Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

135. zk., 2019ko uztailaren 17a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
3465

97/2019 DEKRETUA, uztailaren 2koa, zeinaren bidez urgentziako deklaratzen baita Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak, nahitaez desjabetzeko, honako eskubide eta ondasun hauek okupatzea: Gueñesen, Lanbarri auzoa Zalla-Güeñesko HUA Kolektorera inkorporatzea proiektua burutzeko beharrezko ondasunak eta eskubideak.

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak, «Lanbarri auzoa Zalla-Güeñesko HUA Kolektorera inkorporatzea» proiektuaren espedientea formalki onartu eta gero, proiektua gauzatzeko lur guztiak erabiltzeko beharra adierazi zuen.

2018ko uztailaren 24an, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak nahitaezko desjabetze-espedientea hastea eta ondasunen eta eskubideen zerrenda jendaurrean jartzea erabaki zuen, hamabost eguneko epean, prentsan eta 2018ko irailaren 10eko Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (174. zk.). Aldaketa honek eragina du beste lursail batzuetan eta, hori dela eta, entzunaldi-izapidea ireki zen lursail hauen jabeentzat, hamabost eguneko epez.

Geroago, 2019ko urtarrilaren 29an egindako bilkuran, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak Eusko Jaurlaritzari proiektuak eragiten dituen eskubideak eta ondasunak okupatzeko premiazkotasunaren adierazpena eskatzea erabaki zuen, Nahitaezko Desjabetzearen Legearen 52. artikuluan ezarritakoa betetzeko.

Urgentziaz okupatu beharreko ondasunak eta eskubideak zehaztuta eta banakatuta agertzen dira dosierrean jasotako zerrendan, bai eta identifikazioak egiteko datu askirekin agertu ere. Zerrenda hori jendaurrean jarri eta entzunaldi-izapidea egin zen, egoki zenean, eta bi alegazio aurkeztu ziren, administrazio-espedientean adierazten denez.

Zerbitzu teknikoek ikusi dutenez, ez dago espedientea izapidetzeko inolako hirigintza-oztoporik.

Ondasun eta eskubide horiek okupatzea luzaezintzat jotzen da, honako arrazoi hauengatik:

Lan hauek egitea ezinbestekotzat jotzen da, Lanbarri, Lasier eta Sologutxi auzoetako hondakin-uren emariak kolektore nagusira eraman ahal izateko; bai eta Osotu ikastetxe berriarenak ere, zeinen irekiera 2019-2020 ikasturterako aurreikusita baitago. Gaur egun, emari hauek Cadagua ibaira isurtzen dira zuzenean. Jarduera honi esker Cadagua ibaira egiten diren isurketa hauek kenduko dira, emari hauek Güeñeseko HUAn araztuko dira eta Cadagua ibaiaren ingurune-egoera hobetuko da, udalerri honetan.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31eko 4/1990 Legearen 26.1.f) artikuluan xedatzen denez, Eusko Jaurlaritzari dagokio: nahitaez desjabetu beharreko ondasunak eta eskubideak urgentziaz okupatu behar direla deklaratzea, nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: burutze-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurzoruan egin beharreko banakako jarduketak. Goian aipatutako lege horrek 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, lurralde-antolamenduaren eskumenak dituen sailburuari zegokion horretarako proposamena aurkeztea Jaurlaritzaren Kontseiluari.

Hori dela eta, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak proposaturik, Gobernu Kontseiluak, 2019ko uztailaren 2ko bilkuran gaia aztertu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26. artikuluan xedatutakoari jarraituz, nahitaez desjabetzeko, «Lanbarri auzoa Zalla-Güeñesko HUA Kolektorera inkorporatzea» proiektua burutzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak urgentziaz okupatu beharrekoak direla deklaratzea. Berariaz hasarazitako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztu eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aurretiaz berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Epeok dekretu hau argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.

Vitoria-Gasteizen, 2019ko uztailaren 2an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.


Azterketa dokumentala