Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

116. zk., 2019ko ekainaren 20a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGUKO ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
3011

EBAZPENA, 2019ko ekainaren 7koa, Familia Politikako eta Aniztasuneko zuzendariarena, zeinaren bidez epea irekitzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Ijito Herriaren Erabateko Sustapenerako eta Partaidetza Sozialerako Kontseiluaren osoko bilkuran parte hartzeko eskaerak jasotzeko liburuan sartzeko eskaerak aurkezteko.

Azaroaren 25eko 289/2003 Dekretuaren bidez (2003ko abenduaren 5eko EHAA, 239. zk.), Euskal Autonomia Erkidegoko Ijito Herriaren Erabateko Sustapenerako eta Partaidetza Sozialerako Kontseilua sortu zen, eta dekretu horren IV. kapituluan kontseilu horren osoko bilkurarako elkarteen ordezkariak izendatzeko prozesua arautzen da.

Dekretu horren 15. artikuluaren arabera, ijitoen eta ijitoen aldeko elkarteen ordezkariak izendatzeko prozesua antolatzeko, Kontseiluaren osoko bilkuran parte hartzeko eskaerak jasotzeko liburua eramango da. Era berean, Kontseiluaren osoko bilkuran parte hartzeko eskaerak jasotzeko liburuan sartzeko epea, ezohiko arrazoirik egon ezean, hiru urtetik behin irekiko da.

Familia Politikarako eta Komunitate Garapenerako zuzendariaren 2016ko ekainaren 7ko Ebazpenaren bidez (2016ko uztailaren 1eko EHAA, 125. zk.), elkarteen ordezkariak izendatzeko azken prozesua zabaldu zenez, orain beste izendapen-prozesu bati ekin behar zaio eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ijito Herriaren Erabateko Sustapenerako eta Partaidetza Sozialerako Kontseiluaren osoko bilkuran parte hartzeko eskaerak jasotzeko liburuan sartzeko eskaerak aurkezteko epea finkatu behar da.

Emakumeen eta gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeari jarraikiz, erabakiak hartzeko gune guztietan emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua errespetatu behar da, eta pertsona anitzeko administrazio-organoetan ordezkaritza orekatutzat joko da, hain zuzen, sexu biek gutxienez % 40ko ordezkaritza dutenean.

Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 75/2017 Dekretuan xedatutakoa betez, Familia Politikako eta Aniztasuneko zuzendariari dagokio izendapen-prozesu berria irekitzea eta parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea jakinaraztea, EHAAn argitaratuta.

Horren indarrez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Hamar eguneko epea irekitzea ijitoen eta ijitoen aldeko elkarteek Euskal Autonomia Erkidegoko Ijito Herriaren Erabateko Sustapenerako eta Partaidetza Sozialerako Kontseiluaren osoko bilkuran parte hartzeko eskaerak jasotzeko liburuan sartzeko eskaerak aurkezteko. Epea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da.

Bigarrena.– Parte hartzeko eskaerak azaroaren 25eko 289/2003 Dekretuaren (2003ko abenduaren 5eko EHAA, 239. zk.) eranskinean finkatutako ereduaren araberakoak izango dira, eta eskaerarekin batera, adostasun-agiria ere aurkeztu beharko dute, zeinaren bidez elkarteek aho batez izendatu baitute osoko bilkuran ordezkatuko dituzten kontseilukideak, edo guztien adostasuna lortzen ez bada, dekretu horren 7.2.d) artikuluaren bigarren paragrafoak aipaturiko abalak aurkeztu beharko dituzte.

Hirugarrena.– Parte hartzeko eskaerak Eusko Jaurlaritzaren Familia Politikarako eta Komunitate Garapenerako Zuzendaritzara igorri behar dira, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan jasotako edozein modutan aurkez daitezke.

Laugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ijito Herriaren Erabateko Sustapenerako eta Partaidetza Sozialerako Kontseiluaren osoko bilkurarako elkarteen ordezkariak izendatzeko prozesua Emakumeen eta gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedaturikoaren araberakoa izango da, eta ordezkaritza orekatutzat joko da, hain zuzen, sexu biek gutxienez % 40ko ordezkaritza dutenean.

AZKEN XEDAPENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko ekainaren 7a.

Familia Politikako eta Aniztasuneko zuzendaria,

ERNESTO SAINZ LANCHARES.


Azterketa dokumentala