatuta dagoela eta, ondorioz, telekomunikazioen merkatuan dauden arauei erreparatu behar zaiela.

Elementu horiek guztiak ikusita, badirudi egokia dela gaia birplanteatzea eta ekintza publiko irmoa abiaraztea, beharrezko konektibitate mailak lortu ahal izateko, Europako Agenda Digitalaren helburuei eta European Gigabit Societyrako 2025erako erronkei jarraituz, operadoreek hedatzeko duten gaitasunean oinarrituta eta, azkenik, gizarte osoari (enpresak eta etxeak) erabilgarritasuna ziurtatzeko, prezio eskuragarrietan.

Horrenbestez, Agindu honek merkatuaren gabeziak konpontzen laguntzeko dirulaguntzak emateko arauen oinarriak xedatzen ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko industrialdeetan banda zabal ultralasterreko sareen hedapena bultzatzeko.

Dirulaguntza horiek Europako Batzordearen 651/2014 Erregelamenduan (UE) 2014ko ekainaren 17koan, jakinarazpenetarako xedatutako salbuespena dute, zeinean barne merkatuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria jakin batzuk adierazten diren, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

Halaber, ekainaren 5eko 462/2015 Errege Dekretuak –zeinak banda zabaleko sareen eskaintza eta erabilgarritasuna sustatuz informazioaren gizartea bultzatzeko xedea duten laguntza publikoen arloan administrazio publikoen arteko koordinazio tresnak eta prozedurak arautzen dituen– xedatzen duenez, laguntza programa honek oinarri hauen xede diren laguntzen bateragarritasunari buruzko aldeko txostena lortu du Agenda Digitalerako Estatu Idazkaritzaren eskutik. Horrek egiaztatu egiten du Administrazio Publikoen arteko koordinazio egokia Informazioaren Gizartea sustatzeko laguntza publikoei dagokienez, banda zabaleko sareen eskaintza eta erabilgarritasuna sustatuz.

Gobernu Kontseiluak, 2016ko uztailaren 19ko bilkuran, erabaki du Ekonomiaren Sustapenerako Euskal Kontseiluaren 2015eko abenduaren 11ko proposamena onartzea, «Euskadiko industrialdeetan belaunaldi berriko banda zabaleko sareak hedatzeko» Programari buruz, 10.700.000 euroko zenbatekoarekin, Proiektu Estrategikoen Funtseko soberakinen kargura, eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari –egungo Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari– aipatutako programa garatzeko espedientea tramita dezan eta arautzeko oinarriak onar ditzan agintzea.

Baliabide gehigarriz hornitzeko, Gobernu Kontseiluak, 2018ko urriaren 23ko bilkuran, Ekonomiaren Sustapenerako Euskal Kontseiluaren 2018ko irailaren 11ko proposamena onartzea erabaki zuen. Proposamen horren helburua zen funtsak handitzea, «Euskadiko industrialdeetan belaunaldi berriko banda zabaleko sareak hedatzeko» programan erabili ahal izateko, Proiektu Estrategikoen Funtseko soberakinen kargura.

Ildo horretan, 2016ko abuztuaren 1ean, 2017ko uztailaren 10ean eta 2018ko azaroaren 5ean, «Euskadiko industrialdeetan belaunaldi berriko banda zabaleko sareak hedatzeko laguntzen programako» Laguntzen Aginduak argitaratu ziren Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, 2016ko, 2017ko eta 2018ko ekitaldietarako. Fase hori gaindituta, eta belaunaldi berriko banda zabaleko sareak hedatzeko laguntzak ebatzita, oraindik ere industrialde ugari geratu dira gune zurian, 2019ko ekitaldirako jarduketa berri baten faltan, 2016ko, 2017ko eta 2018ko ekitaldietan NGA sareetarako sarbide gabe geratu ziren enpresa industrialdeetan telekomunikazio sareen hedapena bultzatzeko.

Laguntzen Agindu hori Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota dago, zeina Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2019ko martxoaren 6ko Aginduaren bidez onartu baitzen, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan xedatutakoa betez.

Jarraibide horien arabera, arau hauek xedatutakoa kontuan hartuta: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen IV. titulua, hau da, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako testu bategina; Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, zeina 887/2008 Errege Dekretuak garatzen baitu, eta Europako Batzordearen 651/2014 Erregelamendua, 2014ko ekainaren 17koa, zeinak barne merkatuarekin bateragarriak diren laguntzen zenbait kategoria adierazten baititu, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz, zeina 2014-06-26ko DOUE, L 187. zenbakian argitaratu baitzen, belaunaldi berriko banda zabaleko sareak Euskadiko enpresa industrialdeetara hedatzeko 2019ko ekitaldirako laguntzak arautzeko eta horietarako deialdiak egiteko.

Eta, horren arabera,

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da jarduera ekonomikoak, ahal dela industrialak, hartzen dituzten edo hartzea aurreikusita duten Euskadiko gune geografikoetan banda zabal ultralasterreko sareak hedatzeko laguntzak arautzea, gune horiek «NGA gune zuritzat» hartzen badira, hau da, NGA Banda Zabaleko baldintzetan Interneten sartzeko zerbitzuak ahalbidetzeko telekomunikazioen azpiegiturarik egon ez eta datozen 3 urteetan egotea espero ez den guneak badira.

Agindu honetan jasotako laguntzek men egiten diote Europako Batzordearen UE 651/2014 Erregelamenduari, 2014ko ekainaren 17koari, zeinaren bitartez adierazten den hainbat laguntza kategoria bateragarriak direla barne merkatuarekin, 2014-06-26ko DOUE L 187 Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz 52. artikuluari, banda zabaleko azpiegituretarako laguntzei buruzkoari.

2. artikulua.– Denbora esparrua.

Laguntzen programa honek 2019ko ekitaldian izango ditu ondorioak.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– 1. artikuluaren xedera zuzendutako baliabide ekonomikoak 1.976.833,17 eurokoak dira.

2.– Aipatu baliabideak Proiektu Estrategikoen Funtsetatik etorriko dira, eta Sociedad Capital Desarrollo de Euskadi, Socade, SA elkarteak kudeatuko ditu, horrekiko lankidetza hitzarmenean ezarritako moduan.

4. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Agindu honetan adierazitako dirulaguntzen onuradunak izan daitezke sektore pribatuko pertsona fisikoak edo juridikoak, behar bezala gaitutako operadorearen izaera badute, Telekomunikazioei buruzko maiatzaren 9ko 9/2014 Lege Orokorraren 6. eta 7. artikuluetan xedatutakoaren arabera, eta baita pertsona fisiko edo juridiko horien elkarteak ere; eta metaketa onartu egingo da, kasu horretan, behar bezala gaitutako komunikazio operadorearen izaerari dagokionez eskatzen diren baldintzak betetzeko modu gisa.

Elkarte fisiko edo juridikoez ari bagara, berariaz jasota geratu beharko dira, eskabideari erantsitako dokumentu batean, elkarteko kide bakoitzak bere gain hartutako gauzatze konpromisoak eta bakoitzak gauzatu beharreko aurrekontuaren zenbatekoa, zeintzuek pertsona onuradun izaera ere edukiko duten. Nolanahi ere, elkartearen ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko da, zeinak behar adina ahalorde izango baitu, pertsona onuradun gisa, elkarteari dagozkion obligazioak betetzeko. Elkartea ezin izango da desegin Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 39. eta 65. artikuluetan xedatutako preskripzio epea igaro arte, ez eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 44. artikuluan xedatutakoa igaro arte ere.

2.– Agindu honetan adierazitako dirulaguntzak eskuratu ahal izango dituzte Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak beteta dituzten erakundeek, dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta badituzte.

3.– Dirulaguntzen onuraduna izateko, enpresa eskatzailea ez da dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin penalki edo administratiboki zigortuta egongo, eta ez da horretarako desgaitzen duen legezko debeku batean nahastuta egongo; horien artean, sexu diskriminazioagatik gertatutakoak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen Amaierako Seigarren Xedapenean xedatutakoaren arabera.

4.– Agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradunak izatetik kanpo geratuko dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan xedatutako zirkunstantziaren batean dauden pertsonak edo erakundeak, Europar Batasuneko Batzordearen aurretiazko erabaki baten ondoren berreskuratzeko agindu baten menpe daudenak, zeinak dirulaguntza bat legez kanpokoa eta merkatu erkidearekin bateraezina dela adierazi duen, eta krisian dauden enpresak, krisian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatu eta berregituratzeko estatuko laguntzei buruzko Zuzentarauen definizioaren arabera (DO C249, 2014-07-31).

5.– Onuraduna izateko baldintza mantendu egingo da dirulaguntza indarrean dagoen denbora guztian.

5. artikulua.– Laguntzaren xede diren proiektuak eta jarduerak.

1.– Laguntza lortu ahal izango dute jarduera ekonomikoaren arloko oso abiadura handiko belaunaldi berriko (NGA) sarbide sareak hedatu nahi dituzten industrialdeetako proiektuek, bi norabideetan datuen transferentzia mugagabea ahalbidetzen badute, zerbitzuaren ezaugarriak aldatu gabe, zehaztapen hauek betez: amaierako erabiltzaile bakoitzeko gutxienez 300 Mbps simetrikoko abiadurak ahalbidetuko dituzten NGA sareak beharko dira, erabiltzailearengandik hurbilen dagoen sareko ekipamenduaren irteeran neurtuta.

Industrialdetzat joko dira, bestalde, Euskal Autonomia Erkidego barruan enpresak kokatzen diren edo kokatzeko plana duten eremu geografikoak.

Proiektu horiek gauzatzeko aukeratu daitezkeen guneak bat datoz oso abiadura handiko sarbide sare berrien estaldurarik ez duten industrialdeetan identifikatutako gune guztiekin, eta datozen hiru urteetan inolako operadorerik estaldura bertan hedatzeko planik ez badu. Eranskinean eta orrialde hauetan daude jasota:

https://euskadi.eus/tramitar-por-internet/web01-s2kono/es/ (gaztelaniaz).

https://euskadi.eus/internet-bidezko-tramiteak/web01-s2kono/eu/ (euskaraz).

Aurkeztutako proposamenek kontuan hartu beharko dute banda zabal ultralasterreko zerbitzuen hedapena helburu diren industrialdeen zerrendan jasotako industrialde guztietarako dela.

Laguntzak soilik onartuko dira puntuaziorik handiena lortzen duen proiekturako, arau honetan ezarritako ebaluazio irizpideen arabera.

Proiektuen helburua izango da oso abiadura handiko sarbide sareak hedatzea, eta helburu diren industrialde desberdinetan hedatu beharreko sarbide sareei konektibitatea emateko beharrezkoak diren sare tarteak sartu ahal izango dira.

2.– Proiektuek lurralde eremu bakoitzerako egokiena den soluzio teknologikoa adierazi beharko dute, eta dirulaguntzetarako ez da baldintza izango soluzio teknologiko jakin bat hedatzea; baldintza izango da multimedia komunikazio elektronikoak denbora errealean egitea, eta horretarako gutxieneko betebehar hauek ezartzen dira:

– Sareak batez ere erabiliko dira xede guneetako erabiltzaileek erabili ahal izateko komunikazio elektronikoen zerbitzuak emateko (ez dira diruz laguntzeko elementutzat joko erabiltzaileen multzo mugatu bati zerbitzua emateko sare pribatuak, ezta ere sare tronkal hutsak ez badaude zuzenean zuzenduta xede industrialdeetako amaierako erabiltzaileei zerbitzuak ematera).

– Fluxuaren bermeak % 80koa izan beharko du denboraren % 95ean.

– Halaber, bi norabideetan datuen transferentzia mugagabea ahalbidetu beharko da, zerbitzuaren ezaugarri guztiak aldatu gabe mantenduz, oso populatuta dauden guneetako merkatuaren eskaintzen antzeko baldintza ekonomikoetan.

– Zerbitzuaren erabilgarritasuna segurtatu beharko da adierazitako baldintzetan, gutxienez denboraren % 98rako hilabete bateko tartean, amaierako erabiltzaile bakoitzeko.

– Segurtatu beharko da datuak transmititzeko zerbitzuaren kalitate parametroek multimedia komunikazio elektronikoen zerbitzuei denbora errealean eusten dietela. Horretarako, erreferentziazko NEBA indarreko handizkako eskaintzaren balioak erabiliko dira erreferentzia gisa. Eskaintza hori CNMCk araututakoa da.

– Zerbitzuaren altarako eskariei gehienez ere 30 egun naturaleko epean erantzutea, betiere ez bada eskatu behar lizentziarik, edo okupazio edo pasatzeko eskubide berezirik, edo ez badago alta lortzeko operadoreari egotzi ezin zaion beste kausaren bat, kasu horietan atzerapen horiek deskontatu ahal izango baitira alta emateko denbora neurtzeko, eskatzaileari aurretiaz jakinarazi eta gero.

– Zerbitzua etetea eragiten duten gertakarien % 95 gutxienez gehienez ere 24 orduko epean konpontzea.

Eskatutako gutxieneko baldintza teknikoak, edo, hala badagokio, operadore onuradunaren proposamenean txertatutako baldintza hobetuak txikizkako zein handizkako zerbitzu eskaintzan bete beharko dira, hirugarrenek operadore onuradunaren sarearen gainean eskainitako txikizkako zerbitzuen erreplikagarritasun teknikoa bermatzeko helburuarekin.

3.– Proiektuak gauzatzeko gehieneko epea 12 hilabete izango da, laguntzak ematen direla jakinarazten den datatik kontatzen hasita. Dena dela ere, epe hori guztira 18 hilabetera luzatu ahal izango da, betiere enpresak sarea hedatzeko lanak ebazpenaren jakinarazpenaren unean hasi baditu, eta bakarrik behar bezala justifikatzen bada atzerapena telekomunikazio operadorearen beraren kanpoko arrazoiengatik gertatu dela.

4.– Ekonomia eta Enpresa Ministerioaren Agenda Digitalerako Estatu Idazkaritzaren belaunaldi berriko banda zabala hedatzeko programaren (PEBA-NGA) edo dirulaguntza publikoen beste edozein programaren kargurako proiektuetan laguntzak eskatuta, proposatuta edo emanda dituzten enpresaguneak edo industrialdeak ez dira programa honetako laguntzen hartzaileak izango.

6. artikulua.– Handizkako zerbitzuak.

1.– Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak beste baldintza batzuk ezarri ezean, dirulaguntzen onuradunek betebeharra izango dute eskaera egiten duten beste operadoreei «bitstream» fluxu mota bitarraren handizkako sarbide efektiboa eskaintzeko diruz lagundutako azpiegituretara, gutxienez zazpi (7) urteko epean. Proiektuan zuntz optikoaren hedapena sartzen bada, sarbide horrek aukera eskainiko du baita ere zuntz ilunera sartzeko, desagregazio oso eta egiazkoarekin; baita konduktu, zutoin, armairu, kutxatila eta obra zibileko gainerako elementuetan sartzeko aukera ere. Azken horietarako sarbideak ez du denbora mugarik izango. «Backhaul» sareei dagokienez, alokatutako lineen edo puntuz puntuko zirkuituen handizkako zerbitzua, eta are zuntz ilunaren alokairua ere, sartu beharko dira, sarea inplementatzeko erabilitako teknologiaren arabera.

Desagregazioaz eta linea fisikorako sarbideaz gain, NGA sarea hedatzeko aukeratutako teknologiaren arabera, benetako eskaria balego, desagregazio birtualeko handizkako zerbitzua eman beharko litzateke, hau da, sarbide aktibo bat sareen interkonexio batekin, sarbide sareko zentral nagusian bertan, litekeena baita laguntzaren hartzailearen hirugarren operadore batzuek lehenetsitako aukera izatea.

Aipatutako handizkako zerbitzu guztiak baldintza bidezko eta ez-diskriminatzaileetan eman beharko dira.

Eskainitako sarbide abiadura, gutxienez, proiektuaren oinarrietan eskatzen dena izango da, eta betiere operadore onuradunak eskainitako txikizkako zerbitzuen erreplikagarritasuna ahalbidetu beharko du.

Handizkako sarbide efektibo horren prezioen erreferentzia izango dira Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak (CNMC) Merkatuan Botere Esanguratsua duten Operadoreei antzeko zerbitzuetarako ezarritako handizkako prezioak, zeinak gehienezko preziotzat hartuko diren. Ez badago erreferentziazko eskaintza baliokiderik, erreferentzia izango dira Espainian dauden batez besteko prezioak (gune konparagarri lehiakorragoetarako) eta horrelako erreferentziarik ere ez badago, aplikatuko dira laguntzaren xede den proiektu honetan sartutako zerbitzuetarako araugileak darabiltzan prezioak, printzipioak edo prezioak kontrolatzeko tresnak (esaterako, erreplikagarritasun ekonomikoaren testa, zeina marjina hertsadurak kontrolatzera bideratzen baita, dagokionaren arabera). Edonola ere, bertikalki integratutako operadore batez ari bagara, zehaztutako prezioek aukera eman beharko dute txikizkako eskaintzak erreplikatu ahal izateko eta operadore onuradunaren txikizkako adarrarekiko diskriminaziorik ez gertatzeko.

Diruz lagundutako proiektuen barruan kondukzioak egiten badira, horiek behar bezain handiak izango dira hainbat kable/zuntz sare eta hainbat sare tipologia hartzeko, Europako Batzordearen UE 651/2014 Erregelamenduaren 52. artikuluan xedatzen denaren arabera, zeinaren bitartez adierazten den laguntzen hainbat kategoria bateragarriak direla barne merkatuarekin, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

2.– Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak laguntza ematen duen organoari aholku eman ahal izango dio oinarri honetako handizkako sarbidearen prezioei eta baldintzei dagokienez. Gainera, sarbidea eskatzen duten operadoreen eta laguntzen onuradun diren operadoreen arteko gatazkak ebatziko ditu, eta jarraibideak emango ditu oinarri honek aipatzen duen handizkako sarbidearen obligazioa egiazki betetzeko.

3.– Lehia txikiko guneetan jardun nahi denez, banda zabala jartzeko laguntzei buruzko erkidegoko jarraibideen 80.a) atalarekin bat etorrita, handizkako produktuen eskaintzaren xehetasuna, eta azpiegiturak egin beharreko ekintzak egitea, zehaztu egingo dira baldin eta hirugarren operadore baten zentzuzko eskaria dagoela egiaztatzen bada. Eskaria zentzuzkotzat joko da sarbidearen eskatzaileak negozio plan koherente bat ezartzen badu, diruz lagundutako produktuaren garapena justifikatzen duena. Edozelan ere, handizkako zerbitzuen eskaintzak bermatu egin beharko du laguntzaren onuradunak eskaintzen dituen txikizkako zerbitzuen erreplikagarritasun tekniko eta ekonomikoa.

Operadore onuradunak hedapena amaitu aurretik handizkako sarbide eskaerak egongo balira (aipatu den bezala, hirugarren operadore baten arrazoizko eskaeran oinarrituta), handizkako eskaintzaren xehetasunak interesa duten gainerako operadoreen eskura jarri beharko dira, onuradunak NGA sarearen txikizkako ustiapena hasi baino behar beste lehenago, diskriminaziozko tratua saihesteko laguntzaren onuraduna den operadorearen txikizkako adarraren eta handizkako sarbidea eskatu duten operadoreen artean (horrelakorik egonez gero).

7. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastu eta inbertsioak.

1.– Diruz lagundu daitezkeen gastu eta inbertsiotzat joko dira hautatzen diren proiektuei zuzenean lotuta egon eta horiek gauzatzeko beharrezkoak direnak, eta eskaera aurkezten denetik proiektua amaitu arteko aldian gauzatzen direnak, eta gainerako operadoreek erabil ditzaketen sareko azpiegiturak sortzeko edo egokitzeko beharrezkoak direnetara mugatuko dira.

2.– Diruz lagundu daitezkeen gastu eta inbertsiotzat joko dira azpiegituraren hedapenari lotutako inbertsioarekin lotura zuzena duten kontzeptu hauek:

a) Azpiegiturak eta obra zibila.

b) Ekipamendua eta beste material batzuk.

c) Pertsonal gastuak: kontzeptu honetan sartzen dira onuradunaren pertsonal tekniko propioak proiektuari zuzenean eskainitako orduak. Kontzeptu honetatik kanpo gelditzen da administrazio, kontabilitate, giza baliabide, kudeaketa, marketin eta zuzendaritza arloetako langileak, eta antzekoak (onartutako aurrekontuaren % 7ra arte gehienez ere).

d) Proiektuari egotz dakizkiokeen beste kostu orokor edo zeharkako batzuk: banda zabaleko sarea –proiektuaren xedea– sortzeak edo berritzeak zeharkako kostuak sortzen dituenean, hautagarriak izango dira, eta diruz lagundu daitekeen pertsonal gastuaren % 15 sartu ahalko da gehienez ere zuzeneko kostuetan.

e) Proiektuaren kostuen auditoriaren kostuak, dirulaguntza justifikatzeko zenbatekoaren gainean. Auditoriaren kostua gehienez ere emandako dirulaguntzaren % 1ekin lagunduko da. Gehieneko muga: 10.000 euro.

3.– Diruz lagundutako jarduerak azpikontratatzeko Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 68. artikuluan xedatutakoa bete beharko da. Ulertzen da onuradun batek azpikontratatuko duela baldin eta diruz lagundutako jardueraren gauzapen osoa edo partziala hirugarrenekin hitzartzen badu. Kontzeptu horretatik kanpo geratzen dira onuradunak diruz lagundutako jarduera bere kasa egiteko egin behar dituen gastuak.

Proiektuaren zati bat azpikontratatzen bada, onuradunak diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 50 gaindituko ez duen portzentaje bateraino azpikontratatu ahal izango du.

Inola ere ezingo dira jarduerak azpikontratatu, baldin eta diruz lagundutako kostua igotzen badute eta ez badiote jardueraren edukiari baliorik eransten.

Azpikontratazioak dirulaguntzaren % 20 gainditzen badu, eta zenbateko hori 60.000 euro baino gehiago bada, azpikontratazioak baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Kontratua idatziz egin behar da.

b) Kontratuak dirulaguntza ematen duen erakundearen aurretiazko baimena izan behar du.

Kontratu bat ezingo da zatitu bere zenbatekoa gutxiagotzeko eta aurreko atalean adierazitako baldintzak betetzea saihesteko.

Azpikontratatuak onuradunaren aurrean baino ez dira behartuta egongo, eta azken horrek hartuko du bere gain diruz lagundutako jarduera egitearen erantzukizuna Administrazioaren aurrean.

Aurreko atalean xedatutakoaren ondorioetarako, onuradunek bere gain hartuko dute, diruz lagundutako jarduera hirugarrenekin hitzartuta egiten badute, dirulaguntza arautzen duen araudian ezarritako mugak betetzearen erantzukizuna, diruz lagundu daitezkeen gastuen izaerari eta zenbatekoari dagokionez, eta kontratistek lankidetzarako betebeharra bete beharko dute muga horiek bete egiten direla modu egokian egiaztatzeko.

Onuradunak, diruz lagundutako jarduerak osorik edo partzialki hitzartzeko, inola ere ezin izango du hauekin hitzarmenik egin:

a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan jasotako debekuetan sartuta dauden pertsonak edo erakundeak.

b) Kontratazioaren xede den jarduera egiteko beste dirulaguntza batzuk eskuratu dituzten pertsonak edo erakundeak.

c) Bitartekariak edo aholkulariak, horientzako ordainketak operazioaren kostu osoaren portzentaje moduan zehazten badira, ordainketa hori egindako lanaren edo zerbitzuen merkatuko balioaren erreferentziarekiko justifikatuta dagoenean izan ezik.

d) Onuradunari lotutako pertsona edo erakundeak, zirkunstantzia hauek gertatzen direnean izan ezik:

1) Kontratazioa merkatuaren ohiko baldintzen arabera egitea.

2) Dirulaguntza eman duen organoaren aurretiazko baimena lortzea, oinarri arautzaileetan xedatutako terminoetan.

e) Deialdi eta programa berean laguntza edo dirulaguntza eskatu duten pertsonak edo erakundeak, baldintzak bete ez dituztelako edo behar besteko balorazioa lortu ez dutelako dirulaguntza eskuratu ez dutenak.

4.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriko dira. Diruz lagundu daitezkeen inbertsioen edo gastuen zenbatekoak inondik inora ere ez du gaindituko merkatuko balioa. Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuen Legearen azaroaren 9ko 9/2017 Legeak kontratu txikietarako xedatutako zenbatekoak gainditzen baditu, onuradunak gutxienez hornitzaile desberdinen hiru eskaintza eskatu beharko ditu, obrarako konpromisoa, zerbitzuaren prestazioa edo ondasunaren entrega kontratatu aurretik, salbu eta bere ezaugarri bereziengatik merkatuan ez dagoenean horiek egin, eman edo hornitzeko behar adina erakunde.

5.– Zeharkako zergak inola ere ez dira gastu finantzagarritzat joko, baldin eta berreskuratu edo konpentsatu badaitezke, ezta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere. Fakturan jasanarazitako Balio Erantsiaren gaineko Zerga ere ez da diruz lagundu daitekeen gastutzat joko.

Esleipenaren ebazpenean agertzen diren kontzeptu finantzagarrietako bakoitzari lotutako laguntzaren zenbatekoak laguntzaren gehieneko mugak dira.

Laguntzen xede diren azpiegiturek eta ekipamenduek proiektuaren helburuei lotuta egon beharko dute gutxienez hamar urteko epean, kontratua amaitzen denetik zenbatzen hasita, edo beraien bizitza baliagarria amaitzen den arte, hori hamar urte baino laburragoa bada.

6.– Inola ere ez dira diruz lagunduko eskaria aurkeztu aurretik konprometitu edo gauzatutako inbertsioak eta gastuak, ezta laguntzaren hartzaileak esklusiboki erabili behar duen handizkako sarbideari lotuta ez dauden azpiegituretan egindakoak ere.

8. artikulua.– Laguntzen izaera, prozedura eta mugak.

1.– Agindu honen esparruan eman beharreko dirulaguntzek, konkurrentzia lehiakorreko erregimenean, dirulaguntza ez-itzulgarriaren izaera izango dute, eta diruz lagundu daitezkeen gastu eta inbertsioen % 90 izango dira gehienez. Enpresaguneetako hedapen proiektu bakoitzari puntuazio bat emango zaio, Agindu honetan ezarritako irizpideen arabera.

2.– Agindu honen babesean ematen diren laguntzak ez dira xede berberarekin ematen diren beste laguntza, diru sarrera edo baliabide batzuekin bateragarriak, horiek edozein Administrazio edo erakunde publiko edo pribatutakoak, nazionalak, Europar Batasunekoak edo nazioarteko beste erakunde batzuetakoak izanda ere.

9. artikulua.– Eskabideak eta gainerako dokumentazioa aurkeztea.

1.– Erakunde eskatzaile bakoitzeko eskari bat baino ez da onartuko. Eskabideak aurkezteko epea Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2019ko irailaren 27an amaituko da, 15:00etan.

2.– Eskaerak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta laguntzak emateko deialdia arautzen duen Agindu honetan inplikaturiko gainerako kudeaketak baliabide elektronikoen bidez egingo dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

3.– Eskabidera, erantzukizunpeko adierazpenetara eta gainerako agirietara sartzeko, eta horiek betetzeko, egoitza elektroniko hau baino ezingo da baliatu:

https://euskadi.eus/tramitar-por-internet/web01-s2kono/es/ (gaztelaniaz).

https://euskadi.eus/internet-bidezko-tramiteak/web01-s2kono/eu/ (euskaraz).

4.– Laguntzaren eskabidea, eskatutako dokumentazioarekin batera, hautatzen den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da. Era berean, laguntzen eskabidetik ondorioztatutako ekintzetan, eta prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean xedatutakoaren arabera.

5.– Betetako eskabideak, pertsona edo erakunde eskatzailearen sinadura aitortuaz gain, hauek ere izango ditu:

– Enpresaren izena eta tamaina.

– Proiektuaren deskribapena, hasierako eta amaierako datak barne.

– Proiektuaren kokapena.

– Proiektuaren kostuen zerrenda.

– Eskari mota eta proiekturako beharrezko finantzaketa publikoaren zenbatekoa.

6.– Eskabidea enpresaren legezko ordezkariaren ahalorde notarialaren kopiekin eta enpresaren IFZrekin batera aurkeztu beharko da, eta dokumentazio hau gehituko da:

a) Erakundearen legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, bertan jasotzen den informazioaren egiazkotasunari buruzkoa, non zera zehaztuko baita:

– Erakunde eskatzailea ez da dirulaguntza itzultzeko espedientean edo espediente zigortzailean sartuta egongo, ezta ere dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin penalki edo administratiboki zigortuta ere, eta ez da horretarako desgaitzen duen legezko debeku batean nahastuta egongo, horien artean egonik sexu diskriminazioagatik gertatu direnak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legearen, otsailaren 18koaren, Amaierako Seigarren Xedapenean xedatutakoaren arabera, eta Emakumeen eta Gizonen benetako berdintasunerako 3/2007 Lege Organikoaren, martxoaren 22koaren, 45.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

– Erakundea ez dela armak ekoizten, merkaturatzen eta finantzatzen ari, Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzko EAEko abenduaren 28ko 14/2007 Legean xedatutakoaren arabera.

– Dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharrak ordainduta dituela.

– Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela.

– Erakundea ez dagoela, Europar Batasuneko Batzordeak aurrez hartu duen eta dirulaguntza bat legez kanpokoa eta merkatu erkidearekin bateraezina dela adierazten duen erabaki baten ondorioz, berreskuratze agindu baten menpe, eta ez dela krisian dagoen enpresa, krisian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatu eta berregituratzeko estatuko laguntzei buruzko jarraibideen definizioaren arabera (DO C249, 2014-07-31).

– Erakunde eskatzaileak ez daukala Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13.2 eta 13.3 artikuluetan aurreikusitako ezein debekurik, onuradun izateko.

Eskatzaileak lehen aipatutako erantzukizunpeko adierazpenean sartutako daturen bat faltsutzen badu, indarrean dagoen zigor erregimena ezarriko zaio, penala nahiz administratiboa.

b) Operadore izaera: eskatzaileak behar bezala gaitutako operadorearen izaera duelako egiaztagiria gehitu beharko da, hau da, Operadoreen Erregistroan izena emanda egotearen egiaztagiria, Telekomunikazioen maiatzaren 9ko 9/2014 Lege Orokorraren 7. artikuluan araututakoaren arabera.

c) Aurkeztutako proiektuaren memoria; hauek barne:

– Interneterako sarbidea emateko hedatuko den soluzio teknologikoaren deskripzioa. Eskaintza ekonomikoaren (hileko kostua) eta teknikoaren (bermatutako kargatze/deskargatze abiadurak) ezaugarrien deskripzioa amaierako bezeroarentzat.

– Negozio plana eta bideragarritasun ekonomikoa/finantzarioa. 3-5 urtean bezeroengandik espero diren sarrerak, inbertsioa egiteko behar diren inbertsioen eta gastuen arabera.

– Gauzatze plana:

• Faseen eta mugarrien identifikazioa. Jardueren eta erabiliko diren baliabideen xehetasunak.

• Beharrezko gastuen eta inbertsioen aurrekontu xehatua: 1. Azpiegiturak eta obra zibila, 2. Ekipamendua eta beste material batzuk, 3. Pertsonal gastuak eta 4. Proiektuari egotz dakizkiokeen beste kostu orokor eta zeharkakoak.

– Proiektuaren ustiapen eta komunikazio plana: elkarturiko arriskuen identifikazioa eta kudeaketa (kontingentziak). Ustiapen komertzialaren hasieraren aurreikuspena. Aurreikusten diren komertzializazio jarduerak.

– Handizkako sarbide zerbitzuen ezaugarriak.

– Azpiegituren aprobetxamendua. Kostuen aurrezpena, azpiegitura publikoak, propioak edo hirugarren operadoreenak erabiltzeagatik.

– Azpiegitura berriak etorkizunera begira eskaintzen dituen aukeren deskripzioa NGA sareetarako sarbidea hurbileko populazio entitate berezietara zabaltzeko, eta horien identifikazioa.

7.– Edonola ere, enpresa eskatzaileari behar adina dokumentazio edo informazio osagarri eskatu ahal izango zaio aurkeztutako eskabidea behar bezala ulertu, ebaluatu eta tramitatzeko, eta adierazten da arau honetan berariaz araututa ez dauden gauzetarako, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko dela.

8.– Dagoeneko Euskal Autonomia Erkidegoaren esku eta indarrean dauden dokumentuak aurkeztea ez da derrigorrezkoa izango. Kasu horretan, aurkeztutako eskabidea, data eta organoa edo saila adieraziko dira.

9.– Dirulaguntzen eskabideak aurkezteak esan nahi du eskatzailearen baimena dagoela laguntzen kudeatzaileak, Ekintzailetza, Berrikuntza eta Informazioaren Gizarteko zuzendariak, zuzenean eta behar adina aldiz eskuratu dezan zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direlako egiaztapena. Hala ere, eskatzaileak baimena ukatu ahal izango du berariaz, eta orduan aipatu betebeharrak betetzen dituelako egiaztagiria aurkeztu beharko du.

10. artikulua.– Aurkeztutako eskabideen zuzenketa.

Eskabidea osorik beteta ez balego edo aurreko artikuluan adierazitako dokumentazioa aurkeztuko ez balitz, erakunde eskatzaileari 10 eguneko epea emango litzaioke eskabidea osatzeko edo aginduzko dokumentuak aurkezteko, eta aldi berean jakinaraziko litzaioke hori egin ezean eskabidea ukatu egingo litzatekeela eta dagokion ebazpena emango litzatekeela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera.

11. artikulua.– Eskabideak ebaluatuko dituen organoa.

1.– Ebaluazio Organoari dagokio, horretarako sortu baita, aurkeztutako eskaerak aztertu, ebaluatu eta baloratzea, baita behin-behineko eta behin betiko onarpen proposamenak egitea ere.

2.– Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren Ekintzailetza, Berrikuntza eta Informazioaren Gizarteko zuzendari Aitor Urzelai Inza jauna izango da Ebaluazio Organoko burua. Hauek izango dira kideak: Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Industria Garapeneko zuzendari Alejandro López Cárcamo jauna, zeinak Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren 40/2015 Legean, urriaren 1ekoan, aurreikusitako kasuetan lehendakariorde jardungo duen; Arabako Foru Aldundiko Ekonomiaren Garapeneko zuzendari Javier Hernando García jauna; Bizkaiko Foru Aldundiko Enpresa Sustapen eta Ekonomiaren Garapeneko zuzendaria; Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomiaren Sustapeneko zuzendaria; SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Teknologia eta Berrikuntza Arloko zuzendari Aitor Cobanera Rodríguez jauna; eta Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Ekintzailetza, Berrikuntza eta Informazioaren Gizarteko Zuzendaritzako Ana Isabel Vitórica Leoz, zeinek Idazkari lanak egingo dituen. Ebaluazio Organoaren erabakiak gehiengoz hartuko dira, eta beharrezko parte hartzaileen gutxieneko kopurua kideen erdia gehi bat izango da.

3.– SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak egingo ditu proposamenak aztertzeko eta ebaluatzeko lan materialak, eta berak aurkeztuko ditu lan horiek Ebaluazio Organoan.

4.– Bilerak egiteko, eztabaidak egiteko eta erabakiak hartzeko, Ebaluazio Organoaren eraketa balioduna izango da Lehendakaria eta Idazkaria edo, hala badagokio, haiek ordezkatzen dituztenak bertan baldin badaude eta beraiekin batera gutxienez gainerako kideetako bat ere baldin badago. Ebaluazio Organoaren funtzionamenduari lotuta atal honetan xedatzen ez den guztiari dagokionez, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatuko da.

5.– Aurkeztutako proiektuak aztertu eta ebaluatu ondoren, behin-behineko proposamen bat egingo da, eta interesdunei aurkeztuko zaie. Interesdunek, berriz, 10 eguneko epea izango dute egoki irizten dituzten alegazioak aurkezteko, behin betiko onarpen proposamenak egin aurretik.

6.– Behin betiko onarpen proposamenean alderdi hauek jasoko dira: finantzatutako proiektua, emateko moduko dirulaguntzaren gauzatze epea eta zenbatekoa eta erakunde onuraduna. Eskaera ukatuz gero, uko egitearen arrazoiak azalduko dira.

7.– Agindu honetan jasotako dirulaguntzak ematea onartu eta, hala badagokio, ordaintzeko, baldintza hau bete beharko da: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomoek emandako izaera bereko dirulaguntzen esparruan dirulaguntzak itzultzeko edo zigortzeko hasitako edozein prozedura bukatuta egotea, oraindik prozedura horiek izapidetzen ari badira.

12. artikulua.– Ebaluazio irizpideak.

(Ikus .PDF)

* «Inbertsioaren efizientzia» irizpideari dagokionez, adierazi behar da proposamen bakoitzari (BEZa kontuan hartu gabe) esleituko zaizkion puntuak formula honen arabera kalkulatuko direla:

Po = 51 * {Im / Io}

Non:

– Po = Ebaluatzen ari den proposamenari esleitutako puntuak.

– Im = Aurkeztutako proposamen guztien gutxieneko laguntzaren zenbateko globala.

– Io = ebaluatzen ari den proposamena egin duen enpresak eskatutako laguntzaren zenbateko globala.

«Laguntzaren zenbateko globalaz» ari garenean, ulertzen da eskatzaileak aurkeztu eta diruz lagundu daitezkeen kontzeptu guztien arteko batura bider eskatutako laguntza portzentajea (laguntzaren intentsitatea) egitearen emaitzaz ari garela.

Eskumeneko balorazio bidez ebaluatzeko modukoak diren irizpideetan, proiektu bakoitzeko azpi-irizpide bakoitzerako deskribatutako alderdiak sailkatuz egingo da balorazioa, aurreko taulan adierazitako gehieneko puntuazioaren baremazio honi jarraiki:

– Bikain: % 100.

– Ondo: % 75.

– Nahiko: % 50.

– Gutxi: % 25.

– Oso gutxi: % 0.

Aurkeztutako proiektuak bereizita ebaluatuko dira, 12. artikuluan finkatutako irizpideak aplikatuz. Balorazio fasea amaitzen denean, balorazio handiena lortu duena aukeratuko da.

13. artikulua.– Dirulaguntza emateko prozedura, jakinarazpena, baliabideak, ebazpena eta kudeaketa.

1.– Aurkeztutako eskaerak prozedura bakarrean tramitatuko dira, eta ebazpena, erakunde interesdunek planteatutako gai guztien gaineko erabakia jasoz, Gobernu Kontseiluak eman beharko du, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak hala eskatuta, zeinak ebaluazio organoak formulatutako proposamena helaraziko duen.

2.– Ebazpenean zera jasoko da gutxienez:

a) Dirulaguntza emango zaion proiektuaren identifikazioa, hauek adieraziz: gauzatzeko epea, emandako laguntzaren zenbateko orokorra eta erakunde onuraduna, lortutako puntuazioaren arabera.

b) Deialdiaren eskakizunak ez betetzeagatik ukatzea proposatzen diren eskaeren zerrenda. Zerrendarekin batera, ukatzeko proposamenaren oinarrian dauden arrazoiak azalduko dira.

c) Aurrerakin gisa ordaindu ahal izango diren zenbatekoen xehetasunak: gehienez ere, emandako laguntzaren % 50; betiere, baldin eta onuradunak hala adierazi baldin badu aurkeztutako proiektuan, eta berariaz eskatzen badu, zenbateko jakin baten truke, dirulaguntza emateko ebazpenaren berri eman ondoren.

Ebazpenak eranskin bat izango du, erakunde onuradunari onartu zaion proiektuekin. Eranskinean, halaber, proiektuak gauzatzeko epeei, espedientearen amaierara arte jarraitu beharreko urratsei eta deskargu fasean entregatu beharko den dokumentazioari buruzko informazioa emango zaio erakunde onuradunari.

3.– Prozedura ebazteko eta erakunde interesdunei ebazpena jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Denbora tarte hori igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada, interesdunek beraien dirulaguntza eskaera ukatutzat jo dezakete, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako.

4.– Nahi izanez gero, Ebazpenari errekurtsoa jarri ahal izango zaio Jaurlaritzaren Kontseiluaren aurrean edo zuzenean Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren aurrean. Horretarako hilabeteko epea egongo da, berariazko egintza bada, edo edozein unetan, ustezko egintza gertatzen den egunaren biharamunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 123. eta 124. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

5.– Ebazpena erakunde interesdunei jakinaraziko zaie banan-banan; horrek ez du esan nahi, baina, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian erakunde onuradunen, diruz lagundutako proiektuen eta emandako dirulaguntzen zerrenda argitaratuko ez denik.

6.– Dirulaguntza emateko ebazpenaren ondoren, Banda Zabal Ultralasterraren Euskal Behatokiaren webgunean argitaratuko da (www.euskadibandazabala.eus) laguntzak eman zaizkien hedapenaren xede diren guneekin lotutako informazioa; tartean, onuradunaren izena, hedapena amaitzeko aurreikusitako gehieneko data, eta onuradunak bere proposamenean erabateko konpromisoa adierazi zien zerbitzu baldintzak. Informazio hori taula formatuan zein mapa formatuan emango da, Euskadiko udalerrien arabera egindako kontsultaren bitartez.

14. artikulua.– Proiektuaren justifikazioa eta laguntzen ordainketa.

1.– Proiektua bukatu ondoren, onuradunak 90 egun natural izango ditu diruz lagundutako proiektua gauzatu dela justifikatzeko, onartu zaion dirulaguntza eskuratu aurretik.

2.– Likidazio eskaerarekin batera dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

– Dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen direla justifikatzeko jarduera memoria bat, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak adieraziz; horien artean: jasotako potentziaren eta deskargatzeko abiadura jardueraren batez besteko balioak gune bakoitzean, telekomunikazio gaietan eskumena duen teknikari batek emandako ziurtagiriaren bitartez egiaztatuta.

– Egindako jardueren kostua justifikatzen duen memoria ekonomikoa, eta horren barruan:

a) Jardueraren gastuen eta inbertsioen zerrenda sailkatua, hartzekodunaren identifikazioarekin eta agiriarekin, zenbatekoarekin, jaulkipen datarekin eta, hala badagokio, ordainketa datarekin. Dirulaguntza aurrekontu baten arabera ematen bada, izandako desbiderapenak adieraziko dira.

b) Fakturak edo merkataritza trafiko juridikoan egiaztatze balio baliokidea duten agiriak edo eraginkortasun administratiboa dutenak, aurreko paragrafoan adierazitako zerrendari gehituta, eta erakunde finantzarioaren ordainketaren ordainagiria.

c) Kontu korrontearen titulartasuna eta zenbakia onuradunari dagozkiola egiaztatzeko erakunde finantzarioak emandako ziurtagiriaren kopia.

d) Hala badagokio, a) atalean aipatzen den zerrendan sartutako kostu orokorrak edota zeharkakoak banatzeko irizpideak adieraztea, salbu eta dirulaguntza arautzeko oinarrietan xedatu bada horiek oro harreko prezioaren bidez konpentsatuko direla, justifikatu beharrik gabe.

e) Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 31.3 artikulua aplikatuz, azpikontratazioa egonez gero onuradunak eskatu behar izan dituen hiru aurrekontuak.

f) Hala badagokio, aplikatu gabeko geldikinak badaude, horren itzulketa eta ondoriozko interesak ordaindu izanaren agiria.

g) Proiektua justifikatzen duen kontuaren auditoria txostena; txostenak dioenak bat etorri beharko du uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onartzen duen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduak 72. artikuluan xedatutakoarekin.

3.– Laguntzak ordaindu aurretik, erakunde onuradunak Sailaren eta, erakunde laguntzailea den heinean, SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren esku jarriko du Agindu honen 9. artikuluan aipatzen den erantzukizunpeko adierazpenean agertzen diren datuak egiaztatzeko beharrezkoa den dokumentazio guztia.

4.– Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak eta SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak erakunde onuradunak aurkeztutako datuak egiazkoak direla frogatzeko beharrezkoak diren dokumentu eta informazio guztiak eskatu ahal izango dituzte, eta eskatu ahal izango dute, halaber, diruz lagundutako jarduera osorik egin dela egiaztatzeko dokumentazioa aurkezteko. Beharrezkoa izango da, baita ere, banda zabalaren kontratua Agindu honetan eskatutako baldintzetan izenpetu izana egiaztatzea, izan tokiko enpresa batekin edo banda zabala hedatu den industrialdeko enpresa baliokide batekin, edo izan kokaleku horretan zerbitzu ematen duen txikizkako operadore batekin.

5.– Salbuespenez, onuradunak hala eskatuta, emandako dirulaguntzaren aurrerakin bat ordain lezake organo kudeatzaileak. Aurrerakin hori berme erreala eratzearen baldintzapean egongo da; betiere, 698/1991 Dekretuak, abenduaren 17koak, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duenak eskatutako zehaztapenekin. Berme erreal hori EAEko Diruzaintza Nagusiaren alde eratuko da, aurrerakinari dagokion aitorpen jakinarazpena bidaltzen den egunetik zenbatzen hasi, eta 10 eguneko epean, eta horren ordainagiria aurkeztu beharko da, Ekintzailetza, Berrikuntza eta Informazioaren Gizarteko zuzendariak dagokion ebazpena eman dezan.

Likidazio eskaerak partzialki aurkeztu ahal izango dira, osatutako hedapen proiektu jakin batzuentzat; betiere, araudi honetan xedatutako alderdi guztiak betetzen badira.

6.– Gainerako laguntza ordaindu aurretik, aurreko paragrafoan adierazitako alderdiak egiaztatu ondoren, Ekintzailetza, Berrikuntza eta Informazioaren Gizarteko zuzendariak ebazpena emango du, non erakunde onuradunari ordaindu beharko zaion diru kopuru osoa edo partziala adieraziko den, ordainketa horien zenbatekoa justifikatutako inbertsioekiko proportzionala izanik. Dirulaguntza ezin izango da ordaindu, onuradunak zerga betebeharrak eta gizarte segurantzarekiko betebeharrak egunean ez baditu edo dirulaguntzaren bat itzultzea dagokiola ebatzi bada eta oraindik itzulketa egin ez badu.

Ordainketa Sociedad Capital Desarrollo de Euskadi, Socade SAk egingo du, Erakunde Laguntzailea den aldetik, Arau honen 16. artikuluan aurreikusitako baldintzetan.

15. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak eta laguntzak aldatzea.

1.– Jarduketen barruan, eskaera egin zen unean entregatu zen memorian jasotakoak sartuko dira derrigor, eta organo kudeatzaileak, Ekintzailetza, Berrikuntza eta Informazioaren Gizarteko zuzendariak aldaketak egitea baimendu dezake, betiere amaitu aurretik erakunde onuradunak eskatu eta justifikatu badu eta haien izaera eta lortu nahi diren helburuak galtzen ez badira.

Laguntza emateko aintzat hartutako baldintzak aldatzeak, betiere laguntzaren helburua betetzat jotzen bada, edo diruz lagundutako gastuak aurrekontuan jasotakoak baino gutxiago izateak, onarpen ebazpena aldatzea ekar dezakete, bai eta emandako dirulaguntza doitzea ere, hala badagokio, baina laguntza handitu gabe.

2.– Lagundutako proiektuak esleipenaren ebazpenean onartutako denboran eta forman gauzatu beharko dira. Hala ere, laguntza emateko kontuan hartu diren baldintza teknikoak edo ekonomikoak aldatzen dituzten zirkunstantzia konkretuak gertatzen badira, laguntza emateko ebazpena aldatzeko eskatu ahal izango da. Proiektuan egiten den aldaketa orok zera eragingo du aldi berean:

a) Aldaketak ez eragitea laguntzarekin lortu nahi diren helburuei, haien funtsezko alderdiei eta onuradunaren zehaztapenari, eta ez kaltetzea hirugarrenen eskubiderik. Ondorio horietarako, ez da ulertuko aldaketak onuradunaren zehaztapenari eragiten dionik, baldin eta hasierako enpresa onuradunaren bat egite, xurgatze edo banantze operazioengatik gertatzen bada.

b) Aldaketak eskabidea egin zen unean aurreikusi ezin ziren halabeharrezko kausengatik gertatzea.

c) Aldaketa gutxienez gauzapen epea amaitu baino bi hilabete lehenago gertatzea eta berariaz onartua izatea.

d) Emandako laguntza ez handitzea.

3.– Aldatzeko eskaera memoria batekin batera joango da, zeinean aldaketen arrazoiak azalduko diren eta laguntza emateko ebazpenean eta aurreko 1. atalean ezarritako baldintzak betetzeko ezintasuna justifikatuko den.

4.– Aldatzeko eskaerak ebazteaz arduratuko den organoa laguntzak kudeatzen dituen organoa izango da. Organo horrek, halaber, hauei buruzko aldaketa txikiak ere baimendu ahal izango ditu:

a) Gauzatzeko epeak luzatzea, hasieran onartutako epearen % 50 baino gehiago ez bada.

b) Justifikatzeko epeak luzatzea, hasieran onartutako epearen erdia baino gehiago ez bada.

5.– Ebazpena emateko epea gehienez ere hiru hilabetekoa izango da, eta ezin izango da laguntzaren xede den proiektua gauzatzeko indarrean dagoen epea amaitzeko data gainditu. Proiektua amaitu aurretik ez bada ebazpenik ematen, emango den ebazpena eskaera baztertzeko baino ez da izango.

6.– Behar bezala justifikatutako kasuetan, kudeaketa organoak, laguntza emateko ebazpena aldatu beharrik gabe, ehuneko 30erainoko igoerak onartu ahal izango ditu 7. artikuluan zerrendatzen diren laguntzeko moduko kontzeptuetan, baldin eta laguntza emateko ebazpenean agertzen badira, eta beste kontzeptu batzuen murrizketarekin konpentsatu ahal izango dira, laguntzaren zenbateko osoa gainditu gabe, laguntzaren izaera eta helburuak funtsean aldatu gabe eta hirugarren eskubideak kaltetu gabe.

7.– Organo kudeatzaileak, Ekintzailetza, Berrikuntza eta Informazioaren Gizarteko zuzendariak, eskumena izango du erakunde onuradunen ukoak onartzeko, betiere idatziz eta Agindu honetako 18.1 artikuluan xedatutako epean aurkezten badira.

16. artikulua.– Erakunde laguntzaileak.

1.– Agindu honetan jasotako arauketaren arabera ematen diren laguntzen ondorioetarako, erakunde laguntzaile izendatzen dira SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia eta Sociedad Capital Desarrollo de Euskadi, SOCADE SA, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak ezartzen dituzten baldintzen pean eta Dirulaguntzei buruzko abenduaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak 15.etik 46.era bitarteko artikuluetan ezartzen duen lankidetza obligazio eta betebeharrarekin eta artikulu horretan eta dagokion Lankidetza Hitzarmenean aipatzen diren zehaztapenekin.

2.– SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak, erakunde laguntzailea denez gero, zeregin hauek izango ditu:

a) Aurkeztutako proiektuen dokumentazioa aztertzea, eta, behar izanez gero, horiek egoki ulertzeko eta aztertzeko behar den dokumentu oro eskatzea.

b) Proiektuak ebaluatzea eta ebaluazioa Ebaluazio Organoari helaraztea.

c) Laguntzak proposatzea eta proposamena Ebaluazio Organoari helaraztea.

d) Proiektuak gauzatu direla egiaztatzeko ikuskapenak egitea.

e) Proiektua gauzatzearekin zerikusia duten intzidentziengatiko ez-betetzeen espedienteari hasiera ematea proposatzea, hala badagokio.

3.– Sociedad Capital Desarrollo de Euskadi, SOCADE SAk, Erakunde Laguntzailea den aldetik, zeregin hauek izango ditu:

a) Enpresa onuradunei ordaintzeko agindua ematea.

b) Itzuli beharreko zenbatekoak eta, hala badagokio, zenbateko horiei dagozkien interesak jasotzea, eta horiek denak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzultzea.

c) Programaren funtsen kontrol finantzarioa.

d) Kontuaren mugimenduen kontabilitate berezia lantzea (sarrerak eta gastuak).

e) Aldian-aldian SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari eta Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari jakinarazpenak egitea.

4.– Agindu honetan araututako dirulaguntzen kudeaketan laguntzen duten erakundeak Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrak eta hori garatzeko arauek xedatzen dituzten betebeharren eta erantzukizunen menpe geratzen dira.

17. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Enpresa onuradunak Agindu honetan eta aplikagarri diren gainerako arauetan ezarritako baldintzaren bat eta dirulaguntzen eskariak onartzeko ebazpenean, hala badagokio, emandako baldintzaren bat betetzen ez badu, Jaurlaritzaren Kontseiluak, ez-betetzeari buruzko espedientea ireki ondoren eta interesdunari espedientean entzuna izateko aukera eman ondoren, laguntzarako eskubidearen galera adieraziko du eta, hala badagokio, jasotako dirulaguntzen zenbateko nagusia Sociedad Capital Desarrollo de Euskadi, Socade SAri itzultzeko betebeharra adieraziko du, horretarako bi hilabeteko epea emanez. Dirulaguntza itzultzea egokituko balitzaio, dirulaguntzen alorrean aplikagarriak diren berandutze interesak ere itzuli beharko lizkioke, hala ezartzen baitute azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duenak; abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak; eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak, eta haren garapen arauek. Aipatutako zenbatekoak diru sarrera publikotzat hartuko dira dagozkion lege ondorioetarako.

2.– Onuradunaren betetze maila betetze maila osora nabarmen hurbiltzen denean, eta hark bere konpromisoak eta laguntza emateko baldintzak betetzeko ekintza zalantzarik gabekoa egiaztatzen badu, itzultzeko zenbatekoa zehazteko honako irizpide hauek aplikatuko dira:

a) Laguntza eman zenean zehaztutako estaldura hedapenaren helburuak, inbertsio finantzagarriaren gauzapena edo justifikatzeko betebeharra partzialki ez betetzeak laguntza partzialki itzuli beharra eragingo du, lortu gabeko helburuen proportzioan, edo egin gabeko edo justifikatu gabeko inbertsioaren proportzioan, edo horietako handienaren proportzioan, biak gertatzen badira. Edonola ere, laguntzaren xede den estaldura hedapenaren helburuen maila ez dela partzialki bete ebazteko, ez-betetze horrek ehuneko berrogeita hamar baino gehiagokoa izan beharko du.

b) Aurrekontu finantzagarrian baimendu gabeko aldaketak egiteak, 15. artikuluan xedatutakoa izan ezik, desbideratutako zenbatekoei dagokien laguntza itzultzea eragingo du.

3.– Laguntza emateko xede guztien, inbertsio finantzagarriaren gauzapenaren edo justifikatzeko betebeharraren erabateko ez-betetzeak emandako laguntza osorik itzuli beharra eragingo du.

4.– Justifikatzeko epea igaro ondoren, gehi, hala badagokio, onartutako luzapena igaro ondoren, ez bada justifikaziorik aurkeztu, onuradunari eskatuko zaio 15 eguneko epe luzaezinean hura aurkezteko. Artikulu honetan ezarritako epean justifikazioa ez aurkezteak justifikatu gabeko laguntzaren itzulketa eragingo du, azaroaren 17ko 38/2003 Legean xedatutako gainerako erantzukizunekin batera.

5.– Arau haustearen espedienteari hasiera ematea Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari egokituko zaio, eta SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak proposatuta egin ahal izango da, proiektua gauzatzeari lotutako intzidentziengatik.

18. artikulua.– Enpresa onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzen onuradunek betebehar hauek izango dituzte betiere:

1.– Eman zaien laguntza onartzea. Hala, berariaz eta idatziz uko egiten ez badiote laguntzari, ulertuko da onartu egin dutela; nahiz eta aukera izango duten noiznahi uko egiteko, laguntzaren lehen ordainketa jaso aurretik.

2.– Ordainketa aurreratua eskatuz gero, eta hura ordaindu aurretik, EAEko Diruzaintza Nagusian berme erreal bat sortzea, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatutakoarekin bat etorrita.

3.– Eman den helbururako erabiltzea laguntza.

4.– Ekindako lanak osorik onartzen diren unetik gutxienez hamar urteko epean laguntzaren xede izan den sarea jardunean egotea, kontuan izanik haren ardura izango dela instalatutako azpiegitura eta ekipamendu osoa egoki ustiatzea eta zaintzea.

5.– Komunikazio elektronikoen gainerako operadoreei sarbide osoa eta ez diskriminatzailea ematea diruz lagundutako sarearen gaineko informazioa eta sarean eskainitako handizkako zerbitzuak eskuratzeko.

6.– Agindutako proiektua betetzea eta bete dela justifikatzea.

7.– Administrazioak eta erakunde laguntzaileek proiektuaren garapenari eta gauzatzeari lotuta egoki irizten dituzten egiaztapenak egin ahal izateko eskatzen zaien informazio osagarri guztia bidaltzea.

8.– Inbertsio proiektuarekin zerikusia duten behin betiko fakturak artxibatzea eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrak eskuragarri edukitzea 5 urtean.

9.– Kontrol Ekonomikorako Bulegoaren eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren esku jartzea bere eginkizunak gauzatzean Agindu honen kontura jasotako laguntzaren gainean eskatzen zaion informazioa.

10.– Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari jakinaraztea beste Administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batetik helburu bererako edo berdintsu baterako beste dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabide batzuk eskatu edo lortu izana, eta jakinaraztea, halaber, dirulaguntza onartzea eragin zuen edozein zirkunstantzia aldatu izana, bereziki laguntza eskaera eta NGA sareak hedatzeko proposamena Ekonomia eta Enpresa Ministerioaren PEGA-NGA-2019 laguntzen deialdian egin badira.

11.– Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legeak Administrazioarekin kontratuak edo hitzarmenak egin edo Administraziotik laguntzak jasotzen dituzten erakundeei ezartzen dizkien betebeharrak bere gain hartzea. Betebehar horietako bat da tratu berdintasuna, aukera berdintasuna eta langileen dibertsitatearekiko eta desberdintasunekiko errespetua oinarritzat hartzea.

12.– Dirulaguntzaren xede den edozein jarduketatan, jasotako finantzaketaren izaera publikoaren gainean publizitate egokia egitea. Emandako laguntzen publizitatea egingo da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 18. artikuluan eta Lege horrek garatzen duen Erregelamenduaren 31. artikuluan xedatutakoaren arabera, eta gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legean xedatutako baldintzak betez.

Dirulaguntzen onuraduna den operadoreak honako hauek argitaratu beharko ditu bere web orrian: NGA hedapenen kokapenari eta hedadurari buruzko informazioa; sarea ustiatzen hasteko data; handizkako zerbitzuak eta sartzeko baldintza efektiboak, uneko obretarako edota hedatutako sareetarako sarbidea izatea nahi duten operadoreek nahikoa informazio eduki dezaten.

13.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina Onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan, eta bere garapen arauetan, xedatutakoaren arabera eskatu ahal zaion beste edozein betebehar.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honen aurka berraztertze errekurtsoa jar daiteke Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, edo zuzenean administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkez daiteke EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean, bi hilabeteko epean, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko uztailaren 24a.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala