Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

145. zk., 2019ko abuztuaren 1a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

URAREN EUSKAL AGENTZIA
3697

EBAZPENA, 2019ko uztailaren 18koa, Uraren Euskal Agentziaren zuzendari nagusiarena, Euskal Autonomia Erkidegoko barne-arroen esparruan Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Uholde Arriskugarritasun eta Arrisku Mapen berrikustea eta eguneratzea jendaurrean jartzeko dena (bigarren zikloa).

Uholde-arriskuen Ebaluazioari eta Kudeaketari buruzko uztailaren 9ko 903/2010 Errege Dekretuaren 8., 9. eta 10. artikuluek xedatzen dute demarkazio hidrografiko bakoitzean Arriskugarritasun eta Arrisku Mapak egingo direla, Uholde arriskuaren atariko ebaluazioak (UAAE) sortutako Uholde Arrisku Handiko Eremuetan (UAHE).

Demarkazio horretako plangintza hidrologikoa eta uraren kudeaketa modu koordinatuan egiten da estatuko administrazio orokorraren –Kantauriko Konfederazio Hidrografikoaren bitartez, erkidego arteko arroen eskuduna baita– eta Euskal Autonomia Erkidegoaren artean –haren barne-arroetan– Uraren Euskal Agentziaren bitartez, zeina administrazio hidrauliko eskuduna baita Euskadiko Urei buruzko ekainaren 23ko 1/2006 Legearen arabera.

Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografiko osoaren Uholde Arriskugarritasun eta Arrisku Mapak berrikusi eta eguneratu dira; lan hori lankidetzan egin dute Kantauriko Konfederazio Hidrografikoak eta Uraren Euskal Agentziak, eta, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionean, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak ere parte hartu du. Berrikuste eta eguneratze hori jendaurrean jarri behar dira, gutxienez hiru hilabetez, 903/2010 Errege Dekretuaren 10.2 eta 21.2 artikuluen arabera.

Hori guztia kontuan hartuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Jendaurrean jartzea hiru hilabetez, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Euskal Autonomia Erkidegoko barne-arroen esparruan Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Uholde Arriskugarritasun eta Arrisku Mapen berrikustea eta eguneratzea. Atariko ebaluazio hori uholde-arriskua kudeatzeko plangintzaren bigarren zikloari dagokio. Jendaurrean jarriko diren agiriak honakoak dira:

– Uholde Arriskugarritasunaren mapak, uholde baldintzetan aldaketa nabarmena egon den EAEko barne-arroetako Uholde Arrisku Handiko Eremu (UAHE) bakoitzeko,

– Uholde Arriskuaren mapak EAEko barne-arroetako Uholde Arrisku Handiko Eremu (UAHE) bakoitzeko.

– UAHE bakoitzeko arrisku- eta arriskugarritasun-datu garrantzitsuenak biltzen dituen laburpen-fitxa.

– Uholde Arrisku eta Arriskugarritasun Mapak egiteko metodologia eta emaitzak biltzen dituen memoria-laburpena.

Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Uholde Arriskugarritasun eta Arrisku Mapen berrikustearen eta eguneratzearen agiriak epe horretan kontsultatu ahalko dira honako helbide honetan: www.uragentzia.euskadi.eus eta Uraren Euskal Agentziaren bulegoetan (Orio kalea 1 eta 3, 01010 Vitoria-Gasteiz) jendeari arreta emateko ordutegian.

Kontsultatzeko jartzen diren Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren agiriak demarkazio osoari dagozkio, hau da, estatuaren eskumen-lurraldea eta Euskal Autonomia Erkidegoarena hartzen ditu, informazioa osoagoa izateko. Dena den, jendaurrean jartzeko aldia irekitzeko ebazpen honek Euskal Autonomia Erkidegoko barne-arroak bakarrik hartzen ditu, zeinak Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen esklusiboa baitira.

Aipatutako epe horretan, ekarpenak egin eta egoki iritzitako oharrak eta iradokizunak formulatu ahalko dira, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak aipatzen dituen bideetako edozein erabilita, eta aurkezteko moduari dagokionez aintzat hartuta arau horren 14. artikuluan ezarritako betebeharrak. Uraren Euskal Agentziari zuzendutako ekarpenak, oharrak eta iradokizunak posta elektroniko honetara bidali ahalko dira: mapri@uragentzia.eus

Bigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko uztailaren 18a.

Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusia,

ERNESTO MARTINEZ DE CABREDO ARRIETA.


Azterketa dokumentala