Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

138. zk., 2019ko uztailaren 22a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
3548

EBAZPENA, 2019ko ekainaren 13koa, Ingurumeneko sailburuordearena, zeinaren bidez ingurumeneko baimen integratua ematen baitzaio Aiako Ubegun-Altxerri (z/g) industriagunean (Gipuzkoa) Logística y Acabados SLk sustatutako automobilen karrozeriako piezak fabrikatzeko eta merkaturatzeko instalazioari.

AURREKARIAK

2012ko uztailaren 9an, Logística y Acabados SLk ingurumeneko baimen integratua emateko eskatu zion Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginean xedatutakoarekin bat, automobilen karrozeriako piezak fabrikatzeko eta merkaturatzeko instalaziorako, Aiako udalerrian (Gipuzkoa).

Era berean, jarduera hirigintzarekin bateragarria zela egiaztatzen zuen Aiako Udalaren 2010eko ekainaren 17ko txostena aurkeztu zuen.

Prozedurari berriz ekinda eta aurkeztutako agiriak nahikoak zirela egiaztatu ondoren, Ingurumeneko sailburuordearen 2016ko azaroaren 10eko Ebazpenaren bidez erabaki zen Logística y Acabados SLk sustatutako proiektua 30 egun balioduneko epean jendaurrean jartzea, egoki irizten diren alegazioak aurkezteko. Horretarako, ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean eta Eusko Jaurlaritzaren Iragarki Taula Elektronikoan argitaratu zen, 2016ko abenduaren 2an.

Jendaurrean jartzeko epea amaitu ostean, alegazio bat aurkeztu dela egiaztatu da. Hari ebazpen honetan erantzuten zaio.

Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen testu bateginaren 17. eta 18. artikuluetan xedatutakoari jarraituz, 2017ko urtarrilaren 25ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak txostena eskatu zien Aiako Udalari, Gipuzkoako Urari, Segurtasun Sailari eta Osasun Sailari.

2019ko maiatzaren 17an, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 20. artikuluan xedatutakoa betez, Logística y Acabados SLren esku utzi zen espediente osoa.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak (Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena) bere 1. artikuluan ebazten duenaren arabera, lege horren xedea da atmosferaren, uraren eta lurzoruaren kutsadura saihestea edo, hori ezinezkoa denean, kutsadura hori gutxitu eta kontrolatzea, eta, hori lortzeko, ingurumen osoaren babes-maila handia helburutzat harturik, kutsadura prebenitu eta kontrolatzeko sistema integratu bat ezartzea.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 1. eranskinean jasota dauden jarduerak garatzen dira instalazioan; horietaz gainera, baimen honek barnean hartzen ditu aipatutako legearen aplikazio-eremuan sartzea ekarri zuten instalazioaren kokapenean garatzen diren jarduera guztiak, baita, eranskin horietan jasota ez egonik, jarduera horrekin lotura teknikoa dutenak eta sor daitezkeen emisioen eta kutsaduraren gainean ondorioak izan ditzaketenak ere.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 9. artikuluan xedatzen dena betez, ingurumeneko baimen bateratua behar da 1. eranskinean aipatzen diren jardueretako edozein garatzen duten instalazioak ustiatzeko. Testu bateginaren 11. artikuluaren arabera, baimen honen oinarrizko helburua baldintzak ezartzea da, araua berau aplika daitekeen instalazio guztietan betetzen dela bermatzeko; horretarako, baimena ematen parte hartuko duten administrazio publikoen artean koordinatuta egongo den prozedura bat erabili nahi da, izapideak erraztu eta partikularrek ordaindu beharreko kargak gutxitzeko. Era berean, indarrean dagoen araudian jasotako ingurumeneko administrazio-baimen guztiak egintza administratibo bakar batean bildu nahi dira. Logística y Acabados SL enpresaren kasuan, baimen hauek guztiak behar ditu: hondakin arriskutsuak ekoizteko baimena, hondakin ez-arriskutsuak ekoizteko baimena, saneamendu-sare orokorrera isurtzeak egiteko baimena, atmosferara igorpenak egiteko baimena, eta, ingurumen-izaerako beste zehaztapenen artean, hondakinak sortzeari dagozkion baimenak eta lurzoruaren eta lurpeko uren kutsadura prebenitu eta zuzentzeari dagozkionak. Gainera, espedientean beste administrazio eta erakunde eskudun batzuek ere parte hartu dutela egiaztatu da, aginduzko txostenak igorriz.

Lehenago aipatu dugun Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 29. artikuluan xedatutakoarekin bat, jarduera deseroso, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsuak egin ahal izateko administrazio eskudunek herritarren ekintzen gainean esku hartzeko dituzten administrazio-bitartekoak ordezkatuko ditu ingurumeneko baimen bateratua emateko prozedurak. Ondorio horietarako, ingurumen-baimen integratua loteslea izango da udal-agintaritzarentzat, baldin eta jarduerak egitea ukatzeko edo zuzenketa-neurriak ezartzeko bada; baita goiko arauaren 22. artikuluan jasotako ingurumen-alderdi orori dagokionez ere. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena babesteari buruzko otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 39. artikuluak xedatzen duenez, neurri guztiak hartuko dira lizentziak eta baimenak eskuratzera bideratutako administrazio-prozedurak koordinatzeko. Adierazitako aginduak aplikatuz, Logística y Acabados SLren ingurumen-baimen integratua emateko prozeduran sartuta daude Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean aurreikusitako izapide guztiak.

Azkenik, adierazi behar da ebazpen honek kontuan izan dituela teknika erabilgarri onenak eta aplikatzekoa den sektoreko legeriak zehaztutako neurriak eta baldintzak, bai instalazioak gehienez isur edo igor ditzakeen gai kutsagarrien muga-balioak zehazteko, bai, ingurumen osoa ahalik eta gehien babesteko helburuz, instalazioaren ustiapenari ezarriko zaizkion bestelako baldintzak erabakitzeko. Zehazki, Europako Batzordearen 2006ko abuztuko Metalen eta plastikoen gainazaleko tratamenduei buruzko teknika erabilgarri onenen BREF erreferentzia-dokumentuaren («Surface Treatment of Metals and Plastics») edukiak kontuan hartu dira.

Azaldu dugun guztia aintzat hartuta, espedientean jaso diren txosten guztiak aztertutakoan ebazpen-proposamena egin zen, eta bertan jaso ziren Logística y Acabados SLk sustatutako proiektuari aplikatu beharreko baldintzak.

Azaldutakoarekin bat, goian adierazitako izapideak amaitu dira, eta entzunaldi-izapidea bete da, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 20. artikuluan jasotzen dena.

Aintzat hartu da organo honek eskumena duela ingurumen-baimen integratu hau emateko, hala xedatuta baitago Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuan.

Honako hauek ikusi dira: Sailburuordetza honen Ebazpen-proposamena; otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiroa babesten duena; Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina –abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartua–; urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretua, Industriako Igorpenen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duena; abenduaren 9ko 21/2013 Legea, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, eta aplikatu beharreko gainerako arauak. Ondorioz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Helbide soziala Aoizko (Nafarroa) udal-mugarteko industriagunean (z/g) duen eta B20998902 IFZ zenbakia duen Logística y Acabados SL enpresari automobilen karrozeriako piezak fabrikatzeko eta merkaturatzeko instalazioaren ingurumeneko baimen integratua ematea, Aiako udal-mugarteko Ubegun-Altxerri (z/g) industriagunean, betiere Ebazpen honen bigarren apartatuan zehazten diren baldintzekin bat etorriz.

Jarduera jasota dago abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 1. eranskineko kategoria honetan:

«2.6.– Metalen eta plastikoen gainazala prozedura elektrolitikoz edo kimikoz tratatzeko instalazioak, tratamenduko kubeten edo lerroen bolumena 30 m3 baino gehiago denean».

Instalazioa Aian dago kokatuta eta, guztira, 6.000 m2-ko azalera du. Horietatik, 5.500 m2 ekoizpen-eremuari dagozkio eta beste 500 m2 bulegoetarako erabiltzen dira.

Logística y Acabados SLren eginkizun nagusia da karrozeriako piezak kataforesi bidez pintatzea, biltegiratzea eta bidaltzea. Kataforesia pintura aplikatzeko metodo bat da eta korronte elektrikoa erabiltzen du horretarako.

Logística y Acabados enpresak bere instalazioetan gauzatzen duen kataforesi-prozesua honako etapa hauetan banatzen da:

– Piezak hartzea.

– Tratamendu-tunela.

– Kataforesi-bainua.

– Garbiketa-tunela.

– Labeak.

1. prozesua: piezak hartzea.

Ekoizpen-prozesua piezak hartu ondoren hasten da. Horiek aireko garraio-sistema batetik zintzilikatuta dauden bastidoreetan jartzen dira.

2. prozesua: tratamendu-tunela.

Etapa honetan, gainazala prestatzen da, kataforesian pintura aplikatu ahal izateko.

Tratamendu-tunelean, zirkuitu itxiko aspertsio bidez aplikatzen dira soluzioak. Produktu aspertsionatua ponpak xurgatzen duen upelera itzultzen da eta, haren bidez, aspertsioa egiten da.

Tratamendu-tunelak honako dimentsio hauek ditu: luzera: 36,2 m, zabalera: 1,65 m, garaiera: 3,86 m.

Tratamendu-tunelean, honako jarduera hauek egiten dira:

– Aldez aurretiko koipegabetzea.

Pintatu beharreko piezek estanpazio-prozesutik edo piezak biltegiratzeko babes-koipetatik eratorritako koipeak, hautsa, txirbilak eta bestelako ezpurutasunak izan ditzakete.

Koipe horiek deuseztatzeko, disoluzioaren eta mekanikoaren ondore konbinatuak erabiltzen dira, soluzioak presio bidez botatzen baitira piezen gainera. Tratamendu-upelen bolumena, guztira, 7,2 m3-koa da. Kanpora isurtzeko xurgagailu bat du FE01: aldez aurretiko koipegabetzea.

– Koipegabetzea.

Bigarren koipegabetze honekin, piezaren garbiketa bermatu nahi da. Koipegabetzeko tratamendu-upelen bolumena, guztira, 11,5 m3-koa da. Kanpora isurtzeko xurgagailu bat du FE02: Koipegabetzea.

– Bitarteko garbiketa.

Eragiketa honekin, piezak arrastatu dituen koipegabetze-hondar guztiak deuseztatu nahi dira.

– Finketa.

Metalezko gainazala prestatzeko erabiltzen da, fosfatatze-eragiketa eraginkorragoa izan dadin. Tratamendurako upelek 2,3 m3-ko bolumena dute guztira.

– Fosfatatze tribalentea.

Tratamendu honekin, estaldura kristalino bat jartzen da gainazal metalikoen gainean. Zink fosfato bidez egina dago batez ere, eta korrosioaren kontra babesten du base-metala; gainera, ondorengo estaldurak ondo ainguratzea ahalbidetuko du. Fosfatatze-tratamendurako upelek 9,6 m3-ko bolumena dute guztira.

– Garbiketa.

Piezek arrastatzen dituzten itsatsi gabeko fosfato-hondarrak deuseztatzeko erabiltzen da eragiketa hau. Horrela, bada, pieza heze mantentzea da helburua, kataforesi-bainuan sartu aurretik. Horrela, pintura-geruzaren homogeneotasuna ahalbidetuko da.

Tratamendu-tunelaren amaieran, xurgapen bat dago FE04: tratamendu-tunelaren amaiera.

Logística y Acabados SL enpresak gas naturaleko galdara bat du aldez aurretiko koipegabetze-, koipegabetze- eta fosfatatze-upelak berotzeko. Era berean, errekuntza-prozesuan zehar sortutako keak xurgatzeko tximinia bat dago FE03: Galdara.

3. prozesua: kataforesi-bainua.

Piezak garbi eta prest daudenean, kataforesi-sistema bidez pintatzen dira. Kataforesi bidez pintatzeko tratamendu-upelek 30 m3-ko bolumena dute guztira.

Sistema horren bidez, pintura elektronikoki jalkitzen da piezen gainazalean. Haren osaera dela-eta, korronte elektrikoa igarotzean pintura deskonposatu egiten da, erradikal negatibo bat eta izaera positiboko pigmentu bat bihurtu arte. Piezari potentzial negatibo bat komunikatzen zaionez, pigmentua modu elektrikoan atxikitzen zaio hari. Piezaren gainazalaren eta pinturaren arteko elkartruke ionikoak bien arteko lotura perfektua bermatzen du. Prozesuan katodo bihurtzen da pieza. Hitz horretatik dator, hain zuzen ere, «Kataforesi» kontzeptua, pintura aplikatzeko sistema.

Tentsioa doituz, mintz-lodiera jakin bateko pintura aplikatzen zaie piezei. Piezak nahi den lodiera lortzen duenean, isolatu eta estaltze-prozesua geldotu egiten da.

Pintatze-prozesua piezak pintura-bainuaren barruan murgilduta garatzen denez, elektrikoki jalkitako pinturaz gain, atxikita ere jalkitzen da pintura. Horrela, pinturaren efektu antikorrosiboa areagotzeaz gain, akats fisikoak eta estetikoak sortzen dira pintura-geruzan.

Kataforesi bidezko bainuan, ur desmineralizatua (% 70) eta pintura (% 30) erabiltzen dira (% 6 pasta eta % 24 aglutinatzailea). Ur desmineralizatuak pinturaren solidoak eramaten ditu berekin; etengabe irabiatzen dira, zoko korapilatsuenak ere modu egokian pintatuta gera daitezen.

Kanpora isurtzeko xurgagailu bat du FE05: Kataforesi bidez pintatzea.

4. prozesua: garbiketa-tunela.

Elektrikoki jalki ez diren eta itsatsi egin diren pintura-zatiak deuseztatzeko, eta pinturaren kontsumoa aurrezteko, piezak garbiketa-tunela deituriko horretatik igarotzen dira eta, bertan, itsaspenik gabe jalkitako pintura berreskuratzen da.

Kataforesi-upeletik irteten diren piezak berriz zirkulatutako ultrairagazkiaren arrapalatik igarotzen dira; arrapala hori piezak garbitzen dituzten aspertsorez osaturiko eraztun bat da. Erabilitako ura mintzez osatutako iragazketa-sistema (ultrairagazkia) batetik dator, eta lehen pinturarekin nahastuta zegoen ura mintz horietan zehar igaro daiteke. Erabilitako ura kataforesi-upelera itzultzen da, eta bertan pinturarekin nahasten da berriz ere. Garbiketa horren ondoren, piezak bi garbiketa-upeletatik igarotzen dira egosketa-labeetara iritsi aurretik:

1. upela (aspertsoreak dituzten zenbait eraztunez osatua).

UFR (ultrairagazki birzirkulatua) garbitzea. Berriz zirkulatutako ur bidezko garbiketa bat da.

UFN (ultrairagazki berria) arrapala garbitzea. Ur berria erabiliz egiten den garbiketa bat da.

2. upela (aspertsoreak dituzten zenbait eraztunez osatua).

ADR II garbitzea (berriz zirkulatutako ur desmineralizatua). Berriz zirkulatutako ur bidezko garbiketa bat da.

ADN arrapala garbitzea (ur desmineralizatu berria). Ur berria erabiliz egiten den garbiketa bat da.

Garbiketa-tunelaren amaieran, isuriak kanpora botatzeko xurgapen bat egiten da FE06: Garbiketa-tunela.

5. prozesua: Labeak.

523 kW-eko eta 350 kW-eko potentzia nominala duten gas naturaleko aire-zaineko bi erregailu daude.

Piezak pintatu ondoren, pintura «egosi» egiten da. Horretarako, labe batetik igarotzen dira piezak eta, beroaren eraginez, hura polimerizatu egiten da polimerizatze-labean. Kanpora isurtzeko xurgagailu bat du FE07: polimerizatzeko labe-erregailua.

Fabrikazio-sistemako pieza batzuei –kapotean egon ohi dira, kapotaren eta haren errefortzuaren arteko barneko aurpegian– «masilla» deituriko erretxina batzuk jarri behar zaizkie, sendotasuna emateko eta bibrazioak saihesteko. Erretxina horiek pistola baten bidez aplikatzen dira eta labe batean polimerizatzen dira, «masilla-labe» batean. Kanpora isurtzeko xurgagailu bat du FE08: Masillaren labe-erregailua.

Modu automatikoan funtzionatzen duen WA-1600 motako ur beroko galdara pirotubular batek (1992an fabrikatua) ematen die zerbitzua instalazioei. Hark barne hartzen duen fluxua ura da, eta erabiltzen duen erregaia, berriz, gas naturala. 2,09 MW-eko potentzia du eta 110 ºC-ko gehieneko zerbitzu-tenperaturan lan egiten du.

Logística y Acabados SL sozietateak, automobilen karrozeriako piezak fabrikatzeko eta merkaturatzeko jarduerarako, 763.000 kWh-eko energia elektrikoa eta 48.000 m3 gas natural kontsumitzen ditu. Gasolioa ere kontsumitzen da, kamioietan eta eskorgetan.

Atmosferara igortzen diren kutsatzaile nagusiak galdarako eta labeetako CO eta NOx dira, baita karbono organiko lurrunkorrak ere, garbiketarako eta kataforesirako erabiltzen diren disolbatzaileen eraginez.

Prozesuetan sortutako hondakin-urak araztegi fisiko-kimikoan tratatuko dira. Horren ondoren, industria-uren arazte-prozesua deskribatzen da.

Poliester indartuko hiru andela daude, 10 m3-koak, honela erabiliko diren kontzentratuak hartzeko:

– Pintura-efluenteak biltegiratzea.

– Koipegabetze agortua biltegiratzea (alkalinoak).

– Efluente azidoak biltegiratzea (ondorengo fosfatatze eta garbiketak).

Andelek bulkada bidez kontrolatzen diren hiru ponpa pneumatiko dituzte; horiek emaria neur dezakete, kontzentratuak modu kontrolatuan dosifika daitezen. Efluenteak neutralizazio-upelera igarotzen dira. Isuriak araztegira eramateko biltodiak modu jakin batean daude diseinatuta, isuri jarraitu guztiak neutralizazio-andelara zuzenean bidera daitezen.

Neutralizazioa automatikoki egiten da, neutralizaziorako pH-aren kontsigna-puntuen arabera, ponpa dosifikatzaileak erabiliz:

– pH < 6,5 soda dosifikatzen du.

– pH < 7,5 azidoa dosifikatzen du.

Era berean, karea, malutatzaileak eta koagulatzaileak gehitzen dira. Neutralizatu ondoren, efluentea ponpatze-upelera igarotzen da. Upel horrek emariaren neurgailu magnetiko bat du, tratamenduan zehar emaria kontrolpean mantentzeko. Gainera, isuriak berriz zirkulatzeko sistema bat du neutralizazio-upelaren gainean, baita maila-kontrol bidezkoa ere. Efluentea lamela-dekantagailura ponpatzen da.

Dekantagailu lamelarrean flotatzen ari diren hondakin-malutak gainazal-tentsio bidez inklinatutako lamelen gainera erortzen dira, eta dekantagailuaren beheko toberara erortzen dira. Ponpa baten bidez, lohi itxurako maluta horiek hondarren kontzentratzailera bidaltzen dira. Lohiak kontzentragailuan pilatu ondoren, hark prentsa-iragazkira bidaltzen ditu ponpa pneumatiko bat erabiliz.

Enbolo batekin, prentsa-iragazkiak oihal iragazleen barnean uzten ditu lohi erdi-hezeak, eta hondakin-urak erretilura erortzen dira. Ura berriz zirkulatzen da kanaleten bitartez, neutralizazio-andelaraino. Lohiak eskuz kendu eta big bag batzuetan uzten dira, guztiz kendu arte.

Aparrik ez sortzeko –tratatutako ura dekantagailuaren gainezkabidetik modu askean erortzen denean batez ere, efluentearen tentsioaktiboen eraginez–, aparraren kontrako ekipo dosifikatzaile bat instalatu da.

Malutak dekantagailuaren lameletara erortzean, goialdeko ura, erdi-garbia, dekantagailuaren bigarren gorputzera igarotzen da erregimen laminarrean. Erorketa aske bidez, hodi batetik jaisten da, iragazkiak dituen andela bateraino. Bulkatzeko ponpa batek lagunduta, ur horrek ikatz aktibozko lehen iragazki bat zeharkatzen du, eta hondarrezko beste bat gero. Ur garbia irteerako kutxatila batera isurtzen da, eta hura poligonoko biltodira bideratzen da.

Sortutako hondakin arriskutsuen eta arriskugabeen jatorria, nagusiki, pintatzeko, uren arazketako, ekipamenduak mantentzeko eta instalazioa zaintzeko jarduerak dira.

Logística y Acabados SL enpresaren jardueran, teknika erabilgarri onenak aplikatzen dira, zeinak Europako BREF txosten hauetan jasota baitaude:

Metalen eta plastikoen gainazaleko tratamenduen BREF dokumentua («Surface Treatment of Metals and Plastics», 2006ko abuztua).

Proiektuak teknika erabilgarri ontzat har daitezkeen neurri hauek hartzen ditu barnean: prozesuko disoluzioen eta irakuzketen berokuntza; urberritze-uren berroneratzea, trukagailu ioniko bidez; bastidore-sistema, arrasteen prebentzio hobea izateko; ur-kontsumoaren murrizketa, behin baino gehiagotan garbituz; prozesuko disoluzioen parametroak mantentzea; fosfatatze-bainuen garbiketa eta berroneratzea; metalen malutapena eta hauspeatzea; eta hondakin-uren monitorizazioa.

Bigarrena.– Logística y Acabados SL enpresak Aiako udal-mugartean (Gipuzkoa) sustatutako automobilen karrozeriako piezak fabrikatzera eta merkaturatzera bideratutako jarduera ustiatzeko, baldintza eta eskakizun hauek ezartzea:

A) Administrazioarekiko harremanez arduratuko den pertsonaren gainean Ingurumen Sailburuordetzari eman dizkion datuetan aldaketarik balego, Logística y Acabados SL enpresak aldaketa horien berri emango du.

B) Neurri babesle eta zuzentzaileak, indarrean dagoen araudiaren arabera eta ondorengo apartatuetan ezarritakoari jarraituz, sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztu dituen agirietan aurreikusi bezala burutuko dira:

B.1.– Airearen kalitatea babesteko baldintzak.

B.1.1.– Baldintza orokorrak.

Logística y Acabados SLren instalazioaren ustiapenean bete beharreko baldintzak dira igorpen atmosferikoek ez gainditzea ebazpen honetan ezarritako balioak, eta Ingurumen Sailburuordetzak jarraibide teknikoetan ezarritako eskakizun teknikoak betetzea.

Prozesuan zehar atmosferara igortzen den kutsagarri oro bildu eta ihesbide egokienean zehar kanpora bideratuko dira, behar denean, kutsagarrien ezaugarrien arabera diseinatutako gasak arazteko sistema batetik igaro ondoren.

Arau orokor hori bete beharrik ez dute izango igorpen ez-zarratuak biltzea teknikoki eta/edo ekonomikoki bideragarria ez denean, edota ingurunean kalte urria eragiten dutela egiaztatzen denean.

Neurri egokiak hartuko dira ustekabeko igorpenak egiteko probabilitatea murrizteko, eta haien jariakinak giza osasunerako nahiz gizartearen segurtasunerako arriskutsuak izan ez daitezen. Gas-efluenteak tratatzeko instalazioak behar bezala ustiatu eta mantenduko dira, efluenteen tenperaturaren eta konposizioaren arabera sortzen diren aldaketei eraginkortasunez aurre egiteko. Era berean, ahalik eta gehien murriztuko dira instalazio horiek gaizki dabiltzan edo geldirik dauden aldiak.

Instalazioaren titularrek bete beharko dituzte abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuak (atmosfera kutsa dezaketen jarduerak gauzatzen dituzten instalazioak arautzen dituena) 5. artikuluan jasotako eskakizunak.

Atmosferaren arloko eskumenak dituen sailak argitaratutako jarraibide tekniko guztiak bete beharko dituzte honako elementu hauek: sekzioa, neurketa-gunea, laginketa-guneak, neurketa-portuak, irisgarritasuna eta fokuen segurtasuna eta zerbitzuak.

Organo horrek foku berri bat baimendu ondoren, hura abiarazten denetik sei hilabete igaro baino lehen, ingurumen-kontroleko erakunde batek egindako hasierako IKE txosten bat igorri beharko da. Nolanahi ere, Ingurumen Sailburuordetzari epe hori luzatzeko eskatu ahal izango zaio, betiere behar bezala justifikatutako arrazoiak direla medio.

B.1.2.– Fokuak identifikatzea. Katalogazioa.

Automobilen karrozeriako piezak fabrikatzeko eta merkaturatzeko Logística y Acabados SL enpresaren instalazioak urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren (atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen duenaren eta bera ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituena) katalogoan bildutako 04030808, 03020510, 03010303 eta 06010103 jarduerei lotutako honako foku zarratu hauek ditu:

(Ikus .PDF)

Foku ez-sistematiko horietariko bat urtean batez beste hamabi alditan baino gehiagotan funtzionatzera pasako balitz eta aldi bakoitzak ordubete baino gehiago iraungo balu, edo, maiztasuna edozein dela ere, instalazioaren funtzionamendu-denboraren ehuneko bost baino handiagoa bada igorpenen iraupen orokorra, igorpen-foku sistematiko gisa araupetu beharko da.

Urte jakin batean foku sistematiko batek foku ez-sistematiko batek bezala funtzionatzen badu, ez da foku horren gaineko kontrolik egin beharko urte horretan. Ondoko urtean egin beharko da, baldin eta kontrola salbuesteko baldintzek ez badute bere horretan jarraitzen. Ingurumena zaintzeko dagokion programan justifikatu beharko da inguruabar hori.

B.1.3.– Igorpenen muga-balioak.

Instalazioa ustiatzean, atmosferara egiten diren igorpenetan, ez dira gaindituko igorpenen mugako balio hauek:

(Ikus .PDF)

Balio horiek baldintza hauekin lotuta daude: 273 K-ko tenperatura, 101,3 kPa-ko presioa eta gas lehorra.

Igorpen-balioak betetzen diren ebaluatzeko, abenduaren 28ko 278/2011 Dekretuko 9. artikuluak arautzen duena beteko da.

B.1.4.– Gasak bildu eta kanporatzeko sistemak.

Fokuetako hondakin-gasak kanporatzeko tximiniak ez dira egongo bigarren apartatuko B.1.2 azpiapartatuan ezarritako goreneko kotatik behera. Sekzioek eta lagin-puntuen kokapenak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2012ko uztailaren 11ko Aginduaren bidez argitaratutako jarraibide teknikoetan ezarritakoa bete beharko dute.

Zehazki, laginak hartzeko aurreikusita dauden zuloen kokapenari eta ezaugarriei dagokienez, Ingurumen Sailburuordetzaren jarraibide teknikoak bete beharko dira.

Igorpen lausoak minimizatzeko helburuarekin, ihesei antzemateko ekipoak erabiliko dira, ingurumenaren kudeaketa egokia egingo da, eta instalazioa modu egokian diseinatuko da.

B.2.– Saneamendu-sarera isurtzeko baldintzak.

B.2.1.– Isurien sailkapena, jatorria, ingurune hartzailea eta kokalekua.

Isuria sortzen duen jarduera mota nagusia: piezen gainazaleko tratamendua eta akabera:

(Ikus .PDF)

B.2.2. Gehienez isur daitezkeen emariak eta bolumenak:

(Ikus .PDF)

B.2.3.– Isurketaren muga-balioak.

2. isurketaren ohiko kutsadura-parametroak, kutsadura izan dezaketenak, honako hauek izango dira soil-soilik, bakoitzerako zehazten diren gehienezko balioekin:

(Ikus .PDF)

Ezingo dira diluzio-teknikak erabili isurketen muga-balioak lortzeko.

Gainera, ingurune hartzaileari dagozkion arauak eta kalitate-helburuak bete beharko dira. Bestela, titularrak tratamendu egokia egin beharko du, aipatutako kalitate-helburuak isuriaren ondorioz urratzen ez direla ziurtatzeko.

Baimen horrek ez du baldintza honetan berariaz adierazitakoak ez diren beste substantzien isuria onartzen, batez ere maiatzaren 23ko 606/2003 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrian aipatzen diren substantzia arriskutsuak. Errege Dekretu horren bidez, apirilaren 11ko 849/1986 Errege Dekretua, abuztuaren 2ko 29/1985 Legearen, urei buruzkoaren atariko titulua eta I., IV., V., VI. eta VIII. tituluak garatzen dituen Jabari Publikoko Urguneen Erregelamendua onartzen duena, aldatzen da.

B.2.4.– Arazteko eta husteko instalazioak.

Kontrol-kutxatila bat jarriko da industria-uretarako, eta kutxeta horiek isurketen lagin esanguratsuak lortzeko beharrezkoak diren ezaugarri guztiak izango dituzte. Kutxetak ikuskatu ahal izateko sarbide zuzena ahalbidetzen duten lekuan kokatuko dira, hala behar denean.

Jardueraren barne-saneamenduaren egoera dela-eta, saneamendu-sarearen bigarren isurketa-puntu bat dago; dena den, ur sanitarioak baino ezin dira isuri bertara. Horregatik, izaera soilik sanitario horrengatik, bigarren isurketa-puntu horrek ez du kanpo-azterketarik behar.

Hartutako neurri zuzentzaileak nahikoak ez direla ikusiz gero, Logística y Acabados SL enpresak behar beste aldaketa egingo ditu arazketa-instalazioetan isurketak baimenean ezarritako baldintzak bete ditzan. Aldaketak Administrazioari jakinaraziko dizkio lehenik; behar izanez gero, baimena aldatzeko ere eskatuko du.

– Kasu honetan, efluentea kontrolatzeko (lineako kontrolak), nahitaezkoa izango da elementu hauek izatea, guztizko kopuruen erregistroarekin:

– Hartze-uren kaudalimetroa.

B.3.– Instalazioan ekoitzitako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.

Instalazioetan sortutako hondakin guztiak kudeatuko dira Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan ezarritakoaren arabera, eta, kasuan kasu, karakterizatu egin beharko dira euren izaera eta helburu egokiena zehazteko.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; beraz, hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

Hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro balorizatu egin behar da, eta, hartarako, balorizatzaile baimendu bati entregatu beharko zaizkio. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen bada. Birsortzea-berrerabiltzea lehenetsiko da balorizatzeko beste edozein modu material edo energetikoren aurretik.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoan hondakinak tratatzeko instalazio baimenduak badaude, lehentasunez instalazio horietara bidaliko dira, autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioei jarraituz.

Hondakinen azken helmuga zabortegi baimenduan ezabatzea dela aurreikusten baldin bada, orduan hondakin horiek karakterizatuko dira, Kontseiluaren 2002ko abenduaren 19ko 2003/33/EE Erabakiak, Hondakinak hondakindegietan hartzeko irizpideak eta prozedurak ezartzen dituenak, xedatutakoari jarraikiz, eta otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duenak, ezarritako jarraibideen arabera.

Instalazioan sortutako hondakinen kantitatea, ebazpen honetan jasotakoa, orientagarria da soilik, kontuan hartuta jardueraren ekoizpen-gorabeherak eta ekoizpenaren eta sortutako hondakinen arteko erlazioa. Datu horiek jardueraren adierazleetan ageri dira. Ezertan eragotzi gabe Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan (4.d apartatua) ezarritakoa, instalazioko aldaketak kalifikatzeko, kasu honetan baimena egokitzea soilik eskatu beharko da baldin eta sortutako hondakinen kantitatea handitzeak aurretik ezarri diren biltegiratze- eta ontziratze-baldintzak aldatu beharra badakar.

Hondakinak biltegiratzeko eremuak edo eremuek lurzoru estankoa izango dute. Egoera fisiko likidoan edo oretsuan edo oso bustita egoteagatik, hondakinok isurtzeak edo lixibatuak sor baditzakete, bada, orduan, horiek biltzeko kubeta edo sistema egokiak izan beharko dira, gerta daitezkeen isurtzeak kanpora irten ez daitezen. Hautsezko hondakinen kasuan, hondakinak euri-urarekin bustitzea edo haizeak herrestan eramatea eragotziko da, eta, beharrezkoa izanez gero, estali egingo dira.

Hondakinak desagertu edo galdu egingo balira, edo ihes egingo balute, berehala jakinaraziko da gertatutakoa Ingurumen Sailburuordetzan eta Aiako Udalean.

Sortutako hondakinak beste autonomia-erkidego batzuetara lekualdatzeko, Estatuaren lurraldearen barruko hondakinen lekualdaketa arautzen duen 180/2015 Errege Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoan gerora egiten den arau horren garapena bete beharko dira.

Hori hala izanik, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 25.2 artikuluari jarraikiz.

Baldin eta hondakinak Estatutik kanpora esportatzen badira, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluaren 2006ko ekainaren 14ko 1013/2006 Erregelamenduan, hondakinen lekualdaketei buruzkoan, ezarritakoa bete beharko da.

B.3.1.– Hondakin arriskutsuak.

Hauek dira sustatzaileak aitortutako hondakin arriskutsuak:

(Ikus .PDF)

a) Hondakin arriskutsu bakoitzari dagokion izendapena eta kodifikazioa hondakin bakoitzaren egoera eta ezaugarriak kontuan hartuta ezartzen da, eta horiei buruzko informazioa baimena izapidetzean jasotzen da. Kode batzuek aldaketaren bat izan badezakete ere, beste batzuk, oinarrizkoak direlako, aldatu gabe utzi behar dira ekoizpen-jardueran zehar. Hondakina zer motatakoa den eta zer osagai arriskutsu dituen definitzen dute. Kudeaketa-bideetan hierarkizazioa egokia dela egiaztatzeko, eta bai Hondakinak Kudeatzeko Europako Estrategian bai Euskal Autonomia Erkidegoko IV. Ingurumeneko Esparru Programan (2015-2020) ezarritakoa betetzen dela bermatzeko, organo honek onartu egin beharko du hondakin bakoitzaren onarpen-agirietan jasotako informazioa, dagokion kudeatzaile baimenduak horretarako eskaria egin ostean. Egiaztatzeak garrantzi berezia izango du, batez ere, berreskurapena edo balorizazioa kudeatzeko eragiketa-kodearen arabera kudeatu diren hondakinen onarpen-agirietan lagatze- edo ezabatze-kodeak balorizatzeko eskatzen bada.

b) Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta, isurketaren bat gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan.

c) Hondakin arriskutsuak ontziratzeko, indarrean dagoen araudian ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dira. Hondakin arriskutsuak dauzkaten ontziek eta ontzikiek etiketa argia, irakurgarria eta ezabagaitza eduki beharko dute eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, edukiak isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

d) Gainerako hondakin arriskutsuak ezin izango dira 6 hilabete baino gehiagoz biltegiratu.

e) Hondakinak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eraman aurretik, nahitaezko baldintza izango da agiri baten bidez egiaztatzea kudeatzaile baimendu horrek hondakinak onartzea. Agiri horretan hondakinak onartzeko baldintzak ezarriko dira, eta egiaztatu egingo da tratatu beharreko hondakinaren ezaugarriak administrazio-baimenarekin bat datozela. Agiri hori Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko da, hondakina, lehenengoz, erretiratu aurretik, eta, behar izanez gero, hondakinak beste kudeatzaile batengana bidali aurretik. Beharrezkoa izanez gero, karakterizazio zehatza egingo da, proposatutako tratamenduaren egokitasuna egiaztatzeko. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa modua ebazpen honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela.

f) Hondakin arriskutsuak eraman aurretik eta, hala badagokio, horretarako egin beharreko jakinarazpena aurretiaz eginda dagoela, araudian zehaztutako moduan, identifikaziorako agiria bete beharko da. Agiri horren ale bat garraiolariari emango zaio, eta zamarekin batera eraman beharko da jatorritik helmugaraino. Logística y Acabados SLk artxiboan erregistratu eta gutxienez hiru urtez gorde beharko ditu tratamendu-kontratuak eta identifikazio-agiriak edo agiri ofizial baliokideak.

g) Egiaztatu beharko da baimendutako kudeatzailearen instalazioetara hondakin arriskutsuak eramateko garraioak betetzen dituela halako gaiak garraiatzeari buruzko indarreko legerian eskatutako betebeharrak.

h) Logística y Acabados SL enpresak ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari, Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duenari, jarraituz kudeatu beharko du sortutako olio erabilia.

i) Gailu Elektriko eta Elektronikoen Hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira ekipo elektriko eta elektronikoen hondakinak –besteak beste, lanpara fluoreszenteenak–. Halaber, pilen eta metagailuen hondakinek bete beharko dute Pilei eta metagailuei eta haien hondakinen ingurumen-kudeaketari buruzko otsailaren 1eko 106/2008 Errege Dekretuan xedatutakoa. Kudeatzaile baimenduaren tratamendu-kontratua izateko, garraioaren aurretiko jakinarazpena egiteko eta identifikazio-agiria betetzeko betebeharretik salbuetsita egongo dira kudeaketa-sistema integratuko kudeaketa-azpiegituretara eramaten diren hondakinak, bai eta Toki Erakundeei ematen zaizkienak ere, gaika bildutako udal-hondakinekin eta haien parekoak direnekin batera kudeatu ditzaten, baldin eta dagokion toki-erakundeak eman izana egiaztatzen badu. Toki-erakundeei egindako entregak justifikatzeko agiriak hiru urtez gorde behar dira gutxienez.

j) Logística y Acabados SL enpresak poliklorobifeniloak (PCB) dituzten edo izan ditzaketen aparatuak dauzkan bitartean, horiek behar bezala kudeatzeko abuztuaren 27ko 1378/1999 Errege Dekretuan, poliklorobifeniloak, polikloroterfeniloak eta horiek dituzten aparatuak ezabatzeko eta kudeatzeko neurriak ezartzen dituen horretan, eta hori aldatu zuen otsailaren 24ko 228/2006 Errege Dekretuan adierazitako baldintzak bete behar izango ditu.

k) Logística y Acabados SL enpresak Europako Parlamentuak eta Kontseiluak ozono-geruza agortzen duten substantzien gainean 2009ko irailaren 16an eman zuen 1005/2009/EE zenbakiko Erregelamenduak adierazten dituen substantzia erabiliak baldin baditu, horiek berreskuratu egingo dira, aldeek onetsitako bitarteko teknikoen bidez edo ingurumenaren ikuspegitik onargarria den beste edozein deuseztatze-bide tekniko erabiliz deuseztatzeko; bestela, birziklatzeko edo birsortzeko erabiliko dira, aparatuak berrikusteko edo mantentzeko eragiketetan, edo desmuntatu edo deuseztatu aurretik.

l) Logística y Acabados SLk urtero adierazi beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari ekitaldi bakoitzean sortu dituen hondakin arriskutsu guztien jatorria, kantitatea, helmuga eta aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen zerrenda. Datu horiekin batera, ingurumena zaintzeko dagokion urteko programa ere bidaliko du.

m) Erregistro bat eramango da, eta bertan adieraziko dira kantitatea, mota, identifikazio-kodea, jatorria, metodoak eta tratatzeko lekuak, hondakin guztien sorrera- eta lagapen-datak.

n) Hondakin arriskutsuen kudeaketaren oinarrizko printzipioetako bat betetzeko, zein hondakin horiek ahalik eta gutxien sortzea baita, Logística y Acabados SLk hondakin arriskutsu gutxiago sortzeko plan bat aurkeztu beharko dio Ingurumen Sailburuordetza honi, lau urtetik behin, Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko Legearen (uztailaren 28ko 22/2011) 17.6 artikuluan xedatutakoaren arabera, betiere aipatu legearen garapenerako araubideak ez badu Logística y Acabados SL hondakin arriskutsuen ekoizle txiki gisa katalogatzen.

o) Baldin eta Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko Legearen (apirilaren 24ko 11/1997 Legea) lehen xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritza- edo industria-ontzi baten azken jabea bada Logística y Acabados SL, bera izango da ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna, eta, beraz, hondakin hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati entregatu beharko dio.

p) Irailaren 25eko 183/2012 Dekretuan (Ingurumeneko administrazio-prozeduretan zerbitzu elektronikoen erabilera arautzeko eta ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroa sortzeko eta arautzeko dena) xedatutakoari jarraituz, e) eta f) apartatuetan aipatutako dokumentuak –kudeatzaileak EAEkoak direnean eta l) eta n) apartatuetan aipatutakoak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, transakzio elektronikoko IKS-eeM sistemako erakundeentzako bertsioa erabiliz.

q) Amiantoa duten hondakinak daudela hautemanez gero, Logística y Acabados SLk 108/1991 Errege Dekretuaren (amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura saihestu eta gutxitzeari buruzkoa) 3. artikuluan ezarrita dauden eskakizunak bete beharko ditu. Horrez gain, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko egingo diren manipulazioak 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera burutuko dira; dekretu horren bidez ezarri ziren amiantoarekin lan egiterakoan segurtasun- eta osasun-arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak.

B.3.2.– Hondakin ez-arriskutsuak.

Sustatzaileak hondakin ez-arriskutsu hauek aitortu ditu:

(Ikus .PDF)

Hondakin ez-arriskutsuak Urola Kostako Mankomunitatearen bitartez kudeatzen dira.

a) Bigarren apartatuaren B.3 azpiapartatuan xedatutakoarekin bat, hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro balorizatu egin behar da, eta, hartarako, balorizatzaile baimendu bati entregatu beharko zaizkio. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen bada. Justifikazio tekniko hori baliagarria izan dadin, dena delako hondakina hartzeko baimena duten hiru kudeatzailek balorizazioari uko egiten diotela frogatu beharko da.

b) Erabilitako ontziak eta ontzi-hondakinak gaika behar bezala bereizi eta eragile ekonomiko bati emango zaizkio (hornitzaileari), erabilitako ontzien kasuan berriro erabili ahal izateko; ontzi-hondakinak, berriz, berreskuratzaile, birziklatzaile edo balorizatzaile baimendu batera.

c) Hondakin horiek ezabatzeko direnean, ezin dira urtebete baino gehiagoz biltegiratuta eduki; hondakinen azken helburua balorizazioa denean, berriz, 2 urtez gorde ahal izango dira.

d) Oro har, ebakuatu aurretik hondakin guztiek izan beharko dute kudeatzaile baimendu batek emandako tratamendu-kontratua, onarpen horretarako baldintzak zehaztuta. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa modua ebazpen honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela. Logística y Acabados SLk erregistratu eta artxibategian gorde beharko ditu onarpen-agiriak edo haien agiri ofizial baliokideak, nahitaezkoak badira, hiru urtean gutxienez.

e) Hondakina zabortegian biltegiratuz gero, hondakin ez-arriskutsua eraman aurretik jarraipen eta kontrolerako agiria bete beharko da, Hondakinak hondakindegian biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzeko otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak ezarritakoari jarraikiz egingo da hondakinen karakterizazioa.

f) Balorizatzeko edo ezabatzeko helburuarekin, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko Legearen (uztailaren 28ko 22/2011 Legea) 25.2 artikuluaren arabera.

g) Baldin eta Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko Legearen (apirilaren 24ko 11/1997 Legea) lehen xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritza- edo industria-ontzi baten azken jabea bada Logística y Acabados SL, bera izango da ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna, eta, beraz, hondakin hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati entregatu beharko dio.

h) Erregistro bat egingo da, hondakinei buruzko datu hauek jasoko dituena: kantitatea, izaera, identifikazio-kodea, jatorria, tratatzeko metodoak eta tokiak, hondakinen sorrera- eta lagapen-datak, biltzeko maiztasuna eta garraiatzeko modua. Urtean behin, kontrol-erregistro horren kopia bat eta dagokion urteko Ingurumena Zaintzeko Programa bidali beharko dira Ingurumen Sailburuordetzara.

i) Ingurumeneko administrazio-prozeduretan zerbitzu elektronikoen erabilera arautzeko eta ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroa sortzeko eta arautzeko den irailaren 25eko 183/2012 Dekretuan xedatutakoari jarraituz, apartatu honetako d), e) apartatuetan aipatutako dokumentuak –kudeatzaileak EAEkoak direnean– eta f) eta h) apartatuetan aipatutakoak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, transakzio elektronikoko IKS-eeM sistemako erakundeak bertsioa erabiliz.

B.4.– Ontziak merkaturatzea.

Logística y Acabados SL enpresak, bere produktuak merkaturatzeko ontziak eta enbalajeak erabiltzen dituen enpresa den aldetik, ontzi horien gaineko informazioa eman beharko du urtero, martxoaren 31 baino lehen; horretarako, ontzien gaineko urteko adierazpena egin beharko du. Datu horiekin batera, ingurumena zaintzeko dagokion urteko programa ere bidaliko du.

Era berean, Logística y Acabados SLk ontzi erabiliak eta ontzi-hondakinak kudeatzeko biltegiratze- eta itzultze-sistema bat ezarri beharko du (zuzenean edo kudeaketa-sistema integratu bati atxikita). Logística y Acabados SL enpresak, bere produktuak merkaturatzeko industria- edota merkataritza-ontziak erabiltzen baditu, aipatutako betebehar horretatik salbuesteko eskatu ahalko du, Ontzi eta Ontzi Hondakinei buruzko Legearen (apirilaren 24ko 11/1997 Legea) lehen xedapen gehigarriari atxikitzen bazaio; atxikimendu horren bidez, ontzi horiek kudeatzeko eta ingurumen-organoari informazioa emateko betebeharra produktuaren kontsumitzaileari transferitzen zaio.

Baldin eta Logística y Acabados SL enpresak, urte natural baten zehar, merkaturatzen baditu ontziratutako produktuak edo, kasua bada, hondakinak sor ditzaketen industria- edo merkataritza-ontziak, hain justu ere jarraian zehaztutako kantitateetan baino handiagoetan:

– 250 tona, beira soilik bada.

– 50 tona, altzairua soilik bada.

– 30 tona, aluminioa soilik bada.

– 21 tona, plastikoa soilik bada.

– 16 tona, zura soilik bada.

– 14 tona, kartoia edo material konposatuak soilik badira.

– 350 tona, hainbat material badira eta, banaka, bakoitzak aurreko kopuruak gainditzen ez baditu.

Enpresaren Prebentzio Plan bat egin beharko du. Plan horrek hiru urteko indarraldia izango du, eta onartutako Enpresaren Prebentzio Planaren kontrol- eta jarraipen-txostena egin beharko zaio urtero, dagokion urteko martxoaren 31 baino lehen. Dagokion urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera bidaliko dira bi agiriok.

B.5.– Lurzorua eta lurpeko urak babesteko baldintzak.

Urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan eta Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritako aginduak betetzeko aurkeztutako lurzoruaren egoerari buruzko aurretiazko txostenaren gomendioekin bat etorriz, Logística y Acabados SLk lurzorua babesteko behar diren neurriak hartu beharko ditu.

Nolanahi ere, lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpena lortzeko prozedura hasteko eskatu beharko dio sustatzaileak ingurumen-organoari, baldin eta ekainaren 25eko 4/2015 Legean adierazitako inguruabarren bat gertatzen bada.

Ebazpen hau jaso eta sei hileko epean, oinarri-txostena edo lurzoruaren hasierako egoeraren txostena aurkeztu beharko du Logística y Acabados SLk. Egoeraren aurreko txostena, aurreko lerrokadan aipatua, oinarri-txostenaren parte izan ahal izango da, baldin eta «Lurzoruaren egoeraren aurreko txostena egiteko prozedura operatiboa» agiriaren zuzentarauei, edo haren ondorengo eguneratzeei jarraituz egiten bada. Agiri hori hemen dago eskuragarri:

http://www.euskadi.eus/lurzoruaren-egoerari-buruzko-aurretiazko-txostena-egiteko-prozedura/web01-s2ing/eu/

Bost urtez behin, ebazpen hau jasotzen denetik hasita, eguneratu egin beharko da lurzoruaren egoerari buruz aurkeztutako aurretiazko txostena, eta instalazio guztiei dagokien kutsadura-arriskuaren ebaluazio bat erantsiko zaio. Txosten hori Ingurumena Zaintzeko Programarekin –dagokion urtekoarekin– batera bidaliko da.

Urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan, ekainaren 25eko 4/2015 Legean eta abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan xedatuta dauden eta lurzoruaren babesarekin lotura duten betebeharrak betetzeko –aurreko apartatuetan aipatuak–, sustatzaileak 2016ko azaroaren 17an ingurumen-organoak bidalitako «Lurzoru kutsatuen eta lurpeko uren gaineko arauzko eskakizunak aplikatzea ingurumen-baimen integratua behar duten instalazioetan» zirkularrean aipatzen diren lehendik badauden instalazioei eskatzen zaizkien agiriak eman beharko ditu. Zirkular horretan, honako hau jasotzen da: lurzoruaren egoeraren aldizkako txostenaren edukia eta emateko baldintzak, lurpeko uren eta lurzoruen txostena, kontrol-agiria eta jarraipen-agiria, esteka honetan eskura daitekeena:

http://www.euskadi.eus/informazioa/kutsaduraren-prebentzio-eta-kontrol-bateratua/web01-a2ingkut/eu/

Nolanahi ere, sustatzaileak lurzoruen dokumentu bakar bat bidaliko du, ikerketa-lanak egiten eta lurzoruaren kalitatea leheneratzen ibiltzen den erakunde ezagun batek egina. Dokumentu horretan jasoko dira: lurzoruaren egoerari buruzko aldizkako txostena, oinarrizko txostena, eta kontroleko eta lurzoruen eta lurrazpiko uren jarraipeneko dokumentuak. Aurrerantzean ere, emandako dokumentuak aldatu edo dokumentu berriak eman behar balira, lurzoruen dokumentu berri bakar bat bidaliko da.

Instalazioetan egindako aldaketek eragindako lur-mugimenduei dagokienez, sustatzaileak baldintza hauek bete beharko ditu:

1.– Instalazioa baimenduta dagoen lurzatiaren barruan lurrak mugitzea erakarriko lukeen aldaketa bat aurreikusiz gero:

a) Ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 25. artikuluaren 1c apartatuan ebazten denarekin bat etorriz, hondeatu beharreko materialak (lurra, obra-hondakinak, eta abar) karakterizatu egin beharko ditu jardueraren sustatzaileak, jardun kutsatzaileen ondorioz erasan zaien ala ez egiaztatzearren, eta, karakterizazio horren emaitzen arabera, horientzako kudeaketa-modu egokiena zehaztearren.

b) Hondeaketa horrek hondeatutako materialen 500 m3 gainditzen dituenean, sustatzaileak gaikako hondeaketa-plan bat aurkeztu beharko du. Planak 13. artikuluan adierazitako edukia jaso beharko du, eta ingurumen-organoak onartu behar du plana, betetzen hasi aurretik.

c) Hondeatu beharrekoa 500 m3 baino gutxiago bada, aldaketa-eskaerak informazio hau eman beharko du: non dagoen kokatuta, zenbat hondeatu behar den, aurreikusitako hasiera-eguna, kontratista, jarraipenaren eta kudeaketaren ardura izango duen erakundea.

d) Aurreko kasu horietan guztietan, hondeatzen amaitutakoan, hondeatutako materialak zuzen berrerabili edo kudeatu direla ziurtatzen duen txosten bat aurkeztu beharko da ingurumen-organoan, behar bezala karakterizatu aurretik.

e) Oro har, ondorengo irizpide hauek beteko dira:

– Soberakinak zabortegian biltegiratuta hustu nahi izanez gero, Hondakinak hondakindegian biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritakoari jarraikiz egingo da hondakinen karakterizazioa. Oro har, lagin baten azterketa egin beharko da. Laginak hondakindegian kudeatu beharreko soberakinen 500 m3 bakoitzeko 10 azpilagin izango ditu gutxienez, baina hori aldatu ahal izango da espero daitekeen kutsaduraren heterogeneotasunaren eta homogeneotasunaren arabera. Afekzioa homogeneoa izango dela aurreikusten den kasuetan, 500 m3-ko bolumena baino bolumen handiagoa duten unitateez osatutako lagin konposatua hartu ahal izango da, eta, aldiz, afekzio heterogeneoaren kasuan, 500 m3-ko bolumena baino bolumen txikiagoa duten unitateez osatutakoa.

– Soberako materialak instalazio berean berrerabili ahal izateko, balio hau izan beharko dute material horiek: Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritako VIE-B (industria-erabilera) balioaren azpitikoa. Horrez gain, lur horien hidrokarburo-edukia ezin izango da arriskutsua izan. Horretarako, erakunde egiaztatu batek egin beharko ditu laginketa eta azterketa, honen arabera: 199/2006 Dekretua, urriaren 10ekoa, Lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko erakundeak egiaztatzeko sistema ezartzen duena, eta erakunde horiek lurzoruaren kalitatearen gainean egindako ikerketen edukia eta norainokoa zehazten dituena.

– Lurretan ez badira gainditzen ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritako VIE-A parametroak, edo TPHetarako 50 mg/kg balioaren azpitik badaude, lur garbitzat joko dira, eta, beraz, onargarritzat baimendutako betelan batean.

– Substratu harritsu osasuntsua murrizketarik gabe kudeatu ahalko da. Lurzoru naturalaren pareko den harrizko substratu meteorizatuaren kasuan, aurreko puntuetan ezarritako irizpidea beteko da.

2.– Baldin eta aurreikusten bada lur-mugimendua dakarren aldaketaren bat egitea instalazioa baimenduta dagoen lurzatitik kanpo (lurzoru berria okupatuz) eta okupatu nahi den lurzoru berriak lehenago izan badu 4/2015 Legeak, ekainaren 25ekoak, 1. eranskinean aipatutako jardueraren bat, sustatzaileak lurzoru-gaiei buruzko adierazpen bat lortu beharko du, egin nahi diren aldaketak egiten hasi aurretik.

Era berean, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22. artikuluko 2. apartatuaren arabera, lurraren kutsadura-aztarnak aurkitzen badira, horren berri eman beharko zaie dagokion udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari, sailburuordetza horrek ezar ditzan hartu beharreko neurriak, aipatutako 4/2015 Legearen 23. artikuluko 1.e apartatuari jarraikiz, betiere.

B.6.– Zaratari buruzko baldintzak.

a) Ondorengo indize akustikoak gaindi ez daitezen beharrezko neurri guztiak ezarriko dira:

a.1.– Jarduera-maila hauei egokitu behar zaie: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq,60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 40 dB(A) gainditu, 07:00ak eta 23:00ak bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 45 dB(A) ere.

a.2.– Maila hauei egokitu behar zaie jarduera: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq,60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 30 dB(A) gainditu, 23:00ak eta 7:00ak bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 35 dB(A) ere.

a.3.– Jarduerak ez du 1. taulan adierazitakoa baino zarata handiagoa egingo, 4 m-ko garaieran neurtuta (egoera berezietan izan ezik, horietan apantailamenduak saihesteko beharrezkoa den garaiera hartuko da), industria-esparruaren kanpoaldeko itxituraren perimetro osoan.

(Ikus .PDF)

Instalazioak, funtzionamenduan, 1. taulan finkatutako mugak betetzeaz gain, ez du eguneko inolako baliotan (LAeq,d, LAeq,e eta LAeq,n) 1. taulan adierazitako balioak baino 3 dB-etik gorako gehikuntzarik gaindituko.

Gainera, jardueraren gainerakotik bereizitako prozesuaren jardun-modu bat baldin badago, jardun-modu horri lotutako zarata-maila bat zehaztu beharko da (LAeq,Ti). Ti jardun-modu horren iraupen-denbora izango da. Maila horrek ez ditu 1. taulan finkatutako balioak 5 dB-tan gaindituko.

b) Zamalanetan eta materiala kamioietan garraiatzean egiten den zaratak ez du nabarmen handituko sentsibilitate akustiko handiagoko guneetako zarata-maila.

C) Ingurumena zaintzeko programa.

Sustatzaileak aurkeztutako agirietan aurreikusitakoaren eta honako apartatu hauetan ezarritakoaren arabera gauzatu beharko da ingurumena zaintzeko programa:

C.1.– Igorpen atmosferikoak kontrolatzea.

C.1.1- Kanpo-kontrolak.

a) Logística y Acabados SLk botatzen dituen kutsatzaileak kontrolatu beharko ditu, informazio honen arabera:

(Ikus .PDF)

– Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2012ko uztailaren 11ko Agindua, zeinaren bidez jarraibide teknikoak zehaztu baitziren abenduaren 27ko 278/2011 Dekretua garatzeko (dekretu haren bidez, atmosfera kutsa dezaketen jarduerak garatzen dituzten instalazioak arautzen dira).

b) Puntu honetako a) apartatuan aipatutako neurketa guztiak Administrazioaren II. mailako Ingurumen Lankidetzako Erakunde (ILE) batek egin beharko ditu, urriaren 16ko 212/2012 Dekretuan ezarritakoari jarraituz, eta aldizkako neurketa horiei buruzko txostenek Ingurumeneko sailburuaren 2012ko uztailaren 11ko Aginduan eskatzen diren baldintzak bete beharko dituzte, bereziki honako gai hauei dagokienez: helburua eta neurketa-plana, neurketen adierazgarritasuna, neurketa kopurua eta banakako neurketa bakoitzaren iraupena, eta erreferentzia-metodoak hautatzeko irizpidea.

c) Halaber, a) apartatuan azaldutako igorpen-foku baten kontrola egin behar den urtean, foku horrek urtean hamabi aldiz baino gutxiagoko batez besteko maiztasunarekin funtzionatzen badu, igorpen bakoitzak ordubete baino gehiago irauten duela, edo, bestela, edozelako maiztasunarekin, emisioaren iraupen globala instalazioaren funtzionamendu-denboraren ehuneko bostetik gorakoa bada, urte horretan ez da beharrezkoa izango foku horren kontrolik egitea, eta hurrengo urtean egin beharko da, betiere kontroletik salbuesteko baldintzek irauten ez badute. Inguruabar hori dagokion urteko Ingurumena Zaintzeko Programan justifikatu beharko da.

C.1.2.– Lortutako emaitzen erregistroa.

Erregistro bat egingo da eguneratutako dokumentazioarekin, honako xedapen hauetan ezarritakoari jarraikiz, betiere: 100/2011 Errege Dekretuaren 8. artikulua (100/2011 Errege Dekretua, urtarrilaren 28koa, Atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen eta hura ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituena) eta 278/2011 Dekretuaren III. eranskina (278/2011 Dekretua, abenduaren 27koa, Atmosfera kutsa dezaketen jarduerak burutzen dituzten instalazioak arautzen dituena).

Erregistro hori eguneratuta eta ingurumen-ikuskatzaileen eskura egongo da.

C.2.– Saneamendu-sarera isuritako uraren kalitatea kontrolatzea:

a) Sustatzaileak aurkeztu dituen agirien arabera, ondorengo analisiak egingo dira:

(Ikus .PDF)

b) Laginketak kutsatzaile gehien sortzen den aldian egingo dira beti.

c) Isuriak baimenaren baldintza guztiak betetzen dituela ulertuko da, baldin eta puntu honetako a) apartatuan ezarritako kontrol-parametro guztiek betetzen badituzte ebazpen honen bigarren apartatuko B.2.3. azpiapartatuan ezarritako mugak.

d) Isurketen kontrolen emaitzak Ingurumen Sailburuordetzara (Ebazpen honetako bigarren puntuko C.6 apartatuan zehaztutako epeetan) eta Gipuzkoako Ur Kontsortziora bidaliko dira laginak hartzen diren egunetik hasi eta hilabeteko (1) epean.

Kontrol bakoitza «Erakunde Laguntzaile» batek egin eta egiaztatuko du (Jabari Publiko Hidraulikoari buruzko Erregelamenduaren 255. artikulua), eta baimendutako parametro guztiei egingo zaie kontrola. Baimenean jarritako baldintza guztiak betetzen direla ulertuko da parametro guztientzat ezarritako mugak betetzen direnean. Sustatzaileak isurketa-puntu bakoitzeko lagin hartu berri baten analisia aurkeztu beharko du gutxienez; lagina 24 orduko ur-emariarekiko proportzionala izango da, edo bestela, lagin puntual esanguratsua.

Aipatutako maiztasunarekin, aldi bakoitzean efluenteak ezaugarri baimenduekiko dituen balizko desbiderapenei, horien kausei eta zuzentzeko hartutako neurriei buruzko gorabeheren adierazpen bat erantsiko da.

Parametroen analisia «Standard Methods For the Examination of Water and Wastewater» txostenean (APHA, AWWA, WPCF, azken argitalpena) edo «ASTM Water and Environmental Technology» txostenaren azken argitalpeneko 11. sailean jasotako metodo normalizatuetako baten bidez egingo da. Parametroaren ohiko kontzentrazioaren arabera egokiena dena hautatuko da. Gaur egun erabiltzen diren metodoak ez bezalako analisi-metodoak ezarri ahal izango dira, kutsatzaileen kontzentrazioa hobeto zehazteko. Eskatutako analisien parametro bakoitzean erabilitako analisi-metodoa adierazi beharko da.

Isurketan lehen aipatutako maiatzaren 23ko 606/2003 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak aipatzen dituen gai arriskutsurik dagoen dioen adierazpen bat igorriko du titularrak urtero. Adierazpen horretan ekoizte-prozesuan manipulatu diren substantzia guztiak adierazi behar dira, nahiz eta isurketan ez detektatu.

Egoki deritzonean, organo honek arazketa-instalazioak ikuskatuko ditu eta efluentea neurtu eta aztertu ahal izango du, isurketen emariek eta parametroek baimendutako mugak gainditzen ez dituztela egiaztatu ahal izateko. Halaber, arazketa-instalazioen ustiapenaren arduradun bat, titulazio egokia duena, izendatzea eskatu ahalko dio titularrari.

C.3.– Jardueraren adierazleen kontrola.

Sustatzaileak ondorengo taulan agertzen diren jardueraren gaineko parametro-adierazleen segimendua egingo du urtero, ingurumenean duten eragina aztertzeko, eta urtean urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera aurkeztuko du.

(Ikus .PDF)

Urteko ekoizpena ordutan neurtzen da, tratamendu-ziklo bakoitza guztiz ekoizten baita, eta pieza kopurua horien gainazalarekiko/tamainarekiko proportzionala izango da.

C.4.– Zarataren kontrola.

a) Indize akustikoen ebaluazioak egin beharko dira hiru urtetik behin: Ld, Le, Ln, LAeq,Ti eta LAeq,60 segundo. Lehenengo kontrol-urtean lortutako emaitzen arabera, ordutik aurrera neurketak beste maiztasun batekin egitea erabaki ahal izango da.

b) Neurketa bidezko ebaluazio guztiak II. mailako administrazioko lankidetza-erakunde batek egin beharko ditu urriaren 16ko 212/2012 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz. Erakunde horrek UNE-EN ISO/IEC 17025 arauaren araberako egiaztagiria eduki beharko du akustikaren arloan espazio- eta denbora-laginketa egiteko. Nolanahi ere, ingurumen organoak ebaluazio horiek egiten dituzten erakundeek gaitasun tekniko egokia dutela zainduko du.

c) Ebaluazio-metodoak eta -prozedurak eta ebaluazio horiei buruzko txostenak Ingurumen Sailburuordetza honek emandako jarraibide teknikoetan ezarritakora egokituko dira.

C.5.– Lurzoruaren eta lurpeko uren kontrola.

Lurzoruaren egoerari buruzko aurretiazko txostena egunean jarrita aurkeztu beharko zaio organo honi, gaur egun lehendik dauden instalazioen multzoa kontuan izanik, eta, orobat, I. taldeko jarduerari dagokion edukia, organo honek garatu eragiketa-prozeduraren arabera. Prozedura hemen dago eskura:

http://www.euskadi.eus/contenidos/documentacion/informe_preliminar_suelo/eu_doc/adjuntos/procedimiento_operativo.pdf

Era berean, lurzoruaren eta lurpeko uren kalitatea kontrolatzeko proposamen bat aurkeztu beharko da; proposamen horrek gutxienez hauek bilduko ditu: karakterizazioa egiteko bi zundaketa, erauzitako zutabearen karakterizazioa eta lurpeko uren segimendua egiteko erabiliko diren piezometroak prestatzea. Zundaketak kokatzean, kontuan hartuko dira egon daitezkeen arrisku-iturriak eta lurpeko uren jarioa, eta, hartara, instalaziotik gorako eta beherako uren jarioa alderatu ahal izango da. Jakinarazi beharko da instalazioa kokatzen deneko lurzatiak eraginik duen interes hidrogeologikoko lekuetan (IHL), jabari publiko hidraulikoan edo Eremu Babestuen Erregistroko lekuetan (EBE).

Bestalde, oinarri-txostena edo hasierako egoeraren txostenaren proposamena egin beharko da, hala badagokio, hain zuzen, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginean deskribatzen dena, eta batzordearen jakinarazpeneko jarraibideen arabera. Europako Batzordearen abiapuntuko egoerari buruzko jarraibideak, Emisio Industrialei buruzko 2010/75/EB Zuzentarauaren 22. artikuluko 2. apartatuaren esparruan (2014/C 136/03). Hemen eskura daitezke:

http://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/PDF/?uri=OJ:C:2014:136:FULL&from=ES

Agiri horretan deskribatutako metodologiaren aplikaziotik ondorioztatzen bada nahitaezkoa dela oinarrizko txostena egitea, txosten horrek eskatzen dituen datuak lortu ahal izateko ikerketa-estrategia aurkeztuko da. Aitzitik, baldin eta ezinezkoa bada instalazioak lurzorua edo lurpeko urak kutsatzea, hori justifikatzeko memoria bat aurkeztuko da.

Edozein kasutan, lehenik eta behin, ingurumen-baimen integratuaren peko instalazioak eta horrekin lotura tekniko bat daukatenek erabilitako, sortutako edo isuritako substantzia eta nahasketa arriskutsu guztiak (lehengaiak, produktuak, bitarteko produktuak, azpiproduktuak, isuriak, hondakinak, etab.) zehazki identifikatu beharko dira eta horien kopurua adierazi beharko da. Bigarrenik, substantzia/nahasketa horietako bakoitzak lurzorua eta lurpeko urak kutsatzeari begira duen garrantzia baloratuko da, baita ingurune horiei eragiteko arriskuari begira ere. Informazio hori eta instalazioaren operadoreak aurkeztu ahal izan dituen datu kuantitatiboak (lurzoruaren kalitateari buruzko aurretiazko ikerlanak, lurpeko uren kontrol- eta segimendu-emaitzak, etab.) aztertuko ditu organoak, eta horren arabera erabakiko du Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginean deskribatutako oinarri-txostena edo hasierako egoerari buruzko txostena egin behar den. Txosten horretan, substantzia arriskutsu garrantzitsuak direla-eta lurzoruak eta lurpeko urek duten kutsadura-egoerari buruzko informazioa jasoko da, jarduera behin betiko amaitzen denean konparazio kuantitatiboa egin ahal izateko, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 12.1.f eta 22.bis artikuluetan ezarritakoaren arabera.

Erakunde egiaztatu batek prestatu beharko du apartatu horretan ezarritakoa betetzearren aurkeztu beharreko informazioa, urriaren 10eko 199/2006 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz, eta, orobat, organo honek hartarako onar ditzakeen jarraibideetan ezarritakoarekin. 99/2006 Dekretuaren bitartez, Lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko erakundeak egiaztatzeko sistema ezartzen da, eta erakunde horiek lurzoruaren kalitatearen gainean egin beharreko ikerketen edukia eta norainokoa zehazten.

C.6.– Emaitzak kontrolatu eta igortzea.

Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten txostenen eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu behar dira, eta Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webguneko bidalketa-prozedura telematikoari jarraikiz:

https://www.euskadi.eus/y22-izapide/eu/contenidos/serv_proc_comunicacion/p_comu_201732123333101/procedures/proc_201732144928210/eu_def/electronic_partial.shtml

Era horretan, aipatu programan zehaztutako aldian egiten diren kontrol guztiak, isuritako urei dagozkienak izan ezik, Ingurumena Zaintzeko Programarekin batera bakarrik aurkeztuko dira, eta erreferentziako urtea amaitu ondoren. Ezarritako baldintzak betetzen ez direnean bakarrik jakinarazi beharko da, eta jakinarazpena ingurumeneko baimen bateratuan ezarritakoaren arabera egingo da. Era berean, urtebete baino aldizkakotasun handiagoko kontrolik egiten bada, kontrola egiten den urteari dagokion programaren barruan baino ez da igorriko.

Emaitza horiek urtero igorriko dira, betiere martxoaren 31 baino lehen, eta txosten bat aurkeztu beharko da zaintzeko programaren emaitzekin batera. Txosten horretan, babes- eta zuzenketa-neurrien funtzionamendua, prozesuak eta ingurunearen kalitatea kontrolatzeko sistemak eta emaitzen analisia jasoko dira, epe horretan izandako jazoera nagusiak bereziki aipatuta, haien kausa eta konponbideak; halaber, laginak nola hartu diren zehaztuko da, aldez aurretik egin ez bada.

C.7.– Ingurumena Zaintzeko Programaren Agiri bategina.

Sustatzaileak ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina landu beharko du, aurkeztu dituen agirietan eta ebazpen honetan proposatutako betebeharrak bilduz. Honako hauek zehaztu beharko ditu programa horrek: kontrolatu beharreko parametroak, parametro bakoitzerako erreferentzia-mailak, analisi edo neurketen maiztasuna, laginketak eta analisiak egiteko teknikak, eta laginak hartzeko puntuen kokapen xehatua. Halaber, dagokion aurrekontua ere barne hartu beharko du.

Era berean, ingurumena zaintzeko programak jardueraren adierazleak zehaztu eta adierazle horiek aztertzeko sistematika barruan izan beharko du, horien arabera enpresan bertan ingurumen-hobekuntza ziurtatzearren ezarritako neurri eta mekanismoen eraginkortasuna egiaztatu ahal izateko (ingurumen-adierazleak).

D) Ezohiko egoeretarako prebentziozko neurriak eta jardunerako baldintzak.

D.1.– Instalazioa gelditzeko eta abiarazteko eragiketak eta mantentze-lanetarako programatutako eragiketak.

Programatutako urteko mantentze-lanei dagokienez, emisioen eta sortuko diren hondakinen balioespena egin beharko du sustatzaileak, eta dagokionean, haiek kudeatzeko eta tratatzekoa ere bai.

Instalazioa geldiaraztean nahiz abiaraztean, mantentze-eragiketetan eta ohiz kanpoko egoeretan sortutako hondakinak kudeatu beharko dira, bigarren apartatuko B.3 azpiapartatuan ezarritakoarekin bat etorriz (azpiapartatu horren izena: «Instalazioan ekoitzitako hondakinen kudeaketa zuzena bermatzeko baldintzak»), baina ez da beharrezkoa izango hondakin horiek baimendutako hondakinen zerrendan jasota egotea.

D.2.– Jarduera uztea.

Jarduera lege hauen aplikazio-esparrukoa da: Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea (28.5 epigrafea: Metalen tratamendua eta estaldura), eta Kutsadura sor dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuen adierazpenerako irizpideak eta estandarrak ezartzeko urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretua. Horrenbestez, Logística y Acabados SL enpresak lurzoruaren kalitatearen adierazpenerako prozedura hasi beharko du, bi hilabeteko epea agortu baino lehen, jarduera behin betiko uzten duenetik hasita, ekainaren 25eko 4/2015 Legeak 31.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Jarduera bertan behera utzi baino lehen, Logística y Acabados SLk instalazioetan dauden hondakin guztiak kudeatu beharko ditu, ebazpen honen bigarren apartatuaren B.3. azpiapartatuan ezarritakoarekin bat etorriz.

D.3.– Jarduera aldi baterako etetea.

Jarduera aldi baterako uztea eskatuz gero, 815/2013 Errege Dekretuaren 13. artikuluan arautu bezala, Logística y Acabados SLk, aldi baterako uztearen eskabidearekin batera, agiri bat bidali beharko du lantegia jardunik gabe egonda ere aplikagarriak zaizkion ingurumeneko baimen bateratuko kontrolak eta baldintzak nola beteko dituen adierazteko.

Era berean, instalazioa berriz abiarazi baino lehen, instalazioen funtzionamendu ona ziurtatu beharko da, ingurumenean eragina izan dezakeen isurketa edo igorpen oro saihesteko.

D.4.– Jarduera ez-normala izanez gero aplikatu beharreko neurriak eta jarduketak.

Aurkeztutako agirietan egindako proposamenean zehaztuta dauden ezohiko egoeretan aplikatu beharreko prebentziozko neurriez eta jardunerako baldintzez gain, ondorengo apartatuetan aipatzen diren baldintzak bete behar dira:

a) Instalazioen prebentziozko mantentze-lanak.

Prebentziozko mantentze-lanen eskuliburua eduki beharko da instalazioen egoera ona bermatzeko, batez ere ustekabeko jario edo isuriak daudenean kutsadura ekiditeko eskuragarri dauden baliabideei eta segurtasun-neurriei dagokienez. Ihesak daudenean lurzorua babesteko hartu beharreko neurriak zehaztuko dira, eta zehatz adieraziko da honako hauei dagokien guztia: eraikuntzako materialak (iragazgaiztasuna), biltegiratzeko neurri bereziak (substantzia arriskutsuak), gerta litezkeen ihesei antzemateko neurriak edo gehiegizko betetzeaz ohartarazteko alarma-sistemak, lantegiko kolektore-sarea zaindu eta garbitzekoak (sistematikoki garbitu beharra, maiztasuna, garbiketa mota) eta lurzoru gaineko isuriak biltzeko sistemak.

Aurreko paragrafoan adierazitako eskuliburuak ikuskapen eta kontrolerako programa jaso beharko du, hauek bilduko dituena: estankotasun-probak, mailen eta adierazleen egoera, balbulak, presioa arintzeko sistema, hormen egoera eta lodieren neurketa, andelen barnealdearen begi-bidezko ikuskapenak (hormena eta estaldurena) eta kubetetako detekzio-sistemen aldizkako kontrol sistematikoa, lurzorua kutsa dezakeen edozein egoerari aurrea hartzeko.

Era berean, atmosfera eta ura kutsatzea prebenitzeko eta kutsatutakoa zuzentzeko sistemen (arazketa, minimizazioa, etab.) eta ikuskatu eta kontrolatzeko ekipamenduen egoera ona bermatzeko neurriak jaso beharko dira.

Urak arazteko prozesuan pilatutako hondakin solidoak eta lohiak beharrezkoa den maiztasunez aterako dira, instalazioak behar bezala funtziona dezan. Hondakin horiek ez dira ibai-ibilgura hustuko aldizkako garbiketa egiten denean; bildu egin beharko dira, kudeatzeko edo hondakindegi baimendu batera eramateko. Gorde egingo dira hondoan hustubiderik ez duten biltegi iragazgaitzetan. Inoiz ez dira pilatuko euri-uren jariatzearen ondorioz ibilgu publikoa kutsatzeko arriskua egon daitekeen guneetan.

Baldin eta instalazioetan lohien tratamendua badago, horietatik jaregindako ura berriro bideratuko da arazte-instalazioko sarrerara, tratamendua jaso dezan.

Pabiloien barruan zolak garbitzean sortutako urak tratamendu-lineara bidaliko dira edo, bestela, kudeatzaile baimendu batek kudeatuko ditu.

Hondakin-ura ezingo da «by-pass» bidez isuri arazketa-instalazioetan.

Programatutako mantentze-lanetan nahitaez «by pass» bidez isurketak egin behar badira, titularrak Ingurumen Sailburuordetzari jakinaraziko dio aurretiaz, segurtasun-neurrien eta isurketak ingurune hartzailearen kalitatearen gainean duen eragina ahal den neurrian gutxitzeko neurrien funtzionamendua zehaztuz. «By pass» horrek aurreikusi gabeko isurketaren bat badago, titularrak segurtasun-neurrien funtzionamendua egiaztatu beharko du, eta dagokion txostena Ingurumen Sailburuordetzara bidali (apartatu honen j puntuan adierazitakoari jarraituz).

Debekatutako substantzia kolektorera isurtzeko berehalako arriskua balego, horren berri urgentziaz emango dio erabiltzaileak Gipuzkoako Uren Partzuergoari, hark instalazioak babesteko neurri egokiak har ditzan.

b) Halaber, erregistro bat eduki behar da, aldizka egindako mantentze-lanak eta hautemandako jazoerak jasota uzteko.

c) Titularrak behar diren bitartekoak izango ditu eskura, arazketa-instalazioak zuzen ustiatzeko eta ustekabeko isuriak prebenitzeko hartu diren segurtasun-neurriak eraginkor mantentzeko.

d) Erabilitako olioak, jariakinen arazketako hondakinak, besteak beste, eta, oro har, instalazioan sortutako hondakinak maneiatzeak lurzorua eta ura kutsa ditzake. Beraz, isuriak, jarioak edo ihesak gertatzeko arriskua izan dezaketen lurzatien azalera guztiak iragazgaiztuko dira.

e) Hautsezko produktuak biltegiratzeko, silo itxiak edo hautsa xurgatzeko sistemak dituzten pabilioi estali eta itxiak eduki beharko dira.

f) Prozesurako behar diren lehengaiak, erregaiak eta produktuak biltegiratuko dira, halako kondiziotan ezen ez baitira izango ingurunean sakabanatzeko moduan.

g) Segurtasun-tarteei eta babes-neurriei dagokienez, biltegiratzeko instalazio horiek produktu kimikoak biltegiratzeari buruz indarrean dagoen araudian ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte.

h) Larrialdi-egoeran berehala eta eraginkortasunez jarduteko beharrezkoak diren material guztien behar besteko kantitatea eduki beharko da: berriro ontziratzeko erreserbako edukiontziak, beharrezkoa izanez gero; gerta daitezkeen isuriei aurre egiteko produktu xurgatzaile selektiboak; segurtasuneko edukiontziak, kaltetutako ingurunea isolatzeko hesiak eta seinaleztapen-elementuak, eta babes pertsonalerako ekipo egokiak.

i) Kubeten hustuketa kontrolatzeko balio duen protokolo edo prozedura dokumentatu bat edukiko da. Horri jarraituz, tratamendu-instalazioaren eraginkortasunari eragin diezaioketen produktu-isuriak instalaziora joatea saihestu beharko da.

j) Gorabeheraren bat izanez gero agintariei jakinaraztea.

Ingurunearen edo jardueraren kontrolaren gainean kalteak eragin ditzakeen gorabeheraren edo ezohiko gertaeraren baten aurrean, sustatzaileak gorabehera edo ezohiko gertaera horren berri berehala eman beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari, zuzentzeko edo eusteko neurri egokiak hartu ondoren, betiere. Jakinarazpenean alderdi hauek adierazi beharko dira gutxienez:

– Gorabehera mota.

– Jatorriak eta kausak (unean zehaztu daitezkeenak).

– Zuzentzeko edo eusteko neurriak, berehala aplikatu direnak.

– Sortutako ondorioak.

– Epe laburrera aurreikusitako jarduketak, halakorik balego.

Gertakari edo arazo larriren bat edo ustekabeko isuriren bat egonez gero, SOS Deiaki eta Aiako Udalari jakinarazi beharko zaie berehala. Ondoren, eta gehienez ere 48 orduko epean, ezbeharrari buruzko txosten xehatua bidali beharko da Ingurumen Sailburuordetzara. Txosten horretan, gutxienez, hurrengo datu hauek agertuko dira:

– Gorabehera mota.

– Gorabehera non, zergatik eta zer ordutan gertatu den.

– Gorabeheraren iraupena.

– Ustekabeko isurketa gertatuz gero, emaria, isuritako gaiak eta ingurune hartzailean antzeman daitekeen eragina zehaztu beharko dira, haren analisia barne hartuta.

– Mugak gaindituz gero, isurketei buruzko datuak.

– Eragindako kalteen zenbatespena.

– Hartutako neurri zuzentzaileak.

– Anomalia berriro ez gertatzeko prebentzio-neurriak.

– Prebentzio-neurriak eraginkortasunez aplikatzeko aurreikusitako epeak.

Baimenaren baldintzak urratzen dituen isuria gertatzen bada eta, gainera, pertsonen osasunerako arriskutsua bada edo sistema naturalen oreka modu larrian kaltetu badezake, titularrak berehala etengo du isuri hori eta, horrez gain, gertaeraren berri eman beharko die Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Uraren Euskal Agentziari eta Babes Zibilean zein ingurumenaren arloan ardurak dituzten erakundeei, baita SOS Deiak (112) Larrialdi-zerbitzuei ere, behar diren neurriak har ditzaten.

k) Aurreko apartatuan ezarritakoaz gain, gerta daitezkeen gorabehera edo arazoei aurre egiteko, jardueraren titularrak lehenbailehen jakinarazi beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari instalazioan aurrez programatuta egingo diren geldialdiak, etengabeko prozesu bati dagozkionak, aurreikusitako prebentziozko mantentze-lanak barne hartuta.

l) Larrialdi-egoeretan, babes zibileko legeria aplikatuko da, eta legeria horrek agintzen dituen betekizun guzti-guztiak bete beharko dira.

E) Baldin eta araudi berria indarrean jartzeak edo barneratzen diren sistemen egiturari eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala egitea gomendatzen badute, neurri babesle zein zuzentzaileak eta Ingurumena Zaintzeko Programa aldatu ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan. Era berean, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa jardueraren sustatzaileak hala eskatuta edo ofizioz aldaraz daitezke, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta.

F) Urtean behin, martxoaren 31 baino lehenago, Logística y Acabados SL enpresak, aurreko urtean atmosferara egindako igorpenei eta uretara egindako isuriei eta sortutako hondakin mota guztiei buruzko datuen ingurumen-adierazpena igorriko dio Ingurumen Sailburuordetzari, E-PRTR-Euskadi Kutsatzaileen Emisio eta Transferentzia Inbentarioa egiteko eta eguneratuta edukitzeko 508/2007 Errege Dekretuarekin eta Ingurumena Zaintzeko Programarekin bat etorriz.

Informazio horren transakzioa IKS-eeM Sistemaren erakundeentzako bertsioa erabiliz egingo da (www.eper-euskadi.net webgunean eskuragarri), hots, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren Ingurumen Informazioa Kudeatzeko Sistemaren bidez.

Datu horietako batzuek Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumenean Eragina duten Jardueren Erregistroa osatuko dute, eta erregistro hori transakzio-basea izango da, datuak Europako Ingurumen Agentziaren erregistroetara bidaltzeko, E-PRTR-Europa erregistrora, alegia.

Ingurumen-adierazpena agerikoa izango da, uztailaren 18ko 27/2006 Legearen xedapenekin bat etorriz. Lege horren bidez arautzen dira informazioa eskuragarri izateko, herritarren partaidetzarako eta ingurumen-gaietan justizia eskura izateko eskubideak (2003/4/EE eta 2003/2005/EE Zuzentarauak jasotzen ditu). Horrez gain, uneoro bermatu beharko da Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoa betetzen dela.

G) Instalazioetan aldaketarik egin ahal izateko, aldez aurretik helbide elektroniko honetan eskuragarri dagoen inprimakia bete beharko dute:

http://www.ingurumena.ejgv.euskadi.net/r49-3252/eu/contenidos/informacion/ippc/eu_6939/adjuntos/cuestionario_modificaciones.doc

Erakunde honen onespena ere beharko da, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

Urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren (Industriako Emisioen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duena) 14.1 artikuluak aldaketa funtsezkotzat jotzeko irizpideak ezartzen ditu.

Nolanahi ere, aipatutako 815/2013 Errege Dekretuaren 14.2 artikuluan zehaztutakoarekin bat etorriz, irizpide horiek orientagarriak dira, eta ingurumen-organoak kalifikatuko du eskatutako aldaketa, funtsezkotzat edo ez-funtsezkotzat jota, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan ezarritako irizpideekin bat etorriz.

Era berean, proiektua aldatzen den kasuetan, aplikatzekoa izango da Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.1.c eta 7.2.c artikuluetan xedatutakoa.

Baldin eta aldaketak lurzoru berria okupatzea aurreikusten badu eta aipatutako lurzoruak lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak baditu edo izan baditu, aldaketa gauzatu aurretik, hartu beharreko kokalekuaren lurzoru-kalitatearen deklarazioa eduki beharko da, Lurzorua Ez Kutsatzeko eta Kutsatutakoa Garbitzeari buruzko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoarekin bat etorriz.

H) Ingurumen-baimen integratu honetan ezarritako baldintzak ez betetzea arau-hauste astun edo oso astun gisa tipifikatuta dago Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 31. artikuluari jarraituz, eta aipatutako legearen 32. artikuluan jasotako zigorrak ezartzea ekar dezake.

Hirugarrena.– 16-I-01-000000000329 erregistro-kodea esleitzea Logística y Acabados SLk Ubegun-Altxerri industrialdean (Araia) ustiatutako instalazioari. Hona hemen kokapena: UTM 30N 30T, X: 570.528,73, Y: 4.791.415,04.

Laugarrena.– Ingurumeneko baimen bateratua ofizioz berrikusiko da kasu hauetako edozeinetan:

a) Instalazioak sortutako kutsadura dela eta, komeni da emisioen muga-balioak berrikustea, edo beste batzuk ezartzea.

b) Emisioak nabarmen murritz daitezke gehiegizko kosturik izan gabe erabil daitezkeen teknikarik onenetan egindako aldaketa handien ondorioz.

c) Prozesuaren edo jardueraren funtzionamendu-segurtasuna dela eta beste teknika batzuk erabili behar badira.

d) Instalazioari aplikagarri zaion sektoreko legediak hala eskatzen badu, edo abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 22.3 artikuluari jarraikiz, ingurumen-kalitateko arau berriak edo berrikusiak betetzea beharrezkoa bada.

e) Aplikatu beharreko araudi berria indarrean jartzen bada.

f) Ingurunearen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza esanguratsu berrietara egokitzeko beharra ikusten bada, bereziki inplikatutako sistemen hauskortasuna areagotzen dela antzematen bada.

g) Ingurumena zaintzeko programan jasotako emaitzen edo bestelako oharpenen arabera, ingurumen-inpakturako ezarritako neurri babesle, zuzentzaile edo konpentsatzaileak nahikoak ez direla egiaztatzen bada.

h) Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen 26. artikuluko 1., 2. eta 3. zenbakietan ezarritakoarekin bat etorriz egindako azterketa eginda, aldatu egin behar dela ondorioztatzen bada.

Ingurumen-baimen integratua berrikusteak ez dakar kalte-ordaina jasotzeko eskubidea, hala ezarrita baitago abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 26.5 artikuluan.

Bosgarrena.– Logística y Acabados SL enpresari eskatzea erantzun bat eman dezala honako gai hauei:

Sei hilabeteko epean:

– Instalazioan dauden fokuen gainean Ingurumen Kontrolerako Erakundeak (IKE) egindako hasierako txostena eta lehen kontrola.

– Kudeatzaile baimenduari ematen zaizkion sortutako hondakinak behar bezala identifikatu eta sailkatzen direla justifikatu beharko du, bereziki hondakin arriskutsuen izaerari eta arrisku-ezaugarriei dagokienez, betiere honako zerrenda honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz: Europako Hondakin Zerrenda, 2014ko abenduaren 18ko Batzordearen Erabakiz argitaratua, zeinaren bidez aldatzen baita hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia; eta 1357/2014/EB Erregelamendua, Batzordearena, 2014ko abenduaren 18koa, zeinaren bidez ordezten baita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauaren III. eranskina (zuzentarau hori hondakinei buruzkoa da eta zuzentarau jakin batzuk baliogabetu zituen). Hori egiaztatu ondoren, eguneratu egingo dira baimen honetan jasota eta izapidetzeko orduan indarrean zeuden identifikazioa eta sailkapena.

– Sortutako hondakin ez-arriskutsuak eta arriskutsuak tratatzeko kontratuak (Bigarren apartatua, B.3).

– Lurzoruen agiri bakarra, «Lurzoru kutsatuen eta lurpeko uren gaineko arauzko eskakizunak aplikatzea ingurumen-baimen integratua behar duten instalazioetan» zirkularraren arabera, ingurumen-organo honek emana 2016ko azaroaren 17an (Bigarren apartatua, B.5).

– Lurzoruaren eta lurpeko uren kontrolerako proposamena (C.5 puntua).

Seigarrena.– Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 5.d) artikuluan xedatutakoarekin bat, automobilen karrozeriako piezak fabrikatzeko eta merkaturatzeko jarduerari dagokionez, zeina ebazpen honen xede baita, gerta litekeen titulartasun-aldaketa oro jakinarazi beharko dio Logística y Acabados SLk Ingurumen Sailburuordetzari, azken horrek onar dezan.

Zazpigarrena.– Baimen honek balioa galduko du honako hauek gertatzen direnean:

– Epean ez egiaztatzea ebazpen honen bosgarren apartatuan ezarritako baldintzak betetzen direla, non eta interesdunak ez duen behar bezala justifikatuz epea luzatzeko eskatzen.

– Foku berri bat ezartzea dela-eta Ingurumen Kontrolerako Erakundearen (IKE) hasierako txostena bidaltzeko ezarritako sei hilabeteko epea betetzen ez bada.

– Logística y Acabados SLren nortasun juridikoa azkentzea, indarrean dagoen araudian ezarritako kasuetan.

Zortzigarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Logística y Acabados SL enpresari, Aiako Udalari, ingurumen-baimen integratua emateko prozeduran parte hartu duten erakundeei, eta gainerako interesdunei.

Bederatzigarrena.– Ingurumeneko baimen bateratu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Hamargarrena.– Ebazpen honek ez du agortzen administrazio-bidea; horrenbestez, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburu jaunari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiz.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko ekainaren 13a.

Ingurumeneko sailburuordea,

MARIA ELENA MORENO ZALDIBAR.

I. ERANSKINA
ALEGAZIOEN ANALISIA

Ingurumen-organoak entzunaldi-izapidea egin du, Logística y Acabados SLk Aian sustatutako jarduerari dagokion ingurumen-baimen integratua emateko prozeduraren esparruan, eta honako alegazio hauek jaso dira:

Alegazioa:

1.– «Kontsumitutako lehengaien eta tresnen deskribapena».

Hector González Arcelusek honako hau adierazi du bere alegazioetan:

«Ekoizpen-prozesuan erabili diren lehengai eta tresna guztiak zehazten dituen apartatu bat ezarri behar da. Ingurumen-baimen integratu honetan, erabiltzen diren produktuak deskribatzen dira, baina ez dira eskaintzen urteko kontsumoen datuak. Erabilitako produktu bakoitzaren urteko kontsumoak eta ur- eta KW-kontsumoak zehaztuta egon behar dira ingurumen-baimen integratuan.

Era berean, ez dira zehazten ingurumenera egindako azpiproduktuen emisioak, ezta efluente gaseosoen eta efluente likido eta solidoen emisioetako urteko kontzentrazioak ere».

Erantzuna:

Alegazioan, ingurumen-baimen integratuaren edukiarekin lotutako gabeziak aipatzen dira, baina informazio publikoko prozesuak ez du baloratzen baimena (emateko dago oraindik), egindako eskaera baizik.

Eskaerari dagokionez, esan behar da aurkeztutako memoria teknikoaren 5.4. apartatuan egin den erabilitako lehengaien deskribapenak («610MA040-_Parte I_rev0» Word fitxategia) behar bezala betetzen duela 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren 12.1.a.4 artikulua, eta beraz, Organo honek nahikotzat jotzen du baimena baloratu ahal izateko.

2.– «Tximiniako igorpenak aipatutako enpresaren aldetik».

Hector González Arcelusek honako hau adierazi du bere alegazioetan:

«Igorritako gasei, konposatuen kontzentrazioei, eta solidoen presentziari eta kontzentrazioari buruzko deskribapena oso eskasa da, hutsala ez esateagatik. Aire-emariari, tximiniako abiadurari eta tximinien dimentsioei buruzko datuak bakarrik ematen dira, eta honako datu hauek falta dira, funtsezkoak ingurumen-baimen integratu batean:

FE01 Aldez aurretiko koipegabetzea. Ez dira zehazten aldez aurretiko koipegabetzeak, erabilitako kontzentrazioak, eta beraz, atmosferara igorritako aire-emari bat bakarrik aurkezten da. Igorpen horri airearekin batera igortzen diren produktuak gehitu behar zaizkio, baita horien kontzentrazioak ere. Era berean, ez da adierazten partikula solidoak arrastatzen direnik, ezta partikula horien osaera kimikoa eta kontzentrazioa ere.

Puntu honetan adierazten ez den moduan, ezin da ikusi zein den baimendutako gehieneko igorpen-balioa.

FE02 Koipegabetzea. Aldez aurretiko koipegabetzean adierazitako gauza bera.

FE03 Galdara. CO2, CO, NOx kontzentrazioak zehaztea.

FE04 Tratamendu-tunela. Puntu honetan, ZnSO4 arrasta daiteke. Horrenbestez, tximinian zer nolako zink sulfato kontzentrazioak dauden zehaztu behar da, eta balio hori baimendutako balioen artean dagoen. Gas azidoak ateratzen diren eta zein kontzentraziotan irteten diren adierazi behar da.

FE05 Kataforesi bidez pintatzea. Igorpen-foku honetan, konposatu organiko lurrunkorrak agertzen dira. Ez dira zehazten ez horien ezaugarri kimikoak ez kontzentrazioak. Era berean, ez dira adierazten baimendutako gehieneko igorpen-balioak. Gainera, ez da jasotzen solidoak arrastatzen diren ala ez, ezta zein solido eta zein kontzentrazio ere.

FE06 Garbiketa-tunela. FE05 fokuan esandako gauza bera.

FE07 Polimerizatzeko labe-erregailua. Igorpen-foku honetan, konposatu organiko lurrunkorrak agertzen dira. Ez dira zehazten ez horien ezaugarri kimikoak ez kontzentrazioak. Era berean, ez dira adierazten baimendutako gehieneko igorpen-balioak.

FE08 Masillaren labe-erregailua. FE07 fokuan esandako gauza bera.

Efluente gaseosoak tratatzen ez direnez, horrek kimikoen edo disolbatzaileen usainak sortzen ditu auzoan eta, haize nagusien arabera, baita ibaiaren bestaldean ere, Orion, adibidez».

Erantzuna:

Baimenaren xede diren prozesuetan izan ohi diren emisioak ezagunak dira eta deskribatuta daude dagokion erreferentziako dokumentuan, lurrazaleko tratamenduaren sektoreari aplikagarriak zaizkion teknika erabilgarri onenen esparruan (BREF dokumentua). Eskaeran bertan aipamena egiten zaio BREF txostenari, IV. eranskinaren bitartez. Bertan, sustatzailea sailkatzen da dokumentuak jasotzen dituen kasuistika desberdinen arabera, Eusko Jaurlaritzak xede horrekin gaitutako gida erabiliz.

Bestalde, BREF dokumentuak ezarri beharreko kutsaduraren zuzenketa-neurriak hartzen ditu barne, baita baimenean ezarri beharreko gehieneko igorpen-balioak ere.

Horrela, bada, eskainitako informazioa nahikotzat jotzen da isurketa atmosferikoen arloan kasuan kasuko baldintzak ezartzeko.

3.– «Kubeta eusleak».

Hector González Arcelusek honako hau adierazi du bere alegazioetan:

«Araztegiaren sekzioan adierazitako atxikipen-kubeta ez da atxikipen-kubeta bat. Kontzentratuen 10 m3-ko 4 andela dituela kontuan hartuta, APQ-6 baten aurrean gaude. Atxikipen-kubetak andela baten bolumena eusteko gaitasuna izan behar du, hark kubetan okupatzen duen zatia salbu, beste hiru andelek eta, hala badagokio, lauen bankadek okupatzen duten bolumena kontuan hartuta. 25 cm-ko hormak –hobe esanda, zokaloak– ez du gaitasunik, andela bat apurtuz gero, hark sortuko lukeen olatuari eusteko, eskatutako bolumena bete arren. Aurkeztutako planoan argi eta garbi ikus daiteke kubeta zeharkatzen duen hodi bat dagoela. Arauak ez du baimentzen kubeta irekita egon dadila, eta kubetaren hormak zeharkatuz sartzen edo irteten diren hodiek hoditeriaren eta zigilatutako kubetaren artean izan behar dute lotura».

Erantzuna:

Produktu kimikoak biltegiratzeko erregulazioa ez dago ingurumen-baimen integratuaren xede-gaien artean, eta ez da Organo honen eskumena. Organo honen eskumenekoak diren beste gai batzuetan (lurpeko lurzoruak eta urak, gertakarien aurrean izan beharreko jarduketa, eta abar) eragina duelako eskatzen da biltegiratzeei buruzko informazioa.

Dena den, Organo honen eskumenekoak diren hondakinak biltegiratzeko baldintzak produktuentzako arauetan ere zehazten direnez, jakinarazi behar da araudiak ez duela agintzen kasuan kasuko erabateko biltegiratze-gaitasuna. Honela dio Produktu Kimikoak Biltegiratzeko Erregelamendua eta haren jarraibide tekniko osagarriak (MIE APQ 0tik 10era) onartzen dituen ekainaren 23ko 656/2017 Errege Dekretuaren 20.3 artikuluak:

«3.– Kubetaren edukiera.– Kubetak honako hauetatik handiena denaren edukiera erabilgarria izango du:

a) Ontzi handienaren edukiera, halakorik ez dagoela kontuan hartuta, baina gainerako guztiak bai.

b) Ontzien edukiera osoaren % 10a, barruan ontzirik ez dagoela kontuan hartuta».

Horrenbestez, egokitzat jotzen da aurkeztutako eskaera.


Azterketa dokumentala