
103. zk., 2019ko ekainaren 3a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (206 KB - 1 orri.)
- EPUB (218 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ENPLEGUKO ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
2663
EBAZPENA, 2019ko maiatzaren 27koa, Familia Politikako eta Aniztasuneko zuzendariarena, familia eta lana bateragarri egiteko laguntzak arautzen dituen Dekretu-proiektua jendaurrean jartzeko dena.
Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak «familia eta lana bateragarri egiteko laguntzak arautzen dituen Dekretu-proiektua» egin du. Proiektua Xedapen orokorrak egiteko prozedurari buruzko abenduaren 22ko 8/2003 Legean xedatutakoarekin bat etorriz izapidetu behar da.
Aipatutako legean jasotako aurreikuspenak betez, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak 2019ko apirilaren 11n emandako Aginduaren bidez eman zitzaion hasiera arestian aipatutako Dekretu-proiektua egiteko prozedurari; eta geroago, 2019ko maiatzaren 15eko dataz, dekretuaren proiektua eta testu bategina aldez aurretik onartzeko Agindua, testu artikulatua idatzi ondoren.
Aipatu 8/2003 Legearen 8.1 artikuluari jarraikiz, herritarren eskubide eta interes legitimoei eragiten dieten xedapenek –kasu honetan gertatzen den legez– eta, xedapenen izaerak hala eskatzen badu, jendaurrean jarriko dira.
Horiek horrela, «familia eta lana bateragarri egiteko laguntzak arautzen dituen Dekretu-proiektua» 10 egun baliodunetan jendaurrean jarriko da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, kontuan hartuta prozedura hau presazkoa dela.
Aurreko guztia aintzat hartuta, Dekretu-proiektua egiteko prozedurari hasiera emateko, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak 2019ko apirilaren 11n emandako aginduaren erabakiaren bigarren eta hirugarren paragrafoetan zehaztutakoaren arabera –Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 11ko 75/2017 Dekretuko 14 b) artikuluan xedatutakoarekin lotuta–,
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– «Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzak arautzen dituen Dekretu-proiektua» jendaurrean jartzea, hamar (10) egun balioduneko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
Bigarrena.– Goragoko paragrafoan xedatutakoaren ondorioetarako, eta herritarrek alegazioak aurkez ditzaten, proiektuaren edukia eskuragarri egongo da helbide honetan: Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko Familia Politikako eta Aniztasuneko Zuzendaritza (Donostia kalea, 1 – Lakua I Eraikina, 1. solairua – Vitoria-Gasteiz), eta eskuragarri egongo da orobat Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan: www.euskadi.eus
Hirugarrena.– Familia Politikako eta Aniztasuneko zuzendaritzan aurkez daitezke alegazioak, baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak zehaztutako edozein tokitan ere, eta aipatutako zuzendaritzara zuzendu beharko dira.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko maiatzaren 27a.
Familia Politikako eta Aniztasuneko zuzendaria,
ERNESTO SAINZ LANCHARES.
RSS