Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

135. zk., 2019ko uztailaren 17a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA JUSTIZIA SAILA
3470

AGINDUA, 2019ko uztailaren 2koa, Lan eta Justiziako sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen eta arautzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-ekonomiako enpresen eta entitateen elkarte-egiturak finkatzeko laguntzak.

Agindu honen bidez ezartzen eta arautzen dira betekizunak eta prozedura Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-ekonomia osatzen duten entitateen elkarteen funtzionamendua arautzeko behar den gastuaren zati bat ordaintzeko laguntzak emateko, eta lurralde horretako gizarte-ekonomia sustatzeko politika publikoaren ardatzetako bat mantentzea eta exekutatzea du helburu.

Izan ere, euskal gizarte-ekonomia sendo bat, etorkizunekoa eta etorkizuna izango duena, garatzeko politika publiko koherente, efektibo eta efizienteak diseinatzeko eta inplementatzeko, ezinbestekoa da elkarte-egiturei sostengua ematea, legez esleituta baitituzte era horretako sozietateen ordezkaritza instituzionala bermatzeko eta interesak defendatzeko zerbitzuak, eta, horretaz gain, hainbat zerbitzu eskaintzen dizkiete kideei.

Elkarte-egituraren potentzialtasunak garantizatzen du, zuzenean edo zeharka, sorrera, mantentzea eta elkartekideen jarraipena, bai enpresen aldetik eta bai sozietateen aldetik.

Gizarte-ekonomiako enpresen kontzeptuan –Gizarte-ekonomiari buruzko 5/2011 Legearen 5. artikuluan tipifikatuan lege beraren 4. artikuluan zehaztutako printzipioen arabera, interes kolektibo eta sozialak lortzeko xedearekin– sartzen diren sozietate-moten heterogeneotasunak eskatzen du Administrazio Publiko eskudunak sostengatzea familia bakoitza osatzen duten elkarte-egiturak; kontuan izanda egitura horiek ez daudela elkarrekin lehian laguntza publikoa lortzeko eta ez zaiela elkarren artean alderatu ondoren lehentasun-irizpiderik aplikatuko, baizik eta, ezarritako baldintzak betetzen badituzte, laguntza horiek lortu ahal izango dituztela, arauan ezarritako parametroak aplikatuta bakoitzari dagokion muntan.

Agindu honek irizpide horri eusten dio, eta, ondorioz, era guztietako elkarteak sortzeko eta finkatzeko erraztasunak ematen ditu sektore ekonomiko desberdinetan edo jarduera-arlo espezifikoetan.

Edonola ere, laguntza honen erregulazioaren oinarri diren ildo nagusiak berberak izan dira bertsio guztietan; laguntzaren gaineko ardurakidetasun publiko-pribatua, alegia.

Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoko 2018. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 5/2017 Legea onartu ostean, haren indarraldia 2019ko ekitaldira luzatuta, eta Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluarekin bat etorriz, eta Lan eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 84/2017 Dekretuak ematen dizkidan eskumenen arabera, hau

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

1.– Gizarte-ekonomiako enpresen eta entitateen elkarte-egiturak finkatzeko, Eusko Jaurlaritzak, Lan eta Justizia Sailaren bitartez, 2019ko ekitaldian emango dituen laguntzak arautzea da agindu honen xedea. Entitate horiek berezko nortasun juridikoa izan behar dute, interes komunak ordezkatu eta babesteko elkartu behar dira, eta, betiere, Euskal Autonomia Erkidegoaren esparrukoak izan behar dute. Honelako entitateek jaso dezakete laguntza:

a) Lan-sozietateek eta lan elkartuko kooperatibek.

b) Lan elkartukoak ez diren kooperatibek eta elkarte konfederalek.

c) Ekonomia solidarioko elkarteek eta enplegu-zentro berezien elkarteek.

d) Langile autonomoen sektore arteko erakundeek, gutxienez bi urteko antzinatasuna dutenek.

Agindu honen ondorioetarako, a) eta b) letretako kasuetan aipatzen diren kooperatiba-sozietateen elkarte-egituratzat joko dira Euskadiko Kooperatibei buruzko ekainaren 24ko 4/1993 Legearen 144. artikuluan aipatzen diren kooperatiba-elkarteak.

2.– Halaber, laguntzei buruzko agindu honetaz baliatu ahal izango dira elkartekideak babestea eta kooperatiba gisa sustatzea helburu hartuta eratu eta erregistratu diren kooperatibak biltzen dituzten elkarteak, aipatutako 4/1993 Legearen 143.1 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz. Entitate horiek kooperatiba-mota bat baino gehiago eta beste sozietate-mota batzuk biltzen badituzte, dirulaguntzaren kalkulua egiteko, legeak aurreikusten duenarekin bat, gizarte-ekonomiako entitateei dagozkien babes- eta sustapen-jarduerak baino ez dira kontuan izango.

2. artikulua.– Helburua.

1.– Agindu honetan bildutako laguntzak 1. artikuluan aurreikusitako elkarteak mantendu eta finkatzeko egitura-gastuak finantzatzera bideratuko dira, lege eta estatutuek bakoitzari esleitutako helburuak betetzeko.

2.– Agindu honen ondorioetarako, diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakoaren arabera, honako egitura-gastuak:

a) Elkarteei zerbitzu ematen dieten langileen gastuak, lanpostuarekin eta hortik eratorritako jarduerekin zerikusia duten gastu guztiak barne.

b) Funtzionamendu-gastuak, artezkaritza-kontseilu eta batzordeetara joan izana konpentsatzekoak barne; eta partaide direneko entitate ordezkariei ordaindutako kuotak.

c) Egituraren ohiko jarduerekin zerikusia duten kanpoko gastuak; besteak beste: txosten juridikoak, auditoriak, eta marken defentsa eta babesa.

d) Entitatearen ibilgetuari dagozkion amortizazioen zenbatekoa.

3.– Ez dira egitura-gastutzat hartuko berariazko finantzazioa duten programa zehatzak gauzatzetik eratorritakoak, entitatearen berezko funtzionamenduari dagozkionekin zuzeneko harremana ez dutenak.

4.– Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak entitate eskatzaile bakoitzak aurreikusitako gastuen plangintza baliozkotu eta onartuko du. Gastu horiek entitate bakoitzaren 2016ko ekitaldirako Kudeaketa Planean sartutako diru-sarreren eta gastuen aurrekontuan jasoko dira, agindu honetako 1. eranskineko gastu-egiturari jarraikiz.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta mugak.

1.– Agindu honen xedea betetzeko, seiehun eta laurogei mila (680.000) euroko gehienezko kopurua erabiliko da guztira, honela banatuta: bostehun eta hogeita bost mila eta berrehun (525.200) euroko ordainketa-kreditua 2019ko ekitaldirako, eta ehun eta berrogeita hamalau mila eta zortziehun (154.800) euroko konpromiso-kreditua 2020ko ekitaldirako.

2.– Aipatutako zenbateko orokorra honela banatzen da:

a) II. kapituluari dagokienez, hirurehun eta laurogei mila (380.000) euroko gehienezko kopurua, honakoen bidez: hirurehun mila eta berrehun (300.200) euroko ordainketa-kreditua 2019ko ekitaldirako, eta hirurogeita hemeretzi mila eta zortziehun (79.800) euroko konpromiso-kreditua 2020ko ekitaldirako.

b) III. kapituluari dagokienez, ehun eta hogei mila (120.000) euroko gehienezko kopurua, honakoen bidez: laurogeita hamar mila (90.000) euroko ordainketa-kreditua 2019ko ekitaldirako, eta hogeita hamar mila (30.000) euroko konpromiso-kreditua 2020ko ekitaldirako.

c) IV. kapituluari dagokienez, ehun mila (100.000) euroko gehienezko kopurua, honakoen bidez: hirurogeita hamabost mila (75.000) euroko ordainketa-kreditua 2019ko ekitaldirako, eta hogeita bost mila (25.000) euroko konpromiso-kreditua 2020ko ekitaldirako.

d) V. kapituluari dagokienez, laurogei mila (80.000) euroko gehienezko kopurua, honakoen bidez: hirurogei mila (60.000) euroko ordainketa-kreditua 2019ko ekitaldirako eta hogei mila (20.000) euroko konpromiso-kreditua 2020ko ekitaldirako.

3.– Aurreko paragrafoetan adierazitako zenbateko globalak handitu ahal izango dira, betiere dirulaguntzak esleitzeko prozedura ebatzi aurretik, eskatutako laguntzen zenbateko osoa kontuan izanik eta honako hauen arabera: dagoen aurrekontu-lotura, Lan eta Justizia Sailaren beste programak betetzetik sortzen diren aurrekontu-aukerak edo onartzen diren bestelako aurrekontu-aldaketak. Halakorik gertatuz gero, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordearen ebazpenaren bidez emango da horren berri.

4.– Dirulaguntzak esleitzeko prozedura hau izango da:

– 2. apartatuan aipatutako kapituluetako bakoitzerako dauden baliabide ekonomikoak nahikoak badira baietsi beharreko ebazpenei erantzuteko, entitate eskatzaile guztiei onartuko zaie dirulaguntzarako eskubidea.

– Kapituluren batean, kapitulu horri dagozkion eskaera ebatzi ondoren, dauden baliabide ekonomikoetan soberakina badago, eta besteren batean edo batzuetan defizitik badago, soberakin horiek defizita duten kapituluak osatzeko erabiliko dira.

– Kapituluren batetik eratorritako soberakinak nahikoak ez badira defizita duten kapituluen beharrizan guztiak asetzeko, soberakin horiek proportzionalki banatuko zaizkie defizita duen kapitulu bakoitzeko kopuruei; eta, hala eta guztiz ere, laguntzen eskaerak estaliko ez badira, murrizketa proportzional bakarra eta independentea aplikatuko da kapitulu bakoitzaren barruan.

– II. kapituluaren barruan murrizketa proportzionala egin behar bada, 16.3 artikuluan jasotako irizpideari eutsiko zaio, eta, beraz, ordezkaritza gutxieneko entitateari esleituko zaion zenbatekoaren halako hiru esleituko zaio gehienez ordezkaritza handieneko entitateari, 16.1 artikuluan jasotako parametroetan oinarrituta.

4. artikulua.– Bitarteko elektronikoak erabiltzea.

1.– Agindu honetan jasotako laguntzen eskabidea izapidetzeko, bitarteko elektronikoak erabiliko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatutakoarekin bat eginez.

2.– Eskaerak eta gainerako ereduak izapidetzeko zehaztasunak egoitza elektroniko hauetan egongo dira:

– II. kap.: https://www.euskadi.eus/ayuda_estructuras_asociado_laborales_2019/y22-izapide/es

– III: kap. https://www.euskadi.eus/ayuda_estructuras_confederaciones_otros_2019/y22-izapide/es

– IV. kap. https://www.euskadi.eus/ayuda_estructuras_solidaria_cee_2019/y22-izapide/es

– V. kap: https://www.euskadi.eus/ayuda_estructuras_autonomos_2019/y22-izapide/es

3.– Eskabidearen ondoko izapideak https://euskadi.net gunean egingo dira, «Egoitza elektronikoa / Nire kudeaketak» atalean.

5. artikulua.– Eskaerak aurkezteko modua eta epea.

1.– Eskabidea eskuragarri egongo da kapitulu bakoitzarentzat agindu honen 4.2 artikuluan aipatutako egoitza elektronikoan.

2.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

3.– Entitate eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezakete, nahi duten eran. Orobat, prozeduran zehar, pertsona edo entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

4.– Eskabidearekin batera, 7. artikuluan adierazitako dokumentuak aurkeztu behar dira.

6. artikulua.– Onuraduna izateko betekizunak.

1.– Entitate onuradunek eskaera aurkezterakoan egiaztatu beharko dute baldintza guztiak betetzen dituztela.

2.– Eskabidea aurkeztearekin batera, baimena ematen zaio Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari zuzenean egiazta dezan entitate eskatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituen ala ez. Hala ere, baimena berariaz ukatu ahal izango da, eta, kasu horretan, entitate eskatzaileak ogasun-agintaritzaren eta Gizarte Segurantzaren administrazio-instantziek eginiko ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu. Betebehar horiek egunean izatea nahitaezkoa da onuradun izateko, baita onuradun gisa irauteko ere emandako dirulaguntza likidatu arte, eta, beraz, betebehar horiek betetzen direla egiaztatuko da dirulaguntza ematean eta dagozkion ordainketak egitean ere.

3.– Eskabide-formularioan sartutako erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, eskakizun hauek betetzen dituztela adieraziko dute entitate onuradunek:

– Legez eratuta egotea eta dagokien erregistroetan behar bezala inskribatuta egotea.

– Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen zehapen penal edo administratiborik ez izatea, edo horretarako desgaitzen duen legezko debeku baten pean ez egotea. 3.– Orobat, agindu honetan aurreikusitako laguntzak eman eta, hala behar badu, ordaindu ahal izateko, entitate onuradunak amaituta eduki beharko du itzulketa- nahiz zehapen-prozedura oro, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek eman dituzten –eta izaera bereko diren– laguntza eta dirulaguntza publikoei loturikoa; hau da, prozedura horiek ezin dira oraindik izapide-aldian egon.

– Dirua itzultzeko betebeharrak egunean dituztela, baldin eta dirulaguntzak itzultzeko prozedura batean sartuta badaude.

– Entitate eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, administrazio honi edo beste administrazio publiko batzuei xede eta helburu berberaz eskatutako beste edozein laguntza (emanda, eskatuta nahiz izapideak egiten) zein egoeratan dagoen adieraztekoa.

Ondoren, Gizarte Ekonomiaren zuzendaritzak egiaztatuko du erantzukizunpeko adierazpenean adierazitakoa.

4.– Era berean, ezingo dira agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan aipatutako egoeren batean dauden entitateak.

Orobat, agindu honetan aurreikusitako laguntzak eman eta, hala behar badu, ordaindu ahal izateko, entitate onuradunak amaituta eduki beharko du itzulketa- nahiz zehapen-prozedura oro, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek eman dituzten –eta izaera berekoak diren– laguntza eta dirulaguntza publikoei loturikoa; hau da, prozedura horiek ezin dira oraindik izapide-aldian egon.

6.– Eskatzaileari dirulaguntza jasotzeko eskubidea onartzen bazaio, dirulaguntzaren abonua jasotzeko Ogasun eta Ekonomia Saileko Hirugarrenen Erregistroan eman beharko du izena. Erregistratu gabe egonez gero edota jasota dauden datuak aldatu nahi izanez gero, alta edo aldaketa egin daiteke http://www.euskadi.net/altaterceros helbidean.

7. artikulua.– Nahitaezko dokumentazioa.

Agindu honetan aurreikusitako laguntzak jasotzeko eskaerak oso-osorik bete behar dira, eta, eskaerekin batera, honako agiri hauek aurkeztu behar dira nahitaez:

a) 2019. urterako Kudeaketa Plana, aurreikusitako jardueren txostena eta diru-sarreren eta gastuen aurrekontu zehatza barne.

b) Honako hauen inguruko egiaztagiriak:

– Enpresa bazkidetuen kopurua eta haien 2016ko kuotak; eta enpresa horien zerrenda.

– Ordezkatutako bazkide langileen kopurua.

8. artikulua.– Eskabideko akatsak zuzentzea.

Dirulaguntzen eskaeren termino guztiak beteta ez badaude edo dagokion artikuluan zehaztutako dokumentazioarekin batera ez badatoz, entitate interesdunari eskatuko zaio akatsa konpon dezala edo beharrezko dokumentuak gainera ditzala, betiere hamar eguneko epean, eta jakinaraziko zaio hori egiten ez badu atzera botako zaiola eskaera. Administrazioak eskaera horri buruzko berariazko ebazpena eman beharko du, eta ebazpen hori jakinarazi, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21.1 eta 68.1 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

9. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzak bateragarriak dira beste herri-administrazio edo entitate batzuek xede eta helburu bererako emandakoekin. Nolanahi ere, dirulaguntzen zenbatekoak ezin izango du gainditu elkarte onuradunen egitura-gastuek osatzen duten kostu osoaren zenbatekoa.

2.– Agindu honetako laguntzak eta entitate onuradunek arrazoi eta xede bererako jasotzen dituzten bestelako dirulaguntzak pilatzen badira, eta dirulaguntza horien batuketak egitura-gastuen kostu osoa gainditzen badu, gehiegizko kopuruaren bateraezintasuna deklaratuko da, eta Lan eta Justizia Sailak ematen duen dirulaguntzaren zenbatekoa murriztuko.

3.– Eman beharreko zenbatekoak zehazterakoan, horien kalkulua egiteko kanpoan utziko dira, berariaz, beste administrazio edo entitate publikoek emandako dirulaguntzak.

10. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, errekurtsoak eta publizitate-prozedura.

1.– Lan eta Justizia Saileko Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak kudeatuko ditu agindu honetan aurreikusitako laguntzak.

2.– Gizarte Ekonomiako zuzendariak esanbidez emandako ebazpenaren bidez eman edo ukatuko dira Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak, zuzendaritzako zerbitzu teknikoek egindako proposamenaren arabera; izan ere, aipatutako irizpideen arabera aztertu eta ebaluatuko dituzte eskabideak. Aipatutako ebazpena bakarra izango da, aginduak aurreikusten duen murrizketa proportzionala egin behar izanez gero.

Ebazpen horrek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoa betez.

3.– Agindu honen babesean egindako eskabideak esanbidez ebazteko eta jakinarazteko epea sei hilekoa izango da gehienez, aginduak ondorioak dituenetik kontatzen hasita. Epe horretan ebazpen espresurik ematen eta jakinarazten ez bada, eskabideei ezezkoa eman zaiela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, hartara eragotzi gabe Administrazioak espresuki ebazteko duen betebeharra.

4.– Publizitate-printzipioa betetzeko, eta dirulaguntza emateko ebazpena berariaz eta banaka jakinaraztea baztertu gabe, honako hau emango da jakitera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian Gizarte Ekonomiaren zuzendariaren ebazpena argitaratuta: alde batetik, agindu honen babespean dirulaguntza zein entitatek jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zeini emandako dirulaguntzak aldatu diren.

11. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.

Arazoaren 11ko 1/1977 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 50.2 artikuluan ezarritako betekizun aplikagarriak betetzeaz gain, dirulaguntzen onuradunek honako betebehar hauek bete behar dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, laguntza eman dela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean entitate onuradunek berariaz uko egiten ez badiote, laguntza onartutzat emango da.

b) Egindako jarduerak egiaztatzen dituen memoria eta diruz lagundutako egitura-gastu guztien egiaztagiriak bidali beharko dituzte Lan eta Justizia Saileko Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzara, 2019ko ekitaldiko kontabilitateko egoera-orriak onartzen direnetik hilabeteko epean.

c) Zertan eta zelan erabili den ziurtatu beharko dute zerrenda bidezko bermeen bitartez, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz. Dekretu horretan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horien itzulketei buruzko erregimen orokorra arautu zen, eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezarri ziren.

d) Dirulaguntza emateko kontuan izan den edozein baldintza objektibo zein subjektibo aldatzen bada, horren berri ematea laguntza ematen duen entitateari, eta Lan eta Justizia Sailarekin lankidetzan jardutea egiaztatze-, ikuskatze-, jarraipen- eta kontrol-prozeduretan.

e) Behar diren zabalkunde-neurriak hartzea era egokian iragartzeko agindu honen kargupeko jardueren finantzaketa publikoa dela, eta, era berean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14. artikuluan jasotako gainerako baldintzak bete beharko ditu. Beharrezkoa da egindako jardueren justifikazio-memoria bat egitea, nahitaezkoa baita dirulaguntzaren bigarren ordainketa eskatzeko; memoria horretan betebeharrak gauzatzeko hartu diren neurriak adieraziko ditu esplizituki.

12. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko eta justifikatzeko modua.

1.– Emandako dirulaguntza zatika emango da, bi alditan. Lehenengoa, emandako dirulaguntzaren % 75, aurretik emango da, eta jakinarazpena egin eta biharamunetik 15 eguneko epea igaro ondoren gauzatuko da, tartean ukorik izan gabe. Bigarrena, 2020an, diruz lagundutako jarduera amaitu eta gero, agindu honetan eskatutako justifikazioa aurkeztu ondoren, eta laguntzaren likidazioaren ondoriozko zenbatekoa ordainduko da.

2.– II. kapituluari dagokionez, % 79koa izango da lehenengo ordainketaren ehunekoa.

3.– Azken memoria aurkezteko epea, gehienez, hiru hilekoa izango da, onartzen denetik aurrera, 2020ko uztailaren 31 baino lehen, betiere.

13. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Dirulaguntza emateko aintzat hartu diren baldintzak aldatuz gero, helburua betetzat jotzen bada, eta, hala badagokio, administrazio honen edo beste edozein administrazioren edo entitate publikoren baten dirulaguntzak eta laguntzak jasotzen badira, dirulaguntza emateko ebazpena alda daiteke. Horretarako, alabaina, agindu honetan onuradun izateko ezarri diren betekizunak bete behar dira. Horretarako, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak aldaketa egiteko ebazpena emango du. Ebazpen horren bidez, emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokituko dira, eta entitate onuradunek itzuli egin beharko dituzte soberakinak.

14. artikulua.– Ez-betetzeak eta erantzukizunak.

Onuradunak betetzen ez baditu dirulaguntzak emateko ebazpenean ezarritako arauak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarriko arauak eta erabilgarri diren gainerako xedapenak; edo aurkeztutako datuak egiazkoak ez badira; edo emandako dirua, bere helbururako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabili bada; orduan, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak berariaz horretarako hasitako espedientea izapidetuko du, eta interesdunari hamabost eguneko epea emango dio esan behar duena entzuteko, eta, ondoren, hala badagokio, onuradunak dirulaguntza galduko du, eta, bi hilabeteko epean, ordura arte jasotako dirulaguntzak (osorik edo partez) eta legez dagozkien berandutze-interesak itzuli beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari; horrez gainera, legez egin litezkeen gainerako egintzak ere egingo dira. Hori guztia halaxe izango da honako hauek oinarri hartuta: abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritakoa, horren bidez onartu baitzen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina.

15. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

Aurreko artikuluan aurreikusitako ez-betetzeen kasuan, honako hau izango da jasotako laguntzak itzultzeko prozedura:

a) Dirua itzultzeko prozedura hasi dela, eta prozedura hori zergatik hasi den, jakinaraziko dio Gizarte Ekonomiaren zuzendariak entitate onuradunari, eta 15 eguneko epea emango dio, bidezko iritzitako alegazioak egin ditzan.

b) Alegazioak jasota edo batere aurkeztu gabe igaro bada epea, Gizarte Ekonomiaren zuzendariak ebazpena emango du, zeinean, beharrezkoa bada, kopuru egokiak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra xedatuko baitu; horretarako gehieneko epea bi hilekoa da, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Epe hori borondatezko aldiaren epea izango da.

Itzultzeko prozedura, gehienez ere, hamabi hilabetean ebatzi behar da.

c) Kopuru horiek borondatezko epean itzultzen ez badira, horren berri emango zaio Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Saileko Ekonomia, Finantza eta Aurrekontu Politikako Sailburuordetzari, premiamendu-bideari ekin diezaion, aplika daitekeen lege-araudian xedatutakoari jarraituz.

II. KAPITULUA
LAN-SOZIETATEEN ETA LAN ELKARTUKO KOOPERATIBEN ELKARTEENTZAKO LAGUNTZAK

16. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa eta zenbateko hori erabakitzeko irizpideak.

1.– Lan eta Justizia Sailak garrantziaren araberako laguntzak emango ditu, hau da, 50.000 euro emango ditu entitate onuradun bakoitzak ordezkatzen duen bazkide langileen eta enpresa kopuruaren arabera, baremo honekin bat etorriz:

a) Eskala honen arabera entitate onuradun bakoitzak ordezkatzen duen bazkide langileen kopurua:

1) Lehenengo bazkide langiletik hasi eta 5.000. bazkide langilera, zazpi (7) euro emango dira bazkide langile bakoitzeko.

2) 5.001. bazkide langiletik 10.001. bazkide langilera, sei (6) euro emango dira bazkide langile bakoitzeko.

3) 10.001. bazkide langiletik aurrera, bost (5) euro emango dira bazkide langile bakoitzeko.

b) Eskala honen arabera entitate onuradun bakoitzak ordezkatzen dituen enpresen kopurua:

2.– Aurreko paragrafoan aurreikusitakoaren ondorioetarako, entitate onuradun eskatzaileek, ordezkatzen duten bazkide langileen kopurua eta enpresa bazkidetuen kopurua egiaztatu beharko dute.

3.– Entitate onuradun batek, gehienez ere, artikulu honen arabera gutxien dagokion entitateak jasotzen duenaren hirukoitza jaso ahal izango du. Zenbatekoak ezin izango du inola ere gainditu Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak onartutako plangintzan aurreikusten diren gastuen % 50, beste edozein laguntza publikoren oinarrian dauden egitura-gastuak alde batera utzita.

17. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa eta zenbateko hori erabakitzeko irizpideak.

Lan eta Justizia Sailak finantzatuko du Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak onartutako plangintzan aurreikusitako gastuaren % 50, beste edozein laguntza publikoren oinarrian dauden egitura-gastuak alde batera utzita, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzen bitartez. Baina horretarako, baliabide propioak izateko behar objektiboa dagoela egiaztatu beharko da, eta inola ere ezingo da berrogeita hamar mila (50.000) euro baino gehiago eman entitate eskatzaile bakoitzeko.

IV. KAPITULUA
EKONOMIA SOLIDARIOKO ELKARTEAK ETA ENPLEGU-ZENTRO BEREZIEN ELKARTEAK

18. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa eta zenbateko hori erabakitzeko irizpideak.

Lan eta Justizia Sailak finantzatuko du Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak onartutako plangintzan aurreikusitako gastuaren % 50, beste edozein laguntza publikoren oinarrian dauden egitura-gastuak alde batera utzita, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzen bitartez. Baina horretarako, baliabide propioak izateko behar objektiboa dagoela egiaztatu beharko da, eta inola ere ezingo da berrogeita hamar mila (50.000) euro baino gehiago eman entitate eskatzaile bakoitzeko.

V. KAPITULUA
LANGILE AUTONOMOEN SEKTORE ARTEKO ENTITATEENTZAKO LAGUNTZAK

19. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa eta zenbateko hori erabakitzeko irizpideak.

Lan eta Justizia Sailak finantzatuko du Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak onartutako plangintzan aurreikusitako gastuaren % 50, beste edozein laguntza publikoren oinarrian dauden egitura-gastuak alde batera utzita, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzen bitartez. Baina horretarako, baliabide propioak izateko behar objektiboa dagoela egiaztatu beharko da eta inola ere ezingo da berrogeita hamar mila (50.000) euro baino gehiago eman entitate eskatzaile bakoitzeko.

LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA.– Araudi aplikagarria.

Agindu honetan adierazitako dirulaguntzetarako, honako hauetan xedatutakoa aplikatuko da: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako testu bategina–; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko oinarrizko arauak –Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan garatua–.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Lan eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikuluan eta hurrengoetan jasotakoarekin bat etorriz. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera, betiere Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46.1 artikuluetan ezarritakoa betez.

HIRUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko uzatilaren 2a.

Lan eta Justiziako sailburua,

MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.


Azterketa dokumentala