Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

107. zk., 2019ko ekainaren 7a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
2758

EBAZPENA, 2019ko maiatzaren 27koa, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Gipuzkoako lurralde-ordezkariarena, zeinaren bidez Gipuzkoako Ingurumen Gunea 1. Fasea (CMG1) instalazioa baimentzen baita Donostiako udal-mugartean. Erref.: 20-AT-J-2018-1.

AURREKARIAK

1.– 2018ko abuztuaren 31n, Ekondakin Energía y Medio Ambiente SA enpresak (egoitza: Errotaburu Pasealekua, 1-5a, Donostia) honako hau eskatu zuen: Donostiako udal-mugartean Gipuzkoako Ingurumen Gunea 1. Fasea (CMG1) instalatzeko administrazio-baimena. Horretarako, eskabidea aurkeztu zuen.

2.– Eskaera hori jendaurrean jarri da, honako hauetan ezarritakoa betetzeko: abenduaren 3ko 282/2002 Dekretuaren 10. artikuluan, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 144. artikuluan, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 55. artikuluan eta Goi-tentsioko instalazio elektrikoen erregelamenduan eta haren oinarri teknikoetan (ITC-LAT 01etik 23ra; maiatzaren 9ko 337/2014 Errege Dekretuaren bidez onartu zen erregelamendu hori; 2014-06-09ko BOE).

3.– Ondorio horietarako, informazioa jendaurrean jartzeko izapidea betetzeko, iragarkia argitara eman zen Donostiako Udalaren iragarki-taulan –arauzko epean–, 2019ko otsailaren 22ko GAOn eta 2019ko otsailaren 22ko EHAAn.

4.– Informazioa jendaurrean jartzeko izapidearekin batera, otsailaren 18an, aurkeztutako proiektuaren separata igorri zitzaion Donostiako Udalari, eskaerarekin ados ote zegoen, edo aitzitik, kontra ote zegoen adierazteko, eta, hala bazegokion, bidezko baldintza teknikoak ezartzeko eskatu zitzaion. 2019ko martxoaren 29an, berriro egin zitzaion eskaera Donostiako Udalari, baina ez du erantzunik eman.

5.– Informazioa jendaurrean jartzeko epearen barruan ez zen alegaziorik aurkeztu.

OINARRI JURIDIKOAK

1.– Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariaren 2018ko martxoaren 16ko Ebazpenarekin bat etorriz eman da ebazpen hau, zeinaren bidez Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko lurralde-ordezkaritzen esku uzten baita energiaren, industria-administrazioaren eta industria-segurtasunaren arloetako zenbait gairi buruzko eskumena.

2.– Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 21. artikuluak ezartzen duenez, energia elektrikoa produzitzeko instalazioak martxan jartzeko, aldatzeko, eskualdatzeko eta behin betiko ixteko, aldez aurretik administrazioaren baimena beharko da.

3.– Abenduaren 3ko 282/2002 Dekretuaren bidez, honako instalazio hauek eraikitzeko, aldatzeko, ustiatzeko, eskualdatzeko eta ixteko administrazio-baimenerako prozedurak arautzen dira: energia elektrikoa ekoitzi, garraiatu nahiz banatzeko instalazioak, baita Euskal Autonomia Erkidegoan kontsumitzaileak konektatzeko harguneak, zuzeneko lineak eta instalazioak ere.

4.– Espedientea bideratzean, kontuan hartu eta bete dira administrazio-prozedurari buruzko arauetan zein arestian aipatutako legerian aurreikusitako prozedura-baldintzak eta -izapideak.

Aipatutako lege-manuak eta oro har aplikatu beharreko gainerako arauak ikusita, Gipuzkoako lurralde-ordezkariak honako hau:

EBAZTEN DU:

Baimena ematea Ekondakin Energía y Medio Ambiente SAri Gipuzkoako Ingurumen Gunea 1. Fasea (CMG1) instalatzeko Donostiako udal-mugartean, honako ezaugarri hauek izanik:

a) Sorkuntza:

Zerbitzu-tentsioa: 11.000 V.

Potentzia: 35.825 kVA.

b) Transformazioa:

Potentzia: 27000/32000 kVA (AN/AF).

Transformazio-erlazioa:11.000/30.000 V.

Ebazpen hau abenduaren 3ko 282/2002 Dekretuari jarraituz eta baldintza orokor hauek kontuan hartuz ematen da:

1.– Onartutako proiektuari jarraikiz egin beharko dira obrak, kasu bakoitzean eskatu eta baimenduko diren aldaketekin.

2.– Martxan jartzeko epea bi urtekoa izango da, ebazpen honen datatik hasita.

3.– Instalazioen titularrak jakinarazi beharko dio Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzari lanak amaitu direla, behin betiko errekonozimenduari eta martxan jartzeko akta emateari dagokienez.

4.– Ebazpen hau eman arren, udalean, probintzian edo beste edonon egin beharreko obrak egiteko baimenak edo lizentziak lortu behar dira; hau da, eskatzaileak nahitaez lortu beharko ditu baimen horiek guztiak ere. Halaber, hirugarren posibleek izan ditzaketen eskubideak eragotzi gabe eta jabetza-eskubidea salbu utzita ematen da baimen hau.

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke Industriako sailburuordearen aurrean, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean.

Donostia, 2019ko maiatzaren 27a.

Gipuzkoako lurralde-ordezkaria,

JOAKIN TELLERIA AGIRREZABALA.


Azterketa dokumentala