Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

113. zk., 2019ko ekainaren 17a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
2925

EBAZPENA, 2019ko apirilaren 11koa, Ingurumeneko sailburuordearena, zeinaren bidez ematen baita Bergarako Askarruntz auzoan (Gipuzkoa) Hondakin SLk sustatutako hondakin arriskutsuen kudeaketarako instalazio bat jartzeko ingurumen-baimen integratua.

AURREKARIAK

2017ko otsailaren 28an, Hondakin SLk ingurumeneko baimen integratua emateko eskatu zion Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginean xedatutakoarekin bat, hondakin arriskutsuak kudeatzeko instalazioetarako, Bergarako udalerrian (Gipuzkoa).

Era berean, jarduera hirigintzarekin bateragarria zela egiaztatzen zuen Bergarako Udalaren 2018ko martxoaren 9ko txostena aurkeztu zuen.

Prozedurari berriz ekinda eta aurkeztutako agiriak nahikoak zirela egiaztatu ondoren, Ingurumeneko sailburuordearen 2018ko maiatzaren 15eko Ebazpenaren bidez erabaki zen Hondakin SLk sustatutako proiektua 30 egun balioduneko epean jendaurrean jartzea, egoki irizten diren alegazioak aurkezteko. Horretarako, ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean eta Eusko Jaurlaritzaren Iragarki Taula Elektronikoan argitaratu zen, 2018ko ekainaren 4an.

Jendaurrean jartzeko izapidea amaitu ondoren, alegaziorik ez dagoela egiaztatu da.

Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen testu bateginaren 17. eta 18. artikuluetan xedatutakoari jarraituz, 2018ko abuztuaren 7an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak txostena eskatu zien Bergarako Udalari, URAri, Segurtasun Sailari eta Osasun Sailari.

2019ko martxoaren 27an, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 20. artikuluan xedatutakoa betez, Hondakin SLren esku utzi zen espediente osoa.

2019ko apirilaren 10ean, Hondakin SLk idazki bat igorri zuen alegaziorik ez dagoela adierazteko.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak (Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena) bere 1. artikuluan ebazten duenaren arabera, lege horren xedea da atmosferaren, uraren eta lurzoruaren kutsadura saihestea edo, hori ezinezkoa denean, kutsadura hori gutxitu eta kontrolatzea, eta, hori lortzeko, ingurumen osoaren babes-maila handia helburutzat harturik, kutsadura prebenitu eta kontrolatzeko sistema integratu bat ezartzea.

Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 1. eranskinean eta Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean jasota dauden jarduerak garatzen dira instalazioan; horietaz gainera, baimen honek barnean hartzen ditu aipatutako legearen aplikazio-eremuan sartzea ekarri zuten instalazioaren kokapenean garatzen diren jarduera guztiak, baita, eranskin horietan jasota ez egonik, jarduera horrekin lotura teknikoa dutenak eta sor daitezkeen isurketen eta kutsaduraren gainean ondorioak izan ditzaketenak ere.

Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 9. artikuluan xedatzen dena betez, ingurumen-baimen integratua behar da 1. eranskinean aipatzen diren jardueretako edozein garatzen duten instalazioak ustiatzeko. Ildo horretatik, 11. artikuluaren arabera, baimen honen oinarrizko helburua baldintzak ezartzea da, araua berau aplika daitekeen instalazio guztietan betetzen dela bermatzeko; horretarako, baimena ematen parte hartuko duten administrazio publikoen artean koordinatuta egongo den prozedura bat erabili nahi da, izapideak erraztu eta partikularrek ordaindu beharreko kargak gutxitzeko. Era berean, indarrean dagoen araudian jasotako ingurumeneko administrazio-baimen guztiak egintza administratibo bakar batean bildu nahi dira. Hondakin SLren kasuan, baimen hauek guztiak behar ditu: hondakin arriskutsuak kudeatzeko baimena, ibilgura isurketak egiteko baimena, eta, ingurumen-arloko bestelako zehaztapenen artean, hondakinak sortzeari eta lurzoruaren eta lurpeko uren kutsadura prebenitu eta zuzentzeari dagozkionak. Espedientean, beste administrazio eta erakunde eskudun batzuek ere nahitaezko txostenak eginez parte hartu dutela jasotzen da.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 29. artikuluan xedatutakoarekin bat, jarduera deseroso, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsuak egin ahal izateko administrazio eskudunek herritarren ekintzen gainean esku hartzeko dituzten administrazio-bitartekoak ordezkatuko ditu ingurumen-baimen integratua emateko prozedurak. Ondore horietarako, ingurumen-baimen integratua loteslea izango da tokiko agintarientzat, baldin eta jarduerak egitea ukatzeko edo zuzenketa-neurriak ezartzeko bada; baita goiko arauaren 22. artikuluan jasotako ingurumen-alderdi orori dagokionez ere. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena babesteari buruzko otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 39. artikuluak xedatzen duenez, neurri guztiak hartuko dira lizentziak eta baimenak eskuratzera bideratutako administrazio-prozedurak koordinatzeko. Adierazitako aginduak aplikatuz, Hondakin SLren ingurumen-baimen integratua emateko prozeduran sartuta daude Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean aurreikusitako izapide guztiak.

Azkenik, adierazi behar da ebazpen honek kontuan izan dituela teknika erabilgarri onenak eta aplikatzekoa den sektoreko legeriak zehaztutako neurriak eta baldintzak, bai instalazioak gehienez isur edo igor ditzakeen gai kutsagarrien muga-balioak zehazteko, bai, ingurumen osoa ahalik eta gehien babesteko helburuz, instalazioaren ustiapenari ezarriko zaizkion bestelako baldintzak erabakitzeko. Bereziki kontuan izan da Batzordearen 2018ko abuztuaren 10eko 2018/1147 Betearazpen Erabakia (EB), zeinaren bidez ezartzen baitziren hondakinen tratamendurako teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak emandako 2010/75/EB Zuzentarauaren arabera.

Azaldu dugun guztia aintzat hartuta, espedientean jaso diren txosten guztiak aztertutakoan ebazpen-proposamena egin zen, eta bertan jaso ziren Hondakin SLk sustatutako proiektuari aplikatu beharreko baldintzak.

Azaldutakoarekin bat, goian adierazitako izapideak amaitu dira, eta entzunaldi-izapidea bete da, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 20. artikuluan jasotzen dena.

Aintzat hartu da organo honek eskumena duela Ingurumeneko Baimen Bateratu hau emateko, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuan xedatutakoaren arabera.

Honako hauek ikusi dira: ingurumen-organo honen 2019ko apirilaren 10eko Ebazpen-proposamena; otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra, Euskal Herriko ingurumena babestekoa; Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina –abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartua–; urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretua, Industriako Isurpenen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duena; abenduaren 9ko 21/2013 Legea, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; uztailaren 28ko 22/2011 Legea, hondakin eta lurzoru kutsatuena; apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, eta aplikatu beharreko gainerako arauak. Ondorioz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Helbide soziala Bergarako Askarruntz auzoa, z/g duen eta IFK: B20797403 zenbakia duen Hondakin SL enpresari Bergarako udalerrian hondakin arriskutsuen kudeaketarako instalazio bat jartzeko ingurumen-baimen integratua ematea, Ebazpen honen bigarren apartatuan zehaztutako baldintzen arabera.

Jarduera jasota dago abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 1. eranskineko kategoria honetan:

«5.6 epigrafean bildu ez diren hondakin arriskutsuak aldi baterako biltegiratzea, 5.1, 5.2, 5.5 eta 5.7 epigrafeetan adierazitako tratamenduetako bat aplikatu arte, 50 tonatik gorako edukierarekin, jasotzeko zain dagoen bitartean sortu den lekuan bertan aldi baterako biltegiratzea alde batera utzita».

Instalazioa Bergarako (Gipuzkoa) Askarruntz auzoan (z/g) dago kokatuta eta 1.554,23 m2 inguru ditu guztira. Horien artean, biltegiratze-pabiloiak 601,33 m2 ditu, salmentara bideratutako ontzi berreskuratuak biltegiratzeko portxe estaliak 107,60 m2, administrazio, laborategi eta zerbitzu gehigarrietarako eraikinak 154,46 m2, eta biltegiratze-pabiloia, bulegoak eta instalazio gehigarriak inguratzen dituen kanpoko perimetroak 400 m2 inguru.

Jarduerak hondakinak jaso eta transferitzea du helburu, eta gero kudeatzaile baimenduari bidaltzen zaizkio, hark azken trataera egin dezan. Honako eragiketa hauek egin beharko dira:

– R13/D15 – Aldi baterako biltegiratzea (220 tonako gaitasuna).

– R12 – Ontziak trinkotzea (eguneko 2 tonako gaitasuna).

– R1201 – TEEH hondakinak sailkatzea, bereiztea edo multzokatzea (eguneko 2 tonako gaitasuna).

– R1301 – TEEH hondakinak aldi baterako biltegiratzea (8,4 tonako gaitasuna).

Kudeaketa-prozesu osoa lau fasetan egingo da:

1.– Hondakinen onespena: hondakina eta hura sortzeko prozesua identifikatzen dira eta, beharrezkotzat jotzen bada, hondakinaren lagin bat aztertzen da.

2.– Harrera: bidalketen programa bat adosten da hondakinaren titularrarekin, eta hartuko diren kantitateak eta datak zehazten dira. Horiek jaso ondoren, bidaliko den hondakinaren lagin bat hartzen da, azterketa egin eta hondakina onartu edo ukatu egingo den zehazteko.

3.– Aldi baterako biltegiratzea: hondakinak sailkatzen dira eta, kasu bakoitzean, biltegiratze-pabiloian non biltegiratuko diren zehazten da.

4.– Kaltetuta edo zikinegi dauden bidoi metalikoak trinkotzeko prentsa bat dago, horiek kudeatzaileari bidaltzeko egokiak ez direnean eta, beraz, hondakinak garbitu eta berrerabil ezin daitezkeenean.

5.– Azken kudeatzaile baimenduari bidaltzea.

Honako hauek dira biltegiratze-gaitasunak, hondakinen sailkapen bakoitzaren arabera:

– I. taldea: Azidoak. 10 m3-ko gaitasuna gehienez (10 t gehienez).

– II. taldea: Baseak. 10 m3-ko gaitasuna gehienez (10 t gehienez).

– III. taldea: Solidoak. 150 m3-ko gaitasuna gehienez (100 t gehienez).

– IV. taldea: Likido suhargaitz ez toxikoak. 70 m3-ko gaitasuna gehienez (70 t gehienez).

– V. taldea: Sukoiak. Produktu kimiko sukoiak biltegiratzeari buruzko APQ 1 araudiarekin bat etorriz, talde hau xede horrekin eraikitako barruko gelan biltegiratzen da. Gehienez ere 30 m3-ko biltegiratze-gaitasuna eskatu da (30 t gehienez).

– VI. taldea: Toxikoak. 10 m3-ko gaitasuna du gehienez (10 t gehienez).

– VII. taldea: TEEH. 8,4 tonako gaitasuna du gehienez.

Hondakin SLren energia-kontsumoa, hondakin arriskutsuak kudeatzeko, 29.000 kWh energia elektrikokoa da.

Lurpera ez iragazteko, pabiloiaren gainazala behar bezala iragazgaiztuta dago eta sare itxi bat du biltegiratze-pabiloitik kanpora likidorik irten ez dadin; horrela, bada, atxikipen-kubeta baten gisa jarduten du, hura eraikitzean utzi den malda dela eta.

Administrazio-eraikina garbitzeko urak iragazki biologiko bati konektatuta daude, eta pabiloiaren perimetrotik iragaten diren euri-urak hidrokarburoen bereizgailura bideratzen dira.

Sortutako hondakin arriskutsuak eta arriskugabeak ekipamenduak mantentzeko eta instalazioa zaintzeko jarduera orokorretatik datoz, nagusiki.

Hondakin SLren jardueran, Batzordearen 2018ko abuztuaren 10eko 2018/1147 Betearazpen Erabakian (EB) jasotzen diren teknika erabilgarri onenak aplikatzen dira, hondakinen tratamendurako teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak ezartzen dituena, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak emandako 2010/75/EB Zuzentarauaren arabera.

Proiektuak, besteak beste, neurri hauek biltzen ditu, zeinak teknika erabilgarri onenak direla pentsa baitaiteke: TEO2, TEO3, TEO4, TEO5, TEO11, TEO20, TEO21 eta TEO24.

Bigarrena.– Hondakin SLk Bergarako udal-mugartean (Gipuzkoa) hondakin arriskutsuak kudeatzeko sustatu duen jarduera ustiatzeko baldintza eta betekizun hauek ezartzea:

A) Gutxienez seiehun mila (600.000) euroko erantzukizun zibileko aseguru bat eratu beharko da, honako hauek estaliko dituena: hirugarren pertsonei edo horien ondasunei sortutako balizko kalteengatiko kalte-ordainak, eta baimen honek onartutako jardueraren ondorioz aldatzen den ingurumena konpondu eta berreskuratzeko kostuak.

Aseguru horren zenbatekoa urtero eguneratu ahal izango da, aurreko 12 hileko kontsumo-prezioen indizearen arabera (KPI) handituz.

B) Berrogeita zazpi mila (47.000) euroko fidantza jartzea, hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 20. artikuluaren 4.b) letran xedatutakoari jarraikiz. Fidantza horren zenbatekoa zehazten da, hondakinak tratatu eta biltegiratzeko gehieneko gaitasunen arabera.

Fidantza horren zenbatekoa urtero eguneratu ahalko da, aurreko 12 hilabeteetako kontsumoko prezioen indizearen (KPI) arabera igota.

Jarritako fidantza ez da itzuliko, Ingurumen Sailburuordetzak Hondakin SLk sustatutako hondakin arriskutsuak kudeatzeko jarduera uztea baimendu arte edo dagokionean jarduera uzteko finkatutako baldintzak bete arte; baldintza horiek, betiere, lurzoruaren kalitate-adierazpenean ezartzen diren betekizunak barne hartuko dituzte.

D) Administrazioarekiko harremanez arduratuko den goi-mailako tituludunari buruz Ingurumen Sailburuordetzari eman zaizkion datuetan aldaketarik balego, Hondakin SL enpresak aldaketa horien berri emango du.

E) Sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetzan aurkeztu dituen agirietan aurreikusi bezala burutuko dira neurri babesle eta zuzentzaileak, indarrean dagoen araudiaren arabera eta atal hauetan ezarritakoari jarraituz:

D.1.– Hondakinak jaso, manipulatu eta biltegiratzeko baldintzak eta kontrolak.

Instalazioan balorizazioa egiteko onartzen diren hondakinak ondorengo apartatuetan zehaztuko dira, non horiek zuzen kudeatzeko zehaztapenak jasotzen baitira.

D.1.1.– Hondakin onargarriak.

Hondakin SLk ondorengo Europako Hondakinen Zerrendako EHZ kodea duten hondakin hauek tratatu ahal izango ditu goian aipatutako tratamendu-sistemen bidez. Zerrenda hori Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakiaren bidez argitaratu zen (Erabaki horren bidez aldatu egin zen 2000/532/EE Erabakia, hondakinen zerrendari buruzkoa, Europako Parlamentuaren eta Batzordearen 2008/98/EE Zuzentarauan xedatutakoa betetzeko). Halaber, aipatutako erabakiaren arabera emango zaie hondakinei dagokien kodea eta sailkapena, baita Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko 1357/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera ere. Erregelamendu horrek ordezten du Europako Parlamentuaren eta Batzordearen hondakinei buruzko 2008/98/CE Zuzentarauaren III. eranskina, zuzentarau jakin batzuk indargabetzen zituena. Hortaz, ondoren adierazitako hondakin hauek baino ez dira onartuko:

a) Transferentzia-zentroa – Hondakin arriskutsuak aldi baterako biltegiratzea (R13/D15).

(Ikus .PDF)

b) Transferentzia-zentroa - TEEH hondakinak aldi baterako biltegiratzea (R1201/R1301).

(Ikus .PDF)

C) Trinkotze-lerroa (R12):

(Ikus .PDF)

Halaber, zamalanak baimentzen dira, eta, behar izanez gero, hondakin horien berrontziratze-eragiketak.

– Baimen honen esparrutik kanpo geratuko dira betiere leherkariak, erregarriak eta hondakin infekziosoak (azken horiei HP1, HP2 eta HP9 arriskugarritasun-kodeak dagozkie, hurrenez hurren), HP12 arriskugarritasun multzoko hondakinak, eta bifenilo polikloratuak eta/edo terfenilo polikloratuak izan edo osagai horiekin kutsatuta daudenak (C32 osagai-kodedunak).

– Ekipo elektriko eta elektronikoen hondakinak eta hodi fluoreszenteak kudeatuko dira Gailu Elektriko eta Elektronikoen Hondakinei buruzko 110/2015 Errege Dekretuan, otsailaren 20koan, xedatutakoaren arabera.

– Halaber, pilen eta metagailuen hondakinak otsailaren 1eko 106/2008 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatu beharko dira (pilen eta metagailuen hondakinen ingurumen-kudeaketari buruzko Errege Dekretua).

– Hondakin SLk industrian sortutako etxeko zaborrak eta merkataritza-hondakinak kudeatu ahal izango ditu (20. taldeko EHZ kodea duten hondakinak), ebazpen honetan adierazi direnak soilik, baldin eta dagozkion udal-ordenantzen arabera ez bada beharrezkoa hondakinok hondakinen kudeaketa-sistema publiko bati entregatzea.

D.1.2.– Hondakinen sarreraren kontrola.

Instalaziora balorizatzeko iristen diren hondakinen kontrola egin beharko da, ebazpen honetako baldintzekin bat instalazioan onargarriak direla bermatzeko.

Ezin izango dira onartu baimen honetan adierazitakoez bestelako hondakinak. Nolanahi ere, hondakin mota gehiago kudeatu ahal izateko, beharrezkoa izango da Ingurumen Sailburuordetzaren onarpena lortzea aldez aurretik, eta ebazpen honen I. apartatuan ezartzen dena betetzea.

Kudeatzaile baimenduekin akordioak egingo dira TEEH hondakinak prestatzeko eta berrerabiltzeko.

Instalazioan tratatzea aurreikusten den hondakin-jatorri berri bakoitzeko, eragileak tratamendu-kontratua bete beharko du, IKS-eeM Sistemaren erakundeentzako bertsioa erabilita (www.eper-euskadi.net webgunean eskuragarri), non, hala badagokio, hondakina onartzeko parametro mugatzaile edo baldintzatzaileen proposamena jasoko baita.

Hondakin bat onartzeko aukera egiaztatu eta gero, Hondakin SL enpresak tratamendu-kontratua bidaliko dio hondakinaren titularrari, non ezarriko baitira baldintzak eta, hondakina ematen ez bada, iraungitze-data. Horrez gain, hondakina onartzeko parametro mugatzaileak edo baldintzatzaileak jasoko dira, eta, hala badagokio, hondakin-partida bakoitza hartu aurretik analizatu beharreko parametroak.

Hondakinak lekualdatzeko, Estatuaren lurraldearen barruko hondakinen lekualdaketa arautzen duen 180/2015 Errege Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoan gerora egiten den arau horren garapena bete beharko da.

Hori hala izanik, hondakinak lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipen eta kontrola egiteko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak 25.2 artikuluan dioenaren arabera.

Unean uneko egoeraren ezaugarriei erreparatuta, ingurumen-organoak azalpenak eska ditzake, argitu diezaioten zergatik den ekonomikoki eta teknikoki ezinezkoa baimen honen baitako hondakinak Euskal Autonomia Erkidegoan kudeatzea, eta hori egingo du autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioak aintzat hartuta, eta, betiere, Euskal Autonomia Erkidegoko Hondakinak Kudeatzeko eta Prebenitzeko 2020 Planaren helburu estrategikoak betetzeko.

Edonola ere, birziklatu edo balorizatu daitezkeen hondakinak helburu horietara bideratuko dira, eta Hondakin SLk betetako tratamendu-kontratuetan jasoko da gertaera hori.

Euskal Autonomia Erkidegoko Hondakinak Kudeatzeko eta Prebenitzeko 2020 Planaren helburu estrategikoetan ezarritakoaren arabera, hondakinak ebazpen honen babesean emandako tratamendu-kontratu baten kargura bidali aurretik, ingurumen-organo honek baliozkotu beharko du dokumentu hori. Hondakin SLk ezingo du kudeatu beharreko hondakin arriskutsurik jaso, organo honek aldez aurretik tratamendu-kontratua baliozkotzen ez badu; baliozkotze hori 15 egun naturaleko epean egin beharko da, kontratua jasotzen denetik hasita. Epe hori igarota, ez bada izan posizionamendu berariazkorik, hura aldekoa dela ulertuko da. Baliozkotu beharreko tratamendu-kontratuan, besteak beste, honako datu hauek jaso beharko dira: parametro mugatzaileak, hondakinen deskribapena eta, hondakina ematen ez bada, iraungitze-data.

Era berean, baldin eta hondakina onartzeko baldintzen jarraipena egitean ikusten bada baldintzak ez direla bete eta, beraz, partida ez dela onartu, berehala jakinarazpen bat bidali beharko zaio organo honi, posta elektroniko bidez (ippc@euskadi.eus), honako hauen berri emanez:

– Baztertzeko arrazoia.

– Beste kudeaketa-bide bat ala hondakina bidaltzaileari itzultzea proposatzen den.

– Baldin eta beste kudeatzaile bati bidaltzea proposatzen bada, baitezpadakoa izango da dagokion tratamendu-kontratua aurkeztea, betiere lekualdaketa egin aurretik.

– Baldin eta ekoizleari itzultzen bazaio, identifikazio-agiriko gorabeheren apartatuan jaso beharko da gertakari hori, eta lekualdaketaren data eman.

Onartu ez den partida beste autonomia-erkidego batetik badator, jatorrizko ingurumen-organoari ere jakinarazi beharko zaio.

Hondakinak onartu eta jasotzeko aukera egiaztatu asmoz, Hondakin SLk hondakinen onarpen-parametroak egiaztatzea ahalbidetuko duten baliabide teknikoak eta giza baliabideak izan beharko ditu uneoro. Onarpena baldintzatzen duten parametro horiek ezartzea, kasu guztietan eta hondakin-partida bakoitzerako, metodo homologatuaren bidez egingo da; zentroaren langile taldeko kide den laborategiko buru batek gainbegiratu beharko du eta espezializatutako tituluduna izan beharko da.

Hondakin bat ezin bada onartu, zeinaren HEZ kodea hondakin baimenduen artean baitago, tratamendu negatiboaren kontratu bat egin beharko da, hondakin horiek kudeatzeko ezintasunaren arrazoiak azalduz.

D.1.3.– Zamalanak.

a) Hondakin horien zamalanak egiteko ibilgailuen aparkalekuek zola iragazgaitza izango dute, eta, orobat, beharrezko maldak eta balizko isuriak biltzeko sareak, horiek kutxatila itsurantz edo biltzeko putzurantz zuzentzeko, betiere bidean ibilgailuaren azpitik igaro gabe edo beste ibilgailu edo instalazio batzuetara hurbildu gabe.

b) Plantan, hondakinekin zamalanak egitean edo hondakinak manipulatzean, kontu handia izan beharko da ez dadin gertatu zehaztugabeko edo kontrolik gabeko isuririk, edo, bestela, isuriok ahalik eta txikienak izateko. Alde horretatik, garrantzitsua izango da ekipoen estankotasuna ziurtatzea.

c) TEEH hondakinak jasotzeko eta garraiatzeko baldintzek TEEH hondakinak eta horien osagaiak prestatzea eta berrerabiltzea ahalbidetu behar dute, eta ez dira apurtu behar, ezta gehiegi pilatu ere, substantziarik isuri edo materialik galdu behar, eta oliorik eta likidorik isuri behar. Behar bezala beteko dira horiek jaso eta garraiatzeko baldintza espezifikoak, tresna elektriko eta elektronikoen hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuaren VII. eranskinean jasotzen direnak.

d) Aurrez manipulatu diren, hondatuta dauden edo osagai guztiak ez dituzten TEEH hondakinak jasotzen badira, gertakari hori behar bezala jakinarazi beharko da D.1.5. apartatuan aipatzen den artxibo kronologikoan.

D.1.4.– Jasotako hondakinen biltegiratzea.

a) Balorizatu beharreko hondakinen gehieneko biltegiratze-epea bi urtekoa izango da hondakinak arriskugabeak badira, eta sei hilekoa arriskutsuak badira.

b) Tratatu beharreko hondakinak biltegiratzeko instalazioek lurzoru iragazgaitzak izango dituzte, aurreikusitako zamak jasateko eta izan litezkeen ihes edo isuriei eusteko gai direnak, eta biltegiratze-eremu bereiziak izan beharko dituzte hondakin onargarrien mota generiko bakoitzerako.

c) Hondakin arriskutsuak biltegiratzearen ondoriozko arriskuak murrizte aldera, Hondar SLk gune bereizian biltegiratu beharko ditu hondakinok. Gune hori estalita egongo da eta lurzoru estankoak izan beharko ditu.

d) Plantan onartutako hondakinak biltegiratzeko orduan, prezipitazio atmosferikoak sartzea eta haizeak hondakinak arrastatzea saihestu beharko da.

e) Hautsezko hondakinak eta soltean jasotakoak pabiloiaren barruan gorde beharko dira, multzotan edo/eta gelaxketan, harik eta tratatzen diren arte.

f) Egoera fisiko likidoan edo oretsuan dauden edo oso bustita daudelako isurketak edo lixibiatuak sor ditzaketen hondakinen kasuan, haiek biltzeko ontzi edo sistema egokiak jarriko dira, ezbeharrez gerta daitezkeen isurketak kanpora irten ez daitezen. Bilketa-sistemek independenteak izan behar dute hondakin mota hauetarako: isuriren bat gertatu eta nahastuz gero, arriskugarritasuna handitzea edo kudeaketa zailtzea dakartenetarako.

g) Hondakinek desagertu edo galdu egingo balira, edo ihes egingo balute, berehala jakinaraziko da gertatutakoa Ingurumen Sailburuordetzan eta Bergarako Udalean.

h) Aurrekoez gain, TEEH hondakinen kasuan honako hauek bete beharko dira:

i) Instalazioak hondakinak pisatzeko baskula izango du.

ii) TEEH hondakinak bereizita bildu beharko dira, gutxienez, 110/2015 Errege Dekretuaren VIII. eranskineko 1. taulan aurreikusten diren zatikiak kontuan hartuta: «GEEen kategorien, TEEHen bilketa-frakzioen eta EHZ-TEEH kodeen arteko baliokidetasunak»

iii) Halaber, TEEH biltegiratzeko eremu berezi bat sortu beharko da, berrerabiltzeko prestatzeaz arduratzen diren eragileek ikuskatzeko baldintza egokiekin.

D.1.5.– Kudeatutako hondakinen datu-erregistroa.

Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 40. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Hondakin SLk formatu fisiko edo telematikoko artxibo kronologiko bat eduki beharko du, non jasoko diren, hurrenkera kronologikoan, hondakinen kopurua, mota, jatorria, helmuga eta hondakinak tratatzeko metodoa, eta, egoki den kasuan, garraiobidea eta bilketa-maiztasuna. Ukatu egin diren hondakinen kasuan, kantitatea, ukatu den hondakinaren enpresa ekoizlea, uko egin izanaren arrazoia, ukatu den hondakinaren azken norakoa eta beste gertakari batzuk jakinaraziko dira. Aipatutako fitxategi kronologikoan, hondakinen ekoizpen- eta kudeaketa-lanen agiri bidezko egiaztapenean bildutako informazioa sartu behar da.

Artxibo kronologiko hori hiru urtez gorde beharko du gutxienez eta urtero bidali beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari, dagokion urteko ingurumen-zaintzako programaren barruan.

Hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 41. artikuluarekin bat etorriz, urte bakoitzeko martxoaren 1a baino lehen aurkeztu beharko da artxibo kronologikoan jasotako informazioaren memoria laburra, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programaren barruan.

Ebazpen honetako D.1.2 zenbakian aipatutako kontrolen emaitzak zenbaki honetan araututako erregistroan jasoko dira, eta baita Hondakin SLk egin ditzakeen kontrasteko horiek ere.

TEEH hondakinak kudeatzeko, artxibo kronologikoak bat etorri beharko du 110/2015 Errege Dekretuaren XI. eranskinarekin, eta hiru urtez gordeko da gutxienez. Era berean, urteko memoria sortuko da. Hark otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuaren XII. eranskineko gutxieneko edukiari erantzun beharko dio, eta ingurumena zaintzeko programaren barruan aurkeztu beharko da.

Artxibo kronologikoa eta jasotako TEEH hondakinei buruzko urteko memoria plataforma elektronikoan kargatuko dira erabilgarri dagoenean, 110/2015 Errege Dekretuaren 55. artikuluan aurreikusitako terminoetan. Plataforma elektroniko horren bitartez, artxibo kronologikoari eta urteko memoriaren lanketari dagozkion obligazioak bete ahal izango dira.

Aipatutako plataforma elektroniko hori martxan jarri bitartean, TEEHen artxibo kronologikoa eta horien urteko memoria Ingurumen Sailburuordetza honi igorriko zaizkio urtero, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programaren barruan.

D.1.6.– Estatuz kanpotik inportatutako hondakinak.

Baldin eta kudeatu beharreko hondakinak beste estatu batzuetakoak badira, Hondakinen Lekualdaketei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko ekainaren 14ko 1013/2006 Erregelamenduan ezarritakoa bete beharko da.

TEEHen kudeatzaileei dagokienez, TEEH horiek Europar Batasuneko herrialdeetara nahiz Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetara lekualdatzeari buruzko informazioa kargatuko da 110/2015 Errege Dekretuaren 55. artikuluan aipatzen den plataforma elektronikoan.

Horrez gain, aurreikusten bada hondakindegian ezabatu beharko direla inportatu beharreko hondakinak zein inportatutako hondakinen destinoko instalazioan aurreikusitako balorizazio- eta ezabatze-tratamendutik lortutako korronte esanguratsuren bat, orduan, kontsulta bat egin beharko zaio organo honi, justifikatuz aurreikusitako mugaz gaindiko lekualdaketak bat datozela EAEko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2020 Planean zehaztutako hondakinen inguruko plangintzaren helburuekin.

D.2.– Instalazioaren funtzionamendurako baldintza orokorrak.

D.2.1.– Instalazioan tratatutako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.

Edozein direla ere D.1.1 zenbakian adierazitako hondakinak onartu, jaso, ikuskatu eta biltegiratzeko baldintzak eta kontrolak, Hondakin SLk tratamendu-lerroetarako baldintza hauek betetzen dituela bermatu beharko du:

Transferentzia-zentroa – Behin-behineko biltegiratzea.

a) Aldi baterako biltegiratze-jardueraren barruan honako hauek sartuko dira: multzokatzea, produktua edukiontziz aldatu gabe, lantegian horretarako gaitutako tokian urteko 6.500 t inguruko kudeaketa-ahalmenarekin, baita haren zama, hustuketa eta berrontziratzea ere, beharrezkoa izanez gero, eta ez da ontzien barruko aldearen edo ontzietan gordetzen diren hondakinen gainean eragina duen bestelako manipulaziorik aintzat hartzen.

b) Ontziratu gabeko hondakinen kasuan, batera biltegiratu ahal izango dira homogeneoak direnak beren izaera, osaketa eta kodifikazioarekiko; alabaina, aldez aurretik karakterizazioa egin beharko da, ziurtatzeko ezen batera biltegiratzeak ez dakarrela arriskua areagotzerik, ezta azken buruko kudeaketa zailtzerik.

c) Halaber, nahitaez bete beharko dira hondakin arriskutsuak ontziratu eta etiketatzeari buruzko jarraibideak, indarreko araudian jasotakoak.

Halaber, Europako Hondakinen Zerrendan –Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakiaz onartutakoan– ezarri kodearen arabera identifikatu beharko dira hondakinak. Erabaki horren bitartez aldatu zen hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauari jarraikiz.

d) Hondakinak aldi baterako biltegiratzeko instalazioetan, hondakin horien zamalanak egiteko ibilgailuen aparkalekuak lurzoru estankoa izango du, eta beharrezko maldak eta balizko isuriak biltzeko sareak, horiek kutxatila itsurantz edo biltzeko putzurantz zuzentzeko, bidean ibilgailuaren azpitik igaro gabe edo gai arriskutsuen beste ibilgailu batzuetara hurbildu gabe.

e) Hondakin arriskutsuak aldi baterako biltegiratzeko instalazioak estalkia izan beharko du, ez dadin iragaz prezipitazio atmosferikorik bat ere. Halaber, lurzoru estankoak izango ditu, eta behar diren maldak eta balizko isuriak biltzeko sareak, isuriok kutxatila itsurantz edo bilketa-putzurantz bideratzeko. Gainera, aurreikus daitezkeen hondakin arriskutsuen balizko isurien adinako edukiera izango dute horiek.

f) Segurtasun-tarteei eta babes-neurriei dagokienez, biltegiratutako hondakinek likido sukoiak eta erregaiak eta likido korrosiboak biltegiratzearen inguruan indarrean dagoen arautegian ezartzen diren exijentziak bete beharko dituzte, baita suteen prebentzio- eta babes-arauak ere, eta behar bezala identifikatu beharko dira ezagutu eta bereizi ahal izateko.

g) Isuriak eragin ditzaketen hondakin arriskutsuak kubeta independenteetan biltegiratuko dira, eta, betiere, elkarrekin bateragarriak diren hondakinak dituzten ontzietara bideratuko da kubeta bakoitza. Isuriak biltzeko kubetek zoru eta horma iragazgaitzak izango dituzte, erabat estankoak direnak. Kutxatila horietan jasotako efluenteak kudeatzaile baimendu bati entregatu beharko zaizkio.

h) Baimen honi loturiko hondakin arriskutsu ontziratuak gune bereizietan biltegiratuko dira, motaren arabera identifikatuta. Kudeatzeko jasotzen diren hondakin arriskutsuen biltegiratzeko gehieneko gaitasuna 230 tonakoa da, honela banaturik:

– Azidoak: 10 t.

– Baseak: 10 t.

– Solidoak: 100 t (150 m3).

– Sukoiak eta toxikoak ez diren likidoak: 70 t.

– Sukoiak: 30 t.

– Toxikoak: 10 t.

– TEEH: 8,4 t.

i) Gehienez ere 8,4 tona TEEH biltegiratuko dira, betiere tresna elektriko eta elektronikoen hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuaren VIII. eranskinean zehaztutakoari jarraikiz.

j) Berrerabilpena barne hartuko duten akordioak sinatuko dira. Horretarako, TEEHak norako horretarako berrikusiko dira, tresna elektriko eta elektronikoen hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuaren IX.A eranskineko irizpideekin bat etorriz.

k) Hondakin arriskutsuak ezingo dira sei hilabetetik gora biltegiratu.

l) Aldi baterako biltegiratzeko jardueran sortutako efluente oro, ur beltzak izan ezik, bereizita jaso beharko da, eta haren ezaugarrien arabera behar bezala kudeatu, eta ezin izango da sarera isuri.

m) Indarraldiaren arabera, Hondakin SLk eta enpresak bidalitako hondakin arriskutsuen kudeatzaile hartzaileen artean hitzartutako tratamendu-kontratuen indarraldia aldizka egiaztatu beharko da Ingurumen Sailburuordetzaren aurrean. Hondakinak hartuko dituzten kudeatzaileak ez badaude Espainiako Estatuan kokatuak, mugaz haraindiko lekualdatzeak arautzen dituen araudi komunitarioa bete beharko da.

Trinkotze-ildoa.

a) Trinkotu beharreko bidoiek % 3tik beherako edukia izan behar dute. Likidoen edukia handiagoa denean, likidoa ontziz aldatuko da prentsatu egin aurretik. Likidoaren bolumena handia bada, ontzia hutsik ez dagoela ulertuko da eta, beraz, ez da prentsatuko.

b) Jatorri/tipologia bereko bidoiak trinkotzeko txandak egingo dira. Horrela, bateraezintasunak saihestuko dira prentsaren atxikipen-kubetan. Prentsatzeko txanda amaitu ondoren, kubeta hustu eta likidoa jaso, egokitu eta sailkatuko da, haren tipologiaren arabera.

c) Prentsatu bitartean etengabe berrikusiko da prentsaren atxikipen-kubetako likidoaren maila, beharrezkoa denean, hura hustu ahal izateko.

d) Prentsatutako bidoiak prentsatik kanporatuko dira gainerako likidoa xukatu ondoren, eta prentsaren ondoan kokatuta egongo den edukiontzi estanko batean egokituko dira, egokitzapenean, biltegiratzean eta geroko garraioan zehar jariorik gerta ez dadin.

D.2.1.– Airearen kalitatea babesteko baldintzak.

D.2.1.1.– Baldintza orokorrak.

Hondakin SLren instalazioaren ustiapenean bete beharreko baldintzak dira igorpen atmosferikoek ez gainditzea ebazpen honetan ezarritako balioak, eta Ingurumen Sailburuordetzak jarraibide teknikoetan ezarritako eskakizun teknikoak betetzea.

Prozesuan zehar atmosferara igortzen den kutsagarri oro bildu eta ihesbide egokienean zehar kanpora bideratuko dira, behar denean, kutsagarrien ezaugarrien arabera diseinatutako gasak arazteko sistema batetik igaro ondoren.

Arau orokor hori bete beharrik ez dute izango igorpenek, baldin eta teknikoki eta/edo ekonomikoki bideragarria ez bada igorpen konfinatugabeak biltzea, edota egiaztatzen bada kalte urria eragiten dutela ingurunean.

Neurri egokiak hartuko dira ustekabeko igorpenak egiteko probabilitatea murrizteko, eta haien efluenteek giza osasunerako nahiz gizartearen segurtasunerako arriskutsuak izan ez daitezen. Gas-efluenteak tratatzeko instalazioak behar bezala ustiatuko eta mantenduko dira, efluenteen tenperatura- eta konposizio-aldaketei eraginkortasunez aurre egiteko moduan. Era berean, ahalik eta gehien murriztuko dira instalazio horiek gaizki dabiltzan edo geldirik dauden aldiak.

Instalazioaren titularrek abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuaren (atmosfera kutsa dezaketen jarduerak gauzatzen dituzten instalazioak arautzen dituena) 5. artikuluan jasotako eskakizunak bete beharko dituzte.

Atmosferaren arloko eskumenak dituen sailak argitaratutako jarraibide tekniko guztiak bete beharko dituzte honako elementu hauek: sekzioa, neurketa-gunea, laginketa-guneak, neurketa-portuak, irisgarritasuna eta fokuen segurtasuna eta zerbitzuak.

Organo horrek foku berri bat baimendu ondoren, hura abiarazten denetik sei hilabete igaro baino lehen, ingurumen-kontroleko erakunde batek egindako hasierako IKE txosten bat igorri beharko da. Nolanahi ere, epe hori luzatzeko eskatu ahal izango zaio Ingurumen Sailburuordetzari, betiere behar bezala justifikatutako arrazoiak direla medio.

D.2.2.– Ibilgura isurtzeko baldintzak.

D.2.2.1.– Isurien sailkapena, jatorria, ingurune hartzailea eta kokalekua.

Isuria sortzen duen jarduera mota nagusia: hondakin arriskutsuen bilketa.

Jarduera taldea: hondakinen kudeaketa.

Mota-taldea-EJSN: 1-7 Ter-38.12.

(Ikus .PDF)

Ezin izango dira isurtzeko hodiak erabili aurreko taulan agertzen direnez bestelako likidoak garraiatzeko, inola ere.

D.2.2.2.– Gehieneko isuri-emariak eta -bolumenak.

1. fluxua (PV1): kutsa dezaketen arrasteak izan ditzaketen euri-urak (igarotze-gunean).

Urteko gehieneko bolumena: 640 m3

Orduko puntako emaria: 6 l/s.

2. fluxua (PV1): erabilera higienikoko urak.

Urteko gehieneko bolumena: 132 m3.

Eguneko gehieneko bolumena: 0,6 m3.

D.2.2.3.– Isurien muga-balioak.

Ibilgura egiten den isurketaren ohiko kutsadura-parametroak honako hauek izango dira soil-soilik, bakoitzerako zehazten diren gehienezko balioekin:

1. fluxua (PV1): kutsa dezaketen arrasteak izan ditzaketen euri-urak (igarotze-gunean).

(Ikus .PDF)

2. fluxua (PV1): erabilera higienikoko urak.

(Ikus .PDF)

Ezingo dira diluzio-teknikak erabili isurketaren muga-balioak lortzeko.

Ezarritako isurketaren muga-balioak gaindituz gero, ebazpen honetan arauz kanpoko isurientzako ezarritako protokoloaren arabera jokatu beharko da.

Gainera, ingurune hartzaileari dagozkion arauak eta kalitate-helburuak bete behar dira. Bestela, Hondakin SLk tratamendu egokia egin beharko du, aipatutako kalitate-helburuak isuriaren ondorioz urratzen ez direla ziurtatzeko.

Baimen honek ez du babesten aurreko tauletan esplizituki adierazi ez den beste gairik isurtzea, bereziki gai arriskutsurik (maiatzaren 23ko 606/2003 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarria).

D.2.2.4.– Arazteko eta husteko instalazioak.

Arazketa-instalazioek edo hondakin-urak zuzentzeko neurriek elementu hauek hartuko dituzte barne funtsean:

– Hondakinak deskargatzea eta biltegiratzea eremu desberdinak (deskarga-eremua, solidoen biltegiratzea, azidoak, oinarriak eta hondakin toxikoak) dituen pabilioi batean. Sala itxi bat egongo da produktu sukoietarako eta likido ez sukoietarako eta ez toxikoetarako.

– Balizko isuriak atxikitzeko zanga baterantz maila desberdinak dituen zolarri iragazgaiztu bat eta 10 cm-ko isolamendu-zokalo bat jarriko dira.

– Isuri espezifikoak atxikitzeko sistema bat jarriko da, biltegiratutako hondakin likidoentzat.

– Hidrokarburoen bereizle espezifiko normalizatu bat jarriko da I motakoa by-pass, iragazki bateratzaile, dekantagailu eta obturazio automatikoarekin, segundoko 6 litro tratatzen diren emari izendun baterako, ibilgailuak pasatzen diren guneko euri-urak arazteko.

– Dekantazio-digestio hobi bat eta iragazki biologiko bat jarriko dira ur sanitarioetarako.

Hartutako neurri zuzentzaileak nahikoak ez direla ikusiz gero, Hondakin SL enpresak behar beste aldaketa egingo ditu arazketa-instalazioetan isurketak baimenean ezarritako baldintzak bete ditzan. Aldaketak Ingurumen Organo honi jakinaraziko dizkio lehenik; behar izanez gero, baimena aldatzeko ere eskatuko du.

D.2.2.4.1.– Isuria kontrolatu eta husteko puntua.

Baimendutako isuri bakoitzeko kontrolatzeko puntu bat jarriko da. Puntu horiek zuzeneko sarbidean jarriko dira ikuska daitezen eta laginak hartzeko, egokitzat jotzen duenean Uraren Euskal Agentziak, Jabari Publiko Hidraulikoari buruzko Erregelamenduko 251. eta 252. artikuluek ezartzen dutenarekin bat.

ARM/1312/2009 Aginduan xedatutakoarekin bat etorriz, kontrol-puntu horiek hustutako bolumenak neurtzeko gailua izan beharko dute, eta gailu horrek, gutxienez, hustubidean zati estali bat izango du isuritako bolumenaren urteko batez bestekoa jakiteko garaieren aldian aldiko neurketen bidez.

Sistema hori ordeztu ahal izango da: euri-uren kasuan, plubiometriaren araberako zeharkako zenbatespenak egingo dira; higienerako erabiltzen diren uren kasuan, berriz, ur-kontsumoaren araberako zenbatespenak egingo dira, kontsumitutako bolumena isuritako bolumenarekin parekatuz.

D.2.2.5.– Isurien kontrol-kanona.

Uraren Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren 113. artikuluak adierazten duenez, jabari publiko hidraulikora isurketak egiten dituenak zerga bat ordaindu beharko du (isurketak kontrolatzeko kanona, hain zuzen), eta zerga horren bidez jasotako dirua arro hidrografiko bakoitzeko ingurunea aztertu, kontrolatu, babestu eta hobetzera bideratuko da.

Urei buruzko ekainaren 23ko 1/2006 Legeak, 7. artikuluan, Uraren Euskal Agentziaren esku uzten du uraren arloko indarreko legeriak ezarritako zergak kudeatu, kitatu, ikuskatu eta biltzea, bai eta lehorretik itsasora isurketak egiteko baimena ematea ere.

Urtez urte isuriak kontrolatzeko kanonaren behin behiko likidazioa egiteko, Uren Legearen testu bateginaren 113. artikuluari eta Jabari Publiko Hidraulikoari buruzko Erregelamenduko 291. artikuluari erreparatuko zaie, eta, zehazki, baimendutako isuri-bolumena bider isuri-kontroleko unitate-prezioa eragiketa egin beharko da, formula hau betez:

Isurien kontrol-kanona = V x Pu.

Pu = Pb x Cm.

Cm = C2 x C3 x C4.

Non:

V = Isurketa baimenduaren bolumena (m3 urtean).

Pu = Isurketa kontrolatzeko prezio unitarioa.

Pb = Oinarrizko prezioa m3-ko, isuriaren izaeraren arabera.

Cm = Isurketaren maiorazioko edo minorazioko koefizientea.

C2 = Isurketaren ezaugarrien araberako koefizientea.

C3 = Isurketaren poluzio-mailaren araberako koefizientea.

C4 = Ingurune hartzailearen ingurumen-kalitatearen araberako koefizientea, Jabari Publiko Hidraulikoari buruzko Erregelamenduaren IV. eranskineko oharrean (*****) jasotzen diren definizioen arabera, horren aplikazioan aintzat hartuta Kantauriko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoan, 2016ko urtarrilaren 8koan, ezarritako helburuak.

1. fluxua (PV1): Kutsa dezaketen arrasteak izan ditzaketen euri-urak (igarotze-gunean).

V = 640 m3/urte.

Pb = Industriako hondakin-urak = Pb = 0,04207 €/m3.

C2 = 1. mota C2 = 1,0.

C3: Tratamendu egokia C3 = 0,5.

C4 = III. kategoriako eremua C4 = 1,0.

Cm = 1,0 x 0,5 x 1,0 = 0,50.

Pu = 0,04207 x 0,50 = 0,021035 €/m3.

2. fluxua (PV1): Erabilera higienikoko urak.

V = 132 m3/urte.

Pb = Hiriko hondakin-urak = Pb = 0,01683 €/m3.

C2: 1.999 biztanle baliokide arte C2 = 1,0.

C3: Tratamendu egokia C3 = 0,5.

C4 = III. kategoriako eremua C4 = 1,0.

Cm = 1,0 x 0,5 x 1,0 = 0,50.

Pu = 0,01683 x 0,50 = 0,008415 €/m3

Isurien kontrol-kanona = 640 x 0,021035 + 132 x 0.008415 = 14,54 euro/urte.

Uraren Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren 113.4 artikuluak dio isuriak kontrolatzeko kanonaren zergaldia bat datorrela urte natural bakoitzarekin. Urteko zenbatekoa ebazpen honetan ezarrita gelditu da, eta ez da aldatuko isurketa baimentzeko baldintzak edo kalkuluan parte hartzen duten faktoreren bat aldatzen ez diren bitartean.

Hori dela eta, urtero bidaliko zaio titularrari aurreko ekitaldiari dagokion tasa, lehenago ezarritako zenbateko eta guzti, baldin eta ez badira kitatutako aldian oinarrizko prezio eguneratuak aplikatu behar aurrekoen ordez –BOEn argitaratutakoak–. Tasa horretan, kitatu den isurketa-kanonaren zenbatekoa, epea, lekua eta ordaintzeko modua adieraziko dira.

Nolanahi ere, Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 294.2.a) eta 294.3 artikuluetan aurreikusitako kasuetan, dena delako urteko ekitaldiko Isurketen Kontrolaren Kanonaren likidazioa dagokion ebazpenean zehaztuko da, baimena indarrean egondako egun kopuruaren arabera, urteko egun kopuru osoarekin alderatuta.

Isurketen kontrol-kanona independentea izango da autonomia-erkidegoek edo tokiko korporazioek saneamendu- eta arazketa-lanak finantzatzeko ezar ditzaketen kanon edo tasekiko (ULTB, 1113.7 artikulua).

D.2.3.– Instalazioan ekoitzitako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.

Instalazioetan sortutako hondakin guztiak kudeatuko dira Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko Legean (uztailaren 28ko 22/2011 Legea) eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan ezarritakoaren arabera, eta, kasuan kasu, karakterizatu egin beharko dira beren izaera eta helbururik egokiena zehazteko.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; beraz, hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

Hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro balorizatu egin behar da, eta, hartarako, balorizatzaile baimendu bati entregatu beharko zaizkio. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: behar bezala frogatzen bada hondakinak balorizatzea bideraezina dela teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik. Birsortzea-berrerabiltzea lehenetsiko da balorizatzeko beste edozein modu material edo energetikoren aurretik.

Era berean, hondakinak tratatzeko Euskal Autonomia Erkidegoan instalazio baimenduak badaude, lehentasunez instalazio horietara bidaliko dira, autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioei jarraituz.

Hondakinen azken helmuga zabortegi baimenduan ezabatzea dela aurreikusten baldin bada, orduan hondakin horiek karakterizatuko dira, Kontseiluaren 2002ko abenduaren 19ko 2003/33/EE Erabakiak, Hondakinak hondakindegietan hartzeko irizpideak eta prozedurak ezartzen dituenak, xedatutakoari jarraikiz, eta otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duenak, ezarritako jarraibideen arabera.

Instalazioan sortutako hondakinen kantitatea, ebazpen honetan jasotakoa, orientagarria da soilik, kontuan hartuta jardueraren ekoizpen-gorabeherak eta ekoizpenaren eta sortutako hondakinen arteko erlazioa. Datu horiek jardueraren adierazleetan ageri dira. Ezertan eragotzi gabe Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan (4.d apartatua) ezarritakoa, instalazioko aldaketak kalifikatzeko, kasu honetan baimena egokitzea soilik eskatu beharko da baldin eta sortutako hondakinen kantitatea handitzeak aurretik ezarri diren biltegiratze- eta ontziratze-baldintzak aldatu beharra badakar.

Hondakinak biltegiratzeko eremuak edo eremuek lurzoru estankoa izango dute. Egoera fisiko likidoan edo oretsuan edo oso bustita egoteagatik, hondakinok isurtzeak edo lixibatuak sor baditzakete, bada, orduan, horiek biltzeko kubeta edo sistema egokiak izan beharko dira, gerta daitezkeen isurtzeak kanpora irten ez daitezen. Hautsezko hondakinen kasuan, hondakinak euri-urarekin bustitzea edo haizeak herrestan eramatea eragotziko da, eta, beharrezkoa izanez gero, estali egingo dira.

Hondakinak desagertu edo galdu egingo balira, edo ihes egingo balute, berehala jakinaraziko da gertatutakoa Ingurumen Sailburuordetzan eta Bergarako Udalean.

Hondakinak lekualdatzeko, Estatuaren Lurraldearen Barruko Hondakinen Lekualdaketa arautzen duen 180/2015 Errege Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoan gerora egiten den arau horren garapena bete beharko dira.

Hori hala izanik, hondakinak lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipen eta kontrola egiteko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak 25.2 artikuluan dioenaren arabera.

Baldin eta hondakinak Estatutik kanpora esportatzen badira, hondakinen lekualdaketak direla-eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko ekainaren 14ko 1013/2006 Erregelamenduan ezarrita dagoena bete beharko da.

D.2.3.1.– Hondakin arriskutsuak.

Hauek dira sustatzaileak aitortutako hondakin arriskutsuak:

(Ikus .PDF)

a) Hondakin arriskutsu bakoitzari dagozkion izendapena eta kodifikazioa ezartzen zaizkio, hondakin bakoitzaren egoera eta ezaugarrien arabera, baimena izapidetzean jasotako informazioa oinarri hartuta. Kode batzuek aldaketaren bat izan badezakete ere, oinarrizko beste batzuk, euren izaera dela eta, aldatu gabe utzi behar dira ekoizpen-jardueran zehar. Hondakina zer motatakoa den eta zer osagai arriskutsu dituen definitzen dute. Kudeaketa-bideetan hierarkizazioa egokia dela egiaztatzeko, eta bai Hondakinak Kudeatzeko Europako Estrategian bai Euskal Autonomia Erkidegoko IV. Ingurumeneko Esparru Programan (2015-2020) ezarritakoa betetzen dela bermatzeko, organo honek onartu egin beharko du hondakin bakoitzaren onarpen-agirietan jasotako informazioa, dagokion kudeatzaile baimenduak horretarako eskaria egin ostean. Egiaztatzeak garrantzi berezia izango du, batez ere, berreskurapena edo balorizazioa kudeatzeko eragiketa-kodearen arabera kudeatu diren hondakinen onarpen-agirietan lagatze- edo ezabatze-kodeak baliozkotzeko eskatzen bada.

b) Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta, isurketaren bat gertatuz gero, nahasi eta arriskutsuago bihurtu daitezkeen edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan.

c) Hondakin arriskutsuak ontziratzeko, indarrean dagoen araudian ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dira. Hondakin arriskutsuak dauzkaten ontziek eta ontzikiek etiketa argia, irakurgarria eta ezabagaitza eduki beharko dute eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, edukiak isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

d) Hondakin arriskutsuak ezin izango dira sei hilabetetik gora eduki biltegian. Salbuespen-egoeretan, ingurumen-organoak epe hori aldatu ahalko du, behar bezala justifikatutako arrazoiak direla medio, baldin eta gizakion osasuna eta ingurumena babestuko dela bermatzen bada.

e) Hondakinak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eraman aurretik, nahitaezko baldintza izango da agiri baten bidez egiaztatzea kudeatzaile baimendu horrek hondakinak onartzea. Agiri horretan hondakinak onartzeko baldintzak ezarriko dira, eta egiaztatu egingo da tratatu beharreko hondakinaren ezaugarriak administrazio-baimenarekin bat datozela. Agiri hori Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko da, hondakina, lehenengoz, erretiratu aurretik, eta, behar izanez gero, hondakinak beste kudeatzaile batengana bidali aurretik. Beharrezkoa izanez gero, karakterizazio zehatza egingo da, proposatutako tratamenduaren egokitasuna egiaztatzeko. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa modua ebazpen honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela.

f) Hondakin arriskutsuak eraman aurretik eta, hala badagokio, horretarako egin beharreko jakinarazpena aurretiaz eginda dagoela, araudian zehaztutako moduan, identifikaziorako agiria bete beharko da; agiri horren kopia bat garraiolariari emango zaio, eta zamarekin batera eraman beharko da jatorritik helmugaraino. Hondakin SLk artxiboan erregistratu eta gutxienez hiru urtez gorde beharko ditu tratamendu-kontratuak eta identifikazio-agiriak edo agiri ofizial baliokideak.

g) Egiaztatu beharko da baimendutako kudeatzailearen instalazioetara hondakin arriskutsuak eramateko garraioak betetzen dituela halako gaiak garraiatzeari buruzko indarreko legerian eskatutako betebeharrak.

h) Hondakin SL enpresak ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari, Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duenari, jarraituz kudeatu beharko du sortutako olio erabilia.

i) Gailu Elektriko eta Elektronikoen Hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira ekipo elektriko eta elektronikoen hondakinak –besteak beste, lanpara fluoreszenteenak–. Halaber, pilen eta metagailuen hondakinek bete beharko dute Pilei eta metagailuei eta haien hondakinen ingurumen-kudeaketari buruzko otsailaren 1eko 106/2008 Errege Dekretuan xedatutakoa. Kudeatzaile baimenduaren tratamendu-kontratua izateko, garraioaren aurretiko jakinarazpena egiteko eta identifikazio-agiria betetzeko betebeharretik salbu egongo dira kudeaketa-sistema integratuko kudeaketa-azpiegituretara eramaten diren hondakinak, baita toki-erakundeei ematen zaizkienak ere, gaika bildutako udal-hondakinekin eta haien parekoak direnekin batera kudeatu ditzaten, baldin eta dagokion toki-erakundeak eman izana egiaztatzen badu. Toki-erakundeei egindako entregak justifikatzeko agiriak hiru urtez gorde behar dira gutxienez.

j) Hondakin SL enpresak poliklorobifeniloak (PCB) dituzten edo izan ditzaketen aparatuak dauzkan bitartean, horiek behar bezala kudeatzeko abuztuaren 27ko 1378/1999 Errege Dekretuan, poliklorobifeniloak, polikloroterfeniloak eta horiek dituzten aparatuak ezabatzeko eta kudeatzeko neurriak ezartzen dituen horretan, eta hori aldatu zuen otsailaren 24ko 228/2006 Errege Dekretuan adierazitako baldintzak bete behar izango ditu.

k) Hondakin SL enpresak Europako Parlamentuak eta Kontseiluak ozono-geruza agortzen duten substantzien gainean 2009ko irailaren 16an eman zuen 1005/2009/EE zenbakiko Erregelamenduak adierazten dituen substantzia erabiliak baldin baditu, horiek berreskuratu egingo dira, aldeek onetsitako bitarteko teknikoen bidez edo ingurumenaren ikuspegitik onargarria den beste edozein deuseztatze-bide tekniko erabiliz deuseztatzeko; bestela, birziklatzeko edo birsortzeko erabiliko dira, aparatuak berrikusteko edo mantentzeko eragiketetan, edo desmuntatu edo deuseztatu aurretik.

l) Sortutako hondakinen kasuan, artxibo kronologiko bat egingo da uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 40. artikuluarekin bat etorriz, eta bertan adieraziko dira kopurua, mota, identifikazio-kodea, jatorria, metodoak eta tratatzeko lekuak, hondakin guztien sorrera- eta lagapen-datak. Artxibo hori Ingurumena Zaintzeko Programarekin –dagokion urtekoarekin– batera bidaliko da.

m) Hondakin arriskutsuen kudeaketaren oinarrizko printzipioetako bat betetzeko –hau da, hondakin horiek ahalik eta gutxien sortzea–, urtean 10 tona hondakin arriskutsu baino gehiago sortuz gero, Hondakin SLk hondakin arriskutsu gutxiago sortzeko plan bat aurkeztu beharko dio Ingurumen Sailburuordetza honi, lau urtetik behin, Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko Legearen (uztailaren 28ko 22/2011 Legea) 17.6 artikuluan xedatutakoaren arabera, baldin eta Lege horren garapenerako araubideak ez badu hondakin arriskutsuen ekoizle txiki gisa katalogatzen Hondakin SL.

n) Baldin eta Hondakin SL Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko Legearen (apirilaren 24ko 11/1997) lehen xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritzarako edo industriarako ontzi baten azken jabea bada, ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna da, eta, beraz, hondakin hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati entregatu beharko dio.

o) Atal honetako e) eta f) apartatuetan aipatutako dokumentuak (kudeatzaileak EAEko lurraldekoak direnean) eta l) apartatuan aipatutakoak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, harreman elektronikoko IKS-eeM sistemako erakunde-bertsioa erabiliz, irailaren 25eko 183/2012 Dekretuan xedatutakoari jarraikiz (dekretu horren bidez arautzen da nola erabili zerbitzu elektronikoak Ingurumeneko administrazio-prozeduretan, bai eta ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroa nola sortu eta erregulatu ere).

p) Amiantoa duten hondakinak antzemanez gero, Hondakin SLk 108/1991 Errege Dekretuan (3. artikuluan), amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura saihestu eta gutxitzekoan, ezarritako eskakizunak bete beharko ditu. Horrez gain, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko egingo diren manipulazioak 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera burutuko dira; dekretu horren bidez ezarri ziren amiantoarekin lan egiterakoan segurtasun- eta osasun-arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak.

D.2.3.2.– Hondakin ez-arriskutsuak.

Sustatzaileak hondakin ez-arriskutsu hauek aitortu ditu:

(Ikus .PDF)

a) Bigarren apartatuaren D.2.3 azpiapartatuan xedatutakoarekin bat, hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro balorizatu egin behar da, eta, hartarako, balorizatzaile baimendu bati entregatu beharko zaizkio. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: behar bezala frogatzen bada hondakinak balorizatzea bideraezina dela teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik. Justifikazio tekniko hori baliagarria izan dadin, dena delako hondakina hartzeko baimena duten hiru kudeatzailek balorizazioari uko egiten diotela frogatu beharko da.

b) Erabilitako ontziak eta ontzi-hondakinak gaika behar bezala bereizi eta eragile ekonomiko bati emango zaizkio (hornitzaileari), erabilitako ontzien kasuan berriro erabili ahal izateko; ontzi-hondakinak, berriz, berreskuratzaile, birziklatzaile edo balorizatzaile baimendu batera.

c) Hondakin horiek ezabatzeko direnean, ezin dira urtebete baino gehiagoz biltegiratuta eduki; hondakinen azken helburua balorizazioa denean, berriz, 2 urtez gorde ahal izango dira.

d) Oro har, ebakuatu aurretik hondakin guztiek izan beharko dute kudeatzaile baimendu batek emandako tratamendu-kontratua, onarpen horretarako baldintzak zehaztuta. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa modua ebazpen honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela. Hondakin SLk erregistratu eta artxibategian gorde beharko ditu onarpen-agiriak edo haien agiri ofizial baliokideak, nahitaezkoak badira, hiru urtean gutxienez.

e) Hondakina zabortegian biltegiratuz gero, hondakin arriskugabea eraman aurretik identifikazio-agiria bete beharra egongo da, otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritakoari jarraikiz egingo da hondakinen karakterizazioa (dekretu haren bidez arautu zen hondakinak hondakindegian biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea).

f) Balorizatzeko edo ezabatzeko helburuarekin, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko Legearen (uztailaren 28ko 22/2011 Legea) 25.2 artikuluaren arabera.

g) Baldin eta Hondakin SL Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko Legearen (apirilaren 24ko 11/1997) lehen xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritzarako edo industriarako ontzi baten azken jabea bada, ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna da, eta, beraz, hondakin hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati entregatu beharko dio.

h) Artxibo kronologiko bat egingo da uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 40. artikuluarekin bat etorriz, eta bertan adieraziko dira kopurua, mota, identifikazio-kodea, jatorria, metodoak eta tratatzeko lekuak, hondakin guztien sorrera- eta lagapen-datak, biltzeko maiztasuna eta garraiatzeko modua. Urtean behin, Ingurumen Sailburuordetzara bidali beharko dira kontrol-erregistro horren kopia bat eta ingurumena zaintzeko programa, dagokion urtekoa.

i) Apartatu honetako d), e) eta f) apartatuetan aipatutako dokumentuak (kudeatzaileak EAEko lurraldekoak direnean) eta l) apartatuan aipatutakoak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, harreman elektronikoko IKS-eeM sistemako erakunde-bertsioa erabiliz, irailaren 25eko 183/2012 Dekretuan xedatutakoari jarraikiz (dekretu horren bidez arautzen da nola erabili zerbitzu elektronikoak Ingurumeneko administrazio-prozeduretan, bai eta ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroa nola sortu eta erregulatu ere).

D.2.5.– Lurzorua eta lurpeko urak babesteko baldintzak.

Urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan eta Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritako aginduak betetzeko aurkeztutako lurzoruaren egoerari buruzko aurretiazko txostenaren gomendioekin bat etorriz, Hondakin SLk lurzorua babesteko behar diren neurriak hartu beharko ditu.

Halaber, 2015eko ekainaren 19ko Ebazpenean ezarritako baldintzak bete beharko ditu Hondakin SLk, zeinaren bidez jarduera kokatzen den lurzoruaren kalitatea adierazten baita.

Nolanahi ere, lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpena lortzeko prozedura hasteko eskatu beharko dio sustatzaileak ingurumen-organoari, baldin eta ekainaren 25eko 4/2015 Legean adierazitako inguruabarren bat gertatzen bada.

Ebazpen hau jaso eta sei hileko epean, oinarri-txostena edo lurzoruaren hasierako egoeraren txostena aurkeztu beharko du Hondakin SLk. Egoeraren aurreko txostena, aurreko lerrokadan aipatua, oinarri-txostenaren parte izan ahal izango da, baldin eta «Lurzoruaren egoeraren aurreko txostena egiteko prozedura operatiboa» agiriaren zuzentarauei, edo haren ondorengo eguneratzeei jarraituz egiten bada. Agiri hori hemen dago eskuragarri:

http://www.euskadi.eus/lurzoruaren-egoerari-buruzko-aurretiazko-txostena-egiteko-prozedura/web01-s2ing/eu/

Instalazioetan egindako aldaketek eragindako lur-mugimenduei dagokienez, sustatzaileak baldintza hauek bete beharko ditu:

1.– Instalazioa baimenduta dagoen lursailaren barruan lurrak mugitzea dakarren aldaketa bat aurreikusiz gero:

a) 4/2015 Legeak, ekainaren 25ekoak, 25. artikuluaren 1.c) apartatuan ebazten duenarekin bat etorriz, hondeatu beharreko materialak (lurra, obra-hondakinak, eta abar) karakterizatu egin beharko ditu jardueraren sustatzaileak, jardun kutsatzaileen ondorioz erasan zaien ala ez egiaztatzearren, eta, karakterizazio horren emaitzen arabera, horientzako kudeaketa modu egokiena zehaztearren.

b) Hondeaketa horrek hondeatutako materialen 500 m3 gainditzen dituenean, sustatzaileak gaikako hondeaketa-plan bat aurkeztu beharko du. Planak 13. artikuluan adierazitako edukia jaso beharko du, eta ingurumen-organoak onartu behar du plana, betetzen hasi aurretik.

c) Hondeatu beharrekoa 500 m3 baino gutxiago bada, aldaketa-eskaerak informazio hau eman beharko du: non dagoen kokatuta, zenbat hondeatu behar den, aurreikusitako hasiera-eguna, kontratista, jarraipenaren eta kudeaketaren ardura izango duen erakundea.

d) Aurreko kasu horietan guztietan, hondeatzen amaitutakoan, hondeatutako materialak zuzen berrerabili edo kudeatu direla ziurtatzen duen txosten bat aurkeztu beharko da ingurumen-organoan, behar bezala karakterizatu aurretik.

e) Arau orokor gisa, Kutsatutako lurzoruetan indusketa selektiboak egiteko gidan jasotzen diren irizpideak beteko dira. Esteka honetan eskura daiteke gida:

https://www.ihobe.eus/Publicaciones/Ficha.aspx?IdMenu=97801056-CD1F-4503-BAFA-F54FA80D9A44&Cod=945C8D73-130B-4E34-AC67-5AB96DFB55AE&Idioma=eu-ES

– Soberakinak hondakindegian biltegiratuz hustu nahi izanez gero, otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan (Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena) ezarritakoari jarraikiz egingo da hondakinen karakterizazioa. Oro har, laginketa gauzatzeko, gidaren 10.2.6. apartatuan (Induskatu behar diren lurzoruetan in situ egindako laginketa) biltzen diren induskatu beharreko materialen karakterizazioa diseinatzerakoan kontuan hartu behar diren oinarrizko irizpideei jarraituko zaie.

– Soberako materialak instalazio berean berrerabili ahal izateko, balio hau izan beharko dute material horiek: ekainaren 25eko 4/2015 Legean (Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa) ezarritako VIE-B (industria-erabilera) balioaren azpitikoa. Horrez gain, lur horien hidrokarburo-edukia ezin izango da arriskutsua izan. Horretarako, erakunde egiaztatu batek egin beharko ditu laginketa eta azterketa, honen arabera: 199/2006 Dekretua, urriaren 10ekoa, Lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko erakundeak egiaztatzeko sistema ezartzen duena, eta erakunde horiek lurzoruaren kalitatearen gainean egindako ikerketen edukia eta norainokoa zehazten dituena.

– Lurretan ez badira gainditzen ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritako VIE-A parametroak, edo TPHetarako 50 mg/kg balioaren azpitik badaude, lur garbitzat joko dira, eta, beraz, onargarritzat baimendutako beteleku batean.

– Substratu harritsu osasuntsua murrizketarik gabe kudeatu ahal izango da. Lurzoru naturalaren parekoa den harrizko substratu meteorizatuaren kasuan, aurreko puntuetan ezarritako irizpidea beteko da.

2.– Baldin eta aurreikusten bada lur-mugimendua dakarren aldaketaren bat egingo dela instalazioa baimenduta dagoen lurzatitik kanpo (lurzoru berria okupatuz) eta okupatu nahi den lurzoru berriak lehenago izan badu ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 1. eranskinean aipatzen den jardueraren bat, sustatzaileak lurzoru-gaiei buruzko adierazpen bat lortu beharko du, egin nahi diren aldaketak egiten hasi aurretik.

Era berean, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22. artikuluko 2. apartatuaren arabera, lurraren kutsadura-aztarnak aurkitzen badira, horren berri eman beharko zaie dagokion udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari, sailburuordetza horrek ezar ditzan hartu beharreko neurriak, aipatutako 4/2015 Legearen 23. artikuluko 1.e apartatuari jarraikiz, betiere.

D.2.6.– Zaratari buruzko baldintzak.

a) Ondorengo indize akustikoak ez gainditzeko beharrezko neurri guztiak ezarriko dira:

a.1.– Jarduera-maila hauei egokitu behar zaie: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq,60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 40 dB(A) gainditu, 07:00ak eta 23:00ak bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 45 dB(A) ere.

a.2.– Maila hauei egokitu behar zaie jarduera: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq,60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 30 dB(A) gainditu, 23:00ak eta 07:00ak bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 35 dB(A) ere.

a.3.– Jarduerak ez du 1. taulan adierazitakoa baino zarata handiagoa egingo, 4m-ko garaieran neurtuta (egoera berezietan izan ezik, horietan apantailamenduak saihesteko beharrezko garaiera hartuko da), industria-esparruaren kanpoaldeko itxituraren perimetro osoan.

(Ikus .PDF)

Instalazioak, funtzionamenduan, 1. taulan finkatutako mugak betetzeaz gain, ez du eguneko inolako baliotan (LAeq,d, LAeq,e eta LAeq,n) 1. taulan adierazitako balioak baino 3 dB-etik gorako gehikuntzarik gaindituko.

Gainera, jardueraren gainerakotik bereizitako prozesuaren jardun modu bat baldin badago, jardun modu horri lotutako zarata-maila bat zehaztu beharko da (LAeq,Ti). Ti jardun modu horren iraupen-denbora izango da. Maila horrek ez ditu 1. taulan finkatutako balioak 5 dB-etan gaindituko.

b) Zamalanetan eta materiala kamioietan garraiatzean egiten den zaratak ez du nabarmen handituko sentsibilitate akustiko handiagoko guneetako zarata-maila.

E) Ingurumena Zaintzeko Programa.

Ingurumena zaintzeko programa sustatzaileak aurkeztutako agirietan aurreikusitakoaren eta honako apartatu hauetan ezarritakoaren arabera gauzatu beharko da:

E.1.– Ibilgura isuritako uraren kalitatea kontrolatzea.

a) Sustatzaileak aurkeztu dituen agirien arabera, honako analisi hauek egingo dira:

(Ikus .PDF)

b) Laginketak kutsatzaile gehien sortzen den aldian egingo dira beti.

c) Isuriak baimenaren baldintza guztiak betetzen dituela ulertuko da, baldin eta puntu honetako a) letran ezarritako kontrol-parametro guztiek betetzen badituzte ebazpen honen bigarren idatzi-zatiko D.2.2 azpiapartatuan ezarritako mugak.

d) Lehen analisia Uraren Euskal Agentziari igorri behar zaio hilabete bateko (1) epean, ebazpen-egunetik kontatzen hasita.

e) Txosten analitikoak Uraren Euskal Agentziaren Kantauriko Ekialdeko Arroko Bulegora igorriko dira (Intxaurrondo 70, 1. solairua – 20015 Donostia), hilabeteko (1) epean, laginak hartzen direnetik zenbatzen hasita.

Aldi bakoitzean efluenteak ezaugarri baimenduekiko dituen balizko desbiderapenei, horien kausei eta zuzentzeko hartutako neurriei buruzko gorabeheren adierazpen bat erantsiko da.

f) Uraren Euskal Agentziak araztegiak ikuskatuko ditu egokia iruditzen zaionean, eta efluentea neurtu eta aztertu ahal izango du, isurien emariek eta parametroek ezarritako mugak gainditzen ez dituztela egiaztatze aldera. Halaber, arazketa-instalazioen ustiapenaren arduradun bat, titulazio egokia duena, izendatzea eskatu ahalko dio titularrari.

E.1.1.– Arazketa-prozesuaren kontrola eta beste hondakin batzuk.

Hidrokarburoen bereizgailuan metatutako lohiak eta olioak eta koipeak kendu egingo ditu baimendutako kudeatzaileak, isuriaren kalitatea arriskuan jartzen duten metatzeak saihesteko behar bezain maiz.

Hobiaren sistemak eta iragazki biologikoak garbitze- eta mantentze-lan egokia izango dute errendimendu ona ziurtatzeko. Aldizka enpresa espezializatu batek erretiratuko ditu pilatutako solido eta lohiak, eta iragazki biologikoaren ohantzea garbituko du, garbiketan arrastatutako solidoak ibilgura hustea saihestuz.

Instalazio horiek garbitzeko lanen eta mantentze-lanen fakturaren kopia bat bidali behar da urtero, salbu eta behar bezala justifikatzen bada epe luzeagoa ezarri behar dela, haren tamaina handiaren ondorioz.

E.2.– Zarataren kontrola.

a) Indize akustikoen ebaluazioak egin beharko dira hiru urtetik behin: Ld, Le, Ln, LAeq,Ti eta LAeq,60 segundo. Lehenengo kontrol-urtean lortutako emaitzen arabera, ordutik aurrera neurketak beste maiztasun batekin egitea erabaki ahal izango da.

b) Aurreko apartatuan adierazitako ebaluazio guztiak akustikaren esparruan laginketa espazial eta tenporala egiteko UNE-EN ISO/IEC 17025 arauaren araberako ziurtagiri bat duen ingurumeneko erakunde laguntzaile batek egin beharko ditu. Dena dela, ingurumen-organoak zainduko du ebaluazioak egiten dituzten erakundeek gaitasun tekniko egokia dutela.

c) Ebaluazio-metodoak eta -prozedurak eta ebaluazio horiei buruzko txostenak Ingurumen Sailburuordetza honek emandako jarraibide teknikoetan ezarritakora egokituko dira».

E.3.– Lurzoruaren eta lurpeko uren kontrola.

Bost urtez behin, ebazpen hau jasotzen denetik hasita, eguneratu egin beharko da lurzoruaren egoerari buruz aurkeztutako aurretiazko txostena, eta instalazio guztiei dagokien kutsadura-arriskuaren ebaluazio bat erantsiko zaio. Txosten hori Ingurumena Zaintzeko Programarekin –dagokion urtekoarekin– batera bidaliko da.

Urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan, ekainaren 25eko 4/2015 Legean eta abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan xedatuta dauden eta lurzoruaren babesarekin lotura duten betebeharrak betetzeko –aurreko apartatuetan aipatuak–, sustatzaileak 2016ko azaroaren 17an ingurumen-organoak bidalitako «Lurzoru kutsatuen eta lurpeko uren gaineko arauzko eskakizunak aplikatzea ingurumen-baimen integratua behar duten instalazioetan» zirkularrean aipatzen diren lehendik badauden instalazioei eskatzen zaizkien agiriak eman beharko ditu. Zirkular horretan, honako hau jasotzen da: lurzoruaren egoeraren aldizkako txostenaren edukia eta emateko baldintzak, lurpeko uren eta lurzoruen txostena, kontrol-agiria eta jarraipen-agiria, esteka honetan eskura daitekeena:

http://www.euskadi.eus/informazioa/kutsaduraren-prebentzio-eta-kontrol-bateratua/web01-a2ingkut/eu/

Sustatzaileak lurzoruen agiri bakar bat bidaliko du, ikerketa-lanak egiten eta lurzoruaren kalitatea lehengoratzen lan egiten duen erakunde egiaztatu batek egina. Agiri horretan jasoko dira: lurzoruaren egoerari buruzko aldizkako txostena, oinarrizko txostena, eta kontroleko eta lurzoruen eta lurrazpiko uren jarraipeneko agiriak. Aurrerantzean ere, emandako agiriak aldatu edo agiri berriak eman behar badira, lurzoruen agiri bakar berri bat bidaliko da.

E.4.– Jardueraren adierazleak kontrolatzea.

Sustatzaileak jardueraren gaineko ondorengo parametro-adierazleen segimendua egingo du urtero, ingurumenean duten eragina aztertzeko, eta urtean urteko ingurumen-zaintzako programarekin batera aurkeztuko du.

(Ikus .PDF)

E.5.– Emaitzak kontrolatu eta igortzea.

Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten txostenen eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu behar dira, eta Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webguneko bidalketa-prozedura telematikoari jarraikiz:

https://www.euskadi.eus/y22-izapide/eu/contenidos/serv_proc_comunicacion/p_comu_201732123333101/procedures/proc_201732144928210/eu_def/electronic_partial.shtml

Era horretan, aipatu programan zehaztutako aldian egiten diren kontrol guztiak, ibilgura edo itsasora isuritako urei dagozkienak izan ezik, Ingurumena Zaintzeko Programarekin batera bakarrik aurkeztuko dira, eta erreferentziako urtea amaitu ondoren. Ezarritako baldintzak betetzen ez direnean bakarrik jakinarazi beharko da, eta jakinarazpena ingurumeneko baimen bateratuan ezarritakoaren arabera egingo da. Era berean, urtebete baino aldizkakotasun handiagoko kontrolik egiten bada, kontrola egiten den urteari dagokion programaren barruan baino ez da igorriko.

Emaitza horiek urtero igorriko dira, betiere martxoaren 31 baino lehen, eta txosten bat aurkeztu beharko da zaintzeko programaren emaitzekin batera. Txosten horretan, babes- eta zuzenketa-neurrien funtzionamendua, prozesuak eta ingurunearen kalitatea kontrolatzeko sistemak eta emaitzen analisia jasoko dira, epe horretan izandako jazoera nagusiak bereziki aipatuta, haien kausa eta konponbideak; halaber, laginak nola hartu diren zehaztuko da, aldez aurretik egin ez bada.

E.7.– Ingurumena Zaintzeko Programaren Agiri bategina.

Sustatzaileak ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina landu beharko du, aurkeztu dituen agirietan eta ebazpen honetan proposatutako betebeharrak bilduz. Honako alderdi hauek zehaztu beharko ditu programa horrek: kontrolatu beharreko parametroak, parametro bakoitzerako erreferentzia-mailak, analisi edo neurketen maiztasuna, laginketak eta analisiak egiteko teknikak, eta laginak hartzeko puntuen kokapen xehatua. Halaber, dagokion aurrekontua ere barne hartu beharko du.

Era berean, Ingurumena Zaintzeko Programak jaso beharko du jardueraren adierazleak zehaztu eta adierazle horiek aztertzeko sistematika, adierazle horien arabera enpresan bertan ingurumen-hobekuntza ziurtatzearren ezarritako neurrien eta mekanismoen eraginkortasuna egiaztatu ahal izateko (ingurumen-adierazleak).

F) Ezohiko egoeretan, kutsadurari aurrea hartzeko neurriak eta jardunerako baldintzak.

F.1.– Planta gelditzeko eta abiarazteko eragiketak eta mantentze-lanetarako programatutako eragiketak.

Programatutako urteko mantentze-lanei dagokienez, isurien, igorpenen eta sortuko diren hondakinen balioespena egin beharko du sustatzaileak, eta dagokionean, haiek kudeatzeko eta tratatzekoa ere bai.

Instalazioa gelditzean nahiz abiaraztean, mantentze-eragiketetan eta ohiz kanpoko egoeretan sortutako hondakinak bigarren ataleko D.2.3 azpiapartatuan («Instalazioan sortutako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak») ezarritakoari jarraituz kudeatu beharko dira, baina ez da beharrezkoa izango hondakin horiek baimendutako hondakinen zerrendan jasota egotea.

F.2.– Jarduera bertan behera uztea.

Jarduera lege hauen aplikazio-esparrukoa da: lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea (63.122 epigrafea: salgai arriskutsuak gordetzea eta biltegiratzea), eta Kutsadura sor dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuen adierazpenerako irizpide eta estandarrak ezartzeko urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretua. Horrenbestez, Hondakin SL enpresak lurzoruaren kalitatearen adierazpenerako prozedura hasi beharko du, bi hilabeteko epea agortu baino lehen, jarduera behin betiko uzten duenetik hasita, ekainaren 25eko 4/2015 Legeak 31.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Jarduera bertan behera utzi baino lehen, Hondakin SLk instalazioetan dauden hondakin guztiak kudeatu beharko ditu, ebazpen honen bigarren apartatuaren D.2.3 azpiapartatuan ezarritakoarekin bat etorriz.

F.3.– Jarduera aldi baterako etetea.

Jarduera aldi baterako uztea eskatuz gero, 815/2013 Errege Dekretuaren 13. artikuluan arautu bezala, Hondakin SLk, aldi baterako uztearen eskabidearekin batera, agiri bat bidali beharko du lantegia jardunik gabe egonda ere aplikagarriak zaizkion ingurumeneko baimen bateratuko kontrolak eta baldintzak nola beteko dituen adierazteko.

Era berean, instalazioa berriz abiarazi baino lehen, instalazioen funtzionamendu ona ziurtatu beharko da, ingurumenean eragina izan dezakeen isurketa edo igorpen oro saihesteko.

F.4.– Jarduera anomaloa izanez gero aplikatu beharreko neurriak eta jarduketak.

Aurkeztutako agirietan proposatzen diren ezohiko egoeretan aplikatu beharreko prebentzio-neurriak eta funtzionamendu-baldintzak ezertan eragotzi gabe, letra hauetan aipatzen diren baldintzak bete beharko dira:

a) Instalazioen prebentzioko mantentze-lanak.

Prebentzioko mantentze-lanen eskuliburua eduki beharko da instalazioen egoera ona bermatzeko, batez ere ustekabeko jarioak edo isuriak daudenean kutsadura ekiditeko eskuragarri dauden baliabideei eta segurtasun-neurriei dagokienez. Ihesak daudenean lurzorua babesteko hartu beharreko neurriak zehaztuko dira, eta zehatz adieraziko da honako hauei dagokien guztia: eraikuntzako materialak (iragazgaiztasuna), biltegiratzeko neurri bereziak (substantzia arriskutsuak), gerta litezkeen ihesei antzemateko neurriak edo gehiegizko betetzeaz ohartarazteko alarma-sistemak, lantegiko kolektore-sarea zaindu eta garbitzekoak (sistematikoki garbitu beharra, maiztasuna, garbiketa mota) eta lurzoru gaineko isuriak biltzeko sistemak.

Aurreko lerrokadan adierazitako eskuliburuak ikuskapen eta kontrolerako programa jaso beharko du, hauek bilduko dituena: estankotasun-probak, mailen eta adierazleen egoera, balbulak, presioa arintzeko sistema, hormen egoera eta lodieren neurketa, andelen barnealdearen begi-bidezko ikuskapenak (hormena eta estaldurena) eta kubetetako detekzio-sistemen aldizkako kontrol sistematikoa, lurzorua kutsa dezakeen edozein egoerari aurrea hartzeko.

Era berean, atmosfera eta ura kutsatzea prebenitzeko eta kutsatutakoa zuzentzeko sistemen (arazketa, minimizazioa, etab.) eta ikuskatu eta kontrolatzeko ekipamenduen egoera ona bermatzeko neurriak jaso beharko dira.

Hobi septikoaren sistemak eta iragazki biologikoak garbitze- eta mantentze-lan egokia izango dute errendimendu ona ziurtatzeko. Aldizka enpresa espezializatu batek erretiratuko ditu pilatutako solidoak eta lohiak, eta iragazki biologikoaren ohantzea garbituko du, eta garbiketan arrastatutako solidoak ibilgura hustea saihestuko da.

Pabiloien barruan zolak garbitzean sortutako urak tratamendu-lerrora bidaliko dira edo, bestela, kudeatzaile baimendu batek kudeatuko ditu.

Hondakin-ura ezingo da «by-pass» bidez isuri arazketa-instalazioetan.

Programatutako mantentze-lanetan nahitaez «by pass» bidez isurketak egin behar badira, titularrak Ingurumen Sailburuordetzari jakinaraziko dio aurretiaz, segurtasun-neurrien eta isurketak ingurune hartzailearen kalitatearen gainean duen eragina ahal den neurrian gutxitzeko neurrien funtzionamendua zehaztuz. «By pass» horrek aurreikusi gabeko isurketaren bat badago, titularrak segurtasun-neurrien funtzionamendua egiaztatu beharko du, eta dagokion txostena Ingurumen Sailburuordetzara bidali (apartatu honetako j) letran adierazitakoari jarraituz).

b) Halaber, erregistro bat eduki behar da, aldizka egindako mantentze-lanak eta hautemandako jazoerak jasota uzteko.

c) Erabilitako olioak, efluenteen arazketako hondakinak, besteak beste, eta orokorrean, lantegian sortutako hondakinak maneiatzeak lurzorua eta ura kutsa ditzake. Beraz, isuriak, jarioak edo ihesak gertatzeko arriskua izan dezaketen lurzatien azalera guztiak iragazgaiztuko dira.

d) Hauts-itxurako produktuak biltegiratzeko, silo itxiak edo hautsa xurgatzeko sistemak dituzten pabilioi estali eta itxiak eduki beharko dira.

e) Prozesurako behar diren lehengaiak, erregaiak eta produktuak, ingurunean ez sakabanatzeko moduan biltegiratuko dira.

f) Segurtasun-tarteei eta babes-neurriei dagokienez, biltegiratzeko instalazio horiek bete egin beharko dituzte produktu kimikoak biltegiratzeari buruz indarrean dagoen araudian ezarritako betebeharrak.

g) Larrialdirik gertatuz gero, berehala eta efikaziaz esku hartzeko beharrezkoak diren material guztiak edukiko dira, kantitate nahikoan: berriro ontziratzeko erreserbako edukiontziak, beharrezkoa izanez gero; gerta daitezkeen isuriei eusteko produktu xurgatzaile selektiboak, segurtasuneko edukiontziak, hesiak eta kaltetutako ingurunean isolatzeko seinaleztapen-elementuak eta norbera babesteko ekipo bereziak.

h) Tangen hustuketa kontrolatzeko balio duen protokoloa edo prozedura edukiko dute. Eta saihestu egin beharko da efikaziari eragin diezazkioten isuriak tratamendu-plantara joatea.

i) Gorabeherarik gertatuz gero agintariei jakinaraztea.

Ingurunearen edo jardueraren kontrolaren gainean kalteak eragin ditzakeen gorabeheraren edo ezohiko gertaeraren baten aurrean, sustatzaileak, berehala, gorabehera edo ezohiko gertaera horren berri eman beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari (zuzentzeko edo eusteko neurri egokiak hartu ondoren, betiere). Jakinarazpenean alderdi hauek adierazi beharko dira gutxienez:

– Gorabehera mota.

– Jatorriak eta kausak (unean zehaztu daitezkeenak).

– Zuzentzeko edo eusteko neurriak, berehala aplikatu direnak.

– Sortutako ondorioak.

– Epe laburrera aurreikusitako jarduketak, halakorik balego.

Gertakari edo arazo larriren bat edo ustekabeko isuriren bat egonez gero, SOS DEIAK eta Bergarako Udala jakinaren gainean jarri behar dira. Ondoren, gehienez ere 48 orduko epean, istripuari buruzko txosten xehatua bidali beharko zaio Ingurumen Sailburuordetzari. Txosten horretan, datu hauek agertuko dira gutxienez:

– Gorabehera mota.

– Gorabehera non, zergatik eta zer ordutan gertatu den.

– Gorabeheraren iraupena.

– Ustekabeko isurketa gertatuz gero, emaria, isuritako gaiak eta ingurune hartzailean antzeman daitekeen eragina zehaztu beharko dira, haren analisia barne hartuta.

– Mugak gaindituz gero, igorpenei buruzko datuak.

– Eragindako kalteen zenbatespena.

– Hartutako neurri zuzentzaileak.

– Anomalia berriro ez gertatzeko prebentzio-neurriak.

– Prebentzio-neurriak eraginkortasunez aplikatzeko aurreikusitako epeak.

Baimenaren baldintzak urratzen dituen isurketa gertatzen bada eta, gainera, pertsonen osasunerako arriskutsua bada edo sistema naturalen oreka modu larrian kaltetu badezake, titularrak berehala etengo du isurketa hori eta, horrez gain, gertaeraren berri eman beharko die Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Uraren Euskal Agentziari eta Babes Zibilean zein ingurumenaren arloan ardurak dituzten erakundeei, baita SOS Deiak (112) Larrialdi-zerbitzuei ere, behar diren neurriak har ditzaten.

j) Aurreko letran ezarritakoari kalterik egin gabe, gerta daitezkeen gorabeherak edo arazoak saiheste aldera, jardueraren titularrak berehala jakinarazi beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari instalazioko edozein etenaldi programatu, etengabeko prozesu bati badagokio, baita aurreikusitako mantentze prebentiboak ere, betiere ahalik eta aurrerapen handienarekin.

k) Larrialdi-egoeretan, babes zibilari buruzko araudian ezarritakoa bete beharko da, eta araudi horretan ezarritako baldintza guztiak bete beharko dira.

G) Baldin eta araudi berria indarrean jartzeak edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala egitea gomendatzen badute, babes- zein zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan. Era berean, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu egin daiteke jardueraren sustatzaileak hala eskatuta edo ofizioz, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta.

H) Urtean behin, martxoaren 31 baino lehenago, Hondakin SLk aurreko urtean atmosferara eta uretara egindako igorpenei eta isurketei hurrenez hurren, eta sortutako hondakin mota guztiei buruzko datuen ingurumen-adierazpena igorriko dio Ingurumen Sailburuordetzari, E-PRTR-Euskadi Kutsatzaileen Emisio eta Transferentzia Inbentarioa egiteko eta eguneratuta edukitzeko, 508/2007 Errege Dekretuarekin eta Ingurumena Zaintzeko Programarekin bat etorriz.

Informazio hori IKS-eeM sistemaren erakundeentzako bertsioaren bidez transmitituko da (www.eper-euskadi.net webgunean eskuragarri); hau da, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren Ingurumen Informazioa Kudeatzeko Sistemaren bidez.

Datu horietako batzuek Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumenean Eragina duten Jardueren Erregistroa osatuko dute, eta erregistro hori transakzio-basea izango da, informazioa Europako Ingurumen Agentziaren erregistroetara bidaltzeko (E-PRTR-Europa erregistroa).

Ingurumen-adierazpena agerikoa izango da, uztailaren 18ko 27/2006 Legearen xedapenekin bat etorriz. Lege horren bidez, informazioa eskuragarri izateko, herritarren partaidetzarako eta ingurumen-gaietan justizia eskura izateko eskubideak arautzen dira (2003/4/EE eta 2003/2005/EE Zuzentarauak jasotzen ditu). Horrez gain, uneoro bermatu beharko da Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoa betetzen dela.

l) Instalazioetan aldaketarik egin ahal izateko, aldez aurretik honako helbide elektroniko honetan eskuragarri dagoen inprimakia bete beharko da:

http://www.ingurumena.ejgv.euskadi.net/r49-3252/eu/contenidos/informacion/ippc/eu_6939/adjuntos/cuestionario_modificaciones.doc

Erakunde honen onespena ere beharko da, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

Industriako Igorpenen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 14.1 artikuluak ezartzen ditu aldaketa funtsezkotzat jotzeko irizpideak.

Nolanahi ere, aipatutako 815/2013 Errege Dekretuaren 14.2 artikuluan zehaztutakoarekin bat etorriz, irizpide horiek orientagarriak dira, eta ingurumen-organoak kalifikatuko du eskatutako aldaketa, funtsezkotzat edo ez-funtsezkotzat jota, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan ezarritako irizpideekin bat etorriz.

Era berean, proiektua aldatzen den kasuetan, aplikatzekoa izango da Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.1.c eta 7.2.c artikuluetan xedatutakoa.

Baldin eta aldaketak lurzoru berria okupatzea aurreikusten badu eta aipatutako lurzoruak lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak baditu edo izan baditu, aldaketa gauzatu aurretik, hartu beharreko kokalekuaren lurzoru-kalitatearen deklarazioa eduki beharko da, Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeari buruzko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoarekin bat etorriz.

J) Ingurumen-baimen integratu honetan ezarritako baldintzak ez betetzea arau-hauste astun edo oso astun gisa tipifikatuta dago Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 31. artikuluari jarraituz, eta aipatutako legearen 32. artikuluan jasotako zigorrak ezartzea ekar dezake.

Hirugarrena.– 16-I-01-000000000393 erregistro-kodea esleitzea Hondakin SLk Bergarako Askarruntz auzoan (z.g.) ustiatutako instalazioari. Hona hemen helbidea: UTM 30N 30T, X: 546.282, Y: 4.772.520, Z: 172 m.

Laugarrena.– Ingurumen-baimen integratuaren berrikuspena ofizioz egingo da kasu hauetan:

a) Instalazioak sortutako kutsadura dela eta, finkatutako igorpenen muga-balioak berrikustea edo beste batzuk ezartzea komeni bada.

b) Emisioak nabarmen murritz daitezke gehiegizko kosturik izan gabe erabil daitezkeen teknikarik onenetan egindako aldaketa handien ondorioz.

c) Prozesuaren edo jardueraren funtzionamendu-segurtasuna dela eta beste teknika batzuk erabili behar badira.

d) Arroko erakundeak, urei buruzko legedian xedatutakoaren arabera, uste badu ingurumen-baimen integratua berrikustea edo aldatzea justifikatzen duten inguruabarrak daudela, Estatuko Administrazio Orokorrak kudeaturiko arroetako jabari publiko hidraulikora egindako isuriei dagokienez. Kasu horretan, arroko erakundeak, txosten lotesle baten bidez, organo eskudunera joko du ingurumen-baimen integratua eman dezan, gehienez ere hogei eguneko epean berrikuste-prozesua hasteko.

e) Instalazioari aplikagarri zaion sektoreko legediak hala eskatzen badu, edo Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 22.3 artikuluari jarraikiz, ingurumen-kalitateko arau berriak edo berrikusiak betetzea beharrezkoa bada.

f) Aplikatu beharreko araudi berria indarrean jartzen bada.

g) Ingurunearen egiturari eta funtzionamenduari buruzko ezagutza garrantzitsu berrietara egokitzeko beharra ikusten bada; bereziki, inplikatutako sistemen hauskortasuna areagotzen dela hautematen bada.

h) Ingurumena zaintzeko programan jasotako emaitzen edo bestelako oharren arabera, ingurumen-inpakturako ezarritako babes-, zuzenketa- edo konpentsazio-neurriak akastunak direla egiaztatzen bada.

i) Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 26. artikuluko 1., 2. eta 3. zenbakietan ezarritakoarekin bat datorren azterketa eginda, aldatu egin behar dela ondorioztatzen bada.

Ingurumen-baimen integratua berrikusteak ez dakar kalte-ordaina jasotzeko eskubidea, hala ezarrita baitago abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 26.5 artikuluan.

Bosgarrena.– Eskatzea Hondakin SLri Ingurumen Sailburuordetzari bidali beharreko ingurumena zaintzeko hurrengo urteko programan honako alderdi hauei erantzun diezaiela hilabete bateko epean:

Hamabost eguneko epean:

– Erantzukizun zibileko asegurua eta abala, Bigarren A/B apartatuan ezartzen denarekin bat etorriz.

Hiru hileko epean:

– Sortutako hondakin arriskugabeak eta arriskutsuak tratatzeko kontratuak (D.2.3).

– Justifikatzeko neurketak aurkeztu behar dira eta mugak betetzen direla egiaztatzeko aukera eman behar dute (D.2.6).

Jarduera erabat edo hein batean hasi eta sei hilabete baino lehen:

– Lurzoruaren oinarrizko txostena edo hasierako egoeraren txostena, «Lurzoru kutsatuen eta lurpeko uren gaineko arauzko eskakizunak aplikatzea ingurumen-baimen integratua behar duten instalazioetan» zirkularraren arabera, ingurumen-organo honek emana 2016ko azaroaren 17an (Bigarren apartatua, D.2.5).

– Kudeatzaile baimenduari ematen zaizkion sortutako hondakinak behar bezala identifikatu eta sailkatzen direla justifikatu beharko du, bereziki hondakin arriskutsuen izaerari eta arrisku-ezaugarriei dagokienez, betiere honako zerrenda honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz: Europako Hondakin Zerrenda, 2014ko abenduaren 18ko Batzordearen Erabakiz argitaratua, zeinaren bidez aldatzen baita hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia; eta 1357/2014/EB Erregelamendua, Batzordearena, 2014ko abenduaren 18koa, zeinaren bidez ordezten baita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauaren III. eranskina (zuzentarau hori hondakinei buruzkoa da eta zuzentarau jakin batzuk baliogabetu zituen). Hori egiaztatu ondoren, eguneratu egingo dira baimen honetan jasota eta izapidetzeko orduan indarrean zeuden identifikazioa eta sailkapena.

Seigarrena.– Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 5.d) artikuluan xedatutakoarekin bat, hondakin arriskutsuak kudeatzeko jarduerari dagokionez, zeina ebazpen honen xede baita, gerta litekeen titulartasun-aldaketa oro jakinarazi beharko dio Hondakin SLk Ingurumen Sailburuordetzari, azken horrek onar dezan.

Zazpigarrena.– Baimen honek balioa galduko du honako hauek gertatzen direnean:

– Epean ez egiaztatzea ebazpen honen bosgarren apartatuan ezarritako baldintzak betetzen direla, non eta interesdunak ez duen behar bezala justifikatuz epea luzatzeko eskatzen.

– Hondakin SLren nortasun juridikoa azkentzea, indarrean dagoen araudian ezarritako kasuetan.

– Horrez gain, ibilgura isurtzeko baimena ezeztatu ahal izango da, Jabari Publiko Hidraulikoko Erregelamenduaren 263. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako baldintzetan.

Zortzigarrena.– Hauek dira titularrak bere jarduera garatzean erabiliko dituen identifikazio-kodeak:

– EU3/6695/2017 hondakin arriskutsuak sortzea.

– 2000081926 motako hondakin ez arriskutsuak sortzea.

– EU2/238/15 motako hondakin arriskutsuak kudeatzea.

Bederatzigarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Hondakin SL enpresari, Bergarako Udalari, ingurumen-baimen integratua emateko prozeduran parte hartu duten erakundeei eta gainerako interesdunei.

Hamargarrena.– Ingurumeneko baimen bateratu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Hamaikagarrena.– Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Ingurumen, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiz.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko apirilaren 11.

Ingurumeneko sailburuordea,

MARIA ELENA MORENO ZALDIBAR.


Azterketa dokumentala